2026-01-15
Blog Page 326

Teknikerren epaiketa irabazi dugu #LortuDugu

Eibarko Tekniker Zentro Teknologikoko 280 langileek KPIko igoera izango dute, Gipuzkoako metalgintzako hitzarmenak dioena aplikatuta. Hala zehaztu du Eibarko Lan Arloko Auzitegiak, argitaratu berri duen epaian.

Teknikerren ordezkaritza duten sail sindikalok (LABeko 9 kide eta ELAko 4) salaketa sartu genuen, Teknikerreko lan hitzarmena ultraaktibitatean egonda, enpresak ez zuelako Gipuzkoako metalgintzako hitzarmenean adostutako KPIren igoera aplikatu nahi. Epaiak arrazoia eman digu, eta hortaz, KPIren igoera izango dute langileek. LABentzat, beste hainbat enpresetan aplikagarri den epai garrantzitsu eta pozgarria da ezagutu berri duguna, sektore hitzarmenen babesa indartzen duelako.

Gainera, LABetik salatu nahi dugu Tekniker kide den BRTA (Basque Research Technology and Alliance) Ikerkuntza eta Garapena sustatzeko Konsortzioak langileengan eta euren ezagutzan inbertitu beharrean murrizketak aplikatzen ari dela; Teknikerren kasuan soldatei KPIren igoera ez aplikatuta, esaterako.

Dei egiten diogu Eusko Jaurlaritzari gehiegizko propaganda albo batera utzi eta Zientzia eta Teknologiaren benetako apustua egiteko eta BRTA Konsortzioko langileen lan baldintzak hobetzeko, horixe baita industriaren lehiakortasunari egin diezaiokeen ekarpen onena.

Gasteizko kale garbiketa publikoko zerbitzuko langileen egoera larria salatzen dugu

LAB sindikatuak agerian utzi nahi du Gasteizko kale garbiketa publikoko zerbitzuko langileek bizi duten egoera larria. Gaur egun, argi eta garbi dago PREZERO-ONAINDIA ABEE esleipendun berriak langileen lan-baldintzak prekarizatu nahi dituela, hori guztia Gasteizko Udalaren isilbidezko onarpenarekin. Kontratazio arloan lan erreforma berria indarrean sartu dela aitzakiatzat hartuta, zeinaren bidez obra eta zerbitzuagatiko eta produkzioaren inguruabarrengatiko behin-behineko kontratuak oso egoera zehatzetarako mugatuta geratuko bailirateke, enpresa kudeatzailearen azken asmoa lanaldiaren % 25ean 120 kontratazio mugagabe egitea da (behin- behineko langile guztien artean), ustez, larunbatetarako kontratatutako zerbitzuak betetzeari dagokionez beharrak arintzeko.

Zehaztu behar da, indarrean dagoen eta aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboan jasotzen den bezala, plantilla mugagabearen barruan dauden lanaldi-erregimenak lanaldiaren % 100ekoak eta % 85ekoak direla. Arauak (hitzarmen kolektiboak) jasotzen duenez, lanaldi osoko langile mugagabeek astelehenetik ostiralera egingo lukete lan, eta langile mugagabeek % 85ean astelehenetik igandera. Azken langile mugagabe horiek lanaldi partzialeko langileek sortutako oporren, lizentzien, baimenen, atsedenaldien eta abarren ondorioz sortutako lanaldiak betetzen dituzte.

Hitzarmenean jasotako plantilla-zenbaki mugagabe horiei eragin diezaiekete udalak eta enpresa esleipendun berriak sinatutako kontratu berriak. Enpresa-batzordeak askotan eskatu die, bai udaleko gobernu-taldeari, bai ABEE berriaren zuzendaritzari, esleitutako kontratu berriari lotutako Zerbitzuen Urteko Ustiapen Plana, eta oraindik ez da bidali. Horri buruzko oinarrizko dokumentu bakarra jaso da, baina ofizialtasuna emango liokeen udal honen zigilu korporatiborik gabe, esleipendun berriak ahoz egindako azalpen labur batekin batera, plantillaren zenbakiek beheranzko eragina dutela adieraziz.

LABek azpimarratu nahi du ABEE honek ez duela inolako konpromisorik azterketa- eta lan-esparru bat irekitzeko, benetan definitzeko zeintzuk diren zerbitzu horren benetako beharrak; izan ere, horiek behin betiko finkatuko lituzkete plantillaren zenbakiak, lanaldiaren % 100ean eta % 85ean (horixe da alderdien betebeharra, hitzarmen kolektiboan ere jasotakoaren arabera). LABen partetik, esan dezakegu behar horiek guztiak betetzeko ez litzatekeela soilik beharko egungo plantilla mugagabea lanaldiaren % 100ean mantentzea, baizik eta lanaldiaren % 85ean dauden langile mugagabeen kopurua igotzea ere ekarri beharko lukeela.

Argi utzi behar da % 25eko lanaldian dauden langile mugagabeak ez liratekeela soilik larunbatetako lanaldiak betetzera mugatuko, baizik eta ABEE honen azken asmoa dela plantilla potentzial hori erabiltzea denbora oso laburrean sor litezkeen beharrak betetzeko, langile horiek erabateko malgutasuna duten langile eta esklabo bihurtuta, ahalik eta soldata duinena lortzen saiatzeko. Argi dago ABEE honek plantillaren hirugarren baremo mugagabe bat ezarri nahi duela, ahalik eta neurri handienean ordezkatuz % 85eko lanaldia duten langileen figura (hitzarmen kolektiboan jasotako lan-eskubide eta -baldintzekin), haien onura ekonomikoak handitzeko helburu bakarrarekin.

Gaur egun, egoera horrek ziurgabetasun osoko giroa sortzen du, ez bakarrik % 25eko lanaldian ari den plantilla mugagabearen hirugarren erregimen honek zein lan-baldintza izango duen ez jakiteagatik (gaur egun Hitzarmen Kolektiboan arautu gabeko plantilla), baizik eta Gasteizko Udalak enpresa-kudeaketako eredu horiei bidea ematen jarraitzen badu sor daitezkeen etorkizuneko agertokiengatik.

LABek Gasteizko kale garbiketa publikoko zerbitzuan gaur egun sortu den egoerari aurre egiten jarraituko du, eta horretarako, lehenengo neurri gisa, publizitate, berdintasun, meritu eta gaitasun prozesua judizializatuko dugu. Prozesu horren bidez, behin-behineko langileek lanaldiaren % 25eko balizko kontratu mugagabeak jasoko lituzke.

Medikuntza sozialeko langileek mobilizazio eguna izan dute Ipar Euskal Herrian

Ipar Euskal Herriko medikuntza sozialeko langileek greba eta mobilizazio eguna egin dute, delako Segur erreformak aurreikusitako soldata osagarria langile guztiei ez zaiela aplikatzen salatzeko. Baionan, Pirinio Atlantikoetako Departamentuko Kontseiluaren aurrean egindako mobilizazioan salatu dute medikuntza sozialeko langileei ez diela neurriak eragiten, horrek sortzen duen desoreka eta aitortza faltagatik osasungintza arloaren ikuspegitik, are eta gehiago sektorea bera kinka larrian dagoenean. Gainera, osagarria baino, soldata igoera orokorra izatea nahi dutela aldarrikatu dute, erretretarako kontuan hartzeko eta etorkizunean balizko murrizketarik ez jasotzeko.

LAB sindikatuak bat egin du mobilizazio egunarekin, eta, aipatutakoaz gain, beste aldarri batzuk kaleratu ditugu; Ipar Euskal Herrian negoziazio gune propioak sortzearen aldarria, besteak beste.

Gipuzkoako metalgintzan sexuan oinarritutako diskriminazioak gainditzeko neurriak adostu eta bete ditzala eskatu diogu ADEGIri

Gipuzkoako metalgintzako emakumeok bizi dugun egoera dela eta, ADEGIren egoitza aurrean agerraldia egin dugu gaur Donostian, eta Gipuzkoako patronalak berdintasunaren arloan duen jarrera onartezina salatu dugu bertan.

Hain zuzen ere, Gipuzkoako metalgintzako hitzarmenaren aurreko negoziazioan, eta borroka luze baten ondoren, LAB sindikatutik hainbat aldarrikapen jarri genituen mahai gainean. Horien artean, Gipuzkoako metalgintzako emakumeok gaur egun bizi dugun egoerari heltzeko beharra zegoen: parte-hartze eskasa, bertara iristeko zailtasuna, bereizketa horizontal eta bertikal argia, soldata-arrakala… Horretarako, herrialde mailako berdintasun-batzorde bat osatzeko beharra proposatu genuen, langileen eta enpresen aldetik osatua, arazo horiei aurre egin ahal izateko eta diskriminazio horiek gainditzeko neurriak adostu ahal izateko.

Azkenean, proposamena onartu egin zen, eta LABentzat inflexio-puntu garrantzitsua izan zen hitzarmena sinatzeko. Hitzarmena sinatu ondoren, batzorde hori martxan jarri zen, eta LABetik, gainerako sindikatuekin batera, hainbat puntu proposatu genituen batzorde horretan eztabaidatzeko. Horien artean, Gipuzkoako metalaren egungo egoerari buruzko genero-ikuspegia duen diagnostiko bat egitea lehenesten genuen.

Bestalde, proposatu genuen protokolo bat adostea sexu-jazarpenaren, sexu- arrazoiengatiko jazarpenen eta sexu-identitateagatiko jazarpenaren aurka, Gipuzkoako metalgintzaren sektorean erreferente gisa balioko zuena. Izan ere, gure ustez, berdintasun-plana duten enpresa askok protokolo horiek eduki baditzakete ere, hori ez da enpresa txikien kasua. Indarkeria matxistaren prebentzioa lantzeko eta, jazarpen- kasuren bat gertatuz gero, erasotuak babesteko prozedura eraginkorrak abian jartzeko prozedura argirik eta bermedunik ez baitago leku gehienetan.

Horrela ondorioztatu dugu Gipuzkoako metalgintzako sektorean eginiko diagnostikoan, non lantokien %70 protokolorik ez dutela onartu duten. Eta daukatenen kasuan, langileon ezagutza maila ez da %20 ere iristen.

Baina, gure harridurarako, ADEGIk uko egin zion loteslea zen protokolorik adosteari, eta protokolo bat egitea proposatu zuen soilik, enpresentzat inspirazio-iturri izan zitekeena, baina haiek betetzera behartuak egongo ez zirena. Horrela, berdintasun-batzordeari kenduz sektorean eragiteko ahalmena, eta eztabaidarako gune huts batean bilakatuz.

LABen ustez, ADEGIk berdintasunaren arloan duen jarrera onartezina da. Berdintasun- batzorde hori sektorean eragina izan zezan eta egun sistematikoki sexuan oinarritutako diskriminazioak gainditzeko baliagarriak ziren neurriak adosteko sortu baitzen.

Gainera, indarkeria matxistaren aurkako protokolo bat adosteko proposamenak ez luke eragozpen izan behar alderdietako baten aldetik ere. Indarkeria matxistari lantokietan heltzea lehentasunezko gaia dela ulertuta, alde guztiok konpromiso sendoak hartu beharko genituzke egoera hori gainditzeko.

Horregatik, premiazkotzat jotzen dugu ADEGIk duen jarrera horri erantzutea, hau publikoki salatuz. Horretaz gain, dei egin nahi diogu gaia berriro landu eta loteslea izango den protokolo bat adosteko negoziaketari ekitera.

Hurrengo egunetan, Emakunderi zein Foru Aldundiari bilerak eskatuko dizkiegu, sektorean detektatu ditugun hutsuneak ezagutzera emateko eta haien inplikazioa eskatzeko.

Irailetik aurrera, Gipuzkoako metalgintzako lantoki guztietan indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloak adosteko eta dauden lekuetan hauek berrikusteko eta langileon artean ezagutzera emateko eskaerak erregistratiko ditugu, Gipuzkoako metalgintzako sektorean indarkeria matxistaren aurka urrats sendoak emateko asmoz.

Harro Topaguneak deitutako eskola publikoaren aldeko kalejirarekin bat egin eta Bastidara bertaratzeko deia egiten dugu

Ekainaren 5ean Bastidan ospatuko den Euskal Eskola Publikoaren jaiaren baitan egingo den eskola publikoaren aldeko kalejiran parte hartzeko deia egiten du LAB sindikatuak; hori dela eta, bertaratzeko deia egiten dugu. Ekimena maiatzaren 24ean Harro Topaguneko eragile batzuk aurkeztu zuten; LABen iritziz, beste eragileekin batera, mobilizazio dinamikak beharrezkotzat ditugu Hezkuntza Legearen prozesuan eragin eta berau baldintzatu nahi badugu.

  • Eskola publikoa ardatz duen publikotasunaren alde -deszentralizazioan eta eskolen autonomian oinarritzen dena- egin behar dela uste du LABek: egungo testuinguruan, eskola publikoarekiko desoreka egin behar du administrazioak, baliabidez hornitu eta erdigunean jartzeko garaia da.
  • Eskola publikoan behar besteko inbertsioak egin behar ditu administrazioak. Hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea da. Legearen aurretik eskola publikoan zenbat inbertsio egingo den kuantifikatzeko beharra ikusten du LABek, izan ere, azken urteetako murrizketek -bereziki 2008ko krisitik eratortzen direnak- eskola publikoaren eraispenean sakondu dute eta tendentzia hau guztiz aldatu behar da, inbertsioak handitu egin behar dira. Bidenabar, Eskola Publikorako Plan Estrategikoa urgentziazkoa dela uste du LABek, hezkuntza-lege berriaren aurretik egin beharrekoa; hezkuntza-komunitateak beharrezkoa du.
  • Deszentralizazioan sakondu eta eskola bakoitzak hezkuntza egitasmo iraunkor, autonomo, parte hartzaile eta eraginkorrak garatu ahal izateko, baliabideak eman behar zaizkio eskola publikoari, plantillak egonkortzea lehentasunezko neurria izanik. Administrazioaren ardura da eskola guztiek hezkuntza-egitasmo horiek izan ditzaten beharrezko tresnak eskaintzea, gutxien duena gehiago lagunduz.
  • LABek gogor kritikatu zuen orain gutxi Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna 2023 amaierara atzeratu izana (PP, EAJ eta PSEren akordio parlamentario bidez). 2022/23 ikasturtean Haurreskolak Partzuergoa doakoa izatea eskatzen du LABek, Hezkuntza akordioan alderdi politikoek jaso zuten horretan sakonduz: Haurreskolak Partzuergoko eskaintza publikoa, doakoa eta unibertsala izatea adostu zuten. Ahal bezain azkar Haurreskolak Partzuergoa indartzeko neurriak hartzea exijitzen diogu Eusko Jaurlaritzari, ez kontrako norabidean aritzea.
  • Bukatzeko, langileen lan baldintzei dagozkien gaiak langileekin adostea eskatuz Jaurlaritzari egutegi eta metodologia zehatza aurkez dezan exijitu zion LABek apirilean. LABen iritziz, premiazkoa da gai hau jorratzeko bide-orri bat ezartzea.

Hortaz, aipatutako guztiagatik, ekainaren 5ean Euskal Herria 11 Kolorerekin batera 13:00etan Bastidako Barajuela kaletik hasiko den kalejira aldarrikatzailean parte hartzeko deia egiten du LAB Sindikatuak.

Abian da X. Biltzar Nagusirako atzera kontaketa

Tantaz tanta, pausoz pauso, bagoaz, X. Biltzar Nagusira. Garen horri erreparatu eta norantz joan nahi dugun gogoetatzeko unea da. Erronka eta amets partekatuen garaia da; proiektu batzuk amaitu eta berriak abiarazteko tenorea. Biltzar Nagusi honetan izango dugu zer ikasi eta zer ikusi. Bideoan, aurrerapen bat.

Salatu dugu transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeko legeak islatu, aitortu eta babestu nahi duen genero-identitateen aniztasuna ez dela lan mundura iritsiko

LABeko kide Izaskun Guarrotxenak agerraldia egin du Gasteizko Legebiltzarrean, transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeko eta haien eskubideak aitortzeko EAEko legea aldatzeko lan batzordean. Honela, ekainaren 28ko 14/2012 Legea bigarren aldiz aldatzeko eztabaidan parte hartu dugu eta bertan salatu dugu legeak islatu, aitortu eta babestu nahi duen genero-identitate aniztasuna lan mundura ez dela iritsiko. Diskriminazioarekin bukatzeak enpresen esku jarraitzen badu, eskubide formalen aitortzak formalismo hutsa izaten jarraituko du. 

Estatuko datuen arabera, LGTBI kolektiboaren %86,6ak genero-identitatea edo sexu orientazioa ezkutatzen du lan elkarrizketetan. Adierazgarria da, oso, egoera latzena izkutatzerik ez duten trans kolektiboan ematea, non langabezia %80koa den.

Ez ditugu EAEko daturik. Lege proposamen hau inolako diagnostikorik gabe egiten ari dira. Eta ez dugu ikusten nola gaindituko den huts egite hori, lege proposamenean ez delako kolektiboaren benetako argazkia egiteko tresnarik aurreikusten. Hori da gure lehenengo kritika eta ez dugu uste huts egite txikia denik. 

Genero-identitate aniztasuna egon badago euskal jendartean, ez da lege honen ondorioz sortuko. Legearen helburua diskriminazio iturri ez izatea eta eskubideetan berdinak izatea omen da, baina ez da gaur egun bizi duten errealitatea zenbaterainokoa den baztertzailea aitortzen, ezta erakusten ere.

Transitoak oso anitzak izan daitezkela pentsatzen dugunez, ez gaude ados sexologiaren ikuspegira mugatzen den eta binarismotik abiatzen den ikuspegiarekin. Baina ikusten dugu transexualitatea eta transgeneroa kontzeptuak kokatzea urratsa dela. Orain, lan munduari dagokionez, lan eskubideei eta enpleguaren ondorioz sortzen diren eskubide sozialei dagokienez, lege honek ez du urrats errealik ekarriko ez duelako lan merkatuan eragiteko inolako neurri errealik ezartzen. 

Enpresaren borondate onean oinarritzen dute diskriminazioarekin bukatzeko bidea. Ez dago betebeharrik, ezta eskubideak ziurtatzeko administrazioak bereganatu beharreko konpromisorik ere. Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna erreala egiteko bidearekin gertatzen den bezala, lege honek ez du ezer aldatuko. Trans pertsonak baztertuko dituztenean, euren bizkarrean jarraituko du diskriminazioa genero-identitateagatik izan dela erakusteko zamak. Enpresak eta enpresariak ardura oro sahiestuko dute. Eta lantokietan diskriminazioaren kontra borrokatzen ari garenok eraginkorrak diren lanbaesik gabe jarraituko dugu.

Trantsizioa egiteko eskubidea aitortu eta bidea dagoela ziurtatuko bada, erabaki hori askatasunez hartzea bermatu nahi bada, ziurtatu behar da transizioa ez dela bizi baldintza duinak edukitzeko arazo eta oztopo izango. Orain ez dago horrelakorik, lege hau dagoen bezala onartuz gero, berdin jarraituko dugu. LABetik proposamen zehatzak eraman ditugu, benetako neurriak eskatu ditugu, horien arabera finkatuko dugu gure jarrera lege aldaketa hauen aurrean.

Gatazka indartzeko momentua dela adierazi dugu Bizkaiko helduen egoitzetako laugarren greba egunean

Bizkaiko helduen egoitzetako laugarren greba egunean, Foru Aldundiaren eta, zehazki, Sergio Murillo Gizarte Ekintzako Diputatuaren jarrera salatu dugu. Honela, mobilizazioa egin dugu Bilbon, Batzar Nagusietako egoitzaren aurrean, eta salatu dugu, elkarretaratze eta eserialdi bana eginda, Aldundiak lan gatazka honetan duen ardura bere gain hartu gabe jarraitzen duela.

LABek argi dauka ziklo berri baten aurrean gaudela, sei hilabete hauetan sektoreko langileekin parekatzea eta ratio duinen beharraren lanketa egin dugu enpresaz enpresa. Ziklo berri honetan mobilizazio eta greben intentsitatea eta indarra areagotzeko unea heldu da. Uda ostean, gatazka hau erdigunean kokatu nahi dugu.

Greba deialdi honetan gutxieneko zerbitzuak jaitsi dira eta, horregatik, grebek sektorean duten eragina handitu egin da. Gutxieneko zerbitzuen murrizketarekin, grebak gure lan-baldintzak hobetzearen alde borrokatzeko aukera erreala ematen digu.

Langileen lan baldintzen parekatzea eta ratio duina lortzeko mobilizazioak eta ekintza sindikala biziagotuko ditugu, batasun sindikala bilatzen dugun bitartean. Ziklo berri honetarako indartsu gaude, eta anbizioz eta gogotsu, aurrean dugun eszenatoki berriari ekingo diogu. 

Gasteizko Txantxangorri haur-eskola publikoa itxiko da, Jaurlaritzak pribatuak diruz laguntzen jarraitzen duen bitartean

Gasteizko Udalak eta Haurreskolen Partzuergoak Gasteizko Txantxangorri haur-eskola ixtea erabaki dute, bertako langile eta familiei jakinarazi zitzaienaren arabera. Itxieraren arrazoiak dira azken urteetako matrikulazioaren beherakada eta, Txantxangorri gabe, auzoko familiek zerbitzua bermatua dutela.

Erabaki horren aurrean, Txantxangorri haur-eskolan gaur egun dauden haurrek inguruko haur-eskoletan lehentasunez matrikula bermatuta izatea eskatzen du LABek, ulertzen baitugu jaiotza tasari eta kontziliazio neurriei erantzuteko plaza publikoen kopuru nahikoa eskaintzen direla Lakua auzoan.

Hala ere, LABetik adierazi nahi dugu, haur-eskola publiko baten itxiera ematen den bitartean, onargaitza dela 0-3 zikloko eskaintza pribatuari diru-laguntza unibertsalak ematen jarraitzea, itxiko den haur-eskola honetatik gertu dagoen zentro pribatuari ematen zaizkion moduan.

Beraz LABek, Hezkuntza akordioaren testuinguruan, Eusko Jaurlaritzari beste behin honakoa eskatzen dio:

-Haurreskolak Partzuergo publikoaren doakotasuna 2022/23 ikasturtean abiatzea, eta unibertsalizazioranzko urratsak ematea.

-Argitzea zer gertatuko den itundu gabe dagoen 0-3 zikloarekin eta zentro pribatu eta itunduei ematen den diru-laguntza unibertsalekin.

Gaur egun ematen diren diru-laguntza unibertsal hauekin jarraituz gero, segregazioan sakontzen da, eta zentroen arteko matrikulazio-lehia birproduzitzen da. Haurreskolak Partzuergoa nekez berrindartuko da egoera honetan.