COVID kutsatzeen olatu berria dela eta, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Frantziako Gobernua COVID ziurtagiriaren ezarpena erabiltzen ari dira euren kudeaketaren hutsuneak ezkutatzeko. Bost ardatzetan neurriak hartzea exijitzen du LABek: COVID ziurtagiria bertan behera utzi; konfinatutako haurren guraso guztientzat zaintza baimena ezarri; prebentzio neurri eraginkorragoak hartu; osasun eta zaintza sistema publikoa indartu; eta pandemiak langileongan eragindako ondorioei aurre egitea. Ildo honetan, asteazken honetan Osakidetzako sindikatuek eta herritarrek deitutako mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu du.

Osasun larrialdi egoeraren amaiera ofiziala iragarri eta bi hilabetera, COVID-19aren kutsatze erritmoa azkartu eta osasun sistema publikoarekiko presioa areagotu da. Herritarrak eta bereziki sektore zaurgarrienak babesteko neurri eraginkorrak hartu beharra dagoela argi dago, hala nola, txerto eta sendagaiak herritar guztien esku jartzea, doako PCR eta antigeno probak ezartzea, eremuz eremu prebentzio neurriak eraginkortzea edota osasun sistema publikoa indartzea. Alabaina, COVID ziurtagiria ezartzera mugatu da agintarien erantzuna.

LABen iritziz ez dago nahikoa justifikaziorik COVID ziurtagiria ezartzeko, euskal herritarren %90 inguru txertatua baitago. COVID ziurtagirian fokoa jartzeak kudeaketa instituzionalaren gabeziak estaltzeko helburua du; erantzunkizuna berriro ere herritarrengan jarrita, Gobernuen kudeaketaren hutsuneak eta aurreikuspen okerrak ezkutatzeko.

Osasun publikoaren ikuspegitik onurarik ez eta, gainera, COVID ziurtagiriaren ezarpena elkarbizitzaren ikuspegitik ondorio ezkorrak izaten ari da herritarren eta langileen artean: txertatzea erabaki ez duten herritarrak estigmatizatu eta diskriminatu egiten ditu eta herritarren arteko arrakalak eragiten ditu, noiz eta pandemiari aurre egiteko herritarron arteko batasuna eta elkartasuna beharrezkoak ditugunean. Kontrol soziala normalizatu baina, era berean, faltsua den segurtasun sentsazioa ematen du (COVID ziurtagiridunak birusaren eroale izan daitezke eta). Eta ikuspegi laboraletik, nahikoa justifikazio sanitariorik ez duen kontrol neurri bat aplikatzera behartzen ditu milaka eta milaka langile.

COVID ziurtagiriarekiko kritikoak bagara ere, ez dugu bat egiten neurri honen kontra emandako zenbait ikuspegirekin. Izan ere, azken urteotan neoliberalismoak eragindako indibidualismoan sakonduz, norbanakoen askatasuna zaintza kolektiboaren gainetik jartzen duten erreakzioak eman dira; eskuin muturrak baliatu nahi dituen erreakzioak, hain zuzen ere.

Bien bitartean, pandemia hasi eta bi urtera, herritarren osasuna hobetzeko, osasun sistema publikoa indartzeko eta zaintza sistema publiko komunitarioa eratzeko neurriak hartzeari uko egin diote Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Espainia nahiz Frantziako Gobernuek.

Areago, pandemiari aurre egiteko egin ziren kontratazioetako asko bertan behera utzi dira eta lehen arretako osasun sarea oinarrizko baliabiderik gabe ari da lanean. Osasun sistema pribatuak negozioa egiten jarraitzen du, osasun sistema publikoa kolapsatzen den bitartean. Pandemiari aurre egiteko txertoak nahiz sendagaiak ekoiztu eta banatzeko prozesua multinazionalen eskuetan utzi da. Adinekoen egoitzetan ez da egin behar bezalako inbertsiorik, Hego Euskal Herriko lau hitzarmenetan langileak grebetan eta borrokan egoteak erakusten duen bezala. Eta konfinatutako haurrak dituzten txertatutako herritarrei lanera ez joateko baimena ukatu egiten zaie.

Zorpetze maila handitzeko aukera nahiz Europako funtsak logika neoliberalaren araberako egitasmoak sustatzeko erabiltzen ari dira. Uko egin zaio enpresarien etekinak eta Kapitalaren errentak gehiago zergapetuko dituen zerga erreforma egiteari. Eta ondorioz, egon badiren baliabideak osasun eta zaintza sistema publikora bideratzeari uko egin zaio.

Honela, egiturazko neurriak hartzeari eta politika koherente bat garatzeari uko eginda, agintarien kudeaketa erabat okerra eta erratikoa izan da. Mezu kontrajarriak eman dituzte, beti ere euren erantzunkizuna zuritu nahian. Bolada batzuetan pandemia amaitua zela eta ohiko bizimodua posible zela aldarrikatu dute lau haizetara, Urkulluk antzeztutako Kantabriako mugaren irekierarekin edota Osasun Emergentziaren amaiera aldarrikatzeko adierazpenarekin ikusi dugun bezala. Beste bolada batzuetan, berriz, herritarrak errudun bilakatu eta neurri autoritarioak ezarri dituzte, hala nola, gazteen kontrako kriminalizazio eta errepresioa, edota txertatu ez diren herritarren kontrako estigmatizazioa. LABen ustez, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuko agintariek badute garaia kudeaketa oker honen gaineko erantzunkizun politikoak hartzeko.

Berehalako neurriak

Era berean, pandemiarekiko politika publikoak berehala zuzendu beharra dago. Honako neurri hauek berehala hartzea eskatzen dugu:

1. COVID ziurtagiria bertan behera utzi. Botere publikoek txertaketaren aldeko mezu pedagogikoa igorri beharko lukete, jarrera zigortzaile oro baztertuz.

2. Konfinatutako seme-alabak dituzten langile guztientzako lan baimena ezarri, zaintzaren ikuspegitik ez ezik, hirugarren baten kutsatze arriskua eragozteko ere.

3. Kutsatze tasa murrizteko prebentzio neurriak eraginkorrak hartu

• Doako PCRak, CO2 neurgailuak, aforoen arauketa edota detektatze goiztiarrerako osasun protokolo eta baliabideen hobekuntza.

• Ikuspegi prebentiboz herritarron osasuna sustatzeko neurriak hartu, besteak beste, elikadura, kirola eta arlo sikosozialari dagokionean.

• Lantokietan lan osasuna lehentasuntzat hartu. Mutualitateak alboratu eta prebentzio sistema publikoa ezarri. Beharrezkotzat jotzen den lan jardueretan, doako PCRak jarri txertatu nahiz txertatu gabeko langileentzat, lan ordutegiaren barruan.

• Garraio publikoa hobetu eta areagotu, masifikazioak ekidinez.

4. Osasun eta zaintza sistema publikoa indartu.

• Lehen mailako arretan ratioak jaitsi, baliabideak areagotu eta enplegua egonkortu.

• COVID kasu larriei aurre egiteko baliabideak areagotu (ZIUak, larrialdiak…).

• Osasun baliabide pribatuak (txertoen ekoizpena eta banaketa barne) publifikatu, gutxi batzuen etekinei begira baino herritar guztien osasunari begira egon daitezen.

• Zaintza sistema publiko komunitarioa eratu. Adinekoen egoitza eta bestelako gizarte zerbitzuak publifikatu, ratioak jaitsi, lan baldintzak hobetu eta eredu bizigarriagoa eraiki.

5. Pandemiak langile jendearen artean eragindako ondorio ekonomikoei aurre egin

• Enpleguaren defentsa, oinarrizko errenta duina, etxegabetzeen debekua, energiaren merkatzea…

• Oinarrizko lanetan ari diren emakumeekiko dagoen zor patriarkala aitortu eta euren lan-baldintzak hobetu.

Gobernuen kudeaketa negargarriaren aurrean, langileok aurrera urrats bat emateko unea da. COVID ziurtagiriaren inguruko polarizazio interesatua albo batera utzi eta osasun nahiz zaintza sistema publikoaren alde borroka egiteko unea da.

Hurrengo asteetan Osakidetza eta Osasunbidea indartzeko neurriak aldarrikatzeko egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen diegu herritar guztiei; Osakidetzaren kasuan, hitzordua asteazken honetan da, abenduak 22.

Denon artean lortuko dugu!