2024-04-25
HomeEkintza PolitikoaLan erreforma honi ezezkoa eman behar zaio Kongresuan, lantokietan eta kalean

Lan erreforma honi ezezkoa eman behar zaio Kongresuan, lantokietan eta kalean

Garbiñe Aranburu Idazkari Nagusiak eta Xabier Ugartemendia Ekintza Sindikala eta Negoziazio Kolektiboko idazkariak prentsaurrekoa eman dute lan-erreformaren aurrean egiten dugun azterketaren berri emateko. Aranbururen hitzetan, “ez da egon kontraerreformarik. Madrileko Elkarrizketa Sozialaren emaitza CEOEren garaipena izan da: lan erreformarik ez da indargabetu eta aurreko erreformen neurririk atzerakoienak bere horretan mantentzen dira”.

Ugartemendiak aipatu ditu LABek akordioari ikusten dizkion hutsune nagusiak:

  • Negoziazio kolektiboa zentralizatzeko asmoari eusten zaio, marko propioa ez du bermatzen. Gure lan harremanak hemen negoziatu eta erabakitzeko eskubidea ez dago bermatua.
  • Kaleratzeek libreak eta oso merkeak izaten jarraituko dute.
  • Prekarizazioa eta pobretzea sortzen duen lan harreman eredua ez du eraldatuko.

Aranbururen arabera, estatuko elkarrizketa sozialeko mahaiaren emaitza ez da sorpresa izan. “Guk hasieratik esan dugu ez dagoela lan erreformaren indargabetzea eta patronala akordioan egotea batuko dituen itsasgarririk. Bruselak nahi moduan, patronalarekin akordioa lortzea izan da lehentasuna eta horrek noski, edukiak apaltzea dakar berarekin. CEOE pozik agertu da eta egin duen balorazioak ez du zalantzarako tarte handirik uzten, akordio honek ez du patronalaren boterea mugatzen eta lan harremanen desoreka zuzentzen. PSOE – Podemos Gobernuak bere hitza jan du, ez da lan erreforma indargabetu, ez eta eraberritu ere”.

Era berean, gogoratu du estatuko elkarrizketa sozialean euskal langileok ez gaudela ordezkatuak eta akordioak ez diela erantzuten Euskal Herriko langileen aldarrikapenei. Gaineratu du 17 sindikatuk, nazio desberdinetako sindikalismo soberanista eta eraldatzaileak bat egin dugula erreforma hau errefusatzerakoan. Tartean Euskal Herriko gehiengo sindikalak, Galizako CIG eta CUT, Kataluniako Intersindikala edota IAC, Intersindikal Canaria eta Valentziako intersindikalak beste batzuen artean.

“Lan erreforma indargabetzeko eta lan harremanak eraldatzeko lanean, borrokan jarraituko dugu”, gaineratu du Aranburuk, “LAB moduan, urtarrilaren 27an Aldarrikapen Eguna jarri dugu. Baina egoerak hori baina gehiago eskatzen du eta ezker soberanismoaren eremuko eragile politiko, sindikal eta sozialen artean erantzun ahalik eta zabalena artikulatzen saiatuko gara”.

Zehaztu du, Estatuan eta Euskal Herrian, bi eremuetan eragitea izango dela LABen apustua. Estatuari dagokionez, aste hauek erabakigarriak izango dira lan erreformaren bilakaerari dagokionez, Madrilgo Kongresuan oraindik ere badago eragiteko aukera. Inbestidura posible egin zuten nazio desberdinetako alderdi soberanistak erreforma honen aurka azaldu dira. Lan erreforma honi ezin zaio bide eman.

Euskal Herriari dagokionez, euskal bide orri bati ekiteko momentua da. Lan erreforma honen aplikazioa oztopatu behar dugu, patronalaren neurrirako erreforma hau ez aplikatzea izango da gure borroka. Bestetik, erreformaz erreforma eraiki den lan harreman ereduak soldata baxuak, enplegu prekarioa eta langileen pobretzea sustatzen ditu. Eredu horrek eraldaketa sakon bat eskatzen du. Eraldaketa hori, Euskal Herrian borrokatu behar dugu. Euskal Herrirako Lan Kode bat egiteko proposamena erregistratu dugu Gasteiz eta Iruñeako Parlamentuetan.

Lan Kode horrek, soldata eta enplegu duinak ziurtatu, kaleratzeak mugatu, diskriminazio ororekin amaitu, lan harremanak demokratizatu eta negoziazio kolektiborako eskubidea berreskuratu edota, lan guztiak aitortu eta zaintza lanak berrantolatzeko proposamenak jasotzen ditu. Enplegua, zaintza eta ondasuna banatzeko proposamenak, hain zuzen ere.

Euskal Esparru propioa eraikitzeko egun ditugun eskumenak mugatuak dira, burujabetza behar dugu. Edozein Estatus politikoren eztabaidak langileen interesei erantzuteko, erdigunean egon behar duen kontua da hau.

Enplegu eta babes sozial gaietan erabaki ahalmen osoa izan behar dugu. Eskumenak mugatuak izanik ere, gaurdanik, esparru propio bat egituratzen joatea beharrezkoa da. Badaude horretarako formulak eta CONFEBASK eta CEN patronala interpelatu ditugu, gutxieneko soldata 1400 eurotan ezartzeko, soldata arrakala gainditzeko, lanaldia murrizteko, kalerapenak mugatzeko edota enplegua duintzeko proposamena adosteko.

Eta hau ez da patronalari egiten diogun eskaera soila. Gobernuak ere interpelatzen ditugu, bukatu behar da gobernu eta patronalaren arteko sinbiosiarekin eta bada garaia langileen mesedetan izango diren akordioak bultzatu ditzaten.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Euskara baztertzailetzat jo eta hizkuntzaren normalizazio prozesua kolpatzen duen enegarren epaia

Euskal administrazioa euskalduntzeko prozesuaren aurka pairatzen ari garen oldarraldiaren barruko epai berri bat ezagutu dugu. Kasu honetan, Donostiako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak Eibarko udaltzain lanpostu baterako euskara-eskakizuna frogatu beharretik salbuetsi ditu hautagaiak ezohiko egonkortze deialdi batean, hautagaietako batek jarritako helegitea partzialki onartuta.

Lan osasuna bermatzeko prebentzioa jorratzea premiazkoa dela aldarrikatu dugu sindikatuok

Gaur, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunaren bezperetan gauden honetan, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde, HIRU eta CGT (Nafarroan) sindikatuok osatzen dugun intersindikalak irmoki salatu dugu langileok gure osasuna jokoan ipintzen dugula, bizitza duin baterako diru sarrera nahikorik bermatzen ez duten enpleguetan.

Nafarroako Arartekoak Hezkuntzari gomendatu dio Lanbide Heziketan diharduten PTak ere “saritu” ditzala

LABek eskatuta, Patxi Verak zuzentzen duen erakundeak Hezkuntzari eskatu dio beharrezko neurriak har ditzala Lanbide Heziketako PTei ere aplikatzeko DBHra atxikita daudenek jasotzen duten soldataren %5,45eko osagarria.