2025-12-21
Blog Page 34

LAB, udal alarde publiko eta feministaren alde

Hogeita bederatzi urte pasa dira gudariz jantzitako emakume* talde bat Irungo alardeko zenbait konpainiaren lerroetan sartzen saiatu zenetik. Helburua: emakume* irundar gisa euren herriko alardean parte hartzea; emakumeek* ere jaietan modu aktiboan parte hartu ahal izatea.

Ekintza hark pauso bat gehiago ekarri zuen emakumeen* eskubideen aldeko borroka feministan. Izan ere, argi esan behar da: emakumeen* parte hartze librerik gabe, jaiak ez dira ez parekideak, ez askeak. Kaleak emakumeenak* ere badira, eta, horregatik, egunerokoan eta jaietan libre izateko eta ibiltzeko emakumeen* eskubide osoa aldarrikatzen du LABek.

Hogeita bederatzi urtez ukazio, gatazka, indarkeria, irain eta ezeztatze politikoa ezagutu dugu, eta, oraindik ere, ez da konponbidera bidean jarriko gaituen ekinbiderik egin udal gobernutik. Alarde baztertzailea eta berau babesten duten alderdi politiko eta enparauak emakumeak* espazio publiko eta politikoan normaltasunez aritzearen kontra dabiltza, urterik urte. Esku hartzerik egon ez izana, bere horretan, emakumeen* zapalkuntzari gorazarre egitea da, eta, beraz, klase zapalkuntza betikotzea. Urte hauetan guztietan borrokan aritu diren emakumeei* esker aldaketarako aukerak sortu dira, ordea.

Orain bi urtekoa izan zitekeen aldaketarako aukera paregabea. Izan ere, lehen aldiz alkateak alarde publikoa hartu zuen San Juan plazan sartu zenean. Iazkoa ere izan zitekeen, Laborda alkateak ere hartu baitzuen alarde publikoa udaletxera iritsi zenean. Hala ere, adierazi zuen jarrera ezaxolatiak eta prentsan egindako adierazpen lotsagabeek nabarmen utzi zuten mugimendu feminista dela, oraindik
ere, eraldaketaren ikur nagusi eta bakarra.

Gatazkari konponbidea emateko udal gobernuaren konpromiso eta borondate falta agerikoa da, beraz. LABek eskaera zehatza egin nahi du: alardea udaletxeak antola dezan bidea berreraiki beharra dago eta, era berean, feminista bilakatzeko behar beste baliabide jarri behar dira.

Instituzioei ahoa betetzen zaie berdintasun politikak sustatzen dituztela esatean. Ordea, halako praktika baztertzaileen aurrean ez dago egoera aldatzeko inolako konpromiso politikorik.

Lortutako aurrerapenak eta askatasunak arriskuan diruditen garai nahasiotan udal alarde publiko eta feminista baten alde antolatzen eta borrokatzen dabiltzanei bere eskerrik beroenak helarazi nahi dizkie LABek. Ez gaude lanean, etxean, kaleetan, jaietan, ezta alardean ere, bazterketarik onartzeko prest.

Gora udal alarde feminista eta bakarra! Gora borroka feminista!

Nafarroako merkantzia garraioko langileak mobilizatzen hasi dira 17 urtez izozturik egon den hitzarmena berritzeko

Nafarroa Garaiko merkantzia garraioko hainbat langilek eta haien ordezkari sindikalek elkarretaratzea egin dute gaur Iruñean, CEN enpresaburuen elkartearen egoitzaren parean, sektorearen patronalari exijitzeko behingoz desblokea ditzala hitzarmena berritzeko negoziazioak. Badira 17 urte merkantzien garraioko Nafarroako hitzarmena izozturik dagoela eta patronalak orain arte egin dituen proposamenek are gehiago kaltetuko lituzkete langileen lan baldintzak.

Kultura eta Kirol diputatuak eta zuzendari gerenteak ez dute hartu, eta are gutxiago sinatu, Arabako Gazteriaren Foru Erakundeko gatazka konpontzeko konpromisorik

Arabako Gazteriaren Foru Erakundearen (GFE) zuzendaritza-gerentziak bidalitako prentsa oharrari erantzunez, LABek, GFEko langileen ordezkaritza duen sindikatuak, gogoratzen du ez dagoela konpromisorik ez akordiorik Ikasgelak eta Lurrikara programen inbertsio nahikoa mantentzeko. Gainera, adierazten du ez direla berreskuratu haur eta gazteentzako Udaraban programarako eskatu zituen 60 plazak.

LABek gaineratzen du ez dagoela inolako konpromisorik ez akordiorik sinatuta enplegurik ez suntsitzeko, aldizkako lanpostu finko bihurtuz. Gainera, nabarmentzen du ez dela bete duela bi urte baino gehiago zuzendaritza-gerentziak aktan sinatu eta Kultura eta Kirol diputatuak Batzar Nagusietan berretsi zuen Barriako aterpetxean sukaldari plaza bat sortzeko konpromisoa.

Orain arte aktan jasotako akordio bakarrak, bajen kasuan % 100eko estaldura jasotzen duenak eta Foru Aldundian eta mendeko erakundeetan duela 2 urte baino gehiagotik aplikatzen denak, “izapidetze bidean” jarraitzen du.

Asteburu eta jaiegunetako lanagatiko konpentsazioa, legeriak ezartzen duenaren azpitik dagoena gainera, zehaztu gabe dago oraindik, eta ez dago inolako akordiorik hainbat aldiz bidalitako proposamenari buruz.

Gainera, GFEko zuzendaritza-gerentziak bere azken prentsa oharrean adierazten dituen gainerako artikuluak ez daude sinatutako aktan jasota.

Hori horrela izanik, LABek uste du arrazoi nahikoak daudela uztailaren 1eko greba deialdiari eusteko eta ondoren egin daitezkeen mobilizazioak egiteko. GFEko langileak dira gatazka konpontzeko lehenengo interesatuak, baina benetako konpromisoekin sinatutako akordio baten bidez bakarrik lor daiteke. Badakite grebak, eta ondoren etor litezkeen mobilizazioek, eragina izan dezaketela udalekuetan.

Horregatik, herritarrak animatzen dituzte langileen aldarrikapenak partekatu eta babestera, haur eta gazteentzako eskaintza eta langileen eskubideak lehentasunezkotzat izango dituen GFEren alde.

Uztailaren 1ean greba egingo dute eta egun horretan, kontzentrazioa eta prentsaurrekoa egingo dituzte Gasteizen, autobus geltokian.

LABek Nafarroako Gobernua egin du Martzillan gertatutakoaren erantzule, Esku-hartze Sozialeko sektorearen kudeaketan erakutsitako utzikeriagatik

Martzillako gertakarien harira, non bizikidetza arazo larriak izan baitira herriko Behaketa eta Harrera Zentroko (COA) adingabe batzuen inguruan, zeinen titulartasuna Nafarroako Gobernuarena baita, LAB sindikatuak gobernua bera egiten du erantzule bere eskumena den Nafarroako Esku-hartze Sozialeko sektoreak duen egoeragatik. LABen ustez, Martzillan gertaturikoa Esku-hartze Sozialeko sistemaren kolapsoaren adibide bat da, zentro horretan ehun adingabe baino gehiago pilatzen baitziren, nahiz eta berrogeirentzako diseinaturik egon.

Martzillako kasuari dagokionez, LABek gizarte osoari eskatu nahi dio ez ditzala kriminalizatu Esku-hartze Sozialeko sektoreak artatzen dituen erabiltzaileak, haien egoera pertsonala nahikoa zaila baita; eta administrazio publikoei bereziki exijitzen die bere gain har dezatela azpikontratatzen dituzten zerbitzu publikoen kudeaketan eta jarraipenean duten erantzukizuna.

Gainera, LABek argi utzi nahi du horrelako egoerek gizarte osoan arrazakeria areagotu bertzerik ez dutela egiten eta eskuin muturrak gora egiten eta jarraitzaileak bereganatzen ez jarraitzeko errezetarik onena dela zerbitzu publikoak indartzea, bai administrazioan daudenak eta bai gaur egun pribatizatuta daudenak, kudeaketa zuzenekoak izan beharko luketenak.

Martxoan Badajozen (Espainia) gertatu zen sektoreko langile baten hilketaren harira, LABek sentsibilitate eta interes handiagoa antzeman du Esku-hartze Sozialeko langileen lanarekiko, baina mota guztietako erasoak gertatzen dira egunero eta, Euskal Herrian ere bai, horien arriskuan daude sektoreko langileak beren lanpostura joaten diren bakoitzean.

Lehenik eta behin, azpimarratu behar da aipaturiko arazoak ez diola adingabeen babes-sistemari soilik eragiten, Esku-hartze Sozial osoari baizik. Hori argi utzi nahi du LABek.

Sistema kolapsatuta eta zaharkituta dago

Sektore honetan artatzen dira bazterketa sozialaren egoeran dauden helduak, genero indarkeriaren biktima diren emakumeak* (fisikoa, psikologikoa edo sexuala), Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera eta Errenta Bermatua jasotzen duten pertsonak, gaixotasun mentala eta/edo desgaitasunen bat duten pertsonak, mota guztietako adikzioak dituzten pertsonak, neurri judizialak betetzen dituzten pertsonak eta zaurgarritasun egoeran dagoen bertze edozein kolektibo, eta, jakina, talde babesgabe eta kalteberena dena: adingabeak. Ez da ahazten ahal inor ez dagoela zaurgarritasun horretaz salbu, edozein pertsona egon baitaiteke egoera horietakoren batean bere bizitzako uneren batean.

Sistemak pertsona horiek eta haiek artatzen dituzten langileak babesteko betebeharra du, baina erabat kolapsatuta eta zaharkituta dago; beraz, ezinezkoa da sistemak erabiltzaileen premiei erantzun egokiak ematea, eta are gutxiago langileen premiei. Enpresa pribatuek eta erakunde publikoek beren lanaren parte direla ziurtzat jotzen duten lan-arriskuei egin behar izaten diete aurre Esku-hartze Sozialeko langileek. Sektoreko langileen ustez, enpresen pertzepzio horrekin ez da beren osotasun fisikoa, psikologikoa eta, are larriagoa dena, beren profesionaltasuna eta lan egiten duten kolektiboekiko dedikazioa kontuan hartzen, ezta baloratzen ere.

Nafarroako Gobernuak merezi duten errekonozimendua eman beharko lieke gertakari kuantitatibo eta kualitatiboekin, hala nola Ekintza eta Esku-hartze Sozialeko zein Gizain fundazioaren hitzarmenak behingoz desblokeatuz, eta sektoreko profesionalekin batera lan egin beharko luke beren lan-baldintzak behin betiko duintzeko eta zerbitzuak publifikatzeko. Publifikazio horrek, eta, beraz, kontrol instituzionalak, kolektibo guztiei arreta emateko baliabide guztietan lan-ildo berdinean gauzatzen lagunduko luke, eta, horren ondorioz, askoz ere kalitate handiagoko esku-hartzea eginen litzateke.

Sektoreko langileen lanbidea duintze aldera, eta gizarteko kolektibo ahulenei arreta egokia emate aldera, LABek Nafarroako Gobernuari exijitzen dio erabiltzaileen egungo profilak berrikustea eta egokitzea ezarritako baldintza agirietan, baliabideen lan-espazioak, arreta-ratioak (gaur egun barregarriak dira eta langile gehiago eskatzen dituzte) eta baliabide eta zentro berriak sortzea bezalako alderdietan, arreta jasotzen duten erabiltzaileen une bakoitzeko profiletara eta haien beharretara egokituta. Horretarako, beharrezkoa da Eskubide Sozialen Departamentuak etengabeko jarraipena egitea adostutakoa betetzen dela ziurtatzeko, eta beharrezkoa da erakunde publikoek benetako borondatea izatea aurrekontu partidak handitzeko, bertze eremu profesional batzuetan egin den bezala, hala behar denean eta beharrezkoa denean.

Profesionalen prestakuntzari dagokionez, nahitaezkoa da Nafarroako Unibertsitate Publikoan Gizarte Hezkuntzako gradu presentziala ezartzea. Izan ere, deigarria da langileei etengabeko etengabeko prestakuntza espezializatua eskatzea eta, aldi berean, Nafarroako Gobernuak asmorik ez izatea Gizarte Hezkuntzako profesionalak trebatuko dituen unibertsitate gradu akademiko espezifiko bat ezartzeko.

Epe luzera, Esku-hartze Sozialeko langileek eskatzen dute sektorearen kudeaketa eredua birformulatzen aktiboki parte hartzea; izan ere, langileak dira horri buruzko informazio gehien dutenak eta kualifikazio handiena dutenak. Alde horretatik, akatsa da sektore osoaren arduraduna den administrazioak langileak kontuan ez hartzea eta ez baliatzea beren esperientzia konponbideak bilatzeko.

LAB ez da EAEko Osasun Itunean egongo

Sektore pribatuarekiko dependentziari eutsi dio Jaurlaritzak eta ez du ziurtatu osasun sistema baliabide publiko eta propioekin eskainiko denik.

Gure herrian osasun sistema publikoaren aldeko bultzada sendoa dago, eta Osakidetzaren egoera hobetzea herritarren kezka nagusienen artean dago. Pradalesen gobernuak badaki hori, eta badaki Osakidetzaren egoera eta kudeaketa kaskarrak, presio sozialaz gain, higadura eragin diezaiokeela. Horrek eraman zuen Osasun Mahaia sortzera.

Mahaiaren sorrera positiboa izanagatik, behartutakoa ere izan zen. Mahaia ez zen Osakidetzaren eraldaketarako eta adostasunak eraikitzeko sortu. Asmoa gaur egungo ereduari eustea izan da, ahalik eta aldaketarik txikienak onartuta. Pradalesen gobernuak badaki orain arteko politika berdinak mantenduta ez dela eraldaketarik izango Osakidetzan, ezin dela osasun sistema publikoa indartu, hobetu eta eraginkortu. Politika horiek ez ditu aldatu nahi, ordea. Publikoa ahultzeak pribatua indartzea dakar eta Pradalesen gobernuak negozio pribatuari eutsi nahi dio. Apustu pribatizatzaile horrek osasun sistema publikoa doakoa, unibertsala eta kalitatezkoa izatea zailtzen du eta arrakala sozialak areagotzen ditu.

LABek eta beste hainbat eragilek Osasun Mahaian egindako lanari esker, Osakidetzak eskaintzen dituen osasun zerbitzuak eta langileen egoera hobetzeko hainbat neurri txertatzea lortu da. Gogotik lan egin du LABek, eta egindako lanaz oso balorazio positiboa egiten du.

Pribatizazioari eta kontzertazio politikei mugak jartzea marra gorri bat izan da LABentzat. Prozesuan zehar adierazi izan du gai honetan hartzen ziren edo hartzen ez ziren erabakien araberakoa izango zela Osasun Itunean egon ala ez Hobekuntzak txertatzea lortu du LABek. Hobekuntza partzialak ongi etorriak badira ere, Osakidetzak eskatzen duen politiken sakoneko aldaketarako aukerarik ez da egon, eta ondorioz, LAB ez da biharko bilerara joango eta ez du Osasun Ituna sinatuko.

Hori izan da LAB Osasun Itunetik kanpo geratzeko arrazoi nagusia. Izan ere, osasun sistema publikoa indartu eta Osakidetza eraldatzeko, bada beste guztien gainetik gailentzen den erabaki politiko bat: orain arteko politika pribatizatzaileak alboratu egin behar dira, eta sektore pribatuarekiko dependentzia salbuespenezkoa, justifikatua eta denboran neurtua izan behar da. Osasun Sistema baliabide publiko eta propioekin emateko konpromiso irmoak behar dira, eta hori ez da behar bezainbeste ziurtatua geratu Osasun Mahaian.

Kolaborazio publiko–pribatuari dagokionez, bi eredu antagoniko defendatzen ditugun eragileak aurrez aurre egon gara:

  • Alde batean, publikoaren aldeko apustu sendoa egin dutenak: zazpi eragile sindikal eta politiko. Testu bat adostu eta bozkatu zuten eta adostasun horretara batu ziren, ondoren, beste bi eragile.
  • Beste aldean, Osakidetzaren pribatizazioa babestu eta ontzat ematen dutenak. EAJ, PSE, PP eta Confebask, interes pribatuak zaintzen dituzten beste hainbat eragilerekin batera.

Pribatizazio eta lanen kanporatzea geratuz, kontzertazio politikak mugatuz, politika pribatizatzaileak albo batera uzteko momentua zen, konpromiso argiak hartzekoa. Honako hauek dira LABek eskatzen dituen konpromiso horiek:

  • Osakidetzan diru gehiago inbertitzea.
  • Eremu pribatuarekiko dagoen menpekotasuna murrizteko beharra eta erabakia jasotzea, hori salbuespenezkoa eta denboran mugatua izan dadin.
  • Pribatizazio eta kontzertazioaren mapa egitea eta horien publifikaziorako plan bat egitea eta epeak zehaztea.
  • Profesionalen esklusibotasuna.

Horretan ez du sartu nahi izan gobernuak. Beraz, Osasun Mahaian osasun sistema publikoaren kalitatea okertzen duen eta forma desberdinetan egiten den bultzada pribatizatzaile hori geldiarazteko aukerari muzin egin dio. Herritarren kalitatezko eta doako osasun eskubidea ziurtatu ordez, lobby pribatizatzailearen interes pribatuak egon dira erdigunean.

Osakidetzaren gainbehera ekarri duten politikei berritasun irudia eman nahi izan diete, baina egoerak eskatzen duen sakoneko aldaketari heldu gabe jarraitzea erabaki dute.

Osasun Ituna egon edo ez, bihar ez da ezer amaitzen. Osasun Sistema Publikoak behar dituen eraldaketa guzti horiek lortzeko datorren ikasturtetik aurrera LABek jarraituko du, orain arte moduan, ekintza sindikala garatzen, ahal dituen pribatizazio prozesu guztiak geratzen eta modu desberdinetan salatzen eta obra esleipenetan edo bestelako lanen kanporatzeetan egiten diren irregulartasunak salatzen.

Era berean, LABek jarraituko du Mahai Sektorialean proposamenak egiten eta intersindikalarekin mobilizaziorako adostasunak bilatzen, baita osasun publikoaren aldeko plataformekin elkarlanean, mobilizatzen, herri honek osasun sistema publiko indartsua behar duelako.

LABek salatzen du EAJk eta PSEk Eusko Legebiltzarrean aurkeztuko dituzten neurriek etxebizitzen prezioak are gehiago igotzea ekarriko dutela

Egiturazko aldaketak eta premiazko neurriak behar direla esanda, porrot egindako politiketan sakontzeko neurriak aurkeztu dituzte Jaurlaritza osatzen duten bi alderdiek. Neurriok higiezinen patronalaren etekinak handitzea dute helburu, eraikuntza ziklo berri bati hasiera ematea eta merkatuaren prezioak are gehiago igoko dituzten erabakiei bide ematea. LABek, premiazko neurri bezala, alokairu sozialaren aldeko politika errealak eta prezioak jaisteko neurri eraginkorrak aldarrikatzen ditu aurkeztu berri duen lege proposamenaren azterketa txostenean.

Etxebizitza larrialdi betean, neurri integral eta premiazkoak behar direla argudiatuta, EAJk ta PSEk lege proposamena aurkeztuko dute ekainaren 26ko Legebiltzarreko plenoan. Arazoa ukatzetik onartzera igaro badira ere, Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdiek aurkeztutakoa orain arteko norabidean sakontzeko neurri sorta da.

LABek proposamenak aztertu eta txosten batean jaso ditu ondorio nagusiak. Bi ideia nagusi azpimarratzen ditu sindikatuak: batetik, neurriokin eraikuntza ziklo berri bati ekin nahi zaiola, betiere, etxebizitzaren negoziotik elikatzen direnen etekinak bermatu eta areagotzeko helburua jarrita. Horri erantzuten diote Lurzoru Legean proposaturiko babestutako etxebizitzen kopurua jaisteko proposamenak edota hainbat prozedura azkartzeko egindako hamaika aldaketak.

Etxebizitzen prezioa goranzko joera etengabean dagoenean etxeak eraikitzea ez dela errentagarria diote. Baina galdera da zenbateko errentagarritasuna bermatu nahi zaien dagoeneko etekin izugarriak metatzen dituzten horiei.

Bestetik, LABen iritziz, eraikuntza ziklo berri honek prezioetan eragina izango badu, goranzko joera areagotzeko izango da. Merkatu librean salduko diren etxe berri horiek noren esku geratuko dira, egun etxebizitzarekin negozioa egitea ekonomia produktiboan inbertitzea baino errentagarriagoa bada?

Norabide horretan, LABek salatzen du aurkeztutako txostenean Jaurlaritza 2015eko Etxebizitza Legea urratzen ari dela. Izan ere, neurri hauekin batera, Finantza Euskal Institutuaren bidez erosketa sustatzeko abalen lerro berria iragarri du, eta, baliabide publikoak alokairura edota birgaitzera bideratu beharrean, banketxeei dirua emateko erabakia hartu.

LABek EAJri eta PSEri lege proposamena bertan behera utzi dezaten eta premiazko neurrietan egiturazko politika eraginkorrak eta errealak ezar ditzaten eskatzen die, aurrekontua handituz, alokairu soziala lehenetsiz, prezioak jaitsiz, negozioa mugatzeko erabakiak hartuz eta maizterren eskubideak defendatzeko konpromisoa hartuz.

Lantokietan (ere) aske. Neurri eta politika eraldatzaileak orain!

Ekainaren 28 honetan, LABek argi eta ozen esan nahi du ez duela inolako jarrera LGTBI+fobiorik onartuko, ez lantokietan, ez lantokietatik kanpo. Azken boladan dekretuen eta legeen bitartez errealitatea aldatu nahi dutela ematen du, genero arrakalak ezabatzeko, aniztasun sexu generikoa bermatzeko, lantokiak indarkeria matxistarik gabeko gune libreak izateko…

Errealitatea ez da hain erraz eraldatzen, ordea; batez ere, konpromisorik eta borondaterik ez dagoenean. Enpresa eta patronala berdintasun planak, indarkeriaren aurkako protokoloak eta LGTBI+fobiari aurre egiteko planak etenik gabe diseinatzen ari badira, hori da horretara behartuta daudelako, eta ez horretan sinesten dutelako; horretk, nahi eta nahi ez, egoera baldintzatzen du guztiz.

Orokorrean, lantokietan aurkitzen planak oso eskasask eta anbiziorik gabeak dira; oso borondate gutxi eta asmorik ez diseinatzen dena betetzeko. Kultura, harremanak eta giroa eraldatzeko elementuak apenas garatzen diren; neurri gehienak, propositiboak baino, zigortzaileak dira; eta, orokorrean oso indar eta interes gutxi jartzen ari da horrelako planak egin eta martxan jartzeko momentuan. LAB sekulako esfortzua egiten ari da horri guztiari buelta emateko. Guk ez dugu lantokirik nahi LGTBI+fobia alfonbra azpian ezkutatu eta plan batekin makilatzen duenik, dena ondo dagoela eta guztiok oso libre lan egiten dugula irudikatzeko. Formazioa, sentsibilizazioa eta baliabide pertsonalak eta ekomomikoak mahai gainean jarri behar dira benetako eraldaketa lortu ahal izateko. Gaur egun, LGTBI+ kolektiboko pertsona askok beraien izaera ezkutatu behar izanak argi erakusten digu zein puntutaraino ez diren gauzak aldatzen ari.

Baina gu ez gara besoak gurutzatuta geldituko, eta instituzioei jarraipen mekanismoak eta neurri eraginkorrak eskatzen dizkiegu enpresen itxurakeriekin amaitzeko. Eta ez gatoz esku hutsik exijitzera, gu gure lana egiten ari baikara. Neurri eta klausula interesgarriak eta eranginkorrak ditugu (hala nola, angile guztientzako prestakuntza orokorretan genero-berdintasuna eta sexu- eta genero-aniztasuna txertatzea, negoziaziorako batzorde espezifikoak sortzea, protokoloaren jarraipena eta ebaluazioa egitea, neurriak eguneratzeko aldizkako berrikuspenekin…) proposatzeko, eta ideia zein ekarpen baliagarriak egiten ari gara errealitate hori ez mantentzeko; borroka sindikalaren bidez hitzarmen batzuetan onartzea lortzen ari garen neurriak eta klausulak.

Gu gure konpromisoan berresten gara, eta borrokan jarraituko dugu LGTBI+ kolektiboko eskubide guztiak bermatuko dituzten neurri eraginkorrak lortu arte. Heteropatriarkatuaren eta heteroarauaren kontrako borrokan ere jarraituko dugu, ez baikara libre izango gu guztiok libre izan arte! Bide horretan, ekainaren 28an egingo diren mobilizazio eta ekintzetan parte hartzeko deia zabaltzen dugu.

LAB, ELA, CCOO, UGT, ESK eta USOk salatu dute Enplegu Zentro Berezietako negoziazioa blokeatuta dagoela, eta EAErako hitzarmena eskatu dute

LABek, ELAk, CCOOk, UGTk, ESK-k eta USOk hiru bilera egin dituzte orain arte EAEko Enplegu Zentro Berezietako patronalarekin, sektorearen benetako beharrei erantzungo dien akordio autonomiko baterantz aurrera egiteko. Hala ere, bilera horietan guztietan, patronalak uko egin dio benetako negoziazioari ekiteko aukerari. Sektoreko enpresak entzungor azaldu dira; ez dute kolektibo horrekiko konpromisorik adierazi, eta ez dira arduratzen gure lurraldeko lantokietan dituzten baldintzak ezagutzeaz eta hobetzeaz.

Ezinbestekoa da sektoreko hitzarmen autonomiko bat eratzea, gure lurraldearen errealitatera egokituko dena, eta EAEko Enplegu Zentro Berezietako lan baldintzak hobetuko dituena.

Horregatik, sindikatu sinatzaileek azpimarratu dute premiazkoa dela patronalak eta administrazio publikoek, bereziki Eusko Jaurlaritzak, erantzukizuna beren gain hartzea eta EAEra egokitutako akordio propio bat negoziatzera esertzea, zentro horietako lan-baldintzak duinduko dituena.

Hala, LAB, ELA, CCOO, UGT, ESK eta USO sindikatuek elkarretaratzea egin dute gaur Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, Gasteizen. “Ez dugu isiltasuna erantzun gisa onartuko. Irtenbide zehatzak eskatzen ditugu egiturazko prekaritate eta diskriminazio egoera baten aurrean”, adierazi dute sindikatuok, eta EAEko errealitatearekin bat datorren akordioa aldarrikatu dute.

Bi langile hil dira basogintza lanetan eta beste bat istripu ez traumatikoan, 3 izan dira patronalak eragindako heriotzak azken 24 orduetan

Atzo eguerdian, Altsasun basolanetan ziharduen 45 urteko langilea lan istripuz hil zen pago baten adarrak jo zuenean. Beste bi langile hil dira baldintza ezberdinetan. Bata Eskoriatzan gaur, basolanetan ari zela. E.A.M.C. adar batek jota hil da. Eta bestea atzo Donostian, lorezaintza lanetan ari zen 65 urteko J.M.E.G. langileak istripu ez traumatikoa izan zuen eta lanpostuan bertan hil zen. Belar txarrak kentzen ari zen, belauniko. Hauekin, 31 dira Euskal Herrian urte hasieratik hildako langileak.

LABek jakin ahal izan du atzo Altsasun hildako langilea Logroñoko enpresa batek kontratatua zela. Honek esan nahi du hildako langile hau ez dela Nafarroako kontabilitate ofizialean jasoko eta heriotza gertatu ez balitz bezala jokatuko duela Txibiteren exekutiboak. Bestalde, langilea bakarrik ari zen basolanetan, hau da, hilkortasun handiena erakusten duen lanbidean, derrigorrezkoa den errekurtso prebentiborik ez lankiderik gabe. Hau sektorean dagoen muturreko prekaritatearen beste adibide bat besterik ez da.

Azken urteetako istripu tasa izugarrien atzean enpresek lanerako araudia ez betetzea dago, atzoko heriotzarekin gertatu den bezala. Heriotzen atzean, beraz, arduradunak daude, nahiz eta gobernuek arduradun horiek, enpresariak, itsuki babesten jarraitzen duten.

Eskoriatzan hildako langilearen inguruan LABek ez du beste daturik. Ofizialki aitortua izan dela soilik.

Azkenik, istripu ez traumatikoan Donostian hildako langilearen inguruan, bere adina azpimarratu beharra dago Baldintza kaskarretan azpikontratatuta zegoen eta beropean ziharduen lanean. Parques Históricos 2023 Aldi Baterako Enpresen Elkarterako ari zen lanean Aieteko lorategi batean, Udalak azpikontratatuta, hain zuzen.

Patronalak zein gobernuek absentismoaren mamua zabaltzen duten bitartean, langileok bizitza galtzen dugu lanean. Prebentzio falta da heriotzen arduradun bakarra. Langileok hiltzen gara, ez enpresariak. Gero eta nabarmenagoa da, gainera, prebentzio araudiaren ez betetzea orokortua dagoela eta honen aurrean neurri gogorrak hartu beharra dagoela.