2026-01-14
Blog Page 314

Bi laneko heriotza izan dira bi egunetan

Lehenengoa ekainaren 30ean izan zen, Luiaondon. Furgoneta bateko gidaria trafiko-istripu batean hil zen, antza denez Portugaleteko azoka txikian salmentalanak egin ondoren etxera itzultzen ari zela. Eta bigarrena uztailaren 1ean, Zornotzako
Aludium (garai bateko Alcoan). Makineria mantenuan ari zen azpikontrata bateko langile batek bizia galdu du makina gainera erori zaionean. Azken bi hauekin, gutxienez 42 dira urte hasieratik Euskal Herrian hildako langileak. Lehenik eta behin LAB sindikatutik gure elkartasuna eta babesa helarazi nahi diegu hildakoen senide eta lankideei.

Gertatutakoa ez da berria, urtero ditugu honelako lan istripuak. Azpikontratako langileak hil egiten dira lan baldintza kaskarrengatik. Ez dago aitzakiarik hiru lanegunetik behin langile bat hiltzeko. Argi daukagu lan istripuak ez direla zoriak edo kasualitateak sortuak, ematen diren lan harremanen, prekarizazioaren, lan arautegiaren eta azpikontratazioaren emaitza dira.

Langileok bizi ahal izateko egiten dugu lan eta ez saiakera horretan bizia galtzeko. Lan istripuak ez dira bizitzako gertakari arruntak. Langile bat hiltzea ez da lanaren ezaugarri bat. Ez, lan istripuak patronalak lan egiteko orduan ezartzen dizkigun baldintza eta lan egiteko moduen emaitza dira.

LAB sindikatutik argi dugu, bizi eta lan duinak behar ditugu, lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu. Norbanakoena, familiena eta gizarte osoarena den lakra honekin bukatzeko bide bakarra borroka eta antolakuntza dira. Lan harremanen eta joku arauen aldaketa batetik etorriko da aldaketa. Eredu berri bat gauzatu behar dugu, langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko dituena ekonomia- eta ekoizpen-irizpideen gainetik.

Horretarako, lanean jarraituko dugu lan-istripu hauei eta guztiei erantzuteko, kontzientziazioa eta mobilizazioa baitira bide bakarra

Arkautek Donostiara bidalitako udako udaltzain berri ia guztiak erdaldun elebakarrak dira

Donostiako Udaleko Euskara Batzorde Teknikoaren azken bileran LABek irmotasunez salatu zuen Donostiako Udalak onartu berri duen Arkauteko akademiatik bidalitako udako udaltzain berrien zerrendan, 60 bat udaltzain berrien artean, %90ak ez dakiela euskaraz eta, beraz, ez dutela dagokien Hizkuntza Eskakizuna betetzen. Gauzak horrela, ez dira herritarren hizkuntza hautua errespetatzeko gai.

Ez da arazo berria, urtez urte Arkautek bidaltzen dituen udako udaltzainen artean beti izaten baitira euskara ez dakitenak. Gauzak da azken hiru urteotan egoera okertzen joan dela, hasieran salbuespena zena egun gehiengo handia bihurtuz. Gauzak horrela Donostian herritarren hizkuntza eskubideak etengabe bortxatuko dira uda honetan, euskaraz egin nahi duten herritarren hitzak ulertzeko gai ez diren eta euskaraz erantzuteko inolako ezagutzarik ez duten udaltzainez beteko baita Donostia.

LABen aldetik salatu nahi dugu Arkautek bidalitako zerrendak ez dituela inondik inora kontratazio hori bideratzeko baldintzak betetzen eta, beraz, ez dugu ulertzen Donostiako Udal Gobernuak nola onartu duen Arkauteren eskaintza. Izan ere, Udalak berak finkaturiko baldintzak hankaz gora bota ditu Udalak, segurtasunari lehentasuna eman behar dio aitzakia erabiliz. Jokabide hori prebarikaziotik ez dago urruna. Horren guztiaren aurrean, kontratazio hori bertan behera utzia izan dadin eskatzen diogu Donostiako Udalari eta bere premiazkoa deialdia egin dezan eskatzen dugu..

Izan ere, irtenbidea, egon badago. Donostiako Udalak, bere deialdia egin beharko luke, udan lan egingo luketen udaltzain euskaldunen lan poltsa osatzeko. Hori izan da duela hiru urte arte egin izan duena. Horretarako aukera du eta hautagai horiei formakuntza saioa emateko modua ere badago. Egun asko dira Euskal Herrian Arkautetik pasa gabe horrela jokatzen duten Udalak. Borondate politikoaren kontua da.

Honengatik guztiarengatik, Donostiako Udaleko Langile Batzordeak Eneko Goia alkateari Arkautek bidalitako udako udaltzainen zerrenda bertan behera utz dezan eskatzen dugu eta ahalik eta azkarren udako udaltzainen lan poltsa osatzeko deialdia egin dezala eskatzen dugu.

Patronalari negoziazio mahaian eseri eta edukiak eskaintzeko exijitu diote berriro Bizkaiko metalgintzako langileek

Urteko hirugarren greba eguna egin dute Bizkaiko metalgintzako langileek, osteguneko mobilizazio egunari jarraipena emanez. Lantokiak hustu eta kaleak bete dituzte berriro, hitzarmen duin baten defentsan. Patronalari negoziazio mahaian eseri eta edukiak eskaintzeko exijitu diote Bilbon egindako manifestazio jendetsuan.

Hain zuzen ere, Bizkaiko hainbat enpresa esanguratsuetan produkzioa eten egin dute: ITP, Arteche eta Estampaciones Bizkaia enpresetan, besteak beste. Enpresa txiki askotan ere grebaren jarraipena zabala izan da.

Tamalez, berriro ere, bidezkoa den hitzarmen bat lortzeko eskubidea zapaldu nahi izan dute. Gogor salatu nahi dugu poliziaren basakeria, greba egun hauetan langileon eskubideen aurkako jarrera bortitza, kolpeak, identifikazioak, miaketak, katxeoak, atxiloketak eta abar. Aski da!

FVEM patronalak gatazkaren aldeko apustua hartu duela argi dago eta bere jarrera alboratzea exijitzen diogu. Egun hauetan kalera irten eta borrokan aritu diren milaka langileen aldarrikapenak entzun ditzala eskatzen diogu. Langileok argi dute: bidezkoa den hitzarmen bat lortu bitartean borrokan jarrraituko dugu.

Patronalaren mehatxuak edota poliziaren bortizkeriak ez gaituzte kikilduko. Izan ere, Bizkaiko metalgintzako langileek, Euskal Herrian borrokan dauden beste hainbat sektore eta herrialdeetako langileek bezala, lan eta bizi baldintzak okerrera egin ez dezaten borrokan tinko jarraituko dute.

Zailtasun guztien aurrean, patronalaren eta poliziaren mehatxu eta presioen aurrean, langileen arteko elkartasuna eta konpromisoa gailendu dira. Grebak jarraipen zabala izan du eta hitzarmen duinaren aldeko borrokan urrats garrantsitsua eman dugu. FVEM patronalari dagokio orain erantzukizunez urrats berriak ematea. 

Hitzarmen duin baten aldeko aldarria ADEGIren egoitzara eraman dute Gipuzkoako helduen egoitzetako langileek

Beste bi greba egun egin dituzte Gipuzkoako langileek aste honetan, beste bi mobilizazio egun hitzarmen duin baten eta kalitatezko zerbitzu baten defentsan. Negoziazio mahaiaren blokeoa bezperan modu ikusgarrian salatu ondoren, manifestazioa egin dugu ostiralean Donostian, eta ADEGIren egoitzara jo dugu langileek bizi duten egoera jasanezina berriro ere salatzeko.

Ez gara Osakidetzako Mahai Sektorialean izan, gai zerrendan ez baitira sartu sindikatuok proposatutako puntuetako bat bera ere

Sindikatuon oharra:

Osakidetzako LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT, ESK eta SME sindikatuok, aho batez, ez dugu parte hartu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ostegun honetarako, uztailaren 30erako, 09:30erako deitutako mahai sektorialean, ez baitira sartu sindikatuok proposatutako puntuetako “bat bera ere” gai-zerrendan. Bereziki deigarria da Osakidetzak Lehen Mailako Arretaren egoera hobetzeari buruzko aldarrikapenik jaso ez izana, zenbait osasun-zentrotan mobilizazioak egin eta Bilbon manifestazio jendetsu bat egin eta egun batzuk geroago, joan den igandean, hilak 26, Euskadi osotik etorritako euskal erakunde publikoko milaka profesional bertaratu baitziren, auzo-elkarte eta -plataforma askoren babesarekin.

Horrela, “sindikatuok berriz ere adierazi diogu Osakidetzako Zuzendaritzari uko egin diogula euskal erakunde publikoak deitzen dituen bilera sektorialetan parte hartzeari, gure aldarrikapenei buruzko benetako negoziaziorik ez dagoen bitartean. Izan ere, bilera horiek edukirik gabekoak dira eta propaganda-kutsu argia dute; izan ere, ohikoa denez, informazio guztia aldez aurretik komunikabideei helarazten zaie”.


24 ordu baino gutxiago

Joan den ekainaren 27an, “sindikatuok komunikatu bat bidali genion Giza Baliabideen Zuzendaritzara, gure aldetik aztertu beharreko gaien zerrendarekin”. Gai horiek guztiak bat datoz azken hilabeteetako aldarrikapenekin, eta Euskal Osasun Zerbitzuaren egiturazko arazo larriak konpontzera bideratuta daude. Berriz, atzo, 15:00ak pasata, jaso zen behin betiko gai-zerrendaren berri izan ondoren, hau da, 24 ordu baino gutxiagoko aurrerapenarekin, “proposatutako gaiak sakon aztertzeko aukera ematen duen Euskadiko Osasun Zerbitzuaren gairik ez dugu jaso”.

Horregatik guztiagatik, “sindikatuok eskua luzatzen diogu berriro, eta benetan, Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuari, behingoz abian jar ditzan benetako negoziazio kolektibo eraginkorra berreskuratzeko bideak eta/edo mekanismoak, euskal langileei eta herritarrei benetan interesatzen zaizkien gaiei erantzuteko”.

Ildo beretik, “sindikatuok euskal gizarteari, oro har, jakinarazi nahi diogu duela hilabete askotatik egiten ari garen borrokaren ardatza lan-baldintzak ez ezik, sindikatu deitzaileok uste dugula langileak eta erabiltzaileak elkarrekin mobilizatzen garela gure osasun-sistema publikoaren narriaduraren aurrean”.

Azkenik, LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek berretsi egiten dute erabateko konpromisoa dutela euskal osasun publikoarekin eta Eusko Jaurlaritzaren aldetik jasaten ari den erasoen aurka. Horrekin batera, “argi eta garbi esaten dugu mobilizatzen eta borrokatzen jarraituko dugula Osakidetzak propagandarako tresna izateari utz diezaion, eta langileen beharrei eraginkortasunez erantzun diezaien, EAEko herritarrez gain”, sindikatuek ondorioztatu dutenez.

Bizkaiko eta Arabako metalgintzako langileek lantokiak gelditu dituzte kaleak betetzeko

Bizkaiko eta Arabako metalgintzan borrokan ari dira, lan hitzarmen duin baten defentsan. 70.000 langile inguru deitu ditugu grebara, eta mobilizazio egunak jarraipen zabala izan du bi herrialdeetan. Sindikatuok mezu garbi bat helarazi diegu patronalei: bidezkoa den hitzarmen bat lortu bitartean borrokan jarraituko dugu.


Hilabeteko greba egingo dute uztailean BetiON zerbitzuko langileek, hitzarmen duina lortzeko helburuarekin

LAB eta ELA sindikatuon oharra:

BetiON, EAEko Telelaguntza zerbitzu publikoko langileok grebak egiten ibili gara martxotik. Enpresako jabeekin egindako azken bilera atzo izan zen, eta negoziaketen egoera ikusita, uztailaren 1ean hasita hilabete osoko greba deialdia egitea beste aukerarik ez dugu ikusi LAB eta ELA sindikatuok.

Duela aste batzuk, Eusko Jaurlaritzak zerbitzu honen lehiaketa ireki zuen, eta enpresak egoera hori baliatu nahi du hitzarmenik sinatu ezin dela esateko. Adierazi digunez, esleipena haiena izan arte, hitzarmenik sinatu ezin dutela diote. Oraingoan gobernuak aurreikusitako aurrekontua 71 miloi euro eta erdikoa da (BEZik gabe).

Aurreko urteko azaroan hasi genituen negoziaketak, eta gaur arte, une bat bera ere ez da egokia izan zerbait adostu eta aurreratzeko. Gaur egun zerbitzua ematen duen enpresa taldeak 41 milioi euro jaso ditu zerbitzua ematearen truke.

Eusko Legebiltzarrean egon ginen gure egoera eta zerbitzuaren egoera zein den azaltzeko, eta argi daukagu bera ere dela gatazka honi irtenbidea emateko ardura duen aldeetako bat; aurrekontuaren zenbatekoa adostea (71 milioi euro) eta pribatizazioa bere aukera izan diren bezala.

Oinarrizko zerbitzua da langileok ematen duguna, eta agerikoa da grebak ondorio zuzenak izaten ari direla zerbitzuaren kalitatean, azkartasunean, eta ondorioz, zerbitzua ematen diegunengan.

Guk hilabeteko greba egingo dugu, gure lan baldintzek etenda jarraitzen dutelako. Borrokan jarraituko dugu hitzarmen berria lortu arte, orain arteko bidea emankorra izan da, eta greben jarraipena ere. Aurrera!

Donostiako Amarako sarrera moztu dugu, Gipuzkoako helduen egoitzetako negoziazio mahaia blokeatuta dagoela salatzeko

Greba uholdea dugu Euskal Herrian, sektore feminizatuetan ere, aspaldidanik gainera. Horixe da Gipuzkoako helduen egoitzetako borrokaren kasua. Hain zuzen ere, greba egunak deitu ditugu ekainaren 30 eta uztailaren 1, 14 eta 15erako, hitzarmen duin baten defentsan.

Greba sorta honetako lehen egunean, ekintza egin dugu Donostian, Amarako sarreran. Errepidea blokeatu dugu, negoziazioa bera blokeatuta dagoela salatzeko. Mezu garbi bat helarazi diogu patronalari: borrokan jarraituko dugu, langileen lan baldintzak duindu eta kalitatezko zerbitzu bat eskaini arte.

Egoera jasanezina

Gipuzkoako egoitzetako egoera jasanezina da. 5 urte baino gehiago luzatu den gatazka honi, Covid-19aren izurriteak izan duen eragina gehitu behar diogu. Jadanik larria zen egoera jasanezina bihurtu da eta urgentziazkoa da irtenbide duin bat erdiestea: egoerak eskatzen duelako eta sektoreko langile zein egoilarrek merezi dutelako.

Argi dago egoera hau, zerbitzu publikoen pribatizazioaren, lan prekaritatearen eta sektore feminizatuek duten errekonozimendu sozial eta ekonomiko ezaren ondorio dela. Gainera, hau ez da sektoreko langileen eta patronalaren arteko lan gatazka soil bat; gipuzkoar guztioi eragiten digun auzi soziala baizik, kalitatezko zaintza zerbitzuak jasotzeko eskubidea edota zaintza lanak baldintzarik duinenetan egitekoa urratuak izaten ari direlako.

2 urteren ostean erabat blokeatuta zegoen negoziazio mahaia aktibatzen saiatu gara, baina patronalaren jarrera, proposamenik ez egitea, alegia, negoziaziorako duen borondatearen erakusle da. Patronala oso urrun dago sektoreko egoerari dagokion irtenbide duin bat emateko. LAB sindikatutik salatu nahi dugu, patronalak negoziazio mahaia gatazka betikotzeko erabili nahi duela eta hori onartezina dela.

Halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiaren erantzukizuna ere azpimarratu nahi dugu; haiei dagokie orain mahaia desblokeatzeko pausuak eman eta irtenbidea erdiesteko proposamenak mahai gainean jartzea. Edukiez hitz egiten hasteko momentua den honetan, borondateetatik haratago, proposamen errealak mahai gainean jarri ezean, ez da aurrera pausurik emango negoziazio pozesuan.

LAB sindikatutik behin eta berriz errepikatu dugun moduan, Herrialdeko Lan Hitzarmena eta ratioen hobekuntzak ezinbesteko baldintzak dira gatazka honi irtenbidea emateko.

Sektoreko langileek aurrera daramaten borroka nekaezin eta eredugarria babestu eta presio sozial zein sindikala biderkatzeko unea da. Horregatik, ezinbestekoa da langile guztien inplikazio eta elkarlana, batasun sindikaletik hasi eta egoiliarren senideen elkarteen zein mugimendu sozial ezberdinen artean aliantzak eraikitzeraino.

Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmenaren blokeoaren aurrean mobilizazioa da irtenbide bakarra

Gaur, LABek deituta, Gipuzkoako eraikuntzako intersindikala egin dugu hitzarmenak bizi duen blokeo egoeraren aurrean estrategia mobilizatzaile bateratuak adosteko.

Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmena, sei bileraren ondotik, blokeo egoera batean dago. Egia da azken aste luzeetan, patronalak plataformetan agertzen ziren hainbat proposamen onartu egin dituela. Baina egia da ere, gaur eguneko egoerak markatzen dituen lehentasunezko eta sindikatu guztiak konpartitzen ditugun aldarrikapen batzuk ez dutela inongo aurrera pausorik. Soldata igoeraren proposamena KPIa bermatzetik oso urrun dago eta patronalak argi eta garbi adierazi du ez dela inongo lanaldi murrizketarik egonen.

Egoera honen aurrean, gaur, LABek deituta, negoziaketa mahaian gauden sindikatuen bilera egin dugu. Bertan egoeraren irakurketa konpartitua izan da eta baita elkarren artean deitutako mobilizazioen eta lanuzteen beharra ere. Horiek adostu, antolatu eta udan zehar egitera konprometitu gara eta hurrengo asteetan, adostasun horien berri emanen dugu.

LABek, beti bezala, batasun sindikalaren alde eginen du langileen baldintzak duintze aldera eta eraikuntzako hitzarmen honetan hori ezinbestekoa izanen da.