2026-01-15
Blog Page 324

Grebak egingo ditugu Bizkaiko merkataritzan, ekainaren 9, 10, 23 eta 24an, hitzarmen duin baten defentsan

Bizkaiko larru eta oinetakoen merkataritzako, ehun-merkataritzako eta merkataritza orokorreko langileek elkarretaratzea egin dute Bilbon, mobilizazio berriak iragaratzeko. Hain zuzen ere, hitzarmenak berritu gabe dituzte 2007, 2014 eta 2018tik, hurrenez hurren. Hori dela eta, grebak egingo dituzte ekainaren 9, 10, 23 eta 24an.

Langile bat hil da Bermeon bihotzekoak jota, lanean ari zen bitartean

Beste lan ezbehar hilgarri bat deitoratu eta salatu behar dugu, kasu honetan Bermeoko Coviran denda batean gertatutakoa. Ekainaren 3an hil zen 50 urteko P.U.R. langilea, bihotzekoa izan ondoren. Aurtengo 32. hildakoa izan da lan istripuan, 11. ez traumatikoa zehazki. Lehenik eta behin, gure elkartasuna eta samina adierazi nahi diegu senide, lagun eta lankideei.

Herriko frankizia-denda txiki batetako langile autonomoa izan da hildakoa. Komertzio handiaren aurrean bizirauteko borrokan, ez da harritzekoa bizirauteko borroka horretan, laneko arrisku faktoreak medio, arazo kardiobaskularrak areagotzea eta bizi kalitatean eragina izatea. Kasu honetan heriotzaraino.

Nabarmena da eta denbora daramagu salatzen, egungo sistema neoliberalak, lan karga eta presio gero eta altuagoak, aneko arrisku faktore nabarmen bilakatu direla. 2022an 11 heriotza ez traumatiko eman dira lanpostuetan, arazo kardiobaskularrak eragiten dituzten arrazoi laboralak tarteko. Baina zein da patronalak honen aurrean ematen duen erantzuna? Identifikatuta al dago arrisku hau prebentzio txostenetan? Horrela bada, aplikatzen al dira neurri prebentiboak? Tamalez, badakigu erantzuna.

Honela, ze paper ari da jokatzen Eusko Jaurlaritza? Lan osasun materian ia eskumen guztiak izanik, egokitu al du Osalan eta Inspekzioaren lana, gero eta pisu handiagoa duen arrisku faktore honetara?

Urkullu jauna patronalaren eskutik absentismoaren aurka ateratzen ikusi dugu berriki, noiz aterako da laneko erailketen aurka?

Egoera horren aurrean, norbaitek sinets al dezake kasualitatea edo zorte txarraren aurrean gaudenik? Administrazioei, lan- istripuen eta lanbide-gaixotasunen gaitz horri aurre egiteko azalpenak eta berehalako neurriak, benetako kontrola eta politika zehatzak eskatzen dizkiegu.

Arabako metalgintzan mobilizazioekin jarraitzea beharrezkotzat jotzen dugu

Gaur, ekainak 3, Arabako Metaleko Mahai Negoziatzailea bildu da. Bertan ez da inolako aurrerapenik egon; hori dela eta, LABek uste du sektorean mobilizazioekin jarraitu behar dugula. Hortaz, hurrengo ostiralean, ekainak 10, konzentrazio bat gauzatuko dugu SEAren Batzar Nagusiaren aurrean.

Sektoreko 1. greba zikloa pasatuta, gaur berriro bildu da Arabako Metaleko Mahaia. Gaurkoan ere, SEA patronalak berriro eskatu digu sindikatuoi mugitzeko, berak inolako mugimendurik egin gabe. LABen ustez, hori jarrera arduragabea da, SEAk uko egiten baitio berriz ere sektoreko arazoei erantzungo dien hitzarmen bat adosteari. 

Hori dela eta, LABek beharrezkoa ikusten du sektorean mobilizazioekin jarraitzea. Ildo horretan, LABek beste sindikatuekin batera adostu nahi du mobilizazio egutegi berri bat, non grebak eta ekimen eraginkorrak bilatuko ditugun Arabako Metalean lan baldintza duinak lortzeko. 

Lehenengo mobilizazioa jada adostuta daukagu sindikatuon artean: ekainaren 10ean, SEAren Batzar Nagusiaren aurrean konzentrazioa burutuko  dugu. Bertan argi eta garbi esango diegu konpromiso irmoak eta zehatzak hartu behar dituela Arabako Metaleko lan baldintzak duintzeko: soldata igoerak KPIren gainetik, lanaldia modu nabarmenean jaistea, subrogazio efektiboa azpikontratetan, malgutasuna eta behin behinekotasuna mugatzea, diskriminazioekin amaitzea, lan osasuna bermatzea, bajan egonda soldata ez galtzea…

Beraz, LABek dei egiten die langileei mobilizazioetan parte hartzera.

Bizkaiko metalgintzako hitzarmenenaren blokeoaren erantzuleen aurrean mobilizatu gara

Bizkaiko metalgintzako zazpi sindikatuak kalera irten gara, eta FVEM patronaleko Batzorde Exekutiboko bazkide diren enpresen aurrean mobilizatu gara, 52.000 langileri eragingo lieken herrialdeko hitzarmen duin baten defentsan. Hain zuzen ere, Tecuni, Arteche, ITP, Sidenor, Eldu, Ormazabal, Murueta ontziolak eta beste enpresa batzuetako enpresaburuak daude patronalaren zuzendaritzan.

Duela hiru urte egindako gatazka gogoan, borrokarako prest gaudela nabarmendu dugu sindikatuok berriki egindako agerraldian: “Edo patronalak negoziazioa desblokeatzen du eta benetako negoziazioa aktibatzen da mahaian, edo sektoreko langile guztiei dei egingo diegu beraien enpresetatik eta kaleetatik exijitzeko”. Ildo honetan egin dugu mobilizazio eguna.

Aldamiotik erorita, berriro ere

Joan zen maiatzaren 30ean Garesen istripu larria izan zuen langilea ostegunean hil zela jakin berri dugu. 58 urteko langilea, etxeberritze lanetan ziharduela, aldamiotik erori zen ezagunak ez diren baldintzetan.

Kapitalismoak eragindako beste lan heriotz bat, beste familia bat birrindurik, eta beste drama sozial bat. Gutako edonori gerta dakioke, goizean lanera joateko jaiki eta ez itzultzea. 31 langile hil dira Euskal Herrian, 6 Nafarroan, 2022an lan istripuz dagoeneko. Horietatik 7 altueretatik erorita.

Behin eta berriz jarri dugu mahai gainean istripu hauek saihesgarriak direla, honen atzean ematen diren drama pertsonal eta sozialak ekidin daitezkeela prebentziorako neurriak beteko balira.   

Kezkagarria da Gares erdian egiten ari den obra batean segurtasun neurriak betetzen ez dituen aldamio bat  nola egon daitekeen, babes perimetralik gabekoa. Zeinen erraza suertatzen den segurtasun neurriak ez betetzea mundu guztiak baitaki ez inspekzioak ez NOPLOIeko teknikariek ez dutela obra ikuskatuko.

Bistan da benetako neurriak hartzen ez diren bitartean odol isuria ez dela etengo. Ezinbestekoa da, beraz, gaia jendarteratzea eta modu horretan eskumenak dituzten autoritateei arazoaren adinako bitartekoak jartzea, Europako beste herrialde batzuetako adibidea jarraituz.

Dei egiten diogu Nafarroako Gobernuari jar ditzala beharrezko baliabideak patronalari lan osasunerako neurriak betearazteko. Ezin dugu onartu lan istripu eta gaixotasun profesionalen egoera deskontrolatu hau, inolaz ere.

Enpleguaren, teknologiaren eta ekoizpen guneen defentsa exijitu diogu Jaurlaritzari Siemens Gamesaren kasuan

Gaurkoan Eusko Jaurlaritzak enpresan ordezkaritza dugun 4 sindikatuekin izandako bileran ez dugu Siemensek eman ditzakeen urratsen inguruko informaziorik jaso. Siemenseko zuzendaritzak gardentasunik gabe jokatzen jarraitzen du eta ezinegona da nagusi langileen artean.

Gaurko bileran LABek proiektuaren etorkizunari buruzko kezka azaldu dio Eusko Jaurlaritzari eta Gamesaren salmenta prozesuan izandako jarreraren ondorioz egungo egoera bere ardura ere badela gogoratu. Enpresaren errotzea eta proiektu industrialaren bermeak haizeak eraman zituen, eta Siemensek ez du proiektuaren aldeko apusturik egin.

Horregatik, enpleguaren, teknologiaren eta ekoizpen guneen defentsan jarrera tinkoa izateko exijitu diogu. Hitzak haizeak eraman ditzakeala kontuan izanda (2017ko salmenta prozesuan gertatu moduan) LABek Eusko Jaurlaritzari konpromiso zehatzak galdegin dizkio Eusko Jaurlaritzari. Aurrerantzean, langileak antolatzeaz gain, LABek instituzioei konpromiso zehatzak galdegiten jarraituko du.

Nafarroako Konponketa Tailerren hitzarmenak bizi duen blokeoa eta utzikeria salatu dugu

Badira hiru urte baino gehiago Nafarroako Konponketa Tailerren hitzarmenaren negoziazioak ez duela aitzinatze nabarmenik. Hori dela eta, hitzarmen horrek bizi duen blokeoa eta utzikeria salatu du LAB sindikatuak gaur Iruñean eman duen prentsaurrekoan. 3.000 langile inguru daude Nafarroan konponketa tailerretan, baina lan zentro anitzetan daude sakabanaturik eta horrek lan baldintza duinen aldeko borroka zailtzen du.

LABeko Industria federazioko arduradun Asier Calderonek eta Oskar Hernandez sektoreko delegatuak ―eta negoziazio mahaiko kideak― hartu dute parte prentsaurrekoan eta azaldu dute Konponketa Tailerren sektoreak, Industriako bertze sektore batzuekin alderatuta, ez dituela bereziki lan baldintza onak eta ekintza sindikal bateratua egiteko zailtasunak dituela.

“Horregatik, negoziazio mahaia osatzen dugun alderdiok, patronalak zein sindikatuok, erantzukizun berezia dugu, ez bakarrik sektoreari baldintza duinak emateko ―inoiz baino beharrezkoagoak bizi dugun inflazio neurrigabearen aitzinean―, baizik eta, batez ere, hitzarmena bera hiltzen ez uzteko”, esplikatu dute LABeko ordezkariek.

Konponketa Tailerren Nafarroako hitzarmena 2019. urtearen hasiera hasi ziren negoziatzen. Baina ordutik negoziazioak ezer gutzi egin du aitzinera. “Negoziatzen jarraitzeko eta aitzinera egiteko borondate falta salatu behar dugu, azken bilera duela lau hilabete izan baitzen”, adierazi dute LABekoek. “Horregatik, egoera horri buelta emateko, mahaiko alderdien erantzukizunari dei egiten diogu, eta, modu berean, gainerako indar sindikalei eskatzen diegu, patronalak parametro berberetan jarraituz gero, egoera desblokeatzeko beharrezkoak izanen diren borroka-planteamenduak guztiak mahai gaineratzea, denok badakigulako hori dela kasu hauetan bide eraginkor bakarra”.

Azkenik, LABeko ordezkariek erran dute “etorkizunean, horrelako sektore sakabanatuentzat eta borroka sindikal tradizionalak aktibatzeko zailtasun handiagoak dituztenentzat, eragin esparru zabalagoko hitzarmenen bidez arautzea planteatu beharko litzateekela, borrokarako aukera gehiago emateko eta, horrela, baldintza duinagoak izateko”. Kasu honetan, LABen ustez, Konponketa Tailerretako langileek industria siderometalurgikoaren hitzarmenaren barnean egon beharko lirateke.

Grebara deitu ditugu Bizkaiko garbiketako langileak ekainaren 9, 10, 20 eta 21erako, urtean 15 paga izango dituen 1.200 euroko gutxieneko soldata eskatzeko

Martxotik hona sei greba egun egin ondoren, duela 30 urte grebara irteten ez zen sektore bat suspertzeko balio izan dutenak, eta negoziazioak bizi duen egoeraz jabetuta, LABek bat egiten du ekainerako garbiketa sektorean deitutako grebekin. Ekainaren 9, 10, 20 eta 21ean izango dira greba egunak.

Gaur jakin dugunez, patronalek hilaren 6rako aurreikusita zegoen bilera atzeratzea eskatu dute, eta bilera astebete geroago egitea: ekainaren 13an. Proposamen bat egiteko denbora gehiago behar dutela esan dute. Ia 20 bilera eta 6 greba egun ez dira nahikoak izan soldata duinak eta baldintza duinak nahi ditugula ulertarazteko. Beraz, datorren ostegun eta ostiralean berriro ere erakutsiko diegu.

Borroka historikoa egiten ari gara Bizkaiko garbiketa-hitzarmenaren alde. 12.000 langile inguruko sektorea da, feminizatua eta prekarizatua, eta azken hilabeteetan bere baldintzak duintzeko borrokarako prest dagoela erakutsi du. Gora garbitzaileak kolektiboarekin ekimenekin, okupazioekin, eserialdiekin, errepide mozketekin, kontzentrazioekin eta grebekin erakutsi dugu borrokatzeko prestutasun irmoa daukagula, eta horrela erakusten jarraituko dugu.

1.200 euroko gutxieneko soldatak nahi ditugu, eta, horretarako, beharrezkoa da patronala mugitzea eta gure aldarrikapenei erantzutea. Ez daitezela konfunditu, ez gara geldituko, ez dugu atzerapausorik emango, ezta bultzadarik hartzeko ere. Ekainaren 9, 10, 20 eta 21ean, garbitzaileak grebara itzuliko gara.

Ekainaren 9an beste greba egun bat egingo dugu Nafarroako egoitzen hitzarmenaren negoziazioan aurrera egiteko

Iazko maiatzean, mendekotasunaren sektoreko lau sindikatu nagusiek (LAB, ELA, UGT eta CCOO) proposamen bateratu bat aurkeztu genien Nafarroako patronalei eta Gobernuari, Nafarroan hirugarren adinekoen zentroen sektoreko lehen hitzarmena sinatzeko.

Hitzarmen honek Nafarroan 70 zentro baino gehiagotan banatuta dauden 4.500 langile baino gehiagoren lan baldintzak hobetzeko balio behar du. Lan baldintzen hobekuntza honako hauetan gauzatu behar da: kalitatezko kontratazioak, segurtasun eta lan osasun neurri eraginkorrak, sektorean putre funtsak eragoztea, zerbitzuen kudeaketa publikoa, sistemaren prestakuntza eta profesionalizazioa, eta ikuskapenak indartzea.

Patronalek negoziazioan ematen diren aurrerapausoak blokeatzen jarraitzen dute, eta, beraz, mobilizazioek aurrera jarraituko dute lan baldintza duinak lortu arte eta mendekotasunari arreta emateko eredua aldatu arte. Patronalen interes ekonomikoen gainetik jarri behar dira artatutako pertsonen eta arreta ematen dieten langileen interesak.

Diru publikoarekin sostengatzen den sektorea da, eta, beraz, administrazio publikoek kalitatezko zerbitzuak emateko erantzukizuna hartu behar dute beren gain. Mendekotasunaren sektorea adineko eta mendeko pertsonen arreta egokiarekin bateraezinak diren enpresa ereduetatik kanpo utzi behar da.

Hau guztiagatik, ekainaren 9an langileak grebara eta mobilizazioetara itzuliko dira, Nafarroako Egoitzen Hitzarmenaren negoziazioan aurrera egitera behartzeko. 11:00etan elkarretaratze zaratatsua deitu dute Nafarroako Gobernuaren Eskubide Sozialen Departamentuaren aurrean, eta 15:15ean beste elkarretaratze bat Lan Auzitegiaren aurrean, Hitzarmenaren Negoziazio Mahaiaren bileraren aurretik.