2024-04-20
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaOsakidetza desegitearen eta lehen arretak bizi duen egoera larriaren aurka mobilizatzeko deia...

Osakidetza desegitearen eta lehen arretak bizi duen egoera larriaren aurka mobilizatzeko deia egin dugu sindikatuok

LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuon oharra, gaur egindako agerraldiaren harira:

Pasa den ekainaren 8an, Osasuneko Sailburuak oso adierazpen larriak egin zituen, eta argi utzi zituen Eusko Jaurlaritzak Osakidetzarentzat dituen planak: Lehen Arreta desegitea eta gainerako arreta zerbitzuak prekarizatzea. Eta hori guztia pribatizazioaren, zerbitzu publikoen aurkako erasoaren eta osasun aseguru pribatuen negozioaren bidean.

Une horretatik aurrera, eta ikusita bai langileak bai gizartea argi agertu direla adierazitakoaren kontra, Eusko Jaurlaritzak bere propaganda tresna guztiak jarri ditu martxan. Gaizki ulertu genuela sinestea nahi dute eta Sailburuak beste zerbait esan zuela argudiatzen dute.

Hala ere, Sagarduiren hitzak oso argiak izan ziren. Sailburuak argi eta garbi esan zuen osasun zentroak itxiko direla; batzuk erizainek bakarrik artatuko dituztela; ospitaleetako espezializazioan sakontzen jarraituko dutela, edo bestela esanda, gaur egun eskaintzen diren zerbitzuak itxiko dituztela, EAE osoan ospitale bakar batean eskaintzeko, eta herritarrak gehiago eta maizago mugitu beharko direla.

Erabateko demagogia erakutsiz, Sailburuak kultura aldaketatzat jo zuen osasun sistema publikoaren desegitea, herritarrei eskaintzen zaien osasun zerbitzuaren prekarizazioa eta plantillaren lan baldintzen debaluazioa. Ohi den bezala, erabilitako aitzakia izan zen, berriro ere, langileen eskasia. Baina azpimarratu behar dugu eskasia hori erabaki politikoen emaitza dela eta gainera, eskasia hori existitzen ez den kategorietan ere erabiltzen saiatzen direla. Baina horren atzean dagoen errealitate bakarra da osasungintza publikoa indartzeko borondate eza, eta baita inbertsioa handitzeko borondate eza ere.

Pasa den ostiralean bertan, Lehendakariak Legebiltzarrean adierazi zuen Eusko Jaurlaritzak Lehen Arreta indartuko duela eta plantillak handitu, berritu eta kontsolidatuko dituela. Salatu behar dugu Urkullu jaunak benetako errealitatea ezkutatu nahi duela. Uda honetan, ohi den bezala, Osakidetzak osasun zentroak itxiko ditu; beste batzuen ordutegia murriztuko du; ez ditu langile askoren oporrak ordezkatuko; are gehiago gainkargatuko ditu epe horretan lanean egongo diren langileak; eta prekarizatu egingo du herritarrei eskaintzen zaien arreta.

Hau da urtez urte aplikatzen den errezeta: prekarizatu, gainkargatu eta murriztu. Ez dago beste planik. Aurten, egoera larriagoa da. Osasun zentro batzuetan langileak ados jarri dira udan, zerbitzua ordutegi osoan eskaini ahal izateko, inolako murrizketarik gabe. Zentro horietan ere Osakidetza ordutegi murrizketa aplikatzen saiatu da.

Langileen kontsolidazioari dagokionez, behin eta berriz salatu dugu Osakidetzak ez duela inolako borondaterik plantillak pairatzen duen behin-behinekotasun izugarriekin amaitzeko: Osakidetzak 24.600 aldi baterako langile ditu eta 3.700 lanpostuetako estabilizazio EPE bat egingo du, behin-behinekotasuna %50ean mantenduz.

Egoera horretan, mobilizazioa inoiz baino beharrezkoagoa da. Horregatik, SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok manifestazioa deitu dugu ekainaren 26rako, iganderako, goizeko 12:00etan Bilboko Jesusen Bihotzetik.

Langileei eta herritar guztiei dei egiten diegu bertan parte har dezaten. Langile gisa, baina baita osasun publikoko paziente gisa interpelatzen gaituelako ere Osakidetzako egoerak. Dagoeneko, atxikimendu ugari jaso ditugu: elkarte profesionalak, auzo elkarteak, gizarte mugimenduak eta bestelako eragileak. Aste honetan zehar horiek lantzen jarraituko dugu.

Horrekin batera, ekainaren 22an, Lehen Arretako zentroetan ezarriko diren ordutegi murrizketak salatzeko helburuarekin, elkarretaratzeak eta itxialdiak egingo ditugu, arratsaldeko 17:00etan, Sailburuako Osasun Zentroan (Gasteiz), Amara Prim Osasun Zentroan (Donostia) eta Deustuko Osasun Zentroan (Bilbo).

Mobilizazioa inoiz baino beharrezkoagoa da. Guztion osasungintza dago jokoan.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ez du sinatu EAEko anbulantzietako aurreakordioa, hilabete luzetako borrokan planteatutako gutxieneko hobekuntzak ez baititu jasotzen

Anbulantzietako langileentzat Osakidetzako lankideekiko homologazioa eta soldataz haragoko bestelako hobekuntzak alde batera utzi dituzte azken asteetan LABi bizkar emanda aritu diren ELA, CCOO eta UGTk. LABek ez du sinatu aurreakordioa.

Patronalaren eta instituzioen utzikeriak dirauen bitartean prekaritateak hiltzen jarraitzen duela salatu dugu Gasteizen

Iragan asteburuan bi Euskal langileren heriotzen berri izan dugu, garraiolari bat Lleidan eta langile autonomo batena, Gasteizen. Gure elkartasuna eta besarkada beroena hurbilekoei.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak iragarritako Herri Ekimen Legegileari babesa adierazi dio LABek, gutxieneko pentsioak 1080 eurotara premiaz osagarritu daitezen

Atzo, apirilak 19, milaka euskal pentsiodun atera ziren kalera. Gasteizen egindako mobilizazioan, 1080 eurotako gutxieneko pentsioa behingoz berma dadin 170 udaletan baino gehiagotan aurkeztutako mozioak izan zituzten hizpide, baita horren segida izango den lantzen dabiltzan Legez besteko Proposamena ere. LABek mugimenduaren aldarriekin bat egiten du eta ekimen berri hau babesten duela adierazi du.