2026-01-16
Blog Page 328

Nafarroako Gobernuaren Industria Planari hainbat zuzenketa egin dizkiogu, planak bakarrik patronalaren interesei erantzuten diolako ustean

Nafarroako Gobernuak 2021-2025 urteetarako aurkeztutako Industria Planari egindako ekarpenak erregistratu ditugu gaur, Parlamentuan, bertako talde parlamentarioek jaso dezaten. Bertan, aipatutako planak dituen gabeziak azaltzeaz gain, Nafarroako industriaren eta bertako langileen behar eta etorkizunari erantzuten dizkieten ekarpenak egin ditugu. Sindikatuaren ustez langileen eta ordezkaritza sindikalaren parte hartzerik gabeko emaitza bat baino ez da plana, bakarrik patronalaren interesei erantzuten diona.

Hona hemen LABek planaren inguruan egin dituen hausnarketetako batzuk:

  • Hasteko, esanguratsua da 2021-2025 urteetarako den plan bat 2022aren erdialdean aurkeztu izana eta, hori garatzerako orduan, sektoreko langileekin eta bertan ordezkatuta gauden sindikatuekin inongo harremanik ez egin izana.
  • Automozioarekiko eta multinazionalekiko dependentzian sakontzen du planak, herrialde mailan geroz eta desorekatuagoa den banaketa industrial batekin.
  • Hurrengo urteetan sakoneko erronka izanen den digitalizazio prozesuaren inguruan ez da planteamendu zehatzik egiten eta are gutxiago prozesu hau langileen lanpostuen defentsaren ikuspegitik nola landuko den.
  • Diru publikoa enpresa pribatu eta multinazionalen eskuetara bideratzen segituko da, inongo enplegu berme edo errotze konpromisorik gabe. Hauek ezin bertzeko konpromiso batzuk dira, gehien bat azken egunetan Siemens Gamesaren inguruan aditu den guztiarekin eta honek suposatzen ahal duen arriskuarekin, adibidez. Agoizko lantegiarekin gertatu zena bertzerik ez dugu oroitu behar.
  • Amaitzeko, eskandaluzkoa da plan guztian lan osasunari inongo aipamenik ez egitea, are gehiago bizitzen ari garen egoera larri honetan. Alor honen inguruan instituzioek duten ardura zuzena da, eta planean ez agertzea beraien utzikeriaren adibide bat baino ez da.

Beste urrats bat eman dugu Euskal Eskola Publiko Komunitariora bidean #LortuDugu

Urteetako lanketaren ostean, gaur, maiatzak 26, berritu da EAEko irakaskuntzako lan-hitzarmenaren horniketa atala. 2017ko greba dinamikak abiarazi zuen akordiorako bidea, eta ordutik ezarritako mugarriek (2018ko aurreakordioak, 2020ko iraileko hezkuntzako greba edota 2021en zerbitzu publikoetan buruturiko grebak) ahalbidetu dute gaur erdietsitako agertoki berria. Ibilbide horren emaitza da LABek ratioen eta eskolako baliabideen inguruko akordioa izenpetu izana Hezkuntza Sailarekin.

LAB sindikatuak izenpetu berri duen akordioak (Steilas, CCOO eta UGTrekin) baldintza hobeetan kokatzen du Euskal Eskola Publikoa. Izan ere, bermeak lortu dira jaiotza kopuruen beherakadaren aurrean, enplegua sortu eta egonkortzeko. Horretaz gain, ratioen beherakadak ahalbidetuko du irakaslegoaren lan-zamen doitzea eta haur eta ikasleei eskaini ahal zaien arretan hobetzea. Azpimarratzekoa da, bestalde, gaur egun funtzionamenduzkoak diren lanpostuak egiturazko bihurtzeko bidea ematen dela.

Aldarrikapen asko dira akordioan jaso direnak, besteak beste, errepikatzaileak edo matrikula bizi bidez gehitutako ikasleak ratioetan kontuan hartzea, %10eko ratio jaitsiera gehigarria Hezkuntza Konplexutasun Indize altuko (HKI) zentroetan, ikasle/gelako ratioa murriztea eta ikasle/irakasle ratioak ezartzea.; adibidez, Haur Hezkuntzako 2 urteko gelanedoBigarrenHezkuntzangelakoikaslekopuruamantenduarren, irakaslekoizangodenikasleratioajaistenda; gainerako etapetan, gelako ikasle kopurua ere baxuagoa da gaur egun dagoena baino.

Ikasle/irakasle ratioa ezarriz, bide emango zaio irakaskuntza partekatuari, tutorizazioaren binakako jarduteari, gelako bikoizketak egiteari edota eskolari esleitutako baliabide gehigarriak bertako hezkuntza proiektuei lotuz definitzeari. Horretaz gain, beste zenbait baliabide gehigarri sortu dira gaur egungo eskolen funtzionamenduari gehituko zaizkionak. Nabarmenak dira horien artean laguntza eta errefortzuko irakasle kopuru handitzea, zuzendaritza taldeen hornidura sendotzea edota hezkuntza premia berezien esleipena zabaltzea. Ildo berean, Bigarren Hezkuntzan tutoretza bikoitzak sortuz edota administrariak eta IKT teknikarientzako 500 lanpostu sortuz.

Azken finean, eskola guztietan egiturazko Irakasle Terapeuten handitzearekin (ikasleen diagnostikoei lotuta egon gabe) eta aholkularien gehikuntzarekin, aurrerapausoa emango da ikasleen aniztasunari erantzuteko baliabideetan. Azpimarratzekoa da eskoletan, berrikuntza eta prestakuntza-proiektuen koordinatzaileak gehituz bidea irekiko dela LABentzat oinarrizkoak diren lau giltzarrietan eragiteko: eraldaketa pedagogikoa, hezkidetza, euskararen normalkuntza eta inklusioa.

Gauzak horrela, gaurko aurrerapausoa etorriko direnen lehena izatea espero du LABek. Izan ere, lan baldintzak zein lizentzia eta baimenak arautzen dituen akordioan ere urratsak emateko garaia dela deritzogu. Gaur gaurkoz, interinoen eta karreradun funtzionarioen artean mantentzen diren desorekek amaiera izan behar dutela iritzita, dei egiten diogu Sailari negoziaketan indarrak biderkatzeko. Bitartean LABek hor jarraituko du, Euskal Eskola Publiko Komunitarioa ipar izanik, langileon eta ikasleen beharrei erantzungo dien erronketan bulkada berriak sortuz.

Osakidetzak uko egin dio mahai sektorialean sindikatuok eskatutako puntuetako bat ere sartzeari eta negoziatzeari

LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuon ohar bateratua:

Langileek hainbat kontzentrazio eta greba egin dituzten arren, Osakidetzak jarraitzen du negoziatzeko inolako borondaterik erakutsi gabe eta immobilismoaren eta inposizioaren alde egiten, sindikatuek eskatutako puntuetako bat ere ez sartzeari uko egiten baitio.

Biharko bilerari dagokionez (maiatzak 26, osteguna), euskal erakunde publikoak gai-zerrendan sartu nahi zituzten gaien zerrenda eskatu zien sindikatuei. Sindikatuek behin baino gehiagotan iragarri badute ere zein diren beren aldarrikapenak, negoziazioaren abiapuntu gisa honako hau proposatu zuten:

• Mahai sektorialaren erabakiak betetzea
• % 4ko parekatzea. Txandakako lanaren osagarria
• Lehen mailako arreta. Ordutegiak berreskuratzea eta EAGak berriro irekitzea
• Gainerako gaien negoziazioaren egutegia

Mahai Sektorialaren gai-zerrenda jaso ondoren, euskal sindikatuek berriro ikusi dute Osakidetzak ez duela eskatutako puntuetako bat ere sartu, bilera horretan aztertu beharreko gaiak ez direla argudiatuta. Are gehiago, gai horiek itxitzat jotzen ditu, eta ez du negoziazio-aukerarik onartzen.

Argi eta garbi, onartezina da hainbat greba eta mobilizazioren ondoren Osakidetzak, alde bakarrez, gai horiek amaitutzat ematea. Argi dago sindikatuek gaiak gai-zerrendan sartzea eskatzen dutenean, helburua gai horiek negoziatzea dela. Osakidetzak, ordea, ezezko borobila eman dio, publikoki kontrakoa uste duen arren.

Langileekiko errespetuagatik, Osakidetzak negoziazio kolektiboaren oinarrizko eskubidea bermatu beharko luke. Beraz, lan-baldintzak aldatzea dakarren edozein erabaki negoziatu beharko luke. Hori gertatzen da Lehen Mailako Arretako Zentroetako ordutegiaren aldaketarekin; izan ere, horrek langileen lan-ordutegiari eragiten dio baita lekualdatzea ere, eta, beraz, lan-baldintzak aldatzea dakar. Osakidetzak, ordea, antolaketa-erabakiz janzten du, eta uste du ez duela ezer negoziatzeko sindikatuekin.

Egia da, Osakidetzak dioen bezala, akordioak betetzeak eta negoziazioaren kronogramak ez luketela tratamendu bereziko gaiak izan behar, baina Osakidetzak behartu egiten du aztertu beharreko gai gisa sartzera, sinatutako akordioak betetzen ez dituelako eta Mahai Sektorialean aztertzeko behin eta berriz bidaltzen diren gaiak jorratzen ez dituelako. Hori horrela da karrera profesionalarekin, 2021eko abenduaren 31n ebatzita egon beharko lukeena, eta behin eta berriz prentsan ordainketa egingo dela iragarri arren, oraindik ez du data zehatzik jakinarazi, eta, horregatik, sindikatuek maiatzaren 18ko azken mahai sektoriala utzi zuten.

Horri gehitu behar zaio udara iristen ari garela, eta, beraz, urte bakoitzeko langile-falta errepikatuko direla. Herritarrei arreta emateko guneak murriztuko dira eta osasun-langileen oporrak bertan behera utziko dira, eta horrek, beste behin ere, eragin negatiboa izango du euskal herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuan. Beste uda batez aplikatuko den irtenbidea murrizketa izango da: lan-eskubideen murrizketa, langileentzako lan-gainkarga eta herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuaren murrizketa.

Sindikatuek argi utzi nahi dute, beste behin ere, elkarrizketaren eta negoziazioaren alde egiten dutela, langileek merezi dutelako, errespetuagatik eta beren oinarrizko eskubideak bermatzeagatik, baina Osakidetza negoziatzeko prest ez dagoen bitartean, mobilizazioekin jarraituko da eta ez da langileen benetako arazoei aurre egiten ez dieten mahai sektorialetara joko.

Carlos Gimeno kontseilariaren dimisioa eskatu dugu Iruñean, Hezkuntzaren kudeaketa okerraren ondorioz

LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du gaur goizean Iruñean, Nafarroako Jauregiaren aurrean, Hezkuntza kontseilaria den Carlos Gimenoren dimisioa eskatzeko, legealdiko hiru urteetan izan duen bere Departamentuaren kudeaketa kaskarra dela eta. Kudeaketa hori inposizioan oinarrituta egon da, kontseilariak ez baitu inorekin ezer negoziatu nahi izan, ez eta kontuan hartu beharko lituzkeen hezkuntza-eragileak informatu ere. Navarra Suma koalizio eskuindarrean aurkitu du Gimenok bere aliatua bere erabaki aldebakarrak inposatu ahal izateko, prezioa zein ote zen galdetu ere egin gabe.

LABen iritziz, Carlos Gimenok berehala utzi beharko luke bere kargua, dagoeneko han eta hemen eragin duen kaltea are handiagoa izan ez dadin. Gimenoren alderdiak, PSNk, gauzak benetan ongi egin nahi baditu, badu oraindik urtebete beste modu batez jokatzeko, eskuinarekin binomioa egin beharrean, beste gehiengo aurrerakoi batzuk lortuz eta sindikatuokin beharrezkoa den negoziazioa eginez.

Gimenok ikaragarri gaizki egindakoen zerrendari dagokionez, lehenik eta behin, LABek uste du Hezkuntza kontseilariak pandemiaren kudeaketa ezin zen okerrago egin zuela: COVID-19ren aurrean ezohiko neurriak hartu behar ziren, ados gaude, baina bai jardunaldia ezartzean, bai eskolaz kanpoko jarduerekin… aldebakarrez hartu zituen erabaki guztiak eta, hori gutxi balitz bezala, modu kaotikoan, erratikoan, langileak, ikasleak zein familiak berak ere erotuz.

Langileez ari garelarik, galde diezaietela adinagatik lanaldia murriztuta izan beharko luketen irakasle askori zergatik Gimenoren Departamentuak ukatu egin dien edo, oro har, edozein irakasleri, zer dela eta egin behar dioten aurre lan zama gero eta handiago bati, baliabide gutxiagorekin. Izan ere, Nafarroako Irakaskuntza Publikoaren Kalitatea Hobetzeko Ituna iraungitzear dagoenean (abuztuan bukatuko baita) bertan jasotako akordioetako asko bete gabe baitaude oraindik.

Ez ditzagun ahaztu hau jada laugarren greba astea daukaten haur eskolak, lan-baldintza duinen alde eta, orain, LABen laguntzaz, sektoreko lehen hitzarmen kolektiboaren borrokan dihardutenak. Beharrezkoa izan dute greba mugagabeari ekitea Gimenok beraiekin esertzea onartzeko.

Zer esanik ez kontseilariaren ingelesarekiko atxikimenduaz -euskarafobiaren alderantziz proportzionalean, esan liteke-? Jakina denez, PAI (Atzerriko Hizkuntzetako programak) betikotzea lortu du, horretarako foru-lege bat asmatuta, orain arteko irakaskuntzako funtziora sarbidea arautzen zuen legeriaren gainetik pasatu eta sindikatuon eta Gobernuko zein oposizioko gainontzeko alderdien iritziari entzungor eginda. Gainera, ezohiko egonkortze-prozesuan Hezkuntzak atera dituen lanpostuen ia erdia PAIra bideratu ditu, modu horretan irakasle asko eta asko diskriminatuta. Eta Lanbide Heziketan atzerriko hizkuntzetako feverrak jarraitzen du, gero eta ziklo gehiago elebiz eskaintzen dira, modu bikoiztuan, inolako irizpide akademikorik gabe, eta ez ikasleen, ez irakasleen iritzia entzun gabe.

Hori guztia egin du PSNk euskarafobian murgilduta D ereduaren kontra jotzen zuten bitartean: D ereduko lerro berriak zabaltzeko trabak jarri dituzte (Mendigorrian, adibidez), D ereduan matrikulazioa bultzatzeko kanpaina desagerrarazi dute… eta PAItik atera nahi zituztenei −Castejongo Dos de Mayo ikastetxekoei, besteak beste−trabak besterik ez dizkiete jarri.

Egonkortze-prozesua aipatu dugularik, ez dugu ulertzen zergatik ezohiko lehiaketa hauetara atera dituen horrenbeste lanpostu gutxi… Zergatik ez dituzte egiturazko-plaza batzuk atera −lanpostu ez-osoak elkartu eta horrela eskaintzea bazuten, beste toki batzuetan egin duten bezala−? Hemen, beste askotan bezala, galdera ikurrarekin geratuko gara, inork ez baitigu erantzuten. Eta ez dezagun alboratu, halaber, egonkortze-prozesuan euskaraz eskainiko dituzten lanpostuak %15 baino ez direla izango.

Ikastolak eta Itunpeko Irakaskuntzarekin ere Gimenok behin eta berriro uko egiten dio negoziatzeari; Hiruko Mahaia deuseztatu zuen legealdia hasi zuenean eta, LAB eta beste sindikatuetatik hala eskatu badiogu ere, uko egiten dio berriz osatzeari eta patronalekin baino ez da eseri, langileen baldintzak asetzen ez dituen oinarrizko akordioa sinatuz.

Adierazitako honengatik guztiarengatik, Gimeno jauna, eskatu behar dugu zuk lehenbailehen Nafarroako Hezkuntzaren ardura uztea, eragindako kaltea handiagoa ez izateko. PSNk, gauzak benetan ongi egingo baditu, badu oraindik urtebete beste modu batez jokatzeko, eskuinarekin binomioa egin beharrean, beste gehiengo aurrerakoi batzuk lortuz eta sindikatuokin beharrezkoa den negoziazioa eginez.

“2019an egin genuen, eta beharrezkoa bada, berriro egingo dugu”

Bizkaiko metalgintzako zazpi sindikatuok agerraldia egin dugu herrialdeko hitzarmen sektorialaren negoziazioari buruzko gure jarreraren berri emateko, biharko aurreikusitako negoziazio mahaiaren hurrengo bileraren bezperan. Duela hiru urte egindako gatazka gogoan, borrokarako prest gaudela nabarmendu dugu: “Edo patronalak negoziazioa desblokeatzen du eta benetako negoziazioa aktibatzen da mahaian, edo sektoreko langile guztiei dei egingo diegu beraien enpresetatik eta kaleetatik exijitzeko”. 52.000 langileri eragiten die hitzarmenak.

LAB, ELA, CCOO, UGT, ESK, USO eta CGT sindikatuok igorritako oharra, agerraldiaren harira:

Maiatzaren 16an, astelehena, Bizkaiko metaleko hitzarmenaren negoziazio mahaia osatzen dugun 4 sindikatu nagusiek (LAB, ELA, CCOO, UGT) plataforma bateratu bat erregistratu genuen Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzan. Erregistro hori negoziazio mahaian ordezkatuta ez dauden sektoreko gainerako sindikatuekin batera egin genuen (ESK, USO eta CGT).

Dagoeneko zazpi bilera egin dira, eta patronalaren blokeoa erabatekoa da. Sektoreko sindikatu guztiek plataforma bateratua aurkezteak blokeo hori haustea du helburu, eta benetako negoziazioa bultzatzea, eta ez patronalak ohitu nahi gaituen edukirik gabeko antzerki hutsa.

Erregistratu dugun plataforma bateratuaren edukiak honako hauek dira:

* Soldata-igoerak KPIaren gainetik eta tauletatik kanpoko langileentzat, % 100eko gutxieneko bermea.

* Antzinatasuna igotzea.

* Lanaldia murriztea eta malgutasuna mugatzea.

* Jarduera guztietarako subrogazioa.

* Errelebu-kontratua aplikatzeko derrigortasuna.

* ABLEen bidezko kontratazioa mugatzea.  

* Ordaindutako lizentziak egokitzea.

* Laneko osasunean, amiantoaren arazoari aurre egiteko neurriak eta lan-istripuak eta lanbide-gaixotasunak eragindako ezintasun eta heriotzagatiko kalte-ordainetan hobekuntzak.

* Beste puntu batzuk: telelana arautzea, berdintasunaren aldeko neurri zehatzak, kontziliaziorako neurriak eta zaintzak.

Metalgintzako sektore hitzarmena 2019an berreskuratu zen sinatu gabe urte gehiago pasatu ondoren, deitutako grebetan parte hartzu zuten milaka langileren mobilizazioari esker. Horregatik, sindikatuok argi dugu langilean ez ditugula botata utziko eta ez dugula onartuko, FVEMek nahi duen moduan, hitzarmena ez berritzea.

Duela urtebete baino gehiagotik guztiok dakigu, horrela sufritzen dugulako, zenbat garestitu den bizitza. Energiaren prezioaz gain, erosketa-saskia esponentzialki garestitu da azken hilabeteetan. Sektore honetan ere, gero eta indar handiagoz agertzen ari da langile txiroaren figura; izan ere, enplegua izanda ere, ezin da iritsi hilaren amaierara, ezta haren oinarrizko premiak asetzera ere. Beraz, sortzen den aberastasunaren bidezko banaketa exijitzen dugu. 

Sektoreko sindikatuok argi daukagu. Edo patronalak negoziazioa desblokeatzen du eta benetako negoziazioa aktibatzen da Bizkaiko metaleko hitzarmenaren mahaian, edo sektoreko langile guztiei dei egingo diegu beraien enpresetatik eta kaleetatik exijitzeko. 2019an egin genuen, eta beharrezkoa bada, berriro egingo dugu.

Ildo horretan, aste honetan bertan, mozioak aurkezten hasi gara sektoreko enpresetan, enpresa-batzordeek eta delegatuek sina ditzaten, Bizkaiko metalaren hitzarmenaren borrokari atxikiz eta enpresetako zuzendaritzei exijituz FVEMi benetako negoziazioa eska diezaioten eta negoziazio-mahaia blokeatzeari utz diezaion.

Bihar hitzarmenaren zortzigarren bilera egingo da. FVEMek aukera bat du aurkeztutako plataforma bateratuari erantzun positiboa emateko. Hemendik zuzenean interpelatu nahi ditugu FVEMeko Batzorde Exekutiboko bazkide direla dakigun enpresak; Tecuni, Arteche, ITP, Sidenor, Eldu, Ormazabal, Murueta ontziolak eta beste batzuk. Negoziazioa blokeatzen jarraitzen baduzue, sektoreko langileei beren lan- eta bizi-baldintzak hobetzeko aukera ukatzen badiezue, aurrean izango gaituzue eta blokeatu egingo zaituztegu. Zuen esku dago gatazkak saihestea eta grebak eta konfrontazioak saihestea.

Amaitzeko, gogorarazi nahi dugu metaleko langile batzuk jazarpen judiziala jasaten ari direla 2019an egindako azken grebetatik.

Ekainaren 7an, Aitor eta Arkaitz Bizkaiko metalgintzako bi langile epaituko dituzte Audientzia Probintzialean, 23 hilabeteko espetxe-zigorra eskatuz. Hori dela eta, metaleko sindikatu guztiok, lan-gatazketan auzipetutakoen plataformarekin batera, Audientzia Probintzialaren aurrean kontzentratuko gara Aitor eta Arkaitzi elkartasuna adierazteko eta lan sindikalaren kriminalizazioaren aurka.

Iruran hildako garraiolaria izan dugu gogoan

Joan den astean bi garraiolari hil ziren, bat Zamudion eta bestea Iruran. Lehen lan heriotza hori salatu genuen atzo eta bigarrena, gaur, Irura eta Villabona artean egindako elkarretaratze baten bitartez.

Gutxienez 30 hildako daramatzagu 2022 urtean, dagoeneko. 

Arabako egoitzetako langileak berriro mobilizatu dira, hitzarmen duin baten defentsan

2022ko martxoaren 30ean greba-egun bat deitu zen Arabako egoitza pribatuetan. Orduz geroztik, patronalak, sindikatuekin izandako bost bileretan, ez du neurri bakar bat ere proposatu sektorearen prekaritate-egoera eteteko.

Patronalaren pasibotasunarekin jarraitzen dugu, greba-egunetik bi hilabete igaro ondoren ez baitugu erantzunik jaso, negoziatzeko duten interes eskasaren adibide garbia izanik.

Sindikatuon aldetik argi daukagu. Borrokan jarraituko dugu, emakume langileekin batera, eta lanean jarraituko dugu sektorea duinduko duen eta langileen lan-baldintzak hobetuko dituen hitzarmen kolektibo bat izateko. Testuinguru honetan egin dugu gaurko mobilizazio eguna.

Maiatzaren 27rako egindako greba deialdiaren aurrean borrokarako deia egiten dugu, Gipuzkoako ehun-merkataritzan hitzarmen kolektibo duina lortzeko

Hitzarmen kolektiboaren 5. bileran patronalak egindako eskaintza askiezaren aurrean, borrokarako unea dela diogu.

Ehun merkataritzako langileen artean sekulako soldata aldeak daude, eskala hirukoitz bat dago. Horien artean, langile batzuek 13 urte daramatzate soldata eta lan baldintzak izoztuta. Edozein kasutan, inork ere ez ez dauka soldata duinik, are gutxiago baldintza duinik.

Guztiz feminizatuta den sektore batean, non jardun partzial eta prekarizatuak diren gehienak, LAB sindikatuak argi du langileak antolatzeko unea dela, euren borroka lehen lerrora ekarri eta euren lan baldintzak merezi bezala hobetuko lituzkeen hitzarmen baten alde kalera ateratzekoa.

Maiatzaren 27an greba deialdia egin du ELAk aldebakarrez. Gure ustez garrantzitsua litzateke indarrak batu eta siglen gainetik langileak jartzea. LABek bestelako borroka eredu bat izan arren, 27an kalera aterako gara, gainontzeko sindikatuei elkarlanerako deia eginez. Bide luzea dugu aurretik, egin dezagun posible langileen batasunaz hitzarmen kolektibo duin bat lortzea!

Conservas Ría enpresaren aitzinean kontzentratu gara, sindikatuarekin duen konpromisoagatik kaleraturiko langile bat berriz onar dezaten eskatzeko

Hogeita hamar pertsona inguru bildu dira gaur Cadreitan, Conservas Ría enpresaren sarreraren aurrean, 20 urteko emakume langile bat berriz har dezaten eskatzeko. Enpresan hiru urte baino gehiago eman ondoren, kaleratu egin dute langilea, probaldia gainditu ez duelako aitzakiarekin. LAB sindikatuak salatu nahi du kaleratzearen benetako arrazoia izan dela langileak sindikatu honen inguruan antolatzea erabaki izana, urte askoan enpresa honen praktika txarrak jasan ondoren.

Conservas Ríak nahi duenean kaleratzen ditu langileak, eta gero deitzen badie, ez du deialdietarako ordena betetzen. Conservas Ríak larunbatetan “ez fitxatzeko” kartelak paratzen ditu fitxategien aurrean, fitxatu ez dezaten eta aparteko orduak ez ordaintzeko. Conservas Ríak ez ditu kategoriak errespetatzen. Eta abar.

LAB sindikatuak argi baino argiago dauka abusatzen duen patronal baten aurrean antolatzea EZ dela hutsegitea, ezta delitua ere; LABek argi baino argiago dauka enpresan dagoenaz bertzeko sindikatu batean antolatzea EZ dela hutsegitea, ezta delitua ere. Aldiz, badu deliturik arrazoi horiengatik langile bat kaleratzea eta enpresan hiru urtez egon ondoren probaldia gainditu ez duela erratea. LABek bidegabekeria hori eta patroien abusua salatzen jarraituko du, eta kaleraturiko langilea berehala berriz onartzea eskatzen du.