Hitzarmen kolektiboaren 5. bileran patronalak egindako eskaintza askiezaren aurrean, borrokarako unea dela diogu.
Ehun merkataritzako langileen artean sekulako soldata aldeak daude, eskala hirukoitz bat dago. Horien artean, langile batzuek 13 urte daramatzate soldata eta lan baldintzak izoztuta. Edozein kasutan, inork ere ez ez dauka soldata duinik, are gutxiago baldintza duinik.
Guztiz feminizatuta den sektore batean, non jardun partzial eta prekarizatuak diren gehienak, LAB sindikatuak argi du langileak antolatzeko unea dela, euren borroka lehen lerrora ekarri eta euren lan baldintzak merezi bezala hobetuko lituzkeen hitzarmen baten alde kalera ateratzekoa.
Maiatzaren 27an greba deialdia egin du ELAk aldebakarrez. Gure ustez garrantzitsua litzateke indarrak batu eta siglen gainetik langileak jartzea. LABek bestelako borroka eredu bat izan arren, 27an kalera aterako gara, gainontzeko sindikatuei elkarlanerako deia eginez. Bide luzea dugu aurretik, egin dezagun posible langileen batasunaz hitzarmen kolektibo duin bat lortzea!
Hogeita hamar pertsona inguru bildu dira gaur Cadreitan, Conservas RĂa enpresaren sarreraren aurrean, 20 urteko emakume langile bat berriz har dezaten eskatzeko. Enpresan hiru urte baino gehiago eman ondoren, kaleratu egin dute langilea, probaldia gainditu ez duelako aitzakiarekin. LAB sindikatuak salatu nahi du kaleratzearen benetako arrazoia izan dela langileak sindikatu honen inguruan antolatzea erabaki izana, urte askoan enpresa honen praktika txarrak jasan ondoren.
Conservas RĂak nahi duenean kaleratzen ditu langileak, eta gero deitzen badie, ez du deialdietarako ordena betetzen. Conservas RĂak larunbatetan “ez fitxatzeko” kartelak paratzen ditu fitxategien aurrean, fitxatu ez dezaten eta aparteko orduak ez ordaintzeko. Conservas RĂak ez ditu kategoriak errespetatzen. Eta abar.
LAB sindikatuak argi baino argiago dauka abusatzen duen patronal baten aurrean antolatzea EZ dela hutsegitea, ezta delitua ere; LABek argi baino argiago dauka enpresan dagoenaz bertzeko sindikatu batean antolatzea EZ dela hutsegitea, ezta delitua ere. Aldiz, badu deliturik arrazoi horiengatik langile bat kaleratzea eta enpresan hiru urtez egon ondoren probaldia gainditu ez duela erratea. LABek bidegabekeria hori eta patroien abusua salatzen jarraituko du, eta kaleraturiko langilea berehala berriz onartzea eskatzen du.
Joan den astean hildako banatzailea gogoan izan dugu Zamudion, Tamar Restauracion y Catering enpresaren egoitza aurrean, bertako enpresa batzordeak deituta. Hain zuzen ere, enpresa honek azpikontratatutako Vancuver Servicios Dirrectos enpresako langilea zen hildakoa.
Prekaritateak aurten 30 langile eraman ditu Euskal Herrian. Odolustea jasangaitza da, erakundeek gaia agenda politikoan kokatu behar dute gehiago itxaron gabe.
Tamar-eko enpresa batzordearen oharra, aipatutako lan heriotzaren harira:
TAMAR LAS ARENAS enpresako enpresa-batzordeak maiatzaren 19an Zamudion izandako lan-istripu hilgarria salatu nahi du. Izan ere, Tamar enpresak azpikontratatutako enpresa bateko langile bat hil zen, furgonetarekin banaketa-lanak egiten ari zela.
Laneko ezbeharren kopuruak gora egin du etengabe, eta dagoeneko 30 langileren bizitza eraman du aurretik Hego Euskal Herrian aurten, datu guztiz onartezina, jasanezina eta lotsagarria.
Laneko prekarietateak eta prebentzioan inbertsiorik ez egiteak sufrimendua eta heriotza uzten ditu atzean. Oraindik ez dakigu zergatik gertatu den heriotza. Esan nahi dugu banatzaile-lanak arrisku asko dakartzala, batez ere istripu bat izateko probabilitatea handitzen duten lan-erritmo eta -estresei dagokienez. Egiturazko beste arrazoi bat azpikontratazio-maila handiak dira, langileen baldintzak bereziki prekarioak baitira.
Lehentasunezkoa da lan-segurtasunaren eta -osasunaren arloan norabidea aldatzea, lan-prekaritatea geldiarazteko, hori baita hainbeste lan-istripuren eta lanbide-gaixotasunen jatorria. Prebentzioa produkzioaren aurretik jartzen ez bada, pertsona gehiagok jarraituko dute gaixotzen eta hiltzen.
Hemendik, Keparen familiari eta lankideei gure babesa eta elkartasuna adierazi nahi diegu, eta, aldi berean, administrazioei eskatu nahi diegu beste alde batera begiratzeari utz diezaiotela eta behar diren bitartekoak jar ditzatela sarraski honi amai dadin.
Arabako metalgintzako langileek hitzarmen duina behar dute. Ondorioz, eta SEA patronalaren inmobilismoaren aurrean, LAB, ELA, CCOO, USO, ESK eta CGT sindikatuok grebara jo dugu, gaur ere. Hain zuzen ere, hiru greba egun erregistratu ditugu; maiatzaren 18an egindakoa, eta gaur eta ostegunerako deitutakoak.
Piketeak egin ditugu lantegietan, goizean goizetik, jardunaldian zehar deitutako mobilizazioen aurrekari. SEA patronalak konpromiso irmoak hartu behar ditu, inmobilismoa alde batera utzita eta sektoreak dituen arazoei erantzungo dien hitzarmen bat adosteko.
Gaurko greba egunaren LABen balorazioa:
Gaur, maiatzak 24, 2. greba eguna burutu dugu Arabako Metalean. Gaurkoan ere jarraipen oso zabala izan du eta milaka langilek parte hartu dute eskualdeetako mobilizazioetan. Greba fasea aurrera doa, eta 26an beste hitzordu garrantzitsua dugu, lan baldintza duinak lortzeko bidean.
Gaur grebaren oihartzuna Arabako txoko askotara heldu da: goizean goiz pikete informatiboak egin dira Aiaraldean, Lautadan, Gojainen, Miñanon, Arasurren,… eta Gasteizko poligono eta enpresa askotan. Hortaz, esan dezakegu grebaren jarraipena masiboa izan dela gaur ere enpresa askotan (SDA, Elecnor, Laminaciones Arregui, Detesa, Tubacex, JEZ, Amurrio Ferrocarril, Inauxa, Talleres Legutiano, Condesa, WEC, Arcelor,…) . Beste enpresa handitan produkzioa oso baldintzatuta egon da, edota sekzio batzuk gelditu behar izan dira (Sidenor, Aernnova,…). MERCEDESen kasuan salatu nahi dugu berriro ere ez dietela sartzen utzi Greba Komiteko kideei, greba eskubidea urratuz, eta beraz ezin izan dute bere ikuskatze lana egin. Hortaz, jakin izan dugunez MERCEDESen zuzendaritzak sekzio bateko langileak eraman ditu lineetara produkzioa atera ahal izateko, hori ere greba eskubidearen urraketa izanik. Hori gutxi ez, eta kontratatu berri dituen ebentualak lineetan ere jarri ditu, formaziorako barne protokoloa urratuz eta beste langileek duten errotazioa ere ukatuz.
MERCEDESeko jokaera hauek eta beste enpresa handietan (Tubacex, Tubos Reunidos, Sidenor,…) inposatu dituzten gehiegizko zerbitzu minimoek erakusten dute patronalak beldurra diola Arabako Metaleko grebari, arrakasta handia lortzen ari baita. Zentzu horretan, dei zuzena egiten diogu patronalari trikimailu hauek eta jarrera arduragabeak albo batera utzi eta konpromiso zehatzak har ditzan Arabako Metaleko lan baldintzak duintzeko.
Ildo horretatik, agerikoa da patronalak ematen dituen datu desitxuratuen gainetik, Arabako Metaleko langile askok eta askok grebarekin bat egin dutela eta milaka pertsonek parte hartu dutela gaur ere mobilizazioetan Gasteizen, Laudion eta Agurainen. Sektorea haserre dago eta borrokan jarraitzen du lan baldintza duinak lortu arte.
Hortaz, gaurko Gasteizko mobilizazioak Sidenor eta Mercedesetik abiatu dira eta ostegunean goizeko 5:15etan bi enpresa horietara joateko deia egiten diegu langileei, pikete informatiboan parte hartzera. Izan ere, bi enpresa hauek pisu handia dute Patronalaren zuzendaritzan, biek azpikontratatak dituzte, aldibatekotasun handia, hutsuneak lan osasunean, neurri eskasak berdintasunari begira,… eta biei, antza denez, interesatzen zaie Metaleko Hitzarmenaren lan baldintzak baxuak izatea. Horregatik, hain zuzen ere, pikete informatibo masiboak egingo ditugu goizean goiz 2 enpresa horietan, bertako langileak informatzera, beraiek ere interesa baitute sektorean lan baldintzak duinak izatean, bestela enpresek haienak okertu ditzakete, edo azpikontratatuko dituzte lanak, zenbait kasutan orain egiten duten bezala.
0-3 Plataformaren lan handiari eta ahalegin nekaezinari esker inoiz ez bezala ikusten ari da eskola gehienetan egunero bizi dugun egoera lazgarria.
Plataformarekin bat egiten dugu ratioen jaitsiera eta soldaten igoera eskatzen duenean, baita 0-3 zikloa hezkuntza ziklo izan behar duela aldarrikatzen duenean ere. Gainera, Plataforma hortik haratago doa, haurtzaroaren denfentsa sutsua egiten ari da. Eta hori argi eta garbi utzi nahi dugu.
Baina, sindikatua garen aldetik, gure lanari ekin behar diogu, eta gure esku dago Nafarroako haur-eskolen sektoreko lehen hitzarmena negoziatzea, eta horretan eragingo dugu, sektoreko lan-harremanak juridikoki arautu nahi ditugu.
Baina, LAB sindikatutik zergatik uste dugu 0-3 sektorerako hitzarmen propioa behar dugula?
1. Estatuko Konbenioarekin langileek ez dutelako antzinatasuna kobratzen, soldata taulak oso baxuak direlako (kasu gehienetan hilean 1000€ eskas irabazita), urteko lan ordu kopuru altua ezartzen delako. Konziliaziorako baimenak eskasak direlako, eta, hori gutxi balitz, hainbat puntu. kudeatzailearen interpretazioaren menpe daudelako.
2. Nafarroako Gobernuak udalei eskolak kudeatzeko ematen dien dirua estatuko lan-hitzarmenaren arabera kalkulatzen da, eta guk hemen negoziatutako konbenioaren arabera kalkulo hori egitea nahi dugulako.
3. Hitzarmen propioa delako modurik errealistena eta bermerik handiena, etorkizunari begira gutxieneko lan-baldintzak blindatzeko modua.
Nor interpelatzuko dugu lehen hitzarmen sektorial hau negoziatzeko?
1) Langileak, hasiko dugun borrokari eusteko eta laguntzeko.
2) Sindikatuak, LABekin bat egin dezaten.
3) Haur-eskolak kudeatzen dituzten enpresak eta kooperatibak, patronala izan daitezen eta sektoreko hitzarmena lehenbailehen negoziatzen hasteko.
Hitzarmen hori lortzeko, borondatea behar da, Nafarroako Gobernuarena eta Udalena, baina, sindikatuena eta enpresena ere bai.
Nafarroako haur-eskoletan ekonomia- eta lan-baldintzak hobetzea posible da!
LABek irmoki salatu nahi du Euskal Herriko diru publikoarekin sortutako Gamesak eta orokorrean, Siemens Gamesak izandako bilakera. Izan ere, Gamesaren salmenta prozesuan, LABek salatu moduan, Eusko Jaurlaritzak arduragabeki jokatu zuen, erabaki ahalmena Euskal Herrian geratzen zela ziurtatuz. Hitza hauek haizeak eraman zituen, eta egun hauetan argitaratu den Siemens Energy-k egingo duen eskaintza publikoaren ondorioz, Siemens Gamesaren erabakigunea Alemanian kokatuko da.
Adierazgarria da energia iturrien krisi bete betean energia berriztagarrien aldeko mezuak eta trantsizio energetikoaren beharra zabaltzen duten bitartean, Gamesa bezalako enpresa batekin egin zutena bertako instituzioek: zuzendaritzako kideen pelotazoa txalotu, eta estrategikoa beharko lukeen industria atzerriko kapitalaren esku utzi. Hemen egiten den industria politika negargarriaren adibide garbia da Gamesarekin egindako kudeaketa.
Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuei, fiskalitatean izan dezakeen eragina aztertzeaz gain, lanpostuen eta proiektu industrialaren defentsa egitea exijitzen diegu. Zer egingo du publikoki egindako adierazpenak (erabakitze gunea bertan geratuko da) bete daitezen? Orain enplegua defendatuko dutela diote. Adierazpenok haizeak eramango al ditu berriz ere?
LABetik salatu nahi dugu era berean Siemens Gamesaren partetik informaziorik ez dugula. Inolako gardentasunik gabe ari da jokatzen multinazionala, eta gainera publikoki zabaltzen diren mezuak mehatxuz beteta daude. Horregatik, eta gogoratzen dugulako Aoizko lantokiaren itxiera bidegabea, LABek jakinarazi nahi du etor litezkeen balizko erasoei langileak antolatuz eta borrokatuz erantzungo diela. LABek eskura dituen tresna guztiak martxan jarriko ditu Euskal Herriko lantokien geroa eta enpleguaren alde.
Nafarroako Gobernuak gaur onetsi du enplegua egonkortzeko LEPa arautuko duen foru lege dekretua. Aldi berean, testua Mahai Orokorrean aztertu da, eta han azaldu digute zein lanpostu beteko diren merezimendu lehiaketa bidez eta zein oposizio-lehiaketa bidez. LABen iritziz, foru lege dekretu hori hilik jaio da, ez baitu balioko behin-behinekotasun tasa %8tik behera murrizteko, inola ere ez. Itxurakeria bat besterik ez da, Europako aginduei iskin egiteko eta iragarri diren sekulako diru-funtsak jasotzeko erabili nahi dutena.
PSN-GeroaBai Gobernuak uko egin dio Nafarroak dituen berezko eskumenak erabiltzeari, eta enplegua egonkortzeko prozesu berezia arautzeko orduan, Estatuko Legea ia goitik behera kopiatu du.
Gobernuari bost axola zaio behin-behinekotasuna. Axola balitzaio, bere eskumenak erabiliko lituzke eta arazoari aurre egiteko plan orokor bat prestatuko luke sindikatuen adostasunarekin, milaka lanpostu finko bihurtzeko plan ordenatu, zuzen eta justu bat, non iragarri diren 3.589 lanpostu horiek baino askoz ere gehiago sartuko liratekeen.
LAB sindikatuak urte asko daramatza Foru Administrazioan gutxienez 10.000 lanpostu egonkortzeko eskatzen. Aldi berean, Estatuak ezarritako ordezte-tasa ken dezatela eskatu dugu behin eta berriz, hori baita behin-behinekotasuna behar adina murrizteko balioko lukeen konponbide bakarra.
Gobernua, ordea, beste alde batera begira egon da, bere arazoa ez balitz bezala, ordezte-tasak erantzule politikorik ez balu bezala, tasa hori ezein alderdi politikok defendatu eta inposatu ez balu bezala, aldi baterako kontratazioaren abusuak erantzulerik ez balu bezala, eta azken urteotan jasan ditugun gobernu guztiek jokabide gaitzesgarri hori arau bihurtu izan ez balute bezala.
Azkenean, epai judizialen bidez lortzen ari gara urteetan eskubideak urratuak izan dituzten langile kontratudunen eskubideak aitortzen hastea. Administrazioa kondenatzen duten epai judizial horiek sekulako kalte-ordainak eta epaiketa-kostuak ordaindu beharra dakarte, baina Administrazioari ez zaio batere inporta. Zentzugabekeria horren erantzuleek eskuak garbitzen dituzte, eta kudeaketa penagarri horren ondorio ekonomikoak diru-kutxa publikotik ordaintzen dira.
Aurkeztu diguten foro lege dekretua benetako txapuza bat da, ez bakarrik egonkortze prozesuetan oso lanpostu gutxi eskainiko direlako, baita eginen diren merezimendu lehiaketetan edo oposizio-lehiaketetan hainbat bidegabekeria getatuko direlako ere.
Foru lege dekretuak funtzionarioen eskubideak urratzen ditu, besteak beste, barne-igoerarako eskubidea eta lanpostu huts guztien lekualdatzeetan parte hartzeko eskubidea.
Kontratatutako langileen eskubideak ere urratzen ditu, diskriminazioak eraginen dituelako lanpostuaren, hizkuntzen, antzinatasunaren eta beste merezimendu batzuen arabera. Euskararen balorazioa, jakina, ahalik eta txikiena da, eta, aldi berean, Nafarroatik kanpoko beste hizkuntza batzuen ezagutza gainbaloratua dago. Esanguratsua da alemanez jakitea oposizio bat gainditu izana baino gehiago puntuatzen dela.
LABek oso positibotzat jo du Ilunion Navarra enplegu-zentro bereziko Noaingo eta Beriango ikuztegi-lantegietan lortutako akordioa. Honen ondorioz, gaurko planteatutako greba bertan behera geratu da.
Langileen ordezkariek, LABen gehiengoarekin (5 ordezkari ditu eta ELA, CCOO eta UGTk bana), greba bertan behera utzi dute, langileen batzarrak akordioa onartu ondoren.
Ilunion Navarrak 800.000 mila euroko galerak izan zituen 2021ean, eta 200.000 eurokoak aurten (enpresaren arabera). Enplegu-zentro berezi horretan lan egiten duten 156 pertsonei gutxienez % 6,6ko igoera bermatzea onartu du enpresaren zuzendaritzak. Erosteko ahalmena bermatzeaz gain (2021eko Nafarroako KPIa), Beriaingo plantillak, 89 langilek, antzinatasun-plusa lortu dute, duela 4 urtetik zenbatzen hasi dena; beraz, gehienak hilean 35 euroko gutxieneko hirurtekoa kobratzen hasiko dira, eta 2 urteren buruan hilean 65 euro kobratuko dituzte gutxienez.
Langile gehienak baldintza onuragarrienekin parekatuko dira, eta inork ez du erosteko ahalmenik edo eskubiderik galduko. Era berean, bermatzen da Noaingo plantillak ez duela igandeetan lan egin beharko.
LAB kanpaina orokor bat egiten ari da, soldatak prezioen mailara igotzeko garaia dela eskatzeko, eta Ilunion Navarran gertatu den bezala, sindikatuok langileez benetan arduratzen bagara eta langileok dagokiguna defendatzeko borrokaren alde egiten badugu, posible da hori lortzea.
LABek langileen batasuna eta apustua nabarmentzen ditu, grebaren eta borrokaren bidez, bere etorkizuna defendatzeko.
Oraindik gauza oso garrantzitsuak falta dira Ilunion Navarran lortzeko, beraz, 4 hilabeteren buruan hurrengo hobekuntzak negoziatzen hasiko gara.
LABek okupazioa egin du, “Benetako Kontsolidazioa orain! Hezkuntzako langileak babestu!” lemapean, Jaurlaritzak Bilbon duen lurralde ordezkaritzan, Hezkuntza Sailaren menpeko irakasle, heziketa bereziko hezitzaile eta sukalde eta garbiketako langileen kolektiboetan hurrengoa eskatuz:
-Estabilizazio prozesuetako lan eskaintza publikoetan lanpostu gehiago eskaintzea: irakasleen kasuan, egiturazkoak diren lanpostuak —egun aurrekontu zuzkidura dutenak— eta ezkutuan daudenak; bereziki, laguntza zerbitzuetan zerbitzu-eginkizunen bidez betetzen direnak (lanbide heziketakoak, Iraleak, barnetegiak edota Berritzegunekoak). Heziketa berezian, obra eta zerbitzu kontratu guztiak, urtero errepikatu direnak. Eta sukaldari eta garbitzaileen kolektiboan, iruzurrean dituen eta ikasturtero errepikatzen diren lan metaketa kontratuak.
-Egiturazkoa bilakatu den prekarietateari amaiera ematea: kolektibo laboraletan, behin-behinekotasuna eta prekarietatea egiturazkoak izan dira azken urte luzeetan. Heziketa bereziko langile-kolektiboetan 14 urte pasa dira LEP deialdirik gabe eta sukalde eta garbiketako zerbitzuetan 21 urte. Horregatik, urtez urte errepikatu diren laguntza-kontratuak eskaintzaren parte izan behar dira eta kontsolidatu beharrekoak; egiturazko lanpostuak dira.
Jaurlaritzak Bilbon duen lurralde ordezkaritzan eserialdia ari gara egiten, Hezkuntza Sailaren menpeko irakasle, heziketa bereziko hezitzaile eta sukalde eta garbiketako langileen lan eskubideen defentsan pic.twitter.com/H7g8LPWVfY
-Madrilek ezarritako dekretu eta aginduetatik harago, Euskal Herriko langileontzako neurriak bertan erabakitzea. Izan ere, irakasleen kasuan, birjartze tasan oinarrituriko oposizio-lehiaketa arruntetan eskaini nahi dituzten plazetako asko estabilizazio prozesuen bitartez bete litezke, oposizio-lehiaketa “ez baztertzaile” edota meritu-lehiaketaren bidez.
-Hezkuntza Sailak estabilizazio prozesuen eskaintzaren negoziazioarekin jarraitzea kolektibo laboraletan: heziketa berezian eta sukalde eta garbiketan. Eta negoziazioari heltzea irakasleen eskaintzari dagokionean.
LABen ustez Hezkuntza Sailak orain arte emandako eskaintzen kopuruak ez nahikoak dira, eta horregatik eskatzen du maiatzak 31 arte dagoen epea negoziatzeko baliatzea.