2026-10-02
HomeEkintza Politikoa "40 urteren ondoren, egin dezagun posible"

[IRITZIA] “40 urteren ondoren, egin dezagun posible”

Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak eta Nafarroako bozeramaile Imanol Karrerak Foru Hobekuntzaren 40. urteurrenaren harira idatzi dute:

Duela 40 urte, eliteek bere eredu politiko, sozial eta ekonomikoa erabakitzeko eztabaida eta ahalmena lapurtu zizkioten Nafarroako gizarteari. Egiazki, Nafarroak ez zuen ezer erabaki. Nahi duten bezala aurkezten ahal digute Foru Hobekuntza, baina Espainiako Konstituzioaren menpeko autonomia estatutu bat da, besterik ez. Hala ere, beste batzuk ez bezala, gure estatutua ez da inoiz erreferendum baten bidez onartu.

Hobekuntzak argi eta garbi erakusten digu Nafarroako elite erreakzionarioek historian zehar izan duten portaera; herriaren borondatearen eta beharren gainetik Nafarroa Espainiako oligarkiaren eta Konstituzioaren menpeko eremu bat bihurtzeko duten interes berezia. Marko politiko guztiak apustu ekonomikoak dira, eta Nafarroan ezartzen zaiguna patronal nafarraren zutabe ekonomikoak oinarritzera dator, UGT eta CCOOren traizio politikoarekin.

Foruaren Hobekuntza proposamen baztertzaile baten emaitza izan zen, urduri baitziren hainbat eskakizun —besteak beste, lan hobekuntzak, askatasun sindikalak, demokrazia osoa eta autodeterminazio eskubidea— aldarrikatzen zituen Nafarroako langile-klasearen bultzada ikusita.

Estatuarekin zerbait negoziatu zelako itxurak egin zituzten, baina akordioa Madrilen itxita zeukaten. Alderdi guztiak baztertzea erabaki zuten, UPN, PSOE eta UCD izan ezik. Nafarroako Parlamentuaren %33 kanpo utzi zuten, eta erakunde sindikalak gutxietsi zituzten. Politikari gutxi batzuek sasiko autonomia estatutu bat aurrera eraman zuten.

Nafarroako Langile Mugimendua trantsizio garai batean zegoen. Alde batetik, estatuko sindikatu batzuk (CCOO-UGT) saiatzen ari ziren frankismoaren azken urteetan eta trantsizioaren hasieran sortu zen langile mugimendu indartsuaren autoantolaketa eta kontrabotere asmoak hutsaltzen. Bestetik, ezker sindikaleko zenbait korronte (SU, CSUT, LAB…) CCOO eta UGT sindikatuek bultzatzen zuten instituzionalizazioari eta erreformismoari aurre egiten saiatzen ziren.

LAB sindikatuak bere betiko jarrera berresten du: haustura demokratikoaren jarrera, 78ko Erregimenaren aurkako jarrera. Berrogei urte igaro ondoren, Hobekuntzak utzi digun saldoa defizitarioa da. Hala da demokratizazioari dagokionez, baina baita bizi- eta lan-baldintzei dagokienez ere.

Begien bistakoa da Nafarroak lan eta gizarte politika propioak erabakitzeko ahalmen mugatua duela. Areagotu egin dira pandemiaren, gerraren eta sistemak eragindako krisien ondorio sozial, ekonomiko eta politikoei aurre egiteko Nafarroako erakundeek dituzten egiturazko gabeziak.

CCOO eta UGT sindikatuen, CEN patronalaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko ekintza-batasunak usurpatu egin ditu ordezkaritza sindikala eta Elkarrizketa Soziala, nahiz eta une honetan ordezkaritza sindikalaren %50 baino gutxiago izan. Horrela, Nafarroako sare ekonomikoaren eta Nafarroako langileen beharrei kasu egin gabe, beren interes politikoak lehenetsi dituzte oraingo estatu-ereduari eta beren gizarte- eta lan-harremanen esparruari eusteko.

Horixe da 40 urte betetzen dituen Hobekuntzaren benetako balantzea. Patronalaren eta Nafarroako elite ekonomikoen neurrira egindako sasi-autogobernu aldakor bat dugu: zentralista agertzen da langile-klaseari eskubideak ukatu nahi zaizkionean, eta foralista Estatuaren eta elite erreakzionarioen interesak bere horretan mantendu nahi direnean (fiskalitatea, esate baterako).

Behar-beharrezkoa da egungo indar korrelazioa aldatzea, kontzientzien eraldaketan aurrera egitea eta agerian jartzea funtzionamendu modu hori eta politika horiek desagerrarazi behar direla. Hauteskunde sindikalen emaitzak erakusten ari dira gero eta langile gehiagok Hobekuntzaren eredu politiko eta sozioekonomikoa gainditzearen alde egiten dutela.

Etorkizunari begira, Nafarroak tresna berriak behar ditu. Erakundeen burujabetzarako proiektu sendo bat behar dugu datozen egiturazko erronka handiei aurre egiteko. Tresna berriak behar ditugu, herri gisa, gure lurraldeko gehiengo sozialaren eskakizun sozial, politiko, linguistiko eta kulturalak bermatu eta ahalbidetzeko.

Ezinbestekoa da, beraz, eztabaida prozesu zabal eta mugarik gabea irekitzea Nafarroako eredu sozial, ekonomiko eta instituzionalari buruz, eta Espainiako Estatuarekin eta gainerako euskal lurraldeekin izan nahi ditugun harremanei buruz. Gizarte eta lan eremuari dagokionez, ezinbestekotzat jotzen dugu lan harremanetarako eta gizarte babeserako esparru propioa eratzea, bai eta lan kode eta gizarte segurantza propioa ere. Espazio sozioekonomiko propioa, eskumen osoekin eta gizarte eta lan arloko gaiak erabakitzeko gaitasunarekin.

Duela 40 urte eztabaida lapurtu ziguten. Orain, nafarroi dagokigu gure etorkizuna erabakitzea, askatasunez eta demokratikoki. Defizit historiko hori zuzentzeko unea iritsi da; Nafarroako herritarrei hitza eta botoa emateko unea da.

Kapitalismoan langileok ez dugu etorkizunik. Aldaketak behar ditugu, bai ekonomian, bai eredu instituzionalean. Eta hori guztia posible egin behar dugu hemen, Nafarroan, Euskal Herrian. Kapitalismoari alternatiba batekin erantzutea herriz herri jorratu beharreko gai globala da. Hori egin ahal izateko, Nafarroak bere subiranotasuna berreskuratu behar du. Madrilen posible ez diren aldaketak Nafarroan gauzatu ahal izateko. Sindikalismo subiranistak ezin dio izkin egin gai horri. Altxa gaitezen! 40 urteren ondoren, hemen jarraitzen dugu. Egin dezagun posible!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.