2026-11-03
HomeEkintza SindikalaGipuzkoako metalgintzan sexuan oinarritutako diskriminazioak gainditzeko neurriak adostu eta bete ditzala eskatu...

Gipuzkoako metalgintzan sexuan oinarritutako diskriminazioak gainditzeko neurriak adostu eta bete ditzala eskatu diogu ADEGIri

Gipuzkoako metalgintzako emakumeok bizi dugun egoera dela eta, ADEGIren egoitza aurrean agerraldia egin dugu gaur Donostian, eta Gipuzkoako patronalak berdintasunaren arloan duen jarrera onartezina salatu dugu bertan.

Hain zuzen ere, Gipuzkoako metalgintzako hitzarmenaren aurreko negoziazioan, eta borroka luze baten ondoren, LAB sindikatutik hainbat aldarrikapen jarri genituen mahai gainean. Horien artean, Gipuzkoako metalgintzako emakumeok gaur egun bizi dugun egoerari heltzeko beharra zegoen: parte-hartze eskasa, bertara iristeko zailtasuna, bereizketa horizontal eta bertikal argia, soldata-arrakala… Horretarako, herrialde mailako berdintasun-batzorde bat osatzeko beharra proposatu genuen, langileen eta enpresen aldetik osatua, arazo horiei aurre egin ahal izateko eta diskriminazio horiek gainditzeko neurriak adostu ahal izateko.

Azkenean, proposamena onartu egin zen, eta LABentzat inflexio-puntu garrantzitsua izan zen hitzarmena sinatzeko. Hitzarmena sinatu ondoren, batzorde hori martxan jarri zen, eta LABetik, gainerako sindikatuekin batera, hainbat puntu proposatu genituen batzorde horretan eztabaidatzeko. Horien artean, Gipuzkoako metalaren egungo egoerari buruzko genero-ikuspegia duen diagnostiko bat egitea lehenesten genuen.

Bestalde, proposatu genuen protokolo bat adostea sexu-jazarpenaren, sexu- arrazoiengatiko jazarpenen eta sexu-identitateagatiko jazarpenaren aurka, Gipuzkoako metalgintzaren sektorean erreferente gisa balioko zuena. Izan ere, gure ustez, berdintasun-plana duten enpresa askok protokolo horiek eduki baditzakete ere, hori ez da enpresa txikien kasua. Indarkeria matxistaren prebentzioa lantzeko eta, jazarpen- kasuren bat gertatuz gero, erasotuak babesteko prozedura eraginkorrak abian jartzeko prozedura argirik eta bermedunik ez baitago leku gehienetan.

Horrela ondorioztatu dugu Gipuzkoako metalgintzako sektorean eginiko diagnostikoan, non lantokien %70 protokolorik ez dutela onartu duten. Eta daukatenen kasuan, langileon ezagutza maila ez da %20 ere iristen.

Baina, gure harridurarako, ADEGIk uko egin zion loteslea zen protokolorik adosteari, eta protokolo bat egitea proposatu zuen soilik, enpresentzat inspirazio-iturri izan zitekeena, baina haiek betetzera behartuak egongo ez zirena. Horrela, berdintasun-batzordeari kenduz sektorean eragiteko ahalmena, eta eztabaidarako gune huts batean bilakatuz.

LABen ustez, ADEGIk berdintasunaren arloan duen jarrera onartezina da. Berdintasun- batzorde hori sektorean eragina izan zezan eta egun sistematikoki sexuan oinarritutako diskriminazioak gainditzeko baliagarriak ziren neurriak adosteko sortu baitzen.

Gainera, indarkeria matxistaren aurkako protokolo bat adosteko proposamenak ez luke eragozpen izan behar alderdietako baten aldetik ere. Indarkeria matxistari lantokietan heltzea lehentasunezko gaia dela ulertuta, alde guztiok konpromiso sendoak hartu beharko genituzke egoera hori gainditzeko.

Horregatik, premiazkotzat jotzen dugu ADEGIk duen jarrera horri erantzutea, hau publikoki salatuz. Horretaz gain, dei egin nahi diogu gaia berriro landu eta loteslea izango den protokolo bat adosteko negoziaketari ekitera.

Hurrengo egunetan, Emakunderi zein Foru Aldundiari bilerak eskatuko dizkiegu, sektorean detektatu ditugun hutsuneak ezagutzera emateko eta haien inplikazioa eskatzeko.

Irailetik aurrera, Gipuzkoako metalgintzako lantoki guztietan indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloak adosteko eta dauden lekuetan hauek berrikusteko eta langileon artean ezagutzera emateko eskaerak erregistratiko ditugu, Gipuzkoako metalgintzako sektorean indarkeria matxistaren aurka urrats sendoak emateko asmoz.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Navarrabiomed – Miguel Servet Fundazioko plantillak bertan behera utzi ditu greba eta mobilizazioak, Osasun Departamentuak jakinarazitako aurrerapausoak direla-eta

Joan den ostegunetik, gure hitzarmen kolektiboaren aplikazioaren inguruan Osasun Departamentutik jakinarazi zizkiguten aurrerapausoak eta albisteak ezagutu ondoren, Navarrabiomed - Miguel Servet Fundazioko langileok erabaki dugu garatzen ari ginen greba eta mobilizazioak bertan behera uztea.

Udaltzain batzuk Intxaurrondon jasotako formakuntza ikertzeko eta berriro halakorik ez dadin gertatu eskatzen dugu

Gipuzkoako hainbat udaltzaingotako agenteek Intxaurrondoko kuartel nagusian, Gipuzkoako Guardia Zibilaren Komandantziaren egoitzan, egindako prestakuntza-ikastaro batean parte hartu izana salatzen dugu.

Etxebizitzarako eskubidea bermatu dadin, hiru eraldaketa eta sei ekintza lerro proposatu ditugu

Etxebizitza langileen eta herritarren beharren arabera antolatzeko, parke publikoa ardatz duen planifikazioa egin behar da; etxebizitza politiketan eman beharreko eraldaketak kapitalaren irabazi espekulatiboen bidez ordaindu behar dira; eta, jarduera espekulatiboak debekatuz, negoziorako erabiltzen diren etxebizitzak berreskuratu behar dira.