2026-01-25
Blog Page 375

Osakidetzako lehen mailako arretaren egoera larria salatzeko elkarretaratzeak egin ditugu osasun etxeen aurrean

LAB, ELA, SATSE, CCOO eta UGT sindikatuok deituta, Osakidetzako langileek elkarretaratzeak egin dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako osasun etxeen atarian, lehen mailako arretaren egoera jasangaitza salatzeko. Urtarrilaren 23rako Bilbon, Gasteizen eta Donostian deitutako manifestazioetara joateko deia luzatu dute, eta kolapso egoera eta lanaren gainkargarekin amaitzeko premiazko neurriak exijitu dituzte, arazoa egiturazkoa dela nabarmenduta.

Elkarretaratzeen argazki galderia, hemen.

Lan baldintza duinen aldeko borroka ez dela delitua aldarrikatu dute auzipetutako hainbat langilek

Azken hilabeteotan egondako hainbat gatazketan salatutako langileek agerraldia egin dute, hainbat sindikaturen babesarekin, LAB tartean. Hain zuzen ere, Bizkaiko metalgintzako hitzarmenaren aldeko grebetan eta Tubacex, PCB eta Petronor enpresetako lan gatazketan euren eskubideen alde mobilizatzeagatik zigortu nahi dituzte. Bada, agerraldian, adierazpen bat aurkeztu eta hemendik aurrerako ekimenen berri eman dute; urtarrilaren 25ean Bilboko epaitegien aurrean egingo duten elkarretaratzea, kasu.

Langileen oharra:

Bizkaiko metala, PCB, Tubacex eta Petronor-eko gatazkengatik inputatutako langileok eta CCOO, LAB, ESK, CNT eta CGT sindikatuok honako hau adierazi nahi dugu:

Bizkaiko metala, PCB, Tubacex eta Petronor-eko borroken ondorioz, asko izan dira jipoitutako, inputatutako eta isun ekonomikoekin zigortutako langileak. Pertsona horietako batzuk epaiketaren zain daude, eta espetxe-zigor oso altuak dituzte.

Salatu nahi dugu salaketa horien guztien atzean langile klasearen borroka kriminalizatzeko, sindikalismoa kriminalizatzeko, grebarako eskubidea kriminalizatzeko eta, azken batean, lan-baldintza eta bizi-baldintza duinak defendatzeko borroka-ahalegin oro kriminalizatzeko saiakera bat ezkutatzen dela.

Kriminalizazio saiakera hori ez da kasualitatea, erabaki politiko baten ondorioa baizik. Erabaki hori erakundeen eskutik etorri da, bereziki, Eusko Jaurlaritzaren eskutik. Gatazka guztietan, Eusko Jaurlaritzaren lehen ekarpena izan da Ertzaintza bidaltzea protestak erreprimitzera, jipoitzera, akusazio faltsupean atxilotzera eta Mozal Legea langile askori aplikatzera. Eusko Jaurlaritzak lehentasuna eman beharko lioke ekarpen eta inplikazio handiagoa izateari, negoziazio-mahaietan benetako oreka egon dadin bi aldeen artean.

Denbora honetan guztian, Eusko Jaurlaritzak ez du bilatu Bizkaiko metaleko, PCBko, Tubacex-eko eta Petronor-eko langileak babestea enpresa horiek EEEak edo ABEEak mahai gainean jarri zituztenean, eztaere EEE eta ABEE horien aurkako epai judizialak izan zirenean. Era berean, ez dugu ikusi greba egiteagatik kaleratuak izan diren metaleko langileak babesten, greba egin ez dezaten mehatxatuak izan diren langileak defendatzen, egunero euren lan-eskubideak urratuak ikusten dituzten langileen ondoan edo prekarietatean murgilduta bizi diren langileekin, batzuetan osasuna galtzen dutenak eta gehiegitan bizitza ere. Horrez gain, ez dugu enpresaririk ikusi atxiloturik edo epaiketaren bati aurre egiten lan-istripuen odolustearen ondorioz edo prebentzio neurrien faltarengatik, edota gehiegizkoak diren prekaritate egoerak inposatzeagatik. Erabateko inpunitatearekin jarduten dute norbaitek ahalbidetzen duelako, sistema osoak ahalbidetzen duelako. 

Jipoitutako, isuna jarritako edo inputatutako pertsona guztiok, gure enplegua eta lan-baldintzak eta gure lankide guztienak defendatu ditugu. Borroka da langileok dugun mekanismo bakarra inposaketari, prekaritateari eta pobreziari aurre egiteko eta patronalen aurrean negoziazioan presio handiagoa izateko. Patronalak legeak ditu, eta Gobernuak ere bai. Langileok borroka baino ez dugu, tresna legitimo gisa, langile klasearentzako eskubideak defendatzeko eta konkistatzeko eta lege horien aldaketan eragin ahal izateko.

Hori dela eta, argi eta garbi diogu borroka sindikala ezin dela inoiz delitu izan, hainbat borrokatan erakutsi den bezala. Borroka horien ondoren, negoziazioetan indarrak orekatzea lortu da, langile guztientzat baldintza eta eskubide hobeak lortzeko.

Hori dela eta, inputatuen kolektiboak bilera bat eskatuko diogu Eusko Jaurlaritzako Enplegu Sailari eta Herritarren Segurtasunerako Sailari, langileen borroka kriminalizatzeari uzteko, Euskal Herriko langileen arteko borrokei buruz duten jarrera berrezartzeko eta Bizkaiko metaleko greban, Tubacex-en, PCBn, Petronor-en eta beste edozein lan-gatazkatan jarritako isunak eta salaketak indarrik gabe uzteko eskatzeko.

Era berean, dinamika bati ekingo diogu, eskaera horiei eta manifestu honi ahalik eta atxikimendu gehien biltzeko, bai lan-arloan, bai gizarte-eremuan.

Gainera, hainbat mobilizazio egingo ditugu, lehenengoa urtarrilaren 25ean. Egun horretan, metaleko 3 langile epaituko dituzte bidegabeki, beren eskubideak eta lan-baldintza duinak defendatzeagatik. 12:30ean Bilboko Auzitegi Probintzialaren aurrean Barroeta Aldamar kalean egingo den mobilizazioan parte hartzeko deia egiten dugu.

Emakumeon Mundu Martxak deitutako mobilizazioekin egin dugu bat, Tuterako erailketa matxista salatzeko

Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxaren oharra:

Aurtengo urtea, 2022a ere, ez da urte erraza izango. Urtarrilaren lehen hamabostaldia oraindik pasatu ez, eta dagoeneko lehenengo erailketa matxistaren berri izan dugu. Tuteran gertatu da, Sara Yaregi zuen izena, eta Cortesekoa zen, garbi dago emakumeen aurkako indarkeriak ez duela etenik.

Feministok behin eta berriro esango dugu, estrukturala den arazo baten aurrean gaudela. Gizarte osoaren arazoa den hau, emakumeon gorputzetan gorpuzten da. Nazkatuta gaude behin eta berriz berdina oihukatzeaz, ez gara isilduko.

Berriz ere baliabideak eskatuko ditugu instituzio publikoetan, eraldaketa soziala lortu nahi badugu, alderdi ezberdinetatik lan egin behar dugu denok batera. Gizarteak aldaketa beharra dauka, eta jarrera matxistak eta sexistak behingoz amaitu behar dira.

Lehenengo eta behin, osasungintza, hezkuntza, eta justizia publiko eta unibertsal bat behar dugu, izan ere babestu behar gaituztenen joko- arauak berriro porrot egin du. Zerbitzu publiko osasuntsuak eta biolentziarik gabeko espazio seguruak behar ditugu, pairatzen dugun biolentziak erreproduzitzen jarrai ez dezan. Gizarte sozial moduan gure espazioetan eraldaketa bultzatu behar dugu, erasoak salatu behar ditugu, espazio seguruak bermatu behar ditugu, ekimen desberdinak bultzatu behar ditugu…guzti honetarako indarrak batu, eta eraldaketa bultzatu behar dugu.

Denon artean lortuko dugu. Borroka hau geldiezina da, eta feministok beti izango dugu indarra eta ausardia aurrera egiteko, izan direnengatik eta izango direnengatik. Feministok gizarte hobeago batean sinisten dugulako – arrazakeria, biolentzia eta gorrotorik gabekoa-, denok bizitza duin bat nahi dugulako, eta horretarako eskubidea aldarrikatzen dugulako…

Pentsio duinen aldeko borroka langile guztion borroka da

Lau urte beteko dira pentsiodunek kaleak hartu eta pentsio duinen aldeko mobilizazio eta borroka eredugarriari ekin ziotela. 2021eko urte amaieran, pentsio erreformaren lehen zatia ezagutu genuen: KPI-arekin iruzurra eta gutxieneko pentsioarekin zein genero arrakalarekin neurri nahikorik ez. Datorrena okerragoa dela dirudi: erretiro adina atzeratu eta plan pribatuak sustatu.

Hala, urtarrilaren 15ean hitzordu garrantzitsua dugu pentsiodunen mugimenduak deitutako mobilizazioak direla eta. Pentsio eta lan erreformen derogazioa agindu eta bete ez duten honetan, langileok kalean aldarrikatu behar dugu etorkizun duina merezi dugula eta Euskal Herrian Madrilen posible ez dena egia bihurtu behar dugula.

Gehiengo sindikaletik ere bat egin dugu larunbateko mobilizazioekin.

Hauek dira deitutako mobilizazioak:

Bilbo

• Gran VĂ­a 50 12:00etan. 

Ondarroa 

• Zaldupe 12:00etan.

Donostia 

• Alderdi Eder 12:00etan.

Eibar 

• Untzaga 12:00etan.

Iruñea

• Baluarte 12.00etan.

Tafalla 

• Udaletxea 12:00etan.

Altsasu 

• Foruen plaza 12:00etan.

Lizarra 

• Baja Navarra kalea 12:00etan.

Gasteiz 

• Correos 12:00etan.

Enpresetako “Prebentzioaren kultura bultzatu” ekimena pribatizatu du Nafarroako Gobernuak

LAB sindikatuak salatu duenez, Nafarroako Gobernuak enpresaburuei eta erakunde pribatu bati (AIN Nafarroako Industriaren Elkartea) eman die prebentzioaren arloko jarduera bat, NOPLOIko Lan Osasuneko Zerbitzua kontuan hartu gabe. 10.000 euroko kostua izango duen proiektua; balirudike kopuru hori txikia dela, baina oso praktika arriskutsu eta salagarri batean oinarritzen da, zeinetan arlo publikoak ordaindu eta arlo pribatuak onura ateratzen baitu.

Nafarroako Gobernuak, Nafar Lansareren bitartez, 10.000 euro ingururekin finantzatuko du “Prebentzioaren kultura bultzatu” ekimena, enpresetako zuzendariei zuzendua. AIN Nafarroako Industriaren Elkartea arduratuko da Mondragon taldeko OSARTEN prebentzio-zerbitzuak emango duen prestakuntza-programa koordinatzeaz.

Moduari dagokionez, LAB sindikatuaren iritziz, horrek esan nahi du Nafarroako Gobernuak enpresaburuei eta erakunde pribatu bati ematen diela prebentzioaren arloko jarduna, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko (NOPLOI) Laneko Osasun Zerbitzuaren berezko baliabideak kontuan hartu gabe.

Horri dagokionez, Geroa Bairen esku dagoen Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak eta, zehazki, Enpresa Politika, Nazioarteko Proiekzio eta Laneko zuzendari nagusi Izaskun Goñik, argitu behar dute zergatik pribatizatzen duten 2021-2024 Lan Osasuneko Planaren programen artean nabarmenki ageri den ekimen bat, gaur egun Nafarroako Lan Osasunaren Kontseiluan eztabaidatzen ari dena. Era berean, kezkagarria da CCOO eta UGT sindikatuak horren inguruan isilik geratzea, CENen eskutik funts publikoen banaketan duten papera dela eta.

Funtsari dagokionez, LAB sindikatua ez dator bat osasunaren sustapena (ongizatea) termino orokorretan lan-osasunaren estrategian sartzearekin. Bere ustez, enpresen prebentzio-baliabide urriak ohitura-aldaketak sustatzera bideratzeko arriskua dago (elikadura, jarduera fisikoa, etab.), langileak beren prebentzio-eskubideen eskakizunetik aldenduz. Jakina, ez da ezer aipatzen plantillaren eta langileen ordezkarien parte-hartzeari buruz. Langileen parte-hartzerik gabe ez dago prebentzio eraginkorrik. Beraz, LABen ustez, estrategia teknokratikoa da, eta horregatik, epe luzera ez da oso eraginkorra.

Txibiteren Gobernuak (PSN, Geroa Bai eta Podemos) lankidetza publiko-pribatuaren aldeko apustua berretsi du (publikoak ordaintzen du eta pribatuak etekina ateratzen du). LAB sindikatua ez dator bat jarrera horrekin. Pandemia-egoerak erakutsi du pribatizazioen negozioaren alde egiteak, lankidetza publiko-pribatua deiturikoak, publikoa ahultzea dakarrela. Eta publikoa ahultzeak gure osasuna arriskuan jartzen du.

LABek Nafarroako Gobernuari erabaki horren arrazoiei buruzko argibide bat eskatzen dio, baita erabaki hori zuzentzea eskatu ere. Era berean, arlo publikoa indartzeko eta UPNren gobernuen herentzia pribatizatzailearekin behingoz hausteko eskatzen dio.

Hilabeteko epean hiru langile hil dira altueratik erorita

Atzo beste laneko heriotza baten berri izan genuen. Astelehenean, 23 urtetako J.E.U. Amezketako langileak istripu larria izan zuen altueratik erorita Ikaztegietako Hertell kooperatiban, eta atzo hil zen. Bertako langilea zen hildakoa. LABetik, gure elkartasuna adierazi nahi diegu langilearen familia, lankide eta gertukoei.

Hilabete bateko epean altueratik erorita hiltzen den hirugarren langilearen aurrean gaude. Abenduaren 18an, 45 urteko langile bat hil zen honela Zumaian eta urtarrilaren 10ean, 47 urteko J.V.S.F. hil zen Gasteizko Olarizun auzoan. Atzo hildako langilearekin, gutxienez 3 dira aurten Euskal Herrian egon diren laneko heriotzak, urte hasieratik 12 egun baino pasatu ez direnean.

Era berean, atzo ere beste istripu bat izan zen El Buston, Nafarroan, plataforma batetik bi langile erori ziren. Langile horiek hainbat lesio izan zituzten, eta laster sendatzea espero dugu.

Egoera horren aurrean, norbaitek sinets al dezake kasualitatea izan dela? Administrazioei, lan-istripuen eta lanbide- gaixotasunei horri aurre egiteko berehalako neurriak, kontrol handiagoa eta politika zehatzak eskatzen dizkiegu.

Erakundeen erantzun irmoa beharrezkoa da, eta altuerako lanetarako plan espezifiko bat eskatzen dugu, neurri egokiekin eta benetako prebentzio-politikekin, eraikuntzarako zein industri-nabeak eta pabiloiak birgaitze eta mantentze lanetarako. Datuak oso gogorrak dira, eta zifra bakoitzaren atzetik, izenak, familiak eta lagunak daude. Lanetik etxera itzultzen ez diren langileez ari gara.

Azkenik, dei egiten dugu hurrengo orduetan langileen segurtasuna eta osasuna defendatzea aldarrikatuz dei daitezkeen mobilizazioetan parte hartzera.

Gure borrokari esker, Servyrest-ek Bizkaiko esku-hartze sozialeko hitzarmena aplikatu beharko die bere langileei, euren lan-baldintzak hobetuz #LortuDugu

Auzitegi Gorenak berretsi egin du Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia. Epai horren bidez, Servyrest enpresak Bizkaiko esku-hartze sozialeko hitzarmena aplikatu behar die langileei. Enpresa errestaurazio kolektiboan eta hezkuntzako beste zerbitzu batzuetan aritzen da, eta 800 langile ditu.

Duela bi urte, LABek borroka horri ekitea erabaki zuen, enpresa horretako langileen lan-baldintzak hobetzeko, eta lortu egin du. Servyrest enpresak Bizkaiko esku-hartze sozialeko hitzarmena aplikatu beharko die langile guztiei. Berriro ere, LAB sindikatuak hobekuntzak lortu ditu lan-baldintza prekarioak dituen sektore honetan.

LAB sindikatua prest egon da uneoro Bizkaiko esku-hartze sozialeko hitzarmen osoa pixkanaka aplikatzea adosteko, eta enpresak entzungor egin dio horri. Bada, orain hitzarmen hau aplikatu behar du 2020ko urtarriletik aurrera.

Beste batzuek LAB sindikatuak egindako lanari etekina atera nahi izan diote, eta langileei ez diete informazio onik eman eta demanda judizial gehiagotan inplikatu dituzte, horren beharrik gabe.

Enpresak diru asko irabazi du langileen kontura. Orain, euren lan-baldintzak asko hobetuko dira.

FCCko zuzendaritzako kide batek langile bat harrapatu zuen autoarekin, abenduaren 17ko greban

LAB sindikatuak publikoki salatu nahi du gaur egun FCC enpresa, Iruñeko kaleak garbitzeaz arduratzen dena, oraindik ez dela harremanetan jarri enpresako zuzendari batek joan den abenduaren 17ko greban harrapatu zuen langilearekin. Langilea bajan dago ordutik.

2021eko abenduaren 17a greba-eguna izan zen Iruñean kaleak garbitzeaz arduratzen den FCC enpresan, LAB, UGT, ATSU eta CCOO sindikatuok deituta, bertzeak bertze, hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzearen alde. Goizeko 5:30etik aurrera, informazio-piketeak egin ziren Lanbaben industrialdeko enpresaren nabearen aurrean. Pikete bitartean, enpresako autoarekin zihoan FCCko zuzendari batek langile bat nahita harrapatu zuen.

Harrapatu ondoren, FCCko zuzendaria autotik jaitsi zen eta langilea iraindu egin zuen: “Zure gainetik pasatu behar nukeen, alfer halakoa, ez baituzu zure bizitza puta osoan lanik egin”. Ondoren, egoera baretzen saiatzen ari zen Enpresa Batzordeko LAB sindikatuko ordezkaria bultzatu zuen zuzendariak.

Harrapatutako langilea, FCC enpresan 32 urteko antzinatasuna duena, Batzordeko ordezkariek eraman zuten larrialdietara. Zuzendariak berak behin baino gehiagotan oztopatu zuen harrapatua zeraman autoa.

Gaur egun, langilea bajan dago, hainbat lesio baititu bizkarrean, eta lesio horien ondorioz errehabilitazio luzea hasiko du. LABek salatu nahi du FCC oraindik ez dela langilearekin harremanetan jarri zer moduz dagoen jakiteko —are gehiago, historiaren bertsio faltsua ere kontatzen ari da—, eta neurri egokiak lehenbailehen hartzeko eskatu dio.

Nafarroako Parlamentu aurrean egin dugu protesta, adinduei arreta eskaintzen dien sektorearen grebaren atarian

LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuetako zenbait ordezkarik Iruñeko Parlamentuaren Eskubide Sozialetako Batzordean hartu dute parte, adinduen arretarako Nafarroako lehenbiziko hitzarmena izango denaren negoziazioak zertan diren azaltzeko. Horren karietara, lau sindikatuok elkarretaratzea egin dugu Parlamentuaren aitzinean. Protesta hau ostegunerako deitutako egun osoko grebaren atarian egin dugu.