EAEko osasun zentroetan asteazkenean, 13:00etan, sindikatuok deitutako mobilizazio egunaren atarian egin dugu ekintza.
Odolustearekin amaitzeko neurriak exijitu ditugu Zumaian, azken lan heriotza gertatu den lekuan bertan
Euskal gehiengo sindikalak deituta, Zumaian mobilizatu gara, Egurko enpresaren aurrean, lantegi horretan bertan larunbatean gertatutako lan heriotza salatzeko.
Lan istripuak ekonomia eredu zehatz batean lan egiterako orduan ezartzen dizkiguten baldintza eta lan egiteko moduen emaitza direla salatu dugu, eta erakundeak interpelatu ditugu odolustearekin amaitzeko neurriak har ditzaten. 62 langile hil dira aurten, gutxienez, Euskal Herrian.
Arabako Metalgintzako langileen lan baldintzen alde hasi gara mobilizatzen, modu bateratuan
Arabako Metaleko sektorean 25.000tik gora langilek dihardute, eta benetako blokeoa bizitzen ari gara: hiru urte luzez sektoreko hitzarmena negoziatzen ari gara, baina patronalak prozesua geldiarazi egin du. Bilerak joan, bilerak etorri, patronala ez da mugitzen; aurrerapausoak geroratu egiten ditu beti, bere enpresa kideek ez dutelako aurrera egiterik nahi.
SEA bere horretan geldirik dagoen artean, sektoreko arazoak pilatzen ari dira: bizimodu gero eta garestiagoari aurre egiteko beste ez diren soldatak, lanaldi oso luzea eta malgutasun handia, iruzurra kontratuetan, behin-behineko enplegu handiegia, prekaritatea -are handiagoa azpikontratetan eta ABLE bidez ari diren pertsonengan-, emakumeen diskriminazioa sektore oso maskulinizatuetan, lan istripu mordoa (urtean ia 2.000 gertatzen dira), egungo egoerari egokitu gabeko baimenak…
Errealitate horren aurrean LAB, ELA eta CCOO sindikatuok, hau da, ordezkaritza sindikalaren gehiengo handia osatzen dugunok, urrats bat aurrera egitea erabaki dugu. Kultura sindikal ezberdinetakoak izanik, ados jarri gara Arabako metalgileei alternatiba bat eskaintzeko. Hiru sindikatuok hitz eman dugu elkarrekin urratsak egingo ditugula eragin orokorra izango duen lan hitzarmen bat lortzeko.
Hain zuzen, plataforma bateratua hitzartu dugu, honako eskariekin:
– KPIz gaindiko soldata igoerak; gutxieneko soldata, 1.400 €.
– Lanaldiaren taxuzko murrizketa
– Azpikontratetako langileen subrogazioa
– Kontratuetako iruzurren kontrako neurriak
– Behin-behinekotasuna eta malgutasuna mugatu
– Benetako berdintasuna lortzeko neurriak
– Lan osasuna bermatzeko neurriak
– Baimenetan eta beste lan baldintza batzuetan hobekuntzak, pertsonak erdigunean kokatzeko
– Hitzarmena aplikatzeko bermeak: aurreraeragina, alde bakarreko inaplikazioa galarazi eta lehentasunezko aplikagarritasuna eman.
Hiru sindikatuon plataforma orain aurkeztuko diogu SEA patronalari eta urtarrilaren 10ko astean Negoziazio-Mahaia biltzeko dei egingo diogu, erantzun bat eman dezan.
Gaurko agerraldi honekin mobilizazio dinamika bateratu bati ekin nahi diogu; honek jarraipena izango du urtarrilean egongo diren deialdiekin eta manifestazio batekin; honetan parte har dezaten dei egingo diegu beste sindikatuei, baita beste sektore eta eragile sozialei ere.
Azkenik, ohartarazi nahi dugu egungo blokeoa amaitu ez eta sektoreko langileen arazoei erantzunik ematen ez bazaie, Arabako Metalean lanuzte eta grebak egitea beste aukerarik ez dugula izango.
Horregatik, sektoreko langileei gonbitea luzatzen diegu lan baldintza duinen aldeko mobilizazio dinamika honetan parte har dezaten.
COVID ziurtagiria gobernuen kudeaketa okerra estaltzeko erabiltzen ari dela salatu dugu
COVID kutsatzeen olatu berria dela eta, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Frantziako Gobernua COVID ziurtagiriaren ezarpena erabiltzen ari dira euren kudeaketaren hutsuneak ezkutatzeko. Bost ardatzetan neurriak hartzea exijitzen du LABek: COVID ziurtagiria bertan behera utzi; konfinatutako haurren guraso guztientzat zaintza baimena ezarri; prebentzio neurri eraginkorragoak hartu; osasun eta zaintza sistema publikoa indartu; eta pandemiak langileongan eragindako ondorioei aurre egitea. Ildo honetan, asteazken honetan Osakidetzako sindikatuek eta herritarrek deitutako mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu du.
Osasun larrialdi egoeraren amaiera ofiziala iragarri eta bi hilabetera, COVID-19aren kutsatze erritmoa azkartu eta osasun sistema publikoarekiko presioa areagotu da. Herritarrak eta bereziki sektore zaurgarrienak babesteko neurri eraginkorrak hartu beharra dagoela argi dago, hala nola, txerto eta sendagaiak herritar guztien esku jartzea, doako PCR eta antigeno probak ezartzea, eremuz eremu prebentzio neurriak eraginkortzea edota osasun sistema publikoa indartzea. Alabaina, COVID ziurtagiria ezartzera mugatu da agintarien erantzuna.
LABen iritziz ez dago nahikoa justifikaziorik COVID ziurtagiria ezartzeko, euskal herritarren %90 inguru txertatua baitago. COVID ziurtagirian fokoa jartzeak kudeaketa instituzionalaren gabeziak estaltzeko helburua du; erantzunkizuna berriro ere herritarrengan jarrita, Gobernuen kudeaketaren hutsuneak eta aurreikuspen okerrak ezkutatzeko.
Osasun publikoaren ikuspegitik onurarik ez eta, gainera, COVID ziurtagiriaren ezarpena elkarbizitzaren ikuspegitik ondorio ezkorrak izaten ari da herritarren eta langileen artean: txertatzea erabaki ez duten herritarrak estigmatizatu eta diskriminatu egiten ditu eta herritarren arteko arrakalak eragiten ditu, noiz eta pandemiari aurre egiteko herritarron arteko batasuna eta elkartasuna beharrezkoak ditugunean. Kontrol soziala normalizatu baina, era berean, faltsua den segurtasun sentsazioa ematen du (COVID ziurtagiridunak birusaren eroale izan daitezke eta). Eta ikuspegi laboraletik, nahikoa justifikazio sanitariorik ez duen kontrol neurri bat aplikatzera behartzen ditu milaka eta milaka langile.
COVID ziurtagiriarekiko kritikoak bagara ere, ez dugu bat egiten neurri honen kontra emandako zenbait ikuspegirekin. Izan ere, azken urteotan neoliberalismoak eragindako indibidualismoan sakonduz, norbanakoen askatasuna zaintza kolektiboaren gainetik jartzen duten erreakzioak eman dira; eskuin muturrak baliatu nahi dituen erreakzioak, hain zuzen ere.
Bien bitartean, pandemia hasi eta bi urtera, herritarren osasuna hobetzeko, osasun sistema publikoa indartzeko eta zaintza sistema publiko komunitarioa eratzeko neurriak hartzeari uko egin diote Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Espainia nahiz Frantziako Gobernuek.
Areago, pandemiari aurre egiteko egin ziren kontratazioetako asko bertan behera utzi dira eta lehen arretako osasun sarea oinarrizko baliabiderik gabe ari da lanean. Osasun sistema pribatuak negozioa egiten jarraitzen du, osasun sistema publikoa kolapsatzen den bitartean. Pandemiari aurre egiteko txertoak nahiz sendagaiak ekoiztu eta banatzeko prozesua multinazionalen eskuetan utzi da. Adinekoen egoitzetan ez da egin behar bezalako inbertsiorik, Hego Euskal Herriko lau hitzarmenetan langileak grebetan eta borrokan egoteak erakusten duen bezala. Eta konfinatutako haurrak dituzten txertatutako herritarrei lanera ez joateko baimena ukatu egiten zaie.
Zorpetze maila handitzeko aukera nahiz Europako funtsak logika neoliberalaren araberako egitasmoak sustatzeko erabiltzen ari dira. Uko egin zaio enpresarien etekinak eta Kapitalaren errentak gehiago zergapetuko dituen zerga erreforma egiteari. Eta ondorioz, egon badiren baliabideak osasun eta zaintza sistema publikora bideratzeari uko egin zaio.
Honela, egiturazko neurriak hartzeari eta politika koherente bat garatzeari uko eginda, agintarien kudeaketa erabat okerra eta erratikoa izan da. Mezu kontrajarriak eman dituzte, beti ere euren erantzunkizuna zuritu nahian. Bolada batzuetan pandemia amaitua zela eta ohiko bizimodua posible zela aldarrikatu dute lau haizetara, Urkulluk antzeztutako Kantabriako mugaren irekierarekin edota Osasun Emergentziaren amaiera aldarrikatzeko adierazpenarekin ikusi dugun bezala. Beste bolada batzuetan, berriz, herritarrak errudun bilakatu eta neurri autoritarioak ezarri dituzte, hala nola, gazteen kontrako kriminalizazio eta errepresioa, edota txertatu ez diren herritarren kontrako estigmatizazioa. LABen ustez, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuko agintariek badute garaia kudeaketa oker honen gaineko erantzunkizun politikoak hartzeko.
Berehalako neurriak
Era berean, pandemiarekiko politika publikoak berehala zuzendu beharra dago. Honako neurri hauek berehala hartzea eskatzen dugu:
1. COVID ziurtagiria bertan behera utzi. Botere publikoek txertaketaren aldeko mezu pedagogikoa igorri beharko lukete, jarrera zigortzaile oro baztertuz.
2. Konfinatutako seme-alabak dituzten langile guztientzako lan baimena ezarri, zaintzaren ikuspegitik ez ezik, hirugarren baten kutsatze arriskua eragozteko ere.
3. Kutsatze tasa murrizteko prebentzio neurriak eraginkorrak hartu
• Doako PCRak, CO2 neurgailuak, aforoen arauketa edota detektatze goiztiarrerako osasun protokolo eta baliabideen hobekuntza.
• Ikuspegi prebentiboz herritarron osasuna sustatzeko neurriak hartu, besteak beste, elikadura, kirola eta arlo sikosozialari dagokionean.
• Lantokietan lan osasuna lehentasuntzat hartu. Mutualitateak alboratu eta prebentzio sistema publikoa ezarri. Beharrezkotzat jotzen den lan jardueretan, doako PCRak jarri txertatu nahiz txertatu gabeko langileentzat, lan ordutegiaren barruan.
• Garraio publikoa hobetu eta areagotu, masifikazioak ekidinez.
4. Osasun eta zaintza sistema publikoa indartu.
• Lehen mailako arretan ratioak jaitsi, baliabideak areagotu eta enplegua egonkortu.
• COVID kasu larriei aurre egiteko baliabideak areagotu (ZIUak, larrialdiak…).
• Osasun baliabide pribatuak (txertoen ekoizpena eta banaketa barne) publifikatu, gutxi batzuen etekinei begira baino herritar guztien osasunari begira egon daitezen.
• Zaintza sistema publiko komunitarioa eratu. Adinekoen egoitza eta bestelako gizarte zerbitzuak publifikatu, ratioak jaitsi, lan baldintzak hobetu eta eredu bizigarriagoa eraiki.
5. Pandemiak langile jendearen artean eragindako ondorio ekonomikoei aurre egin
• Enpleguaren defentsa, oinarrizko errenta duina, etxegabetzeen debekua, energiaren merkatzea…
• Oinarrizko lanetan ari diren emakumeekiko dagoen zor patriarkala aitortu eta euren lan-baldintzak hobetu.
Gobernuen kudeaketa negargarriaren aurrean, langileok aurrera urrats bat emateko unea da. COVID ziurtagiriaren inguruko polarizazio interesatua albo batera utzi eta osasun nahiz zaintza sistema publikoaren alde borroka egiteko unea da.
Hurrengo asteetan Osakidetza eta Osasunbidea indartzeko neurriak aldarrikatzeko egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen diegu herritar guztiei; Osakidetzaren kasuan, hitzordua asteazken honetan da, abenduak 22.
Denon artean lortuko dugu!
“Atzo ezinbestekoak, gaur ikusezinak”
Adimen-ezintasuna dute pertsonen aldeko Arabako elkarteko (APDEMA) langileek elkarretaratzea egin dute Arabako Batzar Nagusien aurrean, LAB, ELA eta CCOO sindikatuok deituta, lan-hitzarmenaren negoziazio kolektiboan lortutako akordioak bermatuko dituzten foru aurrekontuak eskatzeko. “Atzo ezinbestekoak, gaur ikusezinak”, salatu dute biltutakoek.
Gogoratu behar da APDEMAko profesionalek foru- titulartasuneko oinarrizko zerbitzu publikoetan lan egiten dutela, eta zerbitzu horien erantzukizuna Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeari dagokiola, eta, beraz, zerbitzu horiek finantzatzeko erantzukizuna administrazioarena baino ez dela. Hala ere, Gizarte Politiketako Diputatu Emilio Solak adierazi izan du ez dutela aurreikusten dibertsitate funtzionalaren sektoreko langileentzako igoerarik, horrela azpikontratatutako langileen soldata-arrakala areagotuz eta Apdemako negoziazio kolektiboan lortutako aurreakordioa ez errespetatuz.
Erantzutera deitzen dugu hiltzen duten lan baldintzen aurrean
Larunbatean lan istripuz hildako langile baten heriotza salatu behar dugu. Zumaian izandako istripuan, industria eraikin bateko teilatuan garbiketa lanetan ari zen langilea teilatutik behera erori zen. Azken honekin, gutxienez 62 dira Euskal Herrian lanean edo honen ondorioz hildakoak, horietatik 7 altueratik erorita, guztiak segurtasun neurriekin saihestu zitezkeenak.
LAB sindikatutik, lehenik eta behin, elkartasuna adierazi nahi diegu hildako langilearen lankide, senide eta gertuko guztiei.
Odoluste honek ez du etenik. Noiz arte? Zer egin behar da arazo estruktural honi amaiera emateko? Urtero ezaugarri berdineko istripuen aurrean aurkitzen gara. Denon eskubidea da osorik eta osasuntsu eta bizirik lanetik bueltatzea, lan duina eta bizi duina izatea. Aldarrikatzen baditugu ere, errealitatea gordina da eta hainbatek ez dute nahi hau aldatzea
Zein aldaketa eta pauso emateko prest daude patronal eta instituzioak egoera eta eredu hau geldiarazteko? Langileok, bizi ahal izateko egiten dugu lan eta ez saiakera horretan bizia galtzeko. Lan istripuak ez dira bizitzako gertakari arruntak, langile bat hiltzea ez da lanaren ezaugarri bat. Lan istripuak, ekonomia eredu zehatz batean lan egiterako orduan ezartzen dizkigun baldintza eta lan egiteko moduen emaitza dira. Salatu behar dugu eraikuntza eta eraberritze sektorean maiz gertatzen direla istripuak.
Horregatik guztiagatik, bihar abenduaren 21ean, LABek gehiengo sindikalarekin batera elkarretaratzea egingo du Zumaian, istripua izan zen Egurko enpresa aurrean 12:30ean. Dei egiten diegu langileei honetan parte hartzera odoluste hau geldiarazi dezagun.
Aski da! Eredu ekonomikoa aldatzera goaz.
Erantzukizunak exijitu ditugu Durangoko epaitegi aurrean, Zaldibarko zabortegiaren auzian
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen dugun eragileok eta Zaldibar Argitu plataformak elkarretaratzea egin dugu Durangoko epaitegien aurrean, Verter Recycling enpresako arduradunek deklaratu duten egunean, Zaldibarko zabortegiaren auzian.
Ingurumen aurkako delituak epaitzen ari dira, eta kasua instrukzioan dago oraindik. Momentuz, inork ez du erantzukizunik beregan hartu, ardura politikoak argiak diren arren. Eusko Jaurlaritza ez dago akusatuen aulkian, irregulartasunen aurrean ikusezinarena egin bazuen ere. Onartezina iruditzen zaigu, eta, hori dela eta, erantzukizunak argitzeko borrokan jarraituko dugu. Verter Recycling enpresak eta Jaurlaritzak erantzkizunak beregan hartu arte ez gara geldituko, ez Eskubide Sozialaren Kartaren izenean, ezta LAB sindikatuaren aldetik ere.
Patronalaren ardura handiagoa dela adierazi dugu Gasteizko Legebiltzarreko deskarbonizazioa aztertzeko ponentzian, kutsatu eta aberastasuna metatu duelako
Deskarbonizazioa aztertzeko ponentzian izan gara Gasteizko Legebiltzarrean. Bertan, Ekintza Sozialeko idazkari Endika Perezek hartu du hitza, eta ponentziak prozesu demokratiko, sozial eta partehartzaile baten ondorioa izan behar duela nabarmendu du. Erantzukizunak ez daudela maila berean adierazi du; zentzu honetan, patronalaren ardura handiagoa dela azpimarratu du, kutsatu eta aberastasuna metatu duelako. Hain zuzen ere, hazkunde mugagabearen mitoa arbuiatu eta “banaketa hirukoitza” aldarrikatu du; enpleguaren, zaintza lanen eta ondasunaren banaketa, hain justu.
Erakunde publikoek berdintasun planak itxura egiteko baliatzen dituztela berretsi dugu, ez emakumeenganako diskriminazio egoera iraultzeko tresna gisa
“Berdintasunerako barne planen egoera Hego Euskal Herriko erakunde nagusietan” txostena aurkeztu dute LAB sindikatuko Idazkaritza Feministako kide Eli Etxeberriak eta Izaskun Guarrotxenak. Ondorio nagusi bat atera dugu azterketatik: ekintzetan oinarrituta, instituzioek utzikeria erakutsi dute berdintasun-politika teorikoak errealitatera eramateko eta beren legeak betetzeko. Adibide zehatzak jarri dituzte, erakunde publiko desberdinak aztertu eta gero.
Hego Euskal Herriko lau hiriburuetatik bi udaletxek baino ez dute berdintasunerako barne planik: Gasteiz eta Donostia. Iruñeak ez du inoiz planik izan, eta orain, lehen aldiz, plana egiteko diagnostikoa egiten ari dira. Bilbok lehenbizikoa egin zuen 2014tik 2017ra, eta inoiz ez du gaia berriro jorratu. Gasteizek hiru urteko geldialdia izan zuen lehena amaitu ondoren (2016/2018), eta bigarrenaren prestaketa oso gatazkatsua izaten ari da, gobernu taldearen borondate faltagatik. Hiru urte geroago, puntu garrantzitsuetan ez da akordiorik lortzen.
Aldundietan ez da giro hoberik arnasten. Arabak bakarrik du barne-plana, eta duela gutxi onartu da (2021ko uztailaren 7an), sindikatuen gehiengoaren adostasunik gabe. Bizkaia eta Gipuzkoak ez dute planik, eta ezer abian jartzeko borondate politiko gutxi sumatzen da. Nafarroako gobernuak 2006-2010erako plan bat prestatu zuen, baina ez zen gauzatu, eta gaur egun diagnostikoa egiten ari da, bigarrena diseinatzen hasteko.
Eusko Jaurlaritza: Une honetan I. Planaren ebaluazioa egiten ari da, eta daukagun informazioaren arabera ez da %30a bete. Gainera, hurrengo planerako diagnostikoa lantzen ari dira.
Oro har, esan dezakegu martxan jarri diren plan guztiak ez direla bere osotasunean bete. Harrigarria da berdintasunaren alde egiten dutela esan, eta diskriminazioarekin amaitzeko neurriak dituzten plan estrategikoak diseinatzen dituzten alderdi politikoetako agintariek, ez aplikatzea beren irizpide propioa gobernatzen ari diren erakundeetan barne-planak egiteko exijitu eta zorrotzak izateko.
Esan dezakegu, beraz, interes gutxi dagoela Hego Euskal Herriko foru, toki-administrazio eta autonomia-esparruko erakunde publiko handietan berdintasunerako barne-planak abiarazteko edo betetzeko. Halaber, esan dezakegu erantzunkidetasun berritzaileko neurriak abian jartzeko erresistentzia handia dagoela, baita negoziatzeko borondate politikorik eza ere.
Ekintzak nahi ditugu, ez hitzak
Ondorio orokor gisa, uste dugu emakumeen diskriminazio-egoera aldatzeko tresna bat diren berdintasun-planak ez direla ba- liagarriak izan helburua betetzeko, baizik eta erakundeen aurpegi-garbiketa eta berdintasunarekiko konpromisoa duten itxura egiteko erabili dira.
Ezin dugu esan urte hauetako berdintasun-politiken ondorioz erakundeetako emakume langileen egoera hobetu denik. Izan ere, beste gauza batzuen artean, emakumeak dira oraindik interinitate egoeran dauden eta lanaldi partzialak dituztenen gehiengoa.
Horregatik guztiagatik, berdintasun-plan errealak, eraginkorrak eta negoziatuak martxan jartzeko eskatzen jarraitzen dugu, erakundeetan gaur egun emakumeok jasaten dugun diskriminazio-egoera iraultzeko. Ekintzak nahi ditugu, ez hitzak.

