2026-01-22
Blog Page 341

Kontratu publikoen Kontratazio Batzordean gure parte-hartzea bermatzeko eskatu dugu, arlo horretan Nafarroako Gobernuak jaso duen azken kolpea ikusita

Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiak (NKPAA) baietsi egin du LAB sindikatuak egindako erreklamazioa, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak lizitatutako hainbat ikastetxetako garbiketa zerbitzu arruntaren kontratua arautzen duen baldintza-agiriaren aurka. Hainbat sailetan jasotako urteko soldata gordina ez dator bat lan egin beharreko orduekin, eta ez dator bat subrogatu beharreko langileekin. Hala, Administrazioari xedatzen dio ezin duela esleipen-prozedurarekin behar bezala jarraitu.

“Gobernua nola ari den jokatzen ikusteko unea da, gomendio horiek â€•zerbitzu hori gauzatzearekin zerikusia duten baldintza-agiriak eta esleipendunen eskaintzak betetzen direla kontrolatzeko baliabideak ematea―aplikatzen ari diren ikusteko. Administrazioak injustuak eta abusuzko baldintzak ezartzen ditu, zerbitzuaren eta enpleguaren kalitatea bermatzen ez dituztenak”. Bada, Ainhoa Unzu PSNko Parlamentuko enplegu bozeramaileak 2017. urtean aurreko gobernua interpelatzeko erabili zituen hitz berberekin, LAB sindikatuak legea, zerbitzu publikoen kalitatea eta kalitatezko enplegua betetzeko exijitu dio egungo Nafarroako Gobernuari.

NKPAAren aho bateko akordioak enpresa pribatuen jardunbide txarra eta kontratu publikoen arloan Administrazioaren kontrol falta berresten ditu. Hala, hainbat sailetan jasotako orduko prezioa Hitzarmen Kolektiboan jasotako orduko prezioaren azpitik dago.

Tamalgarria da batzuen eta besteen gaitzespen alderdikoiez gain, lehen Geroa Bairen aurreko Gobernuak, eta egungoa PSNrekin batera, benetako praktika horiekin ezer ez egiteko erabakiarekin jarraitzea. Gobernuak laguntzen jarraitzen du enpresa pribatuek diru publikoarekin onura izaten jarrai dezaten, interes orokorraren eta baldintza prekarioetan dauden langileen interesen gainetik.

Aurreko guztiarekin lotuta, LABek Nafarroako Gobernuari exijitzen dio ahalik eta lasterren bete dezala EH Bilduk proposatuta aurrekontu akordioan hartutako konpromisoa, sindikatu guztiek Kontratazio Batzordean ordezkaritza izango dutela bermatzeko, LABek egun pairatzen duen bazterketa gaindituz. NKPAAren zartadak agerian uzten du zein garrantzitsua den LAB sindikatuak Kontratazio Batzordean parte hartzea, kalitatezko zerbitzuen eta enpleguaren defentsan, jatorrian horrelako jardunbide txarrak zuzen daitezen, UGT eta CCOO sindikatuen utzikeriaren aurrean.

Galletas Artiachen lortutako akordioa, grebari amaiera eman diona, ez da nahikoa

150 eguneko grebaren ondoren, UGT, ESK eta independente batek osatutako gehiengo sindikalak amaiera eman dio grebari, enpresaren ultimatuma eta honen proposamena onartu ondoren. Gure ustez, akordioa ez da nahikoa eta negoziazioa oso baldintzatuta egon da.

Akordio horrek murrizketarik ez badu ere, eta edukiren bat positiboa bada ere, uste dugu ez dela greban zeuden langile gehienek nahi zutena.

Akordioa hobekuntza ekonomikoetan oinarritzen da, eta keinu positiboren bat egiten du kontratazio-politikari dagokionez. Oraindik zehaztu gabe dago, baina ez du lanaldi-murrizketarik aurreikusten, gutxienez 15 urte daramatzana jaitsi gabe.

Negoziazio-baldintzek kalte egin diote langileen aldeari, eta bilera batean soilik defendatu ahal izan ditu bere proposamenak. Enpresak lehen proposamen bakarra aur- keztu zuen, eta bigarrena, hau azkena izango zela esanez.

Akordio eskasa dela uste izan arren, LABek grebalarien borroka handiari balioa eman nahi badio, haien borrokari esker lortu dute beren lan-baldintzak hobetzea eta kontra- tazio berrienak soldata-eskala bikoitzarekin ez murriztea.

Kanpaina bat hasi dugu Bizkaian, Etxez-Etxeko Laguntza zerbitzua publikoa izan dadila eskatzeko

6 urte igaro dira grebak Bizkaiko Etxez-Etxeko Laguntza zerbitzuko langileek grebak hasi zituztenetik, eta 60 egun greba egin ostean ez dago inolako aurrerapausurik. Hainbat mobilizazio, udaletxerekin bilera, greba eta abar egin badira ere, patronalak ez du inolako proposamenik egiten, eta mahai negoziatzailea blokeatzen dabiltza etengabe. 

Udaletxeetako aurrekontuak, ordea, etengabe igo dira Bizkaiko udalerri guztietan, horrek sektoreko Langileen lan-baldintzetan inolako islarik izan gabe. Udalak dira zerbitzua kudeatzen dutenak.

Udal zerbitzu hori pribatizatuta dagoen tokietan enpresariak sekulako diru-irabaziak izaten ari dira, inolako azalpenik eman behar izan gabe. Horregatik, LABen erabaki dugu kanpaina bat abiaraztea udaletxez udaletxe, langileen soldata eta lan-baldintzak 6 urtez izoztuta egonda ere, enpresa pribatu horien irabaziak etengabe handitzen dituztela salatzeko.

Portugaleten hasi dugu kanpaina, aurten 1.923.813,54 € emango dizkiolako bertako udalak kontratatuta duen enpresari. Baina laster, Bizkaiko beste herri batzuetara joango gara salaketa berdina egitera; izan ere, enpresa pribatuak diru publikoarekin euren poltsikoak betetzen dituzten bitartean hitzarmen sektoriala blokeatzen dute. Horregatik guztiagatik, zerbitzu honen publifikazioak izango lukeen benetako kostua kalkulatzeko eskatuko diegu udaletxeei.

Gure ustez, udaletxeei dagokie euren aurrekontuak kontrolatzea eta oinarrizko zerbitzuak publiko mantentzea. Lan honen aitortzaren eta publifikazioaren alde… etxez etxeko laguntza borrokan!

Bat egiten dugu apirilaren 24an deitutako enpresa transnazionalen kontrako elkartasun feministaren nazioarteko egunarekin

Apirilaren 24an, berriz ere, feminismo antikapitalista, antirrazista eta antikoloniala eraikitzeko gure jarrera politikoa erakutsiko dugu, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxaren eskutik. Europan gerraren eta mugen industriaren aurka mobilizatuko gara. Salatu dezagun Europaren blindatzea eta ikusarazi ditzagun erresistentzia feministak.

Gorde zuen agendetan maiatzaren 19a, 19:00etan, mahai-inguru bat antolatuko baitugu Santurtzin: ERRESISTENTZIA FEMINISTAK GERRAREN ETA MUGEN INDUSTRIAREN AURKA.

BIZITZEKO BORROKAN, ERALDATZEKO MARTXAN!

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxaren adierazpena

Feministok gerraren eta mugen industriaren aurka!

2013ko apirilaren 24an zortzi solairuko Rana Plaza eraikina hondoratu zen Bangladesheko hiriburu Dhakan. 1.127 langile, gehienak emakumeak, hil ziren eraikinak azpian harrapatuta. 2.500etik gora zauritu ziren. Urtez urte, emakumeon eta lurraldeen esplotazioaren aurkako aldarria zabaltzen dugu gaurko egunean Emakumeon Mundu Martxatik.

Azken asteetan gerraren testuinguruak fokoa hartu duen honetan, Euskal Herritik dugun arduraz hausnartu nahi dugu. Gerra elikatzen dugu ekoizpen militarrarekin eta mugen industriarekin, eta gerra horiek erditzen duten ordena ekonomikoaren onuradun gara, unibertsala ezin izan daitekeen ongizate material batez gozatuz. Enpresa multinazionalak dira bereziki, munduko potentzien geopolitika kolonial eta inperialista berri honetan onurak jasotzen dituzten bakarrak.

Zehazki, gerraren industriak Euskal Herrian armak edota armetarako osagaiak ekoizten dituzten ehun enpresa inguru mugitzen ditu, eta urtean bost ehun milioi euro biano gehiago fakturatzen dituzte.

“Gerra hemen hasten da” lelopean, 2017.an. Euskal Herriko Mugimendu Feministak bat egin zuen Santurtzin, Bilboko Portutik armak esportatzearen aurka, indarkeriarik gabeko ekintza bat eginez. Zoritxarrez, egoera honek erabateko indarraldia du une honetan.

Gainera, mugak babesteko helburuarekin, migrazio-kontrolaren industria handi bat artikulatu da. Gaur egun, Europako lurraldearen babesa eta segurtasuna milioi askoko aurrekontuak dira, mugak indartzera bideratuak, hesiak, hormak, azken teknologiako zaintza-sistemak, hegazkinak, helikopteroak, droneak eta abar finantzatuz. Mugak nekropolitika gauzatzen den lekuak dira, eta horren lekuko dira Bidasoa ibaiaren bi ertzak.

Kapitalismo basatia da gerren onuradun bakarra, armen negozio odoltsua eta baliabideen espoliazioa helburu dituena. Pertsona gehienentzat heriotza besterik ez dakartena, sufrimendua, migrazio masiboa, miseria eta desberdintasunetan areagotuz.

Gerra da indarkeria patriarkalaren muturreko adierazpena. Gerra hondamendia da, feminismotik aldarrikatzen dugun “bizitza jasangarri baten” kontrako adierazpena. Kapitalismoak eta patriarkatuak gerrak behar dituzte irauteko eta zapaltzen jarraitzeko. Gerra guztiekin amaitu behar dugu. Eta hor Nazioarteko Mugimendu Feministak badu zer esan.

Erakundeek mugen eta gerren industria babestera bideratzen dituzten baliabide guztiak, zerbitzu publikoak indartzera, gastu sozialetara, indarkeria matxistari aurre egitera edota derrigorrezko desplazamendua jasan duten pertsonen harrerara bideratzea exijitzen dugu. Proposamen ororen erdigunean, baita ekonomikoetan ere, giza eskubideak jartzen dituen herrian bizi nahi dugu.

Euskal Herrian, 2022ko aprila

1.200 eurotako 15 paga jasoko dituen hitzarmena lortzea helburu, 5 greba egun iragarri ditugu Bizkaiko garbiketan

Mobilizazioa egin dugu Bilbon ELA eta ESK sindikatuekin batera, CEBEK patronalaren aurrean, eta 5 greba egun iragarri ditugu Bizkaiko garbiketan, nagusiki emakumeek osatutako sektore honetan 1.200 eurotako 15 paga jasoko dituen hitzarmena lortzeko helburuarekin. Apirilaren 26 eta 27an eta maiatzaren, 10, 11 eta 12rako deitu ditugu grebak. 

Hilabeteak dira sektorea mobilizatzen ari dela, negoziazio mahaian patronalak ez duelako inolako proposamenik egiten. Martxoaren 31n greba egun arrakastatsua izan zuten, LAB, ELA eta ESK sindikatuon deialdiari jarraituz eta Gora Garbitzaileak kolektiboak hainbat ekintza egin ditu, azken atzo bertan, FCC enpresa negoziazioan dagoen blokeoaren erantzule moduan seinalatuz. 

Bizkaiko langileen urteko soldatak ez dira 16.000 eurotara iristen eta askok eta askok lanaldi partzialekin dihardute. Soldata arrakala agerikoa da. Patronalak, ordea, ez du proposamenik egiten, eta inflazioak langileak are gehiago estutu arren, soldatak izoztuta jarraitzen dute; pandemian garbiketa funtsezkoa dela begi bistan geratu arren. 

Grebak eragina izango du Bizkaiko garbketa hitzarmena aplikatzen den lan zentroetan.

13/13 auziko irregulartasunak salatu ditugu beste 9 sindikaturekin batera

Hilero egiten dugun bezala, mobilizazioa egin dugu Espainiako gobernu ordezkaritzaren aurrean, Bilbon, ELA, UGT, ESK, STEILAS, CGT, CNT, EHNE, HIRU eta ETXALDE sindikatuekin batera espetxe-politikan aldaketak aldarrikatzeko. Gainera, 13/13 auziko epaiaren aurrean, presoen eskubideen alde egindako lanagatik  Arantza Zulueta abokatuari zazpi urte eta erdiko eta Jon Enparantza, Naia Zuriarrain eta Iker Sarriegiri hiru eta lau urte arteko espetxe zigorrak ezarri dizkiena, gaiaren inguruko irakurketa egin dugu.

Honela, kezka eta gaitzespena adierazi ditugu eragindako pertsonek kontatutako irregulartasunei buruz eta legez kanpoko polizia-operazioari buruz; telefono-erregistro eta entzuketa irregularrei buruz; CNIren esku beltzari buruz; eta oinarrizko eskubideak urratzeari buruz.

Honetaz gain, auzi hori artxibatzea eskatzen dugu, bai aipatutako irregulartasunengatik, bai epaitutako pertsonak kondenatzeaz gain, bakearen eta bizikidetzaren alde egin duen euskal gizarte osoa kondenatzeko helburua duen ekintza delako.

Era berean, Juan Mari Jauregi gogoratu dugu, prozesu honetan auzipetuetako bat, joan den irailaren 3an hil zena.

Azkenik, 2018an abiatu genuen mobilizazio dinamika honetako gure aldarrikapenak gogoratu ditugu: euskal preso guztiak Euskal Herriko espetxeetara hurbiltzea, gradu-aldaketak eta legeria arruntean jasotako espetxe-onurak lortzea, gaixotasun larriak edo sendaezinak dituzten pertsonak espetxetik ateratzea, kartzeletik ateratzen direnak lan mundura bueltatzea edo legeria berrikustea zigorren salbuespeneko luzatzea saihesteko.

Gora Garbitzaileak: “Izkutatuta nahi gaituzte baina gu borrokaren lehen lerroan kokatu gara jada”

Gora Garbitzaileak kolektiboak, LAB eta ESKren babesa duen ekimenak, ekintza berri bat egin du gaur Bilboko Bolueta auzoan. Honela, FCC enpresa seinalatu du Bizkaiko garbiketa hitzarmenaren blokeoaren arduradunetako bat bezala. Hitzarmen honek 11.000 langileri eragiten dio eta sektoreko langileak borrokan ari dira 1.200 eurotako 15 paga jasoko dituen hitzarmenaren alde. Martxoaren 31n egin zuten lehen greba eguna eta apilaren 26 eta 27rako ere greba egunak deitu dituzte.

Gora Garbitzaileak kolektiboaren oharra:

Martxoan zehar hainbat ekimen burutu genituen GORA GARBITZAILEAKen izenean, hilaren 31ko egin genuen Bizkaiko Garbiketaren greba berotu asmoz. Bilboko iturriak morez tindatu, hirian dauden gizonen estatuetatik eskularruak eta fregonak zintzilikatu genituen, ISS Facility Services seinalatu genuen okupazio baten bitartez hitzarmenaren blokeoaren arduradunetako bat baita. Eta greba egunean San Mameseko polikiroldegian pintura morez beteriko extintorea hustu genuen.

Oraingo honetan Fomento de Construcciones y Contratas enpresara jo dugu. Enpresa honen jabea den Carlos Slimek munduko abertsanenen zerrendan hamairugarren postua du. Gaur bera seinalatzea erabaki dugu, guztiz salagarria delako garbitzaile batek urte osoko nekearen ondorioz irabazten duena gizon honek minutu soil batean irabazten duela. Gainera, jakin badakigu FCC enpresa Hitzarmenaren blokeoaren arduradunetako bat dela.

Argi esan nahi dugu hitzarmen duin bat sinatu arte borrokan jarraituko dugula, berau blokeatzen duen edozein seinalatuz. Bizkaiko garbitzaileontzat baldintza duinak lortu arte aurrean izango gaituzte, izkutatuta nahi gaituzte baina gu borrokaren lehen lerroan kokatu gara jada eta hor egoten jarraituko dugu.

Honengatik guztiagatik, hurrengo Apirilaren 26 eta 27an grebara irtengo gara, urtean gutxienez 1.200 euroko soldata nahi baitugu 15 pagaz osatuta. Beraz, argi izan dezaten guren eskubideen defentsan borrokan jarraituko dugula.

Langileok ezin ditugu laneko heriotzak normaltzat hartu, ezta hauetara ohitu ere

Mobilizazioa egin dugu Iruñean, CEN patronalaren egoitzaren aurrean, Nafarroan gertatutako azken laneko heriotza salatzeko. Izan ere, apirilaren 12an Iruñeko Arrosadia auzoko obra batean Construcciones Mariezkurrenako 52 urtetako langilea hil zen, paleak jasotzeko makina bat garbitzen ari zela, honen beso mugikorra gainera etorri eta jo eta bertan hil zuen. Urte hasieratik, gutxienez 20 langile hil dira Euskal Herrian eta 2021ean, 68 izan ziren laneko heriotzak, gutxienez.

Egoera jasanezina da, astero langile bat baino gehiago hiltzen ari da, eta erakundeek ez dute sarraski hau agenda politikoan kokatzen. Ez da zori kontua, prekarietatea da.

Adierazi dugu Nafarroan, gutxienez bertze 50 ikuskari beharko liratekela gaur salatutakoa bezalako laneko heriotzak ekiditeko. Hagitz adierazgarria iduritzen zaigu, adibidez, aurten Euskal Herrian egondako 19 hildakoetatikan 7 eraikuntzako langileak izatea, erorita edo makinak harrapatuta.

Sektore guztietan gertatzen ari dira hildakoak, astero, eta hemen ez da ezer gertatzen. Egoera horren aurrean, norbaitek sinets dezake kasualitatea edo zorte txarraren aurrean gaudenik? Administrazioei, lan-istripuen eta lanbide-gaixotasunen gaitz honi aurre egiteko azalpenak eta berehalako neurriak, kontrol handiagoa eta politika zehatzak eskatzen dizkiegu.

Sindikatu eta eragileok Maiatzaren Lehen bateratura deitzen dugu Ipar Euskal Herrian

Inoiz baino beharrezkoagoa da gure indarrak batzea eta bizia eta lurra suntsitzen dituen sistema kapitalistaren aurrean alternatiba sinesgarri eta iraunkorra eraikitzea. Horrela, Ipar Euskal Herrian hainbat sindikatu eta eragilerekin batera antolatu ditugu Maiatzaren Leheneko mobilizazioak, CGT, BIZI!, FSU, ALDA, EBA, CFDT eta ETORKINEKIN Solidarite migrants-ekin batera, hain zuzen ere. Bi manifestazio egingo ditugu langileon egunean, biak ala biak 11:00etan abiatuko direnak, Baionan (Lan Burtsatik) eta Maulen (Gurutze Xuritik). “Mundu justu, jasangarri, solidario eta baketsu baten alde: gu gara alternatiba!” lemapean mobilizatuko gara.

Aipatu alternatiba guztiei lan duina emanez soilik egin ahal izango da, zerbitzu publikoak indartuz, ingurumenarekin dugun harremana errotik aldatuz, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna jarriz, gure lurraldeetan pertsona migratzaileak duintasunez hartuz eta eskuin-muturraren ideien aurka etengabe borrokatuz! 

Bizigarria den lan bat

Kapitalismoa krisiez baliatzen da etekin gero eta gehiagoren egiteko, gure lan baldintzak fundituz eta enplegua prekario bilakaraziz. Langileok, langabetuok, ikasleok, erretretatuok… prekaritateanedo gabezian erortzen ari gira, gero eta gehiago. Fermuki galdetzen dugu gure lan baldintzak hobetuak izan daitezen, gure hilabete edo erretreta sariak emendatuak, bakotxa duinki bizi dadin. Denek ukan behar dugu etxebizitza, janari sanoa, artak, hezkuntza eta kultura behar bezala eskuratzeko manera.

Zerbitzu publiko azkar bat

Zerbitzu publikoak denen ondasuna dira, gure jendartearen oinarria. Azken urte hauek erakutsi dute funtsezkoak direla. Alta, azken aurrekondu eta erabaki politikoek frogatzen digute dena egina dela horien funditzeko. Bil gaitezen zerbitzu publikoen garapenaren alde, gizartearen beharrer erantzuteko, osagarri, hezkuntza, garraio, ur eta energia arloetan. Elkartasuna oinarri, zerbitzu publikoek denen arteko berdintasuna segurtatu behar dute.

Itxuraldaketa ekologiko bat

Larrialdi klimatikoa errealitatean sartua zaigu, gure belaunaldiaren eta ondokoenaren egun guzietako oreka mehatxatzen du. Klima gero eta fiteago berotzen ari zaigu, politikarien gelditasunak lekua segidan utzi behar dio ekintzari eta elkartasunari, klimaren berotzea +1,5°C-tan mugatzeko gisan. Gure jendarteko sektore guziak sakonki erreformatuak izan behar dira, eraldaketa ekologiko eta sozialaren hasteko. Gure geroa justu, iraunkor eta onargarria izateko bide bakarra da.

Emazteen eta gizonen arteko berdintasuna

Emazteek eta gizonek eskuratzen dituzten lan sarien arteko desberdintasuna segidan desagerrarazi behar da. Berdintasun profesionala, lanbideetako mistotasuna, pentsione duinak eta funtsezko tresnak segidan plantan ezarri behar dira bortizkeria sexual eta sexisten kontra borrokatzeko. Emazteek dituzte gehienik lan partzialak jasaiten, emazteek dute gehienik lanbide profesionala bazter uzten etxeko betekizunak beren kargu hartzeko edo haurren hezkuntzaz arduratzeko, horrek ekartzen duen ardura soberakinarekin. Anitzetan, beren asteden edo aisialdi denboraldien eta engaiamendu sozio-politikoen kalteetan egiten dute, nahiz eta horiek beharrezkoak izan herritarrak beren buruen jabe izateko.

Migratzaileen harrera

Egonaldi-baimen agirik gabe, migratzaile ainitzek ezin dute lanik aurkitu. Laguntza juridikorik gabe, ustiaketan eta miserian sartzen dira. Fermuki galdetzen dugu erregulartuak izan daitezen, lan bati esker edo lan egiteko hitzarmen bati esker. Fermuki galdetzen ere dugu gazteenak eskolatuak izan daitezen (dispositibo inklusiboetan) eta Estatuak haien oinarrizko beharrak bere kargu har ditzan, ez badira beste manera batez lagunduak. Hemendik iragaiten direnentzat, fermuki galdetzen dugu batzarri duina, segurtasuna bermatzen diena, baldintzarik gabekoa, edozoin tokitatik etorririk ere, eta edozoin larru kolore, erlijio edo herritartasun izanik ere. Diskriminaziorik gabeko batzarria segurtatu behar zaie.

Atzoko, egungo eta biharko langileei egiten diegu dei Maiatzaren Lehenean Baiona eta Maulen mobilizatzera.