2024-10-05
HomeEkintza PolitikoaGurea egin dugu elikadura burujabetzaren aldeko aldarria

Gurea egin dugu elikadura burujabetzaren aldeko aldarria

Elika Bilbo ekimena egiten ari dira egunotan Bilbon, elikadura burujabetzaren aldeko ekimen kolektiboa. Topaketa hauen harira, euskal gehiengo sindikaletik agerraldia egin dugu elikadura burujabetzaren aldeko gure apustua berresteko.

LAB, ELA, ESK, STEILAS, CCOO, UGT, ETXALDE eta HIRU sindikatuon adierazpena:

Gaur maiatzaren 19an Bilbon bildu gara eta zera adierazi nahi dugu: gurea egiten dugula ELIKADURA BURUJABETZAREN ALDEKO ALDARRIA:

Elikadura osasuntsua, beharrezkoa, berebizikoa eta eskubide kolektibo unibertsala da eta nekazaritza, abeltzantza, arrantza eta basogintza sektore estrategikoak dira edozein herrialderentzat. Herritarrentzako elikagaien ekoizpenaren eta hornikuntzaren jatorri izateaz gain, zeregin garrantzitsua duelako lurraldearen, biodibertsitatearen eta ingurumenaren kudeaketan eta lurraldeari loturiko identitate eta kulturei dagozkien gaietan, baita eredu sozioekonomiko eta enpleguan ere.

Pertsona orok elikadura osasuntsua izateko eskubidea duela aldarrikatzerakoan, bizitzak erreproduzitu eta hauek sostengatzeko eskubide batetaz ari gara. Baserritarren eta arrantzaleen funtzioa elikagaiak ekoiztu eta eskaintzea da, ez industria transformatzailearentzat lehengai merkeak ekoiztea. Edozein herriren eraikuntzarako egiten den oinarrizko ekarpena da hau, eta baita jendartearen behar kolektiboei erantzungo dien jendarte justuago eta berdintsuagoa artikulatzeko.

Elikadura osasuntsua izateko eskubidea ziurtatu ahal izateko, ELIKADURA BURUJABETZA da proposatzen duguna. Eskubideak gauzatzeko eta elikadura osasuntsurako proposamen politiko hau nekazaritza, abeltzantza eta arrantza IRAUNKORRAK egiten ditu posible: prozesu agroekologikoetan oinarrituta, bertoko eta sasoiko produktuak pertsona guztientzat eskuragarri direla bermatu eta ekoizpen, biltegiratze, banaketa eta kontsumo katean lan baldintza  duin eta bidezkoen bidez gauzatzen direnak, hain zuzen.

Era berean, elikadura burujabetzaren aldeko hautu honek ezinbestean milaka lur eta nekazari espropiatu dituen agronegozioaren eta lurraren artifizializaio etengabea eskatzen duen ereduaren aurka posizionatzera garamatza. Berebizikoa da lurraren jabetza publiko eta komunitarioaren aldeko boroka, transgeniko eta agrotoxikorik gabeko lurrak lantzeko eskubidea eta aukera izan dezagun. Lur emankorrak lantzeko aukerarik gabe, ez dago elikadura burujabetzarik.

Gaur egun, Euskal Herrian ere bai, indarrean dugun eredu intentsiboa erabat kolapsatuta dago. Covidaren egoerak eta ondoren Ukrainako gerrak argi erakutsi dute aspalditik hainbat sektoreetatik eta baserritarrek aldarrikatu dugun eredu honen hauskortasuna. Bizitzaren aurkako sistema honek hondamendia besterik ez dakar, bai pertsonei, abereei, lurrari eta baita itsasoari ere.

Ezinbestekoa da norabidea aldatzea, bai ekoizpen ereduetan bai kontsumo moldeetan.

Hau guztia berresten duten hainbat analisi daude gaur egun:

  • FAOk 2020an aurkeztutako txosten batean elikadura sistemak araldatzeko erronkari aurre egin behar zaiola esaten du. Baita aitortu du agroekologiak baino ez duela gaitasunik iraunkortasunaren dimentsio ekonomikoak, ingurumenekoak eta sozialak bateratzeko.
  • IPES FOODek 2019an zioen inoiz baino premiazkoagoa dela industria nekazaritzaren paradigmatik sistema agroekologiko dibertsifikatuetara aldatzea.
  • EUSKAL HERRIA POST COVID19ren aburuz, nekazaritza eta elikaigintza sistema eraldatu behar da, agroekologian oinarritutako ereduak martxan jarriz, elikadura burujabetzan aurrera egiteko.

Marko teorikoaz aparte, badugu hau guztia berresten duen marko legal bat, Europako Batzordearen Proposamena: BASERRITIK MAHAIRA  Programa, eta Biodibertsitatearen Estrategia, elikadura justu, osasungarri eta ekologikorako. Bertan esaten da beharrezkoa dela datozen 10 urteetan plagiziden eta antibiotikoen erabilera %50  murriztea, ongarri kimikoen erabilera %20 murriztea eta ekoizpen ekologikora bideratzea ekoizpenaren % 25a. Tokian tokiko gobernuek plan estrategikoak garatu behar dituzte guzti hau gauzatu dadin.

Gaur bildutako sindikatuek ere Elikadura Burujabetza lortzeko bidean, eredu agroekologikoaren alde egiten dugu arrazoi hauengatik:

1.- Eredu honek bakarrik bermatzen baititu lan baldintza duinetan oinarritutako tokiko elikagaien ekoizpena. Eta gainera, lurralde-kohesioa eta tokiko ekonomiaren garapena ahalbidetzen ditu.

2.-  Biodibertsitatearen kontserbazioa, eta ingurugiroa errespetatzen duen eredu bat delako. ( Eredu industrialak CO2ren isurien 1/3a suposatzen du)

3.- Gizarte justuago bat bilatzen du, lur eta ondare komunalen merkantilizazioan, herri komunitateen militarizazioan zein  bereziki lehen sektorean diharduten langile migratu eta arrazializatuen pobretze eta prekarizazioaren bidez Hegoalde Globalaren esplotazio eta sakeoan oinarritzen ez dena.

4.- Eredu autonomoa delako eta krisi energetiko eta ekosozialari aurre egin diezaiokelako, planeta hotzituz. (Gaur egungo ereduan elikadura garraio osoaren %25a da)

5.- Genero ikuspegia  eta begirada dekoloniala txertatzen duelako, elikadura eredu alternatiboan ekoizpen prozesu guztietan emakumearen papera eta proagonismo aintzat hartu eta eredugarri bilakatzen duelako. Era berean tokiko ekosistemak, lurren zikloak eta plantaren muga biofisikoak kontuan hartuz lurraldeen arteko harreman horizontaletatik eraikitzen delako.

6.- Bizitza zentroan jartzen duelako eta izaki bizidun guztiontzat bizitza hobeagoa eskeintzen duelako; hemen, gurean, zer eta nola ekoitzi eta elikatzeko dugun moduen inguruan erabakitzeko gaitasuna handituz.

7.- Elikadura osasungarria giza eskubidea langile-klase osoaren eskubidea eta lan osasun onaren oinarri delako.

Eta hau guztia gauzatzeko ezinbestekoa dugu Elikadura Lokala politika publikoen ardatz nagusi bilakatzea. Politika publiko horiek errealitate izan daitezen, ezinbestekoa da lehenengo sektorearekin aliantzak garatzea eta babes teorikoaz haratago badago modu bat errealitatean bilakatzeko aliantza hori: Gure kontsumo ereduak aldatuz.

Bilbon alternatiba asko daude kontsumo eredua irauli egiten dutenak: kontsumo elkarteak auzo askotan daude, supermekatu kooperatiboak, asteroko baserritarren plaza (arenalean), eskola publikoak jantokian eredua aldatu nahi dutenak… Hauek guztiak biderkatzea eta ideia berriak garatzea gure esku dago ere.

Bilbotik eta sindikalgintzatik ere ekarpen handia egin dezakegu, elikadura osasuntsua eta garapen iraunkorra denon ardura izanik beharrezkoa deritzogu ELIKADURA BURUJABETZA ren gauzatze praktikoa gure lehentasunen zerrendara gehitzea. Horregatik, manifestu honen sinatzaile garen sindikatuok gure egunerokotasunean Elikadura Burujabetzaren alde lan egiteko konpromisoa hartzen dugu.

Ildo horretan, elikadura burujabetzaren jarduera-aste honen barruan, hemen gauden Euskal Herrian langile guztientzako mundu justuago baten alde lan egiten dugun erakunde sindikalok, uste dugu garrantzitsua dela konpromiso hauetan aurrera egitea:

1. Aldarrikatzen dugu beharrezkoa dela plan estrategiko bat egitea, trantsizio ekosozialaren zati gisa, elikadura-subiranotasunean oinarritutako euskal elikadura-eredu bat lortzea helburu duena. Zentzu honetan, Etxaldek proposatzen duen “Elikadura sistema eta nekazal ekoizpen iraunkor baterako bidea” dokumentuarekin bat egiten dugu.

2. Tokiko administrazio publikoen mailan, tokiko neurri eta politika publikoen diseinuan eta inplementazioan eragitea, politika publikoak tokiko lurralde ekoizpena bultzatu eta babestuko dutenak elikadura burujabetza eskubide eta erantzukizun kolektibo gisa gauzatzeko oinarri gisa EHtik eta EHrentzat.

3. Administrazioei pleguen kontratazioen sustapena eskatzea, euskal lurraldean finkatutako tokiko elikagaien ekoizleei eta ekoizpen- eta elaborazio-proiektuei lehentasuna emanez.

4. Tokiko administrazio publikoko erakundeei eta eskumeneko erakundeei eskatzea babes dezatela eta benetan bete dezatela guztiontzat osasungarria den elikadura izateko eskubide kolektiboa eta Euskal Herrian elikadura-subiranotasuna gauza dadila.

5. Elikadura-eredu nagusiak langileei ematen dizkien lan- eta bizi-baldintzen jarraipena egitea. Langile horietako asko migratuak eta arrazializatuak dira, eta ezkutuko ekonomiaren urraketa bereziko egoeren mende daude, Espainiako Estatuko atzerritarrei buruzko egungo legearen ondorioz.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Fekoorreko beharginek hitzarmen propioa behar dutela aldarrikatu dute

Azken egunotako mobilizazio zikloa itxita, aurrerapen esanguratsurik ez da egon aniztasun funtzionalaren arloko enpresaren partetik. LABek langileak zoriondu ditu egunotan erakutsitako borrokarako grinagatik, eta hurrengo urratsak prestatzeko lanean jarraitzeko asmoa adierazi du.

LABek etsipenez ikusi du nola gurpil-aulkia darabilen garbitzailearen enpresak ez duen batere enpatiarik erakutsi eta ez duen egoera bideratzeko aukerarik eman

Espainiako Gizarte Segurantzak garbitzaile nafar batekin sorturiko muturreko egoera -gurpil-aulkia erabili arren ezintasun iraunkorra ukatu dio eta lan egitera bueltatzeko behartu- ez da gaurkoan konpondu, Zaintzen garbiketa enpresak ez baitu aukerarik eman modu egoki batean bideratzeko. Enpresak gaur goizean erran dio langileari lanera joateko, eta arratsaldean joan denean, enpresako arduraduradunarekin eta lan prebentzioko teknikariarekin eztabaida gogorra izan da. Enpresak ez du batere enpatiarik erakutsi eta, laneko material estandarra eman eta gero, langileak normal-normal lan egin dezan saiatu da.

Lizarrako Tenerias Omegako langileek manifestazioa egin dute lanpostuen defentsan eta enpresaren itxieraren kontra

Tenerías Omega 79 langile dituen eta behi-larrua ekoizten dituen Lizarrako enpresa bat da. Duela bi aste baino gehiago, enpresako zuzendaritzak, bere abokatuarekin eta konkurtso Administrazioarekin batera, premiazko bilera batera deitu zuen enpresa-batzordea, eta bertan adierazi zien lantoki horretarako irtenbide bakarra likidatzea zela, eta, ondorioz, langile guztiak kaleratzea.