2026-01-21
Blog Page 387

Haur-eskoletako langileen lau demanda irabazi ditugu, obra-kontratuak gehiegikeriaz erabiltzeagatik #LortuDugu

LABeko zerbitzu juridikoek beste lau demanda irabazi dituzte berriki, kontratazioan abusuak egiteagatik. Kasu honetan, Nafarroako Haur Eskoletako lau langileri obra-kontratuak aplikatzen zitzaizkien, kontratu mugagabeak egin beharrean.

Aurkeztu ziren demandetatik hiru negoziazio-prozesuan irabazi ziren. Avanvida, Andacelay eta Kamira enpresek – Zizur Txikiko, Eguesko eta Mendigorriako haur-eskoletako enpresa kudeatzaileak, hurrenez hurren –, beren praxi txarraren jakitun izaki, zuzenean onartu zuten iruzurra egin izana, eta langileei dagokien kalte-ordaina ordaindu behar izan zieten.

Laugarren kasuan, kaleratze bidegabetzat jotzen da Andacelay enpresa publikoak kudeatzen duen Egueseko haur-eskoletako hezitzaile baten kargugabetzea. Langileak ez zituen onartu enpresa horrek negoziazioan eskaintzen zituen baldintzak; beraz, prozedurak bide judizialean jarraitu zuen, eta, azkenean, epaileak berari eman zion arrazoia auzitegietan.

LABeko zerbitzu juridikoek defendatzen dute obra-kontratuak ez direla inola ere baliozkoak ikasturtea betetzeko, jarduera arrunta baita. Hala ere, praktika txar hori ohikoa da feminizatutako zenbait sektoretan, esaterako berez prekarizatuta dagoen haur-eskolen sektorean, eta horrek egoera larriagotu besterik ez du egiten.

Ildo horretan, LAB Nafarroako 0-3 Haur Hezkuntzako zerbitzuaren esanetan, “ohikoa da kontratuak udan etetea, udako lansaria ordaindu beharrik ez izateko; ohikoa da matrikulazioaren arabera kontratua egitea edo ez… baina, berez, urtez urte egiten badira, kontratu mugagabeak dira”. Praxi hori, gainera, “modu orokorrean gertatzen da azpikontrata-eredu guztietan, bai enpresa pribatu, publiko edo kooperatiben bidez; hori salatu egin behar dugu eta salatu egin nahi dugu, langile horien kontratazioetan abusua amaitu arte”.

Santiago zubian gaurko deitutako mobilizazioarekin ere egin dugu bat, migrazio politika arrazistak salatzeko

Larunbata goizean beste pertsona bat hil da Irun eta Hendaia mugan. Biktima Boli-Kostako 38 urteko gizon bat zen, Bidasoa ibaia igerian zeharkatzen saiatzen ari zen, polizia-kontrolak saihesteko. 2021ean zenbatutako zazpigarren heriotza da, hilabete honetako laugarrena.

Migrazio politika, mugen militarizazioa, pertsonen zirkulazio askerako giza eskubidearen urraketa, etnia- eta arraza-profilaren araberako kontrol selektiboak, “beroan egindako” itzulketak eta Espainiako estatuko atzerritartasun-legea dira egoera honetako erantzule zuzen eta zeharkakoak. Ez dira istripu isolatuak, maizegi gertatzen dira. Gure herria bortxaz zatitzen duen muga, transitoan dauden pertsona migranteentzat heriotzaren muga ere bilakatu da.

LAB sindikatuak Hego eta Ipar Euskal Herriko administrazioek migrazio-zirkulazio horretan biktima gehiago saihestea eskatzen du. Egunero, hamarnaka pertsonek zeharkatzen dute muga hau, eta atxilotuak izatea ez da arrisku bakarra begi bistan dagoenez. Babes Europa delakoa arbuiatu eta salatzen dugu, milaka langile migratu eta arrazializaturen oinarrizko eskubideak ustiatzen eta urratzen dituen bitartean, politika hiltzaile eta zigorgabe baten esku uzten dituelako.

LABek heriotza hau salatzeko Irungo Harrera Sareak iganderako deitutako mobilizazioan parte hartzeko deia luzatzen zuen, eta dei bera egiten dugu astelehenerako Santiago zubian, 19:00etan, egingo den mobilizazioaren kasuan.

Bidegabekeria honekin amaitu behar da!

Migrazio politika arrazistek hil egiten dute!

Arrigorriagako hauteskunde sindikaletan oinarrizko eskubideak urratu zirela ebatzi du epaitegiak #LortuDugu

Arrigorriagako kiroldegian, Xaker Kirol Zerbitzuak enpresan burutu ziren hauteskunde sindikaletan enpresaren eskutik jasandako jazarpen sindikala salatu zuen LABek.

Joan den maiatzean hauteskunde sindikalak burutu ziren Arrigorriagako kiroldegian ari den Xaker Kirol Zerbitzuak enpresan, eta bozka eguna baino lehen enpresaren zuzendaritzak banaka-banaka deitu zituen langile guztiak LABi bozka eman ez ziezaioten eskatuz. Honen aurrean, LABen hautagaiak salaketa jarri zuen eta epaileak onartu du oinarrizko eskubideak urratu dituela enpresak, eta hauteskundeak berriz burutu behar direla.

Aditzera eman nahi dugu langileen oinarrizko eskubideen urraketa garbia suertatu dela auzi honetan, eta zoritxarrez, askotan ematen den egoera dela, eta ez dugu inolaz ere inolako eskubide urraketarik onartuko, ez langile, ezta langileen tresna den LAB sindikatuaren kontra ere. Irmotasunez erantzungo dugu edozein arazo-erasoren aurrean eta langileekin batera, gizarte justuago bat eraiki nahian, kalean eta lantokietan jarduten jarraituko dugu.

Presoen egoerari heltzea eta konponbide bat ematea premiazkoa dela eskatu dugu sindikatuok

Sare erakundearen Izan Bidea ekimenaren baitan, eta hileko hirugarren ostiraletan Bilbon egin ohi dugun moduan, LAB, ELA, UGT, ESK, Steilas, CGT, CNT, EHNE, HIRU eta Etxalde sindikatuok elkarretaratzea egin dugu euskal presoen eskubideen alde. Presoen egoerari heltzea eta konponbide bat ematea premiazkoa dela eskatu dugu berriro.

Nafarroako aurrekontuek ez dituzte langileok behar ditugun egiturazko aldaketak jasotzen

LAB sindikatuko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyok agerraldia egin du Iruñean, Nafarroako 2022rako aurrekontu proiektuari buruzko balorazioa egiteko. “Nafarroako Gobernuaren zerga politika eta aurrekontu proiektua aztertu ondoren, ozen esan dezakegu ez dagoela egiturazko aldaketarik, ez dagoela politika publikoetan norabide aldaketarako erabaki politikorik”, adierazi du.

Honako hauek dira gure kritika nagusienak: 

– Parte hartze sozialik gabeko aurrekontuak dira hauek. Aurten ere, Kontseilu Ekonomiko eta Soziala egin baino hiru egun lehenago bidali zigun Gobernuak aurrekontu egitasmoa eta bilkura burutu ondotik ezertxo ere aldatu gabe berbidali zuen Parlamentura. Era berean, mugimendu sozialen eskariak jaso eta lantzeko prozedurarik ez dago.

– Bestalde, Estatuko legediak baldintzatutako aurrekontuak dira. Esaterako, Nafarroako Gobernuko langileen soldata, Estatuak baimenduko duen portzentaiara dago mugatua.

– PSN-Geroa Bairen Gobernuak Kapital errentak eta enpresen irabaziak gehiago zergapetuko dituen sakoneko zerga erreforma sakona blokeatzen jarraitzen du. Nafarroako presio fiskala Europako bataz bestekotik urrun dago: Europar Batasuneko batezbestekoa %40,1 bada Nafarroakoa %30,4. Sindikatu guztiok gaude zerga erreformaren alde, baina Gobernua Patronalaren betoa ontzat ematen ari da. Era honetan, Nafarroako etorkizuna hipotekatzen ari da Gobernua: gaur biltzen ez dena, ezin izango da biharkoan inbertitu.

– Aurrekontuetan ez dago zerbitzu publikoak eta bereziki osasun eta zaintza sisteman jauzi bat emateko apusturik. Areago, aurrekontuak aurreko urtearekiko %8,3 hazten badira ere, osasungintzan %0,5 besterik ez da hazten, alegia, inflazioaren azpitik. Pandemiaren garai zailena igarota, ez dago asmorik osasun sistema publikoa indartzeko, ezta zaintza sistema publiko komunitarioa garatzeko ere. Akats estrategikoa da hau LABen ustez. 

– Enplegurako aurreikusitako inbertsioan %28ko hazkundea badago ere, LAB oso kritikoa da diru horren erabilpenari dagokionez. Izan ere, 1.400 euroko gutxieneko soldata bezalako neurriak ezarriko lituzkeen akordio interprofesionala sustatu beharrean, prekarietatea ontzat eman eta eremu pribatura diru publikoa bideratzera mugatzen da Nafarroako Gobernuaren interbentzioa. Ildo beretik, jarduera ekonomikoa sustatzeko aurreikusitako inbertsioak enpresarien eskuetan uzten ditu nagusiki Nafarroako Gobernuak.

– Honela, Europako funtsek nahiz zorpetze arauen malgutzeak emandako baliabideak sektore publikoa indartu, eredu sozioproduktiboaren eraldaketari ekin eta lan nahiz bizi baldintzak hobetzeko baino, ekimen pribatuaren sustapenerako erabiltzen ari da. Norabide estrategikoa aldatu eta trantsizio ekosozialista eta feminista sustatzeko zabaldutako aukera alferrik galtzen ari da Nafarroako Gobernua.

Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk iragarritako aurrekontu akordioa

Nafarroako Gobernuaren eta EH Bilduren arteko aurrekontu akordioak zenbait hobekuntza sozial eta laboral jasotzen baditu ere, aurrekontuen dimentsioarekin alderatuta eragin mugatua dauka eta, hortaz, Nafarroako Gobernuak aurkeztutako aurrekontuek egiturazko gabeziak izaten jarraitzen dute.

Honako gako hauek azpimarratu nahi ditugu aipatutako aurrekontu akordioari dagokionez:

– Nafarroa demokratizatzeko agendari dagokionez, ontzat jotzen dugu Kontratazio Batzordean UGT eta CCOOena soilik ez baina sindikatu guztien parte hartzea ahalbidetzea. Enplegurako sarbidean ematen den diskriminazioa aztertzeko planteatzen den azterketa, berriz, LABen proposamenez Nafar Lansarek hartu zuen eta gauzatu ez duen konpromisoa litzateke jasotzen dena. Ikusita orain arte administrazioak ez duela ezertxo ere egin Volkswagen bezalako enpresetan ematen den diskriminazio sindikalarekin eta matxistarekin amaitzeko, gai honetan presioa egiten jarraituko dugu.

– Administrazio publikoetarako adostutako hobekuntzen artean hainbat aldarrikapen sindikal daude jasoak, hala nola, suhiltzaileak, SOS-Nafarroa, basozainak edota larrialditako garraioari dagokionez. Kontutan hartzekoa da, halaber, 0-3 zikloaren doakotasunaren bidean emandako urratsa 18.000 euro azpiko diru-sarrerak dituzten herritarrei begira.

– Langileon lan eta bizi baldintzei dagokionez, eremu soziosindikalean aldarrikatzen ari garenetik urrun geratzen da akordioa. LABen ustez, batazbesteko soldatarekin loturiko gutxieneko soldataren erreferentzia orokorra baino, bataz besteko soldataren %60a den 1400 euroko gutxieneko soldata ezartzeko akordio interprofesionalaren aldeko apustu zehatza egin beharko litzateke, Europa mailako gomendioei jarraiki. Pentsioen kasuan, akordioan ezarritako 800 euroko gutxieneko pentsioa Pentsiodunen Mugimenduak aldarrikatzen dituen 1080 euroetatik urrun geratzen da.

– Amaitzeko, Nafarroaren autogobernuari dagokionez, Foru Hobekuntzan duela 40 urte finkatutako eskumenak aldarrikatzera mugatzen da akordioa. Aldarrikapen hau beharrezkoa izanik ere, LABen ustez bada garaia Nafarroaren estatusaren inguruko eztabaida sozial eta instituzionalari ateak irekitzeko eta, zehazki, lan harremanen eta babes sozialaren esparruan ahalmen osoa eskuratzeko. Nafarroak bere Lan Kode eta Gizarte Segurantza propioa izan dezan da LABen proposamena.

Amiantoaren biktimentzako Konpentsazio Funtsa sortzea urrats garrantzitsua da, baina oraindik asko dago egiteko

Atzo urrats garrantzitsua eman zen amiantoaren biktimentzako Konpentsazio Funtsa sortzeko; izan ere, beste batzuetan funtsaz hitz egin bazen ere, ez zen honetarako aurrekonturik jarri, eta atzoko akordioarekin 25 milioi euro bideratuko dira horretarako.

LABek urrats garrantzitsutzat jotzen du langileen, haien familien, gizarte-ingurunearen eta industria horietatik gertu bizi zirenen ondorioak, gaixotasuna eta heriotza aitortzeko. Hala ere, ezin gara triunfalismoetan erori. Oraindik asko dago egiteko Euskal Herrian hamarkada askotan amiantoa masiboki eta kontrolik gabe erabiltzearen ondorioei aurre egiteko. Ildo horretan, honako alderdi hauek azpimarra ditzakegu:

  • Amiantoa osasun publikoko arazotzat hartzea.
  • Jarrita dagoen amiantoaren kontrola Europako Ekonomia eta Gizarte Komitearen 2015eko irizpenabetetzeko, 2032rako amiantoa erabat erauztea adierazten duena.
  • Osasuna zaintzeko programak zabaltzea.
  • Osasunbidean eta Osakidetzan amiantoarekin lotutako patologiak detektatzeko programa bat ezartzea,profesionalentzako prestakuntza espezifikoarekin, gaixotasun profesionalaren susmoen jakinarazpenen erregistroa eta kontingentzien zehaztapenak aktibatzea, eta amiantoaren ondoriozko gaixotasunen erregistro bat sortzea irizpide epidemiologikoekin, Osasunbidearen, NOPLIren, Osakidetzaren eta Osalanen parte- hartzearekin.
  • Erregistro hori sortzen den bitartean, epaitegi espezializatuak izan daitezela amiantoaren ondoriozko erreklamazioez arduratzen direnak.
  • Amiantoaren eraginpean dauden pertsonen erretiro aurreratua.
  • Amiantoaren biktimei laguntza soziala eta psikologikoa ematea.
  • Babesa zabaltzea esposizio ez-profesionaletik eratorritako kasuetara (etxean eta ingurumenean)

Hauek dira beharrezkoak diren neurrietako batzuk, amiantoaren iraganeko, oraingo eta baita etorkizuneko problematikari erantzun erreala eman nahi badiogu. Atzokoa urrats bat izan zen norabide onean, baina asko falta dira eta Urkulluren eta Chiviteren gobernuek ezin dute Madrilera bakarrik begiratu, hemen ere premiazko pausoak eman behar ditugu eta urte askotako atzerapena dugu.

Bizkaiko eraikin eta lokaletako garbitzaileak Basaurin mobilizatu dira, soldata arrakalaren kontra eta soldata duin baten alde

Bizkaiko garbiketa-sektorean une erabakigarri baten aurrean daude hitzarmen duin baten aldeko borrokari dagokionez. Patronala oso urrun dago lana duindu nahi izatetik. Lan feminizatua, prekarizatua eta ia beti ikusezina da honako hau. Egoera irauli eta mobilizazioetara irtetea erabaki dugu LAB, ELA eta ESK sindikatuok.

Soldata arrakalarekin amaitzea dugu helburu. Negoziazio honen gakoetako bat sektorean genero-soldata-arrakala dagoela onartzea da. Garbiketa sektoreak 29.000 langile baino gehiago ditu EAEn. Kopuru horretatik 26.000 ( %86a) eraikinen eta lokalen garbiketan lan egiten dute, non % 85 emakumeak diren eta 4.000 inguruk kale-garbiketan, non %76a gizonezkoak diren. Kolektibo baten eta bestearen arteko soldata-aldea %40 ingurukoa da. Eta hori kalean lan egitea konpentsatzen duen plus toxiko/nekagarri/arriskutsua alde batera utzita, beraz, bi kolektiboen arteko arrakala horren arrazoia eraikin eta lokaletako sektorearen izaera feminizatua da.

Soldata duinak ere exijitzen ditugu, 1.200 euro x 15. Horregatik guztiagatik, nahikoa dela diogu. Iritsi da langile hauen unea. Argi dugu garbiketako soldatak duintzeko unea orain dela, eta prekaritatearen aurkako borroka handiena Bizkaiko eraikin eta lokaletako garbitzaileentzat 1.200 euroko gutxieneko soldatak 15 ordainsaritan bermatzea dela.

Garaia iritsi da funtsezkotasun hori soldata duin bihurtzeko Bizkaiko eraikin eta lokaletako garbitzaileen kolektiboarentzat.

Bat egiten dugu azaroaren 20an Brouard eta Muguruzaren omenez antolatutako ekimenekin eta EH Bilduk deitutako manifestazioarekin

Euskal Herrian mobilizazio ziklo berri bat irekitzeko lanean ari da LAB. Prekarizazio eta pobretzearen kontrako borrokan, lan, pentsio eta bizitza duinaren bidean eraldaketa sustatu nahi dugu. Eraldaketa, burujabetzaren bidean sakonduz. Hemen Euskal Herrian erabaki ditzagun gure lan eta bizi baldintzak.

Espainiako konstituzioaren babesean sistema kapitalista, heteropatriarkal eta ekozidak bere bidea egin du. Eredu horrek ezinezko egiten du bizitza duina. Politika neoliberal eta autonomistei aurre egin eta ezkerreko politika subiranistak sustatzeko garaia da. Ezker independentismotik eragiteko momentua.

Trantsizioa abiatu behar dugu, egungo eredu ekonomiko eta soziala gaindutu eta bizitza erdigunean jarriko duen eraldaketa sustatzeko, Euskal Herritik eta Euskal Herrirako. Trantsizio ekosozialista eta feminista.

78ko erregimenarekin eta haren oinordekoekin kateak apurtzeko garaia da. Gure herriaren nazio askapenaren kontrako zapalkuntzak adiera asko izan ditu, urteurren beltz ugari ditugu egutegian markatuta. Azaroak 20 egun seinalatua da, Franco diktadorearen heriotzaren urtemuga (aurten Memoria Demokratikorako Espainiako Legearen eztabaida betean, eta oraindik ere frankismoko krimenak epaitzeke), eta HBko buruzagi Santi Brouard eta Josu Muguruza erahil zituztenekoa. Brouard eta Muguruzaren omenez goizean antolatutako ekimenekin bat egiten dugu LABetik. Aldi berean, eta aurretik aipatutako guztia aldarri hartuta, EH Bilduk Bilbon deitutako manifestazioari gure atxikimendua helarazten diogu.

Bizitza erdigunean jartzeko, herri burujabetzaren bidea jorratu behar dugu. Eredu berria posible egingo duen Euskal Errepublika Sozialista eta Feminista ortzimugan.

“Lan, pentsio eta bizitza duina; lan eta pentsio erreformei ez; bizitza duinerako, burujabetza. Oinarrizkoak diren aldarrikapen hauek batzen gaituzte”

Herri mugimenduko hainbat eragilek eta kolektibok agerraldia egin dute, abenduaren 1erako Hego Euskal Herrian LAB, ELA, ESK, STEILAS, ETXALDE, HIRU, CGT eta CNT sindikatuok deitutako mobilizazio egunarekin bat egin dutela adierazteko. Hain zuzen ere, egun horretan, 11:00etan, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan manifestazioak egingo ditugu, eta, arratsaldean, herrietan. Hala, deitzaileok eta deialdira atxikitutakoek mobilizazioaren beharra nabarmendu dugu.

Hauxe da agerraldian egindako irakurketa:

Gaur, hemen bildu gara herri mugimenduko hainbat eragile eta kolektibo anitz, abenduaren 1erako Hego Euskal Herrian ELA, LAB, ELA, ESK, STEILAS, ETXALDE, HIRU, CGT eta CNT sindikatuek deitutako mobilizazio egunarekin bat egiten dugula adierazteko.

2008ko krisiaren ondorio lazgarriak gainditu gabe genituela harrapatu gaitu COVID19ak eragin duen osasun krisiak. Hau baina, ez da soilik osasun krisi bat izaten ari. Pandemiak azkartu egin ditu jada bizi genituen krisi anizkoizak eta sistema kapitalista, heteropatriarkal eta kolonialistak eragindako zapalkuntzak are gehiago sakondu dira.

Aurreko guztiaren kudaketa negargarriak argi utzi du boteregune ekonomiko eta politikoen hautua bizitzaren sostenigarritasuna alboratu eta kapital metaketari eusteko erabakiak inposatzea dela. Irakaspenak atera eta norabide aldaketa sakonari ekin baino, datozen hileotako eta urteotako aurreikuspenek argi uzten dute erabakiek ildo berean jarraituko dutela: Europar funtsen baldintzapekotasun eta norabidetik hasi, Madrilen hileotan eztabaidagai dauden lan eta pentsio erreformetatik igaro eta gure herriko aurrekontu eta berdintasun politika zein politika sozialetaraino.

Lan, pentsio eta bizitza duina. Lan eta pentsio erreformei ez. Bizitza duinerako, burujabetza. Oinarrizkoak diren aldarrikapen hauek batzen gaituzte.

Lan guztiak aitortu eta banatzeko neurriak beharrezkoak dira, eta enplegurako baldintza duinak bermatzeko ordua ere bada. Prekaritatera kondenatutako langile belaunaldi berrion aldarrikapena da hau, bazterrean eta izkutuko lanetan gauden emakumeona, bizirauteko nahikoak ez diren langabezia prestazioak jasotzen ditugunona.

Urteetako borrokaren ondorioz irabazitako eskubideen murrizketarik ez dugu onartuko, eta besteren artean pentsio duinerako eskubidea aldarrikatzen dugu. Bai orain pentsiodunak garen zein eta etorkizunean izango garenonak. Genero arrakalarik gabeko pentsio sistema, eros ahalmen errealari lotutakoa, propioa, publikoa eta unibertsala.

Finean, gutxi batzuen diru eta botere gosearen gainetik, pertsona guztien bizitzak, gure herriaren eta planeta beraren biziraupena erdigunean jarriko dituzten neurri politikoak aldarrikatzen ditugu. Ezinbestekoa da, beraz, norabide aldaketa sakon bat, ezinbestekoa den bezala erabaki burujabeak hartu eta gauzatzeko eskubidea eta gaitasuna izatea.

Honek guztiak egunotan eztabaidagai diren lan eta pentsio erreformen batailan posizioa hartzera garamatza. Ez gaude prest gure bizitzak pobretu eta prekarizatuko dituzten murrizketa berriak onartzeko. Euskal Herriko feministak, ekosozialistak, gazteak, ikasleak, eskubide sozialen aldeko aktibistak, antimilitaristak eta independentistak ez gaude eszenatoki hau onartzeko prest.

Horregatik, testuinguru honetan, begi onez ikusten dugu sindikatuek luzatutako proposamena eta abenduaren 1ean mobilizaziorako deia egiten dugu Hego Euskal Herriko eragile sozialek. Aipatu dugun bezala, arrazoiak ez zaizkigu falta. Ozen eta argi adierazi nahi dugu badagoela gauzak beste era batean egiteko modua eta hemen gaudenok prest gaudela norabide horretan borrokan jarraitzeko. Bereizita eta desmobilizatuta nahi gaituzten honetan, elkarrekin indartsuagoak gara.

Gauzak horrela, abenduaren 1ean goizeko 11:00etan Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan manifestazioak egingo ditugu. Zehazki, Bilbon Udaletxetik, Donostian Gobernu Zibiletik, Iruñean CENetik eta Gasteizen Probintzia plazatik.

Era berean, arratsaldez, besteak beste, hurrengo herrietan mobilizazioak izango dira:

Bizkaia (12)

– Bilbo
– Durango -Algorta -Basauri -Barakaldo -Zalla
– Galdakao -Mungia -Erandio -Zornotza -Igorre
– Ondarru

Gipuzkoa (10)

-Donostia -Beasain -T olosa -Hernani -Irun -Errenteria -Azpeitia -Zarautz -Eibar

– Arrasate

Nafarroa (3)

-Iruñea -Tutera -Lizarra

Araba (3)

-Gasteiz -Agurain -Laudio

Deialdi honekin bat egiten dugun eragile, herri mugimendu eta kolektiboen zerrenda hurrengoa da:

  • Arabako Osasun Publikoa Aurrera plataforma
  • Argilan-ESK
  • Ari Du Elkartasun Sarea (Plentzia Gorliz Lemoiz)
  • Arrigorriagako pentsionisten asanblada
  • Asociación Colectivo Bachue Elkartea
  • Asociación Mujeres en la Diversidad
  • Asociación Posada de los Abrazos
  • ATH-ELE
  • Berri-otxoak (Plataforma contra la exclusión y por los derechos sociales)
  • Bizitzak Erdigunean Koordinadora Feminista
  • Bizkaiko Emakumeen Asanblada (AMB-BEA)
  • Congreso de los Pueblos
  • Ehun euskal errepublikaren aldeko mugimendua
  • Ekologistak Martxan
  • Emakume Askeak.Mujeres Libres
  • Eragin
  • Ernai gazte antolakundea
  • Euskal Gune Ekosozialista
  • Euskal Herriko Bilgune Feminista
  • Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxa
  • Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta
  • Euskal Herrian Euskaraz
  • Euskal Herriko Neska* Gazteak
  • FeministAlde
  • Gu ere bagara Bilbo
  • IKAMA (Ikasleria Martxan)
  • Iniciativa por el Derecho a Techo y Contra la Exclusión Social de Gasteiz
  • Irauli
  • Izartu Mungialdea
  • Kakitzat (Koordinakunde Antimilitarista)
  • Laumunarrieta Memoria Elkartea
  • Marimatraka Santurtziko Talde Feminista
  • Mugarik Gabe ONGD
  • OKA elkartea (Berriz)
  • OMAL-Paz con Dignidad
  • Oneka Euskal Herriko Emakume Pentsionistak elkartea
  • Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba
  • Sare Antifaxista
  • Trabajadoras No Domesticadas

Era berean, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak azaroaren 13ko mobilizazioetan adierazi zuen bat egiten duela abenduaren 1eko deialdiekin.