2026-07-12
Blog Page 306

Neurriak eskatu dizkiogu Bizkaiko Foru Aldundiari bertako langileek ez dutelako tenperatura egokirik lantokian

Inkesta bat egin dugu Bizkaiko Foru Aldundiko langileen artean lantokietan duten tenperaturaren inguruan, eta 3.000 langiletatik, 591k erantzun dute (%19,7ak). Langile gehienek adierazi dute ez dutela lantokian tenperatura egokirik. Eguraldi hotza egiten duenean, %89,51ak adierazi du bere lantokiaren giro termikoa ez dela egokia (%79,86arentzat hotzegia baita eta %9,64arentzat beroegia); eta eguraldi beroa egiten duenean, %64,09k adierazi du gauza berdina (%17,35arentzat hotzegia da eta %46,73arentzat beroegia). Egoera honen aurrean, LABek neurriak eskatu dizkio Bizkaiko Foru Aldundiari bertako langileek ez dutelako lantokian tenperatura egokirik.

Eguraldi hotza egiten duenean lantokietan tenperatura egokia ez dela uste dutenek arrazoia honako hau dela adierazi dute (erantzun bat baino gehiago markatu zitekeen): klimatizazio sistemaren gabeziak (% 69,79), lantokian dauden korronteak (% 35,06), isolamendu eskasa (% 38,19), leihoak zabaltzen dira eta hotza sartzen da (% 4,68) eta beste batzuk (% 19,09).

Eguraldi beroa egiten duenean, lantokietan tenperatura egokia ez dela uste dutenek, arrazoia honako hau dela adierazi dute (erantzun bat baino gehiago markatu zitekeen): klimatizazio sistemaren gabeziak (% 54,04), isolamendu eskasa (% 24,81), ezin dira leihoak zabaldu (% 15,44), korronteak (% 10,66) eta beste batzuk % 16,17.

Bero egiten duenean hotza eta hotza egiten duenean bero pasatzeak argi erakusten du klimatizazioaren sistemaren gabeziak zenbait tokitan, eta horrek dakarren energia-xahutzea.

Eraikinen araberako azterketa ikusita, oso datu kezkagarriak agertzen dira, eguraldi hotza egiten duenean langileen % 80 baino gehiagok hotza pasatzen duelako Ogasuna, Errekalde 30, Liburutegia, Lersundi 14, Iparragirre 21 eta Uribitarteko eraikinetan. Eguraldi beroa egiten duenean, langileen % 50 baino gehiagok bero larregi pasatzen du Ogasunan eta Ugaskon eta % 40 baino gehiagok Lersundi 14 eta Iparragirre 21eko eraikinetan.

Parte-hartze zabalak oso balio handia ematen die emaitzei eta begi-bistakoa da arazo larri eta kezkagarri bat dagoela, langile gehien sentsazio termikoa ez delako erosoa Aldundiko eraikin nagusi guztietan hotzaldietan eta gehienetan beroaldietan. Eta “erosotasunaz” hitz egiten dugunean lan egiteko baldintza egokiez, laneko segurtasunaz eta osasunaz ari gara.

Aldundiari, beraz, eskatzen diogu, berehala egin dezala azterketa sakon eta zabala, egoera zuzenean ezagutzeko eta antzeman diren  arazoen jatorria ezagutzeko eta epe laburrean konpontzeko.

Desegokitasun termikoak erakusten du gabezia larriak daudela klimatizazio sistemetan, isolamenduan, bulegoen egituran, eta abar. Horiek dira, lehentasunez, Aldundiak aztertu eta konpondu beharrekoak, ezinbestekoak diren inbertsioak eginez.

Aldundiak, 2022ko abenduaren 27an, Aldundiaren Energia Jarduketaren Plan Orokorra onartu zuen, instituzioaren diagnostiko energetiko osoa jasoz. Horrez gain, energia aurrezteko eta efizientziarako 41 jarduketa aurreikusten dira 2030erako. Jarduketa horien artean eraikinetako energia-eraginkortasuna hobetzeko hauek daude: berokuntza-sistema, aireztapena eta termostatoen kudeaketa. Horiek gauzatzeko epea 2024an hasiko da eta 2026 eta 2030 bitartean luzatuko da. Onartezina da epe luzeegi horiek ezartzea, langileen lan-baldintza egokiak tartean egonik.

LAB sindikatuaren iritziz, orain arte adabakiak baino ez dira jarri eta, gure ustez, erabakitzeke dago kontu garrantzitsu bat. Urte asko dira Aldundiak iragarri zuela orain arte Bilbon sakabanatuta dauden bulego gehienak eraikin bakarrean biltzeko asmoa, hasieran Iberdrola Dorrean, gero Bizkaia Dorrean. Beste legealdi bat bukatzen ari da eta ez dago inongo argipenik horren inguruan, ilunkeria da nagusi. Bitartean, behin-behiko bulegoak irekitzen dira (FNAC, Kale Nagusia..), ez dira eraikin zaharretan ezinbesteko konponketak egiten, ez da kontuan hartzen telelanaren hedapenak ekarri ditzakeen ondorio zein aldaketak eta horrela, ezinezkoa da egokitasun termikorik erdietsi eta plan energetiko arranditsurik betetzea.

Salatzen dugu Correosek %15ean murriztu duela langile kopurua Añanako Kuadrillan

Arabako Correoseko gure Atal Sindikalak salatu du Añanako Kuadrillako banaketa-postuen % 15ean murriztu dela, berregituraketa baten ondoren. Banaketa-postuak kentzeak zuzenean eragiten dio Correosek egiten duen zerbitzuari, eta, ondorioz, baita herritarrei, udalei, Arabako eremu horietako enpresei eta abarri ere. Horrez gain, erretiroa hartu duen beste postari baten plaza ez da bete. Horrek guztiak Posta Zerbitzu Unibertsalaren banaketa murriztea eta langileentzako gainkarga dakar.

Banaketa-eremuak ugaritzeak, batzuek kilometro askotako zabalera, eta hamarnaka herri dituztenak, ezinezko egingo dute herri horietan guztietan egunero banatzea. Correosek teorian eskaini behar duen Posta Zerbitzu Unibertsala ezerezean geratuko da. Egoera honek zuzenean eragingo die, adibidez, administrazio, epaitegi, hitzordu mediko, dirulaguntza, baimen eta abarren jakinarazpenak entregatzeari, horrek herritarrei eragingo dizkien kalte guztiekin.

Zerbitzu publikoek giza beharrei erantzuten diete, eta ez errentagarritasun ekonomikoari. Populazio gutxiko eremu horietan egindako zerbitzu-murrizketek diskriminazioa eragiten diete Arabako herrietako biztanleei. Pertsona guztientzako Posta publiko eta kalitatezkoa bermatu behar da.

Errepresioaren aurrean, dagokiguna defendatzeko borrokan jarraituko dugu

Gaur, otsailak 27, Osakidetzako garbiketa zerbitzuaren esleipena duten enpresetako langileok LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek deitutako greba asteari hasiera eman diogu.

Une honetan, eskatzen ari garen aldarrikapenei buruz hitz egiten egon beharko genuke, baita greba-deialdiaren jarraipenari buruzko datuak ematen ere.

Hala ere, Ertzaintzak gaur goizean egindako identifikazioak, kolpeak eta atxiloketak salatu behar ditugu.

Gutxienez 5 langile identifikatu dituzte, eta 2 atxilotu. Halaber, hainbat langilek kolpeak jaso dituzte Gurutzetako Ospitalean informazio-piketeetan. Horietako bat larrialdietara eraman behar izan dute jasotako kolpeen ondorioz.

Gaur, hain zuzen ere, 3 urte betetzen dira EAEn COVID-19aren lehen kasua detektatu denetik. Gogora ekarri behar dugu garbitzaileek garai hartan Osakidetzako komunitatea osatzen zuten gainerako langileekin jokatu zuten papera. Lehen lerroan egon ziren, osasuna arriskuan jarriz, eta plastikozko poltsekin egindako NBEekin egin zuten lan.

Txaloak iritsi ziren baina hiru urte geroago, Osakidetzako zuzendaritzak Ertzaintza bidali du garbitzaileak jipoitzera eta erreprimitzera, haien eskubideak defendatzeagatik.

Euskal Administrazioa maskulinizatutako sektoreetako gatazkak konpontzen inplikatzen den bitartean (Bizkaiko metalaren kasuan), laneko gatazkaren protagonistak emakumeak garenean zirikatu eta kolpatzea agintzen du.

Beldurtuko gaituzuela uste baduzue, oker zaudete. Osakidetzako garbiketa-zerbitzuko langileok ziur gaude gure eskaerak arrazoizkoak direla. Lan bera, baldintza berdinak aldarrikatzen ari gara. Azken hamarkadetan izan dugun homologazio-printzipioa errespetatzea eskatzen ari gara. Zentzu horretan, hortzez eta haginez geurea dena defendatzeko borrokan jarraituko dugu. ZigorrEk eta borrEk ez gaituzte geldituko.

Martxoaren 3an Gasteizen egingo dugun manifestazioa aurkeztu dugu

Euskal Herriko gehiengo sindikalak agerraldia egin du, martxoaren 3an, ostirala, egingo mobilizazioan parte hartzeko deia egiteko. Aurten, Gasteizko sarraskia deiturikoaren 47 urte betetzen direnean, kalera aterako gara “Bizi-baldintzen suntsiketaren aurka, luchando el presente para asegurar el futuro” lelopean. 18:00etan, omenaldia egingo dugu Martxoak 3 plazan, eta 18:30ean mobilizazioa.

Urtero bezala, hiri honetako langileek Pedro María Martinez Ocio, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, José Castillo eta Bienvenido Peredaren izenak gogoratuko ditugu. Era berean, egun batzuk geroago Basaurin eta Tarragonan eraildako Juan Gabriel Rodrigo eta Vicente Anton ere gogoratuko ditugu, gure hirian gertatutako sarraskiari erantzuteko egin ziren manifestazioetan.

47 urte geroago, klase kontzientziak ulertarazten digu batzarrak eta herri mugimenduak antolatzeko arrazoi berberek indarrean jarraitzen dutela gaur egun ere. Kontzientzia horrek berak gogorarazten digu langileriari ez digutela ezer oparitu, eta lortu dugun guztia antolakuntzari eta borrokari esker lortu dugula.

Gaur egun, jasaten ari garen bizitzaren garestitzearen aurrean, mobilizazioak eta borrokak antolatzen ari dira lantokietan eta kaleetan, langile-klasearen erosteko ahalmena defendatzeko, 1976an fabriketan ez ezik, poltsak hutsik dituzten emakumeak ere aldarrikatzen ziren bezala.

Asteburu honetan milaka pertsona atera dira Hego Euskal Herriko kaleetara osasun sistema publikoa desegiteari ezetz esateko. Osakidetzan desegituratze planifikatu eta intentzionatu bat dago, plantillaren lan-baldintzak prekarizatzeaz gain, gehiengo sozialari ematen zaion zerbitzua ere prekarizatu nahi duena. Gertatzen ari da, egunetik egunera gero eta herri gehiago geratzen dira osasun-laguntzarik gabe, anbulantzien murrizketarekin ikusi genuen hori, eta ospitale-zerbitzu batzuen desagerpenarekin ikusten ari gara.

Halaber, iaz bi greba egun egin ziren hezkuntza publikoaren alde, Hezkuntza Legearen aurreproiektuari EZETZ esateko, eta sare publiko bakar, euskaldun eta propio baterantz aurrera egitea ahalbidetuko duen lege baten beharra adierazteko, aukera-berdintasuna, gizarte-kohesioa, euskalduntze-prozesua eta langileen baldintzen hobekuntza bermatuko dituena.

Pentsiodunen mugimendua iraunkortasunaren eta antolaketaren adibide garbia da. Bost urte daramatzate borrokan; astelehenero ateratzen dira kalera, egoitzetako langileei, esku-hartze sozialeko langileei, metaleko langileei edo behar dutenei laguntzen. Kolektiboak beti salatu duen bezala, gobernatu dezala nork gobernatzen duen, pentsioak defendatu egiten dira. Dakizuenez, erasoaldi berri baten aurrean gaude orain: Next Generacion funtsak jasotzearen truke egindako erreformaren bigarren zatia. Horregatik guztiagatik, gaurko pentsiodunak 1976ko grebalariak direlako, borrokan jarraitu behar dugu, pentsioak guztionak direlako eta justizia soziala direlako.

Osasunaren kalitateak, zaintzak, pentsioek, hezkuntzak… zerbitzu publiko horiek guztiek gizarte baten ongizate-maila islatzen dute. Euskal Herri osoan, zerbitzu horiek eta bizi-baldintza duinak dira defendatu behar ditugunak.

Argi dago gure eskubideak pribatizatzearen aldeko plangintza dagoela, eta, horrekin batera, ongizate-estatua. Gure bizi-baldintzen aurkako eraso horren aurrean publikoa defendatzea ere langileen borroka da, eta, 1976an bezala, borrokan jarraituko dugu.

GORA LANGILE KLASEAREN BORROKA! GORA LANGILEON BORROKA!

Akordioa lortu dugu Talleres Abasolon

Joan den ostiralean akordio batera iritsi ginen greba bertan behera uzteko eta Talleres Abasoloko jarduerari berriro ekiteko. Ia bi hilabeteko grebaren ondoren, langileek akordio bat onartu dute. Akordio horren helburua da enpresari denbora ematea langileen subrogazioarekin salmenta egin ahal izateko eta, aldi berean, sortutako zorra adostutako epeetan berreskuratzeko. Akordio honen barruan, gehienez bi hilabeteko iraupena duen Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espediente bat onartu dugu, jarduerari berriz ekin ahal izateko.

LABek, greba hasi zenean, zorra kobratzea eta lanpostuak bermatzea jarri zituen helburutzat. Akordio honekin eta jarduerara itzulita, ahalik eta epe laburrenean tailerra saldu ahal izatea ahalbidetu nahi dugu, horrela lanpostu guztiak mantendu eta sortutako zor guztia kobratu ahal izateko. Egungo bazkideekin jarraituz gero, ez litzateke etorkizuneko bermerik egongo eta tailerrak itxi egin beharko luke.

Langileek egiten duten ahalegina balioesten dugu; izan ere, ez dute lortu bazkideekin biltzea ere, hainbat eta hainbat eskakizun izan arren, azken hauen gizatasunik eza agerian geratu delarik. Prozesu horretan guztian, ez dira egoeraz arduratu, eta Administrazio Kontseiluko lehendakariak ere uko egin dio akordio sinatzeko bilerara joateari.

Egoera zail horren ondorioz, enplegua suntsitu egin da; izan ere, langileetako batzuek borondatez alde egin behar izan dute, dagozkien kalte-ordainak galduta. Ezin dugu onartu enpresen abandonuak enplegua suntsitzea, inolako ondoriorik gabe.

Beraz, akordio honek konponbidea emango dio egoerari, beste ezein langilek eskubiderik gal ez dezan.

Homologazioaren aldeko astebeteko grebari hasiera eman diote Osakidetzako garbitzaileek

Gaur hasi dute Osakidetzako garbitzaileek homologazioaren defentsan deitutako greba astea. Horrela, mobilizazioak egin dituzte Gasteizen, Olagibeleko Osasun Zentroan; Barakaldon, San Eloy ospitaletik Gurutzetara; Donostian, ospitalean eta Zumarragan, ospitalean.

Kolektibo honek 5 urte daramatza hitzarmenik gabe, eta enpresekin hamaika bilera burutu diren arren (berrogeita hamar inguru), ez da aurrera pausurik eta negoziazioaren blokeo egoera nabaria da.

Hitzarmenak, langile hauen lan-baldintzak Osakidetzako langileei homologatzea du helburu bezala. Horixe izan da, hain zuzen ere, bere garaian inplikatutako hiru aldeek (enpresak, langileak eta Osakidetza) onartu zuten joku-araua, eta horren arabera jardun dute urteetan eta urteetan.

Hala ere, bai enpresak eta bai bezeroa (Osakidetza) homologazio-printzipioa urratzen ari dira.

Ez gara homologaziotik haratago doazen gaiak aldarrikatzen ari, ez! Besterik gabe, Osakidetzako langileei aplikatzen zaizkien baldintza berberak aplikatzea aldarrikatzen ari gara, homologazio-printzipioan oinarrituta: garapen profesionalaren deialdi ezberdinetara sarbidea izatea, lanpostu hutsak betetzeko sistema bidezkoagoa, txanda-kontratuari lotutako erretiro partziala hartzeko eskubidea izatea, Osakidetzako langileek aitortuta dituzten baimenak eta lizentziak, etab.

Enpresa esleipendunak jarrera erosoan kokatu dira, eta erantzukizuna Osakidetzako Zuzendaritzari zuzendu diote. Modu horretan ez dute sindikatuekin ezer adostu nahi, Osakidetzako Zuzendaritzaren aldez aurreko oniritziarekin ez bada.

Zentzu horretan, ordezkaritza sindikal bezala askotan zuzendu gara Osakidetzako zuzendaritzara egoera desblokeatzen saiatzeko; bi urte daramagu Osakidetzaren atea jotzen, baina salatu behar dugu erakunde publiko honek ez duela guri erantzuteko begirunerik ez edukaziorik erakutsi. Zergatik Euskal Administrazioa sektore maskulinizatuetako gatazketan (Bizkaiko metalaren kasuan) inplikatzen da, eta bizkarra ematen du lan-gatazkaren protagonistak emakumeak garenean?

Egoera horrek alarma guztiak eta langileen animoak piztu besterik ez ditu egin. Osakidetzako garbiketa-zerbitzuko langileak ez dira besoak gurutzatuta geratuko. Haien Hitzarmenak jasotzen duen homologazioa irmoki defendatuko dute. Ez daude prest bere garaian lortutakoa orain galtzeko. Homologazioaren alde borrokatzeko unea da.

Zentzu horretan, garbiketa zerbitzuko 2.500 langile inguruk gaur abiatu den greba babestera deituta daude, “homologazioa ez ukitu!” lemapean.

Aldundian mobilizatu gara Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko greba egunean

Otsailaren 27an eta 28an eta martxoaren 8an hiru greba egun deitu ditugu Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuan. Gaur, asteko lehen greba egunan, Bilbon mobilizatu gara, ETBren egoitzatik Bizkaiko Foru Aldundiraino, sektore honetako langileek bizi duten egoera larria salatzeko. Bihar asteartea, otsailaren 28an, egingo dugu asteko bigarren greba eguna eta mobilizazioa egingo dugu 10:30ean Bilbon, Lan Harremanen Kontseilutik (Urkixo Zumarkalea, 2) Udaletxeraino.

Sektorean 7 urte baino gehiago daramate hitzarmenik gabe. Ez da kasualitatea, beste behin ere, ia langile guztiak emakumeak diren eta patronalak zaintza-zerbitzu publikoa ematen duen sektore batek negoziazioa blokeatzea eta erakunde publikoek emakume langileen prekaritatea ahalbidetzea.

Gure ustez onartezina da patronalari zerbitzu-ordu bakoitzeko 2016an baino %20-23 gehiago ordaintzen zaion bitartean, enpresa horiek %3,6ko soldata-igoera eskaintzea 2025era arte. 2022ra arte, izan ere, langileei %16,6 garestitu zaie bizitza.

Salatu dugu diru publikoa kudeatuz etekin handiak lortzen dituzten enpresa horiek benetako enpresa putreak direla, eta kontratatzen dituzten udal eta mankomunitateen pasibotasuna dela hori ahalbidetzen duena.

Zuzenean galdetu nahi diegu udalei eta mankomunitateei Bizkaian Etxez Etxeko Laguntzaren (EEL) sektorean lan egiten duten 1.500 emakume baino gehiagoren baldintzak prekarizatzen dituzten enpresen poltsikoak betetzen jarraituko ote duten. Hala, kalitatezko zerbitzu baten aldeko apustua egitea eskatzen du sindikatuak, egungo ereduak prekarietatea baino ez baitakar, bai langileentzat, baita zaintzen dituzten pertsonentzat ere.

2016tik 2022ra bitartean, EELko langileek 361 euroko galera metatu zuten hileko soldatan, hau da, 4.336 euroko galera metatua urteko soldatan 2022ra arte.

Hala ere, sektore honetako enpresa putreek hilean 72 euroko igoera eskaintzen diete, atzerapenik gabe, hau da, urteko soldata 868 euro igotzea 2025era arte.

KPIaren igoera (2016-2022)361, 38 € hilean4.336,60 € urteko soldata
Patronalaren proposamena (2016- 2025)72,36 € hilean868,36 € urteko soldata

Lanarekiko aitortzaren alde borrokatzen dugu, eta aitortza hori lan baldintzen hobekuntzak dira. Erosteko ahalmena berreskuratzea, gaixotasunagatiko bajen osagarriak, lanaldi partzialen prekarietatearen aurkako akordioak, lanaldi minimo bat eta lanaldi hori handitzen joateko mekanismo argi eta objektiboak ezarriz, kontratuen finkotasunak, laneko osasunaren arloan arrisku psikosozialei (estresa, erasoak) buruzko akordioak eta kontziliazioa hobetzea zerbitzuak multzokatzearen bidez, besteak beste.

Benetako batasun sindikal baterako deia egiten dugu. Uste dugu beharrezkoa dela borroka bateratua, gutxieneko akordio batean oinarritua. Proposamen bat helarazi genien idatziz sindikatu guztiei. Horren bidez, KPIaren berreskurapenaren azpitik dagoen ezer ez sinatzeko gutxieneko akordio bat eta mobilizazio bateratuen proposamena egin zuen. Baina beste sindikatuek ez zuten onartu. Guk, gutxieneko akordio hori gabe, ez dugu benetakoa ez den batasunaz mozorrotu nahi izan. Bada, publikoki konpromisoa hartzen dugu aktiboki batasun sindikala lortzeko saiatzen jarraitzeko.

Amaitzeko, deialdi honekin 62 greba egun egin ditugu, eta gehiago deituko ditu mahai gainean beste eskaintzarik ez badago. Udalak gatazka honen konponbidearen erantzule egiten ditu, eta erakunde horiekiko interpelazioa areagotzen joango dira, haiek direlako patronalei hitzarmenaren blokeoa ahalbidetzen diotenak.

Milaka atera gara osasungintza publikoa defendatzera

Bilboko, Donostiako eta Gasteizko kaleetan jendetza bildu da Osakidetzako langileek deitutako manifestazioetan.

Osakidetza salba dezagun lelopean, eta azkenaldian haien baldintzek etengabe okerrera egin dutelako nazkatuta, osasun zerbitzu publikoan ordezkaritza duten sindikatuek manifestazioak deitu zituzten gaurko, otsailak 25. Bada, ziurtatu dute gurean osasun sistema publikoaren alde sekula egin diren mobilizaziorik jendetsuena izan dela.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari ozen eskatu diogu pribatizaziorako eta zerbitzu publikoa desegitera bideratutako neurriak alboratu eta kalitatezkoa izango den sistema bermatzeko baliabideak ezar ditzala.

Elkarretaratzea egin dugu Pinen laneko arriskuen aurkako neurri eraginkorrak eskatzeko

Bi lankidek izandako istripua gogor salatu dugu, eta enpresari exijitu diogu lan osasuna bermatzeko dagokion ardura bere gain har dezan.

Gogorarazi behar da bi behargin zauritu zirela Amurriko Tubos Reunidosen lanean zebiltzala, horietako bat oso larri. Elkartasuna adierazi diegu gaurko kontzentrazioan.