2026-07-17
Blog Page 325

FVEMek argi utzi du Bizkaiko metalgintzako hitzarmenik ez duela nahi

Gaur Bizkaiko metalaren negoziaziorako mahaiaren hogeita batgarren bilera burutu eta emaitza ezin izan da negargarriagoa izan. Akordiorik eza alde batera utzita, negoziazioan patronala ordezkatzen duten pertsonen borondate falta eta jarrera izan dira arazoak.
Negoziaziora gonbidatzen ez zuen tonu batean, patronalak plataforma berria aurkezteko tarte txikia aurpegiratu egin du, segundo batzuk geroago proposamena guztiz onartezina zela baieztatu duelarik. Proposamen berria ekonomikoki aurrekoa baino altuagoa zela esan dute, eta beren irizpidearen arabera zenbat altuago zen galdetu zaionean, ez dute jakin zer erantzun. Azkenik, sindikatuak aseezin gisa deskalifikatu ditu patronalak.
FVEMek azaroaren 24an egindako azken proposamenetik, gehiengo sindikalak mugimenduak egin ditu honako atal hauetan:

  • Urteko lanaldia 24 ordutik 8ra murriztea.
  • Sektore osorako subrogazioa eskatzetik telefoniako eta zuntz optikoko lineak instalatzeko eta mantentzeko langileentzat izatea mugitu dugu.
  • ABLEek kontratatzeko debekuari uko egitea.
  • Eta garrantzitsuenak, gaurko bileran, hitzarmenaren bigarren urtetik aurrerako igoerak aldatuta, KPIak berrikusteko klausularen formula onartu da, FVEMen proposamenarekin bat etorriz.
    Negoziazioa amaitutzat jotzen duten galdetuta, mugimenduak beren irizpidearen arabera eta eurek uste duten denboran egingo dituztela erantzun dute. Gaurko bileran agerian geratu dira FVEMen gezurra eta CCOO-LAB-UGTren gehiengo sindikalak negoziatu nahi ez duela inposatu nahi duten kontakizun publikoa.
    Laburbilduz, FVEMek negoziazioa mespretxatzen du, eta FVEM ez da sektoreko 56.000 pertsonaren lan-baldintzen erantzule egiten.
    Egoera horretan, borroka eta mobilizazioa dira patronalak onartzen duen alternatiba bakarra. Ez dezatela beraz negoziazioko alderdien arteko ulermena eskatu. Negoziatu ez duen alderdi bakarra patronala izan da.
    Bestalde, azken astean hainbat pertsonari jakinarazi zaie ordena publikoa aztoratzea egotzita ikertuak izaten ari direla. Eusko Jaurlaritzak eta Ertzaintzak jakin dezatela, argi dugu greba ez dela delitua, eta gure hitzarmena defendatzeko beharrezkotzat jotzen ditugun ekintza guztiak egiten jarraituko dugu.

Eskubide Sozialen Kartak salatu duenez, Nafarroako 2023rako aurrekontuek ez diote gizartearen pobretzeari aurre egiten eta erreforma fiskala eskatzen du

Eskutitza osatzen duten erakundeek kontzentrazioa egin dute Nafarroako Parlamentuaren aurrean, “Aurrekontu hauei ez! Pobretzearen aurrean, erreforma fiskala” lelopean.

Eskubide Sozialen Karta hainbat gizarte-mugimenduk eta sindikatu ugarik osatzen dute. Gaur, Nafarroako Parlamentuaren aurrean salatu dute Nafarroako Gobernuak (PSN, Geroa Bai eta Podemosek ere) aurkeztutako eta EH Bilduk ezer gutxi aldatutako aurrekontuek ez dutela balio Nafarroako ia biztanle guztiek pairatzen duten pobretzeari aurre egiteko. Era berean, kritiko agertu dira alderdi politiko horiek adostutako neurri fiskalekin. Haien ustez, hauek erabat motz gelditzen dira funtsean langileen ahaleginarekin sortutako aberastasunaren banaketan aurrera egiteko.
Eskubide Sozialen Kartaren iritziz, alde batetik, banku eta inbertsio-funtsekiko zorraren ordainketak erabat baldintzatutako aurrekontuak dira. Gainera, murriztaileak dira, azken urteko inflazioa eta 2023rako aurreikusitako BPGa baino gutxiago hazten baitira. Eta, azkenik, ez dira gai zerbitzu publikoen beharrezko indartze eta hobekuntzei erantzuteko, hala nola, osasuna, menpekotasun arretaren publikazioa, etxebizitza eskuratzeko aukera, pentsio duinen bermea, etab.
Osasun publikoak itxaron-zerrenda zentzugabeak ditu, eta lehen mailako arreta kolapsatuta dago; gizarte-eskubideetarako aurrekontu publikoak multinazionalei ematen zaizkie, eta hirugarren adinekoen egoitzetako negozio pribatuaren burtsako inbertsioei; errenta bermatuak LGSa baino askoz txikiagoa izaten jarraitzen du, gutxieneko pentsioen osagarria ez da 1260 eurora arte jasotzen, Europako Gutun Sozialaren irizpideei jarraiki; hezkuntzako inbertsioa Europako mediatik urrun dago eta etxebizitza, eskubidea baino, espekulaziorako ogasuna izaten jarraitzen du, besteak beste.
Horrekin batera, Eskubide Sozialen Kartak uste du adostutako neurri fiskalak ez direla nahikoak. Eskubide Sozialen Kartaren iritziz, beharrezkoa da zerga erreforma bat egitea, diru sarrerak gehien duenaren kontura handitzeko. Bi legegintzaldi igaro dira UPN Nafarroako Gobernutik atera zenetik, eta ia ez dira ukitu enpresen eta kapitalaren pribilegio fiskalak. Beharrezkoa da ezkerreko indarrek Nafarroan dagoen fiskalitate bidegabea aldatzeko benetako konpromisoa hartzea.
Horregatik, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak, Nafarroako Gobernuak 2023. urterako aurkeztutako aurrekontuak errefusatzen ditu. Argi dugu mobilizazioa beharrezkoa dela erreforma fiskal sakonaren eskakizuna indartzeko, gehien dutenek gehiago ordain dezaten. Jasotakoa sistema kapitalistaren eta gobernu-politiken ondorioz sortutako gizarte-desberdintasuna murrizteko erabiltzea aldarrikatzen dugu.

Borrokarako prest gaude Gipuzkoako metalgintzan hitzarmen duina lortzeko

Mendaroko EGILE enpresan protesta ekintza egin dugu gaur, bertako gerentea Eduardo Junkera ADEGIko lehendakaria ere badelako. Mezu argia helarazi nahi dugu, Gipuzkoako metalgintzan hitzarmen duin bat nahi dugula, edukiz betetakoa, eta hori lortzeko, borrokatzeko prest gaudela, hitzarmen guztietan egiten ari garen bezala.

Akordio batera iritsi ahal izateko beharrezkoa izango da KPIa bermatzea, lanaldia jaistea, aldi baterako desgaitasun osagarriak adostea, malgutasunari mugak jartzea, baimenek egungo errealitateari erantzutea… beste gauza batzuen artean.

Negoziaketa mahaia 2023ko urtarrilaren 12an osatuko da. LABek argi dauzka helburuak eta oztopo guztien gainetik, metalgintzan akordio duina lortzeko borrokarako prest dago.

Saharako UGT-Sario sindikatuarekin bildu da LAB

LAB sindikatuak bilera izan du gaur, nazioarteko harremanen baitan, Saharako UGT-Sario sindikatuarekin. Oraingoan bilkura Euskal Herrian izan da eta bertan parte hartu dute LABetik Garbiñe Aranburu Koordinatzaile Orokorrak, Koldo Saenz Nazioarteko Idazkariak eta idazkaritza bereko kide Txente Rekondok.

Sahararren aldetik Bachir Salam Idazkari Nagusia eta Mani Ahmed Yacub Nazioarteko harremanetarako idazkaria izan dira. Bileran hainbat gai izan dituzte hizpide: bi sindikatuen arteko harremanak; Saharako egoera orokorra eta gerra; Nazioarteko hainbat esparrutan sindikatu bien elkarlanerako aukerak elkarlanerako aukerak eta sorrera prozesuan den Sahararen aldako nazioarteko sare sindikala.

Euskal presoen etxeratze prozesuaren alde mobilizatu gara

Abenduaren 20an Donostian, 22an Gasteizen eta 23an Bilbo eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesuaren alde mobilizatuko gara.

34 urte luze dira urruntze politika indarrean jarri zutenetik. Asko dira politika honek eragindako sufrimenduak arlo ekonomikoan, psikologikoan, emozionalean eta fisikoan. Ezin dugu ahaztu 16 pertsonek bizitza bidean galdu dutela ere, eta orain, politika honen amaiera aro honetan, balioan jarri behar dugu egoera honen gainditzea.

Hau guztion lanari esker gainditu dugu. Kaleko lanari esker, instituzio eta talde politikoen elkarlanari esker, bizipen ezberdinak dituztenek egindako enpatia ariketei esker, eta baita, guk sindikalgintzatik emandako babesari esker ere. Sindikatuok elkarrekin aritu gara, bide horretan lagundu asmoz eta egoera aldatzeko nahiarekin, eta lortutakoa balioan jarrita egungo egoera, aurrerantzean ere horrela egiten jarraitu nahi dugu.

Gaur egun, presoak gertuago ditugu, 2. edo 3. graduan, eta pozteko arrazoia da, baina oraindik indarrean dauden salbuespenezko neurriak asko dira, etxera bueltatzeko bidean dituzten oztopoak ere handiak dira eta horregatik lanean jarraitu behar dugu. Indarrak batzen jarraituko dugu prozesu hori normaltasun osoz egin dadin. Espetxeetako zuzendarien txostenen gainetik, Madrilgo gorrotoa eta mendekua nagusitzen dira, eta horri aurre egiteko, elkarrekin mantendu behar dugu eta elkarrekin egin behar diegu aurre espetxeetako salbuespen guztiei.

Garbi izan behar dugu, gertu daudela baina oraindik asko daukagula egiteke eta lortzeke.

Beraz gaur, abenduaren 22 eta 23an, eta Urtarrilaren 7an, etxeratze prozesuaren alde

lanean jarraituko dugu. Guztion ekarpena beharrezkoa delako, guztion artean lortuko dugu.

Aurre-akordioa erdietsi dugu Gipuzkoako Arrain eta Itsaskien Handizkarien hitzarmenaren negoziazioan #LortuDugu

Aurre-akordioa erdietsi dugu Gipuzkoako Arrain eta Itsaski Fresko eta Izoztutako Handizkarien hitzarmenaren negoziazioan. Aurre-akordioarekin bat egin du CCOO sindikatuak, beraz, langileen ordezkaritzaren %72a baino gehiagoren babesa du. ELA sindikatuak bat ez egitea erabaki du, baina ez du inolako beste proposamenik helarazi. Beraz, gaur, abenduaren 20ean, langileen gehiengo zabalenak sinatu duen aurre-akordioaren nondik norakoak hurrengoak dira: 

– Iraunaldia: 2021-2025.

– Eros-ahalmena bermatzea iraunaldiaren urte bakoitzean.

– Urteko lanaldia: 1.721 ordutik 1.715 ordura murriztea.

– Jai-egun plusa sortzea: Langileek ordu arruntaren balio bikoitza kobratuko dute.

– Errelebo kontratua: Baldintzak betetzen dituen langileak eskubidea izango du errelebo-kontratua lortzeko.

– Gidatzeko Gaitasun Agiria: Enpresek tituluaren gastuak bere gain hartuko ditu.

– Aparteko orduen artikuluaren berridazketa.

Aurre-akordioa langileek berretsi beharko dute hurrengo egunetan. 

Era berean, abenduaren 1ean greba egin zuten langile guztien lana nabarmendu, eskertu eta zoriondu nahi ditugu. Aurreakordio hori grebalariek erakutsitako duintasunaren emaitza da. Beste behin, akordio onak borrokan lortzen direla erakutsi dute. Zorionak grebalariei!

LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuok mobilizazio-dinamika hasi dugu Osakidetzan, negoziazioa eskatzeko eta gure osasun publikoa babesteko

Osakidetza demokratizatzeko, Mahai Sektorialaren blokeoa gainditu behar da, eta plantillako ordezkariekin edukiak izango dituen benetako negoziazioa bultzatu behar da.

Asko hitz egin da egunotan elkarrizketarik ezaz eta Osakidetzako Zuzendaritzaren jarrera inposatzaileaz. Zoritxarrez, Osasunaren Mahai Sektorialeko kide diren LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuontzat egoera hori ez da berria. Denbora asko daramagu salatzen Mahaia foro huts bihurtu dela, informatiboa, bertan ez dela benetako negoziaziorik egiten, eta Osakidetzak nahi duenari eta nahi duenean bakarrik heltzen diola. Egoera horrek, hobera egin beharrean, okerrera egin du, eta horrek erabateko blokeora eraman gaitu. Eta hori, bai profesionalentzat, bai herritarrentzat, gure osasun publikoaren narriadura oso nabaria den une honetan. Eusko Jaurlaritzaren propagandak ezin du herritarrek zuzenean pairatzen duten errealitatea ezkutatu.

Gogoratu behar da urte hasieran sindikatuok Mahai Sektorialetik altxatu ginela. Uda ostean, gauza bera egin dugu berriro. Aldi berean, eta egoera desblokeatzeko asmoz, bi aldiz deitu diogu Osakidetzako Zuzendaritzari Lan Harremanen Kontseiluan bilera bat egitera, eta Osakidetza ez da bilera bakarrera ere joan. Azken kapitulua abenduaren 7an izan zen. Egun horretan, Osasun Saileko buruzagitzarekin bildu ginen, sailburua buru zela, eta, beste behin ere, Sailaren elkarrizketarako borondate eza eta inposaketaren aldeko apustu sendoa egiaztatu ahal izan genuen.

Errealitate bakarra da Osakidetzak bere ibilbide-orriarekin jarraitzen duela, langileen aldarrikapen bakar bati ere erantzun gabe, eta, gainera, existitzen ez den negoziazioaren itxura egiteko erabili nahi duela mahai sektoriala. Uda aurretik bultzatutako mobilizazioei ere ez die jaramonik egin: manifestazio jendetsuak, langileek zein herritarrek era masiboan bultzatutakoak, eta lau greba egun. Mobilizazio horiek Osakidetzaren egiturazko arazo larrien, langileen eta herritarren gogaitasunaren eta premiazko konponbideen beharraren isla argia izan dira.

Argi dago Osakidetzaren gobernantza-ereduari eta barne-demokrazia sustatzeko premia larriari buruzko hausnarketa egin behar dela. Bertikaltasuna eta inposaketa Osakidetzako Zuzendaritzatik hasten dira, baina Euskal Osasun Zerbitzuaren barne-egitura osora hedatzen dira. Mahai Sektorialeko sindikatuok azpimarratu dugunez, Osakidetzaren demokratizazioak Mahai Sektorialaren blokeoa gainditzea eta plantillako legezko ordezkariekin edukiak izango dituen benetako negoziazioa bultzatzea eskatzen du, eta hori guztia, denbora luzez sindikatuok salatzen ari garen gure osasun publikoa hondoratzearen aurrean benetako eta berehalako konponbideak abian jartzeko helburuarekin.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak zioen 100 profesional baino gehiagori irekitako prozesu parte-hartzailea bultzatuko dela Osakidetzan. Gogorarazi behar dugu Osakidetzak 37.000 langile baino gehiago dituela; beraz, benetako parte-hartzea sustatu nahi duen edozein prozesuk, kategoria guztiak, lurralde guztiak eta estamentu guztiak ordezkatuko dituen askoz ere kopuru handiagoa behar du.

Bitartean, lan-prekarietateak gure osasun publikoaren arazo handienetakoa izaten jarraitzen du: %50etik gorako behin-behinekotasun-tasa, hamarkada batean erosteko halmenaren %20tik gorako galera, lan-gainkarga sistematikoa, langileen eskasia, etab. Aldi berean, Deustuko, Zumarragako eta San Martingo PACetan, Santiago Ospitaleko larrialdietan eta Basurtuko bihotzeko kirurgia ixteko proiektuan aplikatutako murrizketek indarrean jarraitzen dute. Eta murrizketa berriak planteatzen ari dira Lehen Mailako Arretan Gabonetan, baita lan-baldintzetan ere, Garapen Profesionalean aplikatu nahi den murrizketa erradikal eta justifikaziorik gabea, besteak beste. Osakidetzako kategoria guztietan eta hiru lurraldeetan ematen diren arazoen aurrean gaude.

Errealitate gordin hori ikusita, LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuok ezinbestekotzat jotzen dugu langileak eta herritarrak elkartuko dituen mobilizazio-dinamikari ekitea. Lehenbiziko urrats gisa, elkarretaratzeak deitu dituzgu Osakidetzako lantoki guztietan abenduaren 22rako, ostegunerako, 11:00etan ospitale guztietan eta 13:00etan Lehen Mailako Arretako zentro guztietan. Gabonak igarota, mobilizazioekin jarraituko dugu, langileek eta herritarrek kaleak osasun publikoaren alde bete ditzaten.

Gotzone Sagardui sailburuak uztailean “kultura berria” aipatuz esandako hitzek, ematen ari diren neurriak eta murrizketak aurreratu zituzten. Bere sailak bazekien erabakien aurkako jarrera egongo zela, baina edozelan ere hartu hartuko zirela ziurtatu zuen. Premiazkoa da Osasun Sailak Osakidetza desegiten eta langileen lan-baldintzak prekarizatzen jarraitzea eragoztea.

Bizkaiko bulego eta langeletako langileak kalera aterako dira abenduaren 22an hitzarmenaren alde

Bizkaiko bulego eta langeletako 30.000 langileek 10 urte daramate hitzarmenik gabe. Gaur, propaganda banatzen aritu dira Bilboko metroko geltokietan eta prentsaurrekoa egin dute Unamuno plazan, hitzarmena lortzeko kalera aterako direla iragartzeko, patronalak ez dielako inolako irterbiderik ematen. Horrela, abenduaren 22an, 19:00etan, manifestazioa egingo dute Bilboko Plaza Eliptikotik abiatuta, LAB, ELA, CCOO, UGT eta CGT sindikatuek deituta.

Sindikatuon arabera, patronalak presioa sentitu behar du, interpelatua sentitu behar da eta sektoreko langile guztien artean lortu behar dute hitzarmen berria. Ezin dituzte soldatak beste minutu batez ere izoztuta eduki. Azken urteotan, KPIaren igoeren ondorioz, Bulego eta Langeletako sektoreko eros-ahalmenaren galera gero eta handiagoa da, eta langileek ez dute onartuko. Hori dela eta, datorren abenduaren 22ko manifestazioan parte hartzera dei egiten diete langileei.

Bada garaia langileak entzun ditzaten. Bada garaia Bizkaiko bigarren sektore handienari bere eskubideak aitortzeko. Bada garaia Bizkaiko Bulego eta Langelen sektorea osatzen duten 30.000 langileek eurena denaren alde borroka egin dezaten. Bada garaia patronalak euren hitzarmena bahitzeari utz diezaion.

EAEko Hezkuntza Sailak eskola publikoetako eskola-garraioaren zerbitzurako diru-partida dekretu baten bidez murriztu nahi duela salatu dugu

Joan den azaroan, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak prozedura bat hasi zuen unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako ikasleen eskola-garraioari buruzko dekretu-proiektu bat egiteko, eskola-garraiorako eskubidea eta jangelan kuota murriztua lortzeko eskubidea bereizteko. Dokumentu horretan, Jokin Bildarratzek dio erabaki horrekin egungo aurrekontuarekiko aurrezpen handia ekarriko duela. Erabaki honen aurka gaude, eta mobilizazioa egin dugu gaur, abenduaren 19an, Bilboko Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean (Kale Nagusia, 85), 10:30ean.


Hezkuntza Sailak honela arrazoitu du erabaki erabaki hori: azken urteotan ikusi duela familia askok eskola- garraiorako eskubidea eskatzen dutela, jangelako kuota murriztura iristeko helburu bakarrarekin, garraioa erabili gabe, eta horrek garraio-bolumen handia eragiten duela, eta praktikan, familiek ez dutela erabiltzen.
Egungo 69/2015 Dekretuaren 4. artikuluak ezartzen duenez, eskola-garraioa duten ikasleek kuota murriztua izateko eskubidea dute jangela publikoak arautzen dituen 2000ko martxoaren 22ko Aginduan aipatzen diren jangeletan; izan ere, jangela-zerbitzua duten ikastetxeetan, joan-etorriko ibilbide bakarra egiten dute eskola- egun bakoitzeko.
Honek eragin negatiboa du familietan ez ezik, eskola-garraioko zerbitzurako azpikontratatutako langileengan eta jolastokiko zaintzaileengan, erabaki horrekin lanpostuak desagertu eta lan-baldintzak okertuko baitira. Beste leku batean (jantokiak, garbiketa…) lan egitera behartuta dauden emakumeak* soldata duin samarra izaten saiatzeko; izan ere, zerbitzu honetako lanaldiak partzialak dira, egunean ordubete eta hamabost minutuko batez besteko kontratuekin.
Gainera, 2021ean eta 2022an 69/2015 Dekretua aldatzeko proposamenetan, LAB sindikatuak proposatu zion Hezkuntza Sailari patioko zaintzaileetan ratioak ezartzeko beharra; izan ere, gaur egun, ikastetxeetan ikasle guztientzako zaintzaile bakarra dago. Bada, Hezkuntza Sailak, jangeletan bezala, uko egiten dio langileen ordezkariek egiten duten edozein proposameni.
Hala, LAB sindikatuak zerbitzuaren emakidadun diren enpresekin zerbitzu horren egungo egoera salatu nahi du; izan ere, 2014/2015 ikasturtean Araban eta Gipuzkoan esleitu ziren azken lizitazioetatik 2016/2017 lizitaziora arte, 2018ko ekainera arte luzatuta, eta Bizkaian, 2017/2018 ikasturtean 2019/2020 ikasturtera arte, 2021eko abuztuan amaitu zen luzapenarekin, Hezkuntza Sailak enpresei eman die eskola-garraioko laguntzaile eta jolastokiko zaintzaile zerbitzua, zuzeneko kontratuen bidez (Araban 2018-2019 ikasturtetik aurrera eta Bizkaian 2021-2022 ikasturtetik aurrera). Bizkaiko zerbitzuaren enpresa esleipendunak (Asturservicios La Productore, SAL) uko egin dio kontratuarekin jarraitzeari, eta Hezkuntza Sailak CIDI SAri (Centro Internacional de Idiomas, S.A.) eman dio, zuzeneko kontratuaren modalitatean, zeina baita Araba eta Gipuzkoako lurraldeak kudeatzen dituen enpresak, 2022ko abenduaren 1etik aurrera Bizkaiko zerbitzua ere kudea dezan.
Hori esanda, LAB sindikatuak Jokin Bildarratzen Hezkuntza Sailari exigitzen dio alde bakarreko bidea uzteko eta langileen ordezkariekin negoziatzeko, eskola-garraioan ratioak ezartzeko, jangeletako ratioa aldatzeko eta EAEko eskola publikoetako eskola-garraioaren zerbitzuaren egungo egoera erregularizatzeko.