2026-05-04
HomeEkintza SindikalaNafarroako Esku-hartze Sozialeko langileak mobilizatu dira, inpugnazioari buruzko epaiketaren harira, hitzarmena bizi-bizirik...

Nafarroako Esku-hartze Sozialeko langileak mobilizatu dira, inpugnazioari buruzko epaiketaren harira, hitzarmena bizi-bizirik dagoela aldarrikatzeko

Gaur hastekoa zen Iruñean OEIS patronalak [Esku-hartze Sozialeko Estatuko Erakundea] Nafarroako Esku-hartze sozialeko lehenbiziko hitzarmenaren aurka eginiko inpugnatzeari buruzko epaiketa. Horren karietara, eta LAB sindikatuak deituta, langileek lanuzteak egin dituzte 10:00etatik 14:00etara, bai eta bi elkarretaratze jendetsu ere: Caritasek Iruñean duen egoitzaren inguruan lehenik, eta Justizia Jauregiaren aitzinean bigarrenik. LABek adierazi du, epaiketan gertatzen dena gertatzen dela, eskura dituen bide guztiak erabiliko dituela hitzarmena bizi-bizirik dagoela aldarrikatzeko. Momentuz, gaur hastekoa zen epaiketa atzeratu egin dute, datarik gabe, epaileak erabakita, patronalak berandu aurkeztutako dokumentu batzuengatik.

Justizia Jauregiko elkarretaratzean, LAB sindikatuko Ekintza Sindikaleko arduradun Oihana Lopetegik hitzarmenaren defentsa egin du eta Esku-hartze Sozialeko langileen borroka goraipatu du. “Bi mila langileren baldintzak auzitan daude hainbat enpresak bertako hitzarmena inpugnatzea erabaki dutelako”, adierazi du Lopetegik. “Eta guk sektoreko langileek egin duten borroka nabarmendu nahi genuke, bertako hitzarmena eta bertako markoa lortu izana nabarmendu nahi genuke, eta azpimarratu horrek langile guztientzat lan baldintzak hobetzea ekarri duela. Ildo horretan, LAB sindikatuak eskura dituen borroka bide guztiak erabiliko ditu hitzarmen honek indarrean jarrai dezan, eta langile hauekin borrokan jarraituko dugu hori lortu arte”.

Bere aldetik, langileei animoak emateko mintzaldian, Esku-hartze Sozialeko arduradun Oihan Ataunek aipatu du epaiketan LAB sindikatuak, noski, hitzarmenaren defentsa eginen duela, “bizi-bizirik” dagoela aldarrikatuko duela. “Baina hitzarmen hau botatzen badigute, berriz ere kalera ateratzeko prest gaude, zuekin batera borrokatzera, langileen baldintza duinak bermatuko dituen hitzarmen on bat lortzeko”.

LAB sindikatua, Nafarroan sektorearen %70 inguruko ordezkaritza duena, hitzarmenaren negoziazioaren sustatzaile nagusia izan zen, eta bere esku zegoen guztia egin zuen, langileekin batera, lan baldintzak hobetuko zituen eta urteetan zehar hainbertze zigorturiko sektore bati etorkizuna emanen zion hitzarmen baten beharra aldarrikatu eta bultzatzeko. Baina helburu hori lortu ondoren, enpresa batzuek, hitzarmenaren alde deus ez egiteaz landara, duela zenbait hilabete hitzarmena judizialki salatzeko bide ankerra hartu zuten.

Gurutze Gorria, Caritas, Secretariado Gitano, Acción contra el Hambre eta Minbiziaren aurkako Espainiako Elkartea (OEIS patronaleko kideak) dira erabaki ulertezin horren protagonistak. Bada, enpresa-erabaki lotsagarri horren aitzinean, LABek uste du, lehenbiziko hitzarmena sinatzeko duintasun-lezioa eman zen bezala, orain ere berriz frogatu behar dela langileen borroka eraginkorra eta baliotsua dela lan-eskubideak defendatzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

00:02:45

[ARGAZKI GALERIA]: Birbanaketa politikak eta langileen aldeko neurriak aldarrikatu ditugu Euskal Herri osoan egindako 26 manifestaziotan

Eskualdez eskualde mobilizatu da sindikatua Maiatzaren Lehenean, etxebizitza eskubidearen, kalitatezko zerbitzu publikoen eta soldata nahiz pentsio duinen aldarrikapenak ardatz hartuta.
00:13:27

Garbiñe Aranburu: “Inor atzean ez uztea da faxismoaren eta oldarraldi atzerakoiaren aurrean eman dezakegun erantzunik hoberena”

Langileok eragin da aurtengo leloa. Eragiten ari gara. Gaur berriro Euskal Herri osoan kalean gara, eskualdez eskualde. Aipamen berezia Ipar Euskal Herriko gure kideei. Urteetako lan nekaezinak emaitzak eman ditu, eta intersindikaleko sindikatuekin batera Baionan eta Maulen ere mobilizatu gara.

LABek sinatu du Nafarroako zahar egoitzetako lehen aurreakordioa, sei urteko borroka sindikalaren ostean

LAB sindikatuak Nafarroako zahar egoitzetako hitzarmen kolektiboaren lehen aurreakordioa sinatu du, sei urteko mobilizazio eta antolakuntza sindikala eta gero. Hitzarmenak hobekuntza nabarmenak izango ditu...