2024-09-08
HomeEkintza SindikalaLaneko osasuna zentzu integralean ulertu gabe, hilekoaren minagatiko bajaren neurria anekdotikoa bihur...

Laneko osasuna zentzu integralean ulertu gabe, hilekoaren minagatiko bajaren neurria anekdotikoa bihur daiteke

Neurri hori jasotzen duen testu zehatzaren zain, eta komunikabideen bidez zabaldu den informazioan oinarrituta, LABek honako irakurketa hau egin du. Lege-aurreproiektuaren behin betiko testua argitaratzen denean, azterketan sakontzen jarraituko dugu.

LAB sindikatuak positiboki baloratzen du Sexu eta Ugalketa Osasunaren Legearen erreformaren zirriborroan eta haurdunaldiaren borondatezko etetearen zirriborroan jasotako hilekoaren minagatiko bajarekin lotutako neurria.

Lorpen hau, Mugimendu Feministaren urteetako borrokaren eta emakumeon bizitzak, gorputzak eta osasuna lehen planoan jartzearen emaitza dela uste dugu. Emakumeon lan merkaturatzea beti izan da zaila eta oztopoz betea, gizonen neurrira diseinatuta dagoelako; hau da, lan merkatua androzentrikoa da, heteropatriarkala eta kapitalista izateaz gain, eta elementu horiek guztiek gure jarduera bertan guztiz baldintzatzen dute.

Hilekoagatiko ezintasun berezia izateak, azkenean, baldintza egokietan ez bagaude lanera ez joateko eskubidea aitortzea dakar. Osasunaren aurrean presentzialismoa lehenestea izan da orain arte gai honetan ezarri den irizpidea, eta neurri horrek joera hori aldatzea ekarriko luke.

Bestetik, neurri hau emakumeen gorputzen zikloak desestigmatizatzeko eta normalizatzeko aukera gisa ere ikusten dugu, ulertuta hilerokoa ez dela gaixotasun bat, ezta ere lotsatzeko edo ezkutatzeko arrazoi bat.

Era berean, neurri honen trataerari buruzko zalantza batzuk ditugu, eta garrantzitsua iruditzen zaigu eskubide gisa aitortua izatea; horretarako, beste gauzen artean, ziurtatu beharra dago neurri horrek ez duela emakumeen diskriminaziorik ekarriko kontratatazio garaian, kontratuak berritzerakoan, lan-karrera sustatzeako garaian, etab.

Ez dugu nahi egoera honek gure gorputzen gaineko kontrol gehiago ekartzeak edo gehiegizko medikalizazioa bultzatzea, ezta artatzen gaituen medikuaren borondatearen mende geratzea ere.

Gure ustez, baimen horrek ezin du absentismo-tasa orokorretan gaixotasunagatiko baja gisa kontabilizatu, ezta generoaren arabera bereizitako aldi baterako ezintasun estatistiketan ere. Hilekoa ez da gaixotasun bat, ezta haurdunaldia ere; beraz, gure gorputzetako zikloetan ematen diren aldaketek erabat normalak diren prozesu fisiologiko gisara tratatuak izan behar dute.

Baja horrek, estatuak ekonomikoki estalita egoteaz gain, ezin du ekarri arrazoi horrengatik egin gabe geratzen diren lanak baimen hori behar duten pertsonentzako lan karga bilakatzea. Alegia, baja horiek betetzeko behar diren mekanismoak bilatu beharko dira, edo, bestela, lana behar bezala antolatu, inorentzat eguneroko lan karga handitu ez dadin.

Nolanahi ere, oso urrun gaude oraindik lantoki osasungarriak lortzetik eta emakumeon osasunaren berezitasunak kontuan hartzetik. Sektore feminizatuetako gaixotasun profesional gehienak ez daude aitortuta eta ez dira kontuan hartzen; bai zeregin errepikakorrekin eta karga-zereginekin lotutakoak sistema muskulo-eskeletikoan eragin zuzenak dutenak, bai eta aitortu gabeko zaintza lanei lotutako arrisku psikosozial guztiak, osagai emozional oso altuak dituztenak. Noiz iritsiko da lan-osasuna ikuspegi feminista batetik ulertzeko unea? Laneko osasuna zentzu integralean ulertu gabe, neurri hori anekdotikoa bihur daiteke.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Hezkuntzako sindikatuok irailaren 26an Nafarroako irakaskuntza publikoan egingo dugun greba erregistratu dugu

Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza publikoko sindikatu guztiok (LAB, STEILAS, ANPE, AFAPNA, CCOO, ELA eta UGT) 2024ko irailaren 26rako, ostegunerako, greba deialdia erregistratu dugu Iruñean, Hezkuntza Departamentuan.

40 laneko heriotza 8 hilabetetan

Abuztuaren 25ean, Bermeoko Pesquería Vasco Montañesa SA (PEVASA) enpresarako lanean ari zen P.M.S. arrantzalea hil zen Dakar (Senegal) inguruko uretan. Itsasontzian arrantzan ziharduen langile bermeotarraren heriotza ez traumatikotzat jo da ofizialki. Honekin, 2024an gutxienez 40 langile hil dira lan istripuz, horietatik 6 abuztuan.

Euskal Osasun Sistema Publiko indartsu bat lortzeko helburuarekin hartu dugu parte Osasun Itunaren Mahaian

Azken hamarkadetan EAJk lideratutako Gobernuen eskutik ezarri diren politika neoliberalek Osakidetzaren gainbehera ekarri dute. Osasun pribatua indartzeko publikoa ahultzeak ondorio larriak ekarri ditu: zerbitzu publikoa eta bertan lan egiten dutenen lan baldintzak okertu dira.