2026-04-26
Blog Page 387

Presoen komunikatzeko eskubidea berreskuratzeko garaia dela aldarrikatu dugu, familia-loturari eutsi diezaioten

LAB, ELA, UGT, ESK, STEILAS, CGT, CNT, EHNE eta HIRU sindikatuok salbuespenezko kartzela-politikaren kontrako hileroko mobilizazioa egin dugu Bilbon, plaza Eliptikoan, Sareren “Izan bidea” dinamikaren baitan.

Oraingoan, sindikatuok presoen osasunerako eskubidean jarri dugu fokoa, baita euren senide eta lagunekin komunikatzeko duten eskubidean ere. Azken honi dagokionez, sindikatuon hitzetan, “bada garaia komunikatzeko eskubidearen urraketarekin amaitzeko. Bada garaia eskubide hori berreskuratzeko, familia-loturari eusteko, modu humanizatuan jokatuz”.

Dagoeneko bi urte dira koarentenak egiten direla eta komunikazioak galtzen direla, kasu askotan EAEtik eta Nafarroatik kanpoko espetxeetara egindako joan-etorriak gehituta, eta horri gehitu behar zaio urruneneko espetxeetara bidaiatzen daramaten urte luzeek pilatutako nekea: “Nahikoa denbora igaro da esperientziatik ikasteko eta neurri desberdinak hartzeko gai izateko, murriztaileenetatik haratago. Gainerako gizarte-eremuetan pandemiaren aldaera berriari malgutasun handiagoz heltzeko benetako urratsak ematen ari direla kontuan hartuta, espetxeetan ere erantzukizunez eta ausardiaz jokatu behar da, egoera oso gogor bati oztopo gehiago erantsi gabe”.

Hala, neurri hauek proposatzen ditugu: COVID19 dela eta orain galdu diren komunikazioak berreskuratzea; antigenoen miaketa masiboak ezartzea denbora-tarte laburretan; berrogeialdietarako espazio nahikoak egokitzea positiboen kasuetan; kasu horietan, presoek, gutxienez, telefonoz komunikatzen jarraitu ahal izatea, eta gure senidearekiko inkomunikazioaren ziurgabetasuna saihestea. “Eta, jakina, horrekin batera, ausardiaz planteatu behar dira askatasunaren ikuspegitik espetxea ez diren beste aukera batzuk: gaixo dauden presoak aske uztea, hirugarren graduak, pultsera telematikoak…”, erantsi dugu.

Novadecok sexu-genero trantsizioa abiatzeagatik langile bat kaleratu izana salatu eta transfobiarik gabeko lantokiak aldarrikatu ditugu

Pasa den azaroan, Novadeco enpresak langile bat kaleratu zuen. Gure ustez, bi arrazoi zeuden enpresaren erabakiaren atzean. Batetik, langile hau hauteskunde sindikaletan LABen zerrendan joan zen; eta bestetik, aurreko udaberrian sexu-genero trantsizioa abiatu zuen.

Abenduaren 22an egindako adiskidetzean, enpresak onartu zuen kaleratzea bidegabea izan zela, baina ez zituen ontzat eman LABek azaldutako arrazoiak. Honen aurrean, LABek epaitegietara eraman du gaia, ulertzen duelako langilearen oinarrizko eskubideak urratu dituela enpresak eta kaleratzea baliogabea izan dela aitortu dadin.

Gaur egin da epaiketa, eta LABek kontzentrazioa egin Gasteizko epaitegien aurrean, kaleratutako langileari babesa erakutsi eta transfobiarik onartuko ez duela adierazteko, ez Novadecon ez beste inongo lantokitan.

Eli Etxeberria LABeko idazkari feministak, mobilizazioan egindako adierazpenetan, identitate sexu-generikoa zein orientazio sexuala edota genero adierazpenagatik diskriminazioak ekiditeko protokolen beharra adierazi du.

“Enpresek lan esparru osasuntsuak eta seguruak bermatu behar dituzte eta horrek lan zentroek transfobiarik gabeko espazioak izan beharko lukeela esan nahi du, eta enpresetan trantsizioa egiten dutenen langileei babesa ematea eta eskubide guztiak bermatzea”, gaineratu du Etxeberriak.

Era berean, adierazi du LABek “ez duela onartuko lantokietan langileen oinarrizko eskubideen urraketa, genero autodeterminazioa ukatuz”.

Argi gelditu zen adiskidetze bileran Novadeco enpresak ez dituela eskubideen alde borrokatzen dituzten langileak nahi.

Azkenik, horrelako egoera batean dauden LGTBI+ kolektiboko langileak animatu ditu LABeko idazkari feministak aurrera egin dezaten, “bide horretan LABkideok ondoan izango gaituzte eta”. Era berean, eskerrak eman dizkio Gasteizko Mugimendu Feministari zein LGTBI+ mugimenduari, laguntza, presentzia eta babesagatik.

Aroztegiko proiektua garatzen duen UGPSa baliogabetzeko eskatu diogu Nafarroako Gobernuari

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak arrazoia eman dio LABi, eta berretsi egin du sindikatuaren erreklamazioa, zeina Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiak bere garaian ebatzi baitzuen plegua baliogabetuz eta esleipen-prozedurarekin jarraitzea ezinezkoa zela adieraziz.

2021eko maiatzean LAB sindikatuak publikoki eskatu zuen Aroztegiko lanak gelditzea, legez kanpokoak zirelako. Bere ustez, obra batzuen hasiera baliogabetuta zegoen, eta obra horien esleipena geldirik, hortaz, egindakoa Zuzenbidearen aurkakoa izateaz gain, onartezina zen. Erreklamazioan berriro arrazoia eman zaionean, LAB sindikatuak Aroztegiko proiektua garatzen duen UGPS Udalez Gaindiko Proiektu Sektoriala baliogabetzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuari, Gobernuak baitu eskumen guztiak horretarako.

Sustatzaileak, Aroztegia Jauregiaren inguruko turismo, hotel, kirol eta bizitegi arloko Konpentsazio Batzordea izenekoak, eta obrez arduratzen den OBRAS Y SERVICIOS TEX SL enpresak, zitalkeria ederra egin zuten egintza burutuen estrategia baten barnean. Hala, bide guztiak erabiliz, obrak nahitaez hastea bilatu zuten, proiektu baten etorkizun zalantzagarriaren aurrean kalte-ordainak jasotzeko aukera emango zuena; zonaldeko bizilagunen borondatearen kontra betiere, Aroztegiaren proiektuaren aurka egin baitzuten gehienek erreferendumean.

Eta beste behin ere, kapitalak agintzen duen mundu batean, errealitatea gauzen logikaren adibide garbia da. Horrela, zuzenbidearen aurka eta ondorio konponezinekin jardun dutenak, zigorrik gabe irteteaz gain, Baztango bizilagunak kriminalizatzen saiatu dira. Ez dira argitu Zuzenbidearen aurkako obra batzuetan parte hartu duten arduradun politikoen eta enpresaburuen erantzukizunak. Sustatzaileeen eta obrez arduratzen den enpresaren arduradun bakar batek ere ez du Nafarroako Auzitegian amaitu. Aitzitik, Baztango bizilagunek bai amaitu dute, Administrazioak egin behar zuen lan bat egiteagatik.

Azkenik, LABek azpimarratu nahi du erabaki judizial honek arrazoia ematen diela Baztango biztanleei, eta balioan jarri nahi du espekulazioaren aurkako aktibazioa, Baztan bailaran lan eta bizitza duina bermatzearen aldeko borroka, ingurunea zainduz eta inguruko behar eta errealitate sozio-ekonomikoaren arabera.

Ekintza eta medikuntza sozialeko langileek Baionako kaleak hartu dituzte berriro, laugarren greba egunaren harira

Ipar Euskal Herriko ekintza sozialeko eta medikuntza-sozialeko langileek manifestazioa egin dute Baionan, sektorea kinka larrian dagoela ohartarazteko. Laugarren greba eguna izan da ostegun honetakoa. Jantzi beltzekin irten dira kalera.

Egungo egoerak, eta hartutako erabakiek, sektore osoaren krisi sistemikoa eragin dezake. Hain justu, azken hogei urteotan egitura, zerbitzu eta elkarteek helduen, prekaritate handiko pertsonen, ezgaitasun egoeran dauden pertsonen, haurren, nerabeen eta lagundutako adindun gazteen alde eraikitako guztia arriskuan dago. Izan ere, sektorearen krisiak pertsona zaurgarri horiei guztiei kalteak eragingo dizkie.

Salaketa ez ezik, aldarrikapen hauek ere atera ditugu kalera, berriro ere:

-Soldaten igoera, ekintza sozialeko eta medikuntza-sozialeko langile kategoria guztientzat

-Eragile guztien arteko hausnarketa sakona, lan-baldintzak hobetzeko

-Publiko lagunduaren araberako langile kopuruen indartzea, bereziki aterbetze-egituretan

Astero langile bat hil da gutxienez urtea hasi denetik

Transportes Erdella enpresaren Larrabetzuko egoitzaren aurrean mobilizatu gara, euskal gehiengo sindikalak deituta, azken lan heriotza salatzeko. Enpresa horretako langilea zen joan den astelehenean Errioxako San Vicente de la Sonsierra herrian hildako garraiolaria.

Lan heriotza honekin, Euskal Herrian zortzi langile hil dira, gutxienez, urtea hasi denetik. Astero langile bat hil egin da, batez beste.

Mobilizazioak egingo ditugu, Osakidetzako zentroen garbiketa zerbitzuaren hitzarmenaren negoziazioaren blokeoaren aurrean

LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuon oharra:

LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuok, Osakidetzako zentroen garbiketa-zerbitzuaren enpresa emakidadunen hitzarmen kolektibo autonomikoaren negoziazioaren blokeo egoeraren aurrean, mobilizazio-egutegi bat iragartzen dugu.

Osakidetzako garbiketa zerbitzuko langileok 4 urte daramatzagu hitzarmenik gabe. Denbora horretan, ezin konta ahala aldiz bildu gara enpresa esleipendunekin, baina enpresa horiek ez dute inolako borondaterik erakutsi akordio batera iristeko.

Gure hitzarmena Osakidetzako langileen baldintzekin benetan homologatzea aldarrikatzen ari gara. Hor sartzen dira, besteak beste, karrera profesionalerako sarbidea eta txanda- kontratuari lotutako erretiro partziala. Gogorarazi behar dugu gure hitzarmenak berez Osakidetzako langileen baldintzekin homologatuta gaudela adierazten duela, baina praktikan ikusten ari gara enpresak homologazio hori indargabetzen ari direla Osakidetzako langileek azken urteotan izan dituzten hobekuntzak aplikatzeari uko egiten diotenean.

Are gehiago, azken hamarkada hauetan arautu zaigun homologazio-printzipioa akabatzeko aitortu gabeko asmoa dagoela uste dugu. Zentzu horretan, homologazioa arriskuan dagoela uste dugu. Enpresek zurrun eta irmo jokatzen dute, eta badirudi Osakidetzak egungo blokeoa babesten duela, azken horren zuzendaritzak ez baitio erantzuten egin dizkiogun bilera-eskaera ezberdinei.

Horregatik, sektoreko langileok gure hitzarmenaren defentsan mobilizatzera behartu gaituzte. Ziur gaude borrokaren bidez bakarrik lortuko dugula guri aldarriei kasu egin diezaioten. Horrela, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuok astero burutuko diren mobilizazio-egutegi berri bat adostu dugu, otsailaren 24an, ostegunean, abiatuko dena, Gurutzetako Ospitalearen (Barakaldo) aurrean goizeko 11:00etan burutuko dugun mobilizazioarekin. Mobilizazio-egutegia aste santura arte luzatuko da, eta greba-egun ezberdinak deitzea ez dugu baztertzen.

Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzen aurrean mobilizatu gara, garraio sektoreko profesionalek 60 urterekin erretiroa har dezaten eskatzeko

Garraioan ordezkaritza dugun sindikatuok (LAB, ELA, HIRU eta Kurpil) mobilizazioak egin ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzen aurrean, sektoreko langileek 60 urterekin erretiroa hartu ahal izatea eskatzeko.

Urteetako eskaera bat da, langileon jubilazio adina aurreratzearena. Aldarrikapen horrek, gainera, inoizko gaurkotasuna dauka, non langile hauen bizi baldintzak guztiz prekarizatuak dauden, zaintzarako denborarik gabe edota langabezia tasa oso altuekin. Bestelako jendarte eredu batean, non bizitza bizigarriak ditugun helburu, ezinbestekoa da lana banatzea, lan guztiak banatzea, baita zaintza lanak ere. Horrek, bestelako neurriek lagunduta joan behar du, hala nola, enpleguko lan jardunak murriztea edota jubilazio adina aurreratzearen neurriekin.

Zentzu honetan, zilegia da, Euskal Herrian mahai gainean jartzeko, lan baldintza neketsu edota arriskutsuak dituzten horietan aurreratze hori eskatzea, kasu honetan, gidari profesionalek egin bezala, eta bide batez erraztea administraziotik beraien jubilazio adina aurreratu ahal izatea, beste arlo batzuekin egiten den bezala (itsas langileak, burdinbidekoak, meategiak…).

Mobilizatu diren langileen adierazi bezala, “gizarteari mugikortasun zerbitzu bat ematen diogun langileak gara, lan txandatan, egun osoan zehar eta urteko egun guztietan, horrek dakarren nekatze fisikoarekin. Gaineratu behar da errepideen egoera dela, eta lan egiteko ergonomia medio, guztiok gaude bizkarreko minak jota, nekea, gaixotasun muskulo esletikoak eta psikosozialak pairatzen, hala ziurtatzen dute txosten mediku ugarik”.

Arazo hauek medikura joatean beti lotzen dituzte ogibidearekin, baina inoiz ez da aitortu gaixotasun profesional bezala: “Gehitu behar da gure lan orduetan jarri behar dugun arreta errepide eta inguruan eta beharrezko erreflexuak istripuak ekiditeko, egunero ekiditen ditugun bezala, eta zalantzarik gabe, erreflexu hauek adinarekin galtzen goaz. Norbaitek pentsa dezake zein erreflexu gaitasun izan dezakeen 65 urteko pertsona batek, gainera goizeko 4:30tan jaiki denean, zerbitzua ematera joateko?”.

LAB sindikatuak begi bat Madrilen jarrita dauka, gure bizi baldintzetan eragin zuzena duten erabaki asko bertatik inposatzen ari dizkigutelako. Bide horretan, euskal alderdiak presionatu behar ditugu euskal langileon lan baldintzen alde egin dezaten.

LAB Garraioko Sindikatu Koordinatzailearen (CST-Plataforma por la jubilación a los 60 años) partaide da 2020ko otsailetik, baina LAB sindikatuak bi oinak Euskal herrian ditu. Madrilen ez delako posible bizitza bizigarriak bermatzea. Hori soilik Euskal Herrian borrokatuz lortuko dugulako. Euskal Herritik eta Euskal herrian eragiteko garaia da, bertako gobernuak interpelatu eta Lan kode Propio eta Gizarte Segurantzako Lege propioak eskatuz. Hori da gure alternatiba, gure kanpaina propioa eginez, garraio enpresetan, enpresa komite eta sail sindikalen atxekimendua lortuz.

Garraioko Sindikatu Koordinatzaileak (CST) deitutako mobilizazioekin egin dugu bat, baina ez dugu ahaztu behar gure bide propioa egin behar dugula.

Energiarako eskubidea aldarrikatu dugu Bilbon, Iberdrola Dorrearen aurrean

Pobrezia energetikoaren aurkako egunaren harira, hainbat eragilek agerraldia egin dugu Bilbon, Iberdrola dorrearen aurrean.

“Sakeoari Ez. Energiarako eskubidea” lelodun dinamika aurkeztu dugu bertan. Hala, martxoaren 26ko arratsaldean Bilbon antolatutako manifestaziora deitu dugu.

Gainontzeko sindikatuek gure kontra egin dute Iruñeko kale garbiketaz arduratzen den FCC enpresan

LAB sindikatuak salatu nahi du UGT, ATSU eta CCOO sindikatuek beren indarrak batu dituztela eta sindikatu honen ordezkarien aurkako blokea osatu dutela, eta LABeko ordezkariak errebokatu dituztela Enpresa Batzordeko idazkari eta lan-osasuneko ordezkari postuetatik. Azken ekintza horrek, borroka bateratua suntsitzea erabaki zutenetik izan duten jarrerarekin bat etortzen dena, agerian utzi du, berriz ere, hiru sindikatu horiek enpresaren interesak defendatzeari ematen dioten lehentasuna, langileen eskubideen gainetik.

32 urtean lehen aldiz, 2021eko abenduan, FCC enpresako Iruñeko kale garbitzaileek lehenbiziko lanuzteak egin zituzten eskaera zehatz batzuk erreibindikatzeko: hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzea, KPIaren soldata-igoera, garbiketa-zerbitzuaren igoera, astelehenetik ortziralera bitarteko lanaldiarekin familia bateragarri egitea, eta kontratazio irizpide justuak ezartzea. Lanuzteen ondoren, egun osoko greba egin zuten (langileen % 95ek egin zuen).

Grebaren ondotik, langileen jarraipen handia ikusita, Enpresa Batzordeak erabaki zuen borrokarekin aurrera jarraitzea eta 2022ko urte hasieran bederatzi eguneko lanuzteak egitera deitzea; sindikatu guztiek sinatu eta egin zuten mobilizazio deialdi hura.

Baina, berehala, enpresak banaka deitu zituen ordezkaritza sindikalak. LABek uko egin zion banaka joateari, enpresaren asmo garbia baitzen Enpresa Batzordearen bileretatik kanpo negoziatzea, eta batasun sindikalerako deia egin zuen; aitzitik, gainontzeko sindikatuek ez zuten hori errespetatu.

Egun batzuk lehenago greba mugagabea aldarrikatzen ibili ziren sindikatu horiek beraiek bat-batean jarrera aldatu zuten eta beren jarraitzaileak borroka geldiaraztera bultzatu zituzten, nahiz eta mahai gainean ez zegoen inolako eskaintzarik. Sindikatu horiek adierazi zuten Iruñeko Udalaren taldearekin batzartu eta gero “sentsazio onak” izan zituztela eta soldatetan %2ko igoera espero zutela, KPIren 2021eko igoeratik oso urruti.

UGTk, ATSUk eta CCOOk agindu zuten Iruñeko Udalaren erantzuna urtarrilean ailegatuko zela. Zain gaude oraindik. Nolanahi ere, LABek uste du langile hauek FCC Medio Ambiente enpresako langileak izanik, ezin zaiola konponbidea bakar-bakarrik Udalari eskatu, enpresa baita lan baldintzak ezartzen dituena.

LAB sindikatuak azpimarratu nahi du hiru sindikatu horiek bertze behin ere langileak saltzen ari direla, enpresak langileak pobretzea duen asmoan lagunduz, eta kontuan hartu gabe urte askotan lehenbiziko aldiz langileek indarrak batu zituztela beren aldarrikapen justuak lortzeko.

Hala ere, eta nahiz eta UGTk, ATSUk eta CCOOk aldarrikapen unitarioak alde batera utzi eta LAB baztertu nahi duten —bi ordezkarien baztertzeak frogatzen duen gisara—, sindikatu honek argi du plantillaren eskarien alde borrokatzen jarraituko duela, langile guztion onerako betiere.