2026-01-15
Blog Page 313

Sindikatuko Gipuzkoako suhiltzaileek negoziazio mahaiara bueltatzea eskatu diote Eider Mendoza Aldundiko Gobernantza diputatuari

Gipuzkoako LABeko suhiltzaileek Aldundiko Gobernantza diputatuari adierazten diote luze jardun dutela negoziatzen, Suhiltzaile Zerbitzuak pairatzen dituen hainbat egoerari irtenbideak aurkitu nahian. Hausnarketa hori ez da eurena soilik izan, Eider Mendoza berak ere aitortu izan baitu Zerbitzuaren egoera kezkaz bizi duela.

Hala eta guztiz ere, ordea, alde bakarrez erabaki du Mendozak irekita zuten negoziazio mahaia etetea, erretiro aurreratuko sariak kentzea erabaki ondoren (hori ere alde bakarrez), langile multzo bat Aldundiaren bulegoetan protesta egin zutelako.

Suhiltzaileoi dagokienez, hauek adierazten dute elkarrekin egin duten bide honetan hainbat egoera bizitzea egokitu
zaiela:

  • Buruzagitza faltak eragindako norabide eza jasatea (8 lagunen lana 6 edo 5ek egiteraino).
  • Irratiko langileei (Bai Esan) agindutakoak haizeak nola eraman dituen ikustea; bulegoko administrarien lan zama itxuragabeki hazi dela antzematea.
  • Suhiltzaileen Enplegu Publikoaren Eskaintza Aldundian bertan kudeatzeko aukerari Jaurlaritzak eta Aldundiak atea aspaldi itxi zietela irakurtzea.
  • Planifikazio txar baten ondorio diren langile gabeziak eragindako hutsuneak betetzea (SMSen erabilera ez egokia bultzatuz).
  • Horri aurre egiteko korrika eta presaka egin diren Arkauteko prestakuntza ekintzek eragindako hutsunean parkeetan borondatez osatzea.
  • Suhiltzaileek prestakuntzarako duten bide bakarra –autoprestakuntza– nola eten den bizitzea.
  • Prestakuntzako orduak bete ezinda geratzea (urte hasieratik egutegian finkatuta egon behar luketen arren).
  • Arroparen kudeaketa.
  • Botikina.
  • Eta, borondatez egiten diren beste hainbat lan egiten dituzten lankideak erretzen ari
    direla sentitzea.
  • Hori guztia gutxi ez, eta azken egun hauetan, poltsako lankideak etxean geratu beharra izan dutela ikustea, lanerako arropa ez
    zaielako eman. Horren ondorio dira ordezkatu gabeko bajak eta lizentziak; 4 kideko taldeak osatu beharra 5ekoak izan ordez, eta gure segurtasuna kaltetzea; eta, batez ere, lanean beharko luketen lankideak etxean eta lanik gabe uztea.
  • Alabaina, egoera negargarria izan arren, negoziazio mahaian jarraitu dute langileen ordezkariek, uste dutelako hala jokatu behar dutela, herritarrei eskaini beharreko zerbitzu publiko honek hala eskatzen dielako, euren lanbidean sinisten dutelako.
  • Jakitun dira alde batek eta besteak erakusten ari diren jokabidea konparatzen ari direla, ekintza desberdinen eragin maila neurtzea oso zaila den arren, baina adierazten dute bakoitzak atera ditzala bere ondorioak. Negoziazio mahai bat osatzen duten guztiei dagokie egoerak eskatzen duen maila ematea.
  • Zentzu horretan, orain eta suhiltzaileen negoziazio mahaiari dagokionez, egoerak eskatzen duen jokabide mailatik urrun geratu dela leporatzen diote suhiltzaileek Mendozari.
  • Horregatik Mendozari eskatzen diote atzera egin dezala hartutako erabakian eta itzul dadila Suhiltzaile Zerbitzuko negoziazio mahaira.

Grebaren %95ko jarraipena eta produkzioa geldituta Mercedesen, hirugarren egunez jarraian

Aste honetan hiru greba egun dituzte Gasteizko Mercedeseko langileek, enpresaren zuzendaritzak inposatu nahi dien 6. gauaren kontra eta KPIaren araberako soldata-igoera aldarrikatuz. Enpresaren mehatxuei entzungor egin eta grebaren jarraipena ia erabatekoa ari da izaten, %95ekoa, eta ondorioz, lantegiko ekoizpena gelditzea lortu dute langileek.

Atzo, negoziazioak eten zituen zuzendaritzak langileek grebekin jarraitzen zutelako, baina honek ez  ditu langileak kikildu eta gaurkoan ere aurreko egunetako jarraipen beretsua izan du grebak. Gainera, oso mobilizazio jendetsuak ari dira egiten. Atzo bertan, Gasteizko lantegitik Eusko Jaurlaritzaraino egin zuten manifestazioa eta gaur, Lehendakaritzatik Parlamenturaino mobilizatu dira.

Akordio batera ailegatu gara Cementos Rezolako epaiketan eta langileek ez dute inongo zigorrik izanen

Gaur egin den epaiketan ailegatu garen akordioaren ondorioz, langileek ez dute zigorrik izanen. Epaitegiaren aurrean langile andana elkartu da auziperatuei babesa emateko.

Grebaren gehiegizko erabileraren aitzakipean, Cementos Rezolak egindako salaketaren ondoriozko epaiketa egin da gaur Donostian. Atzo, langile talde batek lantegiaren aurrean dagoen errepidea moztu zuen salaketa eta elkartasun ekintza moduan. Gaurkoan, elkartasun horrek segida izan du eta epaitegiaren aurrean langile talde handi bat elkartu da epaiketa luzatu den lau ordu guztietan zehar, 92 urteko langile ohi bat barne.

Zorionez akordio batera ailegatzeko aukera egon da eta auziperatuta zeuden 6 langileek ez dute inongo zigorrik izanen grebaren eskubidearen erabileraren ondorioz. Ez dugu ahaztu behar salatuta zeuden greba deialdi horiek hitzarmenaren negoziaketaren harira eman zirela, lanpostu suntsiketaren kontra.

Salatutako ordezkariek eta lankideek garbi dute enpresaren aldetik eman den mehatxu honek ez dituela kikilduko eta lantegiaren etorkizuna bermatzeko ezinbestekoa den lanpostuen defentsaren aldarrikapen hori borrokatzen jarraituko dutela, grebaren bitartez edota beharrezkoa izanen den beste edozein borroka molde erabiliz.

Cementos Rezolako langileek duintasun eta elkartasun erakustaldia egin dute, hauek mantenduz borrokan jarraituko dute, etorkizuna eta lanpostu duin batzuen alde.

Pertsona migranteentzako bide seguruak aldarrikatu eta Eñaut Aramendi sindikatuko kidearen atxiloketa salatzen dugu

Behin baino gehiagotan salatu izan dugu Irun eta Hendaia arteko muga militarizatua pertsona migratuentzako heriotza zigorra bilakatzen ari dela. Urtea hasi denetik gutxienez 7 dira muga zeharkatzeko ahaleginetan hildako pertsonak. Gerra, pobretze eta miseriatik ihes egitera behartuta, gurera heldu eta Euskal Herrian inposatua den mugan gainditu ezineko oztopoak aurkitzen dituzte.

Poliziaren kontrol arrazistek, eta oro har migrazio politika hiltzaileen ondorioz, egunero muga zeharkatzeko haien  bizia arriskuan jartzera behartuak dira migrazio prozesuan dauden pertsonak.

Borondate politiko falta nabaria da euskal instituzioen aldetik. Euskal Elkargoa zein Eusko Jaurlaritzak haien esku dagoen guztia egitetik urrun, hitz politetatik harago ezer gutxi egin dute errealitate gordin honi aterabide duina eskaintzeko. Kontrol polizialen aurkako jarrera irmoa eta berauek desagertzeko ekimen sendoak behar ditugu, baita bide seguruak eta harrera politika ausartak ere.

Neurri politiko instituzional ezaren aurre eginez, lan politiko militantearen bidez erantzuten zaio egunero krudelkeria arrazista eta kriminal honi. Asko dira lan militante horretan murgilduta dauden kideak. Eta Eñaut Aramendi LABeko kidea militante horietariko bat da. Arrazakeriari aurre egiteko antiarrazista behar dugula izan sinetsita, elkartasunez pertsona migranteei haien ibilbidea seguruagoa izan dadin lan egiten du Eñautek hamaika kideekin batera.

Horregatik, gaurko atxiloketa gogor salatzen dugu. Aramendi berak askatu ondoren esan duen moduan: “Delitu bakarra gaur ikusi dudana izan da frantses poliziarena, gelditu naute nire autoan hiru pertsona beltz ikusi dituztelako”.

Inor ez delako ilegala, Euskal Herria harrera herria izatea nahi dugulako, politika migratorio arrazistei aurre egin diezaiegun.

Borrokak eraginkortzeko, sindikalismo berriaren garaia da

Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak eta Oihana Lopetegi Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko idazkariak LAB sindikatuaren 2021-2022 ikasturteko ekintza sindikalari buruzko txostena aurkeztu dute prentsaurrekoan. Kurtso honetan 168 borroka eman dira. Horrela, borrokak %32,28 areagotu dira aurreko txostena oinarri hartuta. Horietatik 94tan, greba presente egon da.

Aranbururen esanetan, ikasturte honetan prezioak igo egin dira, bizitza garestitu egin da eta langileek eta pentsiodunek erosteko ahalmena galdu dute. Langile-klasea pobretu egiten da, eta gobernuek eta erakundeek hartzen dituzten neurriak ez dira nahikoak prekarizazio eta pobretze hori geldiarazteko.

Pandemiaren ondoren eta Ukrainako gerra aitzakiatzat hartuta, fase kapitalista berri batean sartu gara. Munduko ordena berri baterantz goaz eta oligarkiak eta elite ekonomikoak dira munduaren norabidea zehazten dutenak.

2008ko krisian bankuak erreskatatu ziren. Pandemia garaian farmazeutikak aberastu egin dira, eta Europako Funtsak diru publikoa oligopolio energetikoa eta enpresa transnazional handien esku uzteko modu bat dira. Orain, Ukrainako gerra aitzakiatzat hartuta, arma enpresak aberastuko dira.

Diru gehiago bizitzak suntsitzeko, jendearen bizi-baldintzak hobetzeko erabiltzen ez den dirua. Izan ere, nondik aterako da gastu militarra handitzeko dirua? Zerbitzu publikoak desegitetik, pentsio publikoak ahultzea eta pribatizatzetik, gizarte-prestazioak murriztetik edo bultzatu nahi den errenta-itunetik.

Ez dago borondate politikorik beste eredu ekonomiko eta sozial bateranzko eraldaketari ekiteko, ez zaio ekin nahi lanaren banaketari eta aberastasunaren birbanaketari. Soldatak hobetu behar dira eta fiskalitatea aldatu behar da.

Langileoi geratzen zaiguna antolakuntza eta borroka dira. LABentzat, ikasturte honetako lehentasun nagusia mobilizazio-ziklo berri bat aktibatzea beharrezkoa zenaren ideia elikatzea izan da. Gure zeregina borroka horiek antolatzea izan da, grebak eta mobilizazioak ugaritzen laguntzea. Txostenaren datuek berretsi egiten dute borroka sindikalen aktibazio hori errealitate bat dela.

Eta hori egiten ari gara sindikalismo berri bat praktikan jarriz. Sindikalismo horrek langile guztien errealitatea kontuan hartzen du, sindikalismo feminista eginez, gazteen prekaritateari aurre eginez eta arrazakeriaren aurkako sindikalismorako bidea irekiz.

Eta sindikalismo berriak borrokarako estrategiak eta moldeak berritzea dakar. Eraginkortasunean irabazteko eta gatazkak ez luzatzeko.

Ikasturte honetan, nabarmentzekoa da greba eta mobilizazio kopuruak gora egin duela. Patronalek eta erakundeek egiten duten moderaziorako deiak ez du eraginik izan Euskal Herriko langileengan. Krisi-egoera hori ez dugu guk sortu, eta ez dugu onartuko ondorioak langileok pairatzea.

Gorakada horrek joera bat markatzen du. Langileok borrokatzen badugu, beti egiten dugu aurrera. Borroka horiek guztiek zuzeneko eragin positiboak dituzte borrokan ari diren kolektiboetan, eta, zeharka bada ere, langile-kolektibo osoan.

Gatazkak areagotu egin dira, eta hiru ondorio atera daitezke honetatik:

(1) Aberastasuna banatzeko eta bidezko gizarte-eredua eraikitzeko borrokak dira.

Irekita dauden borroka horien guztien bidez bidaltzen diren mezuak oso argiak dira: soldata duinak nahi ditugu, ez dugu enpleguaren malgutasuna eta prekarizazioa bermatuko, ezta lan-harremanetan sortzen diren dualizazioa eta arrakalak ontzat eman ere.

Langileoi presio egiten ari zaigu erosteko ahalmenaren galera onar dezagun, eta erantzuna ezezko biribila izan da. Hona hemen erantzuna: ez dugu ontzat emango KPIaren igoera kontuan hartzen ez duen soldata-igoerarik. Hori da irekita dauden gatazka askotan jokoan dagoen gai nagusietako bat.

Malgutasuna areagotzea ez da lan-harremanak modernizatzea, prekarizatzea baizik. Ez dugu Mercedesek aldarrikatzen duen modernizazio hori nahi. Enpresa horrek, dituen dimentsioekin eta lortzen dituen onurekin, eredu izan beharko luke, eta enplegu duina bermatu.

Mercedeseko langileek badakite zer den malgutasuna eta zer dakarren berarekin, kontziliatzeko ezintasuna eta prekaritatea. Multinazionalak xantaia egiten die langileei eta langileak ez dira kikiltzen, oso argi hitz egiten ari dira, enpresa geldiarazten ari dira.

Eta horretan guztian, sumingarriena eta lotsagarria EAJ-Confebask binomioak gobernatzen dituen erakundeen jarrera da. Urkullu jaunak, xantaia egiten duen multinazional baten egoitzan bertan, prekaritatea onartzeko eskatu digu. Beti enpresen alde, inoiz ez langileen alde.

Dualizazioari eta lan-munduan gertatzen diren arrakalei ezetz esaten ari gara. Horrek azaltzen du sektore feminizatuetan, sektore berrietan, hala nola riderretan edo etxeko langileetan, gatazkak asko areagotu izana.

(2) Borroka-eremuak eta -moduak zabaltzen ari dira.

Esan bezala, atomizazioak eta prekaritateak borroka sindikala zailtzen dute, baina aktibatzea zailagoa den eremuetan ere sortu dira borrokak.

Langile-klasea askotarikoa da, prekarizazioak forma desberdinak hartzen ditu eta aniztasun horrek borroka horietako bakoitzera egokitzea eskatzen du. Borrokak ahalik eta eragin handiena izan dezan, garrantzitsua da sektore edo enpresa bakoitzean biderik egokiena aukeratzea patronalari ahalik eta presio handiena egiteko, bai eta interpelazio politiko instituzionala ere.

(3) Indarren arteko korrelazioak hobetzeko, garrantzitsua da ezberdinen arteko akordioak bilatzea eta aliantzak sortzea.

Interes korporatiboak alde batera utzi behar dira. Guk fronte sozioindikalak artikulatzearen aldeko apustua egin dugu:

• Jakina da hainbat estrategia sindikal daudela. Gure apustua kointzidentziak bilatzea izango da, batu gaitzakeena bilatzea, eta borroka-helburuak partekatzen ditugun lekuetan, gure apustua ahalik eta anitzenak izango diren intersindikalak sortzea izango da.

• Borrokak gizarteratzearen alde egiten dugu, gatazka enpresatik herrira eta eskualdera zabaltzeko eta elkartasuna lantzeko. Gizarte-eragileekin lankidetzan arituz eta borroken elkarguneak bilatuz. Adibidez, Aiaraldean, intersindikalekin eta osasun plataformekin, edo Irizarren gatazka, non gazteen elkartasuna landu den…

“Ikasturte honetan markatu du honezkero datorren ikasturteak ekarriko duena”, amaitu du bere hitzartzea LABeko koordinatzaile nagusiak.

Errepide mozketa bat egin dugu Cementos Rezolaren aurrean borrokaren balioa aldarrikatu eta jazarpen sindikala salatzeko

Cementos Rezolak 6 langile auzitara sartu ditu, “greba eskubidearen gehiegizko erabilera” argudiatuta,  eta bihar epaituko dituzte. Egoera honen aurrean, langileek Añorgako enpresa parean dagoen errepidea moztu dute salaketa moduan.

Bihar osteguna, uztailaren 7an, 09:30ean kontzentrazioa egingo dugu Donostiako epaitegietan, Teresa de Calcuta plazan, auziperatuei babesa erakutsi eta jazarpen sindikala salatzeko.

Bi laneko heriotza egon dira aste honetan

Lehenengoa Bankan (Nafarroa Beherea), astelehenean, hilak 4, gertatu zen. 56 urteko abeltzain bat hil zen gidatzen ari zen traktorea irauli zenean, inguru malkartsu batean. Eta bigarrena Orioko ordainlekutik gertu gertatu zen atzo: Grupo Azkuneko 51 urteko kamioilari bat, eraikuntzarako hormigoia garraiatzen zuena, hil egin zen Orioko ordainlekuaren sarreraren aurreko biribilgunean, gidatzen zuen kamioak biratu, irauli eta lehertu zenean. Azken bi hauekin, gutxienez 44 dira urte hasieratik Euskal Herrian hildako langileak. Gaur bertan, Zornotzako Aludium enpresako langileek bi ordutako lanuztea eta kontzentrazioa egin dituzte uztailaren 1ean bertan hil zen langilearen heriotza salatzeko.

Lehenik eta behin, LAB sindikatutik gure elkartasuna eta babesa helarazi nahi diegu hildakoen senide eta lankideei.

Urtez urte errepikatzen dira horrelako istripuak. Urtero gertatzen dira istripu hilgarriak traktoreak iraultzeagatik, baina sektorearen egoera, osaera eta beharrak aztertu gabe jarraitzen dute, baita lan-osasunaren arloan ere.  Hau eta sektoreko beste arazo batzuk desagerrarazteko erakundeak inplikatzea era falta da.

Eta zer esanik ez garraioaren sektoreaz. Argi dago, salatu dugun bezala, enplegu- eta lan-baldintzek (erritmo altuek, entrega-epeek, lanaldi luzeek eta abarrek) istripuak, osasun-galerak eta heriotza eragiten dituztela sektoreko langileen artean.

Istripuen arrazoiaj ezagutzen direnean eta horiek saihesteko konponbiderik jartzen ez denean, arduragabekeria politiko argia dago, Iruñea, Gasteiz edo Pabe, Madril edo Paristik beste aldera begira jarraitzen baitute, istripu horien guztien benetako kausetan eragin gabe.

LAB sindikatutik argi dugu, eredu berri bat gauzatu behar dugu, langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko dituena ekonomia- eta ekoizpen-irizpideen gainetik. Horretarako, lanean jarraituko dugu lan-istripu hauei eta guztiei erantzuteko, kontzientziazioa eta mobilizazioa baitira bide bakarra.

Akordioa Gipuzkoako ostatuetan greba bezperetan #LortuDugu

Gipuzkoako ostatuetako langileek erakutsitako irmotasunari esker, euren lan baldintzak nabarmenki hobetzea lortu dute. Azken erredakzioa ikustearen zain, gaur, ekainak 5, patronalak baiezkoa eman die langileen eskakizunei.

Soldatei dagokionez, KPIaren igoerak datozen urteetarako (2022-2024) eta gaueko txandaren prezioa %25ean ezartzea lortu da. Bestlade, LAB sindikatuarentzat bereziki garrantzitsua da okerren daudenekiko hobekuntzak egitea. Horrela, pisuetako kamarera deritzenentzat, 7 orduko murrizketa urte bakoitzean eta ratioak ezartzeko obligazioa lortu dira.

Testuari azken ikutuak biharko bileran emango zaizkion arren, greba bertan behera geratzen da. LABentzat zoriontzekoa da langileek erakutsi duten irmotasuna eta batasuna. Beste behin ere, antolakuntza eta borrokaren balioa erakutsiz, lortu dugu!

Mobilizazioa egin dugu Euskal Herriko Eskubide Sozialaren Kartarekin Jaurlaritzaren DSBEren proiektua salatzeko

Hainbat sindikatu eta eragile sozialetako ordezkariak batu gara Jaurlaritzaren Bilboko egoitzaren aurrean egindako kontzentrazioan proiektua bertan behera uzteko eta 2008ko legea aplikatu dadin eskatzeko. Gainera, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak egindako HELn jasotakoa betetzea eskatu dugu eta gaiaren inguruko eztabaida soziala sustatzea. Pobreziaren aurrean, aberastasunaren banaketa aldarrikatuko dugu.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren oharra

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak salatu nahi du Eusko Jaurlaritzaren propaganda. Garaipen sozial bezala saltzen dute 2012tik DSBEan mantentzen diren murrizketak, ez baitira 2008ko legea errespetatzen ari.

Pentsioduna ez den pertsona batek 2022an 727,41 euro kobratzen ditu. Aldiz, 2008ko legearekin 1.026 euro kobratuko lituzke. Lege proiektuak 2023rako DSBEa 737,44 eurotan ezartzen du, 2022an baino zerbait gehiago, baina ez du betetzen DSBEk aurten izango duen erosahalmenaren galera. Gainera, salatu dute bi urteetan etxebizitzaren prestazio osagarria desagertzearen planteamendua. Kriminalizazio neurriak ere bertan behera gelditzeko eskatu dute, horrek bakarrik eskuin muturraren diskurtsoa eta xenofobia elikatzen baititu.

Eusko Jaurlaritzaren Pobreziaren eta Gizarte Ezberdintasun Inkestak honela dio: pobrezia arriskuan dauden 100 pertsonatik prestazio sistemak 30 pertsona pobreziatik kanpo uzten ditu, 37 pertsona babesatu bai, baina ez die uzten pobreziatik ateratzen, eta geratzen den %33 soilik ateratzen da pobrezia egoeratik. Beraz, sistema ez da nahikoa, eta nabarmen hobetu beharra dago.

Ondorioztatu dute, egungo pobrezia egoera kronifikatu eta jasangarri egiten duen eredua baino, benetako eztabaida beharrezkoa dela modu duinean bizitzeko babes sistema eraikitzeko. Diru sarrerak bermatzeko sistemaren eztabaida marko orokor horren baitan kokatu behar da.

Hori guztia dela eta, hurrengo aldarrikapenak plazaratu dituzte:

  • Proiektua bertan behera uztea.
  • 2008ko legearekiko aplikatzen ari diren murrizketak bertan behera uztea.
  • Karta Sozialaren Pobrezia eta Bazterketa Sozialaren aurkako Herri Ekimen Legegilean jasotzen ziren neurriak onartzea, eta talde parlamentarioek neurri horiek defendatzea.
  • Babes sitemaren inguruko benetako eztabaida sozial eta parte hartzailea irekitzea.