2026-01-23
Blog Page 347

Osakidetzaren immobilismoaren aurrean, sindikatuok gure jarrera negoziatzailearen aldeko apustua berretsi dugu

LAB, SATSE, ELA, CCCO, UGT eta ESK sindikatuok, mobilizazioen bidez, Osakidetzak konpromisoak eta hobekuntzak betetzea eskatzen jarraitzen dugu, gure osasun-sistema publikoak bizi duen egoera larriari buelta eman ahal izateko.

Horregatik, Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzak biharko, apirilaren 1erako, egin duen Mahai Sektorialaren bilerarako deialdi berriaren aurrean, gogorarazi nahi dugu Osakidetzak sobera ezagutzen dituela oinarrizko gaien inguruan egiten ari garen mobilizazioen xede diren aldarrikapenak, eta gure jarrera irmoari eusten diogula erabateko negoziazioaren beharrari buruz.

Gai horien artean, Osakidetzaren aurrekontua 2023. ekitaldirako handitzeko eskakizunari eusten zaio, EBko batez bestekora iritsi arte (BPGaren %7), horren %25 lehen mailako arretara bideratuz; plantillen dimentsionamendua milaka lanposturen sorrerarekin egokitzea, lan-kargak arrazionalizatu eta herritarrei kalitatezko arreta eman ahal izateko, eta 24.600 langilek baino gehiagok pairatzen duten behin-behinekotasunarekin amaitzea, %8ra jaitsi arte, plantillak finkatuz.

Era berean, galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea eta murrizketa guztiak itzultzea eskatzen dugu sindikatuok, baita Garapen Profesionalean aplikatutakoa ere. Lehen mailako arretan, arreta-ordutegiak berreskuratu eta EAG berriro ireki, baita erretiroak, lanpostu hutsak, bajak eta bestelako absentziak berehala, osorik eta lehen egunetik betetzea ere, kategoria guztietan.

Aldarrikapen horiez gain, honako hauek ere egin behar dira: arrisku psikosozialen ebaluazioa eta neurri zuzentzaileen aplikazioa, arreta berezia jarriz lan-kargetan eta pandemiaren ondorioetan; malgutasuneko eta/edo lan-bizitza eta familia-bizitza uztartzeko neurri eraginkor eta errealak abian jartzea; horrez gain, txandakotasunari, ospitaleratze-osagarriari (%4), berariazko osagarriari, mantentze-lanetako langileen eskaerei eta Santiagoko larrialdien itxierari buruz ebazteke dauden gatazkak ebaztea.

Mahai sektorial gehiago

Aldarrikapen horiei guztiei irtenbidea emateko, sindikatuok uste dugu ezin direla hilean behin bilera sektorial bakar batean jorratu, orain arte finkatuta dagoen bezala. Horregatik, egutegi zorrotz eta eraginkor bat programatzea eskatzen dugu, hurrengo hilabeteetan negoziatu ahal izateko eta neurri zehatzak eta garrantzitsuak lortzeko. Horretarako, mahai sektorialen maiztasuna handitzea eskatzen da, gai horiek negoziatzeko eta konpontzeko foro praktiko bat izan dadin.

Mobilizazioen testuinguruan, martxoaren 28an, sindikatuok apirilaren 8an Lehen Mailako Atentzioan greba egiteko deialdia argitaratu genuen, apirilaren 19tik 22ra, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroan lau greba egun eta maiatzaren 16an greba ospitale-sare osoan eta osasun mentalean.

Jaso den Mahai Sektorialaren bilera-deialdian, eguneko gai-zerrendan sartu beharreko gaiak eskatu zaizkie sindikatuei. Ildo horretan, aurretik aipatutako gai bakar bati ere uko egin gabe, sindikatuok nabarmendu dugu foro honetan aurretik ere landutako gaiak daudela, borondatetik erraz konpon daitezkeenak, eta horiek direla deitutako lehen mobilizazioen arrazoia. Hori dela eta, sindikatuok bilera hasteko eskatzen dugu, honako gai hauek lehentasunez jorratuz: mahai sektorialaren akordioak betetzea; %4ko parekatzea eta txandakako osagarria; lehen mailako arretan, ordutegiak berreskuratzea eta EAGak berriro irekitzea, gainerako gaien negoziazioaren egutegiaz gain.

Azkenik, berriro diogu Osakidetzaren benetako negoziazio-borondatearen keinu gisa, puntu horiek izan daitezela Mahai Sektorialaren garapenean jorratu beharreko lehenak.

Osasun publikoaren alde apirilaren 2an egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dugu sindikatuok

Osakidetzako intersindikala osatzen dugun LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok dei egiten diegu langile eta herritar guztiei apirilaren 2an euskal geografiako hainbat tokitan egitekoak diren osasun publikoaren aldeko mobilizazioetan parte hartzeko.

– Donostian, apirilaren 2an, 12:00etan, Easo plazatik

– Bilbo, apirilaren 2an, 17:30ean, Jesusen Bihotzetik

– Algorta, kontzentrazioa apirilaren 2an, 13:00etan, San Nikolas Plazan

– Araban, konzentrazioa Murgiako Herriko Plazan, 13.00etan

– Zornotzan, apirilaren 2an, 12.30ean, Osasun Zentrotik

Era berean, ez dugu aukera hau pasatzen utzi nahi berriro ere osasungintzaren arloan ere Eusko Jaurlaritzak praktikan jartzen dituen aurrekontu eta politika antisozialei erantzuteko gizartean sortzen ari diren ekimen guztiekiko gure eskertza adierazteko.

Beste greba egun bat egin dugu Nafarroako adinekoen egoitzetan, lan-baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea hobetzeko lehen hitzarmenaren defentsan

Adinekoen arretarako Nafarroako egoitza guztietako langileek greba eguna egin dute, laugarrena urtea hasi zenetik, LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuok deituta, hitzarmen sektoriala lortzeko bidean.

Hitzarmenak Nafarroako 70 zentro baino gehiagotan lan egiten duten 4.500 pertsona baino gehiagoren lan-baldintzak hobetzeko balio behar du. Lan-baldintzen hobekuntza honako hauetan gauzatzen da: kalitatezko kontratazioak, segurtasun- eta babes-neurri eraginkorrak, sektorean putre-funtsak eragoztea, zerbitzuen kudeaketa publikoa, sistemaren prestakuntza eta profesionalizazioa, eta ikuskapenak indartzea.

Altueratik erorita hildako langileen kopurua kezkagarria dela salatu dugu

Astelehenean hildako langilea gogoan izan dugu Eibarko Azitain industriaguneko biribilgunean, euskal gehiengo sindikalak deitutako elkarretaratzearen bitartez. Handik metro gutxira gertatu zen azken lan istripu hilgarria, langile batek altueratik erori ondoren pairatutako zauri larrien ondorioz.

Berriro salatu dugu, segurtasun ikuspegitik, inork ez duela ikuskatzen obretan lanak behar bezala egiten direnik; eta altueratik gertatutako erorikoen ondorioz hildako langileen kopurua kezkagarria dela nabarmendu dugu. Aurten, gutxienez, bost langilek galdu dute bizia modu horretan Euskal Herrian, zenbatutako 14 lan heriotzen artean.

Bizkaiko garbiketako langileek arrakastaz egin dute greba, hiru hamarkada geroago

LAB, ELA eta ESK sindikatuok, negoziazio mahaiaren gehiengoaren ordezkari, Bizkaiko Garbikuntzan deitutako sei greba egunetatik lehena egin dugu. Hilabeteak doaz negoziazioa hasi zenetik, eta, orduz geroztik, patronalak apurrak besterik ez dizkigu eskaini negoziazio mahaian. Egoerak hala eskatzen duelako irten gara kalera, goizean goizetik.

Greba historikoa izan da, ia 30 urte pasa baitira gehiengo sindikal batek Bizkaiko garbiketa-sektorean grebarik deitu ez duela.

Bizkaiko langileen soldatak ez dira 16.000 eurotara iristen, eta, gainera, Bizkaiko garbikuntzaren hitzarmen pean lan egiten duten langile gehienak lanaldi partzialeko langileak dira. Euren aldarrikapen nagusiak soldata arrakalarekin amaitzea eta 1.200×15 euroko soldata jasotzea dira.

Mahaia mugitzen ez dela eta patronalak kea besterik ez duela eskaintzen ikusita, grebara joatea erabaki dute.

Lan-erreformak eta Eusko Jaurlaritzaren pasibotasunak ahalbidetu dituzte kaleratzeak AERNNOVAn

Auzitegi Gorenak AERNNOVA Aeroestructuras de Alava enpresaren kaleratze kolektiboari buruz emandako epaia ezagututa, LABek uste du PPren 2012ko lan-erreforma izan dela enpresak gauzatutako kaleratzeak ahalbidetu dituena, Madrilen onartu berri den lan-erreformak ukitu nahi izan ez zituen alderdi batzuei esker, horrek ere langileak lanera itzultzea ere eragotzi dutelarik. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak prozesu osoan izan duen pasibotasuna salatu nahi dugu, dozenaka lanpostu suntsitzearen aurrean ezer egiten ez duen begirale huts bat bezala egon baita. Gure ustez, argi dago ezin dela langileen etorkizuna eta enplegua auzitegien esku utzi, eta horiek defendatzeko modurik onena aktibazioa dela berresten dugu.

LABen ustez, indargabetu gabeko lan-erreformari esker, enpresa batek eta talde batek dozenaka lagun kaleratu ahal izan dituzte, irabaziak izan arren, eta 2019an eta 2020. urtearen hasieran lanaldia handitu nahi bazuten ere eta boluntarioen irteera oztopatu arren, ezin ziotelako lan-kargari aurre egin.

AERNNOVAk covid-19ak eragindako krisi koiuntural bat aprobetxatu zuen berregituraketa basati bati ekiteko. Hori EAEko Auzitegi Nagusiaren sekzio baten epai tranpati batek bermatu zuen, aurretiko errealitate produktibo- ekonomiko hori alboratu baitzuen, eta orain Auzitegi Gorenak berretsi du egiturazko krisiaren tesi faltsu hori.

Izan ere, egiturazko krisi horretan saihestezinak ziren kaleratzeen ondoren, AERNNOVAk 2 lantegi bereganatu ditu Portugalen, ITP-PCB erosteko saiakeraren ostean. Ekoizpena hainbeste berreskuratu denez, kaleratze kolektiboarekin batera zetorren ABEE indarrik gabe utzi zuen. Izan ere, gaur egun produkzio-plan zorrotz bat ezarri du, eta robotizazio prozesu betean egonda, baliteke epe laburrean AERNNOVAk 4. eta 5. txandak aktibatzea Beranturiko lantegian, kaleratze kolektibotik urtebete eskas igaro denean.

Aipamen berezia merezi du Eusko Jaurlaritzak, denbora honetan guztian ezer egin ez duen begirale hutsa izan baita, baita AERNNOVAren konplize eta aliatua. Langileen eta enpleguak suntsitzen dituen zuzendaritzaren artean, ekoizpena deslokalizatzea ekar lezaketen operazioak egiten dituztenak aukeratu ditu. Gainera, AERNNOVAk ITP-PCB, dozenaka pertsona ere kaleratu zituen enpresa, erosteko operazioa bultzatu zuen. AERNNOVAko langileek, oro har enpleguarekin eta enplegu duinarekin konprometitutako erakundeak behar dituzte, gure herriarentzako benetako industria-politika garatuko dutenak, eta hori da Eusko Jaurlaritzari exijitzen dioguna.

Nolanahi ere, LAB sindikatuak berretsi egiten du enpleguaren defentsarekin duen konpromisoa, borroka judiziala azken aukeretaraino eramanez banakako demandekin eta aktibazioa defendatuz, hori lortzeko biderik onena baita.

Hezkuntza langileon erronkei aurre egiteko batasun sindikala aldarrikatzen dugu

Atzoko egunean komunikabideen bidez jakin dugu Steilas Sindikatuak Hezkuntza sare publikoan eta Haurreskola Partzuergoan apirilaren 7rako lanuztera deitu dituela bertako langileak. Deialdi hau Hezkuntza Akordioaren harira sortutako intersindikaletik at egiten da, aldebakarrez eta aurretiazko inolako komunikaziorik gabe. 

Intersindikalaren azkeneko bileran sindikatu guztiok aho batez erabaki genuen deituta genituen greba eta mobilizazioak bertan behera uztea. LABek greba bertan behera utzi eta mobilizazioak berrezaugarritzea proposatu zuen; Steilas sindikatuak ordea dinamika guztia bertan behera uztea lehenetsi zuen. Hori guztiarengatik, lanuzte deialdi honen aurrean gure harridura adierazi nahi dugu. Gure ustez, hezkuntzan lan egiten dugun langileok erronka itzelak ditugu lege honen negoziazioaren aurrean. Gure artean hainbat iritzi eta posizio egon daitezke, baina orain arte langileen interesak elkarrekin defendatu eta mobilizazio bateratuetara jo izan dugu. Ez dugu ulertzen alde bakarreko deialdi batek zer ekarpen egingo lukeen. 

Bukatzeko, etorkizuneko hezkuntza legeari begira ditugun erronkak borrokatzeko gure prestutasuna berretsi nahi dugu. Horretarako greba eta mobilizazioak egin beharko ditugula garbi dugu, beti ere sindikatuon eta, garrantzitsuena, langileon adostasuna kontutan hartuta. 

Arabako helduen egoitzetako langileek euren aldarriak eta sumindura atera dituzte berriro kalera

LAB eta ELA sindikatuon oharra, gaurko greba egunaren harira:

Gaur, 2022ko martxoaren 30ean, Arabako egoitza pribatuetako langileok Aldundiaren aurrean elkartu gara berriro, 3 urtez hainbestetan hartu gaituen plazan.

3 urte helburu batekin, patronalaren osaketa sektorearen baldintza duinak negoziatu ahal izateko.

3 urte gogor, non hilabetero enpresen eta erakundeen ateak jo ditugun. Irailean, eta mobilizazio guztiei esker, mahai negoziazioa osatzeko helburua lortu genuen, ZORIONAK ESFORTZU GUZTIAGATIK.

Orain, zazpi hilabete baino gehiago patronalak sektore honetarako baldintza prekarioak proposatzen jarraitu besterik egiten ez duen honetan, elkartu gara ozen eta argi esateko, EZ!! EZ GAUDELA HEMEN BALDINTZA PREKARIOAK NEGOZIATZEKO.
GURE BALDINTZAK HOBETZEKO BORROKATUKO DUGU.

NAHIKOA DA, ORDU KALKULAEZINEZ LAN EGITEA SOLDATA KASKAR BATEN TRUKE, GURE BALDINTZAK HEMEN NEGOZIATZEN DIRA ETA EZ DUGU ONARTUKO EGOERA PREKARIO HONETAN BIZITZEN JARRAITZEA.

Gaur mezu bat bidali nahi diogu patronalari eta adinduen egoitza guztiei. Sektorea duintzeko negoziatzera eseri nahi ez duten bitartean, langileok kaleetan jarraituko dugu eta borrokan jarraituko dugu!!!

Erakundeei ere mezu bat bidaltzen diegu, % 100eko gutxieneko zerbitzuak inposatzen dizkigutelako; izan ere, isilarazten saiatu arren, gutxi izango gara aterako garenak, baina kalean jarraituko dugu gure eskubideen alde borrokatzen.

Negoziazio mahaia deituko dugu etxeko langileen EAEko lehen hitzarmena osatzeko

Etxeko Langileen Nazioarteko Eguna da martxoak 30. Data honen harira, LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta hainbat etxeko langilek agerraldia egin dute, aipatutako sektoretako hitzarmenaren borrokan emango ditugun pauso berriak aurkezteko; hala nola, etxeko langileen lehen hitzarmenaren negoziazio mahaia osatzera deituko dugula iragartzeko.

Hain zuzen ere, etxeko langileak, Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorretik kanpo daudelako, eskubide gutxiagoko erregimen berezi batean daude, lan-osasunerako edo langabeziarako eskubiderik gabe. Negoziazio kolektiborako eskubiderik gabe daude, hortaz; langile gisa dituzten eskubideen defentsa kolektiborako eskubiderik gabe. Orain badirudi Espainiako Gobernuak langabeziarako eskubidea arautuko duela nolabait, langile horiek gainerako langileekiko jasaten duten diskriminazioarekin amaitzeko, baina ez du bere ekimenez egngo, baizik eta Europako Justizia Auzitegiaren epai baten ondorioz.

Garbiñe Aranburuk azaldu bezala, “LAB langile guztien zerbitzurako tresna erabilgarria izatea helburu duen sindikatua da. Horretarako, kolektibo bakoitzaren errealitateari erantzun egokia emateko gai izan behar dugu, eta ikusten dugu klase sindikalismoarentzat gainditu gabeko ikasgaia zela langile horien eskubideen defentsa. Jendartearen zaintza-behar asko betetzen dituzten langileak dira”.

Sektore horietan emakume migratu eta arrazializatuen presentzia handia dago, kalteberatasun handiagoa duten kolektiboena: “Ikusi genuen haien arazoetara hurbildu behar genuela, entzun egin behar genituela, haien beharrak jaso eta haiengandik ikasi behar genuela. Bi urte daramatzagu lanean, eta, horrela, batzarrez batzar, etxeko langile asko hurbildu dira LABera, eta sindikatuan afiliatu dira. Guztion artean ikasi dugu zer-nolako garrantzia duen antolaketa kolektiboak eta borrokak eskubideetan aurrera egin ahal izateko”.

Hala, gaur, Etxeko Langileen Nazioarteko Egunarekin bat, beste pauso bat emango dugula iragartzeko agerraldia egin dugu. “Etxeko langileen LABen atal sindikala osatu dugu. Langile horien antolaketan beste urrats bat da honako hau, etxeko emakume langileen sare bat osatzeko modu bat da, ahalduntze kolektiborako oso garrantzitsua dena, informazioa eta esperientziak partekatzeko, ekintza sindikala kolektibo horren errealitate espezifikoen arabera hobeto prestatu ahal izateko”, adierazi du LABeko idazkari nagusiak.

Eta atal sindikala sortuta, jauzi horrek esan nahi du langile horiek sindikatuan bertan beste entitate bat izatera pasatzen direla. Hori bai, atal sindikal hau ez da hutsetik abiatzen eta langile hauen aldarrikapenei bultzada bat eman nahi die.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, “jendarte gisa ezin dugu onartu langile horiekiko dauden eskubideak urratzea. Etxeko langileen egoera erregularizatu behar da, eta LABek langile horien egoera erregularizatu eta duinduko duen hitzarmen kolektibo duin bat lortzeko lanean jarraituko dugu”.

Confebask, mahaiaren beste aldean

Lehen hitzarmena negoziatzeko aldarrikapen-plataforma bat egin dugu, etxeko langileekin lan egiten duten hainbat elkartek egindako topaketen eta jasotako ekarpenen emaitza. Laster, EAEko etxeko langileen lehen hitzarmenerako negoziazio-mahaia osatzera deituko dugu. Aurrerago, Nafarroan urrats hori emateko aukera planteatuko dugu.

Bide honetan, gainerako sindikatuekin harremanetan jarri gara, eta inork ez du horrelako hitzarmen baten aurkako jarrerarik hartu. Muturreko prekaritatearen eta langile horien eskubiderik ezaren egoera soziolaborala kezka iturri dira sindikatu guztientzat, eta uste dugu garaia dela langile horiek eskubideetan aurrera egin dezaten ahaleginak areagotzeko.

Patronalaren aldetik, Confebask da legitimatuta dagoena horrelako hitzarmen bat negoziatzeko, eta horregatik joko dugu patronal honengana mahaia osatzeko eta etxeko langileentzako lehen hitzarmenaren negoziazioari heltzeko exijitzeko.

Era berean, Eusko Jaurlaritza eta Enplegu Saila interpelatu ditugu agerraldian, hitzarmen hau egitearen aldeko konpromiso politiko eta instituzionala erakuts dezaten eta negoziazioaren balizko blokeoaren aurrean jarrera axolagabea izan ez dezaten.