Ostiral honetan, maiatzak 6, Nafarroako Administrazioetako Euskararen Eguna ospatuko da, Administrazioetako korrika batzordeek deituta. LABek bat egiten du ospakizun horrekin, eta, hala, langile guztiei dei egiten diegu Iruñeko Udal plazan 13:00etan eginen den batzar-elkarretaratzean parte hartzera. Hori errazteko, batzar orduak eskatu dira 12:30etik 15:30era arte.
Behin-behinekotasunak behera, ezegonkortasun forma berriak gora
Apirilean langabeziak beherantz egin du, hilabete honetan aurrekoan baino 2.503 langabe gutxiago daude inskribatuta enplegu bulegoetan Hego Euskal Herrian. Jaitsiera handiena Nafarroako Foru Erkidegoan izan da nabarmen, %2,83ko jaitsierarekin. Hego Euskal Herrian %1,65 izan da jaitsiera.
Adin tarte guztietan egin du behera langabeziak. Gazteen langabezia izan da ordea gehien jaitsi dena, %3,97 hain zuzen ere. Datua bere horretan positiboa izan arren, eremu honetan enpleguaren kalitateak kezkatzen gaitu gehien, gazteen enplegua baita prekarioena eta ezengokorrena. Koiunturaren arabera sortu eta suntsitzen dena, Udaberriko oporretan esaterako.
Sektoreei dagokionez eraikuntza izan da langabeziak gora egin duen sektore bakarra. Beherantz egin dutenen artean lehen sektorea izan da enplegu gehien sortu duen sektorea.
Behin-behinekotasunak nabarmen egin du behera. Hala ere oraindik kontratu berri guztien %70 baino gehiago behin-behinekoak dira, Estatu Espainoleko datuetatik gora.
Ezegonkortasuna, ordea, forma berriak hartzen ari da. Azken lan erreforma egonkortasunaren erreforma bezala saldu diguten arren, prekaritateak eta ezegonkortasunak behin-behinekotasunaren eremua gainditzen duela esan beharrean gaude. Are gehiago erreformaren ondoren, ezegonkortasunak forma berriak hartzeko aukera zabaldu baitu; esaterako, aldizkako finkoen kontratuak zabaltzen. Estatistiketan finko gisa agertzen zaizkigun arren, obra edo behin-behineko kontratuak ordezkatzeko formula berria da. Urtean hiru hilabete soilik lan egiten duen langilea finko gisa agertuko zaigu, lanera noiz eta zein baldintzatan itzuliko den ziurtasunik gabe.
Martxoan, lan erreforma aplikatzeko muga-epea izan dute enpresek, eta dagoeneko nabaria da aldizkako finkoen kontratuek gorantz egin dutela, kontratu finkoak baino askoz ere proportzio handiagoan. 2022ko Urtarrilean kontratu mugagabeen %4,6 soilik bazen aldizkakoa, Martxoan (Apirileko daturik ez dugu oraindik) %9,9ra igo zen aipatu proportzioa. Hego Euskal Herriko datuak hilabete erdialdean izango ditugu. Estatu Espainoleko Apirileko datuek zera diote, kontratu mugagabe guztien %34 dela aldizkako finkoa.
Edonola ere, enplegu prekarioa errealitate konplexua eta dimentsio askotakoa da: ezegonkortasuna, iraupen laburreko nahi-gabeko lanaldi partzialei loturiko azpienplegua, soldata baxuak, gizarte-babesean eta lanari loturiko eskubideetan izaniko murrizketak etab.
Ez da posible errealitate hau lan erreforma eznahiko eta partzial baten bidez eraldatzea. Estatistikak hobetu ahal izango dituzte, baina ez langileon errealitatea. LABek bere proposamena mahaigaineratu du: ondasunen, zaintzen eta enpleguaren birbanaketa oinarri izango duen lan kode eta gizarte segurantzarako lege propioa. Langileon bizitzak bizigarriak izan daitezen. Â
Osakidetzaren grebaren atarian mobilizatu gara
Maiatzaren 16an, greba egingo dugu Osakidetzan, LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok deituta. Data horren atarian, elkarretaratzeak egin ditugu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ospitaleetan eta osasun mentaleko zentroetan, lan baldintza duinen defentsan.
Osakidetzak negoziazioari uko egiten jarraitzen du, eta inposizioarekin eta propagandarekin jarraitzen du, atzoko albistea adibide. Izan ere, komunikabideen bitartez jakin dugu erakunde publikoak publiko egindako egokonkortze tasa, sindikatuokin ezer negoziatu gabe. Sindikatuon arabera, gainera, iragarritako 2.800 plazak ez dira nahikoak, aldi baterako 24.000 langile baitaude (%58).Â
Euren gorpuak Zabalgarbin eta Casilda parkean aurkitu dituzten bi pertsonen heriotza nekropolitiken ondorioa da
Ez da kasualitatea. Astearte goizaldean Bilboko Zabalgarbiko hondakinen tratamendurako plantan gertatutakoak agerian uzten du Hego Euskal Herriko etxebizitza eta harrera politiken hipokresia. Hilik agertu den pertsonak ezaugarri zehatzak ditu. Zabaldutako informazioaren arabera, jatorri geografiko atzerritarreko gaztea da, kale- egoeran eta prekaritate-pobretze egoeran zegoena. Ez da kasualitatea, ez da gertaera isolatua, beste batzuetan ere gertatu izan da.
Era berean, Bilboko Casilda parkean gaua pasatzen ari zen pertsona baten heriotzaren berri ematen duen albisteak, salatzen ari garena berretsi besterik ez du egiten.
Kalean dauden pertsonek gauez hotzez ez hiltzeko zaborrontzietan babestu behar izateak izen-abizenak eta arduradun politikoak ditu. Nekropolitika esaten zaio; agintarietzat bizitza batzuk beste batzuk baino gehiago balio duten ideian oinarrituta zehaztu eta garatzen dira politika publikoak, eta horregatik hiltzen uzten zaie. Heriotza hauek saihestu egin litezke borondate politikorik balego.
Harrerako azpiegitura publiko defizitarioak eta higiezinen espekulazioak milaka pertsona indarkeria instituzional, prekarizazio prozesu eta oinarrizko premien urraketako egoeretara zigortzen ditu gurean, hala nola baldintza duinetan etxebizitza izateko eskubide urraketara ere. Horren adibide dira Bilboko Atxuri auzoko kantxak ixteko erabakia. bertan, gaua igarotzen dutenei alternatibarik eskaini gabe, etenik ez duten etxegabetzeak edo higiezinen espekulazioa bultzatzen duten politikak.
LAB sindikatutik, EAEko eta Nafarroako administrazioek etxebizitza negozio bihurtzen duen eta espekulazioa eta arpilaketa pertsonen bizitzaren gainetik lehenesten dituen eredu baztertzaile baten alde egindako apustua gaitzesten du. Hego Euskal Herriko udalek eta Aldundiek erantzukizun politikoak saihesteari utzi eta aukerak eta aukerak sistematikoki ukatzen jarraitzen duten bitartean, gazte horiek modu askotan hiltzen jarraituko dute.
Grebara deitu dugu Lezoko Bekoerrota kiroldegia eta Altzateko igerilekuan maiatzaren 5ean eta 7an, lan hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta dagoelako
Lezoko Bekoerrota kiroldegia eta Altzateko igerilekua kiroldegiko langileek greba egingo dute maiatzaren 5 eta 7an, langileen lan hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta dagoelako. Urteak daramatzate egoera jasanezinean lanean, baina hau amaitzeko unea iritsi dela argi daukate.
Bihar osteguna, maiatzaren 5ean, kalejira egingo dute 10:00etan Altzate igerilekutik hasita. 12:00etan, kontzentrazioa egingo dute Lezoko Udaletxe aurrean; eta 19:00etan, manifestazioa Bekoerrota kiroldegitik hasita. Larunbatean, maiatzaren 7an, manifestazioa egingo dute 12:00etan Udaletxe aurretik hasita.
Gure zerbitzu juridikoek lortu dute minbizia izateagatik kaleraturiko langile bat enpresak berriz hartu behar izatea eta zor dizkion 27 hilabeteko soldatak ordaintzea #LortuDugu
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak aintzat hartu du LAB sindikatuko zerbitzu juridikoek jarritako helegitea eta Barañaingo enpresa batek berriz hartu beharko du minbizia izateagatik kaleratu zuen langile bat; gainera, azken 27 hilabeeetan sorturiko soldaten kontura 30.000 euro inguru ordaindu beharko ditu enpresak. Auzitegiak onartu du langilea bere gaixotasunagatik kaleratu zutela eta, beraz, kaleratzea deusez izan zela. LAB pozik agertu da epaileek zuzendu dutelako enpresak eginiko bidegabekeria.
Bularreko minbizia baitzuen, Barañaingo (Nafarroa) supermerkatu baten barnean dagoen Soginlandsec izeneko garbitegian lan egiten zuen emakume bati laneko baja eman zioten duela 27 hilabete. Langileak baja hartu eta berehala, enpresa gupidagabeak langilea kaleratu zuen, arrazoi ekonomikoak argudiatuta. Langileak LABera jo zuen eta sindikatuaren zerbitzu juridikoek kaleratzea baliogabetzeko eskatu zuten.
Auzia landu duten sindikatuko abokatu Oihan Castro eta Iñaki Chaconek esplikatu dutenez, lehen instantzian laugarren epaitegian eginiko epaiketan, LABek frogatu zuen ―eta enpresak epaiketaren egunean berean onartu zuen― kaleratzearen gibelean ez zegoela arrazoi ekonomikorik (enpresak irabaziak baitzituen); sindikatuaren iritziz, kaleratzeak diskriminazio asmoa zuen. Lehen instantziako epaileak, baina, ez zuen LABen argudioa onartu eta eskaera desestimatu zuen.
LABek helegitea jarri zion lehen epai bidegabe hari eta, oraingoan bai, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio. Enpresak gaixotasuna dela-eta kaleratu zuen langilea eta, horregatik, kaleratzea deusez da: langilea berriz hartu beharko du eta kaleratu zuenetik sorturiko 27 soldaten zenbatekoa ordaindu beharko du. 30.000 euro inguru izanen dira enpresak ordaindu beharrekoa. Bistan denez, langileak oso soldata txikia zuen.
Langileak urte eta erdi eman du bajan, orain 51 urte ditu eta, zorionez, minbizia gainditua du.
Bizkaiko Foru Aldundiko arduradun politikoen egoskorkeria gainditzeko beharrezkoa da langileak mobilizatzea
Joan den astean, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeko (GUFE) langileen hitzarmenaren negoziazioak bukatutzat eman zituen Foru Aldundiak, 2019. urtearen amaieratik izoztuta daudenak. Horren ondorioz, hirugarren urtea da jada bi erakundeetako lan-harremanen esparrua berritu ez dela.
Negoziazioaren hasieran, 2021eko abenduan, LABen akordioa eta hitzarmena negoziatzeko lehentasunak ezarri genituen: enplegu publikoa sortu eta finkatzea, langile finkoen eta behin-behineko langileen arteko desberdintasunak ezabatzea, Madrileko aginduei men egin gabe soldata-igoera adostu eta berdintasunean, euskararen sustapenean, telelanean, lan-osasunean, lana eta familia bateragarri egiteko neurrietan eta beste lan- eskubide batzuetan aurrera pausuak egotea.
Hilabete hauetan, sindikatuok eta funtzio publikoko ordezkariak gai horietan aritu gara lanean, eta jarrerak hurbilduz joan gara, akordio bat lortzeko. Hala ere, gai batek edozein aurrerapen blokeatu du: soldaten auzia izan da, Foru Aldundiak ez baitu mugitu % 2 ko hasierako igoera-proposamena, Estatuko aurrekontu orokorretan finkatua. Gainera, ez zen aintzat hartzen soldaten erosteko ahalmenari eusteko inolako konpromisorik. Sindikatuok gure jarrera malgutu egin dugu % 2ko igoera onartuz, eta erosahalmena berreskuratzea atzeratu egiten dugu hitzarmenaren indarraldiaren amaierarako; aldiz, Funtzio Publikoko ordezkariek ez dute negoziazio- tarterik izan, Aldundiko arduradun politikoen kontsigna politiko argia zutelako: estatuko % 2 baino gehiagoko soldata igoerarik ez eta KPIren igoerari inolako erreferentziarik ere ez.
Gogoan izan behar dugu KPIa % 6,4 igo zela 2021ean Euskal Autonomia Erkidegoan, eta martxoan urtetik urterako igoera % 9,5ekoa izan zela. Beraz, soldatek erosteko ahalmena galtzen dute, eta horrek eragina du herritarren bizi-kalitatean, elikadura, elektrizitatea, gasa eta oinarrizko beste produktu batzuk garestitu egin direlako. Langileen aldarrikapena aurreko krisietan gertatutakoa ez errepikatzea da, hau da, betikoek sortutako arazoen ondorioak (gerrak, ekoizpenaren deslokalizazioa, inperioen arteko liskarrak, hornidura falta…) betikook ordaintzea.
Langileen erosteko ahalmenari eusteko eskakizuna aho batekoa izan da Maiatzaren Leheneko mobilizazioetan, eta funtsezkoa izango da gobernu eta patronalen aurrean egingo diren aldarrikapenetan. Hala ere, ez da kasualitatea EAJk, Aldundia PSOEren mendetasunarekin zuzentzen duenak, patronalarekin bat egitea eta langileen bizi-kalitateari eusten dioten soldata-igoerei uko egitea. Beldurra ematen die sektore publikoan erreferentzia positiboa izatea eta horrek patronala haserrearaztea, igoera horien eskaerak sektore pribatura joan baitaitezke. Eta jarrera inmobilista horri eutsi diote, nahiz eta BPGri, diru-bilketaren igoerari, esportazioei eta abarri buruzko datu ekonomiko onak izan berri diren.
Diputazioaren blokeo-jarreraren ondorioz, Aldundiko eta GUFEko langileen erosteko ahalmena galtzeaz gain, ezin izan da aurrera egin beste arlo batzuetan, hala nola enpleguan, telelanean, lana eta familia bateragarri egiteko neurrietan, lan-osasunean, behin-behineko langileen diskriminazioa ezabatzean, etab. Gure jarrera aldarrikapen horien alde borrokatzea izango da, egunez egun, gai horietan akordioak lortzea eta hitzarmena lehenbailehen negoziatzea. Horretarako, ekintza sindikalaz eta negoziazioaz gain, ezinbestekoa da langileak inplikatzea eta mobilizatzea. LABek batasun sindikalaren aldeko apustua egingo du, mobilizazio hau ahalik eta zabalena eta eraginkorrena izan dadin.
Ez dugu onartuko Osalan eta Lan Ikuskaritzak Zikuñagakoa trafiko istripu bezala hartzea
Beste laneko heriotz baten berri izan dugu, oraingoan Hernanin. Lanak eragindako aurtengo 23. heriotza da Euskal Herrian. Odol isuriak ez du etenik. Lehenik eta behin gure elkartasuna adierazi nahi genieke senide, lankide eta gertukoei une latz hauetan.
Zikuñaga enpresako delegatu eta afiliatuei esker lortu dugun informazioaren arabera, enpresaren kanpo aldean garraiolariekin zamalanak koordinatzen diren eremuan, kamioi batek garraiolari bat harrapatu du unean bertan hilaz.
Ezin dugu ulertu, nola Zikuñaga enpresak koordinatu behar lukeen lan aktibitate eremu batean ez zegoen beharrezko prozedurarik eta berau betearazteko neurririk. Jakina da zama lan eremuen arriskua. Historikoki egon dira behar bezala identifikatuak puntu beltz horiek arrisku ebaluaketetan. Gainera, egoera hauek dira langile autonomoak lan osasun araudiak babesten dituen bakarrak, koordinazioarenak hain zuzen.
Istripua gertatu eta berehala, Zikuñaga enpresak ardura bere gain ez hartzeko eginiko mugimenduak ikusi ditugu eta hau irmoki salatu nahi dugu.
Modu honetan, ez dugu onartuko Osalan eta Lan Ikuskaritzak istripu hau trafiko istripu bezala hartzea euren estatistikak leuntzeko. Honela, enpresen arteko koordinazio gabezian kokatu behar dugu heriotzaren arrazoia eta istripu berri hau guztiz ekidin zitekeela salatu.
Laneko heriotzen gaia agenda politikoan kokatu behar dugu, gizarteak ezin du gehiago itxaron. Ez dugu onartzen lanera joan eta bertatik bizirik ez itzultzea.
Azkenik, dei egiten dugu hurrengo orduetan langileen segurtasuna eta osasuna defendatzea aldarrikatuz dei daitezkeen mobilizazioetan parte hartzera.
Ondarroan, beste lan heriotz bat
Beste lan-istripu hilgarri bat deitoratu eta salatu behar dugu, kasu honetan Ondarroan, aurtengo 22. hildakoa lan istripuan hain zuzen. 35 urteko langileak bizia galdu du etxe baten eraberritze lanetan.
Jakin dugunaren arabera, langilea bakarrik ari zen lanean asteburuan eraberritze obra batean. Dirudienez larunbatean izan zuen istripua eta bertan inor ez zegoenez, astelehen eguerdian aurkitu zuten bere hilotza, odolustuta, zerra radial baten aldamenean.
Egoera izugarri hau Euskal Herrian eman da asteburu hontan bertan, prekaritatea muturreraino iristen den herri honetan laneko segurtasunerako arauak etengabe urratzen direla argi erakutsiaz.
Nola liteke gaur egun, obra batean langile bat, bakarka aritzea? Non zegoen obrako koordinatzailea edo bertan behar lukeen “errekurtso prebentiboa”? Zergatik da horren erraza arau hauek ez betetzea patronalaren aldetik? Zenbat langile egon dira antzerako egoeran asteburu honetan Euskal Herrian zehar?
Honela, “errekurtso prebentiboaren” ardura guztiz desitxuratu du patronalak Lan Ikuskaritza eta Osalanen utzikeriari esker eta errealitatean, inork ez du ikuskatzen obretan lanak behar bezala egiten direnik segurtasun ikuspegitik. Errealitate honek sortzen ditu emaitza beldurgarri hauek, esan bezala urtea hasi denetik 8 langile hil dira eraikuntzako lanetan. Honi erantsi behar zaio, langileek obran aparteko orduak modu estrukturalean sartu behar izaten dituztela eta gainera larunbatean lan eginda, asteko lan ordu kopurua izugarria dela. Nekea arrisku faktore izanda, nork kontrolatzen du errealitate arriskutsu hau?
Urkullu jauna patronalaren eskutik absentismoaren aurka ateratzen ikusi dugu berriki, noiz aterako da laneko erailketen aurka?
Egoera horren aurrean, norbaitek sinets al dezake kasualitatea edo zorte txarraren aurrean gaudenik? Administrazioei, lan-istripuen eta lanbide-gaixotasunen gaitz horri aurre egiteko azalpenak eta berehalako neurriak, benetako kontrola eta politika zehatzak eskatzen dizkiegu.
Patronalari argi esan nahi diogu aurrean izango gaituela, langileak erailtzea ez zaiola doan aterako.
Erakundeei neurriak eskatzen dizkiegu, bereziki eraikuntzan inspekzio eta jarraipenak areagotu ditzaten segurtasun arauak integratuaraziz. Modu honetan beharrezko neurriak har daitezen eta benetako prebentzio- politikak egin ditzaten. Tamalez badakigu praktikan, laneko ikuskaritza eta Osalan ez direla inon ageri. Bestalde, sektoreak eta langileek ezin dute egoera hau normaltzat eman ezta honetara ohitu ere.
Azkenik, dei egiten dugu ostegun honetan, maiatzaren 5ean, eguerdiko 12:00etan Ondarroako Itsas Aurre plazan egingo den gehiengo sindikalaren mobilizazioan parte hartzera.
Bost eguneko grebara deitu dute Arabako kirol jardueretako langileek, hitzarmen duin baten defentsan
LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuon oharra:
Arabako kirol-jardueren sektoreko langileok 2 urte daramatzagu hitzarmenik gabe. Igaro den denbora luzea izan arren eta bilera ugari burutu diren arren, ez dugu lortu enpresek gure lan-baldintzak duintzeko plantillen eskaera nagusiei jaramonik egitea.
Enpresek gure soldata 2 urtez izoztea planteatzen dute, eta egiten dituzten eskaintza ekonomiko urriek ez dute loturarik KPIarekin. Gainera, proposatzen dituzten hobekuntza apurrak 2023ko urritik aurrera aplikatzea proposatzen dute.
Lan-baldintza duinik ez izateak benetako profesionalizazioa eragozten digu, eta, beraz, sektorean bizimodua aurrera ateratzea. Lankide batzuek soldatamileuristak dituzte eta lurraldeko urteko lanaldi luzeenetako bat dute; ez zaizkigu esperientzia-urteak konpentsatzen; gaixoaldi-bajan gaudenean zigortu egiten gaituzte; kasu askotan, enpresaren esanetara gaude goizetik gauera arte, egiazko lanordu gutxi batzuk egiteko,…
Negoziazio mahaian egin ditugun aldarrikapen nagusiak hurrengoak dira: KPIari lotutako soldata igoerak; urteko lanaldiaren jaitsiera; joan-etorriak eta etenak saihesten dituzten koadranteak egitea; 1.200 €ko gutxieneko soldata; antzinatasun plusa izatea; ITgatiko osagarriak izatea…
Sektoreko langileok, borondate onaren erakusgarri eta akordio batera iristeko asmoarekin, hainbat zesio egin dizkiegu enpresei; besteak beste, gure soldata 2 urtez izoztuta mantentzea onartu dugu, urte honetarako proposatutako igoera urriak onartu ditugu, eta, beraz, gure baldintzen edozein hobekuntza 2023ra arte atzeratzea.
Baten batek iradoki lezake oraingo honetan ahalegin bat egin genezakeela eta patronalak planteatutako eskaintza ekonomikoarekin konformatu gaitezkeela, baina ahalegin hori azken hamarkadan honezkero egin dugu. Azken 12 urteetan eros-ahalmenaren %11 inguru galdu dugu; hurrengo 2 urteetarako patronalak egiten digun eskaintza ekonomikoarekin, KPIaren bilakaera ikusita, galera hori %20 ingurura igo daiteke. Pobretzen ari gara!
Egoera hori, besteak beste, administrazio publikoek (hauen artean Gasteizko Udalak) erabiltzen duten azpikontratazio-sistema negargarriaren ondorio da, non eskaintzarik baxuena aurkezten duen enpresak zerbitzua bereganatzen duen kasu gehienetan. Horrek zuzenean eragiten die langileen lan-baldintzei; izan ere, enpresek ausarkeriaz jokatzen dute haien eskaintzak egiterakoan, eta, gero, zerbitzua eskuratzen dutenean, ez dute marjinarik plantillaren baldintzak duintzeko.
Modu horretan, gure gatazka azaltzeko Gasteizko udaletxeko Kirol Batzordean agerraldia egin genuen; hiria kanpora begira harro egoteko arrazoietako bat kirol-instalazioen eta kirol-eskaintzaren sare zabala da. Hala ere, erakusleiho horren atzean, lan-prekarietatea gero eta handiagoa da. Agerraldian, negoziazioak aurrera egiten ez bazuen, epe laburrean gatazkara joateko aukera mahai gainean jarri genuen, baina, zoritxarrez, udal- gobernuko taldeek emandako hitz onak alde batera utzita, blokeo-egoerak bere horretan dirau.
Egiten ari garen aldarrikapenak bidezkoak eta zentzuzkoak direla uste dugu. Hala jakinarazi ziguten Udaleko udal taldeek. Beste alde batetik, kirol-instalazioen erabiltzaileen babesa dugu. Azken 2 hilabeteetan egindako sinadurak biltzeko kanpainan gure aldarrikapenen aldeko 1.434 atxikimendu bildu ditugu!
Horregatik, sektoreko langileok nahikoa dela esan dugu. Pazientzia amaitu zaigu. Ezin dugu gehiago itxaron. Badakigu enpresek ez digutela ezer oparituko; ziur gaude ezinbestean lor ditzakegun hobekuntzak borroka kolektibotik baino ez direla etorriko. Eta zentzu horretan, Arabako kirol-jardueren sektoreko langileok lan-baldintza duinen alde borrokatzeko prest gaude. Horregatik iragartzen dugu 5 eguneko GREBA bat deitu dugula maiatzaren 10etik 14ra.



