2026-01-23
Blog Page 344

Enpresetan prebentzioa benetan betetzen dela bermatzeko eskatu diogu Nafarroako Gobernuari

Santos Indurain Osasun kontseilariak agerraldia egin zuen Parlamentuan joan den asteazkenean, enpresetan prebentzioaren Integraziorako eta prebentzioaren kudeaketa Hobetzeko Programa berria aurkezteko. LAB sindikatuak exijitu dio benetan eta eraginkortasunez beteko dela bermatzeko, enpresaburuek prebentzio arloan egiten duten jardunbide txarraren eta borondaterik ezaren aurrean.

Programa prebentzio-kulturaren sentsibilizazioan eta sustapenean eta langileen parte-hartze aktiboan oinarritzen da, hala nahi duten enpresei aholkularitza eta laguntza teknikoa eskainiz. Hala ere, argi dago orain arte Nafarroako enpresaburuek ez dutela borondaterik izan prebentzio-neurriak integratzeko, garatzeko eta betetzeko. Ondorioz, funtsezkoa da Nafarroako Gobernuaren interpelazioa, patronalaren borondate falta konpontzeko estrategia batez hornitzea.

LABen ustez, planteatzen diren neurri batzuekin batera, beharrezkoa da Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren (NOPLOI) eta Lan Ikuskaritzaren arteko plangintza egitea, prebentzioa enpresetan benetan txertatzeko. Hori betetzeko, benetako kontrola egin behar da, beste bisita eta helburu batzuk ezarri behar dira, hala nola Programan planteatutakoak, baina, era berean, prebentzioari buruzko egungo araudiak eskaintzen dituen zehapen-tresnak erabili behar dira. Errealitateak erakusten duen bezala, zehatzeko ahalegin hori gabe planak ez dira inoiz errealak izango, ezta eraginkorrak ere.

LAB sindikatuaren iritziz, beharrezkoa da Lan Ikuskaritza propioa izatea, baliabide teknikoetan inbertsio handia egitea eta ikuskatzaileen kopurua behar bezala handitzea. Gaur egun ikuskatzaileen kopurua mugatua eta nahikoa ez denez, ezinezkoa da beren lana egitea: enpresaburuak kontrolatzea eta prebentzioaren arloan horiek betetzea.

Benetako arazoa da Gobernu bakar bat ere ez dela ausartzen legea patronalari betearaztera eta enpresaburuen prebentzio-arloko jardunbide txarra kontrolatzera, nahiz eta istripu-tasa oso negatiboak izan. Hala ere, erabaki politiko honek ondorioak oso kaltegarriak ditu, kaltegarriak langileen osasunerako eta bizitzarako.

Lanuzteak egin ditugu Arabako metalgintzan, lan baldintza duinen defentsan

LAB, CCOO, USO, ESK eta CGT sindikatuok aurrerapauso bat ematea erabaki dugu eta gaurko, apirilaren 8rako, bi orduko lanuzteak deitu ditugu Arabako metalgintza sektorean: 4:00etatik 6:00etara; 12:00etatik 14:00etara; eta 14:00etatik 16:00etara.

Lanuzte hauek mobilizazio batzuen lehen urratsa dira, eta, SEA patronalak ez badu erremediorik jartzen, mobilizazioetan sakonduko dugu. Hain zuzen ere, hiru greba egun deitu ditugu maiatzerako, beti ere hitzarmen duin baten alde.

Argi dugu soilik lanuzteekin eta grebekin lortuko ditugula lan-baldintza duinak sektorean: soldata duinak, erosteko ahalmena galdu gabe; lanaldi jaitsiera; azpikontratetan benetako subrogazioa; prekarietatearekin amaitzea; lan osasunaren arloko neurri eraginkorrak; benetako berdintasuna eta diskriminaziorik eza.

Lanuzteen jarraipenaren datu batzuk:

-CONDESA, %80 (tailerrean)

-SDA Factory, %95

-SNA Europe, %50

-Industrias Dimo, jendetsua

-Castmetal Vitoria, jendetsua

-OSG comaher, jendetsua

-Inoxidables de Euskadi, jendetsua

-Ferrovial Servicios Mercedes, jendetsua

-TaBe, jendetsua

-Inmepre, jendetsua

Sindikatuon ohar bateratua:

Gaur, Arabako metalgintzako langileek aurrerapauso bat eman dute, jauzi kualitatibo bat patronalaren immobilismoaren aurrean.

Deialdia egin dugun 5 sindikatuok uste dugu hau dela unea plantilak aktibatzeko, gelditzeko, kalera irteteko, lanuzte edo greba moduan, eta horregatik azken unera arte deialdi bateratua egiten saiatu gara.

Ezinezkoa izan bada ere, gaur egun sindikatu guztietako ehunka langile ari dira parte hartzen lanuzte horretan, eta jarraipen handia izaten ari da. Ildo horretan, azpimarratu nahi dugu SDA Factory, Condesa eta beste enpresa batzuetako ekoizpena geldiarazi egin dela, eta beste enpresa askotan ere baldintzatuta gelditu dela, besteak beste, Mercedesen eta Michelinen.

Era berean, ehunka langile mobilizatzen ari dira lurralde osoan Arabako metalgintzan lan-baldintza duinen alde, Aiaratik Errioxara, Lautada eta Añanatik pasatuz eta, jakina, baita Gasteizko industrialdeetan eta inguruetan ere.

Gaur, Arabako Metalak SEA patronala interpelatu du sektorearen arazoei erantzuteko eta hitzarmen bat adosteko, honako edukiekin: KPItik gorako soldata-igoerak, lanaldia nabarmen jaistea, azpikontratetako langileen benetako subrogazioa, malgutasuna eta behin-behinekotasuna mugatzea, benetako berdintasuna eta laneko osasuna bermatzeko neurri eraginkorrak, pertsonak zentroan jarriko dituzten baimenak eta hobekuntzak…

Datorren hilaren 12an, SEAk beste aukera bat du norabide horretan aurrera egiteko, Arabako metalaren borrokak aurrera jarraitzen duelako eta areagotuko da, maiatzeko grebekin.

Greba eguna egin dugu berriro Lehen Arretan, Osakidetzaren egoera larria salatzeko

LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok deituta, greba eguna izan dugu Osakidetzako Lehen Arretan, hilabeteotako dinamika mobilizatzailearen baitan. Hain zuzen ere, apirilaren 8 eta maiatzaren 16rako beste bi greba egun deitu genituen martxoa bukaeran, osasun langileen egoera jasanezina salatzeko. Maiatzaren 16ko greba ospitale guztietan eta osasun mentaleko zerbitzuetan izango da.

Zentzu honetan, Osakidetzako esparru guztietan deitutako azken greba egunetik ia hilabete eta erdi pasa denetik, Osasun Sailak ez du urrats bakar bat ere egin gure osasun sistema publikoak bizi duen egoera larria iraultzeko. Horixe salatu dugu gaurkoan ere.

Osakidetzak azpikontratatutako garbitzaileek greba egunekin jarraitzen dute

Osakidetzak azpikontratatutako garbitzaileek grebara deitu zuten apirilaren 7, 8 eta 9rako, LAB, ELA, UGT, CCOO eta ESK sindikatuon izenean. Hala, bigarren greba egunean, Osakidetzaren zerbitzu zentraletan mobilizatu dira Gasteizen, hitzarmen berri baten defentsan eta homologazioaren alde.

Hondarribiko ontzi bateko arrantzale bat zendu da Santoñan, bihotzekoak jota

Beste lan heriotz baten berri izan dugu; Hondarribiko arrantza ontzi bateko 51 urteko arrantzale bat hil egin da, kasu honetan. Bihotzekoak jota zendu zen atzo, Santoñako uretan, Berdel kanpaina dela eta.

Aurten, gutxienez, 16 langile hil dira lan istripuz. Hondarribiko San Antonio Berria ontziko langilea zen zendutakoa, 51 urteko A.F..

LAB sindikatutik elkartasuna adierazi nahi diegu familiari, lankideei eta arrantzale guztiei. 

Arrantza sektorea larriki kolpatzen ari da prezioen garestitzea eta, zehazki, duela gutxi geldirik egon da. Horrek, lanaldi luzeekin, lan-baldintza gogorrekin eta egungo egoerarekin batera, non berriro ere herri eta langile klaseak garen egoera honetako zigortuenak, lan-baldintzak lan-istripu ez-traumatikoen atzetik daudela salatzera garamatza. 

Lan-baldintzek markatzen dute gure osasuna eta bizitza, eta, horregatik, berriz ere lan-eredu eta gizarte-eredu berri bat eskatu behar dugu, bizitza duina, lana eta osasuna erabakien erdigunean jartzeko, kapitalaren interesen gainetik.

Gipuzkoako Aldundiko garbitzaile azpikontratatuek greba egingo dute apirilaren 25etik maiatzaren 6ra

LAB, ELA eta ESK sindikatuon oharra, gaurko agerraldiaren harira:

Gaur hemen gaude Gipuzkoako Foru Aldundiaren eraikinetako garbitzaile azpikontratatuak. Kolektibo honek 90 langile inguru ditu, ia guztiak emakumeak dira, eta sektorean dagoen partzialitatea % 80 ingurukoa da.

2021eko maiatzaz geroztik, sektorearen hitzarmen kolektiboa negoziatzen ari gara EULEN enpresarekin, zerbitzuaren egungo arduradunarekin. Hainbat bileraren ondoren, negoziaketaren egoera erabateko blokeora iritsi da. Horregatik, otsailaren 22, 23, 24 eta 25an LAB, ELA eta ESK sindikatuok lau eguneko greba deialdia egin genuen. Aste horretan argi geratu zen langileen aldarria: KPI-rik gabe, ez dago hitzarmenik.

Lau greba egunen ondotik, negoziaketa mahaia deitu genuen berriro ere patronalaren jarrera zein zen ikusteko asmoz. Eta beste behin ere, patronalaren jarrera salatu nahi dugu. Langileen aldarriei entzun ez eta abenduan eginiko planteamentu ekonomikoa mantentzen du: 2021rako soldatak izoztea, 2022rako %1,5-ko igoera, eta 2023rako %1,75ko igoera.

EULENek KPIarekin inolako loturarik ez duten planteamenduak egiten ditu, eta hau LAB, ELA eta ESK sindikatuontzat onartezina da.  Planteamendu ekonomikoak KPIarekin ez lotzeak langileak zuzenean pobretzea dakar, eta ez dugu onartuko. Puntu honetan, patronalak negoziazio kolektiboan duen jarrera salatu nahi dugu, sektore maskulinizatuetan KPIarekin lotura egiten duelako eta feminizatutako sektoreetan horri buruz hitz egiten entzun nahi ez duelako. Guk ez dugu kasualitateetan sinesten eta KPIaren lotura lortzeko borrokatuko dugu.

Baina ez hori bakarrik, EULEN enpresak, KPIarekin loturarik ez planteatzeaz gain, 2021erako soldatak izoztea planteatu du. 2021erako, pandemia urterako, funtsezko zerbitzuen urterako. Baina zertarako dira funtsezkoak garbitzaileak? Gutxieneko zerbitzuak ezartzeko? Politika- eta enpresa-propagandarako? Onartezina da enpresek soldata-izozteak planteatzea zerbitzua ez denean gelditu, baizik eta indartu eta handitu egin denean. Beste behin ere, langileekin jolasten ari dira beren enpresa-etekinak handitzeko.

LAB, ELA eta ESK sindikatuetatik argi daukagu Foru Aldundia dela zerbitzu horren azken arduraduna. Gu aldundiaren beraren erabaki politiko eta ekonomikoz azpikontratatutako langileak gara, estrategia ekonomizista bati soilik erantzuten diotenak. Horregatik, erantzukizunak eskatzen ditugu.

Behi baino gehiagotan eskatu diogu Aldundiari pleguak irizpide ekonomikoen arabera ez esleitzeko. Aldundiaren esku dago zerbitzua ez esleitzea plateamendu ekonomiko baxuenari, baina, zer egingo dute? Enpresa-interesak edo langileen interesak defendatu? Aldundiak berak zerbitzu horretarako aurrekontu-zenbatekoaren estimazioa egiten badu, zerbitzu bera aurrekontuaren % 15 gutxiagorekin berma daitekeela uste dute? Nori eragiten dio eskaintza ekonomikoa jeisteak?  Ez dugu onartuko. Administrazio publikoak argi utzi digu ez duela negoziazio-mahaian parte hartuko eta ez duela gatazkan esku hartuko, baina gutxieneko zerbitzuen alegazioak egin dituela esan digu. Orduan, administrazioak esku hartu du ZZMM-ak dekretatu diezaguten, baina ez gure lan-baldintzak hobetzeko? Hortaz, Aldundiarentzat, ZZMMetarako bakarrik gara funtsezkoak? Oso larria iruditzen zaigu administrazioaren jarrera.

Horregatik guztiagatik, grebara aterako gara apirilaren 25tik maiatzaren 6ra. Ez dugulako onartuko ez enpresa pribatuek ez administrazioek gu behartsuago eta otzanago nahi izatea. Nahikoa dela esan dugulako eta erosteko ahalmena ez galtzeko borrokatuko dugula argi daukagulako. Garaia delako kalera irtengo gara, KPIa gabe eskularruak ere ez ditugulako jantziko!

Langileen eros ahalmena eta lan-baldintzak hobetzen dituen enpresa ituna adostu dugu Niessen enpresan #LortuDugu

Oiartzunen kokatuta dagoen ABB Niessenen enpresa itunari baiezkoa eman diote langileek Enpresako ordezkaritza LABeko 4 ordezkarik, ELAko3k eta UGTko 2k osatzen dute.

3 urteko ituna adostu da, eta ondorengo soldata igoerak jasotzen ditu:

Soldata igoerak

-2021: 300 euroko igoera lineala eta kontsolidagarria. 2021ko urtarriletik kontuan hartuko dena (KPI negatiboa izan zen 2020an).

-2022: KPIa igoko da(%6,5).

-2023 urterako: KPIa bermatzen da, eta KPIren zenbatekoaren arabera igoera gehigarri batadosten da KPI + % 0,5 artekoa izan daitekeena (%6tik beherako KPI bada). % 6tik gorakoa bada KPI, eta enpresaren gutxieneko helburuak beteko ez balitu eta salmentak gutxituko balira, berriro negoziatuko litzateke soldata igoera.

Lana eta bizitzaren kontziliazioa. Gaueko txandetan, gure aldarrikapenik garrantzitsuena, aurrerapauso garrantzitsua lortu dugu, adinez nagusienak diren langileentzat gauak murrizteko aukera martxan jarri da. Baimenak hobetu dira, senideen ebakuntzaren kasuan.

Enplegua. Ekoizpeneko lanpostuen mantentzea: errelebu kontratua bermatuko da, eta errelebistak ekoizpenean sartuko direla adostuko da.

Bajen osagarriak %100an osatuko dira, ez soilik itunak irauten duen bitartean, aurrerantzean ere bai.

Gipuzkoako metaleko hitzarmenarekiko lotura bermatu da, enpresa itunean jasotzen ez den edukiaautomatikoki aplikatuz.

ELA sindikatuak akordioaren kontra egin zuen arren, eta kontrako bozka eskatu, batzarraren emaitza argia izan da: 118 BAI eta 29 EZ. Azpimarratzekoa da parte hartzea, enpresaren %80ak parte hartu du eta inoizko parte hartzerik handienetarikoa izan da.

Niessengo langileak zoriondu nahi ditugu LABetik, erakutsi dutelako aberastasunaren banaketa beharrezkoa dela eta baita ere bizitza erdigunean jartzeko pausoak eman dituztelako, horren adibide gaueko txanden murrizketan eta lizentzietan eman diren hobekuntzak, ala nola 40 urtean zehar aldarrikatu den bajen osagarritzea lortu da %100ean eta betirako. 2008-2019 epeen artean Euskal Herriko langileek eros ahalmena galdu dutela diote datuek, bereziki langileak ez antolatutako enpresetan. Barne Produktu Gordinean ere, geroz eta txikiagoa da soldatetara doan zatia. Horregatik, soldatak KPIaren arabera eguneratzea ezinbestekoa da, gizartearen pobretzea ekiditeko. Oinarrizko produktuen garestitze izugarria (KPI baino askoz handiagoa) zuzen zuzenean pairatzen dugulako langileok.

Gainera, ekoizpen industriala azpikontratatzeko estrategiaren aurrean Niessenen lortutako akordioan balioa ematen diogu errelebu kontratua eta ekoizpeneko enpleguak lotzeari eta bajan dauden langileei soldatak osagarritzea lortzeari.

Dei egiten diegu langileei 13/13 auziko epaiaren aurrean larunbatean Bilbo eta Donostian egingo diren manifestazioetan parte hartzera

Datorren larunbatean, apirilaren 9an, manifestazioak izango dira Bilbo eta Donostian 13/13ko auziko epaiaren aurrean protesta egiteko. 17:30ean izango dira bi mobilizazioak, Bilbokoa Jesusen Bihotzetik abiatuko da eta Donostiakoa Saguesetik. LABek bat egiten du bi deialdiokin eta dei egiten die langileei euretan parte hartzera, elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko oztopo direlako auzi honetakoa bezalako epaiak, 4 euskal herritar 18 urteko kartzelaldira zigortu dituena.

Urraketez betetako prozesua izan zen 13/13 auzikoa: tratu txar eta eraso sexualen testigantzak entzun genizkien auzipetuei; inkomunikazioaldikotorturasalaketak,etengabekoirregulartasunak,babesgabetasunaetaeskubide urraketak bizi izan zituzten, bis in idem printzipioa bera ere urratu zitzaien (honen arabera pertsona bera ezin da behin baino gehiagotan zigortu gertaera berarengatik).

Euskal presoei laguntza juridiko eta soziala emateagatik epaitu zituzten 7 euskal herritarrak. Espainiako Estatuan, oraindik, salbuespenezko espetxe politika, salbuespenezko prozedura judizial eta polizialak ematen dira. Elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko euskal herritar guztien eskubideak bermatzea ezinbestekoa da, eta ahalegin horren aurrean benetako oztopo dira horrelako ebazpenak.

13/13ko auzipetuek adierazi izan duten moduan, zauriak ongi ixteko gatazkaren ondorioei heldu behar zaie, askatasunari, demokraziari. Bide horren alde mobilizatzen eta ekarpena egiten jarraitzeko konpromiso osoa adierazten dugu LAB sindikatutik.

Osakidetzak azpikontratatutako garbitzaileek deitutako hiru greba egunetatik lehena egin dute

Osakidetzak azpikontratatutako garbitzaileek grebara deitu dute apirilaren 7, 8 eta 9rako, LAB, ELA, UGT, CCOO eta ESK sindikatuon izenean. Hala, lehen greba egunean, mobilizazioak egin ditugu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, hitzarmen berri baten defentsan eta homologazioaren alde. Hain zuzen ere, elkarretaratzeak egin ditugu Txagorritxu, Gurutzeta eta Donostia ospitaleetan.