2026-05-01
Blog Page 307

Greba deitu dugu abenduaren 5, 7 eta 9an Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntzan eros ahalmena berreskuratzearen alde

Gaur astelehena, lehen greba egunean, sektoreko langileek mobilizazioa egin dute Bilboko Udaletxean  Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren (EELZ) Bizkaiko Hitzarmen Kolektiboaren negoziazioak 7 urte blokeatuta daramatzala salatzeko, patronalek ez baitute akordiorik lortu nahi. Sektoreko enpresak diru asko irabazten ari dira, eta uko egiten diote emakume langile hauen erosteko ahalmena berreskuratzea adosteari. Patronalei gogorarazten diegu langile horiek ematen duten zerbitzua funtsezkoa dela pertsona askorentzat eta pandemia garaian sektoreko langileak gaixotu egin zirela beren lana egiten jarraitzeko.

Errealitateak erakusten digu EELZ bezalako zerbitzu publiko bat enpresen esku uzteak 1.200 langile baino gehiago prekarizatzea esan nahi duela. 2015az geroztik inolako soldata-igoerarik gabe lan egiten duten langileak, eta horrek hilean gutxienez 281,33 euroko erosteko ahalmena galtzea dakar. Hala ere, denbora-tarte horretan bertan, hau da, azken hitzarmena sinatu zenetik, enpresek % 20-23 gehiago jasotzen dute zerbitzu-ordu bakoitzeko.

LABentzat ezinbestekoa da enpresa-putreen politika horri erantzutea. Guretzat ezinbestekoa da, edozein akordio lortzeko, sektoreko langileek gaur egun jasaten duten erosteko ahalmena berreskuratzea. Eta uste dugu patronalaren immobilismoaren aurrean greba beharrezkoa dela. Ez da egiten dugun lehena, 53 greba egun daramatzagu bizkarrean.

Nahiz eta deialdia egin duten sindikatuen aldetik modurik egokienak ez izan, LABek grebara joko du abenduaren 5ean, 7an eta 9an. Hiru greba-egun horiek greba eta mobilizazioen ziklo berri baten hasieratzat hartzen ditugu, akordio bat lortu arte. Akordio horren bidez, gutxienez, hilean 281,33 €-ko galdutako erosteko ahalmena berreskuratuko lukete langileek.

LABek borroka, mobilizazio eta grebarako batasun sindikala elikatzen jarraitzeko konpromisoa hartu du, patronala mugiarazteko beharrezkotzat jotzen duguna. LABek ez du onartuko EELZko langileen erosteko ahalmena berreskuratzea ziurtatzen ez duen jarrera posibilistarik. Eta, jarrera horretatik, langile guztiak animatzen ditu abenduaren 5eko eta 7ko grebetan parte hartzera.

Abenduaren 7an, asteazkena, asteko bigarren greba egunean. LABek elkarretaratzea egingo du Bilbon, Aztertzen enpresan (Simon Bolivar, 1) 11:00etan. Abenduaren 9an, ostiralean, Bilboko Udaletxean mobillizatuko da 11:00etan.

Helegitea aurkeztu dugu Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kontsolidaziorako meritu-lehiaketan

EAEko Legebiltzarreko alderdien gehiengoak onartutako Hezkuntza Akordioan hezkuntza sistemaren hizkuntza-ardatza euskara dela jaso arren, Jokin Bildarratzek zuzentzen duen sailak euskara baztertu du Lanbide Heziketako irakasleei dagokienez, Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kontsolidaziorako meritu-lehiaketan, lan-postuen erdia Bigarren Hizkuntza eskakizunik gabe atera baitu. Hori dela eta, LABek helegite partziala egin du eta plaza guztiak 2. Hizkuntza Eskakizunarekin atera daitezen eskatu du, hori baita Lanbide Heziketa euskalduntzeko beharrezko pausoa.

LABek behin baino gehiagotan salatu du Lanbide Heziketako eskaintza publikoan ez direla betetzen Lanbide Heziketako Legeak jasotzen dituen euskara bermatzeko artikuluak. Era berean, Jaurlaritzak argitaraturiko Lanbide Heziketako planetan ez da jasotzen euskara indartzeko estrategiarik eta A ereduko eskaintza da nagusi hein han-di-handi batean. 

Langileei dagokienez, irakasle euskaldunen bazterketa ematen da. Izan ere, karrerako funtzionarioen kasuan, 2. Hizkuntza Eskakizuneko plazetan dauden irakasleak bigarren mailako irakas-eak dira 1. Hizkuntza Eskakizuna dutenen aurrean. Lehenengoek euskaraz zein gaztelaniaz (baita zen-bait kasutan hirugarren hizkuntz batean ere) eskolak eman ahal dituzten arren aurten gauzatuko den lekualdatze-lehiaketan bakante horiek momentuz ez zaizkie irakasle euskaldunei eskaini, ezkutuan utzi eta irakasle ez-euskaldunei soilik gordetzeko.

Hori dela eta, Lanbide Heziketa euskalduntzeko bidean, LABek uste du ezinbestekoa dela plantilla euskalduntzea, euskarazko ikasketen eskaintza handitzea ahalbidetzeko bide bakarra baita. 

Irakasle tekniko ez-singularrak

Era berean, LABetik Jaurlaritzari interpelatzen diogu martxoaren 31ko 3/2022 Lanbide Heziketaren ordenazio eta integrazioaren legeak ezartzen dituen 16 espezialitate ez singularretako lanpostuetan dauden irakasleen etorkizuna lehenbailehen sindikatuekin ados dezan. Izan ere, lege berriak 10 espezialitate singular jasotzen ditu irakasgai profesional batzuekin lotuta, baina gaur egun dauden beste 16 espezialitate teknikoren irakaskuntza, aldiz, irakasleriaren kolektibo orokorrean sartzen ditu, horiek emateko goi-mailako ikasketak exijituz.

Saharar eta euskal ordezkariak esperientziak zein gogoetak trukatzen ari dira emakumeen ahalduntze politikoari buruzko tailerretan

Saharako errefuxiatuen kanpamenduetan da Garbiñe Aranburu, Euskal Herritik joan den ordezkaritzaren parte da LABeko Koordintzaile Orokorra. Eremu politiko eta sozialeko sei emakumek osatzen dute taldea, eta haien homologo sahararrekin biltzen ari dira bertan. Euskal Fondoak eta Euskadiko Saharar Ordezkaritzak antolatu dute bidaia.

Elkarrekin gogoeta egin, esperientziak trukatu eta etorkizunean berdintasuna oinarri izango duten proiektuetarako ideiak partekatzen ari dira gaur, emakumeen topagune diren tailerretan, Ausserd Wilayako emakumeen etxean.

Ahalduntze politikorako lan saioetan nor bere esperientziatik aritu dira euskal ordezkariak. “Gertatzen zaigunari, zailtasunei, emozioei izena jartzen hastea, eta hori modu kolektiboan egitea” aldarrikatu du Aranburuk. “Arazoa ez gara gu, sistemak ematen digun papera baizik”. Eta gogoratu du LABen eta LABetik aritzeko ere emakumeek bide luzea egin behar izan dutela, duela 30 urte plan feministarekin emakumeen parte hartzea sustatzen hasi eta egungo sindikalismo feministarainokoa.

Eliteek, gizonek gobernatutako munduan “emakumeak ezinbestekoak” garela gogorarazi du Aranburuk, “guk eta gure lanak bizitza sostengatzen diitugulako”. Eta ahalduntzerako deia egin du, “ahalduntzea baita geure buruaren gaineko kontrola hartzea, geure gaitasunez jabetzea, geure buruarengan konfidantza izatea, burujabe izateko modu bat, erabakitzeko gaitasunerakin eta aske”.

Bizkaiko metalgintzan negoziaziorako deia FVEMi

Bizkaiko metalgintzako gehiengo sindikalak oso positibotzat jo dugu gaurko egunaren jarraipena, aurreko jardunaldien ildotik, % 85 ingurukoa izan baita. Gehiengo sindikalak mahaian negoziatzeko deia egin dio FVEMi, eta greba-aste honetan milaka lagunek zabaldu duten mezua entzun dezala.

Ildo horretan, LABek, CCOOk eta UGTk negoziazio-mahaiaren bilerara deitu dugu FVEM, hilaren 12ko asterako. Agendak egokitu eta data zehaztea falta da.

Hego Euskal Herriko bi langiletik bat prekarietate egoeran bizi da, langabeziak behera egin arren

Langabeziak behera egin du Hego Euskal Herrian, 2022ko azaroan 142.203 langabe zenbatu dira (pasa den hilean baino 817 gutxiago). Nafarroan, aldiz, langabeziak %0,7 egin du gora eta pasa den hilean baino 218 langabe gehiago daude.

25 urtetik beherako biztanleriaren artean, ordea, langabeziak zertxobait egin du gora (%0,16), bereziki gizonezkoen artean. Eta generoaren araberako azterketarekin jarraituz, emakumeen artean jaitsi da gehien langabezia pasa den hilabetearekiko (emakumeen langabeziak %0,77 egin du behera, gizonezkoenak, aldiz, %0,28).

Emakumeen langabezia jaitsiera, ordea, ez da estrukturala (pasa den urtean baino %7,7 gizonezko gutxiago baitaude langabezian, emakumeen artean langabezia %2,71 jaitsi den bitartean). Datua, egungo testuinguru sozioekonomikoari erabat lotuta ulertu behar da; izan ere, zerbitzuak sektoreak izan du langabezia jaitsierarik adierazgarrienetakoa, %0,90a, eta gogora dezagun sektore honetan emakumeak direla gehiengoa.

Langabezia datua bizitzaren garestitzeak ekarri duen kontsumo ohituren aldaketari lotu ahal zaio edota, datorrenaren beldur, herritarrak gastuak murrizteko harturiko neurriei (adib, gabonetako erosketak aurreratzea eta azaroko eskaintzak baliatu izana). Hori dela eta, zerbitzuetan enplegua mantendu dela pentsa liteke, ezegonkorra, prekarioa eta feminizatua.

Kontratazio datuak aztertuz gero, kontratu mugagabeen kopurua handituz joan arren (azaroan egin diren kontratazio berrien %74,79a mugagabea da), pentsa daiteke kopuru nahiko esanguratsu bat aldizkako finkoak izatera pasa dela (3.433 kontratu mugagabe bilakatu baitira).


LAB sindikatutik salatu izan dugunez, aldizkako kontratu finkoen atzean ezegonkortasun tasa handia dago. Patronalak lan erreformak ahalbideraturiko kontratu mota berri hau baliatzen ari dira ezegonkortasun hori bere interesen alde lerrokatzeko. Era berean, ehunka iruzur salaketa egon dira, aldizkako finkoak behin behinekotasuna estaltzeko baliatzen ari direla salatuz.

Ipar Hegoak berriki argitaratu duen Ikusmiran azterketaren arabera, Hegoaldeko eta Nafarroako langileen lan eta bizi baldintzak prekarioak dira. Langabeziatik haratago, Hego Euskal Herriko 25 eta 64 urte arteko %53,52a egoera prekarioan bizi da, hau da, bi langiletik batek ez du lan duina edota diru-sarrera nahikoak. Datu honi, pentsionisten %34,5ak 1.000€tik beherako pentsioa jasotzen duela gehitu behar diogu.

Bizitzaren garestitzeak langileon erosahalmenean galera ekarri du eta Lan Harremanen Kontseiluaren azken datuen arabera, langileen erdiak baino gehiagok hitzarmena eguneratu gabe du. Beraz, gero eta enplegu prekarioagoa dugunez, enpleguak jadanik ez du bermatzen pobreziatik ateratzea edota diru-sarrera nahikoak edukitzea modu duinean bizi ahal izateko.

Testuinguru zail eta ezegonkor honetan, LAB sindikatuak borroka ziklo berria zabaldu eta langileria euren lan eskubideen defentsak modu eredugarrian ari da. Horren erakusle, azken urteetan ezagutu dugun konfliktibitate handiena bizitzen ari garela.

Patronala da langileen lan baldintza prekarioen erantzule nagusia eta administrazioa ez da gai (edo ez du borondate politikorik) langileoi lan baldintza duinak bermatzeko. Hori dela eta, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua klase lehentasuna dela aldarrikatzen dugu.

Sektoreko langileentzat baldintza duinak bermatzen dituen aurreakordioa lortu dugu Gipuzkoako grafikagintzan

Gaur sinatu dugu Gipuzkoako grafikagintzako hitzarmenaren aurreakordioa. Batetik, sektoreko langileon eros ahalmena bermatzea lortu dugu. Eta hau lortzea ezinbestekoa izan da bizitzaren garestitzea denon poltsikotan sumatzen ari garen honetan. Eta bestetik, aipatzea merezi duten hobekuntzak ere lortu ditugu; genero berdintasunean aurrera pausuak ematea, lizentzietan bikote konbentzionaletatik haratago, famili eredu ezberdinen kontzeptua txertatzea eta ABLEen bitartez modu prekarioan lan egiteari behingoz mugak jartzea.

Sarritan esan ohi dugu mobilizaziorik gabe ez ditugula edukiak dituzten akordioak lortuko eta sektore honetan ere berresten gara, mobilizazioei esker hitzarmen duina lortu baitugu. Ahalegin handiak egin ditugu gure indarrak hitzarmen duin baten alde biltzeko, 4 egunetako greba eta hainbat mobilizazio burutuz. Eta ahalegin hauek ez dira alferrikakoak izan, bere emaitzak eman dituzte.

Laburbilduz, langile batzarretan berretsi beharko bada ere, honakoa izan da lortu dugun aurre akordioa:

  •  Soldatei dagokienez, %4,5eko igoera 2022rako, %4koa 2023rako, %2,5ekoa 2024rako eta %2,5ekoa 2025erako. 2026. urteko tauletan soldatak honela eguneratuko dira: urte hauetan izango den KPIaren batuketa eta urte hauetan igotakorena ( %13,5) arteko aldearen portzentaia 2026ko tauletan txertatuz, modu kontsolidatu batean.
  • Berdintasun batzorde bat sortuko da eta honekin batera jazarpen protokoloa jasoko da.
  •  ABLE bidezko kontratazioak, gehienez, 6 hilabeteko muga izango du.
  •  Heriotza, gaixotasun larria, ospitalizazioa, baita boxetan ingresatzeagatiko kasuetan ere, lizentzia hau hartzeko eskubidea izango da bi urteko elkarbizitzarekin. Testuinguru sozioekonomiko ziurgabea, lehengaien eta argi indarraren garestitzea edo lan kargen gutxitzea izan dira patronalaren argudio nagusiak negoziazio mahaian aurrera urratsik ez emateko eta prozesua denboran luzatzen uzteko. Langileok beldurtuta, etsituta eta buru makur nahi gaituzte baina ez dute lortu. Gaurko aurreakordioa langile batzarrek berresten badute, abenduaren 21ean sinatuko dugu hitzarmena.

Garbiñe Aranburuk Saharar errefuxiatu kanpamenduetara bisita egingo du

Garbiñe Aranburu eta Euskal Herriko beste emakumezko politikari eta ordezkari sozialak, bertako homologo sahararrekin bilduko dira.

Euskal Fondoak eta Euskadiko Saharar Ordezkaritzak antolatu dute bidaia. Lau egunetako egonaldia izango da eta sei emakumezko politikari eta ordezkari sozial gonbidatu dira, hango ordezkari eta eragileekin, ahalduntze politikorako tailerretan parte hartzera.

Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko koordinatzaile orokorra, Leixuri Agirrezabala legebiltzarkidea, Onintza Enbeita bertsolaria, Miren Elgarresta emakundeko zuzendaria, Monica Hernando giza eskubideetako zuzendaria eta Pilar Kaltzada kazetaria izango dira Euskal Herriko ordezkaritza taldeko kideak. Abenduak 3-4-5 goizez, Saharako errefuxiatu kanpamenduetan ardura politikoak eta sozialak dituzten emakume talde batekin bilduko dira eta lankidetzan, etorkizunean berdintasuna oinarri izango duten proiektu berrietarako gakoak aterako dira.

Tailer hauek, emakumeen topagune izateko asmoa dute, esperientziak eta bizipenak elkar banatzeko espazioa sortuz.

Bisita hau, egoera zaurgarrian dauden errefuxiatuen kanpamenduetan egingo da: 46 urte dira errefuxiatu egoeran daudela, Marokok duela bi urte lurralde liberatuei eraso egin eta gerran daude eta egoera latz honi, nazioarteko laguntza %20 gutxitu dela gehitu behar zaio.

Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitzaren Itun Sozialaren edukia eta forma kritikatu ditugu eta antisozialtzat jo dugu

Gaur, Eusko Jaurlaritzak Etxebizitzaren Itun Sozialaren azken testua ezagutarazi du. Testu horrek datozen 15 urteetarako etxebizitzaren arloko politika arautuko du, eta ez dio erantzuten bizi dugun etxebizitza- egoera larriari.

LABek maiatzean izan zuen ekimen horren berri eta hasieratik, lan egiteko prest agertu gara, euskal langileek duten etxebizitzaren egoera zitalari aurre egiteko. Ikusmiran azken argitalpenean islatu genuenez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako langileek diru-sarrera garbien % 50 baino gehiago bideratzen dute alokairura; eta interes-tasen igoeraren eta, ondorioz, Euriborraren igoeraren ondorioz, urrian hipotekak 200 euro garestitu dira batez beste. Etenik ez duten etxegabetzeak eta metro karratua gero eta garestiagoa izatea eguneroko ogia dira, eta etxebizitza-arazoen benetako errealitatea erakusten dute.

Formari dagokionez, aipatzekoa da hilabete hauetan guztietan Eusko Jaurlaritzak online bilera bat baino ez duela egin, eta LABek galderak, kritikak eta iradokizunak egin zituela Ituna eraikitzeko prozesuaren hurrengo pausoei begira. Orduan aurkeztu genituen gure ekarpenak, baita idatziz ere, bileraren kontsulta eta ebaluazio epearen barruan. Ez dugu erantzunik jaso.

Eusko Jaurlaritzaren parte hartze eredua azken sei hilabeteotan egindakoan gauzatzen bada, zaila da Itun Sozial hau indarrean egongo den hurrengo 15 urteetan, gardentasunerako, parte-hartze sozialerako eta gobernagarritasun partekaturako duen gaitasunean sinestea.

Itunaren edukiari dagokionez, gure ustez, etxebizitza publikoa aberastasuna birbanatzeko eta etxebizitza eskuratzea bermatzeko tresna izateaz gain, hirigintza-plangintzaren eredua bera zalantzan jartzeko aukera izan daiteke eta izan behar du. Lurralde-plangintzak eta etxebizitza-politika publikoak periferizazioari, gentrifikazioari eta bereizketari aurre egiteko aukera eman behar dute, eta, horretarako, etxebizitza-politikak herri/hirien plan estrategikoei, zerbitzu publikoei eta etxebizitzakoei lotuta egon behar du. Etxebizitzaren eredu soziala eta jabetzaren funtzio soziala uztartuz. Alde horretatik, Itunaren testuak ez du ezer aipatzen.

Era berean, Gasteizko gobernuak aukera berri bat galdu du merkatu libreko etxebizitzen alokairua mugatzeko. Itunaren jarraipenerako aukeratutako adierazleetako batek ere ez du EAEko etxebizitzaren egoeraren aniztasuna eta konplexutasuna orekatzeko gai den metodologia intersekzionalik jasotzen, eta ez da proposatzen alokairu babestua eskatzen duten pertsonen kopurua jasotzen duen adierazlerik, sexuaren/generoaren, adinaren, jatorri/etniaren, indarkeria matxista jasan dutenen edo ama bakarreko familien arabera.

Gainera, nahiz eta Eustaten datuek erakusten duten aurtengo urrira arte 4.400 pertsona baino gehiago daudela EAEn etxerik gabe eta % 72,4 atzerritarra dela, ez dago horri buruzko aurreikuspen edo konpromiso zehatzik. Ez dago adierazlerik etxegabetzeak jasaten dituzten pertsonen kopuruarekin batera. Eraikuntza zibilaren sektorea maiz aipatzen da testuan, baina ez dago sektorean ugari diren lan-istripuen eta informaltasunaren berri ematen

duen adierazlerik ere. Ez da ezer aipatzen etxebizitza-merkatu tenkatuaren eremuei buruz, eta elementu hori aurreikusita dago, adibidez, Nafarroako etxebizitza-legean.

LABen ustez, etxebizitza-eskubidea arazo estrukturala da. Beraz, horri aurre egiteko, konpromiso politikoa behar da, elkarrekin lan egitea politika publikoak eta sozialak indartzeko. Benetako konpromisoa Euskal Herriko bizitzaren garestitzeari aurre egingo dioten eta tokiko eta nazioarteko enpresaburu eta higiezinen espekulatzaile handien onura ekonomikoari aurre egingo dioten politika bermatzaileekin. Itun honek ez die kontu horiei erantzuten.

LABek borrokan jarraituko du, antolaketa-tresnak sortzen eta proposamenak egiten etxebizitza izateko benetako eskubide subjektiboa bermatzeko, espekulazioarekin amaitzeko alokairu soziala lehenetsiz, parke publikoa zabaltzeko eta etxegabetze guztiak gelditzeko.

EAEko ostalaritzako eta estatu mailako kolektibitateetako patronalak salatu ditugu, Negoziazio Kolektiborako eskubidea urratzeagatik

Kolektibitateeko langileei beraien eremuan negoziazio kolektiborako eskubidea ukatzearen ondorioz,  lan baldintzen estatalizazioa eta kaskartzea ematen ari da. 

LABek, kolektibitateetako langileek euren lan baldintzak hemen negoziatzeko eskubidea defendatzeko bide guztiak erabiliko ditu eta oraingoan, gaia epaitegietara eraman du. Edozein kasutan oso argi dugu eztabaida hau juridikoa baino politikoa ere badela. Azken lan erreformek, negoziazio kolektiboa estatalizatzeko apustu argia egin dute. Neurri horrek patronala saritzen du eta sindikatuon ordezkaritza desitxuratzen du, eta hor dago egoera honen gakoa. Bertan negoziatzeko dugun eskubidea dago jokoan eta langile hauei eskubide hori egikaritzea oztopatzen zaien egun bakoitzeko beraien lan baldintzetan atzera egiten ari dira, kolektiboa zatitu egiten da eta geroz eta langile gehiago dira estatuko hitzarmenen menpe daudenak.

LAB sindikatuak, behin baino gehiagotan sartu du eskaera Lan Harremanen Kontseiluaren aurrean, 2.800 langileri eragingo lioken EAE mailako lehen kolektibitateetako hitzarmenaren negoziazio mahaia eratzeko, juridikoki dagokion eran. Azken saiakera irailean bertan egin genuen. Patronala ordea (EAEko ostalaritzakoa eta estatu mailako kolektibitateetakoa), ukatu egin da negoziaziori hasiera ematera eta, ondorioz, LAB sindikatuaren eta kolektibitateetako langileen negoziazio kolektiborako eskubidea urratua izan dela uste dugu. Hori da hain zuzen, LAB sindikatuak epaitegian salatu duena, jada erregistratu dugun demandaren bitartez. 

Patronalak dio ezin dela EAE mailako hitzarmenik abiatu estatu mailako eremuak debekatzen duelako, baina gure ustez, EAEn dugun Akordio Interprofesionalaren eta Ostalaritzako Akordio Markoaren babes juridikoarekin, legalki ezin digu estatu mailako hitzarmen batek aurkakorik arautu. Beste era batera esanda: ez ditugu estatuko hitzarmenen debekuak onartzen. Guk, gure eremuan aske negoziatzeko eskubide osoa dugula diogu. Eta horrela defendatuko dugu baita kolektibitateetako eremuan ere, hemen erdietsitako alde anitzetako akordioak juridikoki lehenetsiz. 

Ondorioz, demandaren helburua garbia da: kolektibitateetan EAE mailako negoziazioa abiatzeko eskubidea aitortzea eta patronalaren mahaia eratzearen aurkako jarrerak, LAB sindikatuaren eta kolektibitateetako langileen askatasun sindikalerako, zehazki negoziazio kolektiborako, eskubidea urratu duela deklaratzea, patronala negoziazio mahaia eratzera behartuz. 

Baina gaia epaitegietara eramateak ere badu funtsezko arrazoi bat: Hemengo negoziazio kolektiborako eskubidea, injerentziarik gabekoa, aitortzea. Lan Harremanetarako Euskal Esparrua aitortzea. 2017an 4 sindikatuek Confebaskekin sinatutako Akordio Interprofesionalari balio juridikoa ematea hain zuzen ere, gure eremuko hitzarmen kolektiboak lehenetsiz. 

Horregatik, gaur demanda judiziala jarri dugula jakinaraztearekin batera, epaiketa bitarte Euskal Herriko alderdi eta eragile ezberdinekin egongo garela aurreratzen dugu. Esan bezala, langile zehatz hauen negoziazio eskubidea jokoan egotearekin batera, hemengo negoziazio eskubidea dagoelako jokoan. Egungo eskuduntzekin posiblea beharko lukeelako hemengo lan baldintzak arautzea. Ondorioz, patronalen jarrera ukatzaile hau salagarria litzake. Eta ezinezkoa bada gure lan baldintzak guk geuk arautzea, bidea elkarrekin arakatu beharko dugulako hori posible egiteko.

Hemen lan egin, hemen erabaki!