2026-05-04
Blog Page 319

Grebak egingo ditugu EAEko hezkuntza publikoan, azaroaren 30 eta abenduaren 14an

Agerraldia egin dugu LAB, ELA eta STEILAS sindikatuok, EAEko hezkuntza publikoan antolatuko ditugun greba eta mobilizazioen berri emateko. Hain zuzen ere, greba egunak azaroaren 30 eta abenduaren 14an izango dira hezkuntza publikoan.

LAB, ELA eta STEILAS sindikatuon adierazpena, gaur egindako agerraldiaren harira:

Gaur, hemen, bildu garen sindikatuak hezkuntza lege aurreproiektu honi EZ esaten diogu. EAEko Hezkuntza lege-aurreproiektuaren zirriborroa aztertuta, egungo hezkuntza-eredu duala betikotu eta gainditze bidean jartzen ez duela baloratuta, sare publiko bakar, euskaldun eta propiorako bidea egin beharko lukeen legea behar dugula adierazten dugu, sare publikoa baita  aukera-berdintasuna, kohesio soziala eta euskalduntze prozesua bermatu behar dituena. Horregatik, hurrengo aldarrikapenak egin eta legean jasota gera daitezen exijitzen dugu:

Legean espresuki jaso beharreko aldarrikapenak

1.- Publikoa ardatz izango duen hezkuntza legea nahi dugu. Egungo hezkuntza-sistema duala gainditu behar da, interes partikularrei planto eginez eta Euskal hezkuntza-sistema publiko eta propio baterako bidea sustatuz. Eskola publikoa hezkuntza-sistemaren ardatz gisa kokatu behar da horretarako, egiturazko aldaketa, neurri zehatz eta inbertsioak jasoz: azpiegiturak hobetu eta berriak sortzea,  soldaten eguneratzea eta soldata arrakalekin bukatzea, publifikazio prozesu sendoak ezartzea, langile guztien lanpostuak bermatzea, edota pribatizaturiko zerbitzuen lehengoratzea -azpikontratako langileak subrogatuz-. Bestetik, Haurreskolak Partzuergo Publikoa Hezkuntza Sailean integratuko dela jaso behar du, hau doakoa izanik eta zerbitzua unibertsalizatuz.

2- Segregazioari aurre egin eta gizarte kohesioa bermatuko duen hezkuntza legea nahi dugu.

Sistema dualak sortzen duen segregazioa ekiditeko egiturazko aldaketak zein neurri zehatz eta eraginkorrak jaso behar ditu lege honek. Besteak beste:

  • Planifikazioan euskal eskola publikoa erdigunean jarri eta lehenetsi.
  • Itundutako sareari betebeharren kontrol mekanismo zorrotzak eta ikusgarriak ezarri.
  • Matrikulazio bulego bakar eta erreal bat bideratu. 
  • Familien eskola erabakitzeko eskubidea ezin da gizarte kohesioaren gainetik ezta aukera berdintasunaren gainetik egon.
  • Planifikazioan eragingo duten neurri zehatzak ere jaso behar dira, euskal eskola publikoa eskola maparen erdigunean jarri eta honen eskaintza lehenetsiz. 
  • Kuotak kobratzeko debekua jasotzeaz gain, doakotasun erreala bermatzeko neurri zehatzak abian jartzea jaso behar da legez; gutxienez ikuskatzaile talde baten sorrera eta auditoritza-unitate sendo batena. Finantzazio publikoa jasotzen duten ikastetxeek bere kontuak publiko egiteko obligazioa izango dute, azpiegituren ordainketa nola egingo den zehaztuz eta eskola guztientzat pareko irizpideak ezarriz. Horretaz gain, sindikatu, guraso elkarte eta alderdi politikoez osatutako gardentasun mahai baten sorrera.

3.- Publifikazio-marko eta araudi orokor eta adostua ezartzea nahi dugu

Titulartasun pribatuko ikastetxeetako hezkuntza-komunitateak sare publikoan integratzeko erabakia gauzatzeko prozedura eta bertako langileak subrogatzeko klausula jasoko du legeak, prozesu hau alde sozialarekin aurretiaz negoziatuta.

4.-Hezkuntza lege propioa nahi dugu.

Horretarako, EAEen hezkuntzan erabateko eskumenak eskuratu behar ditugu, besteak beste, langileria propioa izateko. Euskal Herriko gainontzeko lurraldeekin izango duen harremana egituratuko du legeak. Horretaz gain, euskal curriculuma erabakitzeko eskumena EAEn egongo dela eta curriculum hau hezkuntza-komunitatearen parte hartzearekin garatu eta hezkuntza-sistema osoan aplikatuko dela jaso behar du legeak. Curriculumaren erreferentzia markoa Euskal Herria izango dela jaso beharko du legeak, curriculuma Espainiako Gobernuaren aurrean defendatzeko konpromiso espresoarekin batera.

5.-Inbertsio eta baliabide nahikoa izango dituen hezkuntza legea nahi dugu. Hezkuntzan inbertsioa handitzea legez jaso behar da, BPGren %6ra iristea helburu izanik datozen 3 urtetan eta Europako batez bestekora parekatzea legean jasoz.

6.-Euskara erdigunean jarriko duen Hezkuntza legea nahi dugu. 

Euskararen murgiltze eta mantentze sisteman oinarrituriko ikas-eredu orokortu eta inklusibo bakarra behar da eta hizkuntza ereduak desagerrarazi behar dira; Lanbide Heziketan barne. Euskararen presentzia bermatua egon behar da eskolako jarduera guztietan (jantokian, eskolaz kanpoko ekintzetan, etab). Horretara iristeko trantsizio bat bermatu behar du legeak eta horretarako: langile kolektibo guztiak euskalduntzeko planak ezarri behar ditu legeak. 

7.- Betebehar eta kontrol mekanismo zehatzak dituen Hezkuntza legea nahi dugu. Hezkuntza-sistemaren oinarri gisa honako hauek ezarri behar dira: euskal curriculuma, hezkidetza, laikotasuna, ekitatea, inklusioa, pentsamendu kritikoa eta parte-hartzea. Oinarri hauek bete beharko dituzte diru publikoa jasotzen duten ikastetxe pribatu guztiek, ituntze-sistema unibertsalarekin bukatuz. Gainera, itundutako ikastetxe pribatuen eskola-ordu eskaintza hezkuntza publikoarekin parekatua izango da, ezin izango dute gainditu. Diru publikoaren parte-hartze eta kontrol publikorako auditoria-unitatearen egitura legea indarrean jartzen denerako osatuko da, hala nola, hezkuntza-ikuskaritza indartzeko neurriak jasoko ditu legeak. 

8.- Hezkuntza sistema osatzen dugun langile guztion enplegua eta lan baldintza egokiak bermatuko dituen legea nahi dugu. 

Hezkuntzako langileon lanpostuak mantendu behar dira, baita prestakuntza eta lan-baldintza egokiak ere.

Sare publikoan langileen egonkortasun eta kontsolidaziorako prozesuak alde sozialarekin negoziatzeko betebeharra eta ibilbide zehatz bat jaso behar ditu legeak, behin-behinekotasuna %8tik behera kokatzeko. Baita %8tik gorako behin-behinekotasuna errepikatzea ekiditeko neurriak ere. 

Itunduetako langileen eta publikokoen lan-baldintzen homologazioa epe jakin batean negoziatzeko betebeharra eta ibilbide zehatza jaso behar ditu legeak.  

Langileak birkokatzeko bermedun akordio iraunkorra jasoko du legeak, hau diru publikoa jasotzeko betebeharra izanik.

Langileen sarbideari dagokionez: batetik, sare publikoan gaitasun memoristikoen gainetik langileen lanerako gaitasuna baloratuko duen EPE eredu berri baterako trantsizioa gauzatzeko betebeharra legez jaso beharko da; eta bestetik, sare itunduan lan-eskaintzen publizitatearen inguruko betebeharra betetzeko prozedura jaso beharko da, aukera berdintasuna, meritu eta gaitasunen araberako sarbide bakarra bermatu bidean.

9.-Merkatuen interesen gidaritzatik eta enpresa pribatuen negozio esparrutik at egongo den hezkuntza legea nahi dugu. Azpikontratazio eta pribatizazio prozesuekin bukatzeko, batetik, langile publikoak dauden heinean ezingo dira zerbitzuak azpikontratatu; eta bestetik, egun pribatizaturiko zerbitzuetan (jangela, garbiketa, eskolaz kanpokoak…) lehengoratze prozesuak gauzatuko direla jaso behar du legeak. Hala eskola publikoetan nola itunduetan, bertako langileen subrogazioa bermatuz.  

Botere-korporatibo digitalei mugak ezartzeko klausula jaso behar du legeak; hala, datuen erabilera debekatuz zein software propioa sustatuz eta honetarako 5 urteko trantsizio epe bat ezarriz.

10.- Hezkuntza lege parte-hartzailea nahi dugu, langileak aintzat hartuko dituena. Hezkuntza legetik eratortzen diren dekretu eta erregelamendu guztiak alde sozialarekin mahai-negoziatzailean negoziatu behar direla jaso behar du legeak; besteak beste, planifikazio dekretua, ikasleen onarpen dekretua zein ituntzearen dekretua. Ezinbestekoa izango da legearen osaketa prozesuari berari begira langileokin negoziazio markoak ahalbidetzea. 

Horregatik guztiagatik, hezkuntza lege aurreproiektu honi EZ esaten diogu eta hezkuntzako langileok gure hezkuntzaren etorkizunean zer esanik badugulako, antolatu ditugun ondorengo mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu.  Mobilizazioak PUBLIKOA, EUSKALDUNA ETA PROPIOA HELBURU lelopean deituko ditugu, “Hezkuntza lege-aurreproiektu honi EZ, legea langileokin eraiki”.

Aldi berean, Hezkuntza Legearen behin-betiko aurreproiektuan sindikatuon aldarrikapenak jasoko ez balira, egindako mobilizazio eta greba dinamikak baloratu eta ondoren etorriko den Legebiltzarreko izapidetzan zehar, hurrengo mobilizazio dinamika definituko dugu.

Grebara deitu ditugu Bizkaiko merkataritzan, azaroaren 4 eta 25erako

Sindikatuon oharra, gaurko agerraldiaren harira:

Larrua eta oinetakoen merkataritzako, ehun-merkataritzako eta merkataritza orokorreko langileok ez ditugu gure hitzarmenak berritu 2007, 2014 eta 2018tik, hurrenez hurren. Denbora horretan, gure soldatak izoztuta mantendu dira, Lanbide arteko Gutxieneko Soldatatik gertu, bizitza etengabe garestitzen den bitartean. Ez da neurririk hartzen behin-behinekotasuna eta partzialtasuna geldiarazteko, eta ez dira eguneratzen sektorea eraldatzen ari den online salmentaren baldintzak. Sektoreko gehiengoa zaintza-kargak dituzten emakumeak gara, baina merkataritza-ordutegiek eta ustezko uztartze-neurriek ez dituzte gure benetako beharrak asetzen.

2019az geroztik ari gara negoziatzen, baina patronalak erosteko ahalmena galtzea dakarten igoerak zein guretzako garrantzitsuak diren eskubideei uko egitea planteatzen dituzte.

LABek eta ELAk hurbileko merkataritza txikia defendatzen dugu kontsumo arduratsuaren eredu gisa. Horregatik, bai astero mobilizatu garen 4 hilabeteetan zehar, bai egin ditugun zazpi greba-egunetan ere, kate handietan eta merkataritza-guneetan jarri dugu arreta.

Baina CECOBI eta Bizkaidendak patronaletako enpresa eta elkarte bazkideak, batez ere, saltoki txiki eta ertainak dira, eta horrek mugitu gabe eroso egotea eragiten du, grebek beste enpresa batzuei eragiten dieten bitartean.

Badakigu merkataritza txikiak zailtasunak dituela, baina ez gaude prest bere irabazi-marjina gure kontura handitzeko. Merkataritza txikiko langileek kate handien eskubide berberak izan behar dituzte, eta sektoreko hitzarmena da hori bermatzeko tresna.

Horregatik, hemendik aurrera, CECOBI eta Bizkaidendak elkarteetako bazkideen ateetan ere mobilizatuko gara, hitzarmenen negoziazioa blokeatzen eta sektoreko langileak pobretzen ari direlako.

Ehun, larru eta oinetakoen merkataritzako eta merkataritza orokorreko hitzarmen duinen alde, azaroak 4 eta 25ean, GREBA!

Langileon borrokari esker, Superberriak-eko langile guztien lanpostuak mantendu, eta subrogatuta, DISUra pasatuko dira #LortuDugu

Greba mugagabeari esker, Superberriak-eko langile guztiak kalean utzi nahi zituen lan-erregulazioko espedientea gelditzea lortu genuen. Horrekin batera, lanpostuak bermatuko zituen erosle bat bilatzera behartu genuen Superberriak.

Harrezkero, Superberriak eta UVESCO Taldea salerosketaren baldintzak negoziatzen aritu dira, eta azkenean, urriaren 15ean salerosketa gauzatu zen. Gaur, hainbat egunetan dendak itxita egon ondoren hainbat gai egokitzeko, langileak beren lanpostuetara itzuliko dira eta Amurrio, Laudio, Ugao eta Bilboko Alde Zaharreko lau dendak irekiko dira, BM Urban moduan. Berdina izanik Barakaldoko dendarentzat ere, Roximarena baitzen, jabe bereko beste enpresa batena.

Berrirekitze hori, gainera, Superberriak-eko plantillaren % 100 subrogatu eta mantenduta egingo da. Hau ezin da egunero esan, eta honetaz harro egon behar dugu.

Azken aste hauetan ere subrogazio baldintzak negoziatzen ibili gara. Bizkaiko denden plantilla DISU Bizkaian sartuko da, eta Arabako plantilla DISU Arabara pasatuko da, bakoitzari dagokion paktu eta herrialde-hitzarmen sektorialarekin. Datozen asteetan, plantillak eta dendak trantsizio bat biziko dute, eta pixkanaka egokituko dira lan-baldintza berrietara, ordutegietara, funtzioetara, antolaketara…

Hori guztia esanda, azken asteetan eta azken urteetan Superberriak-eko zuzendaritzarekin bizi izandakoei buruzko gogoeta batzuk egiteko momentua da. Prozesu horretan, argi geratu da Superberriak-eko zuzendaritzak ez duela konpromisorik eta errespeturik izan bere langileekin. Gezurretan eta manipulatzen ibili dira, eta langileak eta bezeroak engainatzen saiatu dira, baita 70 langile baino gehiagoren lanpostuak arriskuan jarriz ere.

Argi esan behar da duela 3 urtetik langileek beren eskubideak aldarrikatzea erabaki zutenetik, Superberriak-en lehengo zuzendaritzak jarrera guztiz autoritarioa eta errespetugabea izan duela langileen ordezkariekiko eta plantillaren zati handi batekiko. Badirudi soilik pozik zeudela eta negozioak doako orduen eta plantillaren ahaleginaren kontura bakarrik funtziona zezakeela, eta, gainera, haiek ez zutela kudeatzaile gisa inolako erantzukizunik hartu behar.

Superberriak-eko jabe eta bazkideek poltsikoak bete dituzte 25 urtez, prekaritateaz baliatuta, langileen oinarrizko eskubideak errespetatu gabe. Horregatik, LABen ustez, pertsona horiek non grata moduan izendatu beharko lirateke langile guztientzat eta Aiaraldea osoarentzat.

Azkenik, berriz ere eskerrak eman nahi dizkiegu denbora honetan guztian Superberriak-en borroka babestu duzuen guztiei. Funtsezkoa da elkartuta eta antolatuta jarraitzea, bai BMko dendetan, bai sektoreen eta langileen artean. Badakigu batasuna, antolaketa eta borroka direla lan-baldintzak eta lanpostuak defendatzeko tresnarik onenak.

Eskerrik asko guztioi! Gora langileon borroka!

Formakuntza eta ekintza sindikala zabalduko ditugu Nafarroako langileei zuzendua, prebentzioa enpresetan sar dezaten

LAB sindikatuak salatu du gero eta istripu hilgarri gehiago daudela Nafarroan. Eta langileen heriotzei buruzko isilune instituzionalaz gain, Nafarroako Gobernua ez dela lan istripuak behar bezala kudeatzen ari uste du: lan osasunari buruzko araudia sistematikoki ez betetzeagatik patronala ez ukitzeko erabakia dago.

Erakundeen isiltasuna, patronalaren erantzukizuna

2022an izaten ari diren lan-istripu hilgarrien kopuruak aurreko urteetako hazkundea berresten du. 2021ak bikoiztu egin zuen 2020a, eta 2022an, berriz, etengabeko hazkunde-joera. Erabat ozena eta mingarria da Nafarroako Gobernuak eta haren bozeramaileek beren lanpostuetan hiltzen diren langileen heriotzak direla-eta izaten duten isiltasuna, Gobernuak lan osasunarekiko duen sentsibilitatearen isla. Era berean, onartezina da enpresari nafarren axolagabekeria eta inpunitatea. Zer eginen luke Txibite lehendakariak herrialde honetan bortz egunean behin langile bat hil beharrean enpresaburu bat hilen balitz?

Goranzko intzidentzia: gero eta istripu hilgarri gehiago dago Nafarroan

Nafarroako Gobernuak honi buruz ematen dituen datu ofizialak mutuek sortzen dituzte, eta, beraz, datuak patronalak berak erabakitzen ditu. Hala, hilkortasunaren erdia baino ez dute onartzen. Zer erran laneko gaixotasunen tasaz? Mutualitateek, prozeduraz, eritasun profesionalak Osasunbidera bideratzen dituzte, kontingentzia arruntak balira bezala, eta, horrela, beraiek eragin dituzten lesioen gastuak eta tratamenduak aurrezten dituzte.

Beraz, datu ofizialak patronalak babesten ditu, eritasunak eta istripuak sortzen dituen berak. Hartara, LAB sindikatuak ez die datu horiei sinesgarritasunik ematen.

Nafarroako Gobernua patronalaren eskutik

Nafarroan, erakundeek mahai gainean jartzen dituzten lan osasuneko ekimenak ez dira eraginkorrak. Horren atzean nahita egindako diseinu bat dago: patronala ez ukitzeko erabakia.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua (NOPLOI) erabat mugatuta dago bere eginkizunetan, enpresei araudia betearazteko.

LABen iritziz, funtzioen diseinu hori nahita egiten da. Patronala lasai uztea du helburu. Bertze era batera erranda, gaur egun NOPLOI kanpoko prebentzio-zerbitzu baten (LPZ) funtzioak betetzen ari da. Doako prebentzio zerbitzua, duela 27 urtetik nahitaezkoak eta beren erantzukizunekoak diren neurriak hartzen laguntzeko enpresei.

Espainiako Gobernuaren menpeko Lan Ikuskaritzari dagokionez, 30 ikuskatzaile baino gutxiago daudela azpimarratu behar da, eta horietako gutxi batzuek enpresetara bisitak egiten dituztela. Gainera, haien profila ez da teknikoa, juridikoa baizik. Horrek zailtasun handiak sortzen ditu enpresetara egiten diren bisitetan; izan ere, enpresa horietan arriskuak identifikatu ordez, enpresek kontratatutako LPZ-en txostenetan oinarritzen dituzte beren eskakizunak.

Horrek guztiak patronalari egiten dio mesede, eta praktikan inork ez dio lan osasunari buruzko araudia betearazten. Horrela uler daiteke laneko istripu eta gaixotasunen tasa ikaragarri hori.

Egoera horri erantzuteko, ezinbertzekoa da Nafarroako Gobernuari erantzukizuna eskatzea, enpresaburuei legea betearaz diezaien. Eta horretarako, LABek praktikoak eta eraginkorrak izatea aldarrikatzen du: Lan Ikuskaritza propioa izatea behar-beharrezkoa da.

LABen ekimena eta kanpaina

Egoera dela eta, hainbat neurri hartu ditugu gure ordezkari eta afiliatuen artean, baita Nafarroako langile guztiei zuzendutako ekintza sindikalean ere.

Lanbide heriotzak eta gaixotasunak eragiten dituzten berariazko arriskuen aurrean, delegatuei eta oro har afiliatuei beharrezko informazioa eta prestakuntza eskainiko diegu, enpresetan neurriak integratzeko behar den ezagutza tekniko eta ideologikoa izan dezaten.

• In itinere arriskuak.

• Psikosoziologia (arrisku psikosozialak).

• Arrisku ergonomikoak.

Arrisku-faktore horiek lehenetsi ditugu, intzidentzia handia dutelako eta patronalak neurri gutxien hartzen dituen arrisku-faktoreak direlako.

Patronalak sortutako gaitz horren aurrean, eta Nafarroako Gobernuak neurririk hartu ez duenez, LABek eskura dituen tresna eta aukera guztiak martxan jartzea erabaki du, prebentzioa enpresetan ekintza sindikalaren bidez integratzeko.

EHUko Gobernu Kontseiluaren aurrean jubilazio akordioak ez deseustatzeko eta plantillak gaztetu eta egonkortzeko exijitu dugu

UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren gaurko bilerako 5. puntuan, “Giza Baliabideak Arrazionalizatzeko I. Plana. Erretiro egoerara igaroteko neurriak” izenburuan, langileen jubilazioa sustatzeko indarrean dauden akordioak deseustatzeko proposamena baino ez dagoela salatu dugu goizean Bizkaia Aretoaren aurrean egin dugun elkarretaratzean. Horretaz gainera, gobernu kontseilukideei gutun irekia igorri diegu, unibertsitateko zuzendaritzak langileen eskubideen aurka hartu duen neurria azalduz, eta puntua kentzeko eskaerarekin bat egin dezaten, benetako negoziazio bati bidea emanez. 

Iragarri bezala LABek mobilizazioak burutu zituen pasa den ostiralean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan enplegu publiko duina aldarrikatuz, langile publikoen eros-ahalmena bermatzeko exijituz eta akordio arrotzak salatuz. UPV/EHUko langileok ere parte hartu genuen mobilizazio horietan, azkenaldian EHUko zuzendaritzak langilegoari inposatu nahi dizkion murrizketak salatzeko.  Urriaren 14koa murrizketa hauen inguruan LABek abiatuko duen mobilizazio kanpainaren abiapuntua baino ez da izan.

Murrizketa horien artean, EHUko zuzendaritzak ikasturte berriarekin batera aurkeztu digun erretiroen pizgarriak murrizteko proposamena da egun hauetan garrantzia berezia hartu duena. Iraila eta urrian zehar erretiroen inguruko batzorde teknikoak egindako bileretan aurkeztu zaizkigun akordio proposamenetan argi geratu da zuzendaritzak alde sozialarekin ezer adosteko inolako asmorik ez duela. 

Asmo onik gabeko “negoziazioak”

Hasieratik lan eskubideen aurkako erasoa baino izan ez dena, asmo onik gabe burututako negoziazio bilera hauen bidez mozorrotu nahi izan du administrazioak, hauek “porrot” eginda, urriaren 20ko Gobernu Kontseiluan “Giza Baliabideak Arrazionalizatzeko I. Plana. Erretiro egoerara igaroteko neurriak” delakoa aldebakarrez onartzeko. Itxurakeria hutsa izan da burututako prozesua, EHUk, Eusko Jaurlaritzaren eskutik, Madrildik ezarritako bere langilegoaren aurkako inposizioa, bere egin eta lotsagabe aurrera eramateko. 

LABetik gogor salatzen dugu unibertsitateko agintariek eta Eusko Jaurlaritzak espainiar aginduekiko erakutsitako morrontza. Harritzekoa da, halaber, estatu mailako zenbait sindikatuk gai honen aurrean erakutsi duten zinismoaren zenbaterainokoa. Inongo lotsarik gabe, egun batean Madrilen, lau haizetara zabaldu duten Gizarte Itunaren baitan, Espainiako Gobernuarekin erretiroen atzerapena saritzen eta sustatzen duen akordioa sinatu ostean, hurrengo egunean, gurean, beraiek Madrilen sinatutako akordioaren inplementazioa bilatzen duten neurrien aurka, negoziazio mahaietatik altxatu eta aldarrikapenik, ustez, sutsuenak egiteko, UPV/EHUko langileen aurrean egin dutena ezkutatu nahirik. Hori dela eta,LABek ez du sindikatu hoien deialdiekin bat egin.

Benetako negoziazio bat exijitzeko eta planteatzen zaizkigun murrizketei aurre egiteko LABek mobilizazio dinamika bati ekin dio. Urriaren 14ko mobilizazioetan abiatu genuen dinamika hau eta gaur, urriaren 20ko Gobernu Kontseiluaren aurrean, kontzentratuz eman diogu jarraipena. Eta gaurtik aurrera ere, unibertsitate publikoak dituen arazo larriak —prekarietatea eta plantillen zahartzea— salatzen jarraituko dugu, baita irtenbideak bilatzeko benetako negoziazioetan parte hartzen ere.

Amaitzeko Euskal Herrian eta, bereziki, UPV/EHUn bestelako gehiengo sindikalak badirela gogoratu nahiko genuke. Eta oraingoz, premiak eta aipatutako baldintzek hala eskatuta mobilizazioei geure kabuz ekitea erabaki dugun arren, ez dugu baztertzen, aurrerago, elkarbanatutako irakurketa baten inguruan beste indar sindikal batzuekin bat egitea. 

Garbiñe Aranburu: “Eros-ahalmenaren galera ekarriko duen hitzarmen bat nahi du FVEM-ek”

LAB sindikatuko koordinatzaile orokor Garbiñe Aranburu elkarrizketatu dute Euskadi Irratiko “Faktoria” saioan, aktualitateko gaiak ardatz. Bizkaiko metalgintzako gatazkari buruz hitz egin du, besteak beste, eta patronalaren jarrerak akordioa ezinezkotzat egiten duela esan du.

Adierazi du FVEM-ek bere esku duela grebak bertan behera uztea, baina horretarako egun mahai neg jarrera blokeatzailea gainditu behar duela. “Eros-ahalmenaren galera ekarriko duen hitzarmen bat nahi du FVEM-ek”, nabarmendu du Garbiñe Aranburuk.

“Hau da Jaurlaritzaren eskaintza metalgintzako langileentzat? Bortizkeria?”

Bizkaiko metalgintzako langileek protesta egin dute Ortuellako Tecuni enpresa aurrean, hitzarmen duin baten defentsan, LAB, CCOO, UGT, ESK, CGT eta CNT sindikatuok deituta. Enpresa honetako arduraduna Tamara Yague da, FVEM patronaleko presidentea ere badena. Hori dela eta hurbildu gara bertara, langileen aldarriak bertatik bertara entzun ditzan.

LABeko Industria sektoreko arduradun Iratxe Azkueren hitzetan, “hitzarmena blokeatzen jarraitzen duten bitartean, euren enpresak blokeatuko ditugu”. Hala, ekimen baketsuaren kontra Ertzaintzak erabilitako bortizkeria salatu du: “Hau da, hemen ikusi duguna, Eusko Jaurlaritzaren eskaintza metalgintzako langileentzat? Bortizkeria?”.

Borroka dela bidea nabarmendu du, patronalak negoziazioan eduki duinak proposatu ditzan. Hori egin ezean, datozen egunetarako iragarritako grebekin aurrera jarraituko dugula berretsi du.

FVEM-ek greba egitera bultzatu ditu Bizkaiko metalgintzako langileak

Nahiz eta joan den astean gehiengo sindikalak patronalari eskatu zion negoziazio planteamendu bat egin zezala langileen eskubideen kontra egin gabe, FVEM ez da gai izan hitzarmenaren negoziazioa bultza dezakeen jarrera bat ekartzeko gaurko negoziazio mahaira. Hala salatu dugu, ohar bateratu baten bitartez, LAB, CCOO eta UGT sindikatuok.

10 hilabete, 14 bilera eta uda aurretik egindako 3 greben ondoren, patronalak proposamen bat egin du, langileen erosteko ahalmena bermatzen ez duena. Guztira, %10eko igoera eskaintzen du 3 urteko hitzarmenerako, gehienez ere %12ko berrikuspen batekin. Azken datuen arabera, %8,9ko inflazioan gaude, iazko %6,5arekin batera, eta patronalaren planteamendua langile klasearen aurkako erasoa eta grebarako dei argia da.

Gehiengo sindikalarentzat, FVEMen proposamena arduragabea da, etxeetan ziurgabetasuna dagoenean hilabete amaierara iritsi ahal izateko, erosketa-saskia bete ahal izateko, hipotekaren edo alokairuen igoerei aurre egin ahal izateko, edo, zuzenean, datorren neguan etxeetan berogailua pizteari uko egin behar izateko. Egoera hori aprobetxatu nahi du patronalak baldintzak okertzeko, malgutasuna handitzeko gure kontziliazioari eraso eginez, aldi baterako ezintasunagatiko osagarriak murrizteko, lan-istripuak pairatzen dituztenak auzitan jarriz edo gutxieneko bermea mugatuz.

Ez dugu egoera hori onartuko. Datorren 25ean, FVEM-ek beste aukera bat du. Datozen egunetan mobilizazioarekin jarraituko dugu eta, ezer aldatzen ez bada, datorren astean lantokiak hustuko ditugu berriro eta kaleetan izango gara hitzarmen duin bat exijitzeko. Hitzarmenik gabe ez da normaltasunik egongo enpresentzat.

Sagarduik ez du legea betetzeko eta Osakidetzako behin-behinekotasuna %8ra jaisteko asmorik

Osakidetzako zuzendaritzak argi utzi du legea betetzeko eta bertako behin-behinekotasuna %8ra jaisteko asmorik ez duela. Horrela, hilabeteak daramatza egonkortze-prozesua bazar bat balitz bezala kudeatzen; legea argia denean bete beharreko irizpideei dagokienez. Zuzendaritzak interesen arabera handitzen ditu plazak, batzuetan mediatikoak, beste batzuetan politikoak.

Osakidetzaren lehen proposamenetik gaur arte, plaza berrien kopurua bikoiztu baino gehiago egin da, irizpideak berberak direnean. Horrek argi eta garbi uzten du hasieratik plantilla dimentsionatzeko eta egiturazko beharrak betetzeko aldi baterako betetzen diren milaka lanpostuak iruzur-egoeratik ateratzeko erresistentzia dagoela.

Egonkortze-prozesua ez da negoziatu, eta LAB sindikatuarentzat, Osakidetzak bere gain hartu beharko luke gutxienez gaur aipatutako 2.457 plazak baino 1.000 berri gehiago sortzea, baina zuzendaritzak ez ditu zenbaki horiek onartzen, osasun publikoa desegiteko planekin talka egiten dutelako. Osakidetzako zuzendaritzaren ustez, bideragarriagoa da Osakidetzako lanpostuak prekarizatzea eta, horrela, osasun-negozio pribatuak indartzea, osasun publikoa indartzeko behar diren plazak sortzea baino.

Osakidetzako zuzendaritza, Osasun Saila eta Eusko Jaurlaritza alferrik galtzen ari dira osasun sistema publikoa merezi duen lekuan jartzeko urrezko aukera bat. Badirudi pandemiak osasun-sistema dimentsionatu baten garrantzia erakutsi beharrean, gutxietsitako osasun-sistema baten atzean ezkutatzen den negozio-aukera erakutsi diela, eta hortik datoz azken hilabeteetan agertzen ari diren erresistentzia guztiak.