2026-09-28
HomeEkintza SozialaLantokietan LGTBI+ gaiagatiko diskriminazio ororen aurka borrokatzeko konpromiso politiko irmoa plazaratu...

Lantokietan LGTBI+ gaiagatiko diskriminazio ororen aurka borrokatzeko konpromiso politiko irmoa plazaratu nahi dugu

Jakina denez, lan merkatua ez da esparru eroso eta seguru bat langile gehienontzat. Prekaritateak segurtasun falta, lan baldintzak kaskatzea eta eskubideak defendatzeko aukerarik ez edukitzea ekartzen du. Errealitate hau zaila bada guztiontzat, zer esan heteroarauetatik kanpo daudenez. Diskriminazioa kontratazioan, arazoak lantokian eta eraso LGTBI+foboen aurrean babestuko diren araudi eta politikarik ez. Trans legeak eztabaidatzen eta onartzen direla ikusten dugu, baina kolektiboaren kontrako erasoen aurrean, lan munduari dagokionez, benetako urratsik ez.

Legediek eta gobernuek ziurtatzen ez duten babesa langileon artean modu antolatuan lortzea da sindikalismoaren funtzio nagusietako bat momentu honetan. Egoera guztien aurrean, baita eraso LGTBI+foboen aurrean ere. Hori dela eta, LAB sindikatuak lantokietan LGTBI+ gaiagatiko diskriminazio ororen aurka borrokatzeko konpromiso politiko irmoa plazaratu nahi du, bai eta borroka horretan antolatutako LGTBI+ komunitatearekin batera ibiltzekoa ere.

Ildo horretan, denbora da enpresetan LGTBI+fobiari aurre egiten dioten protokoloak egiteko eskaerak erregistratzen ari garela, negoziazio kolektiboan klausulak sartzen ditugula errealitate desberdinak kontuan har daitezen, eta askotan praktika inklusibo egokiak garatzeko eskatu diegu enpresei.

Enpresetan ere salatu behar izan ditugu diskriminazio jarduerak, eta hala jarraituko dugu horren berri dugun bakoitzean, beti ere ukitutako pertsona erdigunean jarriz, zainduz eta lagunduz.

LGTBI+ komunitateari jakinarazi nahi diogu borroka honetan LAB bidelagun izango duela, eta haiekin batera diskriminazio egoera hauek gainditzeko eta salatzeko behar adina proposamen egiteko prest gaudela LGTBI+fobiarik gabeko lantokiak lortu arte.
Sindikatuaren tresna guztiak borroka horren eskura jartzen jarraituko dugu, eta, ildo horretan, LGTBI+ politikarako arduradun nazional bat izango dugu laster.

Era berean, maiatzaren 17an, LGTBI+fobiaren aurkako Nazioarteko Egunean, E-28 koordinadorak Bilbon (20:00etan Arriagan) zein Iruñean (19:00etan kalejira San Jose plazatik eta 20:00etan kontzentrazioa Udaletxean) antolatutako mobilizazioekin bat egiten du LABek eta hauetan parte hartzeko deia egiten die bere kideei.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.

Greba mugagabean dauden ITASUAko langileei babesa erakusteko manifestazio jendetsua Bergaran

Dagoeneko 77 egun daramatzate greban Zarauzko eta Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren (IAT/ITV) zerbitzuko beharginek, eta enpresa mugiarazi eta negoziazioaren blokeoa eten arte borrokan segitzeko...

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Pradales lehendakariari, 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde patronalari aurre egin diezaion eskatzeko

Gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian erabakitzearen aldeko 145.000 sinadura jaso eta greba orokor arrakastatsu bat egin ondoren, LABen eta ELAren iritziz Eusko Jaurlaritzak ezinbestean gizartearen nahiari bide eman beharko lioke eta Imanol Pradales lehendakariak lidergo argia erakutsi beharko luke patronalaren zein PSE-EEren eta EAJren betoa gainditzeko.