2024-05-05
HomeEkintza Sindikala170 lanpostu daude bete gabe Nafarroako Oinarrizko Osasun Laguntzan

170 lanpostu daude bete gabe Nafarroako Oinarrizko Osasun Laguntzan

Gerentziaren datuen arabera, gaur egun bete gabeko 170 lanpostu daude Oinarrizko Osasun Laguntzan; hau da, 170 langileren gabezia dago. Kategoria eta osasun-zentro guztietako profesionalak falta dira. Horrek azaltzen du Osasun Departamentuaren benetako interesa kalitatezko arreta sustatzeko.

LABek askotan salatu izan du Oinarrizko Osasun Laguntzak eta bertako langileek pairatzen duten utzikeria: administrarien egoera, mediku eta erizainen eskasia… Departamentuak osasun-zentroetako arreta kudeatzeko duen ezintasunaren ondorio zuzena.

Gerentziak emandako datuen arabera, gaur egun 171 profesional daude kontratatu gabe Oinarrizko Osasun Laguntzan, eta kopuru hori guztiz onartezina da. Hona hemen datuak xeheki emanak:

  • Osasun arloen arabera, Iruñerrian eta Nafarroa iparraldean 126 profesionaleko desfasea dago, Tutera osasun eskualdean 24 falta dira, eta Lizarrakoan 20 baino gehiago.
  • Kategorien arabera, 40 mediku, ia 30 erizain, beste 30 administrari, 10 pediatra eta burutzetako 20 postu inguru daude bete gabe.

Osasun-zentroen arabera xehe aztertuta, honakoa da irudia:

  • Iruñeko osasun eskualdean (hirburua baino askoz ere zabalera handiagoa duena), osasun etxe bakoitzean 2 edo 3 profesional falta dira batez beste. Azkoien eta Izaban bosna lanpostu daude bete gabe, eta Aranguren, Donibane eta alde zaharrean, launa.
  • Tuterako osasun eskualdean kontratazio falta hiriburukoa baino handiagoa da. Nabarmentzekoak dira Tutera ekialde eta mendebaldeko osasun etxeak, Corellakoa eta Buñuelekoa , horietako bakoitzean bete gabeko lau lanpostu baitaude.
  • Lizarrako eskualdean, berriz, Lodosa eta San Adrian nabarmentzen dira, 4 eta 5 profesional falta baitituzte hurrenez hurren.

Datu horiek eskuan, gogorarazi nahi dugu osasun-zentroetan ia ez dela ordezkapenik izaten, eta, beraz, zentro horietan lan egiten duten profesionalak behartuta daudela beren txandak zabaltzera edo beste lankide batzuen kupoak euren gain hartzera. Hori guztia nahikoa ez, egoera horrek desberdintasunak eragiten ditu produktibitateak kobratzeari dagokionez.

Aurreko horri profesional berrien gabezia (psikologoak, gizarte langileak, odontologoak, fisioterapeutak…), lan-baldintza kaskarrak eta antolaketa txarra gehitzen badizkiogu, erraz ulertzen da nola ari diren bertan behera uzten osasun-arretaren oinarrizko eta funtsezko zutabea den hau.

Horregatik, LAB sindikatuak ezinbestekotzat jotzen du egoera horri aurre egitea eta Oinarrizko Osasun Laguntzako plantillak egoki eta berehala dimentsionatzea. Horretarako, berrantolaketa-erabaki serioak hartu behar dira, eta estaldura zaileko eremuetan hobekuntzak ezarri. Era berean, guk funtsezkotzat jotzen dugu zentralizazioaren eta despopulazioaren aurkako borroka, eta, horretarako ezinbestekoa da, neurri handi batean, landa-inguruneetako osasun-zentroak behar bezala dimentsionatzea, inguruetako biztanleei behar duten zerbitzua eskaintzeko gai izan daitezen.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.