2026-01-22
Blog Page 342

Greba eta mobilizazioetarako deia egiten dugu OEIS patronalak Nafarroako esku-hartze sozialeko hitzarmena inpugnatu duela salatzeko

Maiatzaren 17an, Nafarroako esku-hartze sozialeko hitzarmenaren inpugnazioaren epaiketa izanen da. Estatuko OEIS patronalak (Gurutze Gorria, Cáritas, Secretariado Gitano, Minbiziaren aurkako Espainiako Elkartea eta Gosearen aurkako Elkartea) aurrera jarraitzen du zentzugabekeria horrekin, eta, horregatik, egun horretan grebarako deialdia egitea beste aukerarik ez dugu izan, langile guztiok kalera atera ahal izan gaitezen harrapaketa hori argi eta garbi salatzeko.

Greba deialdia Lan Departamentuan erregistratu dugu, eta Nafarroako CEN, ANEIS eta OEIS patronalei ere jakinarazi diegu.

Grebak hiru lan txandei eraginen die (gauekoa, goizekoa eta arratsaldekoa). Hortaz, maiatzaren 16ko 20:00etan hasiko da, eta maiatzaren 17ko 23.59an bukatuko. Horrela, hiru txandek izanen dute greba egiteko legezko estaldura.

Hauek dira grebaren helburuak:

  • Estatuko OEIS patronalak (Gurutze Gorria, Cáritas, Secretariado Gitano, Minbiziaren aurkako Espainiako Elkartea eta Gosearen aurkako Elkartea) Nafarroako Esku-hartze Sozialeko I. Hitzarmen Sektoriala epaitegietan inpugnatu izana salatzea.
  • Sektoreko bi mila langileren lan baldintzak defendatzea; izan ere, hitzarmenari esker, langile horien lan baldintzak hobetu dira, hamarkada luzetan erakundeen utzikeria eta oso soldata kaxkarrak jasan ondoren.
  • Gizarte egoera zaurgarrian dauden herritarrei ematen zaizkien gizarte zerbitzu publikoen kalitatea defendatzea.

Era berean, zenbait mobilizazio prestatu ditugu greba aurreko egunetarako:

  • Maiatzaren 7an, 12:00etan, manifestazioa Gurutze Gorriaren egoitzatik abiatuta (Leire kalea 6, Iruña).
  • Maiatzaren 16an, 10:00etan, elkarretaratze burrunbatsua Gurutze Gorriaren Iruñeko bulegoen aurrean.
  • Maiatzaren 17an greba eta mobilizazioak:
    • 9:00etan, giza katea Cáritasek Iruñeko San Anton kalean duen egoitza inguratzeko.
    • 10:30ean, elkarretaratzea Nafarroako epaitegien aurrean.
    • 11:30ean, epaiketa Nafarroako Auzitegian

Mezu hau zabaltzera eta mobilizazioetan parte hartzera animatzen zaituztegu, greba denon artean prestatu beharra dagoelako. OEISek Nafarroako langileen borondatea errespetatu behar du; bestela, argi eta garbi entzunen digute.

Hurrengo egunetan sortzen diren nobedadeen berri emanen dugu.

Hitzarmen duina helburu, hiru greba egun erregistratu ditugu Arabako metalgintzan maiatzaren 18a, 24a eta 26rako

Arabako metalgintzako langileek hitzarmen duina behar dute. Ondorioz, eta SEA patronalaren inmobilismoaren aurrean, LAB, ELA, CCOO, USO, ESK eta CGT sindikatuok hiru greba egun erregistratatu ditugu gaur, maiatzaren 18a, 24a eta 26rako.


Arabako metalgintzaren negoziazioak hainbat urte daramatza inolako aurrerapenik gabe. Denbora honetan guztian SEAk inmobilismoa besterik ez du eskaini. Joan den apirilaren 12ko bileran, greba-deialdiaren berri izan ondoren, patronalak berriro eskatu zuen sindikatuok mugitzea. Bitartean, patronalak ez du lanaldia jaisteko proposamenik aurkeztu, ezta subrogaziorik ere, eta ez du sektoreko langileentzako erosteko ahalmenari eusteaz edo beste lan-baldintza batzuk hobetzeaz hitz egiten.

Horren aurrean, gogorarazi nahi dugu LAB, ELA eta CCOO sindikatuok iazko abenduan akordio batera iritsi ginela negoziazioak eta ekintza sindikalak bultzatzeko, Arabako Metalaren Hitzarmen Kolektibo duin bat izatera iristeko. Ondoren, USO, ESK eta CGTk bat egin zuten aldarrikapen taula argi batekin, baina oraindik ez du erantzunik jaso SEAren aldetik.

Orain arte mobilizazio ugari egin ditugu, metalaren hitzarmen duin baten aldeko milaka sinadura biltzen ari gara, eta orain grebetara goaz SEA mugitu behar izateko, edozein aitzakia alde batera utziz eta sektoreak dituen arazoei erantzun argiak emanez.

Ildo horretan, greba horietarako aldarrikapen nagusiak honako hauek direla azpimarratu nahi dugu:

– KPIaren gaineko soldata-igoerak, 1.400 euroko gutxieneko soldatarekin, 14 ordainsaritan.
– Lanaldia nabarmen jaistea.

– Azpikontratetako langileentzako subrogazioa.

– Kontratazioan emiten den iruzurraren aurkako neurriak.

– Behin-behinekotasuna eta malgutasuna mugatzea.

– Benetako berdintasun eraginkorra lortzeko neurriak.

– Lan-osasuna bermatzeko neurriak.

– Baimenak hobetzea eta pertsonak erdigunean jartzen dituzten beste lan-baldintza batzuk.

– Hitzarmena aplikatzeko bermeak: ultraaktibitatea, alde bakarreko ez aplikatzea eragoztea eta aplikatzeko lehentasuna ematea.

6 sindikatuok egiten dugu 3 eguneko greba-deialdi hau, baina Arabako metalgintzako langile guztiei dei egiten diegu bat borroka egun hauekin, sektorean lan-baldintza duinak lortzeko.

Beraz, Arabako metalgintzako sektoreari dei egiten diogu, lehenik eta behin maiatzaren 18an eta, ondoren, 24an eta 26an, grebak egin, ekoizpena eten eta kalera atera dadin, deituko ditugun mobilizazioetan parte hartuz, sektorean lan-baldintza duinak lortzeko.

Maiatzaren Lehenean 8 mobilizazio egingo ditugu Nafarroan zaintza lanak, enplegua eta aberastasunaren banaketa eskatzeko

Maiatzaren Lehenerako LAB sindikatuak Nafarroan 8 mobilizazio egingo ditu, “Altxa! Egin dezagun posible. Zaintza lanak, enplegua, ondasuna banatu” leloarekin. Mobilizazio horien inguruan, espazio ludikoak (Txoko Gorriak) prestatuko ditu, errebindikazio-eguna ere jai-eguna bilaka dadin. Horrela azaldu du Imanol Karrera Nafarroako bozeramaileak Iruñeko Gaztelu plazan egindako agerraldian.

Maiatzaren Lehen honetan LABek enplegua eta zaintzak banatzeko politiketan eta aberastasuna birbanatzeko politiketan egingo du azpimarra. LABek banaketa hirukoitzaren alde egin du. Horretarako, lan guztiak aitortu, banatu eta duindu behar dira; banatu eta duindu lanaldia murriztuz. Aberastasuna birbanatzeko politiken alde egiten dugu: soldatak hobetuz, zerbitzu publikoak hobetuz eta erreforma fiskala garatuz.  

Egoera jasanezina da sozialki eta ekologikoki. Kapitalismoak planeta ustiatzen du eta pertsonak esplotatzen ditu. Langile-klasea desjabetzen ari da, zaintza-lanak ez ditu aintzat hartzen, lan-harremanak prekarizatzen ari da eta zerbitzu publikoak desegiten. Horrela, laneko errentak kapitalaren errentetara pasatzen ari dira, eta, hala, prekarizazioa bizitzaren esparru guztietara hedatzen ari da, bizitza etengabe garestitzen, eta ondorioz, langileak pobretzen. Testuinguru horretan ulertu behar dugu Ukrainan gertatzen ari dena. Gatazka horrek oligarkiaren interes geopolitikoei erantzuten die. Kapitalaren eta bizitzaren arteko talka bizi dugu, zuzen-zuzenean.

Langileok urteak daramatzagu krisian, hori ez da berria. Eta, orain ere, bizitzaren garestitzea ez dugu denok berdin nozitzen. Egoerak egiturazko neurriak eskatzen ditu, ez eznahikoak diren partxeak, Estatuetako Gobernuak eta Gobernu autonomikoak egiten ari diren moduan. Gainera, laguntza horietako askok gastu publikoa handituko dute eta politika birbanatzaile egoki bat izan ezean ez da posible izango zerbitzu publikoak behar bezala garatzea, ezta babes sozialerako politika duin bat ere. Iraingarria da Iberdrola eta Petronorren gisako energia enpresak aberasten jarraitzea, herritarren kontura. Instituzioek ezin dute hori onartzen eta babesten jarraitu. Oligopolio energetikoak duen xantaiarako botereari eta gaitasunari mugak jartzea exijitzen du LABek, energiaren prezioa mugatzea. Energiaren publifikazioa defendatzen dugu, haren gaineko kontrol politiko eta sozial handiagoa.

Kapitalismoan etorkizunik ez dugu langileok, beste eredu ekonomiko eta sozial baterako bidea egiten hasi behar dugu. Trantsizio ekologista eta feministari heldu behar diogu. Pandemian osasuna eta ekonomia zaintzeaz hitz egiten ziguten bezala, orain antzeko paralelismoa egiten da, pertsonak eta ekonomia babesteaz ari direnean.  Benetan pertsonak babestu nahi badira, langile klasea eta herri-sektoreak zaindu nahi badira, asmo hori eslogan hutsean uzterik ez dago. Bada ordua pertsonen beharrak eta bizitza erdigunean jartzeko. 

  • Hori guztia hemen, Nafarroan, Euskal Herrian egin behar dugu posible. Kapitalismoari alternatiba batekin erantzutea afera globala da, herrialdez herrialde gauzatu beharrekoa. Nafarroan egin ahal izateko burujabetza eskuratzea behar dugu, Madrilen posible ez diren aldaketan Nafarroan gauzatu ahal izateko.

Hauek dira Maiatzaren Leheneko LABen deialdiak Nafarroan:

  • Iruñea. 12:00etan, Gaztelu plazatik. Txoko Gorria: Monton Tabernan (Jarauta kalea) eta Piparrika plazan.
  • Azkoien. 12.00etan, BMko aparkalekutik.
  • Lizarra. 12.30ean, geltokitik.
  • Tafalla. 13.00etan, Nafarroako Plazatik.
  • Tutera. 12.30ean, Queiles pasealekutik.
  • Doneztebe. 12.00etan, Avia gasolindegitik.
  • Altsasu. 12.30ean, Foruen plazatik.
  • Leitza. 12:00etan, Herriko plazatik.

Bestalde, nabarmendu nahi dugu aurten ez dugula plastiko serigrafiaturik erabiliko Maiatzaren Lehena iragartzeko. Ez dugu plastikozko 2.500 metro jarriko. Urrats asko egin behar ditugu trantsizio ekosozialistaren alde, eta hori da horietako bat.

Mobilizazioak Arabako Esku-hartze Sozialean, patronalaren blokeoaren aurrean

Ia urte eta erdiko negoziazioen ondoren, Arabako Esku-hartze Sozialaren sektoreak hitzarmen duin baten alde borrokatzen jarraitzen du. Horrela, LAB, ELA, CCOO, ESK eta UGT sindikatuok kontzentrazioa egin dugu gaur Gasteizko Probintzia plazan, Arabako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean.

Patronala negoziazioa blokeatzen ari dela salatu dugu, erakundeen finantzaketan aitzakipean, eta esanez KPIari lotutako igoera batek elkarte askoren amaiera ekar lezakeela. Esan beharrik ez sindikatuok ez dugula bat egiten patronalaren iritziarekin.

Hain zuzen ere, sindikatuek sektoreko 1.000 langile baino gehiagoren erosahalmena bermatzea eta lan baldintzen duintzea eskatzen dute. Horregatik, sektore osoari dei egiten diogu apirilaren 26an goizeko 10:00etan Eusko Jaurlaritzaren aurrean mobilizatzeko. 

Greban daude Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko langileak

LAB, SATSE, ELA, UGT, CCOO, ESK eta UTESE sindikatuon deialdiari jarraituz, greban daude Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko langileak apirilaren 19tik 22ra.

Osakidetzako gainontzeko langileei baino % 4 gutxiago ordaintzen diete eta ekiparazioa eskatzen dute.

FVEMek Bizkaiko metalgintzako hitzarmenaren negoziazio mahaia blokeatu du

Gaur egin da Bizkaiko metalgintzako hitzarmenaren negoziazio-mahaiaren seigarren bilera. Aurreko bileran, patronalari eskatu zitzaion aitzakiak alde batera uzteko eta sindikatu guztiok gure plataformetan jaso ditugun gaiei erantzuteko: KPIaren gaineko soldata-igoerak, lanaldi-murrizketa, aldi baterako ezintasunen osagarriak, ordaindutako lizentzien hobekuntza, jarduera guztietarako subrogazioa, errelebo-kontratuaren aplikazioa, aparteko orduei buruzko neurriak, behin-behinekotasuna eta ABLEak mugatzeko neurriak, telelanaren erregulazioa…

Gaurko bileran patronalak uko egin dio sindikatuen eskaerei erantzuteari, eta hitzarmenaren negoziazio mahaia blokeatzea erabaki du, jarrera harroputz eta arduragabe batekin.

Azken hitzarmena sektorean 10 greba egun egin ondoren lortu zen, eta argi dago FVEMek bere jarrerarekin agertoki berera bultzatzen gaituela. Horregatik, LABen ustez, indarrak batzeko, aliantzak sortzeko eta sektorea aktibatzen eta mobilizatzen hasteko unea da.

Euskaraz lan egiteko eskubidea aldarrikatzen jarraituko dugu

LAB eta ELA sindikatuok eta Euskalgintzaren Kontseiluak aurkeztutako adierazpen bateratua, gaurko agerraldiaren harira:

Azken 40 urteetan euskararen normalizazio politikek, muga eta gabezia guztiekin ere, garapena izan dute hainbat alorretan; lan mundua euskalduntzeko, ordea, enpresen boluntarismoa sustatzean oinarritutako politika apalak soilik garatu dira. Horren emaitza da, ezinbesteko esparrua izan arren, gaur gaurkoz %1era ere ez iristea euskara-planak dituzten entitateen ehunekoa, eta enpresen botere harremanek langile euskaldunak erdaraz lan egin behar izatera behartzea. Gainera, behin eta berriro urratzen da langileek euskaraz lan egiteko duten eskubidea.

Adierazitako egoera kontuan izanik, eta lan mundua euskalduntzeko eta langileen hizkuntza-eskubideak bermatzeko garrantziaz jakitun, orain urtebete ELAk, LABek eta Euskalgintzaren Kontseiluak lan mundua euskalduntzeko dinamika bat martxan jarri genuen. Saiakera horren abiapuntua akordioari aukerak ematea izan da. Horrela, hiru eragileek uko egin diogu gure eskaera propioak aldarrikatzeari ekimen honetan, patronala eta beste sindikatuak ere eroso egon zitezkeen abiapuntu baten bila. Hartara, ELArentzat, LABentzat eta Kontseiluarentzat horrela definitu genuen gutxieneko adostasunak eraikitzeko proposamena50 langiletik gorako lantokietanlangileen ordezkaritzak edo enpresarenak eskatzen dutenean enpresetako euskara-planari buruzko negoziazioa irekitzea. Neurri horrek, enpresa kopuru mugatu bati, baina Hego Euskal Herriko langilegoaren erdiari eragingo lioke.

Ohartzen ginen, proposamen horrek ez zuela enpresa horietan euskara-planak garatzeko bermerik eskaintzen, soilik horri buruz hitz egin behar izatea baitzekarren. Horrekin batera, ohartzen ginen euskara-planak abiatuta ere, halakoetan egin ohi denez, garatu beharreko neurriak adostasunez definitzera eramango gintuela gerora ere. Hau da, enpresak ez dituela konpromiso zehatzetara lotzen. Halere, enpresan euskararen normalizazio-prozesua egituratzeko eta sistematizatzeko urratsa egiteko aukera emango liguke. Enpresetan euskara-planak egin beharra mahai gainean jartzeko lehen urratsa iruditzen zitzaigun. Gainera, sindikatuok eskaera hori ahalik eta enpresa gehienetara eramateko zeregina eta konpromisoa hartu genuen.

Proposamen hori oinarri hartuta, harreman-erronda zabala egin genuen beste sindikatuekin, alderdiekin eta instituzioekin. Harreman horien helburua patronalari luzatu beharreko proposamenak ahalik eta babes eta bultzada zabalena eskuratzea izan zen. Harreman-erronda horren ondotik, sindikatu guztiak eta patronala biltzen dituen lanbidearteko akordiorako mahaia deitu genuen, proposamena bertan adosten saiatzeko. Bertan adostutakoak enpresa guztietan eragiten baitu.

Bada, esan behar dugu, bide honen amaieran Confebasken ateak erabat itxita topatu ditugula. Izatez, lanbidearteko mahaiko bilera egiteari ere uko egin zion. Jarrera ulertezina eta deitoragarria iruditzen zaigu. Halaber, Nafarroaren kasuan, CEN patronalak ez du gutxieneko interesik agertu bide hau jorratzen hasteko. Horrekin batera, hori bezain ulergaitza iruditu zaigu alderdi politikoen aldetik Legebiltzarrean eginiko proposamena babesteko adostasunik lortu ez izana, ez eta instituzioen aldetik ere inolako babesik eta bultzadarik adierazi ez izana ere.

Horrek guztiak biziki kezkatzen gaitu, ez baitakigu eragile horiek ohartzen ote diren eremu sozioekonomikoa euskalduntzeak zer nolako erronka kolosala dakarren gaur egungo gizartean. Ez dugu ulertzen halako eskaera xumeari, gaia agendan kokatzeari, gaiari buruz hitz egin behar izateari, funtsean, elkarrizketari, ateak horrela ixtea. Eta atsekabetu gaitu gaur egun oraindik ere eragile bakoitza bere lubakitik aritu dela ikusteak, lankidetzarako proposamen zintzoari mesfidantzaz erantzunez.

Horregatik guztiarengatik, euren jarrerak berrikustera deitu nahi ditugu bidean elkarrizketatu ditugun eragile guztiak. Jarrera eta jokabide horiekin, borondate eta konpromiso falta horrekin, ez dugu uste langileen euskaraz lan egiteko eskubidea bermatzea eta eremu sozioekonomikoa euskalduntzea posible izango denik. Ez gaur egungo baldintzetan.

Gainera, askotan aipatu dugu, baina berriro gogorarazi behar dugu, eremu sozioekonomikoaren euskalduntzeari begira une edo momentu estrategikoan gaude. Izan ere, datozen bi hamarkadetan Hego Euskal Herriko langileriaren erdia erretiroa hartzeko adinean egongo da. Belaunaldi aldaketa gertatzera doa, eta beraz, abagune paregabea izango da eremu sozioekonomikoaren euskalduntzean jauzia egiteko. Kontrakoa ere gerta liteke, ordea: neurri egokirik hartu ezean, belaunaldi hori erdaldunduko baitu eremu sozioekonomikoak. Eta, ondorioz, ezdeusean geratuko lirateke hezkuntzan belaunaldi hori euskalduntzeko egindako ahaleginak eta inbertsioak.

Hemen bildu garen hiru eragileon aldetik, argi eta ozen adierazi nahi dugu jasotako ezezkoek ez gaituztela geratuko. Ez dugu etsiko, eta ezezko horrek lantokietan Euskara Planak modu normalizatuan negoziatzea zaildu egingo duen arren, gure aldetik bide horretan urrats berriak egiteko asmo sendoa berresten dugu. Horretarako, ELA, LAB eta Kontseilua aukera eta bide berriak aztertzen ari gara. Oraingoz, CCOOrekin eta Adegirekin izan ditugun harremanetan mahai gaineratutako aukera batzuk lantzen jarraitzeko asmoa dugu. Horrekin batera, aurten Euskaraldia izango dugula baliatuz, enpresaz enpresa bertan parte hartzeko dinamika bateratua martxan jartzeko aukerak lantzen ari gara. Horrela, enpresek Euskaraldian izena eman dezaten lan egingo genuke eta, ondoren, enpresa horietan euskara-planak martxan jartzeko aukerak landuko genituzke.

KORRIKAk herri gogo indartsu eta konprometituaren milaka irudi erakutsi dizkigu. Eta, nola ez, bai eta bi mezu nagusi ere. Batetik, gure hizkuntzaren normalizazio-prozesuak presa duela, hartara, neurriak eta konpromisoak behar dira aurrera egingo badugu. Bigarrenik, hitzetatik ekintzetara jauzia egin beharra aldarrikatu dugu ehunka mila euskaltzaleok. Horrexegatik, beraz, lan munduaren euskalduntzean hitzetatik ekintzetara pasatzeko dei egin nahi diegu eragile guztiei.

Norbaitek sinets dezake kasualitatea edo zorte txarraren aurrean gaudenik?

2021. urteko lan istripu hilgarrien txostena aurkeztu genuen atzo, eta handik gutxira, beste bi lan heriotzen berri izan genuen; urteko 18 eta 19. lan istripu hilgarria Euskal Herrian, lan munduan bizi dugun errealitatearen isla. Aurretik, joan den astean, arrantzale bat hil zen Santoñako uretan, bihotzekoak jota, eta horixe salatu dugu Hondarribiako Kofradian gaur, euskal gehiengo sindikalak deitutako mobilizazio baten bitartez.

Egoera jasanezina da, astero langile bat baino gehiago hil egiten ari da, eta erakundeek ez dute sarraski hau agenda politikoan kokatzen. Ez da zori kontua, prekarietatea da.

Iruñean atzo Arrosadia auzoko obra batean hildako pertsona Construcciones Mariezkurrenako 52 urteko langilea zen. Gure datuen arabera, langilea paletak altxatzeko makina bat garbitzen ari zela, makinaren beso mugikorra gainera etorri zaio eta jo eta bertan hil du. Leioan atzo hil zen pertsona, berriz, CARBIZKAIA enpresako 49 urteko langileak, pintorea ofizioz, lan heriotz ez traumatiko baten ondorioz galdu zuen bizia.

Sektore guztietan gertatzen ari dira hildakoak, astero, eta hemen ez da ezer gertatzen. Egoera horren aurrean, norbaitek sinets dezake kasualitatea edo zorte txarraren aurrean gaudenik? Administrazioei, lan-istripuen eta lanbide-gaixotasunen gaitz honi aurre egiteko azalpenak eta berehalako neurriak, kontrol handiagoa eta politika zehatzak eskatzen dizkiegu.

Langileok ezin dugu egoera hau normaltzat eman, ezta honetara ohitu ere.

Burujabetza, bakea eta eraldaketa aldarrikatu ditugu Aberri Egunaren harira

LAB sindikatuak adierazpen bat egin du 2022ko Aberri Egunaren harira, “Egin dezagun Euskal Herrian. Burujabetza, bakea, eraldaketa” izenburupean.

“Egin dezagun Euskal Herrian, Madrilen eta Parisen ezin dena: burujabetza eta autodeterminazioa, bakea eta eraldaketa”, adierazi dugu dokumentuan, eta sistemaren eskaintza “inperialismoa, gerra eta krisia” direla ohartarazi dugu.

Sindikatuaren hitzetan, “Elkarbizitza Demokratikorako ekarpena egitearekin batera, estrategia eraldatzailea eta independentista praktikara eraman nahi dugu, Estatuetan posible ez den hori, Euskal Herrian posible eginez, Lan Harremanetako eta Babes Sozialeko Euskal Esparrua (LHBSEE) eratzeko proposamenak eginez, Euskal Herriko Lan Kodea eta Gizarte Segurantzako Legea gauzatu daitezen bidea egiteko ekimenak jorratuz, enplegu duinerako sektorearteko akordioa, esaterako”.

LABek langile guztientzako sindikalismoa garatu nahi du, eta horrek ezinbestean sindikalismo feminista eta antirrazista garatzea esan nahi du, “enplegua, zaintza lanak eta ondasuna, banaketa hirukoitzaren alde eginez, zaintza eta lana banatu eta duinduz, aberastasunaren birbanaketa bultzatuz. Lan eta bizi baldintzen aldeko borroka burujabetzaren aldeko aktiboa bilakatuko dugu, pedagogia independentista eginez”.

Amaitzeko, LABeko kidegoari Aberri Egunaren testuinguruan Euskal Herria Baterak ekimenak zein EH Bilduk eta EH Baik deituriko manifestaldietan parte hartzeko deia luzatu diogu.