2026-10-28
Blog Page 3

Azaroaren 11n lantokiak hustu eta kaleak bete ditzagun dei egiten diegu euskal langileei

Euskal Herritik Euskal Herrirako greba orokorra izango da, bertako patronalei eta instituzioei pobretzearen eta errentismoaren kontrako neurriak eskatzeko.

Etxebizitzarekin negozioa egitea da kapitalaren estrategia. Soldatak debaluatuz eta pribatizazio politiketan sakonduz egiten den moduan, etxebizitzarekin espekulatuz aberastasuna gero eta esku gutxiagotan pilatzen da. Etxebizitza langileak pobretzeko eta prekarizatzeko arrazoi nagusia bilakatu da, baita aberastasunaren banaketa bidegabea areagotzeko modua eta arrakala sozialetan sakontzekoa ere. Izan ere, soldatekin eta prekaritatearekin gertatzen den moduan, etxebizitza krisiak ez die langile guztiei berdin eragiten.

Azken asteetan etxebizitza eskubidearen aldeko mobilizazioak indartu, eta horrek greba orokorrerako baldintzak sortu ditu. LAB erantzun ahalik eta zabalena, indartsuena eta bateratuena emateko lanean aritu da, eta asmo horrekin egin du greba orokorrerako deia. Hain zuzen, gaur dei hori berretsi du sindikatuak, Bilbon egindako agerraldian.

Pobretzearen eta errentismoaren aurka, Euskal Herrian etxebizitza eta soldata duinak behar direla aldarrikatuko du LABek greba orokorrean. Egun berean izango da greba Espainiako Estatuan eta estaturik gabeko nazioetan, baita Euskal Herrian ere, baina, hala izan arren, Euskal Herritik Euskal Herrirako greba izan dadin lanean ari da LAB. Honako helburuak ezarri dizkio sindikatuak grebari: Euskal Herriko marko propioa indartzea; soldata eta etxebizitzaren eremuan, bertako patronal eta instituzioak egiturazko neurriak har ditzaten behartzea; eta LABek etxebizitzaren gaiarekin irekiak dituen gatazkei aterabidea emateko.

Helburu horiei lotuta, honako lau ideia hauek nabarmendu ditu LABek gaurko agerraldian:

1. Greba gure herrian egiten ari garen ibilbidearen baitan kokatzen da

Kapitalaren eta bizitzaren arteko talkaren aurpegi gordina da etxebizitzarekin gertatzen ari dena, eta hori langileen eta kapitalaren agenda erreakzionarioaren arteko talkaren erakusle da. Horregatik, LABek uste du eskuin muturraren eta faxismoaren aurrean, langileen bizi baldintza duinen eta politika birbanatzaileen alde borrokatzea dela oldarraldi erreakzionarioari aurre egiteko bidea, eta euskal langileek hori ulertu dutela.

Izan ere, Euskal Herrian sindikalismoa bizirik dagoela erakusten dute azken urteek. 2020tik hona egiten den bosgarren greba edo lanuzte orokorra izango da azaroaren 11koa.

2. Euskal Esparruaren aitortza eta defentsa oinarrizko printzipioa da

Indarrak biltzearen aldeko hautua egin du LABek. CCOOk eta UGTk greba egun berean egingo badute ere, LABek ez du aukerarik ikusi gutxieneko bestelako adostasunetarako. Izan ere, bi sindikatu horiek ez zuten martxoaren 17ko greba orokorrean parte hartu, eta, gainera, euskal esparruaren kontrako jarrera izan zuten, gutxieneko soldata propio baterako eskumenak eskuratzearen kontra eginez.

Oraingo greba honetan, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua aintzat hartzeko prest daudeneko gutxieneko adostasunak eraikitzen saiatzen ari da LAB. Aste honetan greba erregistro bateratua egin dute eragile horiek, gehiengo sindikaleko sindikatuek eta etxebizitza sindikatuek. Greba egunaren diseinua adosten jarraitzen dute.

3. Bertako patronalak interpelatuko ditu greba orokorrak

Confebask eta CEN patronalei soldaten erosahalmena bermatzeko eskatuko zaie greban, bizitzaren garestitzeari aurre egiteko, eta baita gutxieneko soldata propio baterako negoziazioa irekitzeko ere, euskal langile orok gutxienez 1.500 euroko diru sarrera bermatua izan dezan. Higiezin patronalei eta putre funtsei etxebizitzarekin negoziorik ez egiteko eskatuko zaie greba orokorrean, eta gurean ez direla ongi etorriak gogoraraziko zaie.

4. EAEko eta Nafarroako gobernuak interpelatuko ditu greba orokorrak

Batetik, Lanbidearteko Gutxieneko Soldata ezartzeko eskumenak eskuratu eta, bien bitartean, patronala mahaian eser dadin presionatu dezaten. Bestetik, etxebizitza politika ausartagoak egin ditzaten.

Etxebizitza larrialdiari erantzuteko, egiturazko neurriak behar dira:

Instituzio desberdinei dagokie neurri horiek hartzea, estatu mailatik maila lokaleraino.

  • Alokairu mugagabeak ezarri eta etxebizitza prezioak jaisteko esku hartzea.
  • Etxegabetze guztiak gelditzeko konpromisoa.
  • Putre funtsen esku dauden etxebizitzak berreskuratzeko neurriak, eta funtsok gure lurraldetik kanporatzekoak.
  • Errentismoa elikatzen duten politika publikoak amaitzea, banketxeen esku amaitzen duten diru laguntzarik ez ematea eta politika fiskal progresiboa ezartzea.
  • Etxebizitza parke publikoa handitzea eta parke publiko indartsua eratzea.

Eskaera argia EAJri

Madrilen jokatzen ari den partidari dagokionez, kaleko presio sozialak eraginda, eskubide batzuk eskuratzea ekarriko luketen bi dekretu aurkeztu zituen Pedro Sanchezen gobernuak Espainiako Kongresuan. LABentzat neurriok ez dira nahikoa, adabakiak dira, baina sindikatuak argi du, larrialdi egoeran, maizterren egonkortasuna eta bizi baldintzak hobetzeko neurriak beharrezkoak direla.

Alokairu mugagabea ezartzeko dekretuaren kontra eginez, kapitalarekin lerrokatu zen EAJ ere. Etxebizitza dekretuak aurrera ateratzeko aukerak zabalik jarraitzen du. Azaroaren 10ean bozkatuko dira berriro ere Batzorde Iraunkorrean eta EAJri eskaera argia egiten dio LABek: bi dekretuen alde bozkatu dezala.

Edozein kasutan ere, partida nagusia Euskal Herria jokatzen da. EAEko eta Nafarroako gobernuek etxebizitzaren eremuan eskumen zabalak dituzte eta ardura nagusiena beraiena da. Bada garaia autogobernua langileen interesekoak diren politikak egiteko baliatzeko eta autogobernu maila zabaltzeko, Lan harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eratuz; baita etxebizitza politikan ere, alokairuak osoki bertan arautzeko bidea eginez. Bada garaia Madrilen posible ez diren aldaketak Euskal Herrian posible egiteko.

LABek alor honetan dituen proposamenak helarazteko, datozen egunetarako bilerak eskaerak egin ditu Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuarekin eta Begoña Alfaro Nafarroako Gobernuko Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politika kontseilariarekin.

Era berean, larunbat honetan, urriak 17, LABek manifestazioa egingo du Iruñean, hainbat auzotako maizterrekin batera, babes ofizialeko babesa izan zuten 500 etxebizitza funts putreen espekulaziorako baliatu daitezen eragozteko.

Espekulazioaren aurrean, langileak pobretzen dituzten politiken aurrean, LABen hautua argia da: antolakuntza eta borroka sindikala. Zentzu horretan, urriaren 17an Iruñeko kaleak betetzera eta azaroaren 11n Euskal Herria geratzera dei egin die LABek euskal langileei.

Lanuztea egin dugu Bizkaiko Foru Aldundian eta GUFEn, langileen baldintzen inguruan negoziatu dadila eskatzeko

Gaur, urriak 21, hiru orduko lanuztea egin dugu Bizkaiko Foru Aldundian eta GUFEn, Langileen Batzordeak eta Enpresa Batzordeak deituta. Bertan, 2018tik blokeatuta dagoen akordioa/hitzarmena benetan negoziatzeko eskatu diogu aldundiari.

500 pertsona inguruk parte hartu dute eguerdian Bilboko kaleetan zehar egindako manifestazioan. Bizkaiko Foru Aldundiak eskaintzen dituen zerbitzu publikoetan nabaritu da lanuztea, eta horietako batzuk itxi egin dira.

Bizkaiko Foru Aldundiak blokeo egoeran jarraitzen du hitzarmenaren negoziazioetan. Ez du azken urteetan galdutako eros-ahalmena berreskuratzeko neurririk eskaintzen, ez du lanaldia murrizten, ez du euskararen normalizazioaren aldeko neurri positiborik eskaintzen, ez du gizarte- eta zaintza-zerbitzuak hobetzearen aldeko neurririk eskaintzen, ez du telelanaren plan berri bat eskaintzen…

Euskal Herriko beste administrazio publiko batzuetan akordio ezberdinak negoziatzen ari diren bitartean, Bizkaiko Foru Aldundiak negoziazio batean aurrera egiteari uko egiten dio, akordio/hitzarmeneko gai garrantzitsuak blokeatuz.

LABek lanuztean parte hartu duten langileak zoriondu nahi ditu eta, bide batez, langileak animatu nahi ditugu datorren azaroaren 11n etxebizitza eskubidearen eta soldata duinen alde deituriko grebarekin bat egitera, Bizkaiko Foru Aldundiari mezu argi bat bidaltzen jarraitzeko: BFAko eta GUFEko langileok gure lan-baldintzen benetako negoziazioa eskatzen dugu, eta ez gaude prest inposaketa gehiago jasateko.

Tubos Reunidosen lantegi guztien eta jarduera osoaren etorkizuna bermatuko duen industria-proiektu sendoa exijitzen dugu

Administrazio Konkurtsoak jakinarazi du salmenta-prozesuaren hurrengo faserako hautatutako bost eskaintzen egileek langileen ordezkariekin bilerak egiteko aukera izango dutela. LABetik bilera horiek baliatuko ditugu bakoitzak zer industria-proiektu proposatzen duen eta Tubos Reunidosentzat, lantegi guztientzat, jarduera osoarentzat eta langileentzat zer etorkizun eskaintzen duen galdetzeko.

Gaur egun, oso gutxi dakigu eskaintza bakoitzak planteatzen duenari buruz. Dakiguna da bostek aurreikusten dituztela plantilla-murrizketak eta lan-baldintzen aldaketak. Baina oraindik ez dakigu neurri horiek zenbaterainokoak izatea proposatzen duten eta, batez ere, eskaintza bakoitzaren atzean zer industria-proiektu dagoen.

LABentzat, hori da garrantzitsuena: lehenik eta behin, zer industria-proiektu proposatzen den jakin behar da, eta, ondoren, zer neurri behar dituen eta zergatik aztertu. Ez ditugu murrizketak ontzat emango, besterik gabe, eskaintza batean agertzen direlako. Eskaintzaren batek murrizketak aurkezten baditu, zergatik proposatzen dituen azaldu beharko du, datuak eman eta zer beste aukera aztertu dituen argitu.

Bileretan, eskaintza bakoitzaren egileak lantegi bakoitzean zer jarduera mantendu nahi duen galdetuko dugu, zer inbertsio aurreikusten dituen, zer ekoizpen-gaitasun proposatzen duen eta zer merkatu eta eskaera dituen. Era berean, zer enplegu mantendu nahi duen, zenbat lanpostu ezabatzea aurreikusten duen eta lan-baldintzetan zer aldaketa egin nahi dituen jakin nahi dugu. Proposamenak xehetasunez ezagutu behar ditugu, behar bezala baloratu ahal izateko.

Kontua ez da lehenengo datorrena edo mahai gainean diru gehien jartzen duena aukeratzea. Kontua da Tubos Reunidosen etorkizunerako berme gehien eskaintzen dituen proiektua aukeratzea, lantegi guztietan industria-jarduerari eutsiko diona eta ahalik eta enplegu gehien defendatuko duena.

Eusko Jaurlaritzak ere aurrerapauso bat eman behar du. Otsailean adierazi zuen Tubos Reunidosentzat industria-proiektu sendoa bermatuko zuten inbertitzaile pribatuei laguntzeko prest zegoela. Orain, bost eskaintza hautatuta daudela, konpromiso hori zehaztea eta etorkizuna izango duen proiektu bat aurrera ateratzeko zer egiteko prest dagoen azaltzea nahi dugu.

Eusko Jaurlaritzak edo beste erakunde batzuek diru publikoa jarriko badute edo eragiketa horietakoren bat erraztuko badute, laguntza horrek industria-jarduerarekiko, enpleguarekiko, lantegi guztien etorkizunarekiko eta langileekiko konpromiso argiak izan behar ditu atzean. Ezin da dirua jarri eta gero plantillari ondorioak ordaintzen utzi. Bermeek zehatzak izan behar dute, eta bete egiten direla egiaztatzeko modua egon behar da.

Plantillak argi eta garbi erakutsi du Tubos Reunidosekiko konpromisoa. Orain, interesa duten eskaintza-egileei dagokie zer proiektu dakarten azaltzea, eta erakundeei, berriz, dagokien erantzukizuna beren gain hartzea.

LABek ez du edozein irtenbide ontzat emango. Tubos Reunidosen etorkizuna bermatuko duen, haren jarduerari eutsiko dion eta lantegi guztietako enplegua defendatuko duen industria-proiektu sendoa exijituko dugu.

LABek esku-hartze sozialeko langileen soldata parekatzearen alde egin du hitzarmen kolektibo berriaren negoziazioan

LAB sindikatuak aldarrikatu du sektoreko lan-baldintzak Administrazio publikoko langileenekin parekatzea hitzarmen kolektiboaren negoziazioaren harira, soldata-arrakala murrizteari eta lan-osasuna hobetzeari lehentasuna emanez.

LABek, esku-hartze sozialeko langileekin batera, «Langile publikoak gara» dinamika bultzatzen jarraitzen du Hego Euskal Herri osoan. Ekimen honen bidez, diru publikoarekin finantzatutako lanpostuak publifikatzea aldarrikatzen da, baita horien kudeaketa Administrazio publikoak zuzenean bere gain hartzea ere. Nafarroan, hitzarmen kolektiboaren negoziazioa irekitzeak aldarrikapen horretan aurrera egiteko aukera eskaintzen du.

Iaz sektoreko bigarren hitzarmen kolektiboa sinatu zen. Hitzarmen horri esker, lan-baldintzen parekatzean aurrerapausoak eman ziren, eta LABek proposatutako hainbat hobekuntza jaso ziren; besteak beste, lanaldia pixkanaka murriztea, 2028an urteko 1.592 ordura iritsi arte.

Negoziazio berriari begira, LABen helburu nagusia soldata-arrakala murriztea da. Horretarako, sindikatuak soldata-igoera esanguratsuak proposatu ditu bere aldarrikapen-plataforman.

Era berean, LABek lehentasunezko gaien artean kokatu du lan-osasuna. Sindikatuak salatu duenez, esku-hartze sozialeko langileek ohikoak dituzte erasoak beren lantokietan. Egoera horren aurrean, erakunde bakoitzaren egoera erreala ezagutzeko aukera emango duten hainbat tresna ezartzea proposatu du sindikatuak.

Horrez gain, egoera desberdinen aurrean nola jokatu argi izaten lagunduko dieten protokoloak diseinatu eta martxan jartzea planteatu du. Protokolo horiek prebentzioa izan beharko dute ardatz, laneko segurtasun- eta osasun-baldintzak hobetzeko.

LABek iragarri du lan-baldintzen parekatzearen aldeko borrokak aurrera jarraituko duela, eta mobilizazio berriak egingo direla hitzarmen kolektiboaren negoziazioan aurrerapausoak eskatzeko.

LABek Imanol Pradalesi eta Mikel Torresi eskatu die Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propioaren aldeko lidergo argia izan dezatela

Gutxieneko soldata propioaren aldeko konpromiso argia eskatu dio LABek Eusko Jaurlaritzari, bi norabidetan: Confebask patronala zuzenean interpelatuz, batetik; eta langileentzat ezinbestekoa eta estrategikoa den gai honetan autogobernua zabalduz, bestetik.

LABek eta ELAk, elkarrekin edo bakoitzak bere aldetik, aurretik ere izan dute aukera Eusko Jaurlaritzarekin hitz egiteko soldatak hobetzeko beharraz eta Lanbidearteko Gutxieneko soldata propio baten inguruan. Gaurkoan LABek berriro eskatu die Imanol Pradales lehendakariari eta Mikel Torres lehendakariordeari langileen artean adostasun zabala biltzen duen, justiziazkoa den eta egingarria den proposamen baten aurrean orain arte baino inplikazio maila handiagoa izateko.

Langileen aldeko politikak egin beharko lituzke edozein gobernuk. Horixe da bizi dugun atzeraldi erreakzionarioari aurre egiteko bidea: politika birbanatzaileak egitea, zerbitzu publiko sendoak ziurtatzea eta langile guztiei etxebizitzarako sarbidea bermatzea. Herri honetan badago nahikoa aberastasun horretarako, eta hartu beharreko neurrien artean garrantzia berezia du Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propioak. Horrela adierazi zuten milaka eta milaka langilek martxoaren 17an egindako greba orokor arrakastatsuan.

Osagarriak diren bi bideetatik ari da LAB saiatzen LGS propioa lortzen, baina biak itxi nahi zaizkio. Bi bide horiek zabalik mantentzeko lidergoa eskatu die Pradalesi eta Torresi. Batetik, Confebask patronala presionatu behar dute soldatak hobetzeko eta gutxieneko soldataz eztabaidatzeko negoziazio mahai bat irekitzeko. Confebaskek prekaritatera kondenatu nahi ditu langileak, haien esplotazioaren bidez aberasten jarraitu nahi du, eta negoziatzeko duen betebeharrari muzin eginez, orain arte uko egin dio sektorearteko negoziatzeko mahai bat irekitzeari. Horretarako babes politikoa duela ulertzen duelako mantentzen du jarrera hori, eta babes hori bukatu egin behar da. LAB oso kritikoa da patronalak eta sindikatuak parekatzearekin. Gai honetan ezin da ekidistantziarik mantendu. Bi aldeak negoziatzera animatu eta negoziatzeko autonomia dutela esateak ez du balio. Gutxieneko soldata propio baterako negoziaziorik ezak erantzule bat eta bakarra du, eta hori Confebask da, eta Eusko Jaurlaritzak ezin du jarrera hori ontzat ematen jarraitu. Patronala presionatu behar du bere jarrera aldatu dezan, eta sindikatuekin elkarrizketa mahaia ireki dezala eskatu behar dio.

Bestetik, Espainiako Estatukoa baina altuagoa izango den gutxieneko soldata propio bat ezartzeko eskumena eskuratzeko lan egin dezan eskatu dio LABek, eta jarrera argiagoa izateko langileentzat erabat ezinbestekoa eta estrategikoa den eta autogobernu maila zabaltzea ekarriko lukeen neurri baten alde. Ez da onargarria euskal langileentzat hain garrantzitsua den gai batean Jaurlaritzak duen jarrera politikoa. Imanol Pradalesek eta Mikel Torresek jarrera argia hartu eta iniziatiba zehatzak bultzatu beharko lituzkete gutxieneko soldata bertan erabaki ahal izateko.

Lehenago edo beranduago gaiari heldu beharko zaio. LABek presio egiten jarraituko du, patronala eta gobernua interpelatuz. Borroka hau negoziazio kolektibora ere eramango du LABek.

Urriaren 30erako Osakidetzan deitutako grebari eusten diogu sindikatuok

Astelehenean izan zen Mahai Sektorialaren bileran egiaztatu genuen Osakidetzak ez duela aurrerapauso handirik egin nahi sindikatuok aldarrikatzen ditugun hainbat gaitan (euskalduntzea, erretiroa, lanaldia, egutegia, oporraldiak…). Gainera, soldatak hobetzeko proposamenik egin gabe jarraitzen du.

LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok agerraldiak egin ditugu Osakidetzaren lan-zentro guztietan, goizeko 11etan ospitaleetan eta eguerdiko ordubatean Lehen Arretakoetan. Osakidetzako gehiengo sindikalak langileei dei egin die urriaren 30erako deitu den lehen greba egunean parte har dezaten. Izan ere, Osakidetzaren zuzendaritza estutzeko unea iritsi baita kategoria profesional guztietarako benetako hobekuntzak gauza ditzan, zerbitzua egunero ematerakoan kolektibo guztiak baitira ezinbestekoak. Halaber, sindikatuok herri-mugimendu eta -eragileei ere dei egiten diegu mobilizazioekin bat egin dezaten. OPA Herri Plataformak- Plataformas Ciudadanas en defensa de la Sanidad Pública dagoeneko prest agertu dira deitutako mobilizazio eta grebei babesa emateko.

Joan den asteleheneko Mahai Sektorialaren bileran egiaztatu genuen Osakidetzak ez duela benetan borondaterik langileen baldintzak hobetzeko, sakoneko hobekuntzarik ez duela egin nahi, alegia.

Osakidetzaren asmoa da Akordio Arautzailea prozesu ia burokratikoa izan dadin; sindikatuei eskatzen die egin ditzatela alegazioak Akordioaren tituluei; ondoren, Mahai Sektorialeko bileran sindikatu bakoitzak egin dituenak aipatzen ditu, eta azkenik alde bakarreko erabakiz, negoziatzeko inolako aukerarik eman gabe, haietako batzuek hautatzen ditu. Beraz, praktikan egiten den gauza bakarra da idazketa hobetu edota azken urteetan garatutako araubidearen baitan testuak eguneratu.

Zehazki, aste honetako bileran garrantzi handiko gaiak aztertu dira: euskalduntzea, erretiroa, ohiko lanaldia eta lanaldi osagarria (guardiak), egutegia, oporraldiak… Sindikatuek salatu dute puntu batean ere ez dagoela aldaketa edo hobekuntza esanguratsurik. 17 urte igaro direnean agerian geratu da Osakidetzak egungo markoari eta kudeatzeko moduari eutsi nahi diola.

Hori gutxi ez, eta aurretik jasotako eskubideak ezabatzen ari dira, hala nola erretiro aurreratuko primak. Gainera, sindikatuok salatzen dugu Osasun Sailak ordainsariak hobetzeko proposamenik ez duela egin. Honi buruzko aipamenik ez du egin. Ez da onargarria Osakidetzak Akordio berri baterako zirriborroa mahai gainean jartzea egungo errealitateari egokitzeko hobekuntzarik gabe, soldatetan, antolakuntzan, lizentzia eta baimenetan… Zein unetan, eta Eusko Jaurlaritzak aste gutxi barru itxiko dituenean 2027rako aurrekontuak eta, honenbestez, baita osasungintza publikora bideratuko diren baliabideak ere.

Testuinguru honetan, greba eta mobilizazioa inoiz baino premia handiagoa ditugu, benetako hobekuntzak, sakonak, izango badira. Argi dago langileen baldintzen araberakoa dela eskaintzen den zerbitzuaren kalitatea. Lan-baldintzak zinez hobetzeak borondate politikoa eskatzen du, baina orain arte Osakidetzak ez du halakorik erakutsi.

2026an dagoeneko 62 lan-heriotza gertatu dira, azkena Bilboko portuan azpikontrata batentzat lanean ari zen langilearen kasua izan delarik

46 urteko langilea hil da Bilboko portuan Bergé enpresak azpikontratatutako Euromaster enpresarentzat lanean ari zela. Langilea, aldatzen ari zen neurri handiko gurpilaren leherketak bete betean harrapatu du, bertan hil duelarik.

Neurri prebentiboen gabeziak eragin du istripu hilgarri berri hau. Ekoizpena mantendu behar izateak presazko lan bilakatzen du prozesu oro. Eskenatoki horretan prebentziorako ez dago tokirik. Horiek dira langileen heriotzen atzean dauden arrazoiak, eta arrazoi horien atzean arduradunak daude, enpresariak hain zuzen.

Urteroko kopuru beldurgarriak errepikatzen doan patronal zein gobernuek absentismoaz hitz egiten diguten bitartean. Hego Euskal Herrian 100,000 inguru lan istripu traumatiko erregistratzen dira ofizialki, urtez urte 70 lan heriotzen muga gainditzen dugularik.

Aurten, dagoeneko 62 dira lanean hildakoak, LABen kontagailuari erreparatuz gero. Prebentzio araudia urratzen du patronalak inpunitate osoz, gobernuen konplizitate nabarmenarekin. Unea da enpresei lan osasunerako araudia irmo betearazteko.

Maizterren borrokari esker, putre funts baten esku zeuden Benta Berriko 510 etxebizitza berreskuratzeko aukera dago

LABentzat albiste ona da hasieratik publikoak izan behar zuten etxebizitzek babes ofiziala ez galtzea eta gaur maizterrekin antolatuta duen asanbladan aztertuko ditu iragarpen honen xehetasunak.

Borrokak eta antolakuntza kolektiboak emaitzak ematen dituela berretsi du Donostiako Benta Berri auzoko maizterrei egonkortasuna emango dien iragarpenak: atzo jakin zen Eusko Jaurlaritzak akordioa egin duela Testarekin, Blackstone putre funtsaren filialarekin, auzo horretako babes publikoko 510 etxebizitzen gainazal eskubidea erosteko, eta, hala, etxebizitza horien babes publikoari eusteko. Lehenik eta behin, LABek Benta Berriko maizterrak zoriondu nahi ditu euren borrokagatik.

LABentzat berri ona da Testak mehatxatutako maizterrek euren etxebizitzei eustea eta etxebizitza horiek parke publikora igarotzea. Horiek horrela, oraindik akordio honen eduki zehatza ezagutu behar da; erosketaren baldintzak zein diren, zer nola integratuko diren parke publikoan eta bereziki maizterren alokairu baldintzak zein izango diren. LABek gogoratu nahi du Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak diru publikoarekin bi aldiz ordaindu dituela aipatutako etxeak, eta 100 milioi eurorekin gizendu duela Testa putre funtsa. Izan ere, lur publikoaren esleipenaren bitartez eraikitako etxebizitzak putre funts baten esku amaitu izanak erakusten du Eusko Jaurlaritzak urtetan zer-nolako etxebizitza politika egin duen, eta, orain, bere jabetzakoak beharko luketen etxebizitzak erostera diru kantitate izugarria bideratzea salagarria da; are, kontuan izanda diru kantitate horrek Blackstone putre funts erraldoiaren filiala den Testaren poltsikoetan amaituko duela.

Horregatik, LABek uste du putre funtsen esku geratutako etxebizitzak desjabetu egin beharko lituzkeela Eusko Jaurlaritzak, eta horien titulartasuna eta kudeaketa bere gain hartu beharko lituzkeela, kontratuak eta prezioak egungo errealitate ekonomikora egokituta. Horixe baita errentismoari eta oro har espekulazioari amaiera emateko norabidean hartu behar diren egiturazko eraldaketen zentzua.

Esan bezala, LABek jaurlaritzak egindako akordioaren letra txikia aztertuko du eta aurrez deituriko asanblada irekia egingo du gaur Benta Berriko maizterrekin batera, 18:30ean, Jose Maria Sert plazan. Iragarpena egi bihurtu eta bide horretan maizter guztien interesak defendatzeko borrokan jarrituko du sindikatuak.

Espekulazioarekin amaitu eta putre funtsak desjabetzea eta Euskal Herritik kanporatzea izango da, hain justu, azaroaren 11ko greba orokorrean LABek egingo duen aldarrikapen nagusietako bat. Horretarako neurri eraginkorrak eskatuko dizkie Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari.

Arabako ardogintza sektoreko langileak beren eskubideen alde mobilizatuko dira

Intersindikalak proposamen bateratua egin zuenetik 5 hilabete baino gehiago pasa direnean, SEAk eta upategiek erantzun gabe jarraitzen dute.

Bada denbora Arabako Ardogintzako sektoreko mahai negoziatzailea osatzen dugun sindikatuak lankidetzarekin hasi ginela sektore honetan lan egiten duten langileek merezi duten hitzarmena lortzera bidean. Horrela, LAB, UGT, CCOO eta ELA sindikatuok osatzen dugun Intersindikalak maiatzean proposamen bateratua egin genuen, Upategien eskaerari erantzunez. Tamalez, erantzukizunetik egindako mugimendu honi, Upategiek eta SEAk arduragabekeri handienaz hartu dute: ez dago erantzunik.

Uztailean, patronalak azken momentuan bertan behera utzi zuen bilera bat, argudiatuz denbora gehiago behar zuela upategiekin kontrastatzeko. Baina, hori egitetik urrun, ez du ez mahaia berriro deitu, ezta Intersindikaletik berriro batzeko egindako deiari erantzunik eman.

Sektorea uda aurretik hasi sen mobilizatzen, elkarretaratzeak eginez eta eskualde osoan pankartak jarriaz. Gainera, irailaren 13an Kripanen egindako Mahats Bilketaren jaialdian egon ginen, negoziazio prozesu falta eta Upategien jarrera kritikatzeko.

Horrela, SEAren eta Upategien errespetu falta honen aurrean, Intersindikalak mobilizazioetan aurrera pausua ematea adostu dugu, txoko guztietara eramateko Arabako Ardogintzan lan egiten duten pertsonen aldarrikapenak. Hori dela eta, Batzar Nagusietan sozializazioarekin hasiko gara datorren azaroaren 5ean, non ordezkaritza batek lehen eskutik azalduko dien negoziazioren eta sektorearen egoera berau osatzen duten indar politikoei. Upategiak milioika euro publikoz ureztatzen direnean, ezin ditugulako ahaztu mahatsa ardo bilakatzen duten pertsonen lan baldintzak.

Jarraian Arabar Errioxatik kotxe karabanak burutuko ditugu. Eta abenduaren 5ean Gasteizeko Ardoaraba jaialdira hurbilduko gara, inork ez dezan ahaztu ardo trago bakoitzaren atzean dagoen lana. Baina hau ez da hemen geratuko, eta Legebiltzarrean ere agerraldia prestatzen ari gara. Are gehiago, Upategiek eta SEAk ez badiote sektorearen aldarrikapenei erantzuten eta negoziazio mahaiak merezi duen errespetuz hartzen, mobilizazioan sakontzen jarraitzeko prest gaude. Lan uzteak eta grebak barne.

Aitzakia gehiagorik ez. Arabako Ardogintzako sektoreak negoziazio prozesu erreala merezi du ya. Sektoreko langileek beren esku dagoen dena egin dute aurtengo bilketa zaila aurrera ateratzeko. Oporrak bertan behera uztea, jardunaldi amaigabeak… Dena, mahatsa galdu ez eta duten kalitateagatik hain ezagunak diren gure ardoak lortzeko. Baina argi izan behar dugu ere: sektoreko lan baldintzak hobetu gabe jarraitzen badute, eta sektorearen aldarrikapenak erantzun gabe jarraitzen badute, langileek ez dute beste sektore batzuetara lanera joateko baino beste erremediorik izango. Ezin da izan aberastasunaren banaketa hain desberdindua betikotzerik. Upategiek dirutza irabazten jarraitzen dute, baina nahiko luketena baino gutxiago. Bitartean, sektoreko baldintzak izoztuta daude. Inflazioa gorantza doanean kontrolik gabe, erosketa otarra betetzea edota hilabete amaierara iristea geroz eta zailagoa den honetan, ez dugu onartuko ehunka langileren ahotsei muzin egitea.

Bukatzeko, sektoreari hurrengo azaroaren 11ean egingo den Greba Orokorrean parte hartzeko deia luzatzen diegu, eta deituta dauden mobilizazio ezberdinetara hurbiltzera animatzen ditugu. Bete ditzagun kaleak etxebizitza eskubidearen alde eta soldata duinak eskubidea izan daitezen, eta ez pribilegioa.

Parean izango gaituzte, langileek behar eta merezi duten hitzarmena lortu arte!