2026-01-20
Blog Page 383

Abenduaren 6aren etorrerarekin, Espainiatik alde egin nahi dugunok ez dugu ezer ospatzeko

Abenduaren 6an, Espainiako Konstituzioaren urteurrenaren etorrerarekin, egoitzak zabalduko ditu LABek. Hala, urtero legez, lan egutegi propio bat aldarrikatzen dugun neurrian, planto egingo diegu inposatutako jai egunei. Ez dugulako ezer ospatzeko.

Hain zuzen ere, Frankismoan ezarritako zutabeen gainean eraiki da Konstituzioa eta sistema kapitalista heteropatriarkalaren garapenerako bermerik onena izan da. Euskal Herrian zein estaturik gabeko beste nazioentzat eskubide nazional, politiko eta sozialen ukazioa ekarri du, hamarkadetan. Kapitalaren nagusitasuna bermatu du Espainiako Konstituzioak. Langile klasearen zapalketa, herri sektore anitzen bazterketa eta miseria bideratu du; migranteen aurkako sorgin-ehiza eta pobrezia eta bazterketa soziala, tartean. Euskal langileon eskubide laboral eta sozialak etengabe kolpatzea ahalbidetu du, krisi eta erasoaldi ezberdinak tarteko, eta bizitzaren prekarizazio aroari ateak ireki dizkio.

Eta zer esan, emakumeon* egoera espezifikoari dagokionez, Konstituzioaren aterkipean garatu den sistema kapitalista eta heteropatriarkalaren ondorio dira egun bizi-bizirik dauden diskriminazio ezberdinak, soldata arrakala eta indarkeria matxista.

Emakumeon* zanpaketarako tresna izan da Konstituzioa. Zanpaketa politiko eta sozialerako tresna ere bai, ez ditu herrientzako, ez herritarrentzako oinarrizko eskubideak bermatzen, dela etxebizitza, direla lan eskubideak. Ez zen eskubideak bermatzeko sortu, Espainiako “batasuna” defendatu eta asimilazioaren bidea bermatzeko baizik. Eta kezkaz bizi dugu, gainera, lurralde krisi betean, ematen ari den inboluzio autoritarioa eta faxismoaren gorpuztea.

Espainiatik alde egin nahi dugunok ez dugu ezer ospatzeko. 78az geroztik geure borondatearen kontra lotzen gaituen katea, Espainiako Konstituzioa, lan duina eta bizi duinaren aurkako eraso zuzena da. Langileon eskubideak txikitzeko aukerak ziurtatzen dizkio botere ekonomikoari. Horrenbestez, eredu sozial eta ekonomiko berri bat eraiki nahi badugu, aldaketa soziala hauspotu behar dugu, eremu guztietan erabakitzeko eskubidea defendatu eta eraldaketa soziala burujabetza prozesu batekin uztartu.

78ko erregimenarekiko kateak apurtzeko unea da. Ez dugu zer ospatu, baina bai zer borrokatu: independentzia, sozialismoa eta feminismoa. Demokrazia, justizia eta bakea. Burujabetza. Konstituzio propio bat, Estatu egitura propio bat, Euskal Errepublika aldarrikatzen dugu.

Estatu propio bat behar du Euskal Herriak, erabakitzeko eskubidea oinarri. Herri aktibazioa eta borondatea dira aldaketa sozial eta politikoaren giltza. 

Euskararen aldeko borrokan berretsi eta Euskararen Egunari lotutako mobilizazio guztietan parte hartzeko deia egiten dugu

LAB sindikatuan 2000. urtean erabaki genuen LAN eta KOMUNIKAZIO hizkuntza euskara izango genuela. Erabaki horren aurretik euskararen normalizazioan lan handia egina genuen, eta ondoren, EUSLAB egitasmo estrategikoa jarri genuen martxan sindikatu barruko jardueran, zein lan munduan euskararen erabilera areagotzeko asmoz. Ez gara berriak, beraz.

Ezin ukatu pandemiak gure bizitzak astindu dituela eta hausnarketarako gako batzuk ere utzi dituela, horregatik, indarrean dauden hizkuntza politikak  berrikusi, birpentsatu  eta eragiteko jauziak behar direla ondorioztatu dugu. 

Alde batetik, Euskalgintzaren Kontseiluak abiatutako hizkuntza-politiketan eragiteko Batuz Aldatu ekimenarekin bat egin dugu. 

Bestetik, iazko urtearen amaieran, pandemiaren krisi betean, eremu sozioekonomikoaren euskalduntzean dugun erronkari ahalik eta modu bateratuenean aurre egiteko urrats berri bat eman genuen. Euskarak lan munduan behar duen besteko ikuspegia eta konpromisoa hartuz, Euskalgintzaren Kontseiluak, LABek eta ELAk, eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko proposamen zehatza aurkeztu genuen: berrogeita hamar langiletik gorako enpresetan euskara-planak negoziatu beharra lanbide arteko akordioan jasotzea.

Nafarroan ere, ez dira gutxi izan euskaldunen eskubideen alde eta politika aldaketa eskatuz egin izan diren mobilizazioak. 

Sindikalismotik eta daukagun ardura soziopolitikoari uko egin gabe jardun dugu euskararen gaiarekin, bai kanpora begira, arestian aipatu direnetan aktiboki parte hartuz, baina baita, barrura begira ere. Sindikatuari berari begira, alegia.

Sindikatu barruan zein lan munduan hizkuntzarekin ditugun inertziak astindu nahi ditugu eta barruko prozesuetan euskararen erabilera areagotzeko ahalegin kolektiboa egin dugu, LABen euskara lan hizkuntza izatea lortuz eta gure hizkuntza politikaren berritzean pausoak emanez. 

Ugari dira euskarak datozen urteetan aurrez aurre dituen erronkak, eta LAB sindikatuari ere badagokio horri ganoraz erantzutea. Prest gaude, eta dagokigun mailan erantzutea espero dugu. Langileon hizkuntza eskubideen aitortza ezinbestekoa izango da, eta baita bidelagunen ahalduntzea ere.

Horregatik, LABek euskararen aldeko borrokan berretsi eta Euskararen Egunari lotuta egongo diren mobilizazio guztietan parte hartzeko dei egiten du. 

Bereziki Euskal Herrian Euskarazek Euskararen errepublika lelopean datorren abenduaren 6an Durangon deitu duen nazio manifestazioan parte hartzeko deia luzatzen dugu.

Guk kalean zein lanean euskaraz, askatasunean.

EAEko aurrekontuek herri honetako gehiengo sindikal eta sozialak kalera ateraz egiten dituen aldarrikapenei erantzun egoki bat eman gabe jarraitzen dute

Krisi sozial eta ekologiko larria bizi dugu. Pandemiak sakondu egin ditu arrakalak eta prekarizazio prozesuak. Egoeraren larritasunak politika publikoen norabide aldaketa bat eskatzen dute. Aldaketa sakona: bizitza erdigunean jarriko duen eredu berri baterako bidea egin behar da. Trantsizio ekosozialista eta feminista.

Aurrekontuek, zerga politikarekin batera, herritarren interesak erdigunean jarri eta aberastasunaren birbanaketarako bitarteko nagusi izan beharko lukete. Aurrekontuek zer nolako jendarte eredua eraiki nahi den erakusten dute.

Madril, Nafarroa eta EAEko aurrekontu proiektuak abiapuntuzko hutsune argiekin jaio dira: parte hartze soziala ukatzen da, zerga erreformaren eztabaida aurrekontu proiektutik kanpo uzten da eta sektore publikoak ekonomian izan behar duen parte hartzea ahultzen da. Inolako kontrol eta kontrapartidarik gabe, geroz eta diru gehiago bideratzen da esku pribatuetara.

EAEko aurrekontuetarako EH Bildu eta Jaurlaritzaren arteko akordioari dagokionez:

1.Konpromiso politikoei dagokionez, Gobernua nahi ez zituen hainbat erabaki hartzera eraman du akordioak, baina ez gaitu asetzen.

LGSa bultzatzea neurri egokia da, Euskal Herriko bataz bestekoaren araberakoa izango da eta Estatuarekiko ezberdina; hala eta guztiz ere, egiten den formulazioak ez gaitu asetzen.

Gobernuak, patronala interpelatu eta jarrera proaktiboa izan beharko luke gutxieneko soldata ezarriko duen sektorearteko akordio interprofesional bat bultzatzeko. Ez da horrelakorik jasotzen, bi aldeen esku uzten da eta negoziazio kolektibora bideratzen da, egun dagoen indar harremanen desorekak zeintzuk diren ikusita, paper errean geratzeko arrisku handia du.

Bestetik, badira aipatu ere egiten ez diren gai garrantzitsuak: pentsioak osagarritzeko aukera esaterako edota gizarte zerbitzuak hobetu zaintza sistema publiko komunitarioa eraikitzeko urratsak ematea.

2- Konpromiso ekonomikoei dagokionez, EH Bilduren akordioak, hasierako aurrekontu proiektua hobetzea lortu du hainbat puntutan, baina ageriko mugekin:

Hobekuntzak lortu dira osasungintzan, diru politika sozialetan, etxebizitza politikan edota larrialdi klimatikoari aurre egiteko. Joko-arauak ez dira aldatu, ordea, eta ondorioz, partida batzuk hobetu daitezke, bai, baina ezinezkoa da egoerak eskatzen duen norabide aldaketa sakona sustatzea politika publikoetan.

Beraz, aurrekontu hauek, herri honetako gehiengo sindikal eta sozialak kalera ateraz egiten dituen aldarrikapenei erantzun egoki bat eman gabe jarraitzen dute. Orain arte esan bezala, gehiengo sozial eta sindikalak artikulatu eta Euskal Herrian sakoneko aldaketak posible egiteko bidea eraiki behar dugu.

AURREKONTUEN AZTERKETA DATUETAN

EAEn, uko egiten zaio gehiago biltzeari, eta, gainera, jendearen beharrak ez daude aurrekontuen lehentasunen lehen ordenean:

– EAEko presio fiskala %31,8koa da, Europar Batasunaren presio fiskaletik urrun dago, azken honetan %40,1ekoa bait. Gainera, presio fiskal hori langileen gain dago batez ere.

Urkullu jaunak, dumping fiskalari buruz hitz egin duenean, alfonbra gorria jarri dio patronalari, fiskalitatean murrizketa berrien beharra justifikatzeko. Berriro ere, langileei bizkarra emanez eta kapital-errentak eta enpresa-irabaziak zergapetzeko aukera gutxietsiz.

• Aurrekontuaren inbertsio publikoa % 80koa da, baina gehiena, %62, kapitalerako diru-laguntzak eta transferentziak dira, hau da, diru publikoa enpresa pribatuentzat eta kontrol publiko eta sozialik gabe. Lankidetza publiko-pribatua deitzen diote eta hau propaganda neoliberala da patronalaren politika aplikatzeko. Horrela ahultzen da sektore publikoak ekonomian duen funtzioa. Enpresa pribatuari hainbeste diru bideratzea, beste beharrizan batzuetarako dirua kentzea da.

• Azken urteetan zerbitzu publikoetan izandako murrizketak ez dira lehengoratzen, eta ez da behar adina inbertitzen hezkuntzan eta osasunean. Ulertezina, pandemia egoeran gaudela kontuan hartuta.

• Ontzat ematen da langile publikoei buruzko erabakiak Madrilen hartzea (adibidez, soldata-igoerari eta/edo birjarpen-tasari dagokienez…), eta ez da negoziazio kolektiborako esparru propiorik sustatzen.

• Erronka demografikoen eta biztanleriaren zahartzearen aurrean, ez da zaintza-sistema publiko bat sortzearen aldeko apustua egiten. Gizarte-zerbitzuak pribatizatuta daude, eta langileek, gehienak emakumeak, soldata eta lan- baldintza prekarioak dituzte. Publifikazio-prozesuak bultzatu eta ratioak hobetu behar dira.

• Ez dute bermatzen 1.400 euroko gutxieneko soldata, ezta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ere. Ez dago soldata- eta pentsio-arrakalarekin amaitzeko neurririk.

• Gizarte-babeseko sistemak ez ditu behar oinarrizkoenak betetzen.
Hau da, aurkezten zaizkigun erronken aurrean, hurrengo hamarkada markatuko duten erabakiek ez dituzte alde

batera uzten politika neoliberalak, eta horiek dira, hain zuzen ere, egungo egoeran egotearen arrazoia.

Kolektibitateetako langileen lan baldintzak Euskal Herrian negoziatu behar direla aldarrikatu dugu

Eratu da kolektibitateetako hitzarmen estatalaren negoziazio mahaia Madrilen eta LABetik argi utzi dugu gure negoziazio esparrua ez dela Madrilen, Euskal Herrian baizik.

LABek, ELArekin batera, dokumentu bat aurkeztu diegu patronalari eta gainerako sindikatuei (CCOO eta UGT) jakinarazteko laster negoziazio mahai bat irekiko dugula EAE mailako kolektibitateetako hitzarmenerako.

Estatuko hitzarmenek dakarten gauza bakarra prekaritatea, prekaritatea eta prekaritatea da. Kolektibitateetako langileen baldintzak hemen negoziatzen dira, Euskal Herrian. Sektoreko hitzarmen propioa merezi dugu.

Egoerak erronka berriak eskatzen ditu: lan erreformaren indargabetze osoa eta lan kode propioaren garapena

Publikatu diren langabeziaren datuen arabera, enpleguak errekuperatzen jarraitzen du, dagoeneko pandemia aurreko zenbakietan kokatuz. Hego Euskal Herrian 1.076 langabe gutxiago dauzkagu, eta afiliazioak ere gora egin du.

Enpleguaren ikuspegitik datu positiboak dira, izan ere, enplegua behar dugu kalitatez bizitzeko, baina enplegu horrek bizitza duina izatea ahalbidetu behar liguke, eta hor dugu koxka. Izan ere, badugu orain urte gutxiko esperientzia: 2008aren ondorengo urteetako krisi ekonomikoa 2012ko lan erreformarekin kudeatu zen, kaleratzea erraztuz, negoziazio kolektiboa ahulduz eta finean, langileriaren eskubideak erasotuz patronalaren interesen aurrean. Eta “errekuperazio” urteak izan omen ziren horietan ere araudi berarekin jarraitu genuen, errekuperazio hori ez zen langileon mesederako izan, ezta gutxiago ere. Norbaitzuk esango digute sindikatuok propaganda hitzak erabiltzen ditugula, beti kritikarako prest. Baina guk datuek diotena berretsi besterik ez dugu egiten.

Azken hamarkadan jendartearen pobretze eta prekarizazioa hedatu da. Egun, Hego Euskal Herrian orain dela 10 urte baino pobrezia arrisku tasa altuagoetan gaude. Hitzarmen kolektiboen babesa duten langile kopuruak behera egin du nabarmen, nahiz eta azken urteetan langile gatazkak eta grebak ugaritu ahala babesa zertxobait hobetu ahal izan dugun. Soldata arrakala batzuk estrukturalki mantendu dira, generoaren araberakoa kasu, eta beste batzuk handitu egin dira: gazteen soldata eta batezbestekoaren artekoa, soldata altu eta baxuenen artekoa edota nazionalitatearen araberakoa. Horri, urte hauetan eros-ahalmenaren galera orokorra gehitu beharko genioke, sektore kalteberenak izanik gehien galdu dutenak: gazteak, soldata baxuena dutenak eta migranteak.

Gainera, pandemiari aurre egiteko harturiko neurrien ondorioz sorturiko krisia ere araudi berarekin kudeatu dute, eta argi geratu da gurean, patronalaren beharren arabera erabili eta botatzeko enplegua sortu izan dela. Gogoan izan behar dugu zein erraza izan zen hasierako hilabeteetan langileak kaleratzea, lehen hilabeteetan galdu zen enpleguaren %90 baino gehiago behin-behinekoa baitzen. Hilabete honetan errekuperatu den enpleguaren %88a ere behin behinekoa izan da.

Eta luze jarraitu genezake prekarizazio modu berriez, digitalizazioaren arriskuez etab. hitz egiten. Langileriarentzat errealitatea gogorra da eta etorkizuna arriskuz betea. Horregatik dugu hain beharrezkoa lan erreformaren indargabetze osoa eta etorkizuneko erronkei aurre egingo dien lan legediaren garapen propioa.

Espainiar Estatuan lan erreformaren “indargabetzea” ari dira negoziatzen. Kezkaz begiratzen diogu Madrili, ez baitugu egoerak eskatzen duen moduko aldaketarik ikusten, dirudienez, ez dago agendan langileontzat hain kaltegarriak izan diren hainbat neurri aldatzea, kaleratzeak erraztea kasu.

Langileriak lan erreforma indargabetze osoa behar du, premiaz. Langileria babestuko duen lan araudia beharrezkoa dugu, eta argi dugu hori ez dela Madriletik etorriko. Bertako lan araudia, lan kode propioa, bertako langileei eta errealitateari erantzungo diona. Hori da LABen eskaintza.

Osakidetzak azpikontratatutako garbiketa zerbitzuetako langileek hitzarmen duin bat aldarrikatu dute Gurutzetako ospitalean

LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuon ohar bateratua, Gurutzetako ospitalean egindako mobilizazioaren harira:

Negoziazio-mahaiak 38 bilera egin ditu, eta dagoeneko enpresen borondatea zein den argi geratu da: homologazioa kendu nahi digute. Homologazioa galtzeko arrisku larrian gaude. Hitzarmen berriaren negoziazioa 2018an hasi genuen, negoziazio erraza izango zelakoan, Osakidetzako langileekin homologatuta egoteak gai jakin batzuk akordio berrietara egokitzea baino ez baitzuen suposatu behar: 2012ko karrera profesionala, lanpostu hutsak betetzeko sistema zabalagoa eta bidezkoagoa, errelebo bidezko jubilazioa, Osakidetzako langilentzat onartu berri dituzten baimen eta lizentziak, etab.

Baina enpresek ez dute hitzarmena eduki minimoetan egokitu nahi izan. Homologazioak ez du esan nahi soilik Osakidetzako langileei aplikatzen zaizkien soldata-igoera berberak izatea. Homologazioa askoz gehiago da, osagarri berberak, lizentzia berak, lanaldiak luzatzeko aukera berberak, erretiratzeko erraztasun berberak eta abar izatea esan nahi du.

2015ean hitzarmen bat sinatu genuen, homologazio-hitzarmen bat, baina badirudi garai hartan homologazioak islatzen zituen baldintza horiek izoztuta utzi nahi diuztela, 2015eko errealitate estankoan. Enpresak malgutasunik gabe azaldu dira, eta mahaia blokeatuta dute. Badirudi blokeo hori Osakidetzak berak babesten duela, eta ez du erantzun egin dizkiegun bilera-eskaera desberdinei. Homologazioa kendu nahi digute eta itxita daude ezer egokitzeko.

Txaloak eta aintzatespen-hitzak merezi izan genituen pandemian, baina orain lortu duguna lapurtu nahi digute.

Atera gaitezen Hitzarmen berri bat eskatzeko mobilizazioetara, atera gaitezen mobilizazioetara argi eta garbi esatera homologazioa ez dela ukitzen!

Nafarroan enplegu publikorako sarbidean euskara puntuatzeko eskatu du berriz Arartekoak

Azaroaren 22an, Arartekoak berriz eskatu zion Nafarroako Gobernuari “Enplegu publikoa lortzeko deialdietan, eremu mistoan eta eremu ez-euskaldunean kokatutako lanpostuetarako baloratu dadila euskararen ezagutza, gutxienez atzerriko hizkuntzen puntuazio berarekin”.

Beste behin ere, Arartekoak Nafarroako Gobernuari adierazi dio zuzendu dezala bidegabekeria hori, alegia, atzerriko hizkuntzak administrazioko lanpostuetan sartzeko merezimendu gisa baloratzea, baina ez, ordea, euskararen ezagutza, Nafarroako bi hizkuntza ofizialetako bat izaki.

Arartekoak berriro gogorarazi dio Gobernuari euskara balioesteko araua baliogabetu zuten epaiek ez dutela inola ere eragozten “Administrazioak enplegu publikora sartzeko deialdietan euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratzea, puntuazio proportzionatuarekin egiten denean”.

Halaber, gogorarazi du “Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak eta Nafarroako Kontseiluak erabakiak eman dituztela, atzerriko hizkuntzak baloratzen direnean euskara ez baloratzea zalantzan jartzen dutenak”.

Arartekoaren irizpenak erantzuna ematen dio pertsona batek aurkeztutako kexari, SOS Nafarroako Koordinazioko Operadore Laguntzaile lanpostuko 20 lanpostuko azken deialdian euskara merezimendu gisa ez baloratzeagatik. Babes Zibilari eta Larrialdiei Aurre Egiteko Zerbitzuari buruzko 8/2005 Foru Legeak, 112 telefonoaren bidez larrialdietarako deiak artatzeko zerbitzua arautzen duenak, ezartzen du zerbitzua Nafarroako bi hizkuntza ofizialetan emanen dela, baina plazen deialdia egiterakoan ez da baloratu ere egiten Nafarroako berezko bi hizkuntzetako bat jakitearen merezimendua.

LABek Nafarroako Gobernuaren jarrera salatu nahi du, Administrazioan sartzeko euskararen ezagutzaren merezimendua ez arautzeagatik. Nahita egindako estrategia bat da, euskararen aurkako erasoa, eta behingoz amaitu egin behar da. Herritarrek nahiago duten hizkuntzan artatuak izateko eskubidea urratzen ari dira. Babes Zibilaren Legea ez da betetzen, Hizkuntza Gutxituen Europako Gutuna ez da aintzat hartzen eta entzungor egiten zaie Arartekoari, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari eta Nafarroako Kontseiluari.

Sektorean indarkeria matxistaren aurrean jarduteko lehen protokoloa adostu dugu Bizkaiko Metalgintzako Hitzarmeneko Berdintasun-Batzordean

LAB, CCOO eta UGT sindikatuok, Bizkaiko metalaren azken hitzarmenaren sinatzaileek, Bizkaiko siderometalurgiaren sektorean Sexu-Jazarpenaren eta Sexuagatiko Jazarpenaren aurka Jarduteko Protokoloa adostu dugu FVEMekin.

Bizkaiko metaleko hitzarmena sinatu arteko bidea ez zen batere erraza izan. Sektore horretako langileen kolektiboa modu masibo eta irmoan atera zen kalera. Langileek argi zuten, beraien lan- eta bizi-baldintzak aldatuko zituen hitzarmenaren alde ari zirela borrokan. Horretarako, ezinbestez, hitzarmen honek ikuspegi feminista bat jaso behar zuen, pertsonen bizitza erdigunean jartzeko, eta ez kapitala.

Borrokaren ondorioz enpresetan egindako presioek emaitzak izan zituzten, eta hitzarmen honetan inork uste ez zituen aurrerapenak lortu ziren negoziazioari ekin zitzaionean. Aurrerapen horiek arlo feministan ere eman ziren, eta Berdintasun-Batzorde bat sortu zen. Batzorde horrek, besteak beste, Bizkaiko siderometalurgiaren sektorean Sexu-Jazarpenaren eta Sexuagatiko Jazarpenaren aurka Jarduteko Protokolo bat egitea zuen eginkizun.

2020ko otsailaren 28an argitaratu zen BAOn Bizkaiko metalaren hitzarmena argitaratu zen. 3 egun geroago, martxoaren 3an, LABek Berdintasun-Batzordea sortzeko eskaera erregistratu zuen, baina irailaren 21era arte atzeratu zen, Covid-19ak sortu zuen egoera zela eta. Batzorde horretan, lehenengo zeregina sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurkako protokolo sektoriala egitea izan zen. Bidea ez da erraza izan, eta patronalaren borondate faltari aurre egin behar izan diogu, baina Berdintasun-Batzordea osatzen dugun sindikatuok eta patronalak 13 bilera egin ondoren, akordioa lortu dugu.

Adostu dugun protokoloak lantokietan gertatzen den indarkeria matxistari aurre egiteko eta amaitzeko lan-tresna izan nahi du. Errealitate hori ezkutuan geratzen da, eta kaleratua izateko mehatxua beti dago horren atzean; horregatik, indarkeria matxista ez da behar bezala salatzen, ezta behar bezala adierazten ere enpresetan, eta are gehiago gehienbat gizonen enpresak badira. Horregatik, bermeak eta neurriak egon behar dira salaketa jarri ahal izateko, emakumeen hitza eta salaketak zalantzan jar ez daitezen.

Protokolo hori nahitaez aplikatu beharko da Bizkaiko metaleko enpresa guztietan, baldin eta berezko protokolorik ez badute. Hori oso urrats garrantzitsua da sektoreko enpresa txikienetako emakumeentzat, egoera horien aurrean babesgabeenak baitira. Protokoloak argi eta garbi jasotzen ditu sexu-jazarpentzat eta sexuan oinarritutako jazarpentzat hartu beharreko jokabideak, egoera horiek saihesteko prebentzio-neurriak ezartzen ditu, eta sexu-jazarpenagatiko edo sexuan oinarritutako jazarpenagatiko salaketa bat gertatzen denean jarduteko prozedura ezartzen du eta alderdi sozialari aitortzen zaio prozesu osoan parte hartzeko aukera.

Beraz, Bizkaiko Metala bezalako sektore batek, gaurtik aurrera, emakumeei lantokietan indarkeria matxistari aurre egin ahal izatea bermatuko dien tresna bat izatea albiste eta garaipen handitzat jotzen dugu. Hori hasiera baino ez da, eta protokolo bizia izatea nahi dugu, behar izanez gero balorazio eta hobekuntzak izango dituena.

Amaitzeko, LABek berretsi nahi du sektoreko emakume guztiekin dugun konpromisoa, eurekin batera borrokatzekoa, Bizkaiko metalgintzan erabateko berdintasuna lortu arte.

Madrilen posible ez dena Euskal Herrian egingarri egiteko mobilizatu gara

Abenduaren 1aren etorrerarekin, sindikatuok eta hainbat eragilek mobilizazioak egin ditugu goizean Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, arratsaldean herrietan deitutako manifestazioen aurrekari, “Lan, pentsio eta bizi baldintza duinen alde. Lan eta pentsio erreformei ez. Bizi duin baterako burujabetza” leloarekin. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk hitza hartu du Bilbon, bertako udaletxetik abiatu den manifestazioa hasi aurretik, eta mezu argi bat luzatu du bertatik: “Orain, lan-harremanak eraldatzeko eta lan duina bermatzeko borrokatu behar da; orain, pentsio publiko duinak bermatzeko borrokatu behar da; orain, zerbitzu publikoetan gehiago inbertitzeko borrokatu behar da”.

LABeko idazkari nagusiaren arabera, “sindikatuak hilabeteak daramatza mobilizazio-ziklo berri bat irekitzeko lanean, Greba Orokor bat ortzi-mugan. Aktibazio sozial horrek Gobernuei eta patronalari mezu ozen eta argia bidaltzeko balio behar du; baita euskal alderdi politikoei ere, botoak euskal langileen zerbitzura jar ditzaten”.

Hilabete hauetan guztietan adostasunak sortu ditugula adierazi du eta, horregatik, gaurko mobilizazio egunean hainbeste sindikatu eta eragile kalera ateratzea oso garrantzitsua dela nabarmendu du: “Langileen bizitzan eragina duten erabakiak hartzen ari dira lan-erreformarekin, pentsioekin, enplegu publikoa finkatzeko legearekin edo aurrekontuekin, eta erabaki horiek ez dituzte azken urteetako murrizketa eta prekarizazio politikak lehengoratzen. Mobilizazio fase berria ezin da mugatu erasoei erantzutera, azken Greba Orokorrera eraman gintuen bidea berreskuratu behar dugu”.

Garbiñe Aranbururen esanetan, “mobilizazio fase berri honek Madrilera begira egon behar du, Estatuko esparrutik inposatu nahi zaizkigun erabakietan eragiteko bokazioa izan behar du, baina, era berean, Madrilen posible ez dena Euskal Herrian posible egiteko anbizioa izan behar du; Gobernu autonomikoak eta patronala interpelatuz, ibilbide-orri propioa elikatuz”.

Idazkari nagusiak deitoratu du une honetan, ikusitakoak ikusita, ez direla lan-erreformak eta pentsio-erreformak indargabetuko: “Argi dago, batez ere pentsioen gaian, murrizketa berriak datozela. Erabaki horietan eragin nahi badugu, ezin dugu zain geratu, ekin egin behar dugu, ezin dugu denbora pasatzen utzi eta denbora hori agortzen ari da”.