2026-05-04
Blog Page 318

Erregimenaren sindikatuek, berriro ere, hitzarmen txar bat adostu dute Nafarroako metalgintzarako

Gaurko bileran UGT, CCOO eta patronalak azken honen neurrirako hitzarmen bat adostu dute.

Ostzegun honetan, LABek Nafarroako sektoreko delegatuen batzarra egingo du, eta, honen ondoren balorazio sakonago bat egingo badugu ere, garrantzitsua iruditu zaigu, gaurkoan, urgentziazko balorazio bat egitea.

Azpimarratu behar dugun lehendabiziko puntua soldatarena da. UGTek eta CCOOk modu triunfalista batean zabaldu badute ere, esan beharra dugu ez dela inondik inora nahikoa sinatutako soldata igoera. Alde batetik, ez duelako eros ahalmena bermatzen, eta, bestetik, ez delako hau hobetzeko inongo borrokarako asmorik adierazi, eta ziur gaude hitzarmena sinatu duen gehiengo sindikal horrek mahaiko beste sindikatuekin batera mobilizatzeko prest egon izan baziren azkeneko akordio hau hagitzez hobea izanen zela.

Eta, tamalez, azpimarratu behar dugun bestze puntua atzera pausuena da. Malgutasuna handitzeaz gain, hau erabiltzeko prozedurak modu nabarmenean erraztu dira, langileak babesgabetasun egoera batean utziz.

Hitzarmen honetan garbi gelditu da zein den borrokari uko egitearen emaitza. LAB beti atzera pausurik gabeko eta eros ahalmena bermatzen duten hitzarmenak sinatzeko eta borrokatzeko prest aurkituko dute.

BETI ON telelaguntza zerbitzuko grebak 2022ko KPIa onartzera behartu du enpresa #LortuDugu

LABek eta ELAk, gehiengoa dutenak enpresa-batzordean eta lau hilabetetik gorako grebaren
bultzatzaile izan direnek, honako hau adierazi nahi dute:

Telelaguntza zerbitzu publikoak 63.000 erabiltzaile baino gehiago ditu EAEn. LABek eta ELAk
Eusko Jaurlaritzaren pribatizazio politika salatzen dute. Pribatizazioak prekarizatu egiten ditu
plantillaren lan-baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea, enpresa pribatuen esku uzten dutenak.
Hauek, euren irabaziak lehenesten dituzte edozein interesen gainetik.

LABentzat eta ELArentzat, zerbitzua irailaren 30era arte esleitu zaion TUNSTALL enpresak,
negoziatzeko borondaterik ez izateaz gain, gaitasun falta izugarria erakutsi du, ez baitu lizitazio
berrirako lehiaketan parte hartzeko behar den dokumentazioa epe barruan aurkeztu.

TUNSTALLeko Zuzendaritzaren lardaskeriak Hitzarmen Kolektiboa negoziatzeko zuzeneko
interlokuziorik gabe uzten du, zerbitzu publikoaren azken esleipenduna nor den erabakitzen
duen enpresak jarritako errekurtsoa argitu arte. Orain arte aurkeztutako eskaintza bakarra
Ilunionek eta Ibermáticak osatutako Aldi Baterako Enpresa Elkartearena da.

Enpresak egoera hori baliatu du hitzarmenaren negoziazioa irteerarik gabeko kale itsu batera
eramateko.

Hala ere, grebalarien erabakiak TUNSTALL enpresa, LABek eta ELAk osatutako greba
batzordearekin akordio batera iristera behartu du.

Akordio honek hurrengora behartzen ditu:

• Hitzarmen kolektiboaren negoziazioa berrestea, enpresa esleipenduna edozein dela ere.
• Oinarrizko soldatan 2022 osoko KPIaren igoera onartzea, hau da, % 6,4koa.
• Soldata-igoera horren erdia linealki aplikatzea. Formula horri esker, kategoria baxuenen eta
altuenen arteko aldeak murriztu egiten dira.
• Hobekuntza hau, zenbatekoa eta aplikatzeko modua, hitzarmenaren kontura mantenduko
da, enpresa esleipenduna nor den argitu eta negoziazioari berriro ekin arte.

LABek eta ELAk BETI ONen greban egon diren langileak zoriontzen dituzte egindako
borrokagatik , eta merezi duten Hitzarmen Kolektiboaren aldeko borrokan jarraitzeko indarrak
berritzera animatzen dituzte, enpresa esleipenduna heltzen denerako.

Nafarroako kirol kudeaketan deitutako grebaren lehen asteak jarraipen handia izan du

LAB, CCOO, ELA eta UGT sindikatuon oharra, gaur egindako agerraldiaren harira:

Greba mugagabea hasi eta astebetera, etenaldi masiboekin jarraitzen dugu Kirol Kudeaketaren sektorean, Iruñerriko eta Nafarroako herri askotako kirol instalazio gehienak geldiarazten ari dira. Hauek dira: Mendillorriko trinketea, Zizur Nagusia, Uharte, Burlata, Sarrberrioiguren, Perkualta, Caparroso, Jorge Aranzupa, Mutiloa.

Aste honetan zehar patronalak hitzarmenaren negoziazioa blokeatzen jarraitzen du, ez baita inoiz sindikatuekin harremanetan jarri. Ez da bilera- edo negoziazio-proposamenik egin mahaiaren gainean, eta horrek agerian uzten du AGEDENAk ez duela inolako borondaterik hitzarmen sektorialaren negoziazioaren aurrean.

Patronalaren immobilismo horren aurrean, mezu argi bat igortzen diegu udalei: kirol instalazioak kudeatzen dituzten enpresen kontratatzaile garen aldetik, enpresei negoziazioa desblokeatzeko jarrera har dezatela eta presioa egin dezatela eskatzen dugu. Eskatzen dugu, halaber, Udalek inflazio-egoerari aurre egiteko aurrekontu-partida handitu duten kasuetan, publiko egitea eta ezagutzea, sektoreko langileen artean ordaindu ez den dirua ordaindu baitiete enpresa kudeatzaileei.

Egun hauetan guztietan greba-eskubidea urratu dela salatu nahi dugu publikoki. Instalazio askok ireki dituzte tornuak eta instalazioak zabalik utzi dituzte langilerik gabe, eta huelgisten lanpostuak aldatu dira. Lan-ikuskaritzari dagozkion salaketak jarri dira, baina jendaurrean jarri nahi dugu hori berriro gerta ez dadin eta grebarako eskubidea errespeta dadin eskatzeko. Gure ustez, grebarako eskubidea urratzea oso enpresapraktika larria da, eta enrpesak zigortu egin behar dira oinarrizko eskubide bat ez errespetatzeagatik.

Kirol instalazioen erabiltzaileei ere dei egiten diegu: zuen kuotak erreklamatu eta udalei eta enpresei presioa egiten lagundu, berriz ere negoziatzera eseri ahal izateko. Proposatu ditugun gutxienekoak bermatuko dituen hitzarmena sinatu nahi dugu: hitzarmeneko urte bakoitzeko KPIaren soldata-igoera, lanaldiaren murrizketa, bajen kasuan soldata hobetzea eta benetako enplegua hobetzeko sistema, kontratazioaren prekarietatea murriztuko duena. Sektore honetan lan-prekarietatea murriztea ezinbestekoa da eta ezin diogu horri uko egin.

Sektoreko langile guztiak grebarekin jarraitzera animatuko ditugu, gure erreklamazioak bidezkoak eta arrazoizkoak baitira. Sektorea geldiarazteko, ahotsa altxatzeko eta entzunarazteko gaitasuna dugula erakutsi dugu. Merezi dugun hitzarmena lortzeko borrokan jarraituko dugu.

Garbiñe Aranburu: “Bere erantzukizuna onartu eta EAEko etxeko langileen hitzarmenaren negoziazio prozesua zabaltzeko exijitzen diogu Confebaski”

Confebaskek EAEko etxeko langileen lehen hitzarmenerako negoziazio mahaia irekitzeari uko egin zionez, LABek demanda jarri zuen eta gaur epaiketa egin da. LABek elkarretaratzea egin du Bilboko epaitegien aurrean, sektoreko milaka langileentzako hitzarmen kolektiboa eskatzeko. Garbiñe Aranburu koordinatzaile nagusiak “erantzukizuna bere gain hartzeko, distrakzio-teknikak alde batera uzteko eta negoziazio-prozesua zabaltzeko” exijitu dio Confebaski.

Aranburuk adierazi duenez, “eskubideez hitz egiten ari gara, eta Confebaskek, bere jarrerarekin, bere erantzukizunari ihes egiten dio. Milaka emakumeri langile izaera eta lan-baldintzak arautzeko eskubidea ukatzen die. Badirudi Confebaskentzat onargarria dela langile horiek, gehienak emakumeak, migratuak eta arrazializatuak, gainerako langileek baino eskubide gutxiago izatea”.

LABeko koordinatzaile nagusiak gaineratu duenez, “gure ustez, gizarte gisa, ezin dugu onartu zaintza-lana, guztiz beharrezkoa eta ezinbestekoa baita bizitzari eusteko, egungo baldintzetan egitea. Ezin dugu lan-esplotazio hori onartu”.

“Errealitate horrek gizarteko eragile eta estamentu guztiei eragiten digu. LABek bere gain hartzen du dagokion zatia, eta, horregatik, bide guztiak erabiltzen jarraituko dugu, bide penala, ekintza sindikala, interpelazio politikoa eta gainerako sindikatuekiko eta mugimendu feministarekiko aliantzak, etxeko langileen eskubideak bermatzea lortu arte eta beren lana behar bezalako aitorpen politiko, ekonomiko eta sozialarekin garatu ahal izatea lortu arte”, gaineratu du Aranburuk.

Gipuzkoako grafikagintzako hitzarmenean 2021eko soldata igoerak %0,75 izan behar duela ebatzi du Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiak #LortuDugu

Jakin berri izan dugunez, Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du Gipuzkoako Grafikagintzako sektore hitzarmenean 2021eko soldata igoerak %0,75 izan behar duela, KPI negatiboa izateagatik murrizketarik gabe. Gipuzkoako Grafikagintzako sektore hitzarmenean, 2021 urterako hitzartu zen soldata igoera aplikatzerakoan, Adegi patronalak KPI negatiboa zenez, ez zuen adostutako %0’75eko soldata igoera aplikatu nahi izan: KPI -%0’50ekoa izan zela argudiatuta %0’25eko igoera aplikatu nahi zuen. Gipuzkoako Grafikagintza sektorean adostu zena, KPIaren igoeraz gain, %0’75eko soldata igoera izan zen.

Hitzarmenean ordezkaritza dugun sindikatuetatik, soilik LABetik jo genuen epaitegira Adegiren erabakiarekin ados ez geundelako. Orain ebatzi den epaiak argi uzten du grafikagintzako langileek %0’75-eko soldata igoera edukitzeko eskubidea dutela, bere egin baititu aurkeztu genituen argudioak.

Oinarrizko produktuetan gertatzen ari den garestitze izugarriak direla eta, ezinbestekoa deritzogu bai ekintza sindikalean, zein negoziazio kolektiboan nahiz epaitegietan, aberastasunaren banaketaren alde egitea eta langileen eros ahalmena bermatzearen alde borrokatzea. LABek horretan jardungo du.

Enplegu eta soldata publiko duinak negoziatu ahal izatea aldarrikatu dugu

EAEko Funtzio Publikoaren Mahai Orokorraren bilera deituta zegoen gaurko, eta LABek beste mobilizazio bat egin du Lakuan. Enplegu publikoa, erosahalmena eta eremu bakoitzean bertan negoziatzeko eskubidea izan dira aldarrikapenak, ikasturte honetan ere borrokatzen ari garen ildoak. Beste behin Eusko Jaurlaritzak negoziaziorako borondate eza argi utzi du edukietan eta formetan.

Edukiei begira, Madrilek agindutako soldata murrizketak zintzo betetzen jarraituko du hemen negoziatzeko duen borondate falta ezkutatuz. Langileok 2021 urtera arte galdu dugun %15eko diru galeraz ez du hitz egin nahi, eta hurrengo urteetarako erosahalmen galera ekarriko duten Madrileko igoera ez nahikoak inposatuko dituzte. Diru-bilketa handia egin dutelako ahoa bete, baina langile publikoon soldata ere bestelako gastuetarako erabiltzen jarraitu nahi dute. Txanda kontratua langile publiko guztiei zabaltzeko aukera ere baztertu egiten du. Enplegu planik ere ez dutela negoziatu nahi argi dago, eta Europako eta Madrilgo aginduak betetzera mugatuko dira, euskal administrazioetan dauden lanpostu gabeziak, prekaritate egoerak eta iruzurrak mantenduz.

Formari begira, bilera bi eguneko aurreabisuarekin egin izana salatu nahi dugu. Berria ez den jokabide honek oinarrizko eskubidea den Negoziazio Kolektiboaren Mahaia aurrekontu autonomikoei begirako tramite huts bihurtu du.

Hauek dira beste behin Eusko Jaurlaritzaren ikasturte honetarako ildoak. Eroso dago errezeta neoliberal zaharkituak ezartzen, negoziazio kolektiboaren ukazioaren ardura gainetik kenduz, baina berak ere ematen ez dituen gezurrezko aurrerapausoekin propaganda egiten.

Pasa den ostiralean eta gaur egindako elkarretaratzeei jarraituz, LABek negoziazio kolektiboa eta mobilizazioak bultzatzen jarraituko du, Eusko Jaurlaritzak eta beste euskal erakundeek dituzten eskumenei uko eginez duten madrilekiko duten menpekotasun jarrera lotsagarria aldarazteko. Gaurko bilera ere antzerki hutsa izan da, aurkeztutako neurri guztiak dekretuz onartuko dituztela lotsarik gabe onartzen jarraitzen dutelako, eta langile publikoen eros ahalmena urratzen jarraitzen dute. Euskal Herriko administrazio eta enpresa publiko guztietan «Enplegu publiko duina, erosahalmena bermatu, berton erabaki» aldarrikatuko dugu.

Azpikontratazio kateen beste biktima bat

Beste lan ezbehar hilgarri bat deitoratu eta salatu behar dugu, kasu honetan Donostian. Aurtengo 63. hildakoa lan istripuan, hain zuzen. Urriaren19an, 64 urteko langilea istripu ez traumatikoz hil zen lanean ari zen bitartean. Lehenik eta behin, gure elkartasuna eta samina adierazi nahi diegu senide, lagun eta lankideei.

Gure datuen arabera, pasa den urriaren 19ko goizean, Acuña enpresarentzako lanean ari zen baina autonomo bezala altan emanda zegoen S.A. langilea, gaizki sentitu eta une batetik bestera hil zen tokian bertan. Otxoki pasealekuko lanetan, Donostiako Udala bera da promotorea eta ejekuzioa azpikontratatu egin du. Era berean, badirudi azpikontratak ere azpikontratatutako autonomoak erabiltzen dituela, eta honela ematen da lan osasun ezbeharren kate klasikoa. Kate honen baitan, lan osasun ardura eta betebeharrak azkenean ez dira kontrolatzen, ez dira betetzen.

Modu honetan, LAB sindikatutik irmoki salatu nahi dugu, Donostiako Udalak ez dituela bere promozioko lanetan nahikoa babes eta prebentzio neurri ipintzen eta azpikontrata kate luzeak onartzean, langileen lan baldintzak okertzeaz gain, prekaritatea areagotzeaz gain, lan osasun araudiaren betearaztea oztopatzen duela.

Azken urteetan Euskal Herrian, 5 eguneko langile bat hiltzen da istripuz. Egoera larri honen atzean ez dugu Eusko Jaurlaritzaren inongo adierazpenik eta neurririk ikusten. Pentsa dezakegu zer erantzun emango lukeen Jaurlaritzak 5 egunean behin enpresari bat hilko balitz lanean?

Honela, datorren asteartean, urriaren 25ean, eguerdiko 12:00etan Donostiako Udaleko enpresa-batzordeak, udalaren aurrean deitutako elkarretaratzean parte hartzea dei egiten diogu euskal langileagoari.

Euskal presoen etxeratze prozesua gauza dadin aldarrikatu dugu Bilbon

Kartzela politika aldatu eta salbuespen neurriak bertan behera uzteko helburuarekin 2018ko abenduan hasitako dinamikaren barruan, LAB, ELA, UGT, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, EHNE, HIRU eta Etxalde sindikatuok elkarretaratzea egin dugu Bilbon, Plaza Eliptikoan, “Etxera bidea gertu” lemarekin.

Hitzarmen duin bat aldarrikatu dugu Arabako ardogintza sektorerako

Ardogintza sektoreko hitzarmenaren alde egingo ditugun hiru mobilizazio egunetatik lehena egin dugu gaur, LAB, CCOO eta UGT sindikatuok deituta. Horrela, Bastidako bus geltokitik abiatu den kotxe-karabana bat egin dugu, Garcia Carrion, Baigorri, Izadi eta Luis Cañas upategietatik pasatuz. Era berean, azaroaren 10ean beste martxa bat egingo dugu Laguardiako Huerta Viejatik eta abenduaren 1ean, Cvne aurrean mobilizatuko gara.

2022ko otsailean, Arabako Ardoaren Industria eta Merkataritza Sektorearen hitzarmena negoziatzen hasi zen. Sektore honek mila bat pertsonari eragiten die Araban, eta eragin handiena Arabako Errioxan du. Horrela, bada, hitzarmen horrek inguruko familia askoren lan-baldintzak arautzen ditu.

Bertan behera utzitako bileren ondoren, LAB, CCOO eta UGT sindikatuok erabaki genuen 2021ean egin zen bezalako negoziazio eta mobilizazio-dinamikari jarraipena ematea. Dinamika horrek gaur egun indarrean dagoen hitzarmena lortu zuen. Formula horrek arrakasta izan duela erakutsi du, sektorean lan egiten duten pertsonek eskatzen dutena izateaz gain. Ezin bestela izan, intersinikal horretan parte hartzeko gonbidapena egin zitzaion ELA sindikatuari, hasiera-hasieratik, ekainean, baina sindikatu horrek uko egin zion proposamenari. Ez zen eseri ere egin edukiei eta mobilizazioei buruzko balizko akordioez hitz egiteko. Hala ere, berriro ere dei zintzoa egiten diogu ELAri bat egin dezan.

Hala eta guztiz ere, negoziazioa ez da eman beharko lituzkeen fruituak ematen ari, modu artifizialean atzeratuz. SEAk eta ordezkatzen dituen upeltegiek badakite hitzarmen berriaren edukiak non dauden:

• Sektorean lan egiten duten pertsonen erosteko ahalmena bermatuko duten soldata-igoerak.
• Lanaldia jaistea. Urte asko daramatzagu ordu bakar bat ere jaitsi gabe. Ordua da.
• Bajen osagarriak hobetzea.
• Aldizkako kontratu finkoak dituzten pertsonen baldintzak arautzea.
• Berdintasun-planak, lan-osasuna, kontziliazioa, etab.

SEAk aurkeztutako lehenengo proposamenak igoera finkoen eta ez-finkoen formula bat planteatzen zuen, eta erabat baztertua izan zen sindikatuetatik. Upategiek ematen ari diren KPIaren zifrak beren gain hartu ahal izateko, 3 sindikatuek hitzarmena 2 urtetik 3 urtera luzatzea onartu zuten. Baina, horri erantzunez, patronalak formula bat proposatu du, lehenengo proposamenean aurkeztutako igoera berberak banatzeko, KPIa topatuta.

Horregatik, LABek, CCOOk eta UGTk dei egiten diegu sektorean lan egiten duten pertsona guztiei datozen asteetan egingo diren mobilizazioekin bat egin dezaten, bertan lan egiten duten pertsonek merezi eta behar duten hitzarmena lortzeko. Inguruko biztanle guztiei zabaltzen diegu: auzotarrei, ostalariei, beste sektore batzuetako langileei.

Azkenik, jakinarazten dizugu urriaren 28ko bilerak negoziazioa berriro bideratzen ez badu, adostutako mobilizazioen intentsitatea handitzeko aukera aztertuko dugula intersindikaletik. Pilota upategien eta SEA patronalaren teilatuan dago.