2026-01-25
Blog Page 374

Urtarrilaren 30ean manifestazioak egingo ditugu hiriburuetan, euskal gehiengo sindikalak deituta, lan erreforma errefusatu eta lan harremanen euskal esparrua defendatzeko

Agerraldia egin dugu Bilbon eta Iruñean, euskal gehiengo sindikalaren izenean, lan erreformaren aurka modu bateratuan antolatuko ditugun mobilizazioen berri emateko. Hain zuzen ere, urtarrilaren 30ean manifestazioak egingo ditugu, 12:00etan, Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Lan erreformaren bozketa bezperan, berriz, elkarretaratzeak egingo ditugu lantokietan. Lan harremanen euskal esparruaren defentsan mobilizatzea ezinbestekoa dela nabarmendu du LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk: “Lan erreforma hau Madrilen, Euskal Herrian eta Estatuko nazio desberdinetan errefusatu behar dugu, baita Kongresuan, lantokietan eta kalean ere”.

Garbiñe Aranburuk adierazi du lan erreformak bi arrazoi hauengatik indargabetu behar direla bereziki:

-Gure hitzarmenak hemen inolako esku-sartzerik gabe negoziatzeko dugun eskubidea bermatu behar da. Negoziazio kolektiborako gure esparru propioa bermatu behar da, eta, horren ondorioz, autonomia-erkidegoko eta herrialdeetako hitzarmenek Estatuko hitzarmenen gainetik egon behar dute.

-Kaleratzeen araudia aldatu behar da; arrazoiak gogortuz, lan-agintaritzaren eginkizuna berreskuratuz edo kalte-ordainak handituz, besteak beste.

LABeko idazkari nagusiak berretsi bezala, “elkarrizketa sozialaren azken emaitza da ez dagoela indargabetzerik, ez dagoela kontrarreformarik, ez dagoela lan-merkatuaren modernizaziorik. PPren erreformaren funtsa mantentzen da. Akordio hori Euskal Herriko gehiengo sindikaletik at gauzatu da, eta ez die hemen dauden sindikatuen aldarrikapenei erantzuten. Akordio horrek oso argi uzten du non dauden autogobernuaren mugak”.

Euskal Herriko langileentzat ez dela akordio ona berretsi du, hainbat arrazoirengatik: ez duelako bermatzen gure negoziazio kolektiboaren esparrua; kaleratzeak askeak eta oso merkeak izaten jarraituko dutelako; eta lan-merkatua eraldatuko ez duelako, besteak beste. “Langile klasearen prekarizazioa eta pobretzea eragiten duen eredua da. Akordio horrek ez du aldatu lanaren sexu-banaketan oinarritutako eredua, eta ez du onartzen emakumeok egiten dugun lanaren balio politiko, ekonomiko eta soziala”, azaldu du.

Garbiñe Aranbururen esanetan, “lan-erreforma hau indarrik gabe utzi behar da. Madrilen partidaren minutu batzuk jokatzen dira, eta minutu horiek oso garrantzitsuak dira, baina partida osoa ez da Madrilen jokatzen. Partida dago, baita Euskal Herrian ere. Lan-erreforma hau aplikatzea oztopatu behar dugu. Aldi berean, lan-harremanak eraldatzeko beharra defendatzen jarraituko dugu, bai eta erreforma egin ondoren sortu den eredua iraultzeko beharra ere. Eraldaketa hori ez da posible izango Madrilen. Subiranotasunaren beharra aldarrikatzen dugu, hortaz. Gaurtik aurrera, lan duina bermatzeko lan-harremanen berezko esparru bat antola daiteke”.

Bilbon mobilizatu dira ehungintzako, larrungintzako eta oinetakoetako merkataritzako langileak

Manifestazioa egin dute, Plaza Zirkularrean dagoen Primark-etik abiatuta, LAB eta ELA sindikatuok deituta. Urteak daramatzate soldata eguneratu gabe eta lan-baldintzak hobetu gabe.

Langileen oharra:

Ehungintzako, larrungintzako eta oinetakoetako merkataritzak langileok urteak daramatzagu gure soldata eguneratu gabe eta lan-baldintzak hobetu gabe.

CECOBIk, merkataritzako patronalak, esan digugnez, covid 19tik eratorrritako krisia duten enpresek ezin dute soldata-igorerarik onartu dendetako salmentak murrizteagatik. Bi urte igaro dira eta aitzakia berarekin jarraitzen dute, ez dute hitz egin nahi dendek online salmentarekin eman duten jauzi handiaz. Milioi askoko irabaziak zuzenean enpresarien poltsikoetara.

Erosahalmenaren galerarekin ez dira asetzen, eta gure lan-baldintzetan elementu atzerakorrak planteatzera ere ausartu dira. Zehazki:

  • Udako larunbat arratsaldeetan lan egitea.
  • Antzinatasuna desagertzea.
  • Saltokiak igande eta jaigunetan irekitzea.
  • Enpresen emaitzei lotutako soldata-igoerak.

Langileok esan dugu: nahikoa da! Gure baldintzak ez daude merkealdian! Ez gaude prest urteetako borrokan lortutako eskubide guztiak galtzeko.

Horregatik, ezinbestekoa ikusten dugu beste behin ere kaleetan ikustea, gure eskubideen alde borrokatuz. Horregatik, urtarrilaren 5ean hasitako mobilizazioa-kanpainari jarraipena emanez, hurrengo mobilizazioak urtarrilaren 14an eta 28an egingo dira.

Gure lan-baldintzak ez daudelako merkealdian, mobilizatu zaitez!

Borroka indartzea defendatzen dugu Arabako metalgintzan lan baldintzak duintzeko

Gaur, urtarrilak 14, berriro bildu da Arabako Metalaren Negoziazio Mahaia. Bileran, SEAk ez die erantzunik eman sektoreko aldarrikapenei, eta berriro luzatu nahi izan du negoziazioa. Horregatik, mobilizazioak areagotzearen aldeko apustua egin dugu, sektorean lan-baldintza duinak lortzeko.

Joan den abenduaren 21ean, LABek, ELAk eta CCOOk plataforma bateratu bat aurkeztu genion SEAri, eta Arabako Metalaren Negoziazio Mahaia deitu genuen. Bada, gaur bilera hori egin da, eta bertan, SEA patronalak negoziazioa luzatzeko jarrera berberarekin jarraitu du, aldarrikapen komun horiei erantzunik eman gabe.

Plataforma hori ezagutu zuenetik ia 4 aste igaro ondoren, sektorearentzat funtsezkoak diren gaiak baztertu edo ez ditu erantzun SEAk: soldata-igoerak KPIaren gainetik, lanaldiaren jaitsiera, subrogazioa, bajan egoteagatiko osagarriak, berdintasun eraginkorra eta laneko osasuna bermatzeko neurri zehatzak, baimenak hobetzea kontziliazioari eta erantzukidetasunari begira, errelebo-kontratua, Formazio Duala… Erantzuna beste hilabete batez atzeratu du, aurrerantz ihes egiteko eta negoziazioa blokeatzeko jarrera horri eusten diola erakutsiz.

Jarrera horren aurrean, aurreikusitako mobilizazioak areagotzearen alde egiten dugu. Urtarrilean eta otsailean enpresa eta poligonoetan sozializazio dinamika burutuko da, kotxe karabanak, kontzentrazioak eta manifestazio bateratu eta handi bat egingo da otsailaren 19an.

Hortaz, LABen ustez eta egoera ikusita, datozen hilabete hauetan lanuzte eta greba ziklo batean egon gaitezke.

Ezin dugu onartu beste 9 urte hitzarmenik gabe egotea Bizkaiko bulego eta langelen sektorean

Urtarrilaren 13an bulegoen negoziazio-mahaiari ekin zaio berriro, telelana arautzeko proposamen berri bat dela eta. LAB sindikatutik, sindikatuen eta patronalaren arteko elkarrizketarako aukera berri bat ikusten genuen, baina berriro ere, mahai honetan CEBEKen etengabeko blokeoa dagoela egiaztatu da. Patronalaren ordubeteko joan-etorrien ondoren, bilera hasi bezala amaitu da, CEBEKen eskakizun askorekin eta leiho irekirik gabe, sektore honek berriro hitzarmen probintzial bat izan dezan.

CEBEkek aurretik genekiena egiaztatu du, hau da, enpresak ez daudela prest sektore honekin zerikusirik duen ezer negoziatzeko, oso eroso bizi baitira egoera honetan, bakoitzak bere burua salba dezala egoera honetan.

Horren aurrean, LABek argi dauka aktibatzeko eta patronalari aurre egiteko garaia dela. Ezin dugu onartu beste 9 urte hitzarmenik gabe igarotzea.

Lan heriotzen odolusteak ez du etenik, 2022. urtean ere ez

Ikaztegietara eraman dugu salaketa ostiralean eta Gasteizen mobilizatu ginen ostegunean, euskal gehiengo sindikalaren izenean. Hain justu, azken bi lan heriotzen eszenatokietan bertan egin dugu protesta, prekaritateak hil egiten duela salatzeko eta erakundeei beste alde batera begiratzeari utz diezaiotela berriro exijitzeko.

Gutxienez, hiru langile hil dira jada aurten Euskal Herrian, horietatik bi altueratik erorita.

Gasteiz.

EAEko eskola-jangeletako enpresak ez dira ari COVID-19aren ondorioz baja medikoan dauden langileak ordezkatzen

Eskola-jangeletako langile asko baja medikoan daude COVID-19agatik eta ez dituzte ordezkatzen. Ulertzen dugu salbuespenezko egoera bizitzen ari garela, baina argi daukagu langileek ezin dutela euren osasunarekin ordaindu Gotzone Sagardui Osasun sailburua eta Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua pandemiaren ondorioz ikastetxeetako egungo egoeraz egiten ari diren kudeaketa negargarria.

Hezkuntza Sailak eta sektoreko patronalak, berriro ere, ahaztu egin dituzte eskola-jangeletako langileak. Hauek ere hezkuntzako langileak dira, eta azpikontratatutako langileak badira ere, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari dagokio langileentzat zein ikasleentzat jangela leku segurua izatea bermatzea.

EAEko ikastetxeetarako protokoloaren eguneratze berrian, burbuila-taldeak ezarri dituzte berriro, eta horrek, langile faltarekin batera, ekarri du begirale batek burbuila-talde bi edo gehiagoren ardura hartu beharko duela, bai jangelan, bai jolastokian.

Hau esanda, LAB sindikatuak Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari exijitzen dio jangelak kudeatzen dituzten enpresak behar ditzala langile guztien COVID-19agatiko bajen ordezkapenak bermatzera, eta ahalik eta bitarteko gehien jar ditzala zerbitzu seguru eta kalitatezkoa eman ahal izateko.

Jarrera arrazista eta biolentoei aurre egiteagatik Joseba Alvarez zigortu izana salatu dugu

“Moussa” kale artisau saltzaile senegaldarra arrazakeriaz eta indarkeriaz erasotu zuten Donostiako udaltzainei aurre egiteagatik zigortu dute Joseba Alvarez LABeko kidea. Ezarritako zigorra Fiskaltzak eta Udalak eskatutakotik oso urruti dagoen arren, oso larria iruditzen zaigu epai batek delitutzat jotzea.

Zaintza lanaren duintasuna eta mendekotasun-zerbitzuen kalitatea aldarrikatu ditugu Nafarroan

LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuok greba egin dugu Nafarroako adinduei arreta eskaintzen dien sektorean, lan baldintza duinak bermatuko dituen herrialdeko hitzarmen sektorial baten alde. Grebaz gain, mobilizazioak deitu ditugu Iruñean, Tuteran, Lizarran eta Tafallan, goizez eta arratsaldez.

Goizeko manifestazioen bukaeran irakurritako komunikatua:

COVID-aren krisiak agerian utzi ditu mendekotasunaren sektorean dauden mugak eta baliabideen falta. Nafarroan, sektore honetan lan egiten duten lau mila eta bostehun (4500) pertsona baino gehiagoren lan-baldintzak lotsagarriak direla agerian geratu da ere.

Langileak funtsezkoak izan gara eta funtsezkoak izaten jarraitzen dugu pandemiaren aurretik eta pandemia sufritzen jarraitzen dugun bitartean. Etorkizunean ere funtsezkoak izaten jarraituko dugu, gure adinekoei eta mendekotasuna duten pertsonei arreta emateko.

Pandemia garaian solidarioak eta arduratsuak izan gara eta gure lanbidearekin konprometituak, beti. Era berean, pozik eta eskertuta gaude hainbeste pertsonen esker ona helarazi digutelako, batez ere hirugarren adineko zerbitzuen erabiltzaileengandik eta haien familietatik.

Orain tinkogaude aitorpenhori benetakoa izan dadin eta gure aldarrikapenak patronalek eta Nafarroako Gobernuak kontuan har ditzaten:

•Gure lan-baldintzak hobetzea eta duintzea

•Soldata duinak

•  lanaldi zentzudunak

•Segurtasun- eta babes-neurri eraginkorrak

•Ratio egokiak

•Sistemaren prestakuntza eta profesionalizazioa

•Aldi baterakotasuna eta kontratu partzialak amaitzea

•Egonkortasuna eta etorkizuneko bermeak ematea gure lan postuetan

•Ikuskapenak indartzea

•“Putre” funtsen partaidetza mugatzea

•Zentro horien kudeaketa publikoa behingoz exijitzea.

Lan-baldintza duinek soilik ziurtatzen dituzte zerbitzu duinak eta kalitatezkoak.

Maiatzean hasi ziren Nafarroako adinekoentzako zentroen sektoreko lehen hitzarmena hitzartzeko negoziazioak.

ELA, UGT, LAB eta CCOO, sektoreko ordezkaritza handiena duten lau sindikatuek sektoreko langileen lan-baldintzak hobetzeko proposamen bateratua helarazi zieten patronalei eta Nafarroako Gobernuari baina, gaur egun, ezinezkoa izan da aurrera egitea negoziazioan patronalek mantendutako boikot-jarreragatik eta arlo horretan lan egiten duten pertsonen lan-baldintzak hobetzeari uko egiten diotelako.

Ez dugu onartuko patronalak mantentzen duen blokeoa, ez dugu onartuko inposatzen diguten negoziazioaren erritmoa. Horregatik gaude gaur hemen, greba egun honetan.

Greba egiten dugu gure sektoreko patronalek eskuratzen dituzten irabazien zama  langile-klaseak eusteari uzteko. Izan ere, sektore honetan langile gehienak emakumeak dira eta zaintza lanetazarduratzen jarraitzen dute inolako aitormenikgabe.

Bada garaia zaintza-sistemaren funtzio soziala balioesteko.

Bada garaia lan horietan arreta jartzeko. Heldu da garaia lan horiek egiten dituztenengan ere arreta jartzeko eta horien lan-baldintza duinak eskatzeko.

Mendekotasunaren sektorea estrategikoa da, gero eta garrantzitsuagoa. Horregatik, beharrezkoa da administrazio publikoek beren gain hartzea kalitatezko zerbitzuak emateko, mendekotasunaren sektorea babestuz adinekoen eta mendekotasuna duten pertsonen arretaren zerbitzuarekin bateraezinak diren enpresa-ereduen aurrean.

Bada garaia sektoreko langile guztiek merezi duten benetako aitorpena jaso dezatela, aitorpen hori nahitaezkoa eta, batez ere, justizia-ekintza bat baita.

Ez dugu onartuko orain arteko lan-baldintzak mantentzea. Zaintza lanaren duintasuna eta mendekotasun-zerbitzuen kalitatea aldarrikatzen jarraituko dugu.

Publikoak, doakoak eta unibertsalak izan daitezen eskatzen jarraituko dugu.

Mobilizatzen jarraituko dugu lortu arte.

Hezkuntza komunitatearen haserrea Baionako kaleetara eraman dugu

1.500 bat pertsona bildu gara Baionan, bertan egindako manifestazioan, Frantziako Gobernuaren gaitasun falta eta herritarrekiko mespretxua salatzeko. Hain zuzen ere, Hezkuntza arloan grebara deitu dugu gaur sindikatuok Ipar Euskal Herrian, 2022. urtearen etorrerarekin ikastetxeetan dagoen osasun protokolo zentzugabea salatzeko eta hezkuntza komunitatearen haserrea eta nekea azalerazteko. Hala, errespetua eta baliabideak exijitu ditugu Lapurdiko hiriburuko kaleetan.