2024-05-08
HomeEkintza SindikalaOsasun arloko mahai sektorialaren bilera utzi dugu sindikatuok

Osasun arloko mahai sektorialaren bilera utzi dugu sindikatuok

LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuon oharra:

Osasun Arloko Mahai Sektorialaren bileren edukia ikusita, esan dezakegu Osakidetzak dinamika zaharrekin jarraitzen duela; urte honetan zehar hilabete luzez foro hori uztera eraman gaituzten formekin eta edukiekin. Gaur, arrazoi berberengatik altxatu gara berriro Mahaitik. 

Osakidetzak uko egin dio negoziatzeari, bai eta sindikatuek behin eta berriro proposatu dizkioten eta langileen lan-baldintzetan eragin zuzena duten gaiei buruz hitz egiteari ere. Aitzitik, proposatutako gaietako batzuk era formalean barne hartzen baditu ere, bileran uko egin dio gai horiei buruzko negoziazioa irekitzeari, eta aitzakiak jarri ditu, hala nola dagoeneko itxita dauden gaiak direla edo ez duela gai horiei buruz erabakitzeko gaitasunik. Hori gertatzen da %4ko soldata-parekatzearekin (CVTTHko langileek 6 greba-egun baino gehiago egin dituzte dagoeneko arrazoi horregatik) edo PAC izenekoen (Zumarraga, Deustu edo San Martini) ordutegiak berriro irekitzearekin eta berreskuratzearekin.

Hori gutxi balitz, eta landu beharreko gaiak Osakidetzak inposatzen dituen arren, ez dago horiei buruzko negoziaziorik. Gaiak mahaira ekartzera mugatzen da, bere legezko betebeharra era formalean betetzeko helburu bakarrarekin, baina praktikan ez da inolako negoziaziorik egiten, eta, beraz, azkenean ia hasierako terminoetan behin betikotzat jotzen den proposamen itxia planteatzen da. Horrekin, sindikatuekin negoziazio bat dagoela ere simulatu nahi da, baina ez da hala. Osakidetzak Mahaia erabiltzen du propaganda tresna gisa.

Hala gertatu zen hilaren 29ko bileran, sindikatu bakar baten abalik ere izan ez zuen egonkortzeko LEParen oinarriekin. Eta hala gertatzen ari da garapen profesionalaren eredu berriarekin. Eredu horrek oso murrizketa garrantzitsua dakar langileentzat, eta Osakidetzak uko egiten dio negoziatzeari eta aldatzeari, sindikatuek behin eta berriro eskatu arren. 

Horri guztiari etengabeko opakotasuna gehitzen zaio. Gogorarazi dezagun dagoeneko salatu genuela egonkortzeko LEPan eskaini beharreko plazak zehazterakoan erabateko gardentasun-falta dagoela. Bada, gaur egun, Eskaintza EHAOn argitaratu ondoren, oraindik ez dakigu zein plaza eskainiko diren prozesu horretan. Nahiz eta, 20/21 Legearen testuarekin bat etorriz, eskaini beharreko plazen azken kopurua zehazteko, plaza bakoitzaren banakako azterketa egin behar den. Salatu dugunez, opakotasunaz gain, plazen guztizko kopurua (3.700) ez da nahikoa Osakidetzak aldi baterako 24.000 langile baino gehiago dituela kontuan hartzen badugu. 

LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuok benetako negoziazioa eskatzen diogu Osakidetzari, plantillaren lan-baldintzak hobetzeko, eta negoziaziorik eta edukirik ez dagoen bitartean, ez garela berriro Mahai Sektorialera joango ohartarazi nahi diogu. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Barakaldoko Udaleko aurrekontuak inolako negoziaziorik gabe onartu izana salatzen dugu

Atal sindikaletik alegazioak aurkeztu zizkioten aurrekontuari, eta horiek negoziazio mahaira eraman ez izana negoziazio kolektiboaren gutxiespentzat jo du.

Hezkuntza Departamentuak Barañaingo Alaitz Institutuko batxilergoko lerro bat bidegabe kentzeko asmoa duela salatzen dugu

2024-2025 ikasturterako, 52 ikasle aurrematrikulatu dira Alaitzen Gizarte Zientziak-Humanitateak eta Zientziak-Teknologia baxilergoetako ikasketak egiteko. Hala ere, Hezkuntza Departamentuak talde bakarra osatzea aurreikusten du.

Bi greba egun deitu ditugu Nafarroako ANFAS-en, hitzarmenaren negoziazioan aurrera egiteko

Greba egingo dute maiatzaren 8an eta 11n, zuzendaritzari soldata igoerak eta erosahalmena berreskuratzea eskatzeko, besteak beste. Nafarroako Gobernuaren inplikazioa eskatzen dute lan baldintzak hobetzeko, azken 4 urteetan Gobernuak ANFASi bere aurrekontuaren bi heren dirulaguntzetan eman arren, lan baldintzak ez direlako hobetu.