2026-07-17
Blog Page 382

Arabako metalgintzak argi esan dio SEA patronalari nahikoa dela eta hitzarmen duin bat behar duela orain

Gaur Arabako metalgintzako lehenengo greba eguna izan da, LAB, ELA, CCOO, USO, ESK eta CGT sindikatuok deituta, eta oso jarraipen garrantzitsua izan du enpresa handi zein txikietan. Horrekin, sektoreak mezu argia helarazi dio SEA patronalari: Nahikoa da, hitzarmen duin bat orain! Eguerdiko manifestaldian ere, milaka eta milaka pertsonek parte hartu dute, egun historiko honen isla moduan.

Gogorarazi nahi dugu, apirilaren 8an 5 sindikatuk deitutako lanuztea lehenego pausua izan zela langileen aktibazioan eta erraztu egin zuela orain greben fasean sartzea, gaur hasi dena, modu ezin hobean gainera. Izan ere, Arabako metalgintzako langileak grebara deituta zeuden eta LABen ustez jarraipena oso garrantzitsua izan da:

Grebak eragin handia izan du enpresa handienetan: Mercedeseko produkzioa ohikoaren 1/3 bat izan da gutxi- gorabehera, SIDENORreko sekzio batzuk produkziorik gabe egon dira, TUBOS REUNIDOSen bezala, AERNNOVAn ere nabaria izan da sekzio batzuetan eta TUBACEXen produkzioa geldirik egon da. Mercedesi dagokionez, salatu nahi dugu enpresak ez diela sartzen utzi greba komiteko kideei, grebarako eskubidea urratuz. Hori dela eta, sindikatuok salatu egingo dugu gertaera hau.

Gainontzeko enpresetako askotan, ertainak eta txikiak, jarraipena masiboa izan da : Ferrovial Servicios (Michelin), Condesa Fabril, SDA Factory, Alestis, TLAn, Talleres Legutiano, Elecnor, Talleres Betoño, Laminaciones Arregui – Urbina, Detesa,…

Esan dezakegu egun historikoa izan dela Arabako metalgintzan, sektoreak masiboki egin duela bat grebarekin eta milaka eta milaka lagunek parte hartu dutela eguerdiko manifestaldian. Gasteizko manifestazio jendetsuenen pareko izan da gaurkoa, SEAren sasi-datu tamalgarriak agerian utziz. Orain, pilota bere teilatuan dago berriro, sektoreak aldarrikapenekin bat egin baitu aktiboki:

  •  Soldata igoera duinak, langileen erosahalmenari eutsi ahal izateko eta bajan egonda soldata ez galtzeko.
  •  Lanaldia jaitsi eta bestelako neurriak, baimenetan eta abar, pertsonak erdigunean jartzeko eta zaintza laneiheltzeko, kontziliazioa eta erantzukidetasuna erraztuz.
  •  Prekaritatearekin amaitzea: subrogazio eraginkorra azpikontratetan, ABLEei eta ebentualitateari mugakjartzea,…
  •  Neurri eraginkorrak berdintasun errealari begira, emakumeen eta beste kolektibo batzuendiskriminazioarekin bukatzeko.
  •  Neurri eraginkorrak lan osasunean, sektorean urtero ia 2.000 lan istripu baitaude.

Horregatik, SEA patronalak konpromiso irmoak hartu behar ditu, inmobilismoa alde batera utzita eta sektoreak dituen arazoei erantzungo duen hitzarmen bat adosteko. Edonola ere, SEAk jarrera arduragabea mantentzen duen bitartean sektoreak borrokan jarraituko du eta hurrengo astean beste 2 greba egun deituta daude, maiatzaren 24 eta 26an. LABek deialdi horietan, gaur bezala, langileak modu masiboan parte hartzera deitzen ditu, borrokaren bidez lortuko baitugu metalgintzako hitzarmen duin bat.

Garbiñe Aranburu: “Zuzendaritza eredu parte hartzaileago baten aldeko apustua egin dugu”

Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak aktualitateko gaiei buruz hitz egin du Bizkaia Irratian, eta, aldi berean, ekainaren 16 eta 17an Baiona-Miarritzen egingo dugun Biltzar Nagusia izan du hizpide. Hain zuzen ere, X. Biltzar Nagusira bi koordinatzaile orokor izateko proposamena eramango dugula adierazi du, idazkari nagusi baten ordez.

Aldaketa sindikalgintza feminista eta gertuago baten aldeko apustuan kokatu du Garbiñe Aranburuk: “Zuzendaritza eredu parte hartzaileago baten aldeko apustua egin dugu”

Laneko osasuna zentzu integralean ulertu gabe, hilekoaren minagatiko bajaren neurria anekdotikoa bihur daiteke

Neurri hori jasotzen duen testu zehatzaren zain, eta komunikabideen bidez zabaldu den informazioan oinarrituta, LABek honako irakurketa hau egin du. Lege-aurreproiektuaren behin betiko testua argitaratzen denean, azterketan sakontzen jarraituko dugu.

LAB sindikatuak positiboki baloratzen du Sexu eta Ugalketa Osasunaren Legearen erreformaren zirriborroan eta haurdunaldiaren borondatezko etetearen zirriborroan jasotako hilekoaren minagatiko bajarekin lotutako neurria.

Lorpen hau, Mugimendu Feministaren urteetako borrokaren eta emakumeon bizitzak, gorputzak eta osasuna lehen planoan jartzearen emaitza dela uste dugu. Emakumeon lan merkaturatzea beti izan da zaila eta oztopoz betea, gizonen neurrira diseinatuta dagoelako; hau da, lan merkatua androzentrikoa da, heteropatriarkala eta kapitalista izateaz gain, eta elementu horiek guztiek gure jarduera bertan guztiz baldintzatzen dute.

Hilekoagatiko ezintasun berezia izateak, azkenean, baldintza egokietan ez bagaude lanera ez joateko eskubidea aitortzea dakar. Osasunaren aurrean presentzialismoa lehenestea izan da orain arte gai honetan ezarri den irizpidea, eta neurri horrek joera hori aldatzea ekarriko luke.

Bestetik, neurri hau emakumeen gorputzen zikloak desestigmatizatzeko eta normalizatzeko aukera gisa ere ikusten dugu, ulertuta hilerokoa ez dela gaixotasun bat, ezta ere lotsatzeko edo ezkutatzeko arrazoi bat.

Era berean, neurri honen trataerari buruzko zalantza batzuk ditugu, eta garrantzitsua iruditzen zaigu eskubide gisa aitortua izatea; horretarako, beste gauzen artean, ziurtatu beharra dago neurri horrek ez duela emakumeen diskriminaziorik ekarriko kontratatazio garaian, kontratuak berritzerakoan, lan-karrera sustatzeako garaian, etab.

Ez dugu nahi egoera honek gure gorputzen gaineko kontrol gehiago ekartzeak edo gehiegizko medikalizazioa bultzatzea, ezta artatzen gaituen medikuaren borondatearen mende geratzea ere.

Gure ustez, baimen horrek ezin du absentismo-tasa orokorretan gaixotasunagatiko baja gisa kontabilizatu, ezta generoaren arabera bereizitako aldi baterako ezintasun estatistiketan ere. Hilekoa ez da gaixotasun bat, ezta haurdunaldia ere; beraz, gure gorputzetako zikloetan ematen diren aldaketek erabat normalak diren prozesu fisiologiko gisara tratatuak izan behar dute.

Baja horrek, estatuak ekonomikoki estalita egoteaz gain, ezin du ekarri arrazoi horrengatik egin gabe geratzen diren lanak baimen hori behar duten pertsonentzako lan karga bilakatzea. Alegia, baja horiek betetzeko behar diren mekanismoak bilatu beharko dira, edo, bestela, lana behar bezala antolatu, inorentzat eguneroko lan karga handitu ez dadin.

Nolanahi ere, oso urrun gaude oraindik lantoki osasungarriak lortzetik eta emakumeon osasunaren berezitasunak kontuan hartzetik. Sektore feminizatuetako gaixotasun profesional gehienak ez daude aitortuta eta ez dira kontuan hartzen; bai zeregin errepikakorrekin eta karga-zereginekin lotutakoak sistema muskulo-eskeletikoan eragin zuzenak dutenak, bai eta aitortu gabeko zaintza lanei lotutako arrisku psikosozial guztiak, osagai emozional oso altuak dituztenak. Noiz iritsiko da lan-osasuna ikuspegi feminista batetik ulertzeko unea? Laneko osasuna zentzu integralean ulertu gabe, neurri hori anekdotikoa bihur daiteke.

X. Biltzar Nagusirako komite exekutiborako hautagaitza aurkeztu dugu

X. Biltzar Nagusia egingo dugu ekainaren 16 eta 17an Baiona-Miarritzen. Biltzar Nagusiari dagokion prozesuaren baitan, komite exekutiboa osatzeko hautagaitza aurkeztu da. 14 kidek osatutako lantaldea izango da, tartean, eta lehen aldiz, idazkari nagusi baten ordez bi koordinatzaile orokor izendatzea proposatu da. Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo dira taldearen buru izateko aurkezten diren hautagaiak.

Hautagaien izen-abizenak eta kargua, argazkiaren ezkerretik eskubira:

-MAIDER JAUREGI SARASOLA. Komunikazio arduraduna

-OIHANA LOPETEGI ARANGUREN. Ekintza Sindikala eta Negoziazio Kolektiboko arduraduna

-KRIS GETE ETXEBERRIA. Industria Federazioko arduraduna

-DABID LIZARRALDE PALACIOS. Eraketa bokalia

-MADDALEN DORADOR RUBIO. Zerbitzu Pribatuetako Federazioko arduraduna

-ARGITXU DUFAU BERHO. Ipar Euskal Herriko bokalia

-IGOR ARROYO LEATXE. Koordinatzaile orokorra

-GARBIÑE ARANBURU IRAZUSTA. Koordinatzaile orokorra

-ENDIKA PEREZ GOMEZ. Ekintza Sozialeko arduraduna

-XABIER UGARTEMENDIA APRAIZ. Zerbitzu Publikoetako Federazioko arduraduna

-IZASKUN GARCIA BORDAGARAI. Antolakuntza arduraduna

-AIORA IMAZ GABILONDO. Parte Hartzea eta Barne Komunikazio arduraduna

-ARANTZA VAZQUEZ RODRIGUEZ. Zeharlerroetako arduraduna

-IMANOL KARRERA TURRILLO. Nafarroako bokalia

Lantokietan LGTBI+ gaiagatiko diskriminazio ororen aurka borrokatzeko konpromiso politiko irmoa plazaratu nahi dugu

Jakina denez, lan merkatua ez da esparru eroso eta seguru bat langile gehienontzat. Prekaritateak segurtasun falta, lan baldintzak kaskatzea eta eskubideak defendatzeko aukerarik ez edukitzea ekartzen du. Errealitate hau zaila bada guztiontzat, zer esan heteroarauetatik kanpo daudenez. Diskriminazioa kontratazioan, arazoak lantokian eta eraso LGTBI+foboen aurrean babestuko diren araudi eta politikarik ez. Trans legeak eztabaidatzen eta onartzen direla ikusten dugu, baina kolektiboaren kontrako erasoen aurrean, lan munduari dagokionez, benetako urratsik ez.

Legediek eta gobernuek ziurtatzen ez duten babesa langileon artean modu antolatuan lortzea da sindikalismoaren funtzio nagusietako bat momentu honetan. Egoera guztien aurrean, baita eraso LGTBI+foboen aurrean ere. Hori dela eta, LAB sindikatuak lantokietan LGTBI+ gaiagatiko diskriminazio ororen aurka borrokatzeko konpromiso politiko irmoa plazaratu nahi du, bai eta borroka horretan antolatutako LGTBI+ komunitatearekin batera ibiltzekoa ere.

Ildo horretan, denbora da enpresetan LGTBI+fobiari aurre egiten dioten protokoloak egiteko eskaerak erregistratzen ari garela, negoziazio kolektiboan klausulak sartzen ditugula errealitate desberdinak kontuan har daitezen, eta askotan praktika inklusibo egokiak garatzeko eskatu diegu enpresei.

Enpresetan ere salatu behar izan ditugu diskriminazio jarduerak, eta hala jarraituko dugu horren berri dugun bakoitzean, beti ere ukitutako pertsona erdigunean jarriz, zainduz eta lagunduz.

LGTBI+ komunitateari jakinarazi nahi diogu borroka honetan LAB bidelagun izango duela, eta haiekin batera diskriminazio egoera hauek gainditzeko eta salatzeko behar adina proposamen egiteko prest gaudela LGTBI+fobiarik gabeko lantokiak lortu arte.
Sindikatuaren tresna guztiak borroka horren eskura jartzen jarraituko dugu, eta, ildo horretan, LGTBI+ politikarako arduradun nazional bat izango dugu laster.

Era berean, maiatzaren 17an, LGTBI+fobiaren aurkako Nazioarteko Egunean, E-28 koordinadorak Bilbon (20:00etan Arriagan) zein Iruñean (19:00etan kalejira San Jose plazatik eta 20:00etan kontzentrazioa Udaletxean) antolatutako mobilizazioekin bat egiten du LABek eta hauetan parte hartzeko deia egiten die bere kideei.

Jaurlaritzaren betiON telelaguntza zerbitzuko langileek beste bultzada bat eman diote euren borrokari

Maiatzaren etorrerarekin, beste 12 greba egun egiten ari dira Jaurlaritzaren betiON telelaguntza zerbitzuko langileak, hitzarmen duin baten defentsan. Maiatzak 14, 17, 18, 19, 20, 21, 25, 26, 27, 28, 30 eta 31 dira hilabete honetarako deitutako greba egunak. Gaurkoa, aurtengo hamaikagarren greba eguna da.

Berriro atera gara kalera Nafarroako esku-hartze sozialeko hitzarmenaren inpugnazioa salatzera

Sei urteko borrokaren eta bi urteko negoziazioaren ondoren, 2021eko urtarrilaren 8an LAB sindikatuak sektorea duintzeko akordio historikoa lortu zuen, Nafarroako esku-hartze sozialeko lehen hitzarmen sektoriala sinatuz.

Estatuko OEIS (Gizarte Ekintza eta Esku-hartze Erakundeen Estatuko Elkartea) patronalak urte hasieran salatu du hitzarmena. OEIS Gurutze Gorriak, Caritasek, Gosearen Kontrako Ekintzak, Ijitoen Idazkaritzak eta Minbiziaren Kontrako Espainiako Elkarteak ordezkatzen dute Nafarroan. Enpresa salatzaileek ez zuten negoziazio-prozesuan parte hartu nahi izan, nahiz eta jakinaren gainean egon eta gonbidatuta egon.

Epaiketa irailaren 28an izango da, 12:00etan, Probintzia Auzitegian. Horregatik, atzo kalera atera ginen Gurutze Gorriak Iruñean eta Tuteran dituen egoitzen aurrean protesta zaratatsua egitera. Gaur, maiatzak 17, gauza bera egin dugu Caritasek hiriburuko Alde Zaharrean duen egoitzaren aurrean.

Bi enpresa horiek dira gizarte-zerbitzuak kudeatu beharko ez lituzketenen erakusle. Inolako arazo ekonomikorik ez duten enpresek, horrelakorik erakutsi ez dutelako, Administrazioak azpikontratatutako zerbitzu publikoak kudeatzen dituztenek eta milioi askoko diru-laguntzak eta dohaintzak jasotzen dituztenek ez dute Nafarroako esku-hartze sozialeko hitzarmena betetzen.

Esaten dugu hitzarmena ez dutela betetzen, Caritasek hitzarmenean soldatei buruz ezarritakoa ez aplikatzeko klausularekin bat egin duelako, eta Gurutze Gorrian enpresa-hitzarmen bat sinatu dutelako, sektoreari buruzko gaiak okertzen dituena. Jarrera gaiztoa dute Gurutze Gorriak eta Caritasek, justizia soziala defendatzen duten bitartean. Hitzarmena ez betetzeaz gain, sektoreko gainerako 2.000 langileen lan-baldintzak arriskuan jarri dituzte.

Langile gehienak egoera dramatikoan egon dira urteetan, soldata oso baxuekin, mileurismotik gertu, baina ezin konta ahala unibertsitate-titulazio eskatzen dituzte, KPI izoztuta, 2010 eta 2020 artean %10eko pobretze metatua suposatuz, gauekotasunagatiko, txandakotasunagatiko, jaiegunagatiko, antzinatasunagatiko plusik gabe, urteko lanaldi oso altuekin, opor eta ordaindutako baimen eskasekin… Hori da hitzarmen sektorialak irauli duen egoera eta antza, OEIS erakundeak (Gurutze Gorria, Caritas, etab.) sektoreko plantillak itzularazi nahi dituen abiapuntura.

LABek argi dauka ez dugula onartuko, aldaketa eta hobekuntza nabarmen horren sustatzaile eta lider aktibo izan gara, eta, beraz, defendatu egingo dugu.

Laster ekimen berriak iragarriko ditugu eta berriro kalera irtengo gara jasaten ari garen harrapaketa hau salatzera.

Borrokan jarraitzen dugu! Hitzarmena ez da ukitzen!

Grebara deitu dugu Arabako metalgintzan, hitzarmen duin baten alde

Arabako Metalaren negoziazioak hainbat urte daramatza inolako aurrerapenik gabe, eta, denbora honetan guztian SEAk inmobilismoa besterik ez du eskaini. Patronalak ez du lanaldia jaisteko edo subrogazio eskubide proposamenik aurkeztu, eta ez du metaleko langileen erosteko ahalmenari eusteaz edo hainbat lan-baldintza batzuk hobetzeaz hitz egin nahi.

Horren aurrean, LAB, ELA, CCOO, USO, ESK eta CGT sindikatuok soktorearentzako aldarrikapen batzuk adostu ditugu, eta mobilizatu egin gara greba egun hauetara iritsi arte. Hori guztia Arabako Metaleko Hitzamen duin bat izateko.

Horrekin bat egin dute milaka langilek, sinadura bilketa masibo baten bidez bere egin baitituzte aldarrikapen horiek.

Gainera, dozenaka langileen-batzordek bat egin dute greba egun horiekin: Mercedes, CIE Automotive, Inauxa, Atusa, Gestam Blogab Laser Araba, Aernnova, Burulan, TRPT, JEZ, Amurrio Ferrocarril, WEC, SDA Factory, Laminaciones Arregi, SNA Europe, Condesa Fabril, Ferrovial Servicios (Michelin),…

Era berean, honelako talde eta mugimendu sozial hauek grebak babesten dituzte: Arabako Pentsionistak, Por una vida digna- Bizitza Duinaren alde, Kirol Jarduerak, Ernai, Ikama, Judimendiko Gazte Asanblada, Olarizuko Gazte Asanblada, …

Ildo horretan, berriro diogu greba horien oinarri diren aldarrikapen nagusiak honako hauek direla:

  • KPIaren gaineko soldata-igoerak, 1400 euroko gutxieneko soldatarekin 14 ordainsaritan.
  • Lanaldia nabarmen jaistea
  • Azpikontratetako langileentzako subrogazioa
  • Kontratazio irizurraren aurkako neurriak
  • Behin-behinekotasuna eta malgutasuna mugatzea
  • Benetako berdintasun eraginkorra lortzeko neurriak
  • Lan-osasuna bermatzeko neurriak
  • Baimenak hobetzea eta pertsonak zentroan jartzen dituzten beste lan baldintza batzuk
  • Hitzarmena aplikatzeko bermeak: ultraktibitatea, alde bakarrez ez aplikatzea eragoztea eta aplikatzeko lehentasuna ematea.

Azpimarratu nahi dugu Metaleko sindikatu guztiek 3 greba egun hauetan parte hartzeko deia egiten dugula, nahiz eta 6 garen, LAB, ELA, CCOO, USO, ESK eta CGT formalki deitzen ditugunak. Hori dela eta, aniztasun horretatik dei egiten diegu Arabako metalgintzako langile guztiei borroka jardunaldi hauekin bat egin dezaten, sektorean lan-baldintza duinak lortzeko.

Beraz, dei egiten diogu Arabako Metaleko sektoreari, lehenik eta behin maiatzaren 18an ekoizpena gelditu eta kalera atera dadin, deitzen ditugun mobilizazioetan parte hartuz: egun horretan langileei dei egiten diegu Mercedesen 5:15etako pikete informatiboan parte hartzera eta ondoren, 11:30etan manifestazio jendetsua egingo dugu Bilbo Plazatik. Hori guztia sektorearen lan-baldintza duinak lortzeko helburuarekin.

Ezin dugu onartu lan istripu eta gaixotasun profesionalen egoera deskontrolatu hau, inolaz ere

Asteazkenean, Aramaion, lan istripu baten ondorioz 58 urteko langile bat larriki zauritu zen. Tamalez, biharamunean hil zen. Arotza ofizioz, etxe baten eraberritze lanetan ari zela altuera batetik erorita izan zuen istripua. Gutxienez 27 langile hil dira Euskal Herrian 2022an lan istripuz dagoeneko, horietatik 6 altueretatik erorita. Hau guztia salatu dugu gaur, hildako azken langilea gogoan, Oñatiko plazan, euskal gehiengo sindikalak deitutako elkarretaratze baten bitartez.

Beste laneko heriotza bat, beste familia bat birrindurik, eta beste drama sozial bat. Gutako edonori gertatu dakioke, goizean lanera joateko jaiki eta ez itzultzea.

Behin eta berriz jarri dugu mahai gainean lan istripuak saihesgarriak direla, honen atzean ematen diren drama pertsonal eta sozialak ekidin litezkeela prebentziorako neurriak beteko balira.

Bistan da benetako neurriak hartzen ez diren bitartean odol isuria ez dela etengo. Ezinbestekoa da, beraz, gaia jendarteratzea eta modu horretan eskumenak dituzten autoritateei arazoaren adinako bitartekoak jartzea, Europako beste herrialde batzuetako adibidea jarraituz.

Eusko Jaurlaritzak eskumenak ia osotasunean dituelarik, erantzunaren arduradun politikoak argiak dira. Urkullu lehendakaria zein Idoia Mendia sailburuak erantzun garden eta publikoa eskeini behar diote herri honi behingoz. Ezin dugu onartu lan istripu eta gaixotasun profesionalen egoera deskontrolatu hau, inolaz ere.