2026-08-02
HomeEkintza SindikalaNeurriak eskatu dizkiogu Bizkaiko Foru Aldundiari bertako langileek ez dutelako tenperatura egokirik...

Neurriak eskatu dizkiogu Bizkaiko Foru Aldundiari bertako langileek ez dutelako tenperatura egokirik lantokian

Inkesta bat egin dugu Bizkaiko Foru Aldundiko langileen artean lantokietan duten tenperaturaren inguruan, eta 3.000 langiletatik, 591k erantzun dute (%19,7ak). Langile gehienek adierazi dute ez dutela lantokian tenperatura egokirik. Eguraldi hotza egiten duenean, %89,51ak adierazi du bere lantokiaren giro termikoa ez dela egokia (%79,86arentzat hotzegia baita eta %9,64arentzat beroegia); eta eguraldi beroa egiten duenean, %64,09k adierazi du gauza berdina (%17,35arentzat hotzegia da eta %46,73arentzat beroegia). Egoera honen aurrean, LABek neurriak eskatu dizkio Bizkaiko Foru Aldundiari bertako langileek ez dutelako lantokian tenperatura egokirik.

Eguraldi hotza egiten duenean lantokietan tenperatura egokia ez dela uste dutenek arrazoia honako hau dela adierazi dute (erantzun bat baino gehiago markatu zitekeen): klimatizazio sistemaren gabeziak (% 69,79), lantokian dauden korronteak (% 35,06), isolamendu eskasa (% 38,19), leihoak zabaltzen dira eta hotza sartzen da (% 4,68) eta beste batzuk (% 19,09).

Eguraldi beroa egiten duenean, lantokietan tenperatura egokia ez dela uste dutenek, arrazoia honako hau dela adierazi dute (erantzun bat baino gehiago markatu zitekeen): klimatizazio sistemaren gabeziak (% 54,04), isolamendu eskasa (% 24,81), ezin dira leihoak zabaldu (% 15,44), korronteak (% 10,66) eta beste batzuk % 16,17.

Bero egiten duenean hotza eta hotza egiten duenean bero pasatzeak argi erakusten du klimatizazioaren sistemaren gabeziak zenbait tokitan, eta horrek dakarren energia-xahutzea.

Eraikinen araberako azterketa ikusita, oso datu kezkagarriak agertzen dira, eguraldi hotza egiten duenean langileen % 80 baino gehiagok hotza pasatzen duelako Ogasuna, Errekalde 30, Liburutegia, Lersundi 14, Iparragirre 21 eta Uribitarteko eraikinetan. Eguraldi beroa egiten duenean, langileen % 50 baino gehiagok bero larregi pasatzen du Ogasunan eta Ugaskon eta % 40 baino gehiagok Lersundi 14 eta Iparragirre 21eko eraikinetan.

Parte-hartze zabalak oso balio handia ematen die emaitzei eta begi-bistakoa da arazo larri eta kezkagarri bat dagoela, langile gehien sentsazio termikoa ez delako erosoa Aldundiko eraikin nagusi guztietan hotzaldietan eta gehienetan beroaldietan. Eta “erosotasunaz” hitz egiten dugunean lan egiteko baldintza egokiez, laneko segurtasunaz eta osasunaz ari gara.

Aldundiari, beraz, eskatzen diogu, berehala egin dezala azterketa sakon eta zabala, egoera zuzenean ezagutzeko eta antzeman diren  arazoen jatorria ezagutzeko eta epe laburrean konpontzeko.

Desegokitasun termikoak erakusten du gabezia larriak daudela klimatizazio sistemetan, isolamenduan, bulegoen egituran, eta abar. Horiek dira, lehentasunez, Aldundiak aztertu eta konpondu beharrekoak, ezinbestekoak diren inbertsioak eginez.

Aldundiak, 2022ko abenduaren 27an, Aldundiaren Energia Jarduketaren Plan Orokorra onartu zuen, instituzioaren diagnostiko energetiko osoa jasoz. Horrez gain, energia aurrezteko eta efizientziarako 41 jarduketa aurreikusten dira 2030erako. Jarduketa horien artean eraikinetako energia-eraginkortasuna hobetzeko hauek daude: berokuntza-sistema, aireztapena eta termostatoen kudeaketa. Horiek gauzatzeko epea 2024an hasiko da eta 2026 eta 2030 bitartean luzatuko da. Onartezina da epe luzeegi horiek ezartzea, langileen lan-baldintza egokiak tartean egonik.

LAB sindikatuaren iritziz, orain arte adabakiak baino ez dira jarri eta, gure ustez, erabakitzeke dago kontu garrantzitsu bat. Urte asko dira Aldundiak iragarri zuela orain arte Bilbon sakabanatuta dauden bulego gehienak eraikin bakarrean biltzeko asmoa, hasieran Iberdrola Dorrean, gero Bizkaia Dorrean. Beste legealdi bat bukatzen ari da eta ez dago inongo argipenik horren inguruan, ilunkeria da nagusi. Bitartean, behin-behiko bulegoak irekitzen dira (FNAC, Kale Nagusia..), ez dira eraikin zaharretan ezinbesteko konponketak egiten, ez da kontuan hartzen telelanaren hedapenak ekarri ditzakeen ondorio zein aldaketak eta horrela, ezinezkoa da egokitasun termikorik erdietsi eta plan energetiko arranditsurik betetzea.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.