2026-01-16
Blog Page 327

Harro Topaguneak deitutako eskola publikoaren aldeko kalejirarekin bat egin eta Bastidara bertaratzeko deia egiten dugu

Ekainaren 5ean Bastidan ospatuko den Euskal Eskola Publikoaren jaiaren baitan egingo den eskola publikoaren aldeko kalejiran parte hartzeko deia egiten du LAB sindikatuak; hori dela eta, bertaratzeko deia egiten dugu. Ekimena maiatzaren 24ean Harro Topaguneko eragile batzuk aurkeztu zuten; LABen iritziz, beste eragileekin batera, mobilizazio dinamikak beharrezkotzat ditugu Hezkuntza Legearen prozesuan eragin eta berau baldintzatu nahi badugu.

  • Eskola publikoa ardatz duen publikotasunaren alde -deszentralizazioan eta eskolen autonomian oinarritzen dena- egin behar dela uste du LABek: egungo testuinguruan, eskola publikoarekiko desoreka egin behar du administrazioak, baliabidez hornitu eta erdigunean jartzeko garaia da.
  • Eskola publikoan behar besteko inbertsioak egin behar ditu administrazioak. Hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea da. Legearen aurretik eskola publikoan zenbat inbertsio egingo den kuantifikatzeko beharra ikusten du LABek, izan ere, azken urteetako murrizketek -bereziki 2008ko krisitik eratortzen direnak- eskola publikoaren eraispenean sakondu dute eta tendentzia hau guztiz aldatu behar da, inbertsioak handitu egin behar dira. Bidenabar, Eskola Publikorako Plan Estrategikoa urgentziazkoa dela uste du LABek, hezkuntza-lege berriaren aurretik egin beharrekoa; hezkuntza-komunitateak beharrezkoa du.
  • Deszentralizazioan sakondu eta eskola bakoitzak hezkuntza egitasmo iraunkor, autonomo, parte hartzaile eta eraginkorrak garatu ahal izateko, baliabideak eman behar zaizkio eskola publikoari, plantillak egonkortzea lehentasunezko neurria izanik. Administrazioaren ardura da eskola guztiek hezkuntza-egitasmo horiek izan ditzaten beharrezko tresnak eskaintzea, gutxien duena gehiago lagunduz.
  • LABek gogor kritikatu zuen orain gutxi Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna 2023 amaierara atzeratu izana (PP, EAJ eta PSEren akordio parlamentario bidez). 2022/23 ikasturtean Haurreskolak Partzuergoa doakoa izatea eskatzen du LABek, Hezkuntza akordioan alderdi politikoek jaso zuten horretan sakonduz: Haurreskolak Partzuergoko eskaintza publikoa, doakoa eta unibertsala izatea adostu zuten. Ahal bezain azkar Haurreskolak Partzuergoa indartzeko neurriak hartzea exijitzen diogu Eusko Jaurlaritzari, ez kontrako norabidean aritzea.
  • Bukatzeko, langileen lan baldintzei dagozkien gaiak langileekin adostea eskatuz Jaurlaritzari egutegi eta metodologia zehatza aurkez dezan exijitu zion LABek apirilean. LABen iritziz, premiazkoa da gai hau jorratzeko bide-orri bat ezartzea.

Hortaz, aipatutako guztiagatik, ekainaren 5ean Euskal Herria 11 Kolorerekin batera 13:00etan Bastidako Barajuela kaletik hasiko den kalejira aldarrikatzailean parte hartzeko deia egiten du LAB Sindikatuak.

Abian da X. Biltzar Nagusirako atzera kontaketa

Tantaz tanta, pausoz pauso, bagoaz, X. Biltzar Nagusira. Garen horri erreparatu eta norantz joan nahi dugun gogoetatzeko unea da. Erronka eta amets partekatuen garaia da; proiektu batzuk amaitu eta berriak abiarazteko tenorea. Biltzar Nagusi honetan izango dugu zer ikasi eta zer ikusi. Bideoan, aurrerapen bat.

Salatu dugu transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeko legeak islatu, aitortu eta babestu nahi duen genero-identitateen aniztasuna ez dela lan mundura iritsiko

LABeko kide Izaskun Guarrotxenak agerraldia egin du Gasteizko Legebiltzarrean, transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeko eta haien eskubideak aitortzeko EAEko legea aldatzeko lan batzordean. Honela, ekainaren 28ko 14/2012 Legea bigarren aldiz aldatzeko eztabaidan parte hartu dugu eta bertan salatu dugu legeak islatu, aitortu eta babestu nahi duen genero-identitate aniztasuna lan mundura ez dela iritsiko. Diskriminazioarekin bukatzeak enpresen esku jarraitzen badu, eskubide formalen aitortzak formalismo hutsa izaten jarraituko du. 

Estatuko datuen arabera, LGTBI kolektiboaren %86,6ak genero-identitatea edo sexu orientazioa ezkutatzen du lan elkarrizketetan. Adierazgarria da, oso, egoera latzena izkutatzerik ez duten trans kolektiboan ematea, non langabezia %80koa den.

Ez ditugu EAEko daturik. Lege proposamen hau inolako diagnostikorik gabe egiten ari dira. Eta ez dugu ikusten nola gaindituko den huts egite hori, lege proposamenean ez delako kolektiboaren benetako argazkia egiteko tresnarik aurreikusten. Hori da gure lehenengo kritika eta ez dugu uste huts egite txikia denik. 

Genero-identitate aniztasuna egon badago euskal jendartean, ez da lege honen ondorioz sortuko. Legearen helburua diskriminazio iturri ez izatea eta eskubideetan berdinak izatea omen da, baina ez da gaur egun bizi duten errealitatea zenbaterainokoa den baztertzailea aitortzen, ezta erakusten ere.

Transitoak oso anitzak izan daitezkela pentsatzen dugunez, ez gaude ados sexologiaren ikuspegira mugatzen den eta binarismotik abiatzen den ikuspegiarekin. Baina ikusten dugu transexualitatea eta transgeneroa kontzeptuak kokatzea urratsa dela. Orain, lan munduari dagokionez, lan eskubideei eta enpleguaren ondorioz sortzen diren eskubide sozialei dagokienez, lege honek ez du urrats errealik ekarriko ez duelako lan merkatuan eragiteko inolako neurri errealik ezartzen. 

Enpresaren borondate onean oinarritzen dute diskriminazioarekin bukatzeko bidea. Ez dago betebeharrik, ezta eskubideak ziurtatzeko administrazioak bereganatu beharreko konpromisorik ere. Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna erreala egiteko bidearekin gertatzen den bezala, lege honek ez du ezer aldatuko. Trans pertsonak baztertuko dituztenean, euren bizkarrean jarraituko du diskriminazioa genero-identitateagatik izan dela erakusteko zamak. Enpresak eta enpresariak ardura oro sahiestuko dute. Eta lantokietan diskriminazioaren kontra borrokatzen ari garenok eraginkorrak diren lanbaesik gabe jarraituko dugu.

Trantsizioa egiteko eskubidea aitortu eta bidea dagoela ziurtatuko bada, erabaki hori askatasunez hartzea bermatu nahi bada, ziurtatu behar da transizioa ez dela bizi baldintza duinak edukitzeko arazo eta oztopo izango. Orain ez dago horrelakorik, lege hau dagoen bezala onartuz gero, berdin jarraituko dugu. LABetik proposamen zehatzak eraman ditugu, benetako neurriak eskatu ditugu, horien arabera finkatuko dugu gure jarrera lege aldaketa hauen aurrean.

Gatazka indartzeko momentua dela adierazi dugu Bizkaiko helduen egoitzetako laugarren greba egunean

Bizkaiko helduen egoitzetako laugarren greba egunean, Foru Aldundiaren eta, zehazki, Sergio Murillo Gizarte Ekintzako Diputatuaren jarrera salatu dugu. Honela, mobilizazioa egin dugu Bilbon, Batzar Nagusietako egoitzaren aurrean, eta salatu dugu, elkarretaratze eta eserialdi bana eginda, Aldundiak lan gatazka honetan duen ardura bere gain hartu gabe jarraitzen duela.

LABek argi dauka ziklo berri baten aurrean gaudela, sei hilabete hauetan sektoreko langileekin parekatzea eta ratio duinen beharraren lanketa egin dugu enpresaz enpresa. Ziklo berri honetan mobilizazio eta greben intentsitatea eta indarra areagotzeko unea heldu da. Uda ostean, gatazka hau erdigunean kokatu nahi dugu.

Greba deialdi honetan gutxieneko zerbitzuak jaitsi dira eta, horregatik, grebek sektorean duten eragina handitu egin da. Gutxieneko zerbitzuen murrizketarekin, grebak gure lan-baldintzak hobetzearen alde borrokatzeko aukera erreala ematen digu.

Langileen lan baldintzen parekatzea eta ratio duina lortzeko mobilizazioak eta ekintza sindikala biziagotuko ditugu, batasun sindikala bilatzen dugun bitartean. Ziklo berri honetarako indartsu gaude, eta anbizioz eta gogotsu, aurrean dugun eszenatoki berriari ekingo diogu. 

Gasteizko Txantxangorri haur-eskola publikoa itxiko da, Jaurlaritzak pribatuak diruz laguntzen jarraitzen duen bitartean

Gasteizko Udalak eta Haurreskolen Partzuergoak Gasteizko Txantxangorri haur-eskola ixtea erabaki dute, bertako langile eta familiei jakinarazi zitzaienaren arabera. Itxieraren arrazoiak dira azken urteetako matrikulazioaren beherakada eta, Txantxangorri gabe, auzoko familiek zerbitzua bermatua dutela.

Erabaki horren aurrean, Txantxangorri haur-eskolan gaur egun dauden haurrek inguruko haur-eskoletan lehentasunez matrikula bermatuta izatea eskatzen du LABek, ulertzen baitugu jaiotza tasari eta kontziliazio neurriei erantzuteko plaza publikoen kopuru nahikoa eskaintzen direla Lakua auzoan.

Hala ere, LABetik adierazi nahi dugu, haur-eskola publiko baten itxiera ematen den bitartean, onargaitza dela 0-3 zikloko eskaintza pribatuari diru-laguntza unibertsalak ematen jarraitzea, itxiko den haur-eskola honetatik gertu dagoen zentro pribatuari ematen zaizkion moduan.

Beraz LABek, Hezkuntza akordioaren testuinguruan, Eusko Jaurlaritzari beste behin honakoa eskatzen dio:

-Haurreskolak Partzuergo publikoaren doakotasuna 2022/23 ikasturtean abiatzea, eta unibertsalizazioranzko urratsak ematea.

-Argitzea zer gertatuko den itundu gabe dagoen 0-3 zikloarekin eta zentro pribatu eta itunduei ematen den diru-laguntza unibertsalekin.

Gaur egun ematen diren diru-laguntza unibertsal hauekin jarraituz gero, segregazioan sakontzen da, eta zentroen arteko matrikulazio-lehia birproduzitzen da. Haurreskolak Partzuergoa nekez berrindartuko da egoera honetan.

Kalera irten gara, Gipuzkoako ehun-merkataritzako langileen lan baldintzen defentsan

Gipuzkoako ehun-merkataritzako hitzarmen kolektiboaren 5. bileran patronalak egindako eskaintza askiezaren aurrean, borrokarako unea dela diogu. Eta halaxe ari gara egiten. Hain zuzen ere, kalera irten gara sektore feminizatu honetan gertatzen den bidegabekeria salatzeko. Beste ekintza batzuen artean, pankarta bat zintzilikatu dugu Usurbilgo Urbil merkataritza gunean eta kartelak jarri ditugu bertako eta Donostiako hiriguneko hainbat saltokitan.

Ehun merkataritzako langileen artean sekulako soldata aldeak daude, eskala hirukoitz bat dago. Horien artean, langile batzuek 13 urte daramatzate soldata eta lan baldintzak izoztuta. Edozein kasutan, inork ere ez ez dauka soldata duinik, are gutxiago baldintza duinik. Hau gutxi balitz, jardun partzial eta prekarizatuak dira gehienak.

LAB sindikatuak argi du langileak antolatzeko unea dela, euren borroka lehen lerrora ekarri eta euren lan baldintzak merezi bezala hobetuko lituzkeen hitzarmen baten alde kalera ateratzekoa.

Eusko Jaurlaritzak inposatu dituen egonkortasun deialdiak guztiz ez-nahikoak dira

Egiturazkoak diren baina lanpostuen zerrendetan azaltzen ez diren milaka lanpostu deialdi hauetatik kanpo geldituko dira. Nafarroako Gobernuak egin duen moduan, Eusko Jaurlaritzak ez ditu egonkortze prozesuak langileak finkatzeko behar bezala baliatu, eta kasu askotan negoziazio prozesuak antzerki bihurtu ditu. Eusko Jaurlaritzaren administrazioetan akordioak erdiestea salbuespena bihurtzen ari da, eta iruzurra eta prekaritatea inposatzen jarraitzen du.

Pasa den urte amaieran 20/2021 Legea Madrilen onartu zenetik, administrazio publikoetan egonkortasun prozesuak bultzatzeko epeak aurrera joan dira. Ekainaren 1erako argitaratuta egon behar dira deialdi guztiak; data gainean dugu eta balantzea ona ez dela esan behar dugu. Administrazio gehienek azken orduan aurkeztu dituzte beraien lehen eta azken eskaintzak. Tamalez, Eusko Jaurlaritzaren jokabide honekin ohituta gaude, negoziazio eremua ireki eta egun berean ixtea, alegia. LABek helburu argia jarri dio egonkortasun prozesuen lehen fase honi; egiturazko lanpostu guztiak prozesu hauetan barneratzea, bai lanpostuen zerrendetan jasota daudenak zein ezkutuan diren lanpostuak. Jakin badakigu behin-behineko langileen kopuru handi bat ezkutuan diren lanpostuetan aritzen direla, urte luzez ziurgabetasun egoera batean eta iruzurra betikotzen hain zuzen.

Madrilen onartutako legearen helburua behin-behinekotasun maila % 8an kokatzea da, eta, Eusko Jaurlaritzak argitaratzen ari dituen deialdiak ikusita, ezinezkoa izango da helburu hori 2024 urte amaierarako betetzea. Kasu gehienetan negoziazio falta ikaragarria izan da, hala nola Osakidetzako sektore mahaian izandako prozesua. Osakidetzan gaur egun 29.000 langile inguruko egiturazko plantila onartuta dago, eta gaur egun 16.000 langile inguru dira plaza baten jabe. Horrek esan nahi du 13.000 egiturazko lanpostu behin-behineko langileen bidez betetzen direla. Hori gutxi balitz, Osakidetzako zuzendaritzak berak egiturazko plantilan 3.000 lanpostu gehitzea proposatu izan du, gaur egun ezkutuan egon daitezkeen horietakoak hain zuzen. Egonkortze deialdirako 3.700 plaza planteatu dituzte, agerikoa beraz deialdi honen ez-nahikotasuna. Ildo beretik doa hezkuntzako sektore mahaian egiten ari den negoziazio prozesua. Eskoletan egiturazko lanpostuak zehaztu eta hauek egonkortasun deialdian barneratzeko borroka abiatu behar izan dugu sindikatuok, Hezkuntza Sailaren eskaintza baldintzatzeko. Bilboko udal gobernuak ere 114 lanpostu egonkortasun deialdietatik at utzi ditu, sindikatuon eskaerari muzin eginez.

Negoziazio eremu batzuetan ikusi dugun utzikeria eta aldebakartasuna dela eta, egonkortasun deialdi hauetan ekinbide juridikoa ez dugu baztertzen. Beharrezkoa den informazioa bildu, langileekin partekatu eta deialdi hauek epaitegietara eramango ditugu tokian toki sakon aztertu ondoren. Era berean, langileen eta jendartearen hizkuntz eskubideak kalean eta epaitegietan borrokatzen jarraituko dugu. Norbanakoen erreklamazioei dagokionez ere, LABek jurisprudentziak ematen dituen aukerak baliatuko ditu, orain arte egin duen moduan.

Bukatzeko, kontsolidazio prozesuen maratoia bukatu ez dela esan nahi dugu. Urte amaiera arte oinarrien negoziazioetan tematu beharko gara, kasu batzuetan dagoeneko aurreratuak diren negoziazioak, hain zuzen. LABek negoziazio hauetan helburu argi bat du; urte luzez iruzurrean lanean aritu diren langile guztiak beraien lanpostuetan kontsolidatzea. Horretara bideratuko ditugu gure indar guztiak.

FVEMek gatazkaren aldeko apustua egiten du Bizkaiko metalgintzan

Gaur osteguna, maiatzaren 26an, Bizkaiko metalaren hitzarmena negoziatzeko mahaiaren zortzigarren bilera egin da. Bizkaiko metalgintzako patronalak maiatzaren 16an sektoreko sindikatu guztiek aurkeztutako plataforma bateratuari erantzuteko eguna zen gaur. Plataforma bateratu bat, mahaia desblokeatzeko eta negoziazioari aukera bat emateko asmoz aurkeztu zena. Zoritxarrez, betiko egoerarekin aurkitu gara, edo are okerragoa. Gure eskaera guzti-guztiei modu negatiboan erantzuteaz gain, 3 urteko indarraldia eskatzen du (orain arte 2), KPIaren oso azpitik dauden igoera oso baxu batzuekin jarraitzen du (% 2,75, % 2,5 eta % 2, hurrenez hurren, 2022, 2023 eta 2024 urteetarako). Gainera, patronalak gutxieneko bermearen artikulua kendu nahi du. Artikulu horrek bakarrik bermatzen die soldata igoera bat izatea Bizkaiko metalgintzako gutxieneko soldata tauletan ezarritakoa baino soldata altuagoak dituzten milaka langileei, baina negoziazio kolektiborako ahalmenik ez dutenak (beraietako asko enpresa txikietakoak), malgutasuna are gehiago handitu nahi du, 160 ordutan kokatuz, bajen ordainketa okertzea, eta abar. Guzti hori, esaten dutena esaten dutela ona izango dela iragarri duten urte batean, FVEMek jendaurrean hainbat alditan adierazi duen moduan.

FVEMek 10 egun izan ditu gure plataforma aztertzeko eta Euskal Herriko eremu pribatuko hitzarmen garrantzitsuenaren negoziazioan aurrerapausoak emateko proposamen bat ekartzeko. Hitzarmen honek 50.000 langile baino gehiagori eragiten die. Sindikatuen plataformari emandako erantzunarekin, patronalak, aurrera egin beharrean, akordiorako edozein aukera dinamitatzea erabaki du, sektoreko langileei gerra deklaratuz. Horrela bakarrik uler daiteke tamaina horretako zentzugabekeria hau. Behartsuagoak eta eskubide gutxiagorekin nahi gaituzte.

LABek argi dauka sektoreko sindikatu eta langile guztien fronte bateratuaren aldeko apustua egiten jarraitzen dugula. Mahaian ukatzen digutena enpresetatik eta kaletik lortuko dugu. Konpromisoarekin, antolaketarekin eta borrokarekin. Ez ditugu sektoreko milaka langileak beren kasa utziko. Negoziatu nahi badute, negoziatu egingo dugu, eta gatazkara bultzatu nahi bagaituzte, erantzun egingo dugu. 2019an egin genuen, eta orain berriro egingo dugu.

Hurrengo asteetan mobilizatzen jarraituko dugu, gatazka enpresaz enpresa aktibatzen, eta blokeo horren benetako eta zuzeneko arduradunak apuntatzen.

Bizkaiko metalgintzarako bidezko hitzarmen baten alde.