2026-05-01
Blog Page 312

Sindikatuok elkarretaratzea egin dugu Jaurlaritzaren aurrean, Hezkuntza Lege aurreproiektuarekiko desadostasuna adierazteko

LAB, ELA eta STEILAS sindikatuok elkarretaratzea egin dugu gaur Donostiako Eusko Jaurlaritzako egoitza aurrean. Hona hemen ohar bateratua:

LAB, ELA eta STEILAS sindikatuek, EAErako hezkuntza lege aurreproiektuari ezezkoa esateko, beraien eskaerak plazaratzeko eta Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarrera bidali beharreko behin betiko lege-aurreproiektuan zein ondorengo Hezkuntza Legean eragin eta eskaera horiek jasoak izateko asmoz mobilizazio eta greba dinamika bat dute adostua. Gaurko elkarretaratzea dinamika horren baitan kokatzen da.

Sindikatuek, Hezkuntza sistemako langile guztiak mobilizazioetan parte hartzera animatzen dituzte, balizko Hezkuntza Legea izango bada langileokin eraikitakoa izango delako.

Horrela, bereziki datorren Azaroak 30erako eta Abenduak 14rako deitutako greba eta mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu diete, adostutako aldarrikapenak behin betiko aurreproiektuan zein Legean jasoak gera daitezen. Era berean, ikastetxeetan mobilizazioekin bat egin dezaten, Azaroaren 18an sarrera eta irteeratan konzentrazioak egin eta argazkiak ateratzera gonbidatzen dituzte.

Izan ere, EAEko Hezkuntza lege-aurreproiektuaren zirriborroa aztertuta, egungo hezkuntza-eredu duala betikotu eta gainditze bidean jartzen ez duela baloratu dute hiru sindikatuek. Eta aldi berean, sare publiko bakar, euskaldun eta propiorako bidea egin beharko lukeen legea behar dugula partekatzen dute.

Hezkuntza Legearen behin-betiko aurreproiektuan sindikatuen aldarrikapenak jasoko ez balira, egindako mobilizazio eta greba dinamikak baloratu eta ondoren etorriko den Legebiltzarreko izapidetzan zehar, hurrengo mobilizazio dinamika definituko dute.

Legean jaso beharreko aldarrikapenak:

1.- Publikoa ardatz izango duen hezkuntza legea nahi dugu.

2- Segregazioari aurre egin eta gizarte kohesioa bermatuko duen legea nahi dugu.

3.- Publifikazio-marko eta araudi orokor eta adostua ezartzea nahi dugu.

4.- Hezkuntza lege propioa nahi dugu.

5.- Inbertsio eta baliabide nahikoa izango dituen hezkuntza legea nahi dugu.

6.- Euskara erdigunean jarriko duen Hezkuntza legea nahi dugu.

7.- Betebehar eta kontrol mekanismo zehatzak dituen legea nahi dugu.

8.- Hezkuntza sistema osatzen dugun langile guztion enplegua eta lan baldintza egokiak bermatuko dituen legea nahi dugu.

9.- Merkatuen interesen gidaritzatik eta enpresa pribatuen negozio esparrutik at egongo den hezkuntza legea nahi dugu.

10.- Hezkuntza lege parte-hartzailea nahi dugu, langileak aintzat hartuko dituena.

Hego Euskal Herriko bi langiletik batek ez dauka diru-sarrera nahikorik

Ondasuna banatzeko lantokietan nahiz kalean borrokatzearen beharra nabarmendu du LABeko koordinatzaile orokor Igor Arroyok, eta azaroaren 19rako Eskubide Sozialen Kartak deituriko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du.

LABeko koordinatzaile orokor Igor Arroyok eta Ipar Hegoa Fundazioko Edurne Larrañagak prentsaurrekoa eskaini dute gaur Donostian, euskal langileen lan eta bizi baldintzen argazkia jasotzen duen “Ikusmiran” azterketa aurkezteko. 

Langileen egoeraren inguruko hainbat datu

Hego Euskal Herriko langileen prekarietate tasa orokorraren berri eman du Larrañagak: 25 eta 64 urte arteko herritarren %53,52a egoera prekarioan bizi da, lan duinik gabe eta diru sarrera ez-nahikoekin. 

Multzo honetan, egoera ez-aktiboan daudenak, langabezian dauden langileak eta 1.400 euro baino soldata txikiagoa dutenak bildu ditugu. 812.068 herritar dira osotara, atzean egon daitezkeen familia edo etxebizitza unitateetako kideak kontutan hartu gabe. Era berean, azpimarratu behar dugu 812.068 herritar horietatik 198.000 direla etxeko lanetan jarduten dutenak (beraz, gehienak emakumeak).

Zoritxarrez, zifra hau urtez urte handitzen ari da, 2021ean baino 48.668 herritar gehiago baitaude egoera prekarioan. 1.400 euro azpiko soldata jasotzen duten langileen multzoa da gehien handitu dena (45.600 gehiago). 

Prekaritatearen argazki honi pentsiodunen egoera gehitu behar zaie. Izan ere, Hego Euskal Herriko pentsiodunen %34,2ak 1.000 eurotik beheragoko pentsioa jasotzen baitu. 

Egiturazko argazki honekiko kezka biderkatu egiten da, ordea, nagusitzen diren edo iadanik nagusitu diren joerak aztertuz. Generoaren araberako soldata arrakala da horietako bat. Bi datu adierazgarri:

  • Emakumeen batezbesteko soldata, batezbesteko soldata baino 3.171 euro baxuagoa izan zen 2020ean.
  • 1.000 eurotik beherako pentsioa jasotzen duten 3tik 2 (%66,7a) emakumezkoak dira .

Amaitzeko, historikotzat saldu zen lan erreformaren ondotik, enpleguaren egoera ez dela hobetzen ari berresten dute datuek: 

  • Kontratu finkoen artean, orain arte ez bezalako etete kopurua ematen ari da: proba aldia ez gainditzeagatik, bajen tasa hirukoiztu egin da.
  • Hego Euskal Herriko behin behinekotasun tasa Europar Batasuneko handienetakoa da,  %24,5ekoa, EBko batez bestekoaren (%14,5)  gainetik.

Igor Arroyo: lantokietan eta kalean ondasunaren bidezko banaketaren alde borrokatu beharra dago

LABeko koordinatzaile orokor Igor Arroyoren esanetan, lan eta bizi prekaritatea hedatzen ari da eta euskal instituzioak beste alde batera begiratzen ari dira: “Urkullu eta Chivitek diote ziurgabetasun handiko garaiak datozela. Baina izan baditugu hainbat ziurtasun. Lehenik eta behin, enpresen irabaziak erdigunean jarri dituen eredu neoliberala bidegabea ez ezik gero eta bideraezinagoa dela. Bigarrenik, baliabideak mugatuak izanik, datozen urteotako eztabaida nagusia hauxe da: baliabide horiek nola banatuko diren, nola egingo dugun trantsizio ekosozial justu bat”.

Arroyoren iritziz, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren politika publikoek orain arteko ildoari jarraitzen diote: “Europako herrialde desberdinetan ekonomian gaineko esku hartze publikoa areagotzeaz eta enpresariak gehiago zergapetzeaz mintzo diren bitartean, Euskal Herrian ez da horrelakorik planteatzen”.

Bi arrazoi daude horren atzean: lehenengoa, Hego Euskal Herrian dagoen autogobernuaren garapen desorekatua: enpresarien mesederako politikak egiteko eraginkorra, baina langileen aldeko neurriak hartzeko erabat mugatua. Ildo honetan, Lan Kode eta Gizarte Segurantza propioa aldarrikatzen ditu LABek. Bigarren arrazoia, autogobernu mugatu hau kudeatzen duten alderdi politikoen borondate falta: Patronalak zehazten die agenda. 

Testuinguru honetan, borroka sindikal eta sozialak areagotzeko beharra nabarmendu du Arroyok. Lantokiei dagokionez, Patronalaren itxikeriaren aurrean, langileek greba eta mobilizazio ugari egiten ari dira, bai historikoki sindikalizatutako eremuetan baina baita sektore berrietan ere. Ildo honetan, sektore feminizatuetan hitzarmenak berritzeko, etxeko langileen lehen hitzarmena sortzeko edota Amazoneko langileen lan baldintzak arautzeko LABeko militantzia egiten ari den lana azpimarratu du: “Borroka hauek guztiak ondasuna banatzeko borrokak dira, langile orori bizi baldintza duinak bermatzeko borrokak”.

Arlo sozialari dagokionez, bizitzaren garestitzeari aurre egiteko mobilizazioen beharra plazaratu du Arroyok. Ildo honetan, azaroaren 19an Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan Eskubide Sozialen Kartak  “Pobretzeari STOP! ¡Condiciones de vida dignas y control de precios ya!” lemapean deituriko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du. 

LABen proposamena: TRANTSIZIO EKOSOZIALISTA FEMINISTA eta ONDASUNAREN BANAKETA

Krisi ekosozialari erantzuteko, LABek lau atal nagusi dituen proposamena aurkeztu die hala Hego Euskal Herriko bi Gobernuei nola Kontseilu Ekonomiko eta Sozialei.

Lehenik eta behin, enplegu, zaintza lanak eta aberastasunaren bidezko banaketa, hala enplegu politikaren bidez (besteak beste, 1.400 euroko gutxieneko soldata ezarri, erosmen ahalmena bermatu, arrakala ororekin amaitu eta 30 orduko lanaldia ezarriz) nola zerga politikaren bidez (Kapital errenten eta Elkarteen gaineko zergak indartuz).

Bigarrenik, herritar orori zerbitzu publikoak eta oinarrizko eskubideak bermatzeko neurriak, hala nola, osasuna, zaintza, garraioa, etxebizitza, pentsioa edota energia. Eremu hauetan esku hartze publiko sendoa eskatu dugu, oligopolioen mesederako pribatizazio politika ororekin amaituz.

Hirugarrenik, Patronalari negozioa egiten ahalbidetuko dion “kapitalismo berdea”ren iruzurraren ordez, langileon parte hartzeaz bideratutako trantsizio ekosozialista abian jartzea eskatu dugu. “Gehien kontsumitzen dutenek gehiago murriztu beharko dute euren kontsumoa”.

Azkenik, euskal instituzioek dituzten eskumenak erabiltzearekin batera, estatu tresnak eskuratzeko premia nabarmendu dugu, hala nola, Euskal Gizarte Segurantza edota Euskal Lan Kodea.

FVEMek berriro alferrik galdu du metalaren negoziazioan aurrera egiteko aukera

LAB, CCOO eta UGT sindikatuon oharra, gaurko mahai negoziatzailearen harira:

Gaur Bizkaiko metalgintzako negoziazio-mahaiaren 17. bilera egin da, azaroaren 28tik abenduaren 2ra arteko greba-deialdiaren osteko lehenengoa hain zuzen ere. Aurreko bileran gehiengo sindikalak planteatutako gaiak aztertzeko prest dagoela adierazi arren, FVEM esku hutsik etorri da gaur. Jarrera immobilistari eutsiz, FVEMek CCOO-LAB-UGTri akordio batera iristeko ezer ez egitea egotzi die.

Urriaren 27an eta 28an eta azaroaren 2an grebara atera ziren sektoreko milaka langileren babesa sentitzeak dakarren erantzukizunarekin, gehiengo sindikalak bi mugimendu egin ditu FVEMen erreakzioa eragiteko helburuarekin. Hala eta guztiz ere, patronala mahaitik altxatu da, sektoreko 55.000 langileei eskaintzeko ezer berririk gabe.

Gehiengo sindikaleko indarrok gure jarrerarekin aurrera jarraitzen dugu, argi utziz, ez dela normaltasunik egongo hitzarmenik ez dagoen bitartean. Beraz, negoziazioari muzin egin gabe, greba-egunak garatzen jarraituko dugu.

Hurrengo bilera azaroaren 21ean izango da. FVEMek hitzarmen bat nahi badu, bilera horretan frogatu beharko du, akordio batera hurbilduko gaituzten proposamen eta eduki ausartak mahai gainean jarriz.

Arabako ardogintzan mobilizazioa beharrezkoa izango da eduki duinak lortu nahi baditugu

Hilabeteak aurrera doaz, bilerak bezala, eta akordiotik oso urrun jarraitzen dugu Arabako ardogintzan. Gaur egin den hitzarmenaren negoziazio mahaiaren bileran, soldata igoerei dagokionez aldaketatxo batzuk eman dira, baina oraindik ez da langileon eros ahalmena bermatzen. Adibide gisa, 2022rako %4,5eko igoera proposatu da, 2021eko KPI %6,5ean itxi zenean, 2023rako %3koa, 2022ko KPI %7,3an dagoenean. Gainera ez dago, beste hitzarmen sektorialetan ez bezala, KPI berrikuspenik iraunaldiaren bukaeran.

Gainontzeko edukien inguruan galdetuta, ez dago erantzunik. Hau da:

– Jardunaldiari dagokionez, hamarkada luze bat baino gehiago pasa bada ere, ez dago jaisteko proposamenik.

-Lan istripu edo lan gaixotasunei dagokienez, osagarriak berdin jarraitzen dute. Gogoratu behar dugu,240 egunera daudela osagarriak araututa, eta honek esan nahi du istripu larri bat izan ondoren (8 hilabete bajan ematen badira istripu baten ostean, larria behar du izan), langileak gainera bere eros ahalmena txikitua ikusiko lukeela. OSALANen datuak aztertuta, azken 2 urteak kontuan hartzen baditugu soilik 2 istripu izan dira larriak, eta honek ez luke eragozpena izan behar hitzarmenaren akordioa erdiesteko.

-Kontratazioari dagokionean, patronalak 6 hilabetetik urtebetera luzatu nahi ditu kontratu tenporalak, eta ez ditu aldizkako finkoak arautu nahi.

Honen aurrean, LABetik argi dugu mobilizazioan koska bat igotzeko garaia dela. Horrela, azaroaren 17an, osteguna, Batzar Nagusietara joko dugu sektoreko langileon egoera batzarkideei azaltzera, eta beren konpromiso publikoa adieraz dezaten eskatuko diegu. Bestalde, abenduaren 1eko mobilizazioaz gain, beste mobilizazio batzuk adosten ari ditugu CCOO eta UGTrekin osatzen dugun Intersindikalean. Besteak beste, abenduaren 3an, Gasteizen ospatzen den Ardoaraba kontestuan sektorearen aldarria bertara eramatea ere. Baina uste dugu ere hauxe motz geratzen dela, tentsioa areagotu behar dela eta sektorean lan uzteak eta grebak deitzeko unea iritsi dela. Horregatik, gainontzeko sindikatuei hauek antolatzeko proposamena luzatuko diegu.

LABen aldetik edukiak defendatzen jarraituko dugu, baita sektorearen egoerara egokitzen diren mobilizazio eta borroka planteamenduak ere. Arabako Ardogintza Industriako langileek behar eta merezi duten hitzarmena lortzeko bidea aktibazioa dela ziur gaude. Upategiei eta SEAri dei egiten diegu edukiak mahai gainera ekar ditzaten, denbora galtzeari utziaz, oso argiak baitira akordioaren nondik norakoak.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman digu, eta Erandioko Gestamp Try Out enpresan langileak legez kanpo laga direla adierazi du

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak ezetsi egin du Gestamp Taldeak jarritako errekurtsoa. Horrenbestez, Erandion kokatuta dagoen Gestamp Try Out (GTO) enpresan langileak legez kanpo laga direla adierazi du, LABi arrazoia emanez.

Gestampen itxikeriak eta zikoizkeriak eragin dute egoera hori. Urteak daramatzagu borrokan GTOko langileek GTEn jasaten duten legez kanpoko lagapena salatzen. Arrazoia eman zigun Lan Ikuskaritzak; 8 aldiz eman ziguten arrazoia Bilboko lan-arloko epaitegiek; eta orain, arrazoia eman digu EAEko Auzitegi Nagusiak.

Ez gara nekatu GTOko langileen lan-baldintzen urraketa sistematikoa salatzeaz. Legez kanpoko lagapenaren bidez, eskulan merke bihurtu dituzte, bigarren mailako langile.

Argi dago Gestampen plan bakarra lan-baldintzak “estutzea” dela, xantaiaren, mehatxuaren eta etengabeko beldurraren bidez. Eta hori guztia Eusko Jaurlaritzaren oniritziarekin, enplegua suntsitzen eta langileen eskubideak urratzen dituen enpresa bati laguntza publikoak ematen jarraitzen baitu. Non dago laguntza publikoen kontrola eta jarraipena? Enpresa pribatuei diru publikoa ematen jarraituko duzue, trukean konpromiso sozialik exijitu gabe? Alfonbra gorria jartzen jarraituko duzue gutxi batzuek aberasten jarrai dezaten langileen kontura, ala benetan zerbait egingo duzue horren inguruan?

Epai hau GTOko langileek lan-baldintzen defentsan egindako borrokaren eta izandako determinazioaren emaitza da. Hau ez da bidearen amaiera, baizik eta haien eskubideak onar ditzaten borrokan jarraitzeko gasolina. Horregatik, epai honek bizi duten egoera salatzen jarraitzeko, enpresaren zigorgabetasunarekin amaitzeko eta gure eskubideak konkistatzen jarraitzekoko balio behar digu.

Gestampi eskatzen diogu epaia onartzeko eta talde barruko langileen legez kanpoko lagapenarekin amaitzeko.

Gestampeko langileen legez kontrako lagapenari ez.

Borroka da bidea.

Aintzane Mendia Tubacexeko langilea bere kontrako kargu guztietatik absolbitu egin dute #LortuDugu

Pasa den asteko astelehenean, azaroaren 7an, Aintzane Mendia Tubacexeko langileak aurre egin behar izan zion, Arabako Probintzia Auzitegian, erresistentzia eta agintaritzaren aurkako atentatuaren inputazioen aurkako epaiketari. Epaiketaren ondoren, joan den ostiralean, epaileak epaia eman zuen Aintzane kargu guztietatik absolbituz, Ertzaintzaren deklarazioetako hainbat puntu zalantzan jarri ondoren.

Epaian, epaileak argi eta garbi adierazten du ez dagoela frogatuta akusatuak ertzainen aurkako atentaturik egin zuenik. Gaineratu du bere aurkako akusazioek ez dutela bere erruduntasuna frogatzen. Gainera, egun horretan grabatutako eta defentsak aurkeztutako bideoei esker, frogatuta geratzen da Aintzane Mendia bertan agertzen dela eta argi ikus daitekeela ez duela agente bat kolpatzen, ez bultzatzen. Beraz, bideoek erabat baztertzen dituzte Ertzaintzak egiten dituen adierazpen asko.

Horrek argi eta garbi uzten du dena muntaia poliziala izan dela, egun horretan elkartasuna adierazteko epaitegiaren aurrean bildu ziren pertsonak kriminalizatzeko. Kriminalizazio-estrategia hori hainbat boteretatik ematen da, Tubacexeko greban aktiboki parte hartu zuten eta horretarako euren eskubideak defendatu eta erabili zituzten langile guztiak zapaltzeko.

Lan-eskubideak defendatzeko irekitzen diren borroka guztietan, langileok bidegabeki salatzen, jipoitzen eta jazartuak izaten ari gara. Horrek erantzule argiak ditu: Eusko Jaurlaritzak, bere poliziaren bitartez, langileen eskubideen defentsaren aurrean patronalak defendatzeko erabakia hartu zuen aspaldi.

Baina salaketa horiek ez datoz bat Tubacexen borrokan bizi izan zen errealitatearekin. Nahiz eta bere arma bakarra langileak jazartzea eta zapaltzea izan, ezin dugu hori horrela utzi. Horregatik, gure lankideek beren errugabetasuna defendatzeko eta fiskaltzaren proposamena ez onartzeko hartutako erabakia aitortu eta txalotu nahi dugu, beren errugabetasuna uneoro mantenduz.

Horrekin guztiarekin, beste langile batzuen aurka ireki dituzten prozesu eta jarduera guztiak bertan behera uztea eskatzen dugu. Eta orain arte bezala, elkartasunez eta borrokaz erantzungo diegu!

Nafarroako Lan Arloko Epaitegiak onartu egin du Glovoren aurka Gizarte Segurantzak jarritako demanda #LortuDugu

Glovoko banatzaileak autonomo faltsuak zirela hainbat urtez eskatu ondoren, gaur jakin da Iruñean irailaren 1ean egindako epaiketaren epaia, non epaitegiak Glovoren eta langileen artean lan-harremana dagoela baieztatzen baitu. Hala, Nafarroako Lan Arloko Epaitegiak baietsi egin du Glovoren aurka Gizarte Segurantzak jarritako demanda, eta adierazi du banatzaileen eta enpresaren artean lan-harremana zegoela.

Epaileak azaldu du Glovo ez dela zerbitzuen kontratazioan bitartekari hutsa, baizik eta zerbitzua koordinatzeko eta antolatzeko lana egiten duela; izan ere, LAB sindikatuak salatu izan duen bezala, kontratuetan jasotzen den ustezko askatasuna eta autonomia (egunak eta orduak aukeratzeko, edo eskaerak onartzeko edo ez onartzeko) ez da erreala, aplikazioak banaketa gutxi egitea zigortzen baitu. Gainera, egiaztatuta geratu da langile horiek autonomo faltsuak zirela, enpresak finkatzen baitzituen prezioa eta ordaintzeko baldintzak, bai eta funtsezko lan-baldintzak ere.

Epai horren aurka errekurtsoa jar daiteke, eta 2018ko urritik 2019ko irailera bitartean Nafarroan lanean ari ziren 207 langileri eragiten die. Glovok Lan Ikuskaritzak ofizioz egindako Gizarte Segurantzako alta gauzatu beharko du, langile horien ordaindu gabeko kotizazioak ordainduz.

LAB sindikatua pozik dago jasotako epaiagatik, Auzitegi Gorenaren doktrinarekin jarraitzen baitu, kasu honetan aplikatuz. Hala eta guztiz ere, epai horrek, oso berandu iristeaz gain, langile asko utzi ditu epai horretatik kanpo, eta, beraz, salaketekin jarraitu beharko da, bai Lan Ikuskaritzan, bai Epaitegian, Glovok Legea zehatz-mehatz bete arte, argi eta garbi ezartzen baitu plataforma digitalen banatzaileak ez direla autonomoak.

Hainbat eragilek, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak tartean, bat egin dute azaroaren 19ko mobilizazioekin

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen dugun eragileok agerraldia egin dugu Bilbon, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko eta hainbat eragileren ordezkariekin batera. Hain zuzen ere, guztiek azaroaren 19an Bilbo, Gasteiz, Donostia eta Iruñean Kartak deitutako manifestazioekin bat egingo dutela jakinarazi dute.

“Pobretzeari STOP! Condiciones de vida dignas y control de precios ya!” lemapean egingo ditugu larunbateko mobilizazioak. Soldata, pentsio eta zerbitzu publiko duinen alde irtengo gara kalera, bizitzaren garestitzearen aurrean, eta aberastasunaren banaketa aldarrikatuko dugu.

Agerraldian adierazitakoaren arabera, “hau ez da manifestazio deialdi soil bat, gure aldarrikapen urgenteenak lortzeko aukera historikoa baizik. Horregatik, herritar guztei azaroaren 19an antolatu diren 4 manifestazioetan parte hartzeko deia luzatzen diegu. Bataila hau irabazteko beharrezkoak ditugun manifestazio partekatuak dira hauek eta gure aldarrikapenak errealitate bihurtu ditzakegu”.

EAEko irakasleon aldarrikapenak entzun eta negoziazio bideak zabaldu ditzan eskatu diogu Bildarratzi

Gaur BEC-en EAEko Hezkuntza Publikoko zuzendariekin bildu den Jokin Bildarratz Hezkuntza Sailburuari honako mezu hau helarazi dio LABek: Ikasturtea hasi denetik bi hilabete eskas pasa diren arren, langileok eta LAB sindikatuak haserrerako hamaika arrazoi baditugu honezkero.

Irailean, irakasleon kolektiboan, negoziatu ez zen Merezimendu Lehiaketaren deialdia ezagutu genuen. Denbora daramagu langileen egonkortasuna aldarrikatzen, eta berriz ere diogu: LEP deialdiak langileokin negoziatu! Bertan lanean ari garen irakasleak egonkortzeko neurri adostuak behar ditugu!

Iazko ikasturtea amaitu orduko, urte eta erdi generaman irakasleon Lan Hitzarmena negoziatzen. Bi hilabete hauetan, berririk ez honi buruz, eta eskaera eginda ere, ez omen dute orain horretarako denborarik. Zer gertatzen da orduan urte eta erdiko lanarekin, eta noizko lan baldintza hobeak? Urte eta erdi baino gehiago da Lanbide Heziketako gaiak lantzeko mahai propioa eskatzen dugula, zenbat gehiago itxaron behar dugu negoziazio mahai propiorako?

Negoziazio-mahairik gabeko testuinguru honetan jakin izan dugu honezkero administrazioak aldebakarrez definitu dituela, adibidez, Berrikuntza Arduradunaren funtzioak. Baliabide hau LABen proposamena izan zen eta negoziazio eta adostasunen ondoren iritsi da ikastetxeetara, eta hara non, administrazioak ez digun aukerarik eman sinatutako hura nola garatuko den adosteko. Jarraipen Batzordeetan funtzioak adosteko lan egingo du LABek.

Modu berean jaso dugu Curriculum eta Digitalizaziorako 40 eta 50 orduko formakuntzaren berri. Berrikuntza Arduradunak tarteko, ordutegia gaindituz eta ohiko inprobisazio eta zehaztasun faltarekin. Formakuntza? Bai noski, baina ez ordutegia gainditu edo langileon zama handitzea ekarriko duenik!

Eta zer esan urriko nominan egin den abuztuko ordainketaren doiketari buruz? Nolatan ez zitzaigun uztaileko mahaietan horrelakorik aipatu? Langileengan eragin zuzena duten neurriak aurrez gurekin partekatu eta negoziatzea eskatzen dugu!

Bi hilabete baino ez ikasturtea hasi denetik, baina luze dira ez delako soilik sindikatuekiko harremana etenda dagoena. Hezkuntza Sailak berak aitortu digu langile eta zuzendaritzei ematen zaien arreta ez dela egokia, eta neurriak hartuko zirela, noiz ordea?

Beraz, hauek eta beste hainbat korapilo adostasun bidez askatzen joan gaitezen, Hezkuntza Sailari eskatzen diogu langileon aldarrikapenak entzun eta negoziazio errealerako bideak ireki ditzala orain!