2026-07-17
Blog Page 375

Arabako metalgintzan mobilizazioekin jarraitzea beharrezkotzat jotzen dugu

Gaur, ekainak 3, Arabako Metaleko Mahai Negoziatzailea bildu da. Bertan ez da inolako aurrerapenik egon; hori dela eta, LABek uste du sektorean mobilizazioekin jarraitu behar dugula. Hortaz, hurrengo ostiralean, ekainak 10, konzentrazio bat gauzatuko dugu SEAren Batzar Nagusiaren aurrean.

Sektoreko 1. greba zikloa pasatuta, gaur berriro bildu da Arabako Metaleko Mahaia. Gaurkoan ere, SEA patronalak berriro eskatu digu sindikatuoi mugitzeko, berak inolako mugimendurik egin gabe. LABen ustez, hori jarrera arduragabea da, SEAk uko egiten baitio berriz ere sektoreko arazoei erantzungo dien hitzarmen bat adosteari. 

Hori dela eta, LABek beharrezkoa ikusten du sektorean mobilizazioekin jarraitzea. Ildo horretan, LABek beste sindikatuekin batera adostu nahi du mobilizazio egutegi berri bat, non grebak eta ekimen eraginkorrak bilatuko ditugun Arabako Metalean lan baldintza duinak lortzeko. 

Lehenengo mobilizazioa jada adostuta daukagu sindikatuon artean: ekainaren 10ean, SEAren Batzar Nagusiaren aurrean konzentrazioa burutuko  dugu. Bertan argi eta garbi esango diegu konpromiso irmoak eta zehatzak hartu behar dituela Arabako Metaleko lan baldintzak duintzeko: soldata igoerak KPIren gainetik, lanaldia modu nabarmenean jaistea, subrogazio efektiboa azpikontratetan, malgutasuna eta behin behinekotasuna mugatzea, diskriminazioekin amaitzea, lan osasuna bermatzea, bajan egonda soldata ez galtzea…

Beraz, LABek dei egiten die langileei mobilizazioetan parte hartzera.

Bizkaiko metalgintzako hitzarmenenaren blokeoaren erantzuleen aurrean mobilizatu gara

Bizkaiko metalgintzako zazpi sindikatuak kalera irten gara, eta FVEM patronaleko Batzorde Exekutiboko bazkide diren enpresen aurrean mobilizatu gara, 52.000 langileri eragingo lieken herrialdeko hitzarmen duin baten defentsan. Hain zuzen ere, Tecuni, Arteche, ITP, Sidenor, Eldu, Ormazabal, Murueta ontziolak eta beste enpresa batzuetako enpresaburuak daude patronalaren zuzendaritzan.

Duela hiru urte egindako gatazka gogoan, borrokarako prest gaudela nabarmendu dugu sindikatuok berriki egindako agerraldian: “Edo patronalak negoziazioa desblokeatzen du eta benetako negoziazioa aktibatzen da mahaian, edo sektoreko langile guztiei dei egingo diegu beraien enpresetatik eta kaleetatik exijitzeko”. Ildo honetan egin dugu mobilizazio eguna.

Aldamiotik erorita, berriro ere

Joan zen maiatzaren 30ean Garesen istripu larria izan zuen langilea ostegunean hil zela jakin berri dugu. 58 urteko langilea, etxeberritze lanetan ziharduela, aldamiotik erori zen ezagunak ez diren baldintzetan.

Kapitalismoak eragindako beste lan heriotz bat, beste familia bat birrindurik, eta beste drama sozial bat. Gutako edonori gerta dakioke, goizean lanera joateko jaiki eta ez itzultzea. 31 langile hil dira Euskal Herrian, 6 Nafarroan, 2022an lan istripuz dagoeneko. Horietatik 7 altueretatik erorita.

Behin eta berriz jarri dugu mahai gainean istripu hauek saihesgarriak direla, honen atzean ematen diren drama pertsonal eta sozialak ekidin daitezkeela prebentziorako neurriak beteko balira.   

Kezkagarria da Gares erdian egiten ari den obra batean segurtasun neurriak betetzen ez dituen aldamio bat  nola egon daitekeen, babes perimetralik gabekoa. Zeinen erraza suertatzen den segurtasun neurriak ez betetzea mundu guztiak baitaki ez inspekzioak ez NOPLOIeko teknikariek ez dutela obra ikuskatuko.

Bistan da benetako neurriak hartzen ez diren bitartean odol isuria ez dela etengo. Ezinbestekoa da, beraz, gaia jendarteratzea eta modu horretan eskumenak dituzten autoritateei arazoaren adinako bitartekoak jartzea, Europako beste herrialde batzuetako adibidea jarraituz.

Dei egiten diogu Nafarroako Gobernuari jar ditzala beharrezko baliabideak patronalari lan osasunerako neurriak betearazteko. Ezin dugu onartu lan istripu eta gaixotasun profesionalen egoera deskontrolatu hau, inolaz ere.

Enpleguaren, teknologiaren eta ekoizpen guneen defentsa exijitu diogu Jaurlaritzari Siemens Gamesaren kasuan

Gaurkoan Eusko Jaurlaritzak enpresan ordezkaritza dugun 4 sindikatuekin izandako bileran ez dugu Siemensek eman ditzakeen urratsen inguruko informaziorik jaso. Siemenseko zuzendaritzak gardentasunik gabe jokatzen jarraitzen du eta ezinegona da nagusi langileen artean.

Gaurko bileran LABek proiektuaren etorkizunari buruzko kezka azaldu dio Eusko Jaurlaritzari eta Gamesaren salmenta prozesuan izandako jarreraren ondorioz egungo egoera bere ardura ere badela gogoratu. Enpresaren errotzea eta proiektu industrialaren bermeak haizeak eraman zituen, eta Siemensek ez du proiektuaren aldeko apusturik egin.

Horregatik, enpleguaren, teknologiaren eta ekoizpen guneen defentsan jarrera tinkoa izateko exijitu diogu. Hitzak haizeak eraman ditzakeala kontuan izanda (2017ko salmenta prozesuan gertatu moduan) LABek Eusko Jaurlaritzari konpromiso zehatzak galdegin dizkio Eusko Jaurlaritzari. Aurrerantzean, langileak antolatzeaz gain, LABek instituzioei konpromiso zehatzak galdegiten jarraituko du.

Nafarroako Konponketa Tailerren hitzarmenak bizi duen blokeoa eta utzikeria salatu dugu

Badira hiru urte baino gehiago Nafarroako Konponketa Tailerren hitzarmenaren negoziazioak ez duela aitzinatze nabarmenik. Hori dela eta, hitzarmen horrek bizi duen blokeoa eta utzikeria salatu du LAB sindikatuak gaur Iruñean eman duen prentsaurrekoan. 3.000 langile inguru daude Nafarroan konponketa tailerretan, baina lan zentro anitzetan daude sakabanaturik eta horrek lan baldintza duinen aldeko borroka zailtzen du.

LABeko Industria federazioko arduradun Asier Calderonek eta Oskar Hernandez sektoreko delegatuak ―eta negoziazio mahaiko kideak― hartu dute parte prentsaurrekoan eta azaldu dute Konponketa Tailerren sektoreak, Industriako bertze sektore batzuekin alderatuta, ez dituela bereziki lan baldintza onak eta ekintza sindikal bateratua egiteko zailtasunak dituela.

“Horregatik, negoziazio mahaia osatzen dugun alderdiok, patronalak zein sindikatuok, erantzukizun berezia dugu, ez bakarrik sektoreari baldintza duinak emateko ―inoiz baino beharrezkoagoak bizi dugun inflazio neurrigabearen aitzinean―, baizik eta, batez ere, hitzarmena bera hiltzen ez uzteko”, esplikatu dute LABeko ordezkariek.

Konponketa Tailerren Nafarroako hitzarmena 2019. urtearen hasiera hasi ziren negoziatzen. Baina ordutik negoziazioak ezer gutzi egin du aitzinera. “Negoziatzen jarraitzeko eta aitzinera egiteko borondate falta salatu behar dugu, azken bilera duela lau hilabete izan baitzen”, adierazi dute LABekoek. “Horregatik, egoera horri buelta emateko, mahaiko alderdien erantzukizunari dei egiten diogu, eta, modu berean, gainerako indar sindikalei eskatzen diegu, patronalak parametro berberetan jarraituz gero, egoera desblokeatzeko beharrezkoak izanen diren borroka-planteamenduak guztiak mahai gaineratzea, denok badakigulako hori dela kasu hauetan bide eraginkor bakarra”.

Azkenik, LABeko ordezkariek erran dute “etorkizunean, horrelako sektore sakabanatuentzat eta borroka sindikal tradizionalak aktibatzeko zailtasun handiagoak dituztenentzat, eragin esparru zabalagoko hitzarmenen bidez arautzea planteatu beharko litzateekela, borrokarako aukera gehiago emateko eta, horrela, baldintza duinagoak izateko”. Kasu honetan, LABen ustez, Konponketa Tailerretako langileek industria siderometalurgikoaren hitzarmenaren barnean egon beharko lirateke.

Grebara deitu ditugu Bizkaiko garbiketako langileak ekainaren 9, 10, 20 eta 21erako, urtean 15 paga izango dituen 1.200 euroko gutxieneko soldata eskatzeko

Martxotik hona sei greba egun egin ondoren, duela 30 urte grebara irteten ez zen sektore bat suspertzeko balio izan dutenak, eta negoziazioak bizi duen egoeraz jabetuta, LABek bat egiten du ekainerako garbiketa sektorean deitutako grebekin. Ekainaren 9, 10, 20 eta 21ean izango dira greba egunak.

Gaur jakin dugunez, patronalek hilaren 6rako aurreikusita zegoen bilera atzeratzea eskatu dute, eta bilera astebete geroago egitea: ekainaren 13an. Proposamen bat egiteko denbora gehiago behar dutela esan dute. Ia 20 bilera eta 6 greba egun ez dira nahikoak izan soldata duinak eta baldintza duinak nahi ditugula ulertarazteko. Beraz, datorren ostegun eta ostiralean berriro ere erakutsiko diegu.

Borroka historikoa egiten ari gara Bizkaiko garbiketa-hitzarmenaren alde. 12.000 langile inguruko sektorea da, feminizatua eta prekarizatua, eta azken hilabeteetan bere baldintzak duintzeko borrokarako prest dagoela erakutsi du. Gora garbitzaileak kolektiboarekin ekimenekin, okupazioekin, eserialdiekin, errepide mozketekin, kontzentrazioekin eta grebekin erakutsi dugu borrokatzeko prestutasun irmoa daukagula, eta horrela erakusten jarraituko dugu.

1.200 euroko gutxieneko soldatak nahi ditugu, eta, horretarako, beharrezkoa da patronala mugitzea eta gure aldarrikapenei erantzutea. Ez daitezela konfunditu, ez gara geldituko, ez dugu atzerapausorik emango, ezta bultzadarik hartzeko ere. Ekainaren 9, 10, 20 eta 21ean, garbitzaileak grebara itzuliko gara.

Ekainaren 9an beste greba egun bat egingo dugu Nafarroako egoitzen hitzarmenaren negoziazioan aurrera egiteko

Iazko maiatzean, mendekotasunaren sektoreko lau sindikatu nagusiek (LAB, ELA, UGT eta CCOO) proposamen bateratu bat aurkeztu genien Nafarroako patronalei eta Gobernuari, Nafarroan hirugarren adinekoen zentroen sektoreko lehen hitzarmena sinatzeko.

Hitzarmen honek Nafarroan 70 zentro baino gehiagotan banatuta dauden 4.500 langile baino gehiagoren lan baldintzak hobetzeko balio behar du. Lan baldintzen hobekuntza honako hauetan gauzatu behar da: kalitatezko kontratazioak, segurtasun eta lan osasun neurri eraginkorrak, sektorean putre funtsak eragoztea, zerbitzuen kudeaketa publikoa, sistemaren prestakuntza eta profesionalizazioa, eta ikuskapenak indartzea.

Patronalek negoziazioan ematen diren aurrerapausoak blokeatzen jarraitzen dute, eta, beraz, mobilizazioek aurrera jarraituko dute lan baldintza duinak lortu arte eta mendekotasunari arreta emateko eredua aldatu arte. Patronalen interes ekonomikoen gainetik jarri behar dira artatutako pertsonen eta arreta ematen dieten langileen interesak.

Diru publikoarekin sostengatzen den sektorea da, eta, beraz, administrazio publikoek kalitatezko zerbitzuak emateko erantzukizuna hartu behar dute beren gain. Mendekotasunaren sektorea adineko eta mendeko pertsonen arreta egokiarekin bateraezinak diren enpresa ereduetatik kanpo utzi behar da.

Hau guztiagatik, ekainaren 9an langileak grebara eta mobilizazioetara itzuliko dira, Nafarroako Egoitzen Hitzarmenaren negoziazioan aurrera egitera behartzeko. 11:00etan elkarretaratze zaratatsua deitu dute Nafarroako Gobernuaren Eskubide Sozialen Departamentuaren aurrean, eta 15:15ean beste elkarretaratze bat Lan Auzitegiaren aurrean, Hitzarmenaren Negoziazio Mahaiaren bileraren aurretik.

Osakidetzako zuzendaritzak lan eskubideak zapaltzeko eta herritarrenak murrizteko asmoa du osasun-zentro guztiak 17:00etan itxita

Atzo, Osakidetzak udako kanpainari ekin zion. Zuzendaritzak arduradun guztiei jakinarazi zien osasun zentro guztiak 17:00etan itxiko zirela. Neurri horrek lehen mailako arretako langileen eskubideak gutxiesten ditu, orain ikusi behar baitute nola aldatzen diren haien lan-karteldegiak oporrak planifikatuta dituztenean.

Kaltetutako pertsonen kontziliazio pertsonalaren eta familiarraren aurkako erasoa onartezina da hau, eta Osakidetzaren eskaintza bakarra urteotan lehen mailako arretak jasan behar dituen egiturazko arazoen aurrean, zuzendaritzak bere ohiko kanpaina eta iragarpen publizitarioekin izkutatzen dituenak.

Hau larria baldin bada, are larriagoa da lehen mailako arreta indartsua behar duten herritarrei osasun zerbitzuak are gehiago murriztea. EAJren eta PSEren gobernuaren pribatizazioaren ibilbide-orria ez da gelditzen, eta ordutegi- murrizketak eta sinesgarritasun falta oxigenoa dira osasun publikoaren disfuntzio programatuaren irabaziak dituzten negozio guztientzat.

Aurten, gainera, Osakidetzako lehen mailako arretako zentro guztien ordutegi-murrizketaz gain, salatu behar dugu landa- eremu askotan ordutegi-murrizketa horiek betikotu egin direla Gabonetako aurreko murrizketatik hona. Eta ohartarazi nahi dugu EAGak bezalako zentroak uda baterako itxi zirela eta ez zirela berriro ireki.

Osakidetzako zuzendaritzak osasun publikoa ahultzeko ibilbide-orri bat du, profesionalen eza aitzakiatzat hartuta, nahiz eta arazo hori prekaritatearen eta behin-behinekotasunaren aldeko apustua egitearen ondorioa izan. Estrategia horren ondorioz, osasun publikoak arazo larri eta nabarmena izan du planifikazio faltarekin, langile faltarekin, prekaritatearekin, behin-behinekotasunarekin eta funtzionamenduarekin, eta arazo hori ezin da konpondu herritarren presio iraunkorrik eta alderdi sozialarekin beharrezko elkarrizketarik izan gabe.

Baina elkarrizketa hori ezin da iruzurrezko proposamenekin okertu. LAB ez da joango zuzendaritzak herritarroi eskaini behar dizkigun zerbitzuen itxierak eta murrizketak babesteko erabiltzen dituen eta lan eskubideak urratzen dituzten mahai sektorialetara.

Duela 19 urte hiltzat eman nahi izan zuten Gipuzkoako egurgintzako hitzarmena berpizteko konpromisoa hartu dugu

Gipuzkoako egurgintza sektorean lan egiten duten LABeko hainbat langile ordezkarik agerraldia egin dute, eta sindikatuak hartu berri duen konpromisoaren berri eman dute; 2003. urtetik hiltzat eman nahi izan den Gipuzkoako egurgintzako herrialdeko hitzarmena berpizteko konpromisoaren berri, hain zuzen ere.

Urteetan sektoreko lan baldintzek bizi izan duten utzikeria garaiak atzean utzi eta pauso bat aurrera emateko asmoz, sektoreko langileek eta sektoreak berak ere merezi duen hitzarmen duin eta beharrezko baten lorpena lantzen hastera goaz gaurtik aurrera.

19 urte igaro dira dagoeneko Gipuzkoako egurgintzako langileek hitzarmena berritu gabe dutenetik. Urte luze bezain gogorrak izan dira hauek sektorerako. 19 urte igaro dira soldatak izoztuta dituztenetik, bizi mailaren edo eros ahalmenaren %36,9a galdu dutenetik, urteko lanaldia ukitu gabe dutenetik eta erreferentziazko gainontzeko lan eta bizi baldintza guztiak errotik ahanzturan geratu direnetik.

Egurgintzako sektore hau guztiz desaraututa geratu da denbora honetan guztian, eta are eta okerrago 2013. urtean egurgintzako Espainiako hitzarmena indarrean sartu zenetik. Enpresa bakoitzaren lan harremanak hitzarmen ezberdinez arautuak daude gaur egun; enpresa barneko akordio bidez lan baldintzak adostea lortua dute batzuek, baina oraindik ere ugariak dira lan harremanetarako heldulekurik ez eta euren eskubideak babeslekurik gabe dituzten langileak.

LAB sindikatuan hilabeteak daramatzagu itzalpeko lanak egiten, sektoreko langileongana jo eta beraien iritziak bilduaz hitzarmen honen berpizte bat bilatzeko moduak, denborak eta grinak aztertu eta aukerak neurtzen. Eta dagoeneko esan genezake iritsi dela garaia. Iritsi da garaia egurgintzako langileek ere, beste Gipuzkoako sektore ugarik bezalaxe (izan metalgintza, eraikuntza, grafikagintza…), sektoreko langile guztiontzat oinarri izango den herrialde hitzarmen duin bat izan dezagun.

Ez da onargarria gutxieneko soldata edo hitzarmen estatala izatea egurgintzako langileentzat erreferentzia. Hori aldatzera goaz. Horregatik, deia egiten diegu sektoreko patronalei prekaritate basati egoera hau aldatu eta Gipuzkoako egurgintzako langileentzako lan hitzarmen duina negoziatzeko. Borondaterik ez balego, LABek mobilizazio antolatzeko bidea hartuko du.

Hori dela eta, hemendik eta irailera bitarteko bideorri bat dugu. Alde batetik, sektoreko langileekiko bide zuzena mantenduaz eta helburuak garbi izanik, gainontzeko sindikatu guztiekin harremanduko gara elkarrekin erronka berri eta potente honi aurre egiteko elkarlanak bilatzeko. Bestalde, sektoreko enpresak interpelatzeko bide bat jarriko dugu abian, benetan uste baitugu, aspaldian usteltzen utzia den lan harremanen arautzeak langileoi ez ezik, sektoreko enpresei ere onura soilik ekarriko diela.