2026-05-05
Blog Page 349

Heziketa Bereziko bi langileri mugagabe ez finko izaera aitortzen duen sententzia lortu dugu #LortuDugu

LAB sindikatuaren ekimenez, Gasteizko Lan Arloko 4 zenbakiko Epaitegiak mugagabe ez-finko izaera aitortu die urteetan Zerbitzu eta Obra Kontratuak (COS direlakoak) kateatu zituzten Heziketa Bereziko bi langileri.

EAEko Heziketa Berezian estrukturalak diren lanpostuak azalarazteko helburuarekin, urteetan kateatzen joan diren COS kontratuak epaiketetara eraman ditu LABek.

Gasteizko Lan arloko Epaitegiko ebazpen bi jaso berri ditu, zeintzuetan mugagabe ez-finko izaera aitortzen die Gipuzkoan eta Araban lan egiten duten aipaturiko bi langileei. Orain, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak epaia errekurritzeko aukera du.

Greba egun gehiago egingo ditugu Arabako metalgintzan, ekainaren 30etik hasita

LAB, ELA, CCOO, USO, ESK eta CGT sindikatuok greben bigarren aldi baterako deialdia egiten dugu udako oporren aurretik, Arabako Metaleko Negoziazio Mahaia desblokeatzeko asmoz.

Arabako metalgintzako maiatzeko 3 greba egunak deitu zituzten sindikatuok ekainaren 30erako, irailaren 21, 22 eta 23 deitzen ditugu berriz grebak, udako oporren aurretik SEAk pauso ausartagoak eman ditzan Arabako Metaleko Hitzarmena desblokeatzeko asmoz.

Grebaren 3 egun arrakastatsuen ondoren, badirudi SEA konturatu dela bere jarrera mugitu behar duela eta aitortu behar duela egiten dituen planteamenduak ez direla nahikoak eta ez dietela sektorearen beharrei erantzuten eta ez datozela bat plantillek sortutako aberastasunarekin.

Horren aurrean, sindikatuok kalera atera eta lantokiak hustuko ditugu berriro, uste baitugu sektoreko mobilizazioen eta greben dinamikarekin jarraitu behar dela Arabako metalgintzarako akordio duin bat lortzeko. KPIren araberako igoerak jaso behar dira tauletan eta soldata errealetan, lanaldia nabarmen jaitsi behar da, baja medikoen osagarriak hobetu behar dira, subrogazio zabala jaso behar da, malgutasuna mugatu behar da eta bizitza erdigunean jarriko duten neurriak hartu behar dira, laneko osasunean eta berdintasunean hobekuntzak egitearekin batera.

Hori guztia egiten dugu sindikatuok konprometituta gaudelako negoziazioarekin, eta zentsu horretan SEAri beste bilera bat eskatuko diogu ekainaren 29koaren aurretik. Era berean, proposamen berri bat egingo diogu soldatetan, subrogazioan eta flexibilitatean. Horregatik, SEAri exigitzen diogu negoziazioan konpromezua eta mugimenduak egin ditzala soldata errealetan eta lanaldiaren jeitsieran, besteren artean.

Bizkaiko garbiketako grebalariek langileei errespetua galtzen ari zaiela salatu dute

Joan den ostiralean, ekainaren 17an, Bizkaiko Garbiketako Hitzarmenaren negoziazio-mahaiaren bilera burutu zen, patronalek bi aldiz atzeratu ondoren bilera horretara esku hutsik agertu ziren. Ez zuten proposamenik ekarri eta denbora gehiago eskatu zuten. Proposamen bateratu bat egiteko denbora gehiago behar dutela esan ziguten, baina langileen pazientzia agortzen ari da. Jarrera horrekin sektoreko 12.000 langileekiko errespetua galtzen ari dira.

Gaur bederatzigarren greba eguna egin dugu sektorean, Samsic enpresan hasi eta Garnica enpresan amaitu den manifestazio bat eginez. Madrilen egoitza duen ASPEL patronalekoak dira biak. Bihar ikasturte honetako hamargarren greba eguna egingo dugu, hurrengo negoziazio mahaia uztailaren 6rako deituta dago, baina egoera iraultzen ez bada, argi daukagu irailean greba-diseinu gogorrago eta ugariago batekin hasiko dugula ikasturtea.

Osakidetza desegitearen eta lehen arretak bizi duen egoera larriaren aurka mobilizatzeko deia egin dugu sindikatuok

LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuon oharra, gaur egindako agerraldiaren harira:

Pasa den ekainaren 8an, Osasuneko Sailburuak oso adierazpen larriak egin zituen, eta argi utzi zituen Eusko Jaurlaritzak Osakidetzarentzat dituen planak: Lehen Arreta desegitea eta gainerako arreta zerbitzuak prekarizatzea. Eta hori guztia pribatizazioaren, zerbitzu publikoen aurkako erasoaren eta osasun aseguru pribatuen negozioaren bidean.

Une horretatik aurrera, eta ikusita bai langileak bai gizartea argi agertu direla adierazitakoaren kontra, Eusko Jaurlaritzak bere propaganda tresna guztiak jarri ditu martxan. Gaizki ulertu genuela sinestea nahi dute eta Sailburuak beste zerbait esan zuela argudiatzen dute.

Hala ere, Sagarduiren hitzak oso argiak izan ziren. Sailburuak argi eta garbi esan zuen osasun zentroak itxiko direla; batzuk erizainek bakarrik artatuko dituztela; ospitaleetako espezializazioan sakontzen jarraituko dutela, edo bestela esanda, gaur egun eskaintzen diren zerbitzuak itxiko dituztela, EAE osoan ospitale bakar batean eskaintzeko, eta herritarrak gehiago eta maizago mugitu beharko direla.

Erabateko demagogia erakutsiz, Sailburuak kultura aldaketatzat jo zuen osasun sistema publikoaren desegitea, herritarrei eskaintzen zaien osasun zerbitzuaren prekarizazioa eta plantillaren lan baldintzen debaluazioa. Ohi den bezala, erabilitako aitzakia izan zen, berriro ere, langileen eskasia. Baina azpimarratu behar dugu eskasia hori erabaki politikoen emaitza dela eta gainera, eskasia hori existitzen ez den kategorietan ere erabiltzen saiatzen direla. Baina horren atzean dagoen errealitate bakarra da osasungintza publikoa indartzeko borondate eza, eta baita inbertsioa handitzeko borondate eza ere.

Pasa den ostiralean bertan, Lehendakariak Legebiltzarrean adierazi zuen Eusko Jaurlaritzak Lehen Arreta indartuko duela eta plantillak handitu, berritu eta kontsolidatuko dituela. Salatu behar dugu Urkullu jaunak benetako errealitatea ezkutatu nahi duela. Uda honetan, ohi den bezala, Osakidetzak osasun zentroak itxiko ditu; beste batzuen ordutegia murriztuko du; ez ditu langile askoren oporrak ordezkatuko; are gehiago gainkargatuko ditu epe horretan lanean egongo diren langileak; eta prekarizatu egingo du herritarrei eskaintzen zaien arreta.

Hau da urtez urte aplikatzen den errezeta: prekarizatu, gainkargatu eta murriztu. Ez dago beste planik. Aurten, egoera larriagoa da. Osasun zentro batzuetan langileak ados jarri dira udan, zerbitzua ordutegi osoan eskaini ahal izateko, inolako murrizketarik gabe. Zentro horietan ere Osakidetza ordutegi murrizketa aplikatzen saiatu da.

Langileen kontsolidazioari dagokionez, behin eta berriz salatu dugu Osakidetzak ez duela inolako borondaterik plantillak pairatzen duen behin-behinekotasun izugarriekin amaitzeko: Osakidetzak 24.600 aldi baterako langile ditu eta 3.700 lanpostuetako estabilizazio EPE bat egingo du, behin-behinekotasuna %50ean mantenduz.

Egoera horretan, mobilizazioa inoiz baino beharrezkoagoa da. Horregatik, SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok manifestazioa deitu dugu ekainaren 26rako, iganderako, goizeko 12:00etan Bilboko Jesusen Bihotzetik.

Langileei eta herritar guztiei dei egiten diegu bertan parte har dezaten. Langile gisa, baina baita osasun publikoko paziente gisa interpelatzen gaituelako ere Osakidetzako egoerak. Dagoeneko, atxikimendu ugari jaso ditugu: elkarte profesionalak, auzo elkarteak, gizarte mugimenduak eta bestelako eragileak. Aste honetan zehar horiek lantzen jarraituko dugu.

Horrekin batera, ekainaren 22an, Lehen Arretako zentroetan ezarriko diren ordutegi murrizketak salatzeko helburuarekin, elkarretaratzeak eta itxialdiak egingo ditugu, arratsaldeko 17:00etan, Sailburuako Osasun Zentroan (Gasteiz), Amara Prim Osasun Zentroan (Donostia) eta Deustuko Osasun Zentroan (Bilbo).

Mobilizazioa inoiz baino beharrezkoagoa da. Guztion osasungintza dago jokoan.

Basogintza sektorean izandako azken lan heriotza salatu dugu Idiazabalen

Aurten 40 langile hil dira, gutxienez, lan istripuz; azkenetako batek joan den ekainaren 14an galdu zuen bizia Idiazabalen, baso lanetan zegoela, zuhaitz bat gainera erorita. Euskal gehiengo sindikalak deituta, elkarretaratzea egin dugu Idiazabalen bertan, lan heriotz hau eta gainontzekoak salatzeko.

Eskubide guztiak eskatzen ditugu pertsona guztientzat, egunero

Errefuxiatuen Nazioarteko Egunean, LABek arraza, erlijio, iritzi politiko, talde sozial, genero edo sexu-orientazio jakin bateko kide izateagatik jazarritako pertsona guztientzat asilorako eta babeserako eskubidea gauzatzearen alde egiten du.

Era berean, atzerritartasunaren eta nazioarteko babesaren arloko erregulazioak eta administrazio-prozedurak ez zaizkiela pertsona guztiei modu berean aplikatzen salatzen dugu. Eskaeren tratamenduan irizpide desberdinak daude, eta datuek hori berresten dute: Honduras (% 88 ukatu dira), Kolonbia (% 98 ukatu dira), Nikaragua (% 73 ukatu dira) edo PerĂş (% 97), Venezuela (% 97 onartu dira) eta Ukraina (% 90 onartu dira).

Euskal Herrian horrek berehalako ondorioak ditu migratutako, migrazio-igarotzako eta/edo asiloa eta aterpea eskatzen duten milaka pertsonaren bizitzetan.

Bidasoa ibaian heriotza gehiagorik ez. Joan den larunbatean jakin genuen beste gazte bat hil zela, aukerak bilatu nahian bizia galdu zuena. Gure lurraldean, gobernuek ukatu egiten dituzte aukera horiek sistematikoki.

Laneko esplotazio eta abusu gehiagorik ez. Atzo jakin genuen Durangoko eta Portugaleteko bazarren kasuaren salaketa, eta agerian utzi zuen administrazio-egoera irregularrean dauden pertsonak kontratatzen direla eta mota guztietako urraketak jasaten dituztela.

Lehen eta bigarren mailako errefuxiaturik ez. Inolako diskriminaziorik gabeko pertsona guztientzako harrera eta babes segurua.

Pertsonen zirkulazio askea eta indarkeriarik gabeko bizi-baldintza duinak lortzea oinarrizko eskubidea da guztientzat. Administrazioaren ezegonkortasuna eta bizi-babesgabetasuna konbinatzen dira prekarizazio- zirkuituak eta lan-eskubideen urraketak elikatuz. Aski da bereizkeria eta gehiegikeriekin!

Hego eta Ipar Euskal Herriko administrazioek beren erantzukizuna dute horretan guztian. LAB sindikatuak politika publikoak eta harrera duineko azpiegitura eskatzen ditu, pertsona guztientzat (migratuak, migrazio- igarobidean daudenak eta/edo asiloa eta aterpea eskatzen dutenak) bizitoki-aukerak eta enplegua baldintza duinetan lortzea aurreikusten duena. Erregularizazioa posible eta egingarria da, borondate politikoa falta da.

Azkenik, bat egiten dugu gaurko egunaren inguruan gizarte-mugimenduek egindako deialdiekin, atzo Donostian eta gaur 19:00etan Bilbon (Arriaga plaza) eta Gasteizen (Andre Maria Zuria).

Eskubide guztiak pertsona guztientzat, egunero. Euskal Herria harrera herria. Babesleku izan gaitezen, inor baztertu gabe.

Elkarretaratzea egin dugu Lakuan eskola-jangeletan negoziazioa eskatzeko

Eskola-jantokietako LABeko ordezkariek elkarretaratzea egin dute Lakuan, Gasteizko Gobernuaren egoitzaren aurrean, Hezkuntza Sailari eskatzeko 2000ko martxoaren 22ko Agindua aldatzea, eskola-jantokiak arautzen dituena, eta baita eskola-jangelen funtzianamenduaren inguruko zirkularra aldatzea ere.

Adierazi dutenez, bada garaia eredu aldaketa bat negoziatzeko, hezkuntza-sistemako langiletzat hartuko gaituena, begiraleentzako eta office-sukaldaritzako ratio berriak (ikasgeletan aldaketa bat emango denean, eskola-jantokietan ez dago inolako asmorik), txanda bakoitzeko gutxieneko jantoki-ordutegia, jantoki-ordutegitik kanpoko lanaldiaren igoera, funtzioak definitzea, euskalduntzea, prestakuntza eta hori guztia negoziazio-mahai batean erabaki beharko litzateke, langileekin batera egin ez den bezala.

LABek eskola-jantokia ikastetxe bakoitzaren hezkuntza-proiektuaren barruan egotea proposatu du, eta adierazi du eskola-jantokietako langileek ere erabakiak hartzen parte hartu nahi dutela, ikastetxe bakoitzeko hezkuntza-komunitateko gainerako langileek egiten duten bezala. Azken batean, jantokietako langileen hezkuntza-lana aitortzea eskatzen dute.

Adierazi dute nazkatuta dagoela Hezkuntza Sailak enpresetara etengabe bidaltzeaz, erantzukizuna berea baino ez denean. Nahikoa da eskola-jantokiekin negozioa egitea, lizitazioetan ondo frogatu den bezala, ez langileei ez zerbitzu hori erabiltzen duten haurrei axola ez bazaie ere. Zerbitzu hori funtsezkoa da, eta ez bigarren mailakoa, Bildarratz jaunak uste duen bezala.

Gainera, ez dituzte ahaztu itunpeko ikastetxeetako lankideak, eta EAEn kolektibitateen hitzarmen baterako negoziazio-eremu bat irekitzeko borrokan jarraituko dutela adierazi dute. LAB sindikatuak oso argi dauka. Euskal Herriko langileen lan-baldintzak hemen negoziatzen dira eta ez Madrilen.

Hezkuntza Sailak jarrera berarekin jarraitzen badu, LABek batasun sindikalari dei egiten dio hezkuntza sailari aurre egiteko eta administrazioa negoziatzera esertzera behartzeko, eskola-jantokietako langileak ere hezkuntza-sistemako langileak baitira.

Bi langile hil dira bi egunetan

Azken bi egunetan bi lan heriotza berri ezagutu ditugu, bata ostegunean, eraikuntzako langile batena Lezaman eta bestea atzo Murgian, egoitza bateko langile batena. Bi heriotzak ez traumatikoak izan dira. Lehenik eta behin geure samina eta elkartasuna eskeini nahi genieke lankide, senide eta gertukoei une gogor hauetan. Laneko azken heriotza hauekin, gutxienez 40 dira laneko heriotzak Euskal Herrian urte hasieratik.

Lehen lan heriotza hilaren 16ean gertatu zen Lezaman, 56 urteko langileak bihotzekoak jota galdu zuen bizitza. Azken urteetan ikusten ari gara badagoela hazkunde bat arazo kardiobaskularrek eragindako heriotzetan, noski laneko arrisku faktoreek eraginda edo areagotuta. Ez da kasualitatea erritmo altuek, lanaldi luzeek eta produktibitate exijentziak eragindako albokalteek arrisku faktore hau haziarazi dutela, kapitalismoaren logika zitalaren barruan. Egun hauetan pairatzen ari garen muturreko eguraldi beroak arriskuak hareagotzen ditu eta honela ulertu daitezke bi egun hauetan eman diren bi laneko heriotzak, faktore askoren baturan, hain zuzen.

Egoitza batetako langilea hil da, bere lehen lan egunean.

Hilaren 17an, bere lehen lan eguna zelarik, ondoezik sentitu eta aldageletan zendu zen Murgiako egoitza batean 56 urtetako emakume langile gasteiztarra.

Aurreko kasuan azaldu dugun bezala, ez da kasualitatea ematen ari den egoera hau. Gero eta lan baldintza gogorragoak pairatzen ari gara eta honek eragina du gure osasunean. Zer esanik ez zaintza lanetan diharduten emakumeen kasuan. Egoera eta lan baldintzak edozein direlarik, gizarteak ezinbesteko dituen zaintza lanak aurrera eramaten dituzten emakumeak. Lan erritmo altuak, lanaldi luzeak, turnizitatea, NBEen ez egokituen erabilera muturreko beroa egonik ere, aldi baterako kontratuak lan iraunkorrak egiteko, prekaritate gordina, etab.

Bistan da arazo kardiobaskularren laneko faktoreak kontrolatzea edo gutxitzea ezinbestekoa dela. Faktoreak gorantz doazela eta premiezko neurriak behar direla. Osalan eta Eusko Jaurlaritzari dei egiten diegu eskumenak eurenak diren heinean, jar ditzatela beharrezko baliabideak behingoz. Patronalari exigitzen diogu bete dezala lan osasuneko araudia eta egun bero hauetan errespeta ditzala termohigrometriako protokoloak.

Bide batez, LABek dei egiten du datozen egunetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzera. Horrela, astelehenean, ekainaren 20an, gehiengo sindikalak kontzentrazioa egingo du Idiazabalgo plazan, “Prekaritatea hiltzailea, lan istripu gehiagorik ez lemapean” 12:00etan, 14an herri honetan basogintza lanetan hil zen langilearen heriotza salatzeko.

Abesten duen langileria ez da inoiz hilko

Tantaz tanta, pausoz pauso, bagara, bagoaz. X. Biltzar Nagusia amaituta, aurrera begira jarri gara, bizi dugun krisi sistemikoari aurre egiteko erabaki berriak hartu ondoren. Etengabe birpentsatzen eta berritzen ari gara gure eredu sindikala. Ausardiarekin, determinazioarekin… eta musikarekin.

Abesten duen langileria ez da inoiz hilko, eta LAB bizirik, oso bizirik, dago. Hala adierazi nahi izan dugu Baiona-Miarritzen egindako Biltzar Nagusian, hitzordurako espreski egindako bideokliparekin. Iluntasunetik argirako bidea egiten ari gara langileen defentsan, eta egiten jarraituko dugu datozen bost urteetan. “Bella ciao” abesti iraultzailea hartu dugu bidaide, euskarazko aldaera sortuta.