LAB sindikatuak alde bakarrez egindako lanuzte egutegiari esker, Barbataingo Eduardo Albeniz etiketatze enpresan lau urtetarako Nafarroako KPIa bermatzea lortu da.
Hasiera batean Enpresa Batzordean ordezkaritza zuten sindikatu guztiek (LAB, UGT eta independenteak) aldarrikapen bateratua bazuten ere, laster ikusi zen UGT eta independenteak Nafarroako KPIari uko egiteko prest zeudela. Arrisku horren aitzinean, borroka egutegi bat planteatzeko beharra ikusi zuen LABek, bai enpresa eta baita langileen eskubideak saltzeko prest zeuden sindikatuak ere baldintzatzeko asmoz. Zorionez, erran daiteke deialdia egitea nahikoa izan zela sindikatu honek markaturik zituen helburuak lortzeko.
Enpresarekin adosturiko akordioan lortu da hurrengo lau urteetarako Nafarroako KPIa bermatzea. Horretaz gain, ezintasun arruntak 2. egunetik 4.era %85arekin osagarrituko dituzte eta 5. egunetik aitzinera %100ean.
LAB sindikatuak Eduardo Albeizeko langileak zoriondu nahi ditu, beraien jarrera tinkoari esker lortu ahal izan delako garaipen hau.
Espainiako Gobernuak Estatuko elkarrizketa sozialeko mahaian aurkeztutako pentsioen erreformaren xehetasunak ezagutu eta baloratu bitartean, LABen lehenengo balorazioa honako hau da:
Lehenik eta behin, kritika egiten diegu Espainiako Gobernuak erabilitako moduei. Europako Batzordearekin aldez aurretik adostutako erreforma da, eta horrek erakusten du zer nolako tutoretza daukan. Eta erreforma hori Hego Euskal Herriko gehiengo sindikala ordezkatzen ez duen mahai batean aurkezten da: euskal langileen pentsioei eragiten dieten erabakiak haien parte-hartzerik gabe eztabaidatzen dira.
Erreformaren edukiari dagokionez, azken hamarkadetako murrizketak lehengoratzea eskatzen dugu, besteak beste, erretiro-adina 67 urtera atzeratzea, kotizaziopeko pentsioa eskuratzeko gutxieneko kotizazio-aldia handitzea, eta pentsioaren zenbatekoa kalkulatzeko epea handitzea. Era berean, genero-arrakalarekin eta miseria-pentsioekin amaitzeko neurriak eskatzen ditugu, hala nola lan egin duten baina kotizatu ez duten emakumeei zor patriarkala aitortzea eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa berehala ezartzea, progresiboki 1.260 euroraino igotzeko. Hobekuntza partzial batzuk gorabehera (errenta altuenei kotizazioak areagotzea, kasurako), Espainiako Gobernuak aurkeztutako erreformak ez ditu gai horiek modu estrukturalean jorratzen.
Bestalde, hainbat komunikabidetan argitaratu denez, Espainiako Gobernuaren asmoa kotizazio-aldia 25 urtetik 27ra luzatzea litzateke (29, bi txarrenak kenduta), pixkanaka. Alde horretatik, lehengo lepotik burua: kalkulua egiteko epea luzatzen joan da, 2 urtetik 8ra (1985), 8 urtetik 15era (1997) eta 15 urtetik 25era (2011), betiere pentsioen zenbatekoa murrizteko helburuarekin.
Azkenik, kritikatu egiten dugu euskal erakundeek pentsioen gaiarekiko erakusten duten utzikeria. LABen ustez, EAEko eta Nafarroako Gobernuek pentsioen gaineko eskumen esklusiboa eskatu beharko lukete, eta transferentzia hori egiten ez den bitartean, euskal pentsiodunen gutxieneko pentsioa 1.080 eurora arte osatu beharko lukete, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua aste honetan baraualdi baten bidez aldarrikatzen ari den bezala. Bihar, asteartea, LABeko ordezkaritza bat joango zaie bisitan, Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorra buru izango dutela, babesa eta elkartasuna adierazteko asmoz. Horri dagokionez, Pentsiodunen Mugimenduak martxoaren 18rako Bilbon deitutako manifestazioan parte hartzeko deia egiten diegu euskal langileei.
Gaur, 2023ko martxoaren 10ean, ostirala, iragarri dugu Arabako Esku-hartze sozialeko III. Hitzarmena sinatu dela. Lan Harremanen Kontseiluan goizean egindako bileran testu osoa sinatu dute eta argitaratzeko izapideak hasi ditugu.
Azken urtean birritan jakinarazi dugu negoziazioa ixtea ahalbidetzen zuen akordio bat lortu zutela. Lehenik iazko udan, testuaren eduki nagusiak jasotzen zituen aurreakordioa sinatu ostean, eta bigarrenez duela zenbait aste, urtarrilaren 18an, testu osoaren akordioa itxi ondoren. Jakinarazi izan dugun bezala, momentu hartan Arabako Foru Aldundiak zuzenean esku hartu zuen lortutako akordioan, hitzarmenean jasotako atzerapenen kobrantza baldintzatu zuelarik. Egoera horri erantzuteko, mahaian ordezkaritza duten sindikatu guztiok martxoaren 15ean, 16an, 21ean, 22an eta 23an bost greba egun deitu genituen, eta greba mugagaberako deialdia egiteko asmoa iragarri genuen, harik eta blokeo-egoera konpondu arte.
Gaur goizean, akordioa sinatu ostean, grebak bertan behera utzi ditugula baieztatu dugu, eta LABek funtsezko hiru aipamenekin itxi nahi du negoziazio prozesua:
Arabako Foru Aldundiaren injerentzia salatzen dugu, hitzarmena negoziatu den bi urteetan akordio bat lortzeko aukera oztopatu baitu. Hasieran ez zuen negoziazio-mahaian lortutako akordioa finantzatzeko konpromisorik hartu, eta, gero, azken asteetan, negoziazioaren itxiera blokeatu izan du. Uste dugu esku-hartze sozialaren sektoreko zerbitzu sozial gehienen titularra den erakunde honen jardunak erakusten duela LABek luzaroan adierazitako exijentziaren garrantzia: sektore honetako langileak langile publikoak izan daitezela.
Salatu nahi dugu, halaber, Arabako esku-hartze sozialeko patronalak, AISAk, agerian utzi duela bi urte hauetan erakundeekin erabat lerrokatuta dagoela, bere behar propioei erantzunez eta sektoreko langileen interesak urratuz.
Azkenik, adierazi behar dugu sektoreko langileen antolakuntza eta mobilizazioa erabakigarria izan dela, negoziazioak aurrera egin ez duen aldi orotan. Hori dela eta, gaur berriro ere helarazi nahi izan dugun mezua da borrokak merezi duela. Horrenbestez, zorionak langile guztiei.
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak Uliazpin 34 zaintzaile-plaza betetzeko deialdia eta prozeduraren oinarriak baliogabetzat jotzen dituen epaia aztertu ondoren, Uliazpiko Enpresa Batzordearen gehiengoak, hau da, LABeko bost ordezkariek eta ELAko hirurek, guztiz arbuiatzen duela adierazi du. Beste bost ordezkari dituen CCOOk, aldiz, uko egin dio epaia gaitzesteko adierazpena babesteari.
Epaia guztiz bidegabea da langileek plaza bat lortzeko egin duten ahaleginarekin, Lan Eskaintza Publikoa egiteko 15 urte baino gehiago zain egon ondoren. Horrez gain, erabiltzaileen, senideen eta erakunde publikoko langileen eskubideen aurkako eraso larria dela uste dugu. Oinarri horiek, gainera, aho batez onartu genituen batzordeko ordezkari garen sindikatu guztiek, Euskara Plana onartu zen bezala, zeinaren testutik eratorri baita aipatutako LEP.
Uliazpi adimen-desgaitasuna duten pertsonen eta haien familien bizi-kalitatea garatzen laguntzen duen erakundea da, eta hizkuntza-eskakizunak, herritarren eskubideei erantzuteaz gain, lanpostuaren ezaugarriei lotuta daude, erabiltzaileek behar dituzten laguntzak emateko beharrezkoak baitira. Hori dela eta, uste dugu epaiak akats larria egiten duela pertsona orok enplegu publiko bat lortzeko duen eskubide generikoa eta lanpostu jakin baterako baldintzak betetzeko beharra nahasten dituenean. Izan ere, Uliazpin hezkuntza-lanak egiteko, komunikazioa, eta, beraz, hizkuntzaren ezagutza, funtsezkoa da langileek esleituta dituzten zereginetan.
Epaimahaiak deialdia baliogabetzen duenean, hizkuntza-eskakizuna duten plazen kopurua gehiegizkoa dela iritzita, langileek plaza lortzeko egiten duten ahalegina gutxiesteaz gain, urratu egiten du erakundeek herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko duten betebeharra, eta urratu egiten ditu gure erakundeek duela 30 urte baino gehiagotik euskararen normalizazioan aurrera egiteko adostutako hizkuntza-planak; horrez gain, urratu egiten du Uliazpiko erabiltzaileek behar dituzten laguntzak jasotzeko beraiek dakiten hizkuntzan komunikatzeko duten eskubidea.
Gaur egin da Bizkaiko merkataritzako lan hitzarmena negoziatzeko 28. bilera. Bileraren aurretik, mobilizazioa egin dugu Bilbon, Lan Harremanen Kontseiluan, larru eta oinetakoen, ehungintzakoaren eta merkataritza orokorreko sektoreetan hitzarmen duina aldarrikatzeko. Ia 11.000 langile ari dira lanean hiru sektore hauetan, 2014tik hona ez da lan hitzarmenik berritu eta 2019an hasi genituen negoziazioak. Akordiorik gabe amaitu da gaurko bilera, eta ondorioz, mobilizazioak iragarri ditugu.
Irati Sienra sindikatuko kideak adierazi du patronalak egin duela “KPIaren igoera onartuko lukeen proposamen bat, baina horren trukean planteatzen dutena da udako larunbat arratsaldeetan lan egiteko aukera kontenplatzea. Akordio bidez, baina lan egiteko aukera”.
“Kontua da akordioak enpresa askotan tranpa bat direla. Enpresa handietan agian badago langile antolakuntza bat eta enpresarekin negoziatzeko gaitasuna, baina sektore honetan enpresa gehienak txiki eta ertainak dira, langileek ez dute ordezkaritzarik, beldur handia dago eta akordioak bukatzen du izaten enpresak nahi duena”, gehitu du Sienrak.
Sektoreko langileek oso denbora libre gutxi dutela gaineratu du LABeko ordezkariak, merkataritzako ordutegiak kontziliaziorako ia ezinezkoak izanik. “Sektorean duten arnasa hartzeko aukera bakarrenetakoak udako larunbata arratsaldeak dira eta hitzarmenak ematen dizkien urteko lau larunbat libreak, lau soilik”.
Datorren martxoaren 26an mobilizatuko dira langileak, igandez, “denbora librearen balioa azpimarratzeko”. Honez gain, “Aste Santu aurretik hiru egunetako greba egiteko planteamendua dugu, ez baldin bagara lehenago akordio batera iristen”.
Gaurkoan Gipuzkoako eskualde guztietan hitzarmenaren defentsan kalera atera gara. Adegik emandako datuen arabera, 2022a urte ona izan da sektoreko enpresentzat. Salmentak %13,2 hazi dira eta industriaren hazkundea %4,6ko izan da, azken 14 urteetako balio altuenean kokatuz.
Negoziaketako hiru bileretara ADEGI esku hutsik etorri da: ez du KPIa bermatu nahi, lanaldi murrizketarik ez, aldi baterako desgaitasun osagarririk ez… laburbilduz, sektoreko langileentzat aurrera pausorik ez, eta hau gutxi balitz, malgutasuna handitzeko asmoz. Hau onartezina da, LABek asteak daramatza hitzarmen duinaren alde mobilizatzen eta horretan jarraituko dugu. Pauso bat aurrera emateko ordua da, langileok batu eta hitzarmena posible bihurtzeko. Zentzu honetan, hurrengo egunetan sindikatu guztiei dei egingo diegu elkartu eta denok batera borrokan hasteko.
LAB, FSU, CGT Eraikuntza eta Solidaires Euskal Herria sindikatuek eta 22 Bergeret Biztanleen kolektiboak deituta, Baionan omenaldia egin diogu gaur eguerdian duela urtebete lanean zendutako Mohamed Kichouiri. Kidea gogoan izateaz gain, halako ezbeharrekin behin betiko bukatzeko ordua dela azpimarratu dugu ekitaldian.
Jarraian irakur daiteke osorik Kichouiren heriotzaren urteurrenaren harira omenaldiaren deitzaileek osatutako testua:
“Agur deneri, kamaradak agur.
Gaur duela urtebete, Mohamed Kichoui lan-istripu larri baten biktima izan zen, Lapix enpresaren obralekuko garabiarekin erori zen. Haren omenentzeko bildu gira gaur, baita horrelako dramak sekula berriz gerta ez daitezen aldarrikatzeko ere.
Mohamed, garabi hau martxan jartzeko igo zarelarik, ez zenekien ainguratokian arazo bat zegoela. Familia biziarazteko lan egiten zenuen, dena bortizki gelditu zaizu.
Behin-behineko langilea zinen, eraikuntzan beste milaka langile prekario bezala. Zure bitarteko langile estatutu prekarioak, eraikuntzako langileek jasaten duten prekaritatea gogora ekartzen digu. Aldi baterako langileak dira maizenik obretako lan istripuen biktimak diren langileak. Obra honetan Mohamedek izan duen istripuak eraikuntza-obretako lan-istripuen egiaztapen izugarria ekarri digu: non egunean langile bat baino gehiago hiltzen den; non 18 langiletik batek urtero lan-istripu bat izaten duen geldialdirik gabe; non langile batek istripu bat izaten du bi minuturo.
EZ, Mohameden heriotza ez da zortearen errua.
EZ, ez da egia ez dugula ezer egiten ahal.
EZ, ez dugu onartzen lankideak, lagunak eta lankideak lanean hiltzea.
Gure babes osoa eman nahi diegu Cindy bere bizi-kideari eta haren seme-alabei, bai eta bere lagun eta lankideei ere. Nola ez pentsatu garabiaren gezia gainera erori zitzaien eraikineko bizilagunei, eta gaur jasan behar dituzten kalteei eta ondorioei. Justizia agintaritzak arduradunak izendatu beharko ditu, gaur egun bi haur aitarik gabe daudelako, emazte batek bakarrik hazi behar dituelako.
Gure sindikatuek, FSU, LAB, Solidaires eta FNSCBA CGT, instantzietan parte hartuko dute justizia egina izan dadin.
Eraikuntzan eta Obra Publikoko langileok herritar guztientzat egiten dugu lan, etxebizitzak, hiriak eta biharko hiria eraikitzeko. Segurtasun-baldintza onenetan egin behar dugu.
Eskatzen dugu:
– Lan-istripu guztietarako enplegatzaileak kondenatzea, langileen aurkako kalteen erantzuleak direnean.
– Laneko alargun eta umezurtz estatutu bat sortzea.
– Familiendako laguntza berezia plantan ematea: laguntza administratiboa, juridikoa eta, jakina, psikologikoa.
– Eraikuntzako lanbide guztietarako arriskugarritasuna eta nekagarritasuna aitortzea.
Lan-istripuak denon ardura bihurtu behar dira. Eta presakoa da! Frantzia Europako Batasuneko txarrena da lanean hildako kopuruari dagokionez.
Gaur Mohameden omenez biltzen garen unean, Ipar Euskal Herrian beste hiru pertsona hil dira lanean: Agnès Lassalle, Donibane Lohizuneko irakaslea, joan den ostiralean Baionako garaje batean lan egiten zuen enpresa italiar bateko langilea eta duela soilik 2 egun, martxoaren 7an, Mikel Duhalde Tartasen interim gisa acrocéan-entzat aritzen zen ziburuko langilea.
Hemen gauden sindikatuok konpromisoa hartzen dugu oroimen-leku baten sortzeko hemen, Mohamed hil den tokian: haren oroimenez, gogoan atxikitzeko, eta lanean inor hil behar ez dela gogoratzeko”.
Envases-eko (Laudio) langileek bi greba-egun egin zituzten, eta ekoizpena gelditzea eta fabrika ixtea lortu zuten. Horren bidez, aurrerapauso handiak lortu ahal izan dituzte hitzarmen berri honetan.
Negoziazioak hasi zirenean, plantillak gutxieneko batzuk finkatu zituen. Horien artean, batez ere, antzinatasunari irtenbidea ematea, langile guztientzako bosturtekoak modu berean eta mugarik gabe sortzea onartuz. Duela 10 urte, ELAk osatutako batzordeak bosturtekoen izoztea sinatu zuen 4 bosturteko baino gutxiago zituzten langileentzat, eta antzinatasunaren kobrantza kendu zuen kontratazio berrietarako. Bitartean, 4 bosturteko baino gehiago zituzten langileek mugarik gabe bosturtekoak sortzen jarraitzen zuten.
Aste hauetako borroka-prozesuaren eta negoziazioaren ondoren, plantilla osoarentzat mugarik gabeko bosturtekoen sorrera berreskuratzea lortu dugu, diskriminazioarekin eta soldata-eskala bikoitzarekin amaituz. Oso urrats garrantzitsua da gaurko, biharko eta etorkizuneko Envases-eko langileentzat. Antzinatasunaz gain, soldata-bermea lortu da KPIaren gainetik, eta hobekuntzak eskuratu dira eskubide sozialetan, hitzarmen honetan inolako atzerapenik egon ez delarik.
Beste aurrerapen garrantzitsu bat kontratatutako langile berriei kategoria baxuagoa ez ezartzea izan da, horrek are gehiago prekarizatzen baitzituen Envases-eko baldintzak. Langileek indar-posizio argia mantendu izan dute puntu honi dagokionez.
Horrekin guztiarekin, borroka gure lan-baldintzak defendatzeko bidea dela nabarmendu nahi dugu. LABek langileen determinazioa eskertzen du, haien borroka izan baita aurrerapen eta hobekuntza guztiak lortzeko indarra.
LABek, SATSEk, ELAk, SMEk, CCOOk eta UGTk uste dute adarjotzea dela gaurko Mahai Sektorialaren deialdia.
Duela 7 egun eskas, Osasuneko Mahai Sektorialeko kide ziren sindikatu guztiek martxoaren 1erako deitutako bilerara ez joatea erabaki zuten, Osakidetzak haien aldarrikapenei eta eskaerei jaramonik egiten ez ziela ikusita.
Bada, astebete geroago, Osakidetzak beste bilera bat deitu du, eta, gai-zerrendako puntu bakar gisa, aurreko bileran aztertu beharreko gaien zerrendan sartu zituen 6 puntuetako bat sartu du; gainerakoak ezabatu ditu (eta azken orduan bigarren bat sartu du, zerikusirik ez duena langileen eskaerekin).
Gogora dezagun, aurreko bileraren edukia ikusita, LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuek erabaki zutela bilerara ez joatea. Horregatik, Mahai Sektorialeko sindikatuek adarjotzetzat dute gaurko jasotako deialdia. Osakidetzak badaki, aurreko bilerako gai-zerrendako 6 puntuak ikusita, sindikatuek mahaira ez joatea erabaki bazuten, deialdi berriak, zeinak horietako bakar bat soilik hartzen duen barne, emaitza bera izango duela. Planteamendu zentzugabe hori ulertzeko modu bakarra da Mahai Sektoriala Osasun Sailaren aldebakarreko erabakietarako izapide huts bihurtu nahi izatea: bilerarako deialdia egiten du, gaia Mahai Sektorialetik igarotzeko legezko izapidea betetzeko helburu bakarrarekin, aldebakarreko erabakiekin aurrera jarraitu ahal izateko.
Osakidetzako Zuzendaritzak eta sailburuak ondo baino hobeto dakite zergatik ez diren joan mahai sektorialaren bileretara, hau da, benetako negoziaziorik ez dagoelako eta existitzen ez den negoziazioa antzeztu nahi dutelako. Ildo beretik, foroan berriz ere sindikatuak egoteko bete behar diren baldintzak ezagutzen dituzte.
Hala ere, eta hilabete askotan egin duen bezala, Osakidetzak errealitateari bizkarra ematen jarraitzen du, eta gaurko beste bilera baterako deialdia egin du. Bilera horren edukia, beste behin ere, ez da sindikatuen eskaeren araberakoa. Kasu honetan, buelta bat gehiago ematen du eta duela astebeteko gertakaria existitu ez balitz bezala egiten du.
LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuek uste dute une honetan ez dagoela Mahai Sektorialaren bilerara joateko beharrezko baldintzarik, Osakidetzak bizkarra ematen baitio benetako negoziazioari, akordioak lortzeko inolako borondaterik erakutsi gabe.