2026-01-22
Blog Page 331

Mobilizazioak egingo ditugu ostegunean, energia publikoaren eta ondasunaren banaketaren alde

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen dugun eragileok agerraldia egin dugu Bilbon eta Iruñean, maiatzaren 26an Gasteiz (Andra Mari Zuria), Bilbo (Arriaga), Donostia (Bulebarra) eta Iruñean (autobus geltoki zaharra), 19:00etan, egingo ditugun manifestazioen berri emateko, “Bizitza duinak ez du preziorik! Frente al empobrecimiento, energía pública y reparto de la riqueza”.

Prezioen igoera handia jasaten ari gara. Iazko inflazioa ( % 6,5) koiunturala zela esan ziguten. Ez zen egia. Eta orain, urte arteko KPIa % 9,8ra iritsi denean, Putinen eta Ukrainako gerraren errua dela esaten digute. Hori ere ez da egia. Prezioen gorakadaren %70-a Ukraniako guda baino lehen gertatua zen. Bizitzen ari garen Inflazioaren jatorria egiturazkoa da, sistema kapitalistaren berezko espekulazioagatik edo elektrizitatearen prezioak finkatzeko sistemagatik.

Milaka  langilek, pentsiodunek edo prestazioak jasotzen dituzten pertsonek, bereziki emakumeek, pobreziaren atalasearen azpitik diru-sarrerak dituzte egun. Hala ere, botere ekonomiko eta politikoek pobrezia zabaltzen jarraitu nahi dute, aberastasuna gero eta esku gutxiagotan metatzen eta  beraz, biztanleriaren gehiengoa are gehiago txirotzen,langile eta herritarron erosteko ahalmena erasotuz. Hori gutxi balitz, orain, eztabaida zergak jaistean zentratu nahi dute batzuk. Zergarik ezean, nola pentsatzen dute ordaintzea zerbitzu publikoak? Sistema publikoa eraisten ari dira, eta are gehiago murriztea da euren asmoa.

Egoera honi buelta emateko mobilizatu behar dugu. Soldaten, pentsioen eta gizarte-prestazioen erosteko ahalmena defendatu nahi dugu. Bizitza duina bermatzeko, aberastasuna banatu behar da. Langileon bizitza eta planeta erdigunean jartzeko,  garapen paradigma berria behar dugu, bidezko trantsizio ekologikoa aldarrikatzen dugu.

Biztanleriaren zati gero eta handiago bat energia-pobrezian murgilduta dagoen honetan, bada garaia egiturazko neurriak hartzeko, enpresa energetikoak kontrolatzeko. Bada garaia erreforma fiskal progresibo bat onartzeko, krisia kapitalak ordain dezan, eta ez gehiengo sozialak. Bada garaia zerbitzu publikoak garatzeko, oinarrizko eskubide sozialak bermatzeko, hala nola osasuna, hezkuntza, zaintzak edo etxebizitza. Euskal Herrian lan egin eta erabakitzeko tresnak garatzeko ordua da. 

Hori dela eta, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak mobilizazio dinamika bat martxan jartzea erabaki du. Manifestazioak deitu ditugu maiatzaren 26an, arratsaldeko 19:00etan Iruñea, Bilbo, Donosti y Gasteizen, aldarrikapen hauen defentsan:

Langileon eros-ahalmenari eusteko

  • Soldatak eta pentsioak defendatu! gutxienez KPI errealaren igoera
  • Produktu energetiko guztien prezioak kontrolatu eta mugatu.

Energiarako eskubidea bermatzeko

  • Energiarako eskubidea bermatzeko, energia-sektorearen publifikazioa, kontrol publiko eta soziala.
  • Elektrizitatearen prezioa ezartzeko sistema marginalista aldatu.
  • Konpainia elektrikoek jasotzen dituzten ezkutuko bidesariak kendu.
  • Trantsizio energetikoa demokratikoki planifikatzeko bideorria.

Zerbitzu publikoen defentsan

  • Zerbitzu publikoen eraispena gelditu eta hauek garatu:
  • Kalitatezko Zaintza Sistema Publiko Unibertsalaren eta Doako Sistemaren bidez, pertsona guztiek bizitza osoan beren zaintza-beharrak beteta izan ahal izateko.
  • Osasun-zerbitzu publikoek herritarren beharrei erantzun egokia eta kalitatezkoa emango dietela bermatzea.
  • Hezkuntza sistema publikoaren defentsa, hezkuntzara bideratutako aurrekontua Europako batez bestekoarekin parekatuz, besteak beste.

Babes sistema hedatu eta sakondu:

  • kalitatezko etxebizitzarako sarbide unibertsala: eskubide subjektibo erreala bermatu, alokairuaren prezioa mugatu, parke publikoa handitu eta etxegabetzeak gelditu.
  • Pentsio sistema publikoa indartu
  • Bermatutako oinarrizko errentan Kartatik egindako HEL-a kontuan hartu.

Aberastasunaren banaketaren alde

  • Zerga erreforma egin. Enpresen mozkinengatik, aberastasunarengatik eta errenta altuengatik ordaindu beharreko zergak nabarmen handitu.
  • Zorrari dagokionez, herritarren zorraren auditoria egin behar da.

Burujabetzaren bidean

  • Burujabetzan aurrera egin. Sektore estrategikoak, babes sistema eta lan merkatua arautzeko eskumenak behar ditugu. Ezinbestekoa izango da elikadura burujabetza, burujabetza energetikoa etab. sustatzea.

Garbiñe Aranburu: “Historia egiten ari dira Arabako metalgintzan”

Garbiñe Aranburu idazkari nagusia Radio Vitorian izan da, aktualitateari buruz hitz egiteko. Besteak beste, Arabako metalgintzan piztutako borrokari buruz aritu da. Historikotzak jo du aste honetan egindako greba eguna, hitzarmen duin baten alde sindikatu guztiak modu bateratuan ari baigara mobilizatzen.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, “SEA patronalak bere jarrera immobilista aldatu beharko du, Arabako metalgintzan historia egiten ari delako”.

Hiru langile hil dira azken orduetan

Odolusteak ez du etenik. Bi garraiolariren lan heriotzen berri izan dugu, biak lan istripu ez traumatiko baten ondorioz; bata Iruran eta bestea Zamudion. Bata Goizuetakoa eta bestea Portugaletekoa. Atzo izan ziren lan istripu hilgarriak. Gaur, berriz, Errenterian, Gureak Lanean enpresako langile bat hil da, hau ere ondoezak jota.

Aurten, gutxienez, 30 langile hil dira lan istripuz Euskal Herrian, horietatik 10 istripu ez traumatiko baten ondorioz. Ez da kasualitatea, prekaritatea da.

Euskal presoen eskubideen defentsan mobilizatu gara Bilbon, sindikatuon hileroko dinamikaren baitan

LAB, ELA, UGT, ESK, STEILAS, CGT, CNT, EHNE, HIRU eta ETXALDE sindikatuok hileroko mobilizazioa egin dugu Bilbon, espetxe-politikan aldaketak aldarrikatzeko.

Euskal preso guztiak Euskal Herriko espetxeetara hurbiltzea, gradu-aldaketak eta legeria arruntean jasotako espetxe-onurak lortzea, gaixotasun larriak edo sendaezinak dituzten pertsonak espetxetik ateratzea, kartzeletik ateratzen direnak lan mundura bueltatzea edo legeria berrikustea zigorren salbuespeneko luzatzea saihesteko dira egin ditugun aldarriak.

Mobilizazioa Sare-ren “Izan bidea” dinamikaren baitan kokatu da.

Jaurlaritzaren betiON telelaguntza zerbitzuko langileak, kalean ez ezik, uretan ere ari dira euren aldarriak zabaltzen

Maiatzaren etorrerarekin, beste 12 greba egun egiten ari dira Jaurlaritzaren betiON telelaguntza zerbitzuko langileak, hitzarmen duin baten defentsan. Maiatzak 14, 17, 18, 19, 20, 21, 25, 26, 27, 28, 30 eta 31 dira hilabete honetarako deitutako greba egunak. Gaur kalera irten dira berriro, eta, atzo, Bilboko uretan ere zabaldu zituzten euren aldarriak.

Gurea egin dugu elikadura burujabetzaren aldeko aldarria

Elika Bilbo ekimena egiten ari dira egunotan Bilbon, elikadura burujabetzaren aldeko ekimen kolektiboa. Topaketa hauen harira, euskal gehiengo sindikaletik agerraldia egin dugu elikadura burujabetzaren aldeko gure apustua berresteko.

LAB, ELA, ESK, STEILAS, CCOO, UGT, ETXALDE eta HIRU sindikatuon adierazpena:

Gaur maiatzaren 19an Bilbon bildu gara eta zera adierazi nahi dugu: gurea egiten dugula ELIKADURA BURUJABETZAREN ALDEKO ALDARRIA:

Elikadura osasuntsua, beharrezkoa, berebizikoa eta eskubide kolektibo unibertsala da eta nekazaritza, abeltzantza, arrantza eta basogintza sektore estrategikoak dira edozein herrialderentzat. Herritarrentzako elikagaien ekoizpenaren eta hornikuntzaren jatorri izateaz gain, zeregin garrantzitsua duelako lurraldearen, biodibertsitatearen eta ingurumenaren kudeaketan eta lurraldeari loturiko identitate eta kulturei dagozkien gaietan, baita eredu sozioekonomiko eta enpleguan ere.

Pertsona orok elikadura osasuntsua izateko eskubidea duela aldarrikatzerakoan, bizitzak erreproduzitu eta hauek sostengatzeko eskubide batetaz ari gara. Baserritarren eta arrantzaleen funtzioa elikagaiak ekoiztu eta eskaintzea da, ez industria transformatzailearentzat lehengai merkeak ekoiztea. Edozein herriren eraikuntzarako egiten den oinarrizko ekarpena da hau, eta baita jendartearen behar kolektiboei erantzungo dien jendarte justuago eta berdintsuagoa artikulatzeko.

Elikadura osasuntsua izateko eskubidea ziurtatu ahal izateko, ELIKADURA BURUJABETZA da proposatzen duguna. Eskubideak gauzatzeko eta elikadura osasuntsurako proposamen politiko hau nekazaritza, abeltzantza eta arrantza IRAUNKORRAK egiten ditu posible: prozesu agroekologikoetan oinarrituta, bertoko eta sasoiko produktuak pertsona guztientzat eskuragarri direla bermatu eta ekoizpen, biltegiratze, banaketa eta kontsumo katean lan baldintza  duin eta bidezkoen bidez gauzatzen direnak, hain zuzen.

Era berean, elikadura burujabetzaren aldeko hautu honek ezinbestean milaka lur eta nekazari espropiatu dituen agronegozioaren eta lurraren artifizializaio etengabea eskatzen duen ereduaren aurka posizionatzera garamatza. Berebizikoa da lurraren jabetza publiko eta komunitarioaren aldeko boroka, transgeniko eta agrotoxikorik gabeko lurrak lantzeko eskubidea eta aukera izan dezagun. Lur emankorrak lantzeko aukerarik gabe, ez dago elikadura burujabetzarik.

Gaur egun, Euskal Herrian ere bai, indarrean dugun eredu intentsiboa erabat kolapsatuta dago. Covidaren egoerak eta ondoren Ukrainako gerrak argi erakutsi dute aspalditik hainbat sektoreetatik eta baserritarrek aldarrikatu dugun eredu honen hauskortasuna. Bizitzaren aurkako sistema honek hondamendia besterik ez dakar, bai pertsonei, abereei, lurrari eta baita itsasoari ere.

Ezinbestekoa da norabidea aldatzea, bai ekoizpen ereduetan bai kontsumo moldeetan.

Hau guztia berresten duten hainbat analisi daude gaur egun:

  • FAOk 2020an aurkeztutako txosten batean elikadura sistemak araldatzeko erronkari aurre egin behar zaiola esaten du. Baita aitortu du agroekologiak baino ez duela gaitasunik iraunkortasunaren dimentsio ekonomikoak, ingurumenekoak eta sozialak bateratzeko.
  • IPES FOODek 2019an zioen inoiz baino premiazkoagoa dela industria nekazaritzaren paradigmatik sistema agroekologiko dibertsifikatuetara aldatzea.
  • EUSKAL HERRIA POST COVID19ren aburuz, nekazaritza eta elikaigintza sistema eraldatu behar da, agroekologian oinarritutako ereduak martxan jarriz, elikadura burujabetzan aurrera egiteko.

Marko teorikoaz aparte, badugu hau guztia berresten duen marko legal bat, Europako Batzordearen Proposamena: BASERRITIK MAHAIRA  Programa, eta Biodibertsitatearen Estrategia, elikadura justu, osasungarri eta ekologikorako. Bertan esaten da beharrezkoa dela datozen 10 urteetan plagiziden eta antibiotikoen erabilera %50  murriztea, ongarri kimikoen erabilera %20 murriztea eta ekoizpen ekologikora bideratzea ekoizpenaren % 25a. Tokian tokiko gobernuek plan estrategikoak garatu behar dituzte guzti hau gauzatu dadin.

Gaur bildutako sindikatuek ere Elikadura Burujabetza lortzeko bidean, eredu agroekologikoaren alde egiten dugu arrazoi hauengatik:

1.- Eredu honek bakarrik bermatzen baititu lan baldintza duinetan oinarritutako tokiko elikagaien ekoizpena. Eta gainera, lurralde-kohesioa eta tokiko ekonomiaren garapena ahalbidetzen ditu.

2.-  Biodibertsitatearen kontserbazioa, eta ingurugiroa errespetatzen duen eredu bat delako. ( Eredu industrialak CO2ren isurien 1/3a suposatzen du)

3.- Gizarte justuago bat bilatzen du, lur eta ondare komunalen merkantilizazioan, herri komunitateen militarizazioan zein  bereziki lehen sektorean diharduten langile migratu eta arrazializatuen pobretze eta prekarizazioaren bidez Hegoalde Globalaren esplotazio eta sakeoan oinarritzen ez dena.

4.- Eredu autonomoa delako eta krisi energetiko eta ekosozialari aurre egin diezaiokelako, planeta hotzituz. (Gaur egungo ereduan elikadura garraio osoaren %25a da)

5.- Genero ikuspegia  eta begirada dekoloniala txertatzen duelako, elikadura eredu alternatiboan ekoizpen prozesu guztietan emakumearen papera eta proagonismo aintzat hartu eta eredugarri bilakatzen duelako. Era berean tokiko ekosistemak, lurren zikloak eta plantaren muga biofisikoak kontuan hartuz lurraldeen arteko harreman horizontaletatik eraikitzen delako.

6.- Bizitza zentroan jartzen duelako eta izaki bizidun guztiontzat bizitza hobeagoa eskeintzen duelako; hemen, gurean, zer eta nola ekoitzi eta elikatzeko dugun moduen inguruan erabakitzeko gaitasuna handituz.

7.- Elikadura osasungarria giza eskubidea langile-klase osoaren eskubidea eta lan osasun onaren oinarri delako.

Eta hau guztia gauzatzeko ezinbestekoa dugu Elikadura Lokala politika publikoen ardatz nagusi bilakatzea. Politika publiko horiek errealitate izan daitezen, ezinbestekoa da lehenengo sektorearekin aliantzak garatzea eta babes teorikoaz haratago badago modu bat errealitatean bilakatzeko aliantza hori: Gure kontsumo ereduak aldatuz.

Bilbon alternatiba asko daude kontsumo eredua irauli egiten dutenak: kontsumo elkarteak auzo askotan daude, supermekatu kooperatiboak, asteroko baserritarren plaza (arenalean), eskola publikoak jantokian eredua aldatu nahi dutenak… Hauek guztiak biderkatzea eta ideia berriak garatzea gure esku dago ere.

Bilbotik eta sindikalgintzatik ere ekarpen handia egin dezakegu, elikadura osasuntsua eta garapen iraunkorra denon ardura izanik beharrezkoa deritzogu ELIKADURA BURUJABETZA ren gauzatze praktikoa gure lehentasunen zerrendara gehitzea. Horregatik, manifestu honen sinatzaile garen sindikatuok gure egunerokotasunean Elikadura Burujabetzaren alde lan egiteko konpromisoa hartzen dugu.

Ildo horretan, elikadura burujabetzaren jarduera-aste honen barruan, hemen gauden Euskal Herrian langile guztientzako mundu justuago baten alde lan egiten dugun erakunde sindikalok, uste dugu garrantzitsua dela konpromiso hauetan aurrera egitea:

1. Aldarrikatzen dugu beharrezkoa dela plan estrategiko bat egitea, trantsizio ekosozialaren zati gisa, elikadura-subiranotasunean oinarritutako euskal elikadura-eredu bat lortzea helburu duena. Zentzu honetan, Etxaldek proposatzen duen “Elikadura sistema eta nekazal ekoizpen iraunkor baterako bidea” dokumentuarekin bat egiten dugu.

2. Tokiko administrazio publikoen mailan, tokiko neurri eta politika publikoen diseinuan eta inplementazioan eragitea, politika publikoak tokiko lurralde ekoizpena bultzatu eta babestuko dutenak elikadura burujabetza eskubide eta erantzukizun kolektibo gisa gauzatzeko oinarri gisa EHtik eta EHrentzat.

3. Administrazioei pleguen kontratazioen sustapena eskatzea, euskal lurraldean finkatutako tokiko elikagaien ekoizleei eta ekoizpen- eta elaborazio-proiektuei lehentasuna emanez.

4. Tokiko administrazio publikoko erakundeei eta eskumeneko erakundeei eskatzea babes dezatela eta benetan bete dezatela guztiontzat osasungarria den elikadura izateko eskubide kolektiboa eta Euskal Herrian elikadura-subiranotasuna gauza dadila.

5. Elikadura-eredu nagusiak langileei ematen dizkien lan- eta bizi-baldintzen jarraipena egitea. Langile horietako asko migratuak eta arrazializatuak dira, eta ezkutuko ekonomiaren urraketa bereziko egoeren mende daude, Espainiako Estatuko atzerritarrei buruzko egungo legearen ondorioz.

Erronka demografikoaren eztabaidaren muina lan eta bizi baldintza duinak bermatzeko politikak dira

Atzo, erronka demografikoaren inguruko saio monografikoa egin zen Gasteizko Legebiltzarrean. Beste behin, sakoneko eztabaidei eta epe luzeko estrategia integralari bide eman baino Urkulluren gobernuak nahiago izan du eragin mugatua eta isolatuak diren neurrien alde egin.

LABen ustez, erronka demografikoaren aferari ezin zaio politika natalistekin erantzun. Gainera, beste behin ere, emakumeoi gure gorputzekin zer egin behar dugun esaten digute. Emakumeok erreprodukziora dedikatu behar gara. Ezinbestekoa da herritarron lan eta bizi baldintzak duintzeko politika publiko indartsu eta ausartekin sakoneko aldaketak gauzatzea.

Jaiotze tasa baxuen atzean, prekaritate eta pobretze prozesuen hedatzea dago. Ume gutxi jaiotzea arazo gisa saldu digute, baita pentsio prestazioetan eragina izango duela argudiatu ohi da. Baina ez da egia. Benetako arazoa, bizitza duinerako dugun eskubidea ukatzen zaigula da.

Aitortua egonik ere, kalitatezko etxebizitza duina izateko eskubidea ez dago bermatuta, Gaztelagun programak ez du lortzen gazteen emantzipazioa 30 urteetatik beherakoa izatea, zaintza lanen aitortza ezak eta emakumeen bizkarrean jarraitzeak zein sektore feminizatuetan oro har dauden lan baldintza prekarioak bere horretan diraute eta zerbitzu publikoen eraispen etengabearen aldeko politiketan ez dago aldaketarik.

Gauzak horrela, jaio berri diren ume bakoitzeko, hiru urtez 200 eurotako diru laguntza zuzena urrats bat izan daiteke, baina guztiz ez nahikoa da lehen aipatutako eremuetan eskuhartze sendorik ez badago. Era berean, garraio publikoari begirako prezioak aztertzeko konpromisoak gutxirako balioko du garraio publikoaren aldeo estrategia indartsurik ez badago. Eta gutxi balitz, hezkuntza akordioan adostasun zabalez onartutako Haurreskolak Partzuergoaren zerbitzuaren unibertsalizazioa eta doakotasuna atzeratzearen alde bozkatu zuten atzo EAJ, PSE eta PP-k.

Iragarritako neurri zehatzez harago, nola pentsatu daiteke erronka demografikoari behar bezala helduko zaiola zaintza sistema publikoaren inguruko proposamenik gabe? Edota gurera beste herrialdeetatik datozen langile migratuen egoera administratiboa erregularizatzeko ekimen politikorik gabe? Alegia, biztanlegoa zahartzen ari den honetan, zaintza lanetan dihardutenen lanak duindu gabe, lan hauek desfamiliarizatu eta sistema publiko eta komunitarioaren aldeko apusturik gabe eta herritar ugari modu administratibo irregularrean eskubiderik bermatu gabe ez dago erronka demografikoari aurre egiteko modu eraginkorrik.

Horregatik, LABek bere Programa Sozioekonomikoan jaso eta legebiltzarrean aurkeztutako Euskal Lan Kode eta Gizarte Seguratza propioaren aldeko legeen ildotik, besteren artean oradaindutako zaintzagatiko etetearen proposamenaren alde egiten dugu; zerbitzu publikoetan inbertsioak handitu, etxebizitza prezioa mugatzeko neurriak hartu, 30 orduko lanaldi eta gutxieneko soldata 1.400 eurotan ezarri dadin akordio interprofesionala galdegiten dugu.

Lan eta bizi baldintzak duindu behar dira, bizitza bizigarrien aldeko politika publikoak garatu eta horretarako, enplegua, zaintza lanak eta aberastasuna banatzeko neurriak eta, batez ere, borondate politikoa behar da.

Gipuzkoako egoitzen gatazkari irtenbidea emateko herrialdeko lan hitzarmena eta ratioen hobekuntza ezinbesteko baldintzak direla berretsi dugu

Gipuzkoako helduen egoitzetako langileek beste greba eta mobilizazio egun bat egin dute, lan baldintza duinen eta kalitatezko zerbitzu baten defentsan. Jardunaldiko mobilizazio nagusia Bulebarretik abiatu dute, eta, Donostiako hirigunetik igaro ostean, Gipuzkoako Foru Aldundian amaitu dute protesta.

Bi urteren ostean erabat blokeatuta zegoen negoziazio mahaia biltzea lortu dugu. Testuinguru horretan gauzatu dugu gaurko greba, aurreko greba egunetan ez bezala. Hemendik aurrera, ordea, Patronalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren erantzukizuna da mahaia berriro ez blokeatzea. Edukiez hitz egiten hasteko momentua den honetan, borondateetatik harago, proposamen zehatzak mahai gainean jarri beharko dira. Eta LAB sindikatutik behin eta berriz errepikatu dugun moduan, herrialdeko lan hitzarmena eta ratioen hobekuntza ezinbesteko baldintzak dira gatazkari irtenbidea emateko.

Zentzu honetan, sektoreko langileek aurrera daramaten borroka nekaezin eta eredugarria babestu eta presio sozial zein sindikala biderkatzeko unea da.

Mutualiaren eta Osakidetzaren arteko akordioak langileriaren konfidentzialtasunerako eskubidea urratzen du

Euskal gehiengo sindikalak deituta, elkarretaratzea egin dugu Bilbon, Mutualiaren egoitzaren aurrean, Mutualiak eta Osakidetzak sinatu berri duten akordioak patronalaren interesen alde egin eta mediku historialetan izan dezakeen eragina salatzeko.

LAB sindikatutik dei egiten diogu langile klaseari Mutualiari aurrez baimenik eman ez diezaion, ez espreski, ezta idatziz ere, langileen txostenetara modu zuzenean sartu ahal izateko Gizarte Segurantzak mutualitateari legez esleitutako edozein lankidetza arlotan; hala nola, lan istripuen eta lanbide gaixotasunen kontingentzietan, kontingentzia arruntak eragindako aldi baterako ezintasunean, haurdunaldiko eta edoskitze naturaleko arriskuetan, minbizia edo beste gaixotasun larriren bat duten adingabeen zaintzan… Era berean, dei egiten diegu langileei ez diezaiotela Mutualiari Osakidetzako historia klinikoan sartzeko aurrez baimenik eman, ez espreski, ezta idatziz ere.

LAB, ELA, ESK, STEILAS, ETXALDE eta HIRU sindikatuon oharra:

Osakidetzak eta Mutualiak lankidetza hitzarmena sinatu dute bi erakundeetako medikuek pazienteen mediku historiala elkarbanatzeko. LAB, ELA, STEILAS, Etxalde eta Hiru sindikatuentzat osasun publikoaren pribatizaziorako beste urrats bat da, eta mediku historialetan esku sartze larria eragingo du, enpresen interesen mesedetan.

Mutualia da EAEko muturik handiena, eta hitzarmenak 421.959 langile ingururi eragingo die. Pentsa daiteke beste mutuek ere bide berari jarraituko dutela. Gure historia mediko osoa ezagutzeko aukera izango duten akordio berri honekin, are zailagoa izango da mutuek behar bezala artatzea, irizpide medikoak irizpide ekonomizisten aurretik jarriz.

Sindikatuek urteak daramatzate mutualitateen jardunbide txarrak salatzen, kontingentzia bat lan kontingentzia gisa onartzerakoan, esaterako, edo behar bezala sendatzeko beharrezkoakoak diren baja egunak ezartzerakoan.

Mutualitateak hasiera batean enpresa elkarteen langileen kontingentzia profesionalak kudeatzeko sortu ziren; elkarte patronal pribatuak dira. 1996tik aurrera, Madrilgo gobernuak eskumen handiagoak ematen hasi zitzaizkien. 2015eko erreformarekin, Gizarte Segurantzaren Mutua laguntzaile izatera igaro ziren, eskumen handiagoak bereganatuz eta, ondorioz, botere handiagoa izanik, hala nola kontingentzia arruntetako prestazioaren kudeaketa, haurdunaldiko edo edoskitzaroko arrisku prestazioa, edo langileen jardun prestazioa, besteak beste. 2014an, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren erreformaren bidez, historia klinikorako sarbidea ireki zitzaien mutualitateetako profesionalei, baina, azkenean, Datuak Babesteko Legeak eragotzi egin zuen.

Hala ere, Osakidetzak eta Mutualiak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute pasa den astean, osasun sistema publikoko datu medikoak eskuratzeko, teorian pazienteen berariazko baimenarekin.

Hitzarmen horrek botere handiagoa emango dio Mutualiari, eta datu medikoen konfidentzialtasunerako eskubidea urratuko du. Gainera, osasun sistema publikoan pazientearen eta medikuaren arteko harremana larriki kaltetu dezake; izan ere, baliteke beren historian arreta edo kalteak agertzea nahi ez izatea, eta, ondorioz, beren lan bizitzan aurka erabil daitezke.