2026-01-15
Blog Page 321

“Metalgintzako langileak gero eta pobreagoak gara”

LAB, ELA, CCOO, UGT, ESK, CGT, CNT eta USO sindikatuok agerraldia egin dugu Barakaldoko BECen aurrean, Bizkaiko metalgintzan deitutako greben deialdia berresteko; ekainaren 23 eta 30 eta uztailaren 1erako deitutakoak, hain justu.

BEC-en elkartu gara, eta bertatik manifestazioa egin dugu, Makina Erremintaren Azokaren inaugurazioa dela-eta. “Azoka honek, ustez, modernitatea eta aurrerapena irudikatzen ditu euskal industriaren esparruan, baina metalgintzako langileak gero eta pobreagoak gara bizitzaren garestitasunarekin”, adierazi dugu.

Enpleguan egonkortasun handiagoa nahi dutela aldarrikatu dute langileek: “Sektore guztiek subrogazioa bermatuta izatea lortu behar dugu. Bidezko deritzogunaren alde borrokatzen dugu, eta horregatik mobilizatu gara hemen. Eta horregatik goaz grebara Bizkaiko metalgintzan”.

Arabako Zaintzaileen Sarea jarri dugu abian, sektoreko langileen arteko zubiak eraiki eta euren lan baldintzen aldeko borrokak indartzeko

LABek Arabako Zaintzaileen Topaketak egin ditu gaur Gasteizko Santa Barbara plazan. Bertan, zaintzarekin lotutako hainbat sektoretako langile elkartu dira, adinekoen egoitzetakoak, gizarte esku-hartzekoak, etxeko langileak, etxez etxeko laguntzakoak, enplegu zentro berezietakoak, aniztasun funtzionaleko pertsonei arreta ematen dietenak edota aisialdiarekin lotutakoak. Langileek esperientzia trukaketa egin eta Arabako Zaintzaileen Sarea martxan jarri dute, sektoreko langileen arteko zubiak eraiki eta euren lan baldintzen aldeko borrokak indartzeko.

Gizarte zerbitzuetan edo zaintza lanetan dihardutenen lan baldintzen prekarizazioan, denok dugu zer egin, zaintza lanetako edota gizarte zerbitzuetako erabiltzaileak garelako. Zaintzaren antolakuntza eta erantzukizuna gizarte osoarena da. Gaur egungo gizarte-zerbitzuen sistema erantzukizuna publikoa izan arren, zerbitzu gehienak pribatizatuta edo azpikontratatuta daudela salatzeko eta sektore guzti hauetako langileen lanbaldintzen prekarizazioa salatzeko, LABen Arabako Zaintzaileen Sarea abian jarri dugu gaur.

Erabat feminizatuak diren sektoreak, etxez etxeko laguntza, gizarte esku-hartzea, etxeko langileak, adinduen egoitzak, enplegu zentro bereziak, aisialdi edota aniztasun funtzionaleko sektoreetako langileen borrokak egituratze eta antolatze beharrari erantzunez garatuko dugun dinamika da Zaintzaileen Sarea.

Pribatizatutako zaintza zerbitzuetako zein langileen lan baldintzen prekarizazioa salatzeko, EAJren gizarte zerbitzuen kudeaketa eredua salatzeko eta patronal ezberdinek langileen lanbaldintzen hobekuntza ukatzen dituztela salatzeko martxan jartzen dugu Zaintzaileen Sarea.

Hego Euskal Herriko gainontzeko sindikatu guztiak interpelatzen ditugu, LABen abiarazten dugun dinamika honekin. Fronte sindikal zabala berregituratzea, ezinbestekoa da, egiturazkoaldaketak eragingo dituzten erabaki politikoak har dezaten, sistema kapitalista etaheteropatriarkala egungo gizarte-zerbitzu eta zaintza ereduan eusteari utz diezaion eta lanhoriek egiten dituztenen lan-baldintzak behin betiko duindu daitezen.

Gaur, Gasteizko Santa Barbara plazan antolatu dugun topagunean, LABen baitan antolaturik dauden langileak elkartu gara, elkar ikusteko, gainontzekoen bizipenak eta beharrak ezagutzeko eta, hurrengo ikasturtean zehar, prozesu honekin aurrera egingo dugula adierazteko.

Guzti honetaz gain, dinamika honen helbururik garrantzitsuena, zaintza lanak burutzen diren lantoki guztietan, suak piztea da; langileen arteko zubiak eraikitzeko, sektore hauen lan baldintza prekarioak garaitzeko eta batez ere, borrokak merezi duela sinisten dugunean, indartsuagoak garela adierazteko.

Ekintza sindikala bultzatuko dugu etxeko langileen negoziazio mahaia eratu eta hitzarmena sinatzea lortu arte, patronalak ezarritako mugak alde batera utzita

Confebask-ek negoziazio mahaia osatzeari uko egin ostean, EAEko etxeko langileen hitzarmen kolektibo bat lortzeko eman beharreko urratsak aztertu ditu sektoreko gure atal sindikalak. Etxeko langile guztientzat irekita egon da batzarra, 2019an abian jarritako hileko bileren dinamikaren baitan.

Batzarraren bukaeran, adierazi dute: “Etxeko eta zaintzako langileok hitzarmen kolek- tibo bat exijitzen dugu eta Confebaskek ukatu egiten digu. EAEn 28.000 etxeko eta zaintzako langile baldin badaude gizarte segurantzan altan daudenak eta milaka bat- zuk gehiago izkutuko ekonomian, enplegatzaileen kopuru berdina dago. Borrokan ja- rraituko dugu Confebask eseri arte. Batasun sindikala eta babes sozialerako deia egiten dugu”.

Negoziazio kolektiboa langileen eskubidea da, eta patronalak ezarritako mugei aurre egingo diegula jakinarazi dugu batzarrean. Bide honetan aliantzak ezinbestekoak direla jakitun gara, eta horregatik batasun sindikalerako eta babes sozialerako deia egitea berretsi dugu.

Patronalak ezarritako mugak alde batera utzita, LABek ekintza sindikala bultzatuko du negoziazio mahaia eratu eta hitzarmena sinatzea lortu arte. Zentzu honetan, Confebask juridikoki salatuko dugu eta auzitegietara eramango du, sektorean patronal jakinik ez dagoenez, Confebask legez behartuta baitago erantzukizuna hartzera.

Ekainaren 13an mobilizatuko gara, azken erailketa matxista salatzeko

Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxaren oharra:

Gaur, 2022ko ekainaren 10a, Barakaldon 53 urteko gizon bat atxilotu dutela zioten komunikabideek albiste batekin jaiki gara. Gizon hori, ustez, 90 urteko amaren indarkeriazko heriotzaren erantzulea izango litzateke.

Beste behin ere, gure gizartearen egitura patriarkala agerian geratzen da gizon batek, kasu honetan bere amaren aurka erabilitako indarkeria erabiltzen duenean; eta gizonak ezkutatu egiten du, gainera, heriotza erorketa baten ondorioz gertatu zela, benetan gertatutakoa ezkutatuz.

Gainera, iturri ofizialen arabera (Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila), lesioen ondorioz emakumeak ez zuen behar zuen arreta medikoa jaso, eta apirilaren 26an eraman zuten ospitalera, oso larri bertan hil zelarik.

Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxatik gure herrian aurten gertatu den bigarren hilketa matxista hau salatzen dugu. Gure ustez, emakumeon aurkako indarkeria matxistaren erabilera da oraindik ere gizon askok erabiltzen duten arma gure kontra, baita familian bertan emandako indarkeria matxistaren kasuan ere.

Emakumeok* lehen eskutik dakigu zein arrisku dagoen etxe barruan eta gure bizitzetako espazio pribatuan. Eta mugimendu feministatik kalera irteten jarraitu besterik ezin dugu egin, gure bizitzak markatzen dituen egiturazko indarkeria hau salatuz, OMEk (Osasunaren Munduko Erakundeak) dioen bezala, planetako hiru emakumetik bati eragiten dion errealitate hori ahalik eta espazio gehienetan salatuz.

Era berean, erantzun kolektiboak eskatzen jarraituko dugu, bai erakundeei eta administrazio publikoei; are gehiago zerbitzu publikoekin eta, batez ere, bizitzaren zaintzarekin zerikusia duten zerbitzuekin, egun bizi dituzten atzerakadak ikusita.

Hala ere, Emakumeen Mundu Martxatik eta mugimendu feministatik, oro har, indarkeriarik gabeko bizitza izateko eskubidea aldarrikatzen jarraitzen dugu, eta aldarrikatzen jarraituko dugu, bizitza, zaintzak eta askatasuna ardatz bezala aldarrikatuz. Nazkatuta eta batzuetan nekatuta egon arren, badakigu borrokatzen eta kalera irteten jarraitzea besterik ez dugula.

Azken hilketa matxista horren aurrean, datorren astelehenean, ekainak 13, herri eta hiriburuetan egingo diren. 

Lan baldintza duinak aldarrikatu ditugu Arabako metalgintzarako, SEA patronalaren biltzar nagusiaren aurrean

Lehen greba zikloa igarota mobilizatu gara berriro Arabako metalgintzako sindikatuak, SEA patronalaren biltzar nagusia dela-eta. Argi eta garbi esango diogu patronalari konpromiso irmoak eta zehatzak hartu behar dituela Arabako metalgintzako lan baldintzak duintzeko: soldata igoerak KPIren gainetik, lanaldia modu nabarmenean jaistea, subrogazio efektiboa azpikontratetan, malgutasuna eta behin behinekotasuna mugatzea, diskriminazioekin amaitzea, lan osasuna bermatzea eta bajan egonda soldata ez galtzea, besteak beste.

Manifestaziora deitu dugu ekainaren 26rako Bilbon, lehen arretaren alde eta Osakidetzaren desegitearen aurka

LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuon oharra:

Jaurlaritzak Osakidetza desegin eta prekarizatu nahi duela salatzeko, manifestaziorako deia egin dute LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek. Hala erabaki dute gaur goizean Bilbon egin duten bileran. Izan ere, aste honetan Osasun Sailburuak egindako adierazpenak oso larriak izan dira. Berriak ez izanagatik, agerian utzi dute Eusko Jaurlaritzaren Lehen Arreta desegiteko eta gainerako arreta mailak prekarizatzeko borondatea. Eta, beraz, pribatizazioari bide emateko asmoa. Hori dela eta, ekainaren 26an Bilbon elkartuko dira Osakidetzako langileak eta herritarrak, eguerdiko 12:00etan, osasungintza publikoaren defentsan. Aldi berean, ekainaren 22an, kontzentrazioak eta itxialdiak egingo dituzte udan ordutegi murriztua duten osasun-zentroetan.

Sailburua ez da gai profesionalei eta herritarrei eskubideak murrizten ez dizkieten neurriak planteatzeko, eta, horrez gain, hitzez esandakoaren arduragabekeria ikusita, osasun-arloko arduradun nagusi gisa dimisioa ematea baino ezin da izan ondorioa.

Gogoratu dezagun egoera hau ez dela bat-batean gertatu. Lehen Arretari dagokionez, langile falta urteetan hartutako erabaki politikoen ondorioa da. Alde batetik, lan baldintza eskasengatik askok alde egin dute, hala nola, kontziliazio zailtasunengatik, egonkortasun ezagatik, behin-behinekotasunagatik, lan kargengatik eta abar. Eta, bestetik, sindikatuok urteak garamatza esaten langile gehiago behar zirela etorriko ziren hutsunei aurre egiteko.

Jaurlaritzak, ordea, ez die egoera horiei erantzun nahi izan. Mediku erresiendenteen kasuan, Jaurlaritzak adierazi du Madrileko gobernuaren eskumena dela mediku berrien kopuruak zehaztea, baina ez du ezer ere egin kopuru horiek handitzeko edo arazoa behintzat mahaigaineratzeko. Gainera, profesional gazteak kriminalizatu nahi ditu, beraien konpromisorik eza adieraziz. Eta hori guztia hartu nahi dituzten neurri larriak justifikatzeko, hala nola osasun zentroak ixtea edo irekita bai, baina medikurik gabe. Prekarizazio hori kategoria guztietan gertatzen da, baita profesionalen eskasia ez dagoen horietan. Kasu horretan, Osakidetzak kontraturik ez egiteko apustua egiten du.

Erabaki politikoen adibide garbia da aurrekontuekin gertatzen ari dena. Osasun inbertsio publikoan Europako bataz bestekora iristeko 1.674 milioi euro gehiago inbertitu beharko genituzke EAEn. Grezia, Estonia edo Portugal bezalako herrialdeen atzetik gaude.

Errealitate bakarra da profesionalen falta aitzakia ezin hobea bihurtu dela Lehen Arreta desegiteko, ez baitago hori ez den beste plan alternatiborik proposatzen. Alternatiba bakarra osasun zentroak ixtea edo bertako pertsonala gutxitzea da, gaixo kopurua eta lan karga berdin-berdina izango bada ere. Ondorioz, bai lan baldintzak, bai zerbitzua prekarizatuko direla, pazienteak sistematikoki mugitu beharko direlako, bereziki ahulenak, eta arreta zerbitzua murriztuko delako.

Funtsezko zerbitzu publiko baten aurkako eraso honen aurrean, dei egiten diegu langileei, gizarte-mugimenduei eta biztanleriari, oro har, Osasun Publikoaren murrizketa sistematikoaren aurka mobilizatzeko.

Epaitegiek baliogabetzat jo dituzte Orozkoko Madres Mercedarias lan zentroan Fundacion Aliadosek ezarritako aldaketak #LortuDugu

Madres Mercedarias egoitzako LAB eta ESKren prentsa oharra:

Bilboko Lan Arloko 4 zenbakiko Epaitegiak epaia eman du, eta bertan deuseztzat jo du Madres Mercedariaseko 14 langile igande eta jaiegunetan lan egitera behartzen zituen funtsezko aldaketa. Gainera, epaiak enpresa behartzen du langile bakoitzari 300 euroko kalte-ordaina ematera sortutako kalteengatik.

Espero dugu epai honek amaiera emango diela Fundacion Aliadosek Ibarrako zentroko langile guztien aurka egiten dituen etengabeko gehigikeria eta erasoei.

Bizkaiko Foru Aldundiko arduradunekin bildu garela jakinarazteko ere aprobetxatu nahi dugu. Lan- gatazka honetan duten erantzukizuna beren gain hartzeko eskatu diegu berriro. Beti bezala, ardura ez dute bere gain hartzen, gure lan-eskubideak defendatzeko modu aktiboan esku hartu nahi izan gabe. Azpimarratu nahi dugu bilera horren esparruan Aldundiko arduradunek adierazi dutela zentroak hitzarmena duela Administrazio honekin 2023ko abenduaren 31ra arte. Baieztapen horrek ondoriorik gabe uzten ditu Madres Mercedarias lan-zentroko zuzendaritzak langileen artean zabaltzen ari den mehatxu eta intoxikazio ugariak.

Fundacion Aliados eta Madres Mercedariasen negoziazio-borondate ezaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren jarrera arduragabearen aurrean, gure greba-egunekin jarraituko dugula eta mobilizatu egingo garela adierazi nahi dugu, gurea dena itzul diezaguten lortu arte.

Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren lege proposamen berriaren abiapuntua okerra dela salatu eta benetako eztabaida soziala aldarrikatu dugu

2008ko legea ordezkatu nahi duen proposamen berria orain arteko murrizketen gainean eraiki nahi da, beharrezkoak diren egiturazko neurriei bizkar emanda. LABek, Gasteizko legebiltzarrean erregistraturiko Euskal Lan Kode eta Gizarte Segurantzan jasotako proposamenak eta 2018an Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak aurkeztutako Herri Ekimen Legegileko neurriak kontuan har daitezen eskatzen du. LABek agerraldia egingo du datorren astelehenean Gasteizko Legebiltzarrean, Lan eta Enplegu batzordean, bere proposamenen berri emateko.

Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) lege proposamenak orain arte etengabe murriztu den 2008ko legea ontzat emanez aurkeztu digu Idoia Mendiak. Kontrara, orain arteko argazkiak argi adierazten du egungo babes sistema eraisteko prozesuan dela eta prekaritate eta pobrezia egoerekin amaitzeko aukerarik ez duela eskaintzen.

2020ko Pobreziaren eta Gizarte Ezberdintasunei buruzko inkestaren arabera, pobrezia erreala izateko arriskua dauden pertsonen %30a babes sistematik kanpo geratzen dira, eta egun, Inkesta beraren arabera, egun prestazioa jasotzen duten herritarren %37 pobrezia egoeran daude oraindik.

Pobreziarekin amaitu baino, pobreen aurkako gerra egitea erabaki du Jaurlaritzak. 2008ko legea etengabe murriztu da eta orain aurkezten zaigunak murrizketak lehengoratuko balira baino diru sarrera mugatuagoak ezarriko lituzke.

Hala, gaur egun pertsonako 727 eurotako kopurua eta 2023an 10 eurotako igoera ospatzen den bitartean, egungo legea betez gero 1.026 eurotakoa izango litzateke. Igoera izugarri gisa saldu diren 10 euroak ez dira ezta aurtengo % 8ko KPIaren igoera asetzeko gai.

Egungo testuinguru ezegonkor eta larrian, babes sistemaren inguruko eztabaida intergala gauzatu eta egiturazko eraldaketa sakon eta ausartak egitea ezinbestekoa da. Jasotzen den diru kopuruarekin batera, eredua bera da luzez hobetu beharrekoa, betiere prekaritatea eta pobreziaren kronifikazioari aurre egin eta herritar guztien bizitza duinak bermatzea helburu badugu.

Gauzak horrela, hauek dira LABek astelehenean legebiltzarreko agerraldian jasoko dituen proposamenak:

1. Lehenik eta behin, DSBEri buruzko lege proposamena bertan behera uztea exijitzen dugu eta benetako eztabaida sozial parte hartzailea zabaltzea aldarrikatzen dugu.

2. Diru sarrera duinak bermatu behar dira eta horretarako, hemengo errealitatearen araberako Lanbidearteko Gutxieneko Soldata izan behar da erreferentzia.

3. Neurriak hartu behar dira DSBE jaso beharko luketen eta jasotzen ez duten pertsonek (% 30) prestazioa eskura dezaten.

4. Era berean, hartzaileen laurdena pentsionista dela kontuan izanik, pentsioak osagarritzeko DSBE baino, bide berriak arakatu daitezela eskatzen dugu. DSBE ezin da izan pentsioak osagarritzeko aukera bakarra, besteren artean izaera desberdina duten diru sarrerak direlako.

5. Etxebizitzen prezioa mugatu eta etxe kaleratzeak eten, erabilera balioa truke balioaren gainetik jarri behar delako, eta etxebizitza eskubidea inoren negozioaren gainetik dagoelako. Etxegabetzeak prebenitzeko neurri gisa jardun dezaketen estrategiak, administrazio publikoari dagokiolako eskubide subjektibo unibertsala izan dadin bermatzea.

6. Generoak daukan eragina kontutan har dadila, DSBE jasotzen duen gehiengoa emakumea delako. Gure proposamenean jasotzen dugun zaintzagatiko etetea sostengatzeko funtsa eraikitzeko azterketa egin dadila eskatzen diogu legebiltzarrari.

7. Kronifikatzen ari den prekarizazio sozial eta laboralei erantzukizunez heldu behar zaie eta behingoz patronalaren interesen araberako enplegu politikak alboratuz.

8. Sistemaren iraunkortasun ezin da oinarritu pobrezia mailarik larriena pairatzen duten pertsonentzat baliabideak murrizten; erreforma fiskal justua burutu behar da eta iruzur fiskala zigortu.

9. LABek Gasteizko Legebiltzarrarekin batera iaz erregistratu zituen Euskal Herrirako Lan Kodearen eta Gizarte Segurantzaren Legearen proposamenak kontuan hartzea. Horretan, lan eta bizi-baldintzak aldatzeko neurri erreal eta zehatzak aurkezten ditugu, egungo eskumenetatik egingarriak direnak eta, aldi berean, burujabetzaren bidean aurrera egiteko proposamenak egiten ditugu.

Ez da kasualitatea, prekaritatea da

Azken egunetan Nafarroan izandako lan heriotzak salatzeko elkarretaratzea egin dugu Iruñean, Nafarroako Gobernuaren aitzinean, euskal gehiengoak deituta.

Astebeteko epean 4 langile hil dira lan istripuz Nafarroan, horietatik 3 Garesen. Istripu traumatiko horiek guztiak saihesteko modukoak ziren. 36 dira aurten Euskal Herrian hildako langileak.

Istripu hauek ez dira kasualitatea, hauen atzean arrazoi ezberdinak daude, denak langileriari eragiten dietenak. Bi hildako altueretatik erorita eta beste bi eremu konfinatu batean itota. Inork pentsa dezake langile trebatu hauek ez zituztela bertako arriskuak ezagutzen? Noski baietz. Baina lan harreman prekarizatuen ondorioz, lan osasunerako prozedurak exijitzeak dakarzkien zailtasunak daude honen atzean eta patronalak harreman prekarizatu horiek erabiltzen ditu lan osasun prozedura eta neurriak aurrezteko. Prekaritatea da kausa nagusia.

Patronalaren ardura da langileon osasuna bermatzeko beharrezko baliabideak jartzea. Neurri horiek ez baditu hartzen, baliabideak ez baditu ipintzen, hori bermatu behar duen administrazioak kontrol eta jarraipenik egiten ez duelako da. Hori da bigarren kausa.

Laneko heriotzen kopuru izugarri honetarako ekaitz perfektuaren aurrean gaude eta kausa horiek desagertzen ez diren bitartean kopuru hauek pairatzen jarraituko dugu.

Patronala da heriotzen arduradun nagusia eta administrazio publikoa dute konplize.