2026-01-15
Blog Page 329

Haur eskoletako lehen hitzarmen kolektiboa lortzeko negoziazioak hasteko prest gaude Nafarroan

0-3 Plataformaren lan handiari eta ahalegin nekaezinari esker inoiz ez bezala ikusten ari da eskola gehienetan egunero bizi dugun egoera lazgarria.

Plataformarekin bat egiten dugu ratioen jaitsiera eta soldaten igoera eskatzen duenean, baita 0-3 zikloa hezkuntza ziklo izan behar duela aldarrikatzen duenean ere. Gainera, Plataforma hortik haratago doa, haurtzaroaren denfentsa sutsua egiten ari da. Eta hori argi eta garbi utzi nahi dugu.

Baina, sindikatua garen aldetik, gure lanari ekin behar diogu, eta gure esku dago Nafarroako haur-eskolen sektoreko lehen hitzarmena negoziatzea, eta horretan eragingo dugu, sektoreko lan-harremanak juridikoki arautu nahi ditugu.

Baina,Ā LAB sindikatutik zergatik uste dugu 0-3 sektorerako hitzarmen propioa behar dugula?

1. Estatuko Konbenioarekin langileek ez dutelako antzinatasuna kobratzen, soldata taulak oso baxuak direlako (kasu gehienetan hilean 1000€ eskas irabazita), urteko lan ordu kopuru altua ezartzen delako. Konziliaziorako baimenak eskasak direlako, eta, hori gutxi balitz, hainbat puntu. kudeatzailearen interpretazioaren menpe daudelako.

2. Nafarroako Gobernuak udalei eskolak kudeatzeko ematen dien dirua estatuko lan-hitzarmenaren arabera kalkulatzen da, eta guk hemen negoziatutako konbenioaren arabera kalkulo hori egitea nahi dugulako.

3. Hitzarmen propioa delako modurik errealistena eta bermerik handiena, etorkizunari begira gutxieneko lan-baldintzak blindatzeko modua.

Nor interpelatzuko dugu lehen hitzarmen sektorial hau negoziatzeko?

1) Langileak, hasiko dugun borrokari eusteko eta laguntzeko.

2) Sindikatuak, LABekin bat egin dezaten.

3) Haur-eskolak kudeatzen dituzten enpresak eta kooperatibak, patronala izan daitezen eta sektoreko hitzarmena lehenbailehen negoziatzen hasteko.

Hitzarmen hori lortzeko, borondatea behar da, Nafarroako Gobernuarena eta Udalena, baina, sindikatuena eta enpresena ere bai.

Nafarroako haur-eskoletan ekonomia- eta lan-baldintzak hobetzea posible da!

Elkarrekin lortuko dugu!

Euskal Herriko lantokien etorkizuna bermatzeko exijitu diogu Siemens Gamesari

LABek irmoki salatu nahi du Euskal Herriko diru publikoarekin sortutako Gamesak eta orokorrean, Siemens Gamesak izandako bilakera. Izan ere, Gamesaren salmenta prozesuan, LABek salatu moduan, Eusko Jaurlaritzak arduragabeki jokatu zuen, erabaki ahalmena Euskal Herrian geratzen zela ziurtatuz. Hitza hauek haizeak eraman zituen, eta egun hauetan argitaratu den Siemens Energy-k egingo duen eskaintza publikoaren ondorioz, Siemens Gamesaren erabakigunea Alemanian kokatuko da.

Adierazgarria da energia iturrien krisi bete betean energia berriztagarrien aldeko mezuak eta trantsizio energetikoaren beharra zabaltzen duten bitartean, Gamesa bezalako enpresa batekin egin zutena bertako instituzioek: zuzendaritzako kideen pelotazoa txalotu, eta estrategikoa beharko lukeen industria atzerriko kapitalaren esku utzi. Hemen egiten den industria politika negargarriaren adibide garbia da Gamesarekin egindako kudeaketa.

Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuei, fiskalitatean izan dezakeen eragina aztertzeaz gain, lanpostuen eta proiektu industrialaren defentsa egitea exijitzen diegu. Zer egingo du publikoki egindako adierazpenak (erabakitze gunea bertan geratuko da) bete daitezen? Orain enplegua defendatuko dutela diote. Adierazpenok haizeak eramango al ditu berriz ere?

LABetik salatu nahi dugu era berean Siemens Gamesaren partetik informaziorik ez dugula. Inolako gardentasunik gabe ari da jokatzen multinazionala, eta gainera publikoki zabaltzen diren mezuak mehatxuz beteta daude. Horregatik, eta gogoratzen dugulako Aoizko lantokiaren itxiera bidegabea, LABek jakinarazi nahi du etor litezkeen balizko erasoei langileak antolatuz eta borrokatuz erantzungo diela. LABek eskura dituen tresna guztiak martxan jarriko ditu Euskal Herriko lantokien geroa eta enpleguaren alde.

Foru lege dekretua zentzugabekeria bat da, eta ez du konponduko Nafarroako Administrazioaren behin-behineko kontratazioaren arazoa

Nafarroako Gobernuak gaur onetsi du enplegua egonkortzeko LEPa arautuko duen foru lege dekretua. Aldi berean, testua Mahai Orokorrean aztertu da, eta han azaldu digute zein lanpostu beteko diren merezimendu lehiaketa bidez eta zein oposizio-lehiaketa bidez. LABen iritziz, foru lege dekretu hori hilik jaio da, ez baitu balioko behin-behinekotasun tasa %8tik behera murrizteko, inola ere ez. Itxurakeria bat besterik ez da, Europako aginduei iskin egiteko eta iragarri diren sekulako diru-funtsak jasotzeko erabili nahi dutena.

PSN-GeroaBai Gobernuak uko egin dio Nafarroak dituen berezko eskumenak erabiltzeari, eta enplegua egonkortzeko prozesu berezia arautzeko orduan, Estatuko Legea ia goitik behera kopiatu du.

Gobernuari bost axola zaio behin-behinekotasuna. Axola balitzaio, bere eskumenak erabiliko lituzke eta arazoari aurre egiteko plan orokor bat prestatuko luke sindikatuen adostasunarekin, milaka lanpostu finko bihurtzeko plan ordenatu, zuzen eta justu bat, non iragarri diren 3.589 lanpostu horiek baino askoz ere gehiago sartuko liratekeen.

LAB sindikatuak urte asko daramatza Foru Administrazioan gutxienez 10.000 lanpostu egonkortzeko eskatzen. Aldi berean, Estatuak ezarritako ordezte-tasa ken dezatela eskatu dugu behin eta berriz, hori baita behin-behinekotasuna behar adina murrizteko balioko lukeen konponbide bakarra.

Gobernua, ordea, beste alde batera begira egon da, bere arazoa ez balitz bezala, ordezte-tasak erantzule politikorik ez balu bezala, tasa hori ezein alderdi politikok defendatu eta inposatu ez balu bezala, aldi baterako kontratazioaren abusuak erantzulerik ez balu bezala, eta azken urteotan jasan ditugun gobernu guztiek jokabide gaitzesgarri hori arau bihurtu izan ez balute bezala.

Azkenean, epai judizialen bidez lortzen ari gara urteetan eskubideak urratuak izan dituzten langile kontratudunen eskubideak aitortzen hastea. Administrazioa kondenatzen duten epai judizial horiek sekulako kalte-ordainak eta epaiketa-kostuak ordaindu beharra dakarte, baina Administrazioari ez zaio batere inporta. Zentzugabekeria horren erantzuleek eskuak garbitzen dituzte, eta kudeaketa penagarri horren ondorio ekonomikoak diru-kutxa publikotik ordaintzen dira.

Aurkeztu diguten foro lege dekretua benetako txapuza bat da, ez bakarrik egonkortze prozesuetan oso lanpostu gutxi eskainiko direlako, baita eginen diren merezimendu lehiaketetan edo oposizio-lehiaketetan hainbat bidegabekeria getatuko direlako ere.

Foru lege dekretuak funtzionarioen eskubideak urratzen ditu, besteak beste, barne-igoerarako eskubidea eta lanpostu huts guztien lekualdatzeetan parte hartzeko eskubidea.

Kontratatutako langileen eskubideak ere urratzen ditu, diskriminazioak eraginen dituelako lanpostuaren, hizkuntzen, antzinatasunaren eta beste merezimendu batzuen arabera. Euskararen balorazioa, jakina, ahalik eta txikiena da, eta, aldi berean, Nafarroatik kanpoko beste hizkuntza batzuen ezagutza gainbaloratua dago. Esanguratsua da alemanez jakitea oposizio bat gainditu izana baino gehiago puntuatzen dela. 

Sekulako zentzugabekeria.

Oso positibotzat jo dugu Ilunion Navarran lortutako akordioa, eta bertan behera utzi dugu greba deialdia #LortuDugu

LABek oso positibotzat jo du Ilunion Navarra enplegu-zentro bereziko Noaingo eta Beriango ikuztegi-lantegietan lortutako akordioa. Honen ondorioz, gaurko planteatutako greba bertan behera geratu da.

Langileen ordezkariek, LABen gehiengoarekin (5 ordezkari ditu eta ELA, CCOO eta UGTk bana), greba bertan behera utzi dute, langileen batzarrak akordioa onartu ondoren.

Ilunion Navarrak 800.000 mila euroko galerak izan zituen 2021ean, eta 200.000 eurokoak aurten (enpresaren arabera). Enplegu-zentro berezi horretan lan egiten duten 156 pertsonei gutxienez % 6,6ko igoera bermatzea onartu du enpresaren zuzendaritzak. Erosteko ahalmena bermatzeaz gain (2021eko Nafarroako KPIa), Beriaingo plantillak, 89 langilek, antzinatasun-plusa lortu dute, duela 4 urtetik zenbatzen hasi dena; beraz, gehienak hilean 35 euroko gutxieneko hirurtekoa kobratzen hasiko dira, eta 2 urteren buruan hilean 65 euro kobratuko dituzte gutxienez.

Langile gehienak baldintza onuragarrienekin parekatuko dira, eta inork ez du erosteko ahalmenik edo eskubiderik galduko. Era berean, bermatzen da Noaingo plantillak ez duela igandeetan lan egin beharko.

LAB kanpaina orokor bat egiten ari da, soldatak prezioen mailara igotzeko garaia dela eskatzeko, eta Ilunion Navarran gertatu den bezala, sindikatuok langileez benetan arduratzen bagara eta langileok dagokiguna defendatzeko borrokaren alde egiten badugu, posible da hori lortzea.

LABek langileen batasuna eta apustua nabarmentzen ditu, grebaren eta borrokaren bidez, bere etorkizuna defendatzeko.

Oraindik gauza oso garrantzitsuak falta dira Ilunion Navarran lortzeko, beraz, 4 hilabeteren buruan hurrengo hobekuntzak negoziatzen hasiko gara.

Okupazioa egin dugu, “Benetako Kontsolidazioa orain! Hezkuntzako langileak babestu!” lemapean

LABek okupazioa egin du, “Benetako Kontsolidazioa orain! Hezkuntzako langileak babestu!” lemapean, Jaurlaritzak Bilbon duen lurralde ordezkaritzan, Hezkuntza Sailaren menpeko irakasle, heziketa bereziko hezitzaile eta sukalde eta garbiketako langileen kolektiboetan hurrengoa eskatuz:

-Estabilizazio prozesuetako lan eskaintza publikoetan lanpostu gehiago eskaintzea: irakasleen kasuan, egiturazkoak diren lanpostuak —egun aurrekontu zuzkidura dutenak— eta ezkutuan daudenak; bereziki, laguntza zerbitzuetan zerbitzu-eginkizunen bidez betetzen direnak (lanbide heziketakoak, Iraleak, barnetegiak edota Berritzegunekoak). Heziketa berezian, obra eta zerbitzu kontratu guztiak, urtero errepikatu direnak. Eta sukaldari eta garbitzaileen kolektiboan, iruzurrean dituen eta ikasturtero errepikatzen diren lan metaketa kontratuak.

-Egiturazkoa bilakatu den prekarietateari amaiera ematea: kolektibo laboraletan, behin-behinekotasuna eta prekarietatea egiturazkoak izan dira azken urte luzeetan. Heziketa bereziko langile-kolektiboetan 14 urte pasa dira LEP deialdirik gabe eta sukalde eta garbiketako zerbitzuetan 21 urte. Horregatik, urtez urte errepikatu diren laguntza-kontratuak eskaintzaren parte izan behar dira eta kontsolidatu beharrekoak; egiturazko lanpostuak dira.

-Madrilek ezarritako dekretu eta aginduetatik harago, Euskal Herriko langileontzako neurriak bertan erabakitzea. Izan ere, irakasleen kasuan, birjartze tasan oinarrituriko oposizio-lehiaketa arruntetan eskaini nahi dituzten plazetako asko estabilizazio prozesuen bitartez bete litezke, oposizio-lehiaketa ā€œez baztertzaileā€ edota meritu-lehiaketaren bidez.

-Hezkuntza Sailak estabilizazio prozesuen eskaintzaren negoziazioarekin jarraitzea kolektibo laboraletan: heziketa berezian eta sukalde eta garbiketan. Eta negoziazioari heltzea irakasleen eskaintzari dagokionean.

LABen ustez Hezkuntza Sailak orain arte emandako eskaintzen kopuruak ez nahikoak dira, eta horregatik eskatzen du maiatzak 31 arte dagoen epea negoziatzeko baliatzea.

[IRITZIA] “40 urteren ondoren, egin dezagun posible”

GarbiƱe Aranburu idazkari nagusiak eta Nafarroako bozeramaile Imanol Karrerak Foru Hobekuntzaren 40. urteurrenaren harira idatzi dute:

Duela 40 urte, eliteek bere eredu politiko, sozial eta ekonomikoa erabakitzeko eztabaida eta ahalmena lapurtu zizkioten Nafarroako gizarteari. Egiazki, Nafarroak ez zuen ezer erabaki. Nahi duten bezala aurkezten ahal digute Foru Hobekuntza, baina Espainiako Konstituzioaren menpeko autonomia estatutu bat da, besterik ez. Hala ere, beste batzuk ez bezala, gure estatutua ez da inoiz erreferendum baten bidez onartu.

Hobekuntzak argi eta garbi erakusten digu Nafarroako elite erreakzionarioek historian zehar izan duten portaera; herriaren borondatearen eta beharren gainetik Nafarroa Espainiako oligarkiaren eta Konstituzioaren menpeko eremu bat bihurtzeko duten interes berezia. Marko politiko guztiak apustu ekonomikoak dira, eta Nafarroan ezartzen zaiguna patronal nafarraren zutabe ekonomikoak oinarritzera dator, UGT eta CCOOren traizio politikoarekin.

Foruaren Hobekuntza proposamen baztertzaile baten emaitza izan zen, urduri baitziren hainbat eskakizun —besteak beste, lan hobekuntzak, askatasun sindikalak, demokrazia osoa eta autodeterminazio eskubidea— aldarrikatzen zituen Nafarroako langile-klasearen bultzada ikusita.

Estatuarekin zerbait negoziatu zelako itxurak egin zituzten, baina akordioa Madrilen itxita zeukaten. Alderdi guztiak baztertzea erabaki zuten, UPN, PSOE eta UCD izan ezik. Nafarroako Parlamentuaren %33 kanpo utzi zuten, eta erakunde sindikalak gutxietsi zituzten. Politikari gutxi batzuek sasiko autonomia estatutu bat aurrera eraman zuten.

Nafarroako Langile Mugimendua trantsizio garai batean zegoen. Alde batetik, estatuko sindikatu batzuk (CCOO-UGT) saiatzen ari ziren frankismoaren azken urteetan eta trantsizioaren hasieran sortu zen langile mugimendu indartsuaren autoantolaketa eta kontrabotere asmoak hutsaltzen. Bestetik, ezker sindikaleko zenbait korronte (SU, CSUT, LAB…) CCOO eta UGT sindikatuek bultzatzen zuten instituzionalizazioari eta erreformismoari aurre egiten saiatzen ziren.

LAB sindikatuak bere betiko jarrera berresten du: haustura demokratikoaren jarrera, 78ko Erregimenaren aurkako jarrera. Berrogei urte igaro ondoren, Hobekuntzak utzi digun saldoa defizitarioa da. Hala da demokratizazioari dagokionez, baina baita bizi- eta lan-baldintzei dagokienez ere.

Begien bistakoa da Nafarroak lan eta gizarte politika propioak erabakitzeko ahalmen mugatua duela. Areagotu egin dira pandemiaren, gerraren eta sistemak eragindako krisien ondorio sozial, ekonomiko eta politikoei aurre egiteko Nafarroako erakundeek dituzten egiturazko gabeziak.

CCOO eta UGT sindikatuen, CEN patronalaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko ekintza-batasunak usurpatu egin ditu ordezkaritza sindikala eta Elkarrizketa Soziala, nahiz eta une honetan ordezkaritza sindikalaren %50 baino gutxiago izan. Horrela, Nafarroako sare ekonomikoaren eta Nafarroako langileen beharrei kasu egin gabe, beren interes politikoak lehenetsi dituzte oraingo estatu-ereduari eta beren gizarte- eta lan-harremanen esparruari eusteko.

Horixe da 40 urte betetzen dituen Hobekuntzaren benetako balantzea. Patronalaren eta Nafarroako elite ekonomikoen neurrira egindako sasi-autogobernu aldakor bat dugu: zentralista agertzen da langile-klaseari eskubideak ukatu nahi zaizkionean, eta foralista Estatuaren eta elite erreakzionarioen interesak bere horretan mantendu nahi direnean (fiskalitatea, esate baterako).

Behar-beharrezkoa da egungo indar korrelazioa aldatzea, kontzientzien eraldaketan aurrera egitea eta agerian jartzea funtzionamendu modu hori eta politika horiek desagerrarazi behar direla. Hauteskunde sindikalen emaitzak erakusten ari dira gero eta langile gehiagok Hobekuntzaren eredu politiko eta sozioekonomikoa gainditzearen alde egiten dutela.

Etorkizunari begira, Nafarroak tresna berriak behar ditu. Erakundeen burujabetzarako proiektu sendo bat behar dugu datozen egiturazko erronka handiei aurre egiteko. Tresna berriak behar ditugu, herri gisa, gure lurraldeko gehiengo sozialaren eskakizun sozial, politiko, linguistiko eta kulturalak bermatu eta ahalbidetzeko.

Ezinbestekoa da, beraz, eztabaida prozesu zabal eta mugarik gabea irekitzea Nafarroako eredu sozial, ekonomiko eta instituzionalari buruz, eta Espainiako Estatuarekin eta gainerako euskal lurraldeekin izan nahi ditugun harremanei buruz. Gizarte eta lan eremuari dagokionez, ezinbestekotzat jotzen dugu lan harremanetarako eta gizarte babeserako esparru propioa eratzea, bai eta lan kode eta gizarte segurantza propioa ere. Espazio sozioekonomiko propioa, eskumen osoekin eta gizarte eta lan arloko gaiak erabakitzeko gaitasunarekin.

Duela 40 urte eztabaida lapurtu ziguten. Orain, nafarroi dagokigu gure etorkizuna erabakitzea, askatasunez eta demokratikoki. Defizit historiko hori zuzentzeko unea iritsi da; Nafarroako herritarrei hitza eta botoa emateko unea da.

Kapitalismoan langileok ez dugu etorkizunik. Aldaketak behar ditugu, bai ekonomian, bai eredu instituzionalean. Eta hori guztia posible egin behar dugu hemen, Nafarroan, Euskal Herrian. Kapitalismoari alternatiba batekin erantzutea herriz herri jorratu beharreko gai globala da. Hori egin ahal izateko, Nafarroak bere subiranotasuna berreskuratu behar du. Madrilen posible ez diren aldaketak Nafarroan gauzatu ahal izateko. Sindikalismo subiranistak ezin dio izkin egin gai horri. Altxa gaitezen! 40 urteren ondoren, hemen jarraitzen dugu. Egin dezagun posible!

Mobilizazioak egingo ditugu ostegunean, energia publikoaren eta ondasunaren banaketaren alde

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen dugun eragileok agerraldia egin dugu Bilbon eta IruƱean, maiatzaren 26an Gasteiz (Andra Mari Zuria), Bilbo (Arriaga), Donostia (Bulebarra) eta IruƱean (autobus geltoki zaharra), 19:00etan, egingo ditugun manifestazioen berri emateko, “Bizitza duinak ez du preziorik! Frente al empobrecimiento, energĆ­a pĆŗblica y reparto de la riqueza”.

Prezioen igoera handia jasaten ari gara. Iazko inflazioa ( % 6,5) koiunturala zela esan ziguten. Ez zen egia. Eta orain, urte arteko KPIa % 9,8ra iritsi denean, Putinen eta Ukrainako gerraren errua dela esaten digute. Hori ere ez da egia. Prezioen gorakadaren %70-a Ukraniako guda baino lehen gertatua zen. Bizitzen ari garen Inflazioaren jatorria egiturazkoa da, sistema kapitalistaren berezko espekulazioagatik edo elektrizitatearen prezioak finkatzeko sistemagatik.

Milaka  langilek, pentsiodunek edo prestazioak jasotzen dituzten pertsonek, bereziki emakumeek, pobreziaren atalasearen azpitik diru-sarrerak dituzte egun. Hala ere, botere ekonomiko eta politikoek pobrezia zabaltzen jarraitu nahi dute, aberastasuna gero eta esku gutxiagotan metatzen eta  beraz, biztanleriaren gehiengoa are gehiago txirotzen,langile eta herritarron erosteko ahalmena erasotuz. Hori gutxi balitz, orain, eztabaida zergak jaistean zentratu nahi dute batzuk. Zergarik ezean, nola pentsatzen dute ordaintzea zerbitzu publikoak? Sistema publikoa eraisten ari dira, eta are gehiago murriztea da euren asmoa.

Egoera honi buelta emateko mobilizatu behar dugu. Soldaten, pentsioen eta gizarte-prestazioen erosteko ahalmena defendatu nahi dugu. Bizitza duina bermatzeko, aberastasuna banatu behar da. Langileon bizitza eta planeta erdigunean jartzeko,  garapen paradigma berria behar dugu, bidezko trantsizio ekologikoa aldarrikatzen dugu.

Biztanleriaren zati gero eta handiago bat energia-pobrezian murgilduta dagoen honetan, bada garaia egiturazko neurriak hartzeko, enpresa energetikoak kontrolatzeko. Bada garaia erreforma fiskal progresibo bat onartzeko, krisia kapitalak ordain dezan, eta ez gehiengo sozialak. Bada garaia zerbitzu publikoak garatzeko, oinarrizko eskubide sozialak bermatzeko, hala nola osasuna, hezkuntza, zaintzak edo etxebizitza. Euskal Herrian lan egin eta erabakitzeko tresnak garatzeko ordua da. 

Hori dela eta, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak mobilizazio dinamika bat martxan jartzea erabaki du. Manifestazioak deitu ditugu maiatzaren 26an, arratsaldeko 19:00etan IruƱea, Bilbo, Donosti y Gasteizen, aldarrikapen hauen defentsan:

Langileon eros-ahalmenari eusteko

  • Soldatak eta pentsioak defendatu! gutxienez KPI errealaren igoera
  • Produktu energetiko guztien prezioak kontrolatu eta mugatu.

Energiarako eskubidea bermatzeko

  • Energiarako eskubidea bermatzeko, energia-sektorearen publifikazioa, kontrol publiko eta soziala.
  • Elektrizitatearen prezioa ezartzeko sistema marginalista aldatu.
  • Konpainia elektrikoek jasotzen dituzten ezkutuko bidesariak kendu.
  • Trantsizio energetikoa demokratikoki planifikatzeko bideorria.

Zerbitzu publikoen defentsan

  • Zerbitzu publikoen eraispena gelditu eta hauek garatu:
  • Kalitatezko Zaintza Sistema Publiko Unibertsalaren eta Doako Sistemaren bidez, pertsona guztiek bizitza osoan beren zaintza-beharrak beteta izan ahal izateko.
  • Osasun-zerbitzu publikoek herritarren beharrei erantzun egokia eta kalitatezkoa emango dietela bermatzea.
  • Hezkuntza sistema publikoaren defentsa, hezkuntzara bideratutako aurrekontua Europako batez bestekoarekin parekatuz, besteak beste.

Babes sistema hedatu eta sakondu:

  • kalitatezko etxebizitzarako sarbide unibertsala: eskubide subjektibo erreala bermatu, alokairuaren prezioa mugatu, parke publikoa handitu eta etxegabetzeak gelditu.
  • Pentsio sistema publikoa indartu
  • Bermatutako oinarrizko errentan Kartatik egindako HEL-a kontuan hartu.

Aberastasunaren banaketaren alde

  • Zerga erreforma egin. Enpresen mozkinengatik, aberastasunarengatik eta errenta altuengatik ordaindu beharreko zergak nabarmen handitu.
  • Zorrari dagokionez, herritarren zorraren auditoria egin behar da.

Burujabetzaren bidean

  • Burujabetzan aurrera egin. Sektore estrategikoak, babes sistema eta lan merkatua arautzeko eskumenak behar ditugu. Ezinbestekoa izango da elikadura burujabetza, burujabetza energetikoa etab. sustatzea.

GarbiƱe Aranburu: “Historia egiten ari dira Arabako metalgintzan”

GarbiƱe Aranburu idazkari nagusia Radio Vitorian izan da, aktualitateari buruz hitz egiteko. Besteak beste, Arabako metalgintzan piztutako borrokari buruz aritu da. Historikotzak jo du aste honetan egindako greba eguna, hitzarmen duin baten alde sindikatu guztiak modu bateratuan ari baigara mobilizatzen.

GarbiƱe Aranbururen hitzetan, “SEA patronalak bere jarrera immobilista aldatu beharko du, Arabako metalgintzan historia egiten ari delako”.

Hiru langile hil dira azken orduetan

Odolusteak ez du etenik. Bi garraiolariren lan heriotzen berri izan dugu, biak lan istripu ez traumatiko baten ondorioz; bata Iruran eta bestea Zamudion. Bata Goizuetakoa eta bestea Portugaletekoa. Atzo izan ziren lan istripu hilgarriak. Gaur, berriz, Errenterian, Gureak Lanean enpresako langile bat hil da, hau ere ondoezak jota.

Aurten, gutxienez, 30 langile hil dira lan istripuz Euskal Herrian, horietatik 10 istripu ez traumatiko baten ondorioz. Ez da kasualitatea, prekaritatea da.