2026-06-16
HomeEkintza SindikalaOsakidetzako mahai sektoriala antzerki hutsa da

Osakidetzako mahai sektoriala antzerki hutsa da

Azkenengoetan gertatu den bezala, gaurkoan ere kategoria gutxi batzuk ordenatzera mugatu da, eta beste behin ere langileak noraezean utzi ditu, bereziki egoerarik prekarioenetan daudenak. Lan hitzarmenaren negoziazioa premiazkoa da langile guztien lan baldintzak hobetu eta zerbitzu publikoaren narriadura lehengoratze aldera.

Gaurko mahaiaren gai nagusia Lanpostu Funtzionalen Dekretua izan da. Osakidetzak aurkeztu dituen dokumentuak aztertu ondoren, LABetik adierazi dugu aurkeztutako talde eta lanpostuen gaitasun gida oso orokorra dela eta, gaiak duen garrantzia kontuan hartuta, ekarpenak egiteko emandako epea laburregia izan dela.

Bestetik, salatzen dugu alde sozialari mahai sektorialean helarazi zaion dokumentazio guztia gaztelera hutsean zegoela, eta bi hizkuntza ofizialetan jasotzeko eskatu dugu.

Era berean, lanpostu guztien hornidura Osakidetzak berak egin beharko lukeela adierazi dugu, edo kontratazio publikoaren bidez, azpikontratazioa saihestuz. Era berean, dekretua zerbitzu guztien publifikazio prozesua egiteko tresna izan beharko litzateke.

Dekretuari zehaztasun ugari falta zaizkio; besteak beste, kategoria bakoitza zein taldetan sartzen den definitzea eta haren gaitasunak zehaztea. Gainera, kategoria batzuk desagertzea proposatzen da, eta hori onartezina da gaur egun lanpostu horietan ari den langileen ordainsarietan murrizketak badakartza, bereziki egiten diren funtzioei lotutako osagarriei dagokienez; adibidez, unitate espezializatuetako zelarien eta erantzukizun bereziko administrari laguntzaileen kategorietan.

Beharrezkoa da administrari laguntzaileek administrari izateko plan bat garatzea, gaur-gaurkoz administrazio orokorrean planteatzen ari den ildotik; izan ere, kategoria bietan funtzio berdinak gauzatzen ari dira. Gainera, lanpostu funtzionalen dekretua negoziatzeak, ordainsarien atala negoziatu gabe, etorkizunean arazoak ekar ditzake.

Norabide honetan, azpimarratu dugu Osakidetzako langile guztien lan-baldintzen hobekuntza akordio arautzaile osoa negoziatuz lortuko dela. Bestalde, gaurkoan ere mahai sektorialetan ez da hitz egin medikuen grebaren eta hura konpontzeko irtenbideen inguruan, eta gaia saihestu egin da.

Osakidetzak 20 urte betetzera doan lan-baldintzen akordio arautzailea du, eta premiaz berritu behar da, kolektibo desberdinen izaerari eta ezaugarriei erreparatuta, langileen lan-baldintzak eta erabiltzaileei eskaintzen zaien zerbitzua hobetzeko. Zerbitzua propioa izatea eta baliabide publikoekin ematea aldarrikatu dugu. Halaber, pribatizazioaren aurkako neurriak hartzea eta zerbitzu guztiak publifikatzeko plana premiazkoa da.

Azkenik, LABetik Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuari eskatu diogu erantzukizunez joka dezala eta 20 urte betetzera doan lan-akordioa osotasunean berritzeko borondatea erakuts dezala. Gauzak horrela, dei egin diogu mahai sektorialean akordio arautzailearen negoziazio integralari ekin diezaion. Gaur egun ez da benetako negoziazio kolektiborik gauzatzen ari, eta, egoera honen aurrean, aliantzak bilatzen eta ekintza sindikala aktibatzen jarraituko dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea erretiratzeko eta azalpenak emateko eskatu diogu Tubacexeko zuzendaritzari

Gaur egin da Tubacexek Laudion eta Amurrion dituen lantegietarako planteatutako aldi baterako lan-erregulazioko kontsultaldiko lehen bilera. Zuzendaritzak ekoizpen- eta antolaketa-kausetan oinarritutako ABEEEa (Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea) jarri du mahai gainean, eta neurri hori justifikatzeko erabili nahi duen dokumentazioa entregatu du.

Eusko Jaurlaritzan hitzarmen berria negoziatzearen alde mobilizatu gara

Elkarretaratzeak egin ditugu Bilboko, Donostiako eta Gasteizko lan-zentroetan, eta administrazioari eskatu diogu benetako elkarrizketa ahalbidetu dezala.

Gernika-Lumoko Udalaren gardentasun eza salatzen dugu

Azken urtean, lana ahalik eta hobekien egin nahirik, LAB sindikatutik behin eta berriz eskatu diote Gernika-Lumoko Udalari langileen arloko hainbat gairi buruzko informazioa, hala nola kontratazioei, lan-poltsen erabilerari, lanpostuen estaldurari, funtzio-aldaketei edota giza baliabideen antolaketari buruzkoa.