2024-04-24
HomeEkintza SindikalaHelegitea irabazita, mobilizazio ziklo berriaren mesedetan jarriko dugu gure Borroka Kutxa #LortuDugu

Helegitea irabazita, mobilizazio ziklo berriaren mesedetan jarriko dugu gure Borroka Kutxa #LortuDugu

2018ko otsailean Bizkaiko Aldundiak erresistentzia edo borroka kutxaren inguruko errekerimendua bidali zien sindikatu desberdinei eta ildo bera jarraitu zuten beste Aldundiek ere. Bere garaian salatu genuen bezala, sindikatuok dagozkigun zergak ez ordaintzearen itzala zabaltzeko asmoa zegoen errekerimendu horren atzean. LABek jarritako helegiteari esker, Aldundiak oker zeudela ebatzi dute epaitegiek: Borroka Kutxako ordainketak tarteko LAB Sindikatuak ez du erretentziorik gauzatu beharko. Epaia irabazi ondoren, hamar urte bete dituen Borroka Kutxa borroka ziklo berriaren mesedetan jarriko du LABek. Gaiaren inguruan agerraldia egin dute Igor Arroyo Idazkari Nagusi ondokoak eta Aihize Muniozguren Idazkari Juridikoak.

Ainhize Muniozguren LABeko Idazkari Juridikoak azaldu duen bezala, Aldundien eskaera ikuspegi teknikotik harrigarria izan zen, izan ere, araudian ez baitzen eman inongo aldaketarik mota honetako diru-sarreren zergapetzeari dagokionez. Hau dela eta, errekerimenduaren atzean atzean erabaki politiko bat zegoenaren susmoa hartu zuen hasieratik LABek.

LABek Aldundiaren errekerimenduaren aurka egin zuen, bi argudiotan oinarritua: batetik, Borroka Kutxatik jasotako laguntza ezin zela lan-etekintzat hartua izan; bigarrenik, lan-etekin gisa hartuko balitz ere, ezin zitzaiola, lan harremanetan egiten den bezala, %2ko gutxieneko erretentzioa aplikatu, Sindikatuaren eta bere afiliatuen arteko harremana ez baita lan harreman bat baizik eta harreman sindikala.

Arabako Aldundiak ez zuen espedienterik ireki eta prozedura bertan behera geratu zen. Bizkaikoak espedientea ireki bai baina ondoren LABen alegazioak aintzat hartu zituen. Gipuzkoakoak, aldiz, ez zituen alegazioak aintzat hartu eta LABek epaitegira jo zuen. Bada, EAEko Auzitegi Nagusiko Kontentziosoko Salak onartu egin du gure demanda eta ebatzi du Aldundiek LAB sindikatuari ezarri nahi zioten legedia ez dela aplikagarria, oinarrian dagoen harremana sindikala delako.

Igor Arroyo LABeko Idazkari Nagusi ondokoak Borroka Kutxaren garrantzia azpimarratu du: “2011an sortu genuenetik, kasik 3.000 langileri eman die babesa,  greban ari ziren langileei laguntza emanez zein ekintza sindikalaren ondorioz jasotako isun eta bestelako zigor ekonomikoei aurre eginez. Hilabete hauetan zehar aldarrikatzen ari garen bezala, Euskal Herrian borroka ziklo berri bat martxan jartzera goaz eta horretarako tresnak beharrezkoak dira, besteak beste, Borroka Kutxa”.

Hauxe da LABen Borroka Kutxak eskaintzen duen kobertura:

    • Isun eta fidantzak. 10.000 euro bitartean.

    • Prozesu penaletako aholkularitza eta kostak.

    • Enpresak ezarritako zigorrak.

    • Kaleratze ideologikoak. Arrazoi ideologikoengatik kaleratutako langileak Borroka Kutxaren laguntza izango du epaiketa arte, greban jasoko lukeen baldintza berberetan.

    • Grebak. Hirugarren egunetik aurrera, eguneko 30 euro jasoko dira (900 euro hilero), hala lanaldi osoan nola lanaldi partzial inposatuan. Soldata netoa eta Kutxaren hileko baturak ezin izango du ohiko soldata gainditu, ez eta 1.500 euroko kopurua.

LABen Borroka Kutxak dituen ezaugarri berezituak azpimarratu ditu Arroyok. Lehenik eta behin, grebei dagokionez, gehien behar duten horiek babestera bideratuta dago LABen Borroka Kutxa: prekaritatea pairatzen duten sektoreak, horietako asko feminizatuak. Honela, lanaldi partzialean ari diren langileekiko diskriminazio positiboa egiten du (lanaldi osokoen kopuru bera jasotzen dute greba eguneko). Eta gehieneko kobertura maila ezarrita dauka (dagokion hilabetean jasotako soldata eta Kutxaren ekarpenak ezin izango dute 1.500 euro gainditu). Era berean, sindikalizatuta ez dauden sektoreei ere Borroka Kutxa erabiltzeko aukera ematen die LABek (afiliatu eta sei hilabeteko afiliazio antzinatasuna atzera eraginkortasunez ordaintzen duen langile orok du jasoko du laguntza).

Bigarrenik, grebetarako ez ezik, ekintza sindikalaren ondorioz jasotako isun eta bestelako zigor ekonomikoei aurre egiteko ere erabiltzen da Borroka Kutxa, 10.000 euro bitarteko kobertura bermatuz; horri esker, Mozal Legea eta bestelako neurri errepresiboek ez dute sindikatuaren ekintza sindikala baldintzatzen. Era berean, kaleratze ideologikoen kasuan ere aktibatu daiteke.

Honela, sindikalgintza eta bere lorpenak indargabetzeko Patronalaren taktika ezberdinei (hala nola grebetan langileak ekonomikoki itotzea, isun eta zigorrak ezartzea edota kaleratze ideologikoak egitea) aurre egiteko babes eraginkorra eskaintzen du Borroka Kutxak. LABentzat Borroka Kutxa ez da helburu bat bere baitan, baizik eta borroka tresna bat. Derogatu ez diren lan erreformek Patronalari emandako botereari aurre egiteko, greba eraginkorren eta ekintza ausarten beharra berresten du LABek.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Denbora agortzen ari da eta Eusko Jaurlaritzak ez du konpromisorik hartzen

Datorren apirilaren 26an, ezustekorik ezean, Stellantis multinazionalak Mecaner enpresaren itxiera aurrera eramateko aurkeztu duen enplegu-erregulazioko espedientearen kontsultaldia amaituko da. Kontsulta-aldi honetan izandako bileretan, Enpresa Batzordearen gehiengoak argudiatu du multinazionalak hartutako erabakia ez dela arrazoi ekonomikoengatik, ez eta ekoizpen- edo antolaketa-arrazoiengatik ere, baizik eta erabaki estrategiko batengatik, eta produkzio-alternatibak planteatzen zituen trantsizio ekosozialeko plan bat jarri du mahai gainean.

Entzierro bat antzeztu dugu Iruñean Nafarroako zahar egoitza pribatuen hitzarmenaren negoziazioen blokeoa salatzeko

LAB sindikatuko zenbait kidek eta zahar egoitzetako langileek entzierro bat antzeztu dugu gaur goizean Iruñeko karriketan barna, protesta-ekintza gisa, Nafarroako zahar etxe pribatuen lehen hitzarmenaren negoziazioek etengabeko blokeoa jasaten dutelako. Helburu berarekin, gaurko bertze greba egun bat deitua genuen.

ZF LEMFORDER TVAn kaleratzerik ez dugu onartuko

LABetik Ermuko ZF LEMFORDER TVA enpresako langile gazte baten kaleratzea salatzen dugu. Enpresak langileari deitu zion antzinatasunagatik hurrengo errelebo kontratua izatea tokatzen zitzaionean, baina, ordea, enpresak jakinarazi zion egun hori zela enpresan lan egingo zuen azken eguna.