2026-01-20
Blog Page 375

Laneko heriotzen aurrean, instituzioen inplikazioa eta benetako prebentzio politikak izango dituen plan espezifikoa eskatzen dugu eraikuntzarako

Langile bat hil da Olarizun, Gasteizen, aldamio batetik behera erorita. Hildako langile honekin, gutxienez 2 langile hil dira aurten Euskal Herrian, urte hasieratik 10 egun baino igaro ez direnean. LAB sindikatutik, gure elkartasuna adierazi nahi diegu langilearen familiari eta gertukoei eta gogoratu nahi dugu, 2021ean, gutxienez 62 langile hil zirela.

Ikerketaren eta ondorioen zain, beharrezkoa da eraikuntza bezalako sektore baten laneko heriotzen oinarrizko arrazoiei aurre egitea, urtero egoten baitira horrelako lan istripuak, altueratik erortzeagatik. Izan ere, 2021ean laneko zazpi heriotza izan ziren Euskal Herrian altueratik erortzearen ondorioz, eta 2020an, modu berean hil zen langile bat Olarizu auzoan bertan.

EAEko administrazioak gaizki deitutako elkarrizketa sozialean egin zituen publizitate-kanpainetan hasi eta amaitzen diren neurriez gain, beste behin ere ikusten da horien eraginkortasunik eza eta emaitzen falta eraikuntzako istripuen aurrean. Badakigu zein den arazoaren erroa, prekarizazioa, azpikontratazioa eta sektore honetako lan-baldintzak.

Beharrezkoa da erakundeen inplikazioa eta sektore honetarako plan espezifiko bat, neurri egokiekin benetako prebentzio-politikekin. Datuek erakusten digute gaur egun arte hartutakoak ez direla eraginkorrak izan, hainbat aldiz salatu dugun bezala. Gure aldetik, borrokan jarraituko dugu langileek osasuna eta bizitza gal ez ditzaten lan egite hutsagatik.

Laneko heriotza honen aurrean, LABek mobilizazioa egingo du euskal gehiengo sindikalarekin batera datorren ostegunean, urtarrilaren 13an, 11:30ean, Gasteizko Olarizu Hiribidean. Beharrezkoa da aldaketa, langileen segurtasun eta osasuna defendatzea lehentasun izango dituen eredu ekonomiko sozial eta poliko baterantz.

Lan erreforma honi ezezkoa eman behar zaio Kongresuan, lantokietan eta kalean

Garbiñe Aranburu Idazkari Nagusiak eta Xabier Ugartemendia Ekintza Sindikala eta Negoziazio Kolektiboko idazkariak prentsaurrekoa eman dute lan-erreformaren aurrean egiten dugun azterketaren berri emateko. Aranbururen hitzetan, “ez da egon kontraerreformarik. Madrileko Elkarrizketa Sozialaren emaitza CEOEren garaipena izan da: lan erreformarik ez da indargabetu eta aurreko erreformen neurririk atzerakoienak bere horretan mantentzen dira”.

Ugartemendiak aipatu ditu LABek akordioari ikusten dizkion hutsune nagusiak:

  • Negoziazio kolektiboa zentralizatzeko asmoari eusten zaio, marko propioa ez du bermatzen. Gure lan harremanak hemen negoziatu eta erabakitzeko eskubidea ez dago bermatua.
  • Kaleratzeek libreak eta oso merkeak izaten jarraituko dute.
  • Prekarizazioa eta pobretzea sortzen duen lan harreman eredua ez du eraldatuko.

Aranbururen arabera, estatuko elkarrizketa sozialeko mahaiaren emaitza ez da sorpresa izan. “Guk hasieratik esan dugu ez dagoela lan erreformaren indargabetzea eta patronala akordioan egotea batuko dituen itsasgarririk. Bruselak nahi moduan, patronalarekin akordioa lortzea izan da lehentasuna eta horrek noski, edukiak apaltzea dakar berarekin. CEOE pozik agertu da eta egin duen balorazioak ez du zalantzarako tarte handirik uzten, akordio honek ez du patronalaren boterea mugatzen eta lan harremanen desoreka zuzentzen. PSOE – Podemos Gobernuak bere hitza jan du, ez da lan erreforma indargabetu, ez eta eraberritu ere”.

Era berean, gogoratu du estatuko elkarrizketa sozialean euskal langileok ez gaudela ordezkatuak eta akordioak ez diela erantzuten Euskal Herriko langileen aldarrikapenei. Gaineratu du 17 sindikatuk, nazio desberdinetako sindikalismo soberanista eta eraldatzaileak bat egin dugula erreforma hau errefusatzerakoan. Tartean Euskal Herriko gehiengo sindikalak, Galizako CIG eta CUT, Kataluniako Intersindikala edota IAC, Intersindikal Canaria eta Valentziako intersindikalak beste batzuen artean.

“Lan erreforma indargabetzeko eta lan harremanak eraldatzeko lanean, borrokan jarraituko dugu”, gaineratu du Aranburuk, “LAB moduan, urtarrilaren 27an Aldarrikapen Eguna jarri dugu. Baina egoerak hori baina gehiago eskatzen du eta ezker soberanismoaren eremuko eragile politiko, sindikal eta sozialen artean erantzun ahalik eta zabalena artikulatzen saiatuko gara”.

Zehaztu du, Estatuan eta Euskal Herrian, bi eremuetan eragitea izango dela LABen apustua. Estatuari dagokionez, aste hauek erabakigarriak izango dira lan erreformaren bilakaerari dagokionez, Madrilgo Kongresuan oraindik ere badago eragiteko aukera. Inbestidura posible egin zuten nazio desberdinetako alderdi soberanistak erreforma honen aurka azaldu dira. Lan erreforma honi ezin zaio bide eman.

Euskal Herriari dagokionez, euskal bide orri bati ekiteko momentua da. Lan erreforma honen aplikazioa oztopatu behar dugu, patronalaren neurrirako erreforma hau ez aplikatzea izango da gure borroka. Bestetik, erreformaz erreforma eraiki den lan harreman ereduak soldata baxuak, enplegu prekarioa eta langileen pobretzea sustatzen ditu. Eredu horrek eraldaketa sakon bat eskatzen du. Eraldaketa hori, Euskal Herrian borrokatu behar dugu. Euskal Herrirako Lan Kode bat egiteko proposamena erregistratu dugu Gasteiz eta Iruñeako Parlamentuetan.

Lan Kode horrek, soldata eta enplegu duinak ziurtatu, kaleratzeak mugatu, diskriminazio ororekin amaitu, lan harremanak demokratizatu eta negoziazio kolektiborako eskubidea berreskuratu edota, lan guztiak aitortu eta zaintza lanak berrantolatzeko proposamenak jasotzen ditu. Enplegua, zaintza eta ondasuna banatzeko proposamenak, hain zuzen ere.

Euskal Esparru propioa eraikitzeko egun ditugun eskumenak mugatuak dira, burujabetza behar dugu. Edozein Estatus politikoren eztabaidak langileen interesei erantzuteko, erdigunean egon behar duen kontua da hau.

Enplegu eta babes sozial gaietan erabaki ahalmen osoa izan behar dugu. Eskumenak mugatuak izanik ere, gaurdanik, esparru propio bat egituratzen joatea beharrezkoa da. Badaude horretarako formulak eta CONFEBASK eta CEN patronala interpelatu ditugu, gutxieneko soldata 1400 eurotan ezartzeko, soldata arrakala gainditzeko, lanaldia murrizteko, kalerapenak mugatzeko edota enplegua duintzeko proposamena adosteko.

Eta hau ez da patronalari egiten diogun eskaera soila. Gobernuak ere interpelatzen ditugu, bukatu behar da gobernu eta patronalaren arteko sinbiosiarekin eta bada garaia langileen mesedetan izango diren akordioak bultzatu ditzaten.

Bizkaiko merkataritzako langileek mobilizazioa egin dute Bilbon euren lan-baldintzak beherapenetan ez daudela aldarrikatzeko

Merkataritza abiadura bizian aldatzen ari da, eta baita sektoreko lan baldintzetako batzuk ere. Hala ere, Bizkaiko ehun merkataritza, larru eta oinetakoen merkataritza eta merkataritza orokorreko hitzarmenak izoztuta daude eta zaharkituta ari dira geratzen. Hastear dauden beherapenen aurrean, sektoreko langileak kalera atera dira euren lan-baldintzen defentsan eta mobilizazioa egin dute Bilbon, Cortefiel, Douglas eta CEBEK patronalaren egoitzaren aurrean.

Patronalak, hitzarmenek behar duten eguneratze sakona atzeratu nahi ditu eta proposatu dituen azken igoerak lotsagarriak dira. Aitzakia? Enpresek oso txarto pasatu dutela pandemian zehar, hau da, krisi hau langileok onartzea nahi dute.

2021ean greba egin genuen ELArekin batera ekainaren 25ean, beherapenak hasten ziren egunean, besteak beste, goian azaldutakoa salatuz. Gaurko mobilizazioarekin, ELArekin mobilizazio dinamika bateratuari ekin diogu patranalari ikustarazteko ez dugula xantaiarik onartzen:

Hitzarmenen alde kalera ateratzeko 8 arrazoi:

1. Soldatak duindu

Funtsezkoa da soldatak KPIari lotuta igotzea: soldatetan KPIaren igoera bizirauteko igoera bat da; kontrakoa, erosteko-ahalmena galtzea da.

2. Lanaldi jaitsiera

Enpresek hainbeste ordu behar ez badituzte, murrizketak soldatak babestuz egin behar dira. Urteko lanaldiaren murrizketa bat eman behar da, soldata igoerarekin batera.

3. Aldibaterakotasuna eta partzialitatea mugatu

Merkataritza partziala eta aldi-baterakoa den lan feminizatuaren eredu da. Hitzarmenak praktika horiek zigortzeko tresna izan behar dira, hauek garestituz, adibidez.

4. Atzera urratsik ez, eskubideak defendatu

Patronalak lan baldintzak hobetzen dituzten elementuak desagerrarazi nahi ditu, udako larunbat arratsaldeetan lan egitea edo antzinatasuna, adib.

5. Digitalizazioa hitzarmenetan erregulatu

On-line salmentak eguneroko lana aldatu du. Saltzaile batek paketeak egin, plataformak kudeatu, etab. egiten du: langileak polibalenteak dira. Funtzio horiek ez daude kategorietan jasota, ez dute komisiorik sortzen…

6. Lan erreforman… non dago erreforma?

Lan baldintzen funtsezko aldaketa eta kaleratze kolektibo prozesuak asko erabiltzen ari dira merkataritzan eta erreformak ez ditu ukituko.

7. Ultra-aktibitatea

Patronalak negoziaketa mahaian hitzarmenak iraungitzearen xantaia erabili ahal izan ez dezan, ultra-aktibitatea jasotzea funtsezkoa da.

8. Bizitza erdigunean: zaintza lagundu

Adingabe eta nagusiak kontsultetara laguntzeko ordaindutako baimenak, etab. Gainera, zaintza ezin da norberaren lanaldi (eta soldata) murrizketara mugatu: bestelako neurriak behar dituzte langileek.

Osakidetzaren egoera larria salatzeko, manifestazioak deitu ditugu urtarrilaren 23an Bilbo, Donostia eta Gasteizen

Lehen mailako arretak kolapso egoeran jarraitzen du, pandemiaren aurreko egitura gabeziak direla eta. COVID protokoloetan egindako azken aldaketek egoera horren ondorio dira. Honen aurrean, urtarrilaren 23an kalera ateratzeko deia egin diegu Osakidetzako langile eta herritarrei LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok, lehen mailako arretaren egoera larria eta ospitaletako arretaren gainkarga salatzeko eta egoera horri aurre egiteko berehalako neurriak eskatzeko. Horretarako, manifestazioak egingo dira 12:00etan Bilbon, Donostian eta Gasteizen.

Gogora dezagun abenduaren 22an kontzentrazioak egin zirela Osakidetzako oinarrizko osasun zentroetako egoera jasanezina salatzeko. Hala ere, egoerak okerrera egin du. Plantillen eskasia hain da nabarmena, ezen Osakidetzak, besteak beste, autotest COVID neurriak ezarri dituen, hau da, paziente bakoitzak bere lagina jaso dezala, horiek jasotzeko langile nahikorik ez dagoen heinean.

Zoritxarrez, egoera hori ez da pandemiaren ondorio. Gaur egungo osasun krisiak are gehiago larriagotu du pandemiaren aurreko egoera estruktural bat. 2019an, lehen arretako langileek hiru greba egun egin zituzten orduan bizi zen egoeraren larritasuna salatzeko. Gaur egun, bi urte geroago, okerrera egin du egoerak.

Kolektiboaren lan baldintzak eta herritarrei eskaintzen zaien arreta kalitatea areago prekarizatzeaz gain, pandemia aitzakia bihurtu da Osakidetzak murrizketak aplikatu eta pazienteak osasun publikora iristea zailtzeko. Horrekin guztiarekin batera, plangintzarik eza, errefortzurik eza eta inbertsiorik eza eta pandemiaren kudeaketak eragindako lan kargaren igoera esponentziala direla eta, lehen arreta soken kontra jarri du. Lehen arreta eraisteko programatutako estrategiak aurrera jarraitzen du, eta Osakidetzak COVID 19a erabiltzen jarraitzen du egiturazko defizita estaltzeko.

Horrela bakarrik ulertzen da, lehen olatutik ia bi urtera, seigarren olatuari baliabiderik, antolakuntzarik eta plangintzarik gabe aurre egitea; duela bi hilabete eskas Osakidetzak 4.000 profesional alde batera uztea erabaki izana; duela egun batzuk egoiliarrei doan lan egitea eskatzen ari izatea; plantillaren behin-behinekotasun-tasa % 60koa izatea; txertaketa- eta miaketa-ekipoak desegin izana; bajak, oporrak eta bestelako absentziak ez ordezkatzea; kutsatzeak gora doazenean, lehenarretako zentroen ordutegiak murriztea erabaki izana; eta abar luze bat.

Egoera kezkagarria izan arren, Eusko Jaurlaritzak ez du urratsik egin aipatutako arazo larriak konpontzeko. 2022rako arrekontuak osasun arloko inbertsio bat aurreikusten du, 2021ean benetan gastatutakoa baino 16 milioi euro gutxiago gastatzea ekarriko duena.

Premiazkoa da Osakidetzaren aurrekontua handitzea EBko batez bestekora iritsi arte (BPGren %7), horren % 25 lehen arretara bideratuz; plantillak berehala indartzea eta giza baliabide nahikoz hornitzea kategoria guztietan, milaka plaza sortuz aldi baterako milaka langile finkatzeko, gehiegizko aldi baterako kontratazioarekin amaitzeko eta lan-kargak arrazionalizatzeko; gainera, premiazkoa da lehen egunetik absentzia guztiak ordezkatzea; azken batean, osasun publikoa eta, bereziki, lehen arreta lehenestera eta indartzera bideratutako estrategia bat, hamarkada bat baino gehiago daramatzan desegite programatuarekin alderatuta.

Egoera hori salatzeko eta benetako eta berehalako irtenbideak eskatzeko, LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok urtarrilaren 23an, igandez, eguerdiko 12:00etan manifestazioak deitu ditugu EAEko hiriburuetan, honako lekuetatik hasita:

  • Bilbo: Jesusen Bihotzetik.
  • Gasteiz: Andre Maria Zuriaren plazatik.
  • Donostia: Bulebarretik.

Mobilizazioa inoiz baino beharrezkoagoa da. Horregatik, Osakidetzako langileez gain, sindikatuek dei egiten diete herritarrei, bai eta mugimendu sozial eta kolektiboei ere. Osasun publikoa bizi aseguru kolektiboa dugu eta, zalantzarik gabe, defendatu behar dugu. Horregatik, egoera aldatzeko pausorik ematen ez bada, mobilizazioak areagotu egingo ditugu.

Koska bat estuago: Osasun Departamentuak bertan behera utzi ditu Osasunbideko langileen oporrak

Osasunbideak bertan behera utzi ditu langileen oporrak, Covid kasuek gora egin dutelako, bai herritarren artean, bai langileen artean. Neurri hori justifikatzen dute esanez ez dagoela langile nahikorik arreta ziurtatzeko eta Covid-ekeragindako bajak betetzeko. Erabakiak lanbide-kategoria guztiei eragiten die, eta, bereziki, pandemian gehien zigortutako zerbitzuei. LAB sindikatuak plantilla mobilizatzeko deia egin du.

Horixe da Osasunbideko profesionalen kontrako azkeneko neurria, are gehiago tenkatzen dituena osasun sistema publikoaren eremu guztietan jasaten ari garen lanbaldintza kaskarrak.

LAB sindikatutik berriz salatu nahi dugu Osasun Departamentuaren aurreikuspen falta; izan ere, aurreko olatuek pixka bat behera egin bezain pronto, langileak murrizteari ekin zion, eta, hori gutxi balitz bezala, erabaki zuen erizaintzako oposizio-lehiaketa argitaratzea eta prozesua ez atzeratzea. Erabaki horiek profesional faltaren arazoa larriagotu besterik ez dute egin.

Agerikoa da erabaki desegokiak hartzen dituztela etengabe, eta aurreikuspen falta izugarria dagoela olatu guztietan gertatzen ari diren disfuntzioei aurre egitekomoduko egiturazko neurriak hartzeko. Langileek eta gizarteak ez dute merezi gure agintarien kudeaketa faltaren eta aurreikuspen politiko faltaren errudunak izatea. Konponbideak bilatzeko gai ez badira, alde batera baztertu daitezela eta utz diezaietela lekua hobeki prestaturik dauden beste profesional batzuei.

Orain, badirudi urtarrileko beherapenak iritsi direla Osasunbidera. Atsedenik hartu gabe lan egitea nahi dute, eta horren truke zer eskaintzen digute? Opor egunak hurrengo hiru hilabeteetan hartu ahal izatea (betiere, bitartean kontratua bukatzen ez bazaizu). Eta beherapen garaian gaudenez, opor egun horiek hartzerik ez baduzu, gutxienekoa ordainduko dizute.

Ohiz kanpoko neurriez hitz egiten dute, baina ez dute ordezte-tasa kendu nahi, ongi jakin arren hori dela Osasunbidean dagoen behin-behinekotasun lotsagarriaren eragile nagusia. Ez digute kasurik egiten eskatzen dugunean ezinbestekoa dela enplegua egonkortzeko lan eskaintza publiko egoki bat egitea. Nahiago dute miseria banatzen segitu. Lan baldintza duinak ezartzeari uko egiten diote, eta langileei azken izerdi-tanta ere xurgatzeada haien proposamen bakarra.

LAB sindikatuak aurrekontu-neurriak eta plantilla egoki dimentsionatzeko neurriak exijitzen ditu. Premiazko neurri gisa, langileei oporretatik kentzen zaizkien egunak aparteko ordu gisa itzultzea eskatzen dugu, hau da, ordu bat eta hiru laurden ematea lan egindako ordu bakoitzeko;eta jaiegunetan lan eginez gero, bi ordu lan egindako ordu bakoitzeko. Ezin dugu inola ere onartu egoera honetan gure eskubideak oraindik gehiago murriztu nahi izatea.

Onartezina da Nafarroako Osasun Zerbitzuak langileei erakusten diengutxiespen jarrera. Pribatizazioen alde egitea salatzen dugu, bai eta LAB sindikatutik pandemian zehar aurkeztu ditugun proposamenak entzun eta baloratu ez izanaere.

Gure eskubideak aldarrikatzeko uzten diguten bide bakarra mobilizazioa da, hainbat gai garrantzitsu mahai gainean jar daitezen behingoz: osasunarlora bideratzen den aurrekontua, larritasun eta arrisku bereziko lanpostuak berrikustea, UPNren gobernuaren garaian ezabatu zen arrisku-osagarria berreskuratzea eta gure lan-baldintzak duintzera bideratutakobeste neurri batzuk.

LABen iritziz, premiazkoa da langileek behar den bezala erantzutea, eta horregatik aldarrikapen horiek guztiak kalean eta negoziazio-eremu egokietan defendatzera aterako gara.

Indarrak batzearen alde egiten dugu, Nafarroako metalgintzako hitzarmenak sektoreko langileon aldarrikapen eta beharrak kontuan har ditzan

Gaur, urtarrilaren 4an, metalaren hitzarmen kolektibo autonomikoa berritzeko lehen bilera ofiziala egin da Nafarroako Lan Auzitegiaren lokaletan. Horrela, Nafarroako industria siderometalurgikoaren hitzarmen kolektiborako negoziazio mahaia eratu da.

Patronalaren aldetik, Nafarroako Metaleko Enpresaburuen Elkartea (ANEM), Nafarroako Metaleko Enpresa Txiki eta Ertainen Elkartea eta, langileen aldetik, sektorean ordezkaritza handiena duten lau sindikatuak bildu gara. Bilera egiteko arrazoia sektoreko hitzarmen autonomikoa berritzeko negoziazioen hasiera izan da. Prozesu osorako negoziazio-mahaia izango dena eratu da, eta sindikatu bakoitzaren ordezkaritza-ehunekoak ezarri dira.

LABen gure indar guztiak bildu nahi ditugu, behingoz, hitzarmen hau patronalaren beharren neurrira egindakoa izan ez dadin, azken batean, langileen hitzarmena izan dadin, langileen aldarrikapen eta beharrak kontuan hartuz.

Enplegu prekarioa ari da sortzen, eta Madrilgo lan erreformak ez die erantzuten testuinguruaren beharrei

Enplegua errekuperatzen ari da, horixe da gaurko prentsan titular gehienetan irakurtzen ari garena. Izan ere, Hego Euskal Herrian azaroan baino 2.610 langabetu gutxiago zeuden abendu bukaeran, eta gainera, gazteak eta emakumeak dira enplegua lortu duten gehienak, zerbitzuen sektorean batik bat.

Titular horrek ordea irakurketa desberdinak dauzka. Oraindik 146.871 pertsona baitaude enplegu bat topatu nahian eta ezinean, eta horietatik bi herenek ez du inolako prestaziorik jasotzen. Epe luzeko langabezia izugarri handitu da azken hilabeteetan, prekaritatea nagusi da sortzen den enpleguan, eskarmentu nahikoa dugu gazteen eta emakumeen enplegua sortzen denean kalitate eskasekoa izaten dela esateko. Soldata arrakalak errealitate gordina izaten jarraitzen du, eta egin diren kontratuetatik %91 behin-behinekoa zen.

Krisitik atera garen diskurtsoa nagusitzen hasteko arriskuan gaude, eta errealitate honen aurrean memoria pixka bat egitea tokatzen zaigu. Izan ere, 2008ko krisitik hainbat lan erreformekin atera ginen, krisia “gainditzea” ez zen langileriaren onerako izan, kalterako baizik.

Estatu Espainolean ezarri zituzten 2010 eta 2012ko lan erreformek oso modu sakonean aldatu zituzten Hego Euskal Herriko lan harremanak. Erreforma haiek hain izan ziren sakonak, non hamarkada baten ondoren biztanleriaren lan eta bizi baldintzak nabarmen okertu baitzituzten. Hego Euskal Herrian pobrezia areagotu egin da, desberdintasun sozialak handitu, kapitalaren eta lanaren errenten arteko desproportzioa hazi, soldata arrakalak areagotu dira… Luze jo genezake lan erreformen ondorio kaltegarriak zerrendatzen jarraituko bagenu. Nolanahi ere, zera azpimarratu nahi genuke: erreforma haiek langileriaren aurkako eraso zuzena izan zirela, patronalari eta kapitalari eginiko opari handi bat, eta ondorioak oso kaltegarriak izan direla Hego Euskal Herriko gehiengo handienarentzat.

Eta testuinguru honetan adostu dute Madrilen lan erreforma berria, ez da Euskal Herriko langileriak behar duen erreforma. Hego Euskal Herriko langileriari bere bizi eta lan baldintzetan hain modu zuzenean eragiten dion erreforma adostu dute, bertako eragileen inolako parte hartzerik gabe. Urrun geratu da lan erreformaren indargabetzea, urrun egungo egoerak eskatzen duen lan erreforma.

LABen sakoneko aldaketak behar direla uste dugu, eta ziur gaude aldaketa horiek ez direla Madriletik etorriko. Bada garaia bertako bide orriari eusteko, eta bide horretan, bertako langileriaren hoberako izango den lan kode baten aldeko apustua egiten dugu, egun, herri eta klase bezala ditugun erronkei erantzungo dion lan kode baten aldekoa.

Eta aipatu helburuekin mobilizatuko gara urtarrilaren 27an. Lan erreforma arbuiatu, patronalari ez aplikatzeko exijitu eta enplegu duinaren defentsan mobilizatuko gara.

Helegitea irabazita, mobilizazio ziklo berriaren mesedetan jarriko dugu gure Borroka Kutxa #LortuDugu

2018ko otsailean Bizkaiko Aldundiak erresistentzia edo borroka kutxaren inguruko errekerimendua bidali zien sindikatu desberdinei eta ildo bera jarraitu zuten beste Aldundiek ere. Bere garaian salatu genuen bezala, sindikatuok dagozkigun zergak ez ordaintzearen itzala zabaltzeko asmoa zegoen errekerimendu horren atzean. LABek jarritako helegiteari esker, Aldundiak oker zeudela ebatzi dute epaitegiek: Borroka Kutxako ordainketak tarteko LAB Sindikatuak ez du erretentziorik gauzatu beharko. Epaia irabazi ondoren, hamar urte bete dituen Borroka Kutxa borroka ziklo berriaren mesedetan jarriko du LABek. Gaiaren inguruan agerraldia egin dute Igor Arroyo Idazkari Nagusi ondokoak eta Aihize Muniozguren Idazkari Juridikoak.

Ainhize Muniozguren LABeko Idazkari Juridikoak azaldu duen bezala, Aldundien eskaera ikuspegi teknikotik harrigarria izan zen, izan ere, araudian ez baitzen eman inongo aldaketarik mota honetako diru-sarreren zergapetzeari dagokionez. Hau dela eta, errekerimenduaren atzean atzean erabaki politiko bat zegoenaren susmoa hartu zuen hasieratik LABek.

LABek Aldundiaren errekerimenduaren aurka egin zuen, bi argudiotan oinarritua: batetik, Borroka Kutxatik jasotako laguntza ezin zela lan-etekintzat hartua izan; bigarrenik, lan-etekin gisa hartuko balitz ere, ezin zitzaiola, lan harremanetan egiten den bezala, %2ko gutxieneko erretentzioa aplikatu, Sindikatuaren eta bere afiliatuen arteko harremana ez baita lan harreman bat baizik eta harreman sindikala.

Arabako Aldundiak ez zuen espedienterik ireki eta prozedura bertan behera geratu zen. Bizkaikoak espedientea ireki bai baina ondoren LABen alegazioak aintzat hartu zituen. Gipuzkoakoak, aldiz, ez zituen alegazioak aintzat hartu eta LABek epaitegira jo zuen. Bada, EAEko Auzitegi Nagusiko Kontentziosoko Salak onartu egin du gure demanda eta ebatzi du Aldundiek LAB sindikatuari ezarri nahi zioten legedia ez dela aplikagarria, oinarrian dagoen harremana sindikala delako.

Igor Arroyo LABeko Idazkari Nagusi ondokoak Borroka Kutxaren garrantzia azpimarratu du: “2011an sortu genuenetik, kasik 3.000 langileri eman die babesa,  greban ari ziren langileei laguntza emanez zein ekintza sindikalaren ondorioz jasotako isun eta bestelako zigor ekonomikoei aurre eginez. Hilabete hauetan zehar aldarrikatzen ari garen bezala, Euskal Herrian borroka ziklo berri bat martxan jartzera goaz eta horretarako tresnak beharrezkoak dira, besteak beste, Borroka Kutxa”.

Hauxe da LABen Borroka Kutxak eskaintzen duen kobertura:

    • Isun eta fidantzak. 10.000 euro bitartean.

    • Prozesu penaletako aholkularitza eta kostak.

    • Enpresak ezarritako zigorrak.

    • Kaleratze ideologikoak. Arrazoi ideologikoengatik kaleratutako langileak Borroka Kutxaren laguntza izango du epaiketa arte, greban jasoko lukeen baldintza berberetan.

    • Grebak. Hirugarren egunetik aurrera, eguneko 30 euro jasoko dira (900 euro hilero), hala lanaldi osoan nola lanaldi partzial inposatuan. Soldata netoa eta Kutxaren hileko baturak ezin izango du ohiko soldata gainditu, ez eta 1.500 euroko kopurua.

LABen Borroka Kutxak dituen ezaugarri berezituak azpimarratu ditu Arroyok. Lehenik eta behin, grebei dagokionez, gehien behar duten horiek babestera bideratuta dago LABen Borroka Kutxa: prekaritatea pairatzen duten sektoreak, horietako asko feminizatuak. Honela, lanaldi partzialean ari diren langileekiko diskriminazio positiboa egiten du (lanaldi osokoen kopuru bera jasotzen dute greba eguneko). Eta gehieneko kobertura maila ezarrita dauka (dagokion hilabetean jasotako soldata eta Kutxaren ekarpenak ezin izango dute 1.500 euro gainditu). Era berean, sindikalizatuta ez dauden sektoreei ere Borroka Kutxa erabiltzeko aukera ematen die LABek (afiliatu eta sei hilabeteko afiliazio antzinatasuna atzera eraginkortasunez ordaintzen duen langile orok du jasoko du laguntza).

Bigarrenik, grebetarako ez ezik, ekintza sindikalaren ondorioz jasotako isun eta bestelako zigor ekonomikoei aurre egiteko ere erabiltzen da Borroka Kutxa, 10.000 euro bitarteko kobertura bermatuz; horri esker, Mozal Legea eta bestelako neurri errepresiboek ez dute sindikatuaren ekintza sindikala baldintzatzen. Era berean, kaleratze ideologikoen kasuan ere aktibatu daiteke.

Honela, sindikalgintza eta bere lorpenak indargabetzeko Patronalaren taktika ezberdinei (hala nola grebetan langileak ekonomikoki itotzea, isun eta zigorrak ezartzea edota kaleratze ideologikoak egitea) aurre egiteko babes eraginkorra eskaintzen du Borroka Kutxak. LABentzat Borroka Kutxa ez da helburu bat bere baitan, baizik eta borroka tresna bat. Derogatu ez diren lan erreformek Patronalari emandako botereari aurre egiteko, greba eraginkorren eta ekintza ausarten beharra berresten du LABek.

Etxebizitza eskubidea bermatzeko neurriak hartzea eskatzen diegu instituzio publikoei

Atzo Bilbon emakume* etxegabe bat hil zen. Pobrezia eta prekaritatera kondenatzen gaituen sistema honek erail zuen, sistema kapitalistak etxebizitza duin baterako eskubidea sistematikoki ukatzen duelako. Etxebizitza eskubidea bermatzeko neurriak hartzea galdegiten diegu instituzio publikoei.

Etxebizitza negoziorako eta espekulaziorako eremua bilakatu da, Euskal Herrian gero eta pertsona gehiago etxebizitzarik gabe aurkitzen diren artean (bereziki hiriguneetan). Ez dago politika publiko erreal eta eraginkorrik etxebizitza eskubidea bermatzeko norabidean; kontrara pobrezia eta etxebizitzarik ez izatea kriminalizatu eta jazarri egiten dira, arazoaren jatorriari begiratu ordez honen ondorioak ezkutatu asmoz. Adibide argiena dugu hainbat udalek harturiko jarrera, tartean Bilbo edo Gasteizkoak, etxegabeko pertsonek lo egiteko baliatzen dituzten espazio publikoak hesituz.

Etxebizitzarena egiturazko arazo bat da, eta etxebizitzarik gabeko pertsonen egoera honen aurpegi gordinena. Etxebizitza bat izatea oinarrizkoa da bizitza bizigarri baterako, eta beste hainbat oinarrizko eskubide baldintzatzen ditu: osasuna, intimitatea, segurtasuna, errolda, parte hartze politiko eta soziala…

Horregatik eskatzen dugu:

    • Etxebizitza eskubide subjektibo erreala izan dadin politika publikoak garatu daitezela.

    • Etxebizitza parke publikoa indartu eta etxebizitza hutsen gaineko gestio eta kontrol publikoa eskuratzea, etxebizitza alternatibak eskaini ahal izateko.

    • Alternatibarik gabeko etxe-kaleratzeak debekatu eta etxebizitza eskubidea bermatuta ez dagoen bitartean erabilerarik gabeko etxebizitzen okupazioa despenalizatzea.

    • Etxerik gabeko pertsonen eskubide sozialak bermatzeko neurriak hartzea, diskriminazioa, bazterketa eta jazarpena ekidinez.

Gainera, sistema kapitalistak pobretzea eta prekaritatea bizitzaren eremu guztietara hedatzen ditu. Arazoa errokoa da eta beraz, erroko aldaketa da beharrezkoa. LABen borroka ziklo berri bat abiatzeko apustuan berresten gara, langileon lan eta bizi baldintzak eraldatzeko.