2026-05-02
Blog Page 304

EAEko Hezkuntza Sailak eskola publikoetako eskola-garraioaren zerbitzurako diru-partida dekretu baten bidez murriztu nahi duela salatu dugu

Joan den azaroan, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak prozedura bat hasi zuen unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako ikasleen eskola-garraioari buruzko dekretu-proiektu bat egiteko, eskola-garraiorako eskubidea eta jangelan kuota murriztua lortzeko eskubidea bereizteko. Dokumentu horretan, Jokin Bildarratzek dio erabaki horrekin egungo aurrekontuarekiko aurrezpen handia ekarriko duela. Erabaki honen aurka gaude, eta mobilizazioa egin dugu gaur, abenduaren 19an, Bilboko Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean (Kale Nagusia, 85), 10:30ean.


Hezkuntza Sailak honela arrazoitu du erabaki erabaki hori: azken urteotan ikusi duela familia askok eskola- garraiorako eskubidea eskatzen dutela, jangelako kuota murriztura iristeko helburu bakarrarekin, garraioa erabili gabe, eta horrek garraio-bolumen handia eragiten duela, eta praktikan, familiek ez dutela erabiltzen.
Egungo 69/2015 Dekretuaren 4. artikuluak ezartzen duenez, eskola-garraioa duten ikasleek kuota murriztua izateko eskubidea dute jangela publikoak arautzen dituen 2000ko martxoaren 22ko Aginduan aipatzen diren jangeletan; izan ere, jangela-zerbitzua duten ikastetxeetan, joan-etorriko ibilbide bakarra egiten dute eskola- egun bakoitzeko.
Honek eragin negatiboa du familietan ez ezik, eskola-garraioko zerbitzurako azpikontratatutako langileengan eta jolastokiko zaintzaileengan, erabaki horrekin lanpostuak desagertu eta lan-baldintzak okertuko baitira. Beste leku batean (jantokiak, garbiketa…) lan egitera behartuta dauden emakumeak* soldata duin samarra izaten saiatzeko; izan ere, zerbitzu honetako lanaldiak partzialak dira, egunean ordubete eta hamabost minutuko batez besteko kontratuekin.
Gainera, 2021ean eta 2022an 69/2015 Dekretua aldatzeko proposamenetan, LAB sindikatuak proposatu zion Hezkuntza Sailari patioko zaintzaileetan ratioak ezartzeko beharra; izan ere, gaur egun, ikastetxeetan ikasle guztientzako zaintzaile bakarra dago. Bada, Hezkuntza Sailak, jangeletan bezala, uko egiten dio langileen ordezkariek egiten duten edozein proposameni.
Hala, LAB sindikatuak zerbitzuaren emakidadun diren enpresekin zerbitzu horren egungo egoera salatu nahi du; izan ere, 2014/2015 ikasturtean Araban eta Gipuzkoan esleitu ziren azken lizitazioetatik 2016/2017 lizitaziora arte, 2018ko ekainera arte luzatuta, eta Bizkaian, 2017/2018 ikasturtean 2019/2020 ikasturtera arte, 2021eko abuztuan amaitu zen luzapenarekin, Hezkuntza Sailak enpresei eman die eskola-garraioko laguntzaile eta jolastokiko zaintzaile zerbitzua, zuzeneko kontratuen bidez (Araban 2018-2019 ikasturtetik aurrera eta Bizkaian 2021-2022 ikasturtetik aurrera). Bizkaiko zerbitzuaren enpresa esleipendunak (Asturservicios La Productore, SAL) uko egin dio kontratuarekin jarraitzeari, eta Hezkuntza Sailak CIDI SAri (Centro Internacional de Idiomas, S.A.) eman dio, zuzeneko kontratuaren modalitatean, zeina baita Araba eta Gipuzkoako lurraldeak kudeatzen dituen enpresak, 2022ko abenduaren 1etik aurrera Bizkaiko zerbitzua ere kudea dezan.
Hori esanda, LAB sindikatuak Jokin Bildarratzen Hezkuntza Sailari exigitzen dio alde bakarreko bidea uzteko eta langileen ordezkariekin negoziatzeko, eskola-garraioan ratioak ezartzeko, jangeletako ratioa aldatzeko eta EAEko eskola publikoetako eskola-garraioaren zerbitzuaren egungo egoera erregularizatzeko.

Orkoiengo kiroldegiko langileak borrokan, Udalak bere hitza bete dezan

Orkoiengo kiroldegiko langileen % 100ek bat egin zuten pasa den ostiraleko greba egunarekin, Udalari bere hitza bete dezala eta duela bi hilabete sinatu zuen akordioa aplika dezala eskatzeko.

Joan den urriaren 13an, Iturgaingo Administrazio Kontseiluak, kiroldegia kudeatzen duen Orkoiengo Udaleko enpresa publikoak, akordio bat sinatu zuen LABeko ordezkari sindikalarekin, hurrengo hiru urteetarako soldata igoerak eta beste lan hobekuntza batzuk jasotzen zituena. Akordio horri esker, Orkoiengo kiroldegia zabalik egon da Kirol Kudeaketa sektoreko lankideek daramatzaten 61 greba egunetan.

Orkoiengo kiroldegiko langileak (Kirol Kudeaketako hitzarmena aplikatzen zaie) prest zeuden beren lan-baldintzak hobetzearen alde borrokatzeko, baina Kirol Kudeaketako greba hasi baino bi egun lehenago lorturiko akordioaren ondorioz, greba sektorialetik kanpo gelditu ziren, Iturgaineko Administrazio Kontseiluarekin akordio bat lortu baitzen.

Harridura, eta batez ere haserrea, bi hilabete geroago etorri da, Udalak jakinarazi baitu Kontseiluak ez duela berresten sinaturik zegoen akordioa, eta ez duela aplikatuko. Horren ondorioz, kiroldegiko langile guztiek greba egin zuten ostiralean, eta udaletxearen atera joan ziren, hain zuzen ere, Administrazio Kontseiluaren bilera bat egiten ari baitziren han, konponbidea eskatzeko.

Martxa egin dute Gurutzetako ospitaletik Basurtokoraino Osakidetzako garbiketa azpikontratetako bigarren greba egunean

Hitzarmenaren negoziazioaren blokeo egoeraren aurrean, homologazio printzipioaren aldeko hiru greba egunetako bigarrena egin dute gaur Osakidetza garbiketa azpikontratetako langileek. Atzo EAEko hiru herrialdeetan egindako mobilizazioen ondoren, gaurkoan bakarra egin dute, Bizkaian, martxa bat Barakaldoko Gurutzetako ospitaletik Basurtokoraino, Bilbon.

Bihar egingo dute hirugarren greba eguna eta Donostia ospitalean (10:30), Gasteizko Olagibel kaleko osasun etxean (10:30) eta Bilbon mobilizatuko dira. 11:00etan abiatuko dira Basurtoko ospitaletik Eusko Jaurlaritzaren egoitzaraino (Kale Nagusia, 85) eta ekitaldia egingo dute bertan, 11:30ean.

Kolektibo honetako langileek 5 urte inguru daramatzate hitzarmenik gabe, eta enpresekin 50 bilera inguru egin dituzte arren, ez da aurrera pausorik eta negoziazioaren blokeo egoera nabaria da.

Langile hauen lan-baldintzak Osakidetzako langileei homologatzea jasotzen du euren hitzarmenak. Horixe izan da, hain zuzen ere, bere garaian inplikatutako hiru aldeek (enpresak, langileak eta Osakidetza) onartu zuten joku-araua, eta horren arabera jardun dute urteetan.

Orain, bai enpresak, bai bezeroa (Osakidetza) homologazio-printzipioa urratzen ari dira; are gehiago, sektorean gehiengoa duen Garbialdi enpresak jakinarazi die Osakidetzako zuzendaritzak ez duela bere gain hartuko egokitu beharreko gaietako bat, garapen profesionalaren osagarria, alegia.

Ez gara homologaziotik haratago doazen gaiak aldarrikatzen ari. Besterik gabe, Osakidetzako langileei aplikatzen zaizkien baldintza berberak aplikatzea aldarrikatzen ari gara, homologazio-printzipioan oinarrituta: garapen profesionalaren deialdi ezberdinetara sarbidea izatea, lanpostu hutsak betetzeko sistema bidezkoagoa, errelebo-kontratuari lotutako erretiro partziala hartzeko eskubidea izatea, Osakidetzako langileek aitortuta dituzten baimenak eta lizentziak, etab.

Enpresa esleipendunak jarrera erosoan kokatu dira, eta erantzukizuna Osakidetzako Zuzendaritzari zuzendu diote. Modu horretan, ez dute sindikatuekin ezer adostu nahi, Osakidetzako Zuzendaritzaren aldez aurreko oniritziarekin ez bada.

Zentzu horretan, ordezkaritza sindikal bezala askotan zuzendu gara Osakidetzako zuzendaritzara egoera desblokeatzen saiatzeko. Bi urte daramatzagu Osakidetzaren atea jotzen, baina salatu behar dugu erakunde publiko honek ez digula ezta erantzun.

Egoera horrek alarma guztiak eta langileen animoak piztu besterik ez du egin. Osakidetzako garbiketa-zerbitzuko langileak ez dira besoak gurutzatuta geratu eta grebara atera dira gaur, hitzarmenak jasotzen duen homologazioa irmoki defendatukoz. Erakutsi dute ez daudela prest bere garaian lortutakoa orain galtzeko eta horrela, erantzun zabala izan du gaurko grebak, eta bihar eta ostiralerako deitutako deialdiek ere erantzun zabala izango dutela espero dute.

Bizkaiko egoitzetako gatazkan Foru Aldundiak duen jarrera salatu dugu itxialdiaren bigarren egunean

Atzo hasi zuen LABek Bizkaiko egoitzetako langileen itxialdia Bilboko Atxuri auzoko Enkarnazioaren elizan. Ekimen honekin batera, hiru egunetako greba deitu du LABek Bizkaiko egoitzetan, abenduaren 14, 15 eta 16rako. Gaur, Batzar Nagusien egoitzaren aurrean mobilizatu dira grebalariak eta zuzenean interpelatu dute Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatua, Aldundiak egoitzetako gatazkan duen erantzukizuna nabarmenduz, ā€œGreban gaude, Murillo non zaude?ā€ oihu artean.

Atzo goizean itxialdia hasi zutenetik, hainbat ekimen egin dituzte Bizkaiko egoitzetako langileek. Atzo bertan, manifestazioa egin zuten Atxuritik Erriberako egoitzara. Eta arratsaldean, egoitzetako gatazkaren inguruko hitzaldia eman zuten Ainhoa Etxaide eta Arantza Zulueta LABeko Idazkaritza feministako kideek. Egoitzetako gatazka gai laboral batetik harago doala nabarmendu zuten, zaintzaren afera erdigunean kokatzen duelako, eta honen izaera soziala eta inplikazio politikoak nabarmendu zituzten. Egun pribatizatuta dauden zaintza lanak publikoak izan beharko luketeela adierazi zuten.

Enkarnazioaren elizan lehen gaua igaro ondoren, gaur goizean ere euren aldarrikapenak zabaltzen ari dira grebalariak Bilboko kaleetatik zehar, ā€œFuntsezkoak garaā€ lelodun kamiseta moreak soinean. Horrela, pankarta erraldoi bat zabaldu dute Alde Zaharreko Unamuno plazan eta ondoren, Batzar Nagusietako egoitzaren aurrean mobilizatu dira.

Gaur arratsaldean, 18:00etan, grebalarien elkargunea egingo dute Enkarnazioaren elizan. Hemen, grebalariek lan-baldintza eta zaintza duinen alde egiten ari diren borrokan izandako bizipenak partekatzeko aukera izango dute. 19:30ean, poteo musikatua egingo dute Atxuri eta Alde Zaharretik. Bigarren gaua elizan igaro ondoren, bihar goizean amaituko dute itxialdia, hiru egunetako ekimena biribilduz.

DSBEren egungo erreformak pobrezia desagerrarazteko gai ez den eredu asistentzialista betikotzen duela salatu dugu

Datozen egunetan, Gasteizko Parlamentuak diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko euskal sistema arautzen duen lege berria bozkatuko du. Urteak iraun dituen legegintza-prozesu horren fruitua prekaritatea eta gizarte-bazterketa areagotzeaz gain, errealitate hori errotik eteteko gai ez den eredu bat ezartzen duen erreforma bat da.

Euskal langileen bizi- eta lan-baldintzak gogortzen ari diren testuinguruan, asko dira lege berriak aurreikusitako eskubide-murrizketak. Horien artean, DSBEagatik jaso beharreko zenbatekoak kalkulatzeko konplexutasun berria, datorren urterako, 2022ko datuekin alderatuta, 10 eurokoa baino ez den igoera ekarriko duena. Igoera horrek aurtengo KPIa konpentsatzea ere ez du ahalbidetuko, % 7 ingurukoa baita, eta ez du aintzat hartzen Hego Euskal Herrian 25 eta 64 urte bitarteko biztanleen % 53 baino gehiago bizi dela egoera prekarioan, lan duinik gabe eta diru-sarrera eskasekin, Ipar Hegoa Fundazioak berriki zabaldu duenez.

Lege berri honekin, Urkullu eta Mendia buru dituen Gasteizko exekutiboak ez die erantzuten kale mobilizazioetan adierazitako eta herri-ekimen legegileetan edo legebiltzarreko agerraldietan jasotako gizarte- eskaerei. Kontrara, beste behin ere, pobrezia estigmatizatzen duen eta berau jasangarri bihurtzea beste helbururik ez duen sistema asistentzialista eraldatzeko aukera galtzen du.

Pentsiodunek jasoko duten zenbatekoa, egungo 834 euroetik 934 euroetara igaroko litzateke, baina erreforma honek indargabetuko duen 2008ko Legearen arabera, pertsona horiek 1.166 euro kobratu beharko lituzkete. Kontuan hartuta gaur egun pentsiodunen ia % 35ek 1.000 euro baino gutxiago kobratzen dutela, eta horien artean, 3 pertsonatik 2 emakumeak direla, DSBEren lege berriak ez dio aurre egiten emakume pentsiodunekiko zor historiko sakonari. Horretaz gain, 232 eurotan murrizten du hilean jasotako zenbatekoa.

Bestalde, lege berriak, etxebizitza berean bizikidetza-unitate bat baino gehiago daudenean, % 15eko beheranzko indize zuzentzaile bat aplikatzea aurreikusten du, DSBEren onuradunak izan ala ez. Eskubideen urraketa larria da hau, nagusiki etxebizitza partekatzen duten pertsonen aurka egiten duena. EAEko errealitate gorakorra, non Etxebizitzaren Euskal Behatokiak argitaratutako datuen arabera, hiri handietan alokairuaren hileko batez bestekoa ia 800 eurotakoa baita.

Gazteen kasuan ere agerikoa da erreforma horrek bultzatutako eskubide-murrizketa. Gazteen Euskal Behatokiak berak adierazten duenez, EAEn bizi diren 18 eta 34 urte bitarteko pertsonen % 60 baino gehiago ez dira emantzipatzen, eta, beraz, larria da lege berriak baldintza gehigarriak eskatzea gazteek DSBE jaso ahal izateko.

Erreformaren arabera, 18 eta 29 urte bitarteko gazteek, baldintza orokor guztiez gain, eskaera egin baino urtebete lehenagotik gutxienez, modu independentean bizi direla egiaztatu beharko dute. 18 eta 23 urte bitarteko pertsonen kasuan, aurrekoaz gain, azken 2 urteetan gutxienez 240 egun kotizatu izanaren baldintza ere gehitu da, edo horren ordez, DSBEa eskatu aurreko urtean Lanbiden alta emanda egotearena.

Erroldari dagokionez, lege berriak, oro har, 3 urteko gutxieneko epeari eusten dio, migratutako pertsonei sarbidea mugatzeko helburu argiarekin. Gainera, atzerritar jatorriko pertsonei DSBE jasotzeko kontrol espezifikoak egitea aurreikusten du, hala nola mugako mugimenduak kontrolatzea behar bezalako oinarri juridikorik gabe, eta agerian uzten du migrazioaren kriminalizazioa lege berri honetan errepikatzen den joera dela.

Horregatik guztiagatik, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak bihar, abenduaren 16an, 11:00etan Eusko Legebiltzarraren aurrean, Gasteizen, bultzatu duen mobilizazioan parte hartzera animatzen ditugu langileak, erreforma hau salatzeko eta 2023rako aurreikusitako aurrekontuak Euskal Herrian langile-klasea eta herri- sektoreak pairatzen ari diren pobretze-prozesuari aurre egiteko nahikoak ez direla salatzeko.

FVEMek Bizkaiko metalgintzako sektoreko 56000 langileei hitzarmenaren negoziazioa ukatzen jarraitzen die

Bizkaiko metalaren hitzarmenaren negoziazio-mahaiaren hogeigarren bilera, sektoreko grebaren azken astearen osteko lehena, akordiorik gabe amaitu da.

Greba garaian mobilizazio handiak izan diren arren, patronala esku hutsik etorri da, proposamen berririk gabe. Sindikatuek etengabe deitu diote negoziazioarekiko erantzukizunari, baina FVEMek ihes egin dio.
Hala eta guztiz ere, gehiengo sindikalak abenduaren 21erako beste bilera batera behartu du patronala, eta proposamen berri bat egiteko konpromisoa hartu dugu, negoziatzailea izaten jarraituko duena. Ildo horretan, patronalak ez du berariazko konpromisorik hartu proposamen berri bat ekartzeko.
Gehiengo sindikaletik argi daukagu mobilizazioak eragina izan duela eta, hala badagokio, greben bidetik jarraitu beharko dugula, baina adierazi beharra dago gaur greba berriak aipatu dituen alde bakarra FVEM izan dela, hau da, sindikatuei erronka botaz, ā€œnahi dituzuen greba bezain beste eginā€ esanez. CONFEBASKek eta klase politikoak negoziazioaren aldeei erantzukizunez jokatzeko deia egiten dietenean, gogora dezatela FVEMek esandakoa.

EAEko KESen agerraldia egin dugu, trantsizio ekosozialista eta feminsitarako neurriak aurkezteko

Krisi ekosozialak eragindako testuinguruari aurre egiteko trantsizio ekosozialista eta feminsitarako neurriak aurkeztu genituen iraila hasieran baita besteren artean KESen premiazko agerraldia eskatu. Gaur egin dute Ekintza Sindikaleko eta Ekintza Sozialeko arduradun Oihana Lopetegi eta Endika Perezek agerraldia Kontseilu Ekonomiko eta Sozialeko batzorde sozioekonomikoan.

Agerraldian, bizitzaren garestitzea, enpleguaren prekarizazioa, zaintza krisia, klima aldaketa, migrazioak edota elkar gurutzatzen diren diskriminazio desberdinak Kapitalismoak eragindako krisi ekosozialaren aurpegi desberdinak direla azaldu eta krisioi aterabidea emateko sindikatuaren proposamenak xehetu dituzte.

Lau ardatzetan kokatu dute sindikatuko ordezkariek lehentasunezko ekinbideak:

Lehenik eta behin, enplegu, zaintza lanak eta aberastasunaren bidezko banaketa gauzatzeko neurriak, hala enplegu politikaren bidez (besteak beste, 1.400 euroko gutxieneko soldata ezarriz, erosmen ahalmena bermatuz, arrakala ororekin amaitu eta 30 orduko lanaldiaren alde eginez) nola zerga politikaren bidez (Kapital errenten eta Elkarteen gaineko zergak indartuz).

Bigarrenik, herritar orori zerbitzu publikoak eta oinarrizko eskubideak bermatzeko neurriak, hala nola, osasuna, zaintza, garraioa, etxebizitza, pentsioa edota energia. Eremu hauetan esku hartze publiko sendoa eskatu dugu, oligopolioen mesederako pribatizazio politika ororekin amaituz.

Hirugarrenik, Patronalari negozioa egiten ahalbidetuko dion ā€œkapitalismo berdeaā€ren iruzurraren ordez, langileon parte hartzeaz bideratutako trantsizio ekosozialista abian jartzea eskatu dugu. ā€œGehien kontsumitzen dutenek gehiago murriztu beharko dute euren kontsumoaā€.

Azkenik, euskal instituzioek dituzten eskumenak erabiltzearekin batera, estatu tresnak eskuratzeko premia nabarmendu dugu, hala nola, Euskal Gizarte Segurantza edota Euskal Lan Kodea.

Jarraipen zabala Osakidetzak azpikontratatutako garbitzaileek homologazioaren defentsan egindako lehen greba egunean

Hitzarmenaren negoziazioaren blokeo egoeraren aurrean, homologazio printzipioaren aldeko hiru greba egunetako lehena egin dute gaur Osakidetza garbiketa azpikontratetako langileek. Araban, Gasteizen mobilizatu dira, Unibertsitate Ospitaleko kanpo kontsultetan. Gipuzkoan, Donostia ospitalean. Eta Bizkaian, Barakaldon, eta martxa bat egin dute San Eloy ospitaletik Gurutzetakora. Bihar ere, abenduaren 15ean, greba egingo dute eta martxa bat egingo dute, 11:00etan abiatuta, Barakaldoko Gurutzetako ospitaletik Basurtokoraino, Bilbon.
Kolektibo honetako langileek 5 urte inguru daramatzate hitzarmenik gabe, eta enpresekin 50 bilera inguru egin dituzte arren, ez da aurrera pausorik eta negoziazioaren blokeo egoera nabaria da.
Langile hauen lan-baldintzak Osakidetzako langileei homologatzea jasotzen du euren hitzarmenak. Horixe izan da, hain zuzen ere, bere garaian inplikatutako hiru aldeek (enpresak, langileak eta Osakidetza) onartu zuten joku-araua, eta horren arabera jardun dute urteetan.
Orain, bai enpresak, bai bezeroa (Osakidetza) homologazio-printzipioa urratzen ari dira; are gehiago, sektorean gehiengoa duen Garbialdi enpresak jakinarazi die Osakidetzako zuzendaritzak ez duela bere gain hartuko egokitu beharreko gaietako bat, garapen profesionalaren osagarria, alegia.
Ez gara homologaziotik haratago doazen gaiak aldarrikatzen ari. Besterik gabe, Osakidetzako langileei aplikatzen zaizkien baldintza berberak aplikatzea aldarrikatzen ari gara, homologazio-printzipioan oinarrituta: garapen profesionalaren deialdi ezberdinetara sarbidea izatea, lanpostu hutsak betetzeko sistema bidezkoagoa, errelebo-kontratuari lotutako erretiro partziala hartzeko eskubidea izatea, Osakidetzako langileek aitortuta dituzten baimenak eta lizentziak, etab.
Enpresa esleipendunak jarrera erosoan kokatu dira, eta erantzukizuna Osakidetzako Zuzendaritzari zuzendu diote. Modu horretan, ez dute sindikatuekin ezer adostu nahi, Osakidetzako Zuzendaritzaren aldez aurreko oniritziarekin ez bada.
Zentzu horretan, ordezkaritza sindikal bezala askotan zuzendu gara Osakidetzako zuzendaritzara egoera desblokeatzen saiatzeko. Bi urte daramatzagu Osakidetzaren atea jotzen, baina salatu behar dugu erakunde publiko honek ez digula ezta erantzun.
Egoera horrek alarma guztiak eta langileen animoak piztu besterik ez du egin. Osakidetzako garbiketa-zerbitzuko langileak ez dira besoak gurutzatuta geratu eta grebara atera dira gaur, hitzarmenak jasotzen duen homologazioa irmoki defendatukoz. Erakutsi dute ez daudela prest bere garaian lortutakoa orain galtzeko eta horrela, erantzun zabala izan du gaurko grebak, eta bihar eta ostiralerako deitutako deialdiek ere erantzun zabala izango dutela espero dute.

Ezinbestekoa da Bizkaiko egoitzetako langileen lan-baldintzak duinak izatea

Bizkaiko egoitzetako langileen egoera salatzeko hiru egunetako itxialdiari hasiera eman dio LABek Bilboko Atxuri auzoko Enkarnazioaren elizan, ā€œFuntsezkoak garaā€ lemapean egingo dena. Honekin batera, greba ere deitu du sektorean abenduaren 14, 15 eta 16rako, urrian hasitako zazpi greba egunen zikloari amaiera emanez. Garbiñe Aranburu Koordinatzaile Orokorrak zaintza arloko langileak egiten ari diren borroken testuinguruan kokatu du ekimena: ā€œBizkaiko egoitzetako langileek urteak daramatzate lan baldintzak duintzeko eta kalitatezko zerbitzua eskaini ahal izateko borrokan. Eurekin batera, azken hilabeteetan Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako egoitzetakoak ere borrokan dira, eta baita zaintza eremuan lan egiten duten hainbat langile ereā€.


ā€œLangile borroka guzti hauek agerian uzten dute zaintzaren inguruko gogoeta sakon bat egin behar dela. Herritar guztiok dugu, gure bizitzako uneren batean, zainduak izateko beharra. Zaintza duina jasotzea eskubide bat da, baina egun ez dago bermatuaā€, gaineratu du Aranburuk. ā€œZaintza lanak, bizitzari eusteko ezinbestekoak dira. Zaintza lanik gabe, jendarteak ezin dezake aurrera egin. Baina zaintza lan horiek ze baldintzetan egiten diren aztertuz, zein da ondorioa?ā€

Zaintzaren izaera feminizatuan jarri du arreta LABeko ordezkariak: ā€œEremu pribatuan geratzen diren zaintza lan ez ordainduak izan edo lan eremuan egiten ditugunak izan, nagusiki emakumeok sostengatzen ditugu zaintza lan horiek eta oso modu prekarioan egiten dira. Zaintza sektoreetan emakume migratu eta arrazializatuen presentzia handia da. Zapalkuntza ugari eta anitzak eta indarkeria mota desberdinak jasaten dituzte emakume horiekā€.


Zaintzaren izaera funtsezkoa eta aitortza beharra ere hizpide izan ditu Aranburuk: ā€œZaintza lanei duten balio soziala eta ekonomikoa aitortu behar zaie. Ez da onargarria, bizitza sostengatzeko funtsezko langileak izanik, egoera prekarioetan prekarioenean egotea. Langile hauen soldatak duindu egin behar dira, ratioak murriztu edota publifikazio prozesuak bultzatu behar diraā€.
Era berean, adierazi du instituzio publikoak direla egoera honen erantzule nagusiak. ā€œArduradun politikoak dira emakumeen zapalkuntza hau ontzat ematen ari direnak. Instituzioen jarrera salatzekoa eta gaitzestekoa da. EAJ eta PSEren Jaurlaritzak eta EAJ buru duen Bizkaiko Foru Aldundiak ardura zuzena dute gaur hemen itxialdian sartu diren langileekikoā€.


Eta konponbideak nondik etorri behar duen ere aipatu du Garbiñe Aranburuk: ā€œZaintza erdigunean jarri eta daukan garrantzia eman behar zaio, zaintza beharrak eta eskubidea, zein langileen lan baldintza duinak erdigunean jarri behar dira. Zaintza sistema publiko bat eratzeko urratsak beharrezkoak diraā€. Eta pribatizazioak dakartzan arriskuez ere ohartarazi du LABeko ordezkariak: ā€œBaina kontrako norabidean ari dira. Zaintza negozio bilakatu eta pribatizazioa eta merkantilizazioa sustatzen ari dira. Bizkaiko egoitzetako hitzarmenaren blokeoaren aurrean, ardura politikoak saihestu eta beste aldera begiratzen dute. Instituzio publikoen utzikeria honek, diru gosea duten enpresari pribatuei, negozioa egiteko aterak parez pare irekitzen dizkieā€.


Langileen lekukotza
Nekane Olalde Ermuako Abeletxe egoitzako langileak ere hartu du hitza itxialdiaren hasieran egindako mobilizazioan eta adierazi du inork ezin duela zalantzan jarri zerbitzu publikoa ematen dutela eta funtsezko langileak direla. Patronalak eta Aldundiak negoziatzeari uko egin diotela eta sektoreko hitzarmenaren mahaia blokeatu dutela gaineratu du. Grebalarien aldarrikapen zehatzak ere zerrendatu ditu:


• Benetako urratsak soldatak Gizarte Urgazpenek Foru Erakundearekin parekatzeko. Euren lan bera egiten duen langile publiko batek baino % 50 inguru gutxiago kobratzen dute. Horrez gain, azken bi urte hauetan erosahalmena galdu dutenez, hilean 300 euro inguru pobreagoak direla salatu du.
• Euren lan-bizitzako azken urteei aurre egiteko neurriak 55 urtetik aurrera: murrizketa konpentsatuak, erretiroen alde egitea, ordaindutako baimenak, lanpostuaren egokitzapenak…
• % 100eko baja-osagarria.
• Bajak lehen egunetik ordezkatzea.
• Lan-osasunari buruzko neurri errealak, arrisku psikosozialei buruzkoak, besteak beste.


Langileen egunerokotasuna erabat baldintzatzen duten ratio ankerrak ere izan ditu hizpide, eta hauek dakartzaten ondorio larriak: pertsona bat 10 minututan garbitu, jantzi eta dutxatzea, gauean 30 edo 35 egoiliarren ardurapean egotea, 15 pertsona oinarrizko jardueretan zaintzen saiatzea (langile bakar bat). Egiten ez diren edo berandu egiten diren pardel-aldaketak aipatu ditu, lesioak eta zauriak saihesteko jarrera-aldaketak. Langileen lana ondo egiteko aukera ematea eskatu du eta salatu du egoitzetako eguneroko egoera oso gogorra dela, Administrazio Publikoak gaur egun ezartzen dituen ratioek eta enpresek poltsikoak betetzeko erabiltzen dituztenek oso larriki hondatzen baitute egoiliarren eta langileen bizitzaren duintasuna.

LABen ustez, egoera horren erantzuleak administrazio publikoak dira, bai Eusko Jaurlaritza bai Bizkaiko Foru Aldundia, eta erantzukizuna beren gain hartzea eta egoera horri irtenbidea ematea eskatzen dugu.


Egungo ratioen aurrean, LABek gutxieneko ratioen proposamena egin du, egoitzen egoera gizatiartu dadin. Besteak beste, neurri hauek proposatzen ditu sindikatuak:

  • gaueko ratioa 2 gerokultore/zaintzaile izatea 15 egoiliarreko.
  • eguneko ratioa gerokultore/zaintzaile batena izatea 4 egoiliarreko.
  • erizaintza-zerbitzua 24 orduz egotea, eta gutxienez erizain bat 16 egoiliar bakoitzeko.

Proposamen hau egia bihurtzeko Aldundiaren eta enpresen borondatea baino ez da behar. Adibidez, lau egoiliarreko zaintzaile bat izateak 3.300 lanpostu berri sortuko lituzke, eta Aldundiak 24 euro inbertituko lituzke eguneko egoiliar bakoitzeko.