2026-05-03
Blog Page 302

EAEko Hezkuntza Sailak ez du bertako langileak egonkortzeko borondaterik izan kontsolidazio prozesuetan

Abenduaren 31 heldu baino arinago lanpostu publikoen kontsolidazio LEP deialdiak argitaratu behar dira, eta, beraz, hauen oinarrien negoziazioak amaierara iritsi. Hori dela eta, atzo eta gaur, EAEko Hezkuntza Sailak argitaratu ditu deialdi eta oinarriak. LABek adierazten du Hezkuntza Sailaren menpeko langile kolektiboetan oro har ez dela negoziaziorik egon.

Lan-legepeko langileei dagokionean, kontsolidaziorako salbuespeneko deialdien oinarriak negoziatzeko Hezkuntza Sailak eskumen osoa izan badu ere, bertan lanean egon diren langileen esperientziaren baremoa %60ra mugatu du, EAEko funtzio publikoko aginduei jarraiki eta LABek proposaturiko %90ari muzin eginez. LABek salatzen du negoziazio kolektiboaren urraketa egon dela eta azken momentuan antzeztu dela balizko negoziazioa, zeinetan ekarpenak egiteko aukera oso mugatua izan den.

Sukalde eta garbiketan, ELA, UGT eta CCOOek deialdia babestu eta sinatu dute. Sinadura honek heziketa bereziko negoziazio guztia baldintzatu du, sukalde eta garbiketan sinatutako irizpideak heziketa bereziko deialdira trasladatu baititu Hezkuntza Sailak, negoziazioa itxiz. Ondorioz, ez da lortu atera zitezkeen lanpostu guztiak eskaintzea, ez eta 60 urte baino gehiago duten langileak babesteko neurririk ere, eta ez dakigu langile finkoen lekualdatzeak gauzatuko diren ere. Sukalde eta garbiketako oinarriez gain, Hezkuntza Sailak gainontzeko kolektiboetan ez du babes eta sinadurarik eskatu, izan ere, ez baitute behar, behin-behinekotasun tasa %8ra jaisteko salbuespeneko deialdiak gauzatu behar dituztelako.

Alta, LABek azpimarratu nahi du bestelako negoziazioa eman dela Haurreskolak Partzuergo publikoan, lan esperientziak % 75eko balioa izango baitu. Horretaz gain, prozesuaren izen-emate data zehaztu da, lanpostuen zerrenda berria negoziatuko da, hezitzaile historikoen akordioa errespetatuko da (1990ean lanean zeudenak eta 2008ko LEPa gainditu zutenak) eta finkoen lekualdatze lehiaketa hutsik dauden lanpostu guztiak eskainiz gauzatuko da, guztiak LAB sindikatuak eskatutako kontuak.

Irakasle funtzionarioen esparruan berriz, Hezkuntza Saila Madrilen zehaztutako irizpideak aplikatzera mugatu da eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kasuan, 295 lanpostu 2. hizkuntz eskakizun gabe kontsolidatzera atera ditu. LABek juridikoki salatu du azken erabaki hau.

LAB sindikatuak erakutsi du borondate politikoa egonez gero aukera zegoela bertako langileak salbuespeneko kontsolidazio LEP deialdi hauen bidez egonkortzeko.

Gipuzkoako Eraikin eta Lokalen Garbiketako hitzarmena berriz ere negoziatzen hasteko baldintzak sortzearen aldeko apustua egiten dugu

Post pandemia kurtsoa bukatuta, berria hasi genuen irailean eta kezkaz bizi dugu oinarrizkoak izan garenon lana aitortu gabe jarraitzen duela ikusteak. Garbitzaileak gara, Gipuzkoako eraikin publiko zein pribatuak garbitzen ditugunak, ikastetxeak, enpresak, supermerkatuak, bankuak edota eskatzak. Gu gabe ezin dira gainontzeko lanak aurrera eraman. Baina baieztapen hori ikusezin izaten jarraitzen du.


Gipuzkoako garbitzaileon azken lan hitzarmena 2018koa da. Pandemiaren aitzakiarekin, gure eskubideen defentsa bigarren mailan jarri genuen, jendarte osoaren mesedetan. Baina bada garaia gu entzuteko. Azken bilera 2020ko ekainean izan zen. Ez patronalak ez gehiengo duen sindikatuak ez zuen mugimendurik egin negoziaketak bide onetik jartzeko.

Hitzarmena negoziatzen 2017an hasi zen arren, azken urtebete pasatxoan ez da mahai negoziatzailearen bilerarik egon. Gure aldarrikapen nagusia Gipuzkoako Garbiketa sektorean ere dagoen soldata arrakala ezabatzea da. Izan ere, eraikin eta lokaletako garbitzaileek 7.971,04€ gutxiago jasotzen dute urtean Kale Garbiketako kideekin alderatuta, gehienak gainera gizonak. Hau da, bien arteko aldea % 31,25ekoa da. Hori da soldata arrakala: gizonek eta emakumeek jasotzen dituzten lan sarien artean dagoen aldea. Baina arrakala soldata ezberdintasuna baino gehiago da. Eta hau, emakumeak garelako gertatzen da. Lan esparru feminizatuetan prekarietate handiagoa dago; emakumeen lana gizonezkoena baino gutxiago baloratzen da.


Langile guzti hauen errekonozimendua beharrezkoa da, eta horretarako LABek soldata duin baten aldeko borrokan jarraituko du. Bestalde, kontuan izanik sektore honetan pairatzen dituzten lanaldi partzialak, LABek lanaldi minimoen aldeko eskaera berretsiko du batetik eta baita ere, lanaldi partzialean lana egiten duten langileen konpentsazioa.


Nazkatu gara gehiengo horien adostasuna noiz iritsi zain egoteaz. Bagoaz gure behar eta eskaerak lehen lerrora ekartzea. Badugu nondik ikasi. Bizkaiko garbitzaileek, borrokaldi eredugarria egin dute LAB eta ESK sindikatuen babesarekin sortutako “Gora Garbitzaileak” plataformaren bidez. Borroka horrek bere fruituak eman ditu, eta Bizkaiko Hitzarmena berritzea lortu dute. Orain, gure txanda da!


Guzti honengatik, sinetsita gaude orain dela abagunea. Emakumeen borroka zein garbitzaileen lanaren balioa aho guztietan dabil bolo-bolo. Horregatik, lan honen atzean dauden langileen aurpegia eta lan zein bizi baldintzak agerian utzi nahi ditugu, eta hitzak hitzarmen duin batean bilakatu.

Gure lanaren bidez aberatsen den patronalari mezu argia bidaltzen diogu: soldata arrakala garbituko dugu! 1300X15 lortzera goaz!
LABek negoziazioari berrekiteko konpromisoa hartzen du, sektoreko langileak antolatu eta Gipuzkoako Eraikin eta Lokalen Garbiketako hitzarmena berriz ere negoziatzen hasteko baldintzak sortzearen aldeko apustua egiten dugu, bai urte hauetan galdutako eros ahalmena berreskuratzeko baita datozenetako lan baldintzak hobetzeko. Horregatik zaigu ezinbestekoa zure babesa.


Hemendik gutxira, zure enpresan hauteskunde sindikalak burutuko dira eta antolatzeak berebiziko garrantzia du; Horretarako ezinbestekoa da gehiengoak aldatzea. LABen hautagai izatera eta gure aldeko bozka ematera animatzen zaitugu. Gehiengoak aldatzeko garaia da.


Zurekin bagara!

Bilboko Udaleko aurrekontuetan zerbitzu publikoak garatzea eta kontratetan prekarizazioa saihestea eskatu dugu

Gaur Bilboko Udalaren 2023ko aurrekontua onartzeko azken Udalbatza egin da. Bertan, LABek aurkeztutako zuzenketa eztabaidatu da, eta ez da onartu. Honetaz gain, sindikatuak mobilizazioa egin du Udaletxearen kanpokaldean, aurrekontuotan zerbitzu publikoak garatzea eta kontratetan prekarizazioa saihestea eskatzeko.

LABen arabera, udal aurrekontuek herritarren beharrei erantzun beharko liekete. Horretarako, kalitatezko zerbitzu publikoen garapena lehenetsi beharko litzateke, denon artean sortutako aberastasunaren banaketa zuzena ziurtatuz. Hala ere, aurten ere, Bilboko Udaleko aurrekontuak ez du helburu hori beteko eta LABek zuzenketa egin dio aurrekontu honi.

Gaur onartu den Bilboko Udalaren 2023rako aurrekontuak, berriro ere, ez die erantzungo:

  • Udaleko langileekin hartutako konpromisoei.
  • Osoko Bilkuran onartutako Gizarte Politiken Itunari, ez duelako behar adina diru bideratzen itun hori garatzeko behar diren langileak kontratatzeko.
  • Herritarren eta udaleko langileen hizkuntza-eskubideak bermatzea helburu duen Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planari, ez baitu Plan hori garatzeko behar diren langileak kontratatzeko behar adinako aurrekontu-zuzkidura ematen.
  • Ez du emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde egiten. Berdintasun Saila sortu zutenetik arlo honetako teknikari bakarra dago. Berdintasun-planak eta ordenantzak onartzea baliabide nahikorik ipini barik marketing eta iruzurra hutsa besterik ez da.

EAJ eta PSEk osatzen duten Bilboko Udal Gobernuak berdin jarraitzen du eta agintaldiko azken hilabeteotan, aurrekontuetan aldaketak egiteko aukera paregabea pasatzen utzi du.

Baina ez hori bakarrik, Udalak enpleguaren prekarizazioan duen erantzukizuna ez du bere gain hartu nahi.

Egun, kontrata askotan lana prekarizatuta dago, are gehiago sektore feminizatuetan (lanaldi partzialak, behin-behinekotasuna…), kasu batzuetan ez baitira betetzen Langileen Estatutuaren oinarrizko alderdiak, hala nola atsedenerako eskubidea. Udalak adi egon beharko luke eta espedientea egin beharko lituzke lan arloko araudia betetzen ez duten kontratak.

Aipamen berezia egin nahi diogu Bilboko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileen borrokari. Kolektibo honek 2015etik aurrera soldatak izoztuta ditu, nahiz eta Udalak zerbitzuagatik ordaintzen duen prezioa % 20an igo duen. Orain arte 57 greba egun eta mobilizazio ugari egin dituzte. Argi dute hitzarmen duin baten alde borrokatzen jarraituko dutela hori lortu arte.

Garaia heldu da. Kontratazioen baldintza-agirietan, bai udalarenetan bai udal enpresenetan, langileen lan-baldintzak prekarioak izan ez daitezen beharrezkoak diren klausulak sartu behar dira, hala nola:

  • Gutxieneko soldata: 1400 euro.
  • Herrialdeko lan hitzarmena betetzea.
  • Subrogazioa.
  • Kontratu mugagabeen kopurua saritzea.
  • Lanaldi osoen kopurua saritzea
  • Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-irizpideak sartzea, soldata arrakala besteak beste.

Beste urte batez, Udal Gobernuak ez du bere gain hartzen enpleguaren prekarizazioan duen erantzukizuna. Izan ere, enpresen etekina lehenesten jarraitzen du pertsonen bizi-kalitatearen gainetik. Gero eta langile pobre gehiago sortzen laguntzen ari da, enpresa pribatuen etekinak handitzeko.

Horrela, Bilboko Udaleko aurrekontuetan zerbitzu publikoak garatzea eta kontratetan prekarizazioa saihestea eskatu du LABek.

2018ko hauteskunde sindikaletako emaitzak hobetzen ari gara hainbat lan zentrotan

Hauteskunde sindikalen aldi trinkoan bete-betean sartuta gaudela, izandako emaitza esanguratsuen berri emateko moduan gaude. Irailetik hona lantoki ugaritan egin dira hauteskunde sindikalak eta hainbat lan-zentro garrantzitsutan sindikaturik bozkatuena izan da LAB, euren artean, CAFeko Irun eta Beasaingo lantokiak eta Gipuzkoako Foru Aldundia, 2018ko hauteskundeetan lortutako lehen postuari eutsiz. Prekaritate larrienaren adierazgarri izan daitekeen Trapagarango Amazonen ere irabazi ditu hauteskundeak LABek.

Sindikaturik bozkatuena izateaz gain, ordezkaritza ere handitu du hainbat lan zentrotan. Industria sektorean, Abadiñoko AL-KOn 4 delegatutik 5era pasatu da LAB; Gestamp Bizkaian, 11tik 14ra; Leitzako Torrespapelen, 9etik 10era; Zumaiako GKNn, 6tik 7ra; Asteasuko Siemens Gamesan, 7tik 9ra; Eibarreko Teknikerren, 9tik 10era; Atarrabiako Solidus San Andres paper-lantegian, 4tik 5era; Gasteizko Elecnorren, 2tik 3ra. Udal administrazioan, Oiartzungo Udala edo Lea Artibaiko Amankomunazgoa. Irakaskuntzan, Bergarako Aranzadi ikastola, Lazkaoko San Benito Ikastola, Santurtziko Bihotz Alai Ikastola, Zornotzako Lauaxeta Ikastola edo Orereta Ikastola. Soziokomunitarioan, Fundacion Ilundain Haritz-Berri Fundazioan, 9 ordezkaritik 13ra pasatu da LAB. 

Lan-zentro batzutan lehen aldiz izan da LAB garaile hauteskunde sindikaletan, adibidez, Usurbilgo Danfossen (ordezkaritza ez izatetik 5 delegatu edukitzera pasatu da); Oñatiko Hijos Juan de Garayn edo Beasaingo Fundiciones del Estanda. Industriaz gain, soziokomunitarioan ere lortu du LABek lehen aldiz garaile izatea, Basauriko Etxe Maitia zaharren egoitzan, Azpeitiko San Martin egoitzan, Gasteizko INDESAn. Udal batzutan ere lortu du beste horrenbeste, Ondarroakoan (funtzionarioetan), Gernikakoan, Ordiziakoan (funtzionarioak), Amurriokoan, Oñatikoan (funtzionarioak) edo Bastidakoan. Zerbitzu pribatuetan ere lortu du beste horrenbeste, Bizkaiko eskola garraioan, Bilboko Purificación García eta Carolina Herrera (Sociedad Textil Lonia), Oarso Bidasoako Cedipsa zerbitzuguneetan edota Ikertun, Gasteizko gizarte etxeetako liburutegiak. Tolosako Invizan ere (Asuncion klinika), lehen aldiz lortu du LABek lehen indarra izatea.

Aurretik aipatutakoez gain, beste hainbat lan-zentrotan ere izan da sindikaturik bozkatuena: Irurtzungo Hydro Extrusion Spain, Donostiako Añarbe UTE, Usurbilgo Isasi Uralde adin txikikoen zentrua, Belauntzako Cadinox, Fundiciones San Antonio de Urkiola, Cementos Lemona, Nafarraoko Gurpea Industrial SLU, Lasarteko Michelin edo Adunako Elkarren. 

Lehen aldiz hauteskundeak egin dituzten lantoki batzutan ere lehen indarra izan da LAB, hala nola, Gasteizko Olateken (egurgintza) eta Bizkaiko Landalanen (esku-hartze soziala), bakoitzean launa delegatu eskuratuz. 

Beste lan zentro batzutan ere handitu du LABek ordezkaritza, adibidez, Gasteizko Mecedes, Gasteizko Udala, Donostiako Askora (kolektibitateak), Euskotrenen  (Araban eta Bizkaian) edo gizarte ekimeneko CF Somorrostron.

Enpresa-batzorde batzutan indartsu sartu da, lehen aldiz aurkeztuta. Horrela 4 delegatu eskuratu ditu Donostiako Santo Tomas Lizeoan edo 3 Andoaingo La Salle Berrospen. 

Ipar Euskal Herriko Funtzio Publikoan ere hedatzen jarraitzen du LABek

Hegoaldeaz gain, Ipar Euskal Herrian ere egin dira hauteskunde sindikalak, eta lehen aldiz, 135 hautagai aurkeztu ditu LABek Funtzio Publikoko hiru adarretan (lurraldeakoan, ospitalekoan, estatukoan), berez garaipen bat dena.

Emaitzei dagokienez, goranzko joerari eutsi dio LABek, Urruñako Herriko etxean, 2 delegatutik 3ra pasatu da eta Ravel kontserbatorioan, delegatu 1 lortu du lehen aldiz.

Langileek LABen eredu sindikala babesten dutela erakusten dute datuek, euskal sindikalismo berriaren aldeko apostua indartuz. Horrela, aldi trinko honetarako jarri zituen helburuak lortzeko bidean da LAB.

Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoa ez da Euskal Herriak behar duena

Abenduaren 22an,  bi urteko ibilbide baten ondoren, Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoa (LOSU) onartu zuen Espainiar Kongresuak. Argi dago inondik inora ere ez dela Euskal Herriak behar duen legea, Madrilek jarraituko baitu erabakitzen Estatu osoko eta Hego Euskal Herriko unibertsitateari dagozkion gai nagusien inguruan. Hala ere, badaude aurrerapausoak hainbat gaitan aurreko legeekin konparatuta.

Unibertsitateen gobernantzan, neurri nabarmenena errektore izateko aukera katedradunetik gainerako irakasle doktore iraunkorrei, funtzionario zein laboralei, zabaltzea izan da, irakasleria propioaren aldeko borrokaren aldarrikapen historikoa izan dena. Hala ere, irakasle iraunkorren kolektiboak, % 51eko ordezkaritza izaten jarraituko du Klaustroan eta errektorea aukeratzeko prozesuetan. 

Beste alde batetik, errektoreari Gobernu kontseiluaren heren bat aukeratzeko eskumena ematen dio, organo honekiko kontrola are gehiago areagotzeko. Hau, atzerapauso oso nabaria da gobernantzaren demokratizazioan eta unibertsitate-komunitatearen parte-hartzean.

Lan-baldintzei buruz, “doktore laguntzailea” diren irakasleen kasuan, euskal sistemako irakasle atxikiaren parekideak, gaur egungo 24 kredituen ordez, 18 kredituko irakaskuntza-betekizuna izango du. Beste aldetik, irakasle eta ikertzaileen lanpostuetarako lehiaketetan dagoen endogamiarekin amaitzeko neurriak hartzeko beharra aipatzen bada ere, unibertsitateen eskuetan uzten ditu epaimahaiak izendatzeko aukera, praktikan, sailaren esku uztea suposatuko duena. Administrazio eta zerbitzuetako pertsonalaren kasuan, legeak kolektibo honi eskainitako tartea oso mugatua da eta ez dago berrikuntza handirik. Aldi baterako irakasle eta ikertzaileen kontratuen gehienezko ehunekoa irakasle-ikertzaileen % 40tik % 8ra pasako dela aurreikusten bada ere, ez da zehazten nola gauzatuko den neurri hori. 

Ordezkapenak egingo dituzten irakasleen kasuan, ez zaie aitortzen ikerketa egiteko aukera, lanaldi partzialean zein osoan egon, epe laburrerako zein urte batzuetarako izan. Honek, prekarizazioa areagotzeaz gain, beren ibilbide akademikoan oso ondorio negatiboak izan ditzake.

Legean unibertsitateari BPGren % 1 bideratzea jasotzen bada ere, ez da bermatzen nola jasoko diren funts horiek, ezta unibertsitate publikoek jasoko duten finantzazioa. Era berean, legean ere berdintasun politikak azaltzen diren arren, praktikak horien garapena nolakoa izango den ez da zehazten. Amaitzeko, tasen doakotasunerako ibilbidea aurreikusten badu ere, argi dago ez duela unibertsitate publikoen aldeko hautua egiten pribatuekiko lehiakortasunean.

Aipatu dugun bezala, aurreko legeekin konparatuta, ondorio positibo batzuk aurreikusi badaitezke ere, LOSUkez ditu behar besteko hobekuntzak ekarriko unibertsitatearen funtzionamenduan, kalitatean eta lan-baldintzetan. Estatu espainiarreko zentralismoak eta lobby atzerakoien botereak unibertsitateak, Hego Euskal Herriko unibertsitate publikoak barne, menperatzen jarraituko dute. Era berean, ikusteke dago nola eragingo duen EAEko Euskal Sistemaren Legeak jasotzen dituen hainbat arlotan, baita irakasleria berezko figuren garapenean. Azken garaian, EHUko zuzendaritzak eta Jaurlaritzak Madrilgo inposaketak zuzenean aplikatzeko borondatea erakutsi badute ere, LOSU indarrean jarri aurretik, argitzeke dauden hainbat puntu alde sozialarekin lantzeko  eskaera egiten dugu, baita unibertsitate sistema propio baten aldeko urrats ausartak emateko deia ere.

Izan ere, LABek Euskal Herriko unibertsitateetako langileen lan-baldintzen eta eskubideen defentsan jarraituko du lanean. Era berean, euskal unibertsitate sistema publiko, propio eta burujabearen bidean, unibertsitateak hemen ezaugarrituak eta kudeatuak izan daitezen, eta gure herriaren beharren zerbitzura jardun dezaten emango diren ekimenak bultzatuko ditu.

Amazonek Ertzaintza erabili du langileak erreprimitzeko, LABek deitutako laugarren greba egunean

Grebaren arrakastaren eta jarraipen handiaren aurrean, Amazonen eta Eusko Jaurlaritzaren (EAJ eta PSOE)
erantzuna grebarekin bat egin duten langileak erreprimitzera bidaltzea izan da. Horrela, Ertzaintzak erabat
neurriz kanpo kargatu du porrak erabiliz, langileak bultzatuz eta 3 grebalari zaurituz, larrialdietara joan
behar izan dutenak. Hori gertatu den arren, greba arrakastatsua izan da bigarren egunez jarraian, eta
Amazonek ezin izan ditu banatu Gabonetan banatuko zituen 60.000 paketeak.

Ez dezagun ahaztu, halaber, greba horien arrakasta antolatzeko eta langileak borrokatzeko erabakian datzala;
izan ere, prozesu mobilizatzailea hasi zenetik, 4 greba-egun desberdinetan zehar Amazon multinazionala
blokeatzea lortu dute, urriaren 17an, azaroaren 28an, atzo abenduaren 22an eta gaur abenduaren 23an.
Enpresaren nagusikeriari gero eta gutxiago geratzen zaio, eta berandu baino lehen, langileentzako lan-baldintza
duinak negoziatzera eseri beharko du.

LAB sindikatua eta Amazoneko langileak gure helburuak lortu arte borrokan jarraitzeko prest gaude.

Presoen etxeratzearen aldeko aldarri sindikala Bilbon, urtarrilaren 7ko mobilizazioen atarian

Presoak etxera bideak jartzeko eskatuz, euskal presoen eskubideen defentsan mobilizatu gara gaur Bilbon sindikatuok (LAB, ELA, UGT, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, EHNE, HIRU eta Etxalde), Sareren eskutik. Bertan izan da Garbiñe Aranburu LABeko Koordinatzaile Orokorra eta salatu du urte luzez kolektiboak pairatu behar izan duen dispertsio politika, eta horrek preso zein senideentzat ekarri duen “sufrimendu justifikaezina”. Gaur presoak etxetik gertuago izatea “mobilizazioari eta presioari esker” dela adierazi du, “eremu politiko-instituzionalean bai sindikatuen artean, bai eremu sozialean adostasun zabaletara iristeko borondatea eta determinazioa izan delako”.

Gaur oraindik presoen kolektiboari salbuespenezko neurriak aplikatzen zaizkiola salatu du LABeko ordezkariak, “haien eskubidek urratzen dira, eta sufrimendua, luzamendua dakar etxera bueltatzeko eskubideari dagokionean”.


Egoeraren aurrean “ahotsa altxa, kalean mobilizatu eta presio egiten jarraitzeko” deia egin du Aranburuk, datozen egunetan presoen eskubideen aldeko mobilizazioetan parte hartzearen garrantzia azpimarratuz. Dei berezia egin die afiliaziazioari eta euskal jendarteari, urtarrilaren 7ko manifestazioetan parte hartzeko.

Sindikatuok mobilizazioen dinamika hasi dugu Osakidetzan, negoziazioa eskatzeko eta gure osasun publikoa babesteko

Osakidetzaren demokratizazioak Mahai Sektorialaren blokeoa gainditu eta langileen ordezkariekin benetako negoziazioa eta edukiak bultzatzea eskatzen du.
LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuok, Osasuneko Mahai Sektorialeko kideek, urteak daramatzagu salatzen Osakidetzak Mahai Sektorialean ez duela negoziatzen, Osakidetzak nahi duena eta nahi duenean bakarrik tratatzen dela.
Egoera horrek, hobera egin beharrean, okerrera egin du, eta erabateko blokeora eraman gaitu. Eta hori guztia gure osasun publikoaren narriadura ukaezina den une batean, bai profesionalentzat, bai herritarrentzat.
Urte hasieran, sindikatuok Mahai Sektorialetik altxatu ginen, eta uda ondoren, egoerak berdin jarraitu du. Egoera desblokeatzeko asmoz, Osakidetzako Zuzendaritza bi aldiz deitu dugu LHKren bilera batera, baina ez da bertaratu. Joan den abenduaren 7an, sailburuarekin bildu ginen, eta berriro ere konpromisoak hartzeko eta egoera bideratzeko borondatea hutsaren hurrengoa da, eta inposaketaren bidearen aldeko apustua egin zen. Langileak eta herritarrak nazkatuta daude, eta premiazko konponbideak behar ditugu, gure osasun publikoaren narriadurak eragindako egiturazko arazo larriei aurre egiteko, urteak baitaramatzate salatzen. Horregatik, mobilizaziora deitzen zaituztegu, guztion artean hori lortzeko.
Zalantzarik gabe, barne-demokrazia beharrezkoa da, Osakidetzan bertikaltasuna eta inposizioa ezabatzea. Mahai Sektorialeko sindikatuok azpimarratu nahi dugu Osakidetzaren demokratizazioak Mahai sektorialaren blokeoa gainditu eta langileen legezko ordezkariekin benetako negoziazioa eta edukiak bultzatzea eskatzen duela. Eusko Jaurlaritzak Osakidetzan 100 profesional baino gehiagori irekitako prozesu parte-hartzailea bultzatzeaz hitz egiten du. Gogorarazten dizuegu Osakidetzan 37.000 langile baino gehiago garela, eta, beraz, benetako parte-hartzea sustatu nahi duen edozein prozesuk askoz ere kopuru handiagoa izan behar duela, kategoria guztiak, lurralde guztiak eta estamentu guztiak ordezkatzen dituena.
Bien bitartean, lan-prekarietateak gure osasun publikoaren arazo handienetako bat izaten jarraitzen du: behin-behinekotasun-tasa %50etik gorakoa da, erosteko ahalmenaren galera %20tik gorakoa da hamarkada batean, lanaren gainkarga sistematikoa da, langile gutxi daude, etab. Aldi berean, murrizketak mantentzen dira, hala nola Deustuko, Zumarragako edo San Martingo EAGetan, Santiago Ospitaleko larrialdietan eta Basurtuko bihotzeko kirurgia ixteko proiektuan. Eta murrizketa berriak planteatzen dira Lehen Mailako Arretan udako Gabonetarako, baita lan-baldintzetan ere, hala nola Lanbide Garapenean aplikatu nahi den murrizketa erradikal eta justifikaziorik gabea. Osakidetzako kategoria guztietako eta hiru lurraldeetako arazoen aurrean gaude.

Transfusioen Euskal Zentroko langileak greban daude, Osakidetzarekin duten haserrea azaleratzeko

Abenduaren 20, 21 22 eta 23an greba egunak izaten ari dira Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko langileak. Diskriminazioa jasaten dute, eta Euskal Osasun Zerbitzuak ez du kontua konpondu nahi.

LABek Trapagarango Amazonen lantokian deitutako grebek 60.000 pakete baino gehiago utziko dituzte banatu gabe

Eguna historikoa izan da berriro, hirugarren greba eguna multinazionalaren Trapagarango lantokian, urriaren 17ko lanuzteen eta azaroaren 28ko egun osoko grebaren ondoren. Berriro ere, Amazonen azpikontratetako 300 furgoneta baino gehiago ez dira kaleetara atera banaketa lanak egitera, biltegiko langile gehienek bat egin dutelako LABen greba deialdiarekin. Gaur, enpresak 25.000 paketeko atzerapena pilatu du eta bihar, aurreikuspenen arabera, 35.000 pakete ez dira banatuko. Beraz, bi egunetako grebaren ondorioz, 60.000 pakete banatzeke geratuko dira. Grebalariek kalejira egin dute gaur Bilbon, Plaza Eliptikotik Zirkularreraino. Bihar, abenduaren 23an, aste honetako bigarren greba egunean, Trapagarango lantokiaren aurrean mobilizatuko dira 8:00etatik aurrera.

Gaurko greba eguna arrakastatsua izan dela esan dezakegu, eta horren isla garbia izan da Amazoneko 6 azpikontratek (Vayven Delivery, S.L., E-Box Last Mille, S.L., Flash Delivery, S.L., Besaide Logistics, S.L., City Logistic, S.L. eta Grusar Logistica y Distribucción, S.L.) banatzaileei etxean geratzeko agindu dietela.

Joan den astelehenean, abenduaren 19an, Amazon enpresa-batzordearekin batzartu zen eta ez zuen ezer esanguratsurik eskaini. Zentroko hitzarmen bat egitea bideragarria ez dela adierazi zuen eta negoziazioa hautsitzat joz altxatu zen. Eskaintzen duten gauza bakarra asteburuetako atsedenaldiak hobetzea da, eta LABentzat hori ez da nahikoa. Hori gutxi balitz, atzo gauean, enpresak plantillari mehatxuzko mezua bidali zion, segurtasun pribatua handituko zuela eta Ertzaintzaren presentzia handiagoa eskatu zuela esanez. Mehatxuak mehatxu, lehen greba eguna arrakasta bat izan da.

Biharko beste greba egun bat dago deituta, eta espero dugu enpresa zuzendaritzak, erantzukizunez jokatuta, bere jarrera birplanteatzea eta negoziazioaren alde egitea. Bestela, langileei uzten dien aukera bakarra mobilizazioa da.